Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2012ko urriaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4496

2/2012 FORU ARAUA, maiatzaren 14koa, Hirilurren balioaren gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko 16/1989 Foru Araua, uztailaren 5ekoa, aldatzekoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Maiatzaren 14ko 2/2012 Foru Araua, Hirilurren balioaren gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko 16/1989 Foru Araua, uztailaren 5ekoa, aldatzekoa», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia-San Sebastián, 2012ko maiatzaren 14a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Mundu mailan ekonomia- eta finantza-krisia daukagu, eta Gipuzkoako lurraldean ere bai. Ondorioz, erakundeek, eta kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, neurriak hartu behar dituzte ahal dela herritarrei dakarzkien eragin okerrak arintzen laguntzeko.

Beraz, foru-araudia egokitu daiteke, eta egokitu beharra dago kasu hauetan: zergadunak ahultasun-egoeran daudenean aurreko inguruabar sozio-ekonomikoetan ezarri ziren eta gaur egun desegokiak diren araudien ondorioz.

Higiezinen burbuila deiturikoaren ondorioz –ez dugu ahaztu behar– sorturiko krisiaren ondorioetako bat da gero eta maizago gertatzen direla hipoteka ordaindu ezinaren ondoriozko utzarazpenak. Kasu askotan, gainera, etxebizitza ematea ez da nahikoa zordunak zorra kitatzeko, eta zorraren zati bati aurre egiten jarraitu behar du, eta, gainera, etxea galtzen duen pertsonak hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga ordaindu behar du.

Gizarteko arlo ezberdinek iradoki dute hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zergari buruz indarrean dagoen araudia aldatzea, utzarazpenengatik desjabetzapen-prozesu batean ohiko etxebizitza galdu duten pertsonek ez dezaten gainbalioaren udal-zerga ordaindu.

Gipuzkoako Hazienda Lokalen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak ezartzen du Gipuzkoako udalek hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga ezartzeko eta exijitzeko aukera dutela. Zerga horren arauketa 16/1989 Foru Arauak, uztailaren 5ekoak, jasotzen du, hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zergari buruzkoak. 3. artikuluak dio subjektu pasiboa dela lurrak eskualdatzean edo jabaria mugatzen duten gozamenezko ondasun-eskubideak ordainik gabe eratu edo eskualdatzean, lurraren eskualdatzailea edo dena delako ondasun-eskubidea eratu edo eskualdatzen duen pertsona.

Aldaketaren helburua da ezartzea lurrak eskuratzen dituena ere zergadunaren ordezko subjektu pasibo izango dela baldin eta zergadunak, Espainian egoitzarik ez duen entitate bat izanik, ordezkaria izendatzeko obligaziorik ez badu edo, obligazio hori edukita, zerga zorraren erantzule solidarioa ez bada. Orobat, gorago aurreratu bezala, ezartzen da lurrak ohiko etxebizitzaren hipoteka betearazteagatik eskualdatzen direnean, haiek eskuratzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa edo Zergen Foru Arau Orokorreko 35.3 artikuluan aipatzen den entitatea zergadunaren ordezko subjektu pasibo bihurtzen direla.

Orobat, arautzen da ondasuna eskuratzen duen entitatea zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat hartuko dela, zergadunaren etxebizitza ordainean ematen denean martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuak aurreikusitako eran.

Azkenik, nahiz eta xedea ez den hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren foru araua aldatzea, aukera aprobetxatzen da baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuaren babesean egiten diren hipoteka mailegu eta kredituen kontratu-berritzeak formalizatzeko eskriturak salbuetsita uzteko egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien kuota gradualetik, neurri horiek baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak ere babesteko hartu diren neurrian.

Artikulu bakarra. Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua aldatzea.

Aldaketak sartzen dira Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauaren 3. artikuluan, eta honela geratzen da idatzita:

«3. artikulua.– 1.– Honako hauek dira zergaren subjektu pasiboak, zergadun gisa:

a) Lurren kostu gabeko eskualdaketetan edo jabaria mugatzen duten gozamen-eskubide errealen kostu gabeko eraketan edo eskualdaketan, lurra eskuratzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, edo Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen duen entitatea, edo, bestela, dena delako eskubide erreala eratzen edo eskualdatzen zaion pertsona.

b) Lurren kostu bidezko eskualdaketetan edo jabaria mugatzen duten gozamen-eskubide errealen kostu bidezko eraketan edo eskualdaketan, lurra eskualdatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, edo Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen duen entitatea, edo dena delako eskubide erreala eratu edo eskualdatzen duena.

2.– Aurreko apartatuko b) letran aipatutako kasuetan, lurra eskuratzen duen pertsona fisiko edo juridikoa, edo Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako entitatea, nahiz eskubide erreala eratzen edo eskualdatzen zaiona, zergadunaren ordezko subjektu pasibo izango da baldin eta zergaduna Espainian egoitzarik ez duen pertsona fisiko bat edo entitate bat bada, ordezkaria izendatzeko obligaziorik ez badu, edo obligazio hori edukita, ordezkariak solidarioki erantzuten ez badu ordezkatuaren zerga zorra ordaintzeko obligazioari dagokionez.

3.– Lurrak ohiko etxebizitzaren hipoteka betearazteagatik eskualdatzen direnean, haiek eskuratzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, edo Zergen Foru Arau Orokorreko 35.3 artikuluan aipatzen den entitatea hartuko da zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan, ordezkoak ezingo dio zergadunari exijitu ordaindutako obligazio tributarioaren zenbatekoa.

Apartatu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak, Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 90.8 artikuluan halakotzat definitutakoa.

4.– Martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuak, baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzkoak, 2. artikuluan ezarritakoan sartzen diren zordunek euren etxebizitza zorren ordainez emateagatik (3. apartatuan aurreikusia) egindako eskualdaketetan, ondasun higiezina eskuratzen duen entitatea izango da zergadunaren ordezko subjektu pasiboa, eta ordezkoak ezin izango dio zergadunari exijitu ordaindutako zerga obligazioen zenbatekoa.»

XEDAPEN GEHIGARRIA

39. zenbakia gehitzen zaio Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41. artikuluko 1. apartatuaren B) letrari. Hona hemen edukia:

«39. Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuaren babesean egiten diren hipoteka mailegu eta kredituen kontratu-berritzeak formalizatzeko eskriturek ez dute ordaindu beharko zerga horren egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien kuota gradualik.»

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru Arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala