Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2012ko urriaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
4502

EBAZPENA, 2012ko uztailaren 19koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Energia eta Meategien zuzendariarena; honen bidez Mondragón-Fagor Ederlan 30 kV-ko aireko linea elektrikoaren (zirkuitu bikuna) zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzen da, eta hori guztia Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalerrietan. Erref.: RI 24055/AT-H-2011-91.

AURREKARIAK

Bat.– 2011ko uztailaren 26an, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak (helbidea: Mikeletegi pasealekua 1-3, Donostia) arestian adierazitako linea onura publikokoa dela deklaratzeko eskatu zuen, haren zortasun-zerrendaren zabalkuntzak eraginpean hartutako ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko; horretaz gain, zabalkuntza horren proiektua eta haren separatak erantsi zituen.

Bi.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan aurreikusitako ondo-rioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2012-03-20an EHAAn 2012-03-5ean GAOn, eta 2012-02-23an El Diario Vasco egunkarian, enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen eskubide eta ondasunen zerrendarekin batera.

Hiru.– 2012ko otsailaren 27an Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalei bidali zitzaien iragarkia, udaletxeetako ediktu-oholetan jartzeko.

Lau.– 2012ko otsailaren 14an, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaien Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalei, eskariarekin ados ote zeuden, edo aitzitik, kontra ote zeuden adierazteko eta, hala bazegokien, bidezko baldintza teknikoak ezartzeko eskatuz, 2012ko apirilaren 20an berriz ere igorri zen eskari hori Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalei.

Bost.– 2012ko otsailaren 14an Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiari aurkeztutako proiektuaren separata bidali zen eta eskabidearekiko adostasuna edo eragozpenak adierazteko eskatu zen bai eta, hala egokituz gero, baldintza teknikoak ezartzeko. Eskakizun hori berriz ere egin zitzaion Uraren Euskal Agentziari 2012ko apirilaren 20an.

Sei.– Arrasateko eta Eskoriatzako udalek eta Uraren Euskal Agentziak ez zioten erantzun proiektua onesteko edo baztertzeko eskaerari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak eta Aretxabaletako udalak beren adostasuna eman zioten zuhaitzak mozteari, baina horretarako baldintza eta betebehar batzuk ezarri zituzten.

Zazpi.– 2012ko maiatzaren 15ean, Aretxabaletako udalak jarritako baldintzak jakinarazi zitzaizkion Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari. Enpresak 2012ko maiatzaren 25ean eman zion erantzuna, eta baldintza guztiak onartu zituen bat izan ezik: Aretxabaletako udalak zuhaitz-mozketaren ordez baso autoktonoaren inausketa batekin nahikoa ez ote litzatekeen baloratzeko eskaria egin zuenez, enpresa eskatzailearen erantzuna honako hau izan zen, laburbilduta:

Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU behartuta dago Eusko Jaurlaritzaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena betetzera, zeinean agintzen baita zein baldintza bete behar dituzten zuhaiztietatik pasatzen diren goi-tentsioko airetiko linea elektrikoek. Beraz, ebazpen horren aginduz, eragindako zuhaitz aleak bota beharra dago.

Horrekin batera, enpresa eskatzaileak jakinarazi zuen udal horrek kalte-ordain bat jaso zuela 2011ko urriaren 3an, 213 Polg. 02 eta 056 Polg. 04 lursailetako zuhaitz-mozketen truke, zeinak udalak sinaturiko baimenen bidez jaso baitzuten onespena.

Zortzi.– Informazioa jendaurreko jartzeko epean, Juan José Otaduy Echeverría jaunak eta Luis Otaduy Echeverría jaunak sinatutako alegazio-idazkiak jaso ziren.

– Juan José Otaduy Echeverría jaunak eta Luis Otaduy Echeverría jaunak adierazi dute interesa dutela ente desjabetzaileak mugarritu edo markatu ditzan eragindako beren jabetzako lurrak eta hegalak, horretara zehatz-mehatz jakiteko desjabetzeak zer nolako ondasun eta eskubideak dakartzan, eta adierazi dute baita ere nahi luketela okupazioaren aurreko aktak tokian bertan formalizatzea, desjabetutako ondasunak hobeto deskribatu ahal izateko.

– Juan José Otaduy Echeverría jaunak adierazi du ezen, argitaratu den zerrendako lursailak ez ezik, berea dela 1.17 lursailaren barruan (Múgica Echezarreta, Santiago), edo, agian, 1.18 lursailaren barruan (Achas Sagasti, Lourdes eta beste batzuk), dagoen lur-zati bat. Lursail hori mugarrituta dago, eta erraz identifika daiteke bertatik bertara. Horregatik, datu hori egiaztatzeko eskatzen du eta, hala badagokio, zedarritu dadila eta Juan José Otaduy jaunaren jabetzakotzat seinalatu dadila.

Bederatzi.– 2012ko maiatzaren 15ean, Juan José Otaduy Echeverría jaunaren eta Luis Otaduy Echeverría jaunaren alegazioen berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresa eskatzaileari, eta enpresak erantzun zuen onartu egiten zituela alegazioak, baina ohar bat eginez. Izan ere, proiektuetan lursailen mugak eta zedarriak ezartzerakoan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuak emandako informazioan oinarritzen da Iberdrola Distribución Eléctrica SAU, informazio hori Foru Ogasunaren Katastroa baitu iturria. Beraz, Iberdrolak bere proiektuetan lursailen arteko mugak aldatu ahal izateko, aldez aurretik erakunde ofizial horien onespena beharko da.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, nahitaezko desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean eta bat datozen gainerako legeetan agindutako erregelamendu-izapideak bete dira espedientean.

Bi.– Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009-09-24ko EHAA) emandako esleipenei jarraiki, honako hau

EBAzten DU:

Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza udalerrietan Mondragón-Fagor Ederlan 30 kV-ko aireko linea elektrikoa (zirkuitu bikuna) zortasun-zerrendaren zabalkuntzaren ondorioetarako onura publikokotzat deklaratzea, zabalkuntza horren ezaugarri nagusiak aurkezturiko proiektuan deskribatzen dira.

Deklarazio horrek berarekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, Lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 19a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JORGE JUAN LETAMENDIA BELZUNCE.


Azterketa dokumentala