Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4757

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Euskara Batzordearen Arautegia onartzeko dena.

Estatutuetako lehenengo xedapen iragankorraren hirugarren atalean esaten zen Estatutuak indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011ko ekainaren 23an onartutako egutegia betez, orain aurkezten diogu kontseilu honi 2012ko uztailaren 19an aurkeztutako UPV/EHUko Euskara Batzordearen arautegia, egokitzat joz gero, onar dezan.

Arautegi honek Euskara Batzordea arautzen du UPV/EHUko Estatutuetako 118. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

Euskara Batzordearen Arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Horregatik guztiagatik, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Euskara Batzordearen Arautegia onartzea eranskinean jasotako idazkeran.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

UPV/EHUKO EUSKERA BATZORDEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Osaera.

1.– UPV/EHUko Euskara Batzordeko burua euskararen arloko errektoreordea izango da eta batzordeko kide izango dira: unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaileen taldekoak izanik irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia dutenen artetik hamar lagun, bi jakintzaren adar bakoitzeko; campusetako euskara batzordeetako ordezkari bana, unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileen taldekoak; hiru ikasle; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat campus bakoitzeko. Gobernu Kontseiluak arautuko ditu batzordeko kideak izendatzeko prozedura eta funtzionamendua. Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko ditu emakumezko eta gizonezko kideen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.– Batzordeak idazkari teknikoa izango du; Euskara Zerbitzura atxikitako teknikari bat izango da eta ahotsa izango du, baina ez botorik.

3.– UPV/EHUko Euskara Batzordean ikasleek erraztasuna izan dezaten beren eginkizunak betetzeko, ordezkari titularrek zein ordezkoek hartu ahal izango dute parte.

4.– Gehienez ere segituko bi agintaldi bete ahal izango dira UPV/EHUko Euskara Batzordean.

2. artikulua.– Eskumenak.

UPV/EHUko Euskara Batzordearen eskumenak dira:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Hizkuntza plangintza proposatzea Gobernu Kontseiluari, kontseiluak onar dezan.

c) Campusetan eta ikastegietan euskararen erabilera normaldu eta hobetzeko neurri egokiak proposatzea.

d) Aholkua ematea UPV/EHUko gobernu organoei unibertsitateko hizkuntza politikari buruzko gaietan.

e) Urtero, hizkuntza normalkuntzako neurriak ebaluatzea, eta Gobernu Kontseiluari jarduera txostenaren eta jarduera planaren berri ematea.

f) UPV/EHUn euskaraz irakasteko gaitasun agiria eskuratzeko arautegia proposatzea Gobernu Kontseiluari, kontseiluak onar dezan.

g) Estatutuek eta horiek garatzeko arautegiek eta indarreko legediak esleitutako gainerako eskumen guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetutakoak ere.

3. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileek bete beharreko baldintzak hautesle eta hautagarri izateko.

1.– Hautesle izango dira, nork bere jakintzaren adar nagusian aurkeztu diren hautagai zerrendei botoa emateko, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile iraunkor guztiak, betiere, jardunean badaude eta zerbitzuak betetzen UPV/EHUn.

2.– Hautagai zerrenda aurkeztu ahal izango dute (hautagarri izan ahalko dira) unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaileek, baldin eta jardunean eta zerbitzuak betetzen ari badira UPV/EHUn, eta irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia egiaztatua badute hautagai zerrendak ixteko epea bukatzean. Horrez gain, plaza elebidunean aritu beharko dira, edo, bestela, eskuratua izan UPV/EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko Arautegian jasotako agiria (arautegia 2002ko maiatzaren 23an onartu zuen Gobernu Batzarrak).

Irakaskuntzaren arloko esperientziarako, gutxien dela 2 bosturteko izan beharko dira egiaztatuta edo horren baliokidea; ikerketako esperientzia ikerketako curriculumaren bidez egiaztatuko da.

3.– Hautagai zerrendak jakintzaren adarren arabera aurkeztuko dira, eta hautagaiak kasuan kasuko adarrekoak izan behar dira.

4.– Irakasle eta ikertzaileen agintaldia lau urtekoa izango da, eta epe horretan guztian bete beharko dira hautagarri izateko baldintzak.

4. artikulua.– Ikasleek bete beharreko baldintzak hautagai aurkezteko.

1.– UPV/EHUn matrikula indarrean daukan edozein ikasle aurkeztu ahal izango da hautagai.

2.– Hautagai izateko, lerro elebidunean aritu beharko da ikasten, edo, bestela, eskuratua izan UPV/EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko Arautegian jasotako agiria (arautegia 2002ko maiatzaren 23an onartu zuen Gobernu Batzarrak).

3.– Ikasleen agintaldia bi urtekoa izango da.

4.– Ezin izango dira ikasleen taldetik hautagai aurkeztu ikasle izateaz gain unibertsitatearekin beste loturaren bat daukatenak.

5. artikulua.– Administrazio eta zerbitzuetako langileek bete beharreko baldintzak hautagai aurkezteko.

1.– UPV/EHUn jardunean eta zerbitzuak betetzen ari den administrazio eta zerbitzuetako edozein langilea izan ahalko da hautagai, konfiantzako langileak izan ezik.

Hautagai izateko, gutxien dela 3. HE daukan plaza bete beharko da eta hizkuntza eskakizun hori edo parekoa egiaztatua izan, edo, bestela, eskuratua izan UPV/EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko Arautegian jasotako agiria (arautegia 2002ko maiatzaren 23an onartu zuen Gobernu Batzarrak).

2.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen agintaldia lau urtekoa izango da.

3.– Hautagai zerrendak campusaren arabera osatu eta aurkeztuko dira.

6. artikulua.– Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1.– Ondokoak dira UPV/EHUko Euskara Batzordeko ordezkariek kargua uzteko arrazoiak:

a) Heriotza.

b) Ezintasun legala.

c) Kargurako gaitasuna kenduta izatea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) Agintaldia amaitzea.

f) Gobernu Kontseiluak kargutik kentzeko proposamena egitea.

g) Arautegi honetako 3.2, 4. eta 5. artikuluetan zehaztutako baldintzaren bat betetzeari uztea.

h) Segidan hiru bileretara edo tarteka bost bileretara huts egitea.

i) Batzordearen osaera osoan desoreka handia izatea gizonezkoen eta emakumezkoen artean, xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztutakoari jarraituz.

2.– Batzordeko kideren batek kargua utziz gero, errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen errektoreordeak, Gobernu Kontseiluari proposatuko dio karguan berrestea hautagai zerrenda bereko ordezkoa, edo, ordezkorik ez badago, arautegi honetan zehaztutako baldintzak beteta boto gehien lortu zituen hurrengo ordezkaria.

7. artikulua.– Kide hautetsiak eta errektoreak proposatutakoak.

1.– UPV/EHUko Euskara Batzordean irakasle eta ikertzaileek hamar ordezkari izango dituzte: bost hautetsiak izango dira eta beste bost, errektoreak proposatuak.

2.– Ikasleen hiru ordezkarietatik bi Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkarien artetik aukeratuko dira; arautegi honetako 4. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen di­tuzten ikasleak aurkeztu ahal izango dira eta horretarako zehaztutako epean aurkeztuko diote hautagaitza Klaustroko Mahaiko buruari. Beste ordezkaria errektoreak egindako proposamenari jarraituz berretsiko da, UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua entzun ondoren, eta arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.

8. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzeko prozesuko Hauteskunde Batzordea.

1.– Hauteskunde prozesurako Hauteskunde Batzordea eratuko da, era honetara osatua: batzordeburua euskararen arloko eskumenak dituen errektoreordea izango da; idazkaria, idazkari nagusia; eta batzordekide bat, hautesleen artetik zozketaz aukeratua.

2.– Batzordearen eginkizunak izango dira: hauteskunde prozesua gainbegiratzea, arautegi hau interpretatzea, egon daitezkeen hutsuneak betetzea eta erreklamazioak ebaztea.

9. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozedurari hasiera ematea.

1.– Idazkari nagusiak egingo du hauteskunde prozesuari hasiera emateko deia, UPV/EHUko Euskara Batzorderako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzeko xedez.

Deialdia egiteko erabakia argitaratu egingo da, eta ondokoak jaso beharko dira bertan:

a) Hautesle errolda ixteko eguna.

b) Behin-behineko errolda argitaratzeko eguna.

c) Behin-behineko errolda inpugnatzeko epea.

d) Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

e) Hautagarriek hautagai izateko guraria adierazteko daukaten epea.

f) Hautagai izateko guraria adierazi dutenek hauteskunde batzordeburuari beren hautagaitza aurkezteko daukaten epea.

g) Behin-behineko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

h) Hautagaien kontra egiteko edo akatsak zuzentzeko epea.

i) Behin betiko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

j) Bozketa eguna eta tokia.

k) Behin-behineko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

l) Emaitzen kontra egiteko epea.

m) Behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

2.– Euskararen arloko eskumenak dituen errektoreordeak emango ditu argitara erroldak, hautagaitzak eta hauteskundeetako emaitzak.

10. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozeduraren nondik norakoak.

1.– Hautesle errolda jakintzaren adarren arabera osatuko da, oinarri hartuta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile bakoitzari atxikipenez dagokion jakintzaren adarra.

2.– Hautagai izan nahi duten unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek idatzia aurkeztu beharko diote euskararen arloan eskumena daukan errektoreordeari, adieraziz hauteskunde prozesuan hautagai izan nahi dutela eta zehaztuta jakintzaren zein adarretakoak diren. Idatzia hauteskunde egutegian hautagai izateko guraria adierazteko zehaztu den epearen barruan bidali beharko da, eta, edozelan ere, arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.

3.– Euskararen arloan eskumena daukan errektoreordeak, hiru eguneko epean, jakintzaren adar bakoitzean hautagai izateko guraria adierazi dutenen zerrenda igorriko die guztiei, horren arabera banakako hautagaitza (eta nahi izanez gero ordezko eta guzti) aurkez dezaten horretarako ezarritako epearen barruan.

4.– Hautagaitza aurkezteko epea behin amaituta, Hauteskunde Batzordeak egiaztatu egingo du hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela, eta euskararen arloan eskumena daukan errektoreordeak argitara emango ditu jakintzaren adar bakoitzerako aurkeztu diren hautagaitzak (ordezkoekin edo ordezkorik gabe).

5.– Bozketaren egunean, hautesleek beren jakintzaren adarreko hautagaitza bakar bati emango diote botoa.

11. artikulua.– Botoa aldez aurretik ematea.

Botoa ematea errazagoa izan dadin, hautesleek aldez aurretik eman ahal izango dute botoa Hauteskunde Batzordeko buruaren aurrean edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonaren aurrean. Hori guztia Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

12. artikulua.– Hauteskunde mahaiak.

Hauteskunde egunean, Hauteskunde Batzordeak behar beste hauteskunde mahai eratuko ditu bozketa behar bezala gauzatze aldera. Hauteskunde mahaietako buruak euskararen arloan eskumenak dituen errektoreordeak izendatuko ditu, eta bi mahaikide izango dira jendaurrean egindako zozketa bidez aukeratuak hautagai ez diren hautesleen artetik.

13. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo arloko eskumenak dituzten errektoreordetzako pertsonak arduradunak, UPV/EHUko Euskara Batzordeko kide izendatuko du jakintzaren adar bakoitzean boto gehien lortu duen hautagaia. Berdinketarik egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketa egingo du berdinketa ebazteko.

2.– Ezin izango dira, inolaz ere, sail berera atxikitako pertsonak izendatu batzorderako. Boto gehien lortu dutenak sail berera atxikita badaude, kide izateko izendatuko dira lehenengoa eta egitura berekoa ez den hurrengoa.

14. artikulua.– Errektoreak proposatutako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak.

1.– Gainontzeko bost ordezkariak (bat jakintzaren adar bakoitzeko) errektoreak proposatuko dizkio Gobernu Kontseiluari, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile iraunkorren taldekoak izanik arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenen artetik aukeratuak. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

2.– Gobernu Kontseiluak berretsi egin beharko ditu errektoreak proposatutako ordezkariak.

3.– Berretsi ezean, errektoreak beste proposamen bat egingo du Gobernu Kontseiluak berrets dezan.

4.– Kargua utzi delako hutsik geratu diren Postuak edo batzordea handitzea erabaki delako bete beharrekoak betetzeko, hautetsien zerrendako ordezkoak izendatuko dira horretarako aukera baldin badago; bestela, ordezkorik ez badago, jakintzaren adar berean boto gehien lortu duen hurrengo hautagaia izendatuko da. Hala ere, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko, betiere irizpide berberei jarraituz. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

15. artikulua.– Ikasleen hautagai zerrendak.

1.– Ikasleen bi ordezkariak aukeratzeko, ikasleek hautagai zerrenda aurkeztu beharko diote Klaustroko Mahaiari; horretarako epea bozketa egingo den Klaustroko bilerako zehaztapenetan adierazitakoa izango da.

2.– Hautagai zerrendetan titularrak eta ordezkoak zehaztu beharko dira.

16. artikulua.– Ikasleen ordezkariak aukeratzeko bozketa Unibertsitateko Klaustroan.

Hautesle izango dira Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkariak.

17. artikulua.– Ikasleen ordezkariak aukeratzeko hauteskunde prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo eskumenak eskuordetuta dituen errektoreordeak, proposamena egingo dio Gobernu Kontseiluari UPV/EHUko o ikasleen ordezkari berrets ditzan boto gehien lortu dituzten bi hautagaiak.

2.– Edozelan ere, ordezkari izateko matrikula izan beharko da indarrean UPV/EHUn.

3.– Berdinketarik egonez gero, Klaustro Mahaiak zozketa bidez ebatziko du.

18. artikulua.– Errektoreak proposatutako ikasleen ordezkariak.

1.– Ikasleen hirugarren ordezkaria errektoreak proposatuko dio Gobernu Kontseiluari 4. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ikasleen artetik aukeratuta; ikasleok indarrean izan behar dute matrikula UPV/EHUn. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

2.– Batzordeak behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko.

19. artikulua.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen hautagai zerrendak.

1.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzeko, hautagai zerrenda aurkeztu beharko zaio Klaustroko Mahaiari; horretarako epea bozketa egingo den Klaustroko bilerako zehaztapenetan adierazitakoa izango da.

2.– Hautagai zerrendak campusaren arabera osatu eta aurkeztuko dira.

20. artikulua.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzeko bozketa Unibertsitateko Klaustroan.

1.– Hautesle izango dira administrazio eta zerbitzuetako langileek Unibertsitateko Klaustroan dituzten ordezkariak.

2.– Hautesleek nork bere campuseko hautagai zerrendari emango diote botoa.

3.– Berdinketarik egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketa egingo du berdinketa ebazteko.

21. artikulua.– Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkariak izendatzea.

1.– Errektoreak administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari izendatuko du campus bakoitzean boto gehien lortu duen hautagaia.

2.– Edozelan ere, ordezkari izateko, 4. artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.

3.– Era berean, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela ziurtatzeko, errektoreak proposatu ahal izango dizkio Gobernu Kontseiluari administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek hautatu ez dituzten gainerako kideak.

22. artikulua.– Batzordea eratzea.

Gobernu Kontseiluak hautagaiak berretsi, edo izendapenak egin, eta 15 eguneko epean eratuko da UPV/EHUko Euskara Batzorde berria.

23. artikulua.– Barne arautegia.

1.– UPV/EHUko Euskara Batzordeak barne arautegia onartuko du. Bestelakorik ezarri bitartean, Ikastegien Oinarrizko Arautegian kide anitzeko organoetarako zehaztutako arauei jarraituko zaie, arau horiek ezartzea posible den heinean.

2.– Barne arautegian zehaztu egin beharko da zein irizpide ezarriko diren banakako hautagai zerrendetako ordezkoek kide anitzeko organoan parte hartu dezaten titularra ez dagoenean edo gaixorik dagoenean edo, oro har, behar bezala egiaztatutako arrazoiren batengatik titularra ez dagoenean. Egoera horretako batean dauden titularrek horren berri eman beharko diote batzordeburuari barne arautegian zehaztutakoari jarraituz.

3.– Eginkizunak hobeto betetzeko, batzordeak Batzorde Iraunkorra izendatu ahal izango du, bai eta behar beste azpibatzorde ere; horiek guztiak autonomoak izango dira eta erabakimena izango dute eskuordetuta dituzten gaietarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– UPV/EHUko Euskara Batzordeko kide diren irakasle eta ikertzaileek kredituak lortu ahal izango dituzte, jardun akademikoari buruzko araudian zehaztutakoari jarraituz.

Bigarrena.– Batzordearen osaera osoan desoreka handia baldin badago gizonezko eta emakumezkoen artean, batzordea berritu egin beharko da urtebeteko epean, parekotasuna lortze aldera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegi hau indarrean jarri ostean egingo den lehen Klaustroko aztergaien zerrendan UPV/EHUko Euskara Batzorderako ikasleen ordezkariak eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzeko prozesuari buruzko puntua sartuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2005eko uztailaren 27ko EHAAn (142. zk.) argitaratutako UPV/EHUko Euskara Batzordeko kideak aukeratzeko arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

ERANSKINA
JAKINTZAREN ADARRAK

Estatutuen 118.1 artikuluaren ondorioetarako, jakintzaren adartzat hartuko dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, II. eranskinean jasotakoak:

Arteak eta Giza Zientziak.

Zientziak.

Osasun Zientziak.

Gizarte eta Lege Zientziak.

Ingeniaritza eta Arkitektura.


Azterketa dokumentala