Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2012ko irailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4279

AGINDUA, 2012ko abuztuaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan obrak egiteko eta ekipamendua erosteko diru-laguntzetarako 2012. urteko deialdia egiten duena.

Lanbide Heziketa ahalegin handia egiten ari da Europan, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan bere araudia, curriculuma, giza baliabideak eta baliabide materialak produkzio-sistemak ezartzen dizkion prestakuntza-eskaeretara egokitzeko.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketako eskaintzen sistema integratu bat aurreikusten du: hezkuntza-sistemako hasierako lanbide-heziketa eta lan-sistemako enplegurako lanbide-heziketa. Legeak lanbide-kualifikazioen katalogo bat ezartzen du sistema integratuaren ardatz instituzional gisa, baita prestakuntzako baliabideak optimizatzera, ikaskuntzako emaitzak hobetzera eta, azken batean, biztanleria aktiboaren kualifikazio-maila gorena lortzera bideratutako eskumen profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura bat ere.

Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa eta Ekonomia Jasangarriari buruzko 2/2011 Legea garatzeko, 1147/2011 Errege Dekretuak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ordenazio orokor berria ezartzen du. Agindu honen ondorioetarako, erdi mailako eta goi-mailako prestakuntza zikloez gain hasierako lanbide-kualifikazio programetako berariazko lanbide-moduluak hartzen ditu ordenazio berri horrek.

2012-2013 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emango dituzten ikastetxe pribatuetan eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan LOE ziklo berrietarako instalazioak egokitzeko obrak egiteko eta LOGSE eta LOE heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamendua erosteko diru-laguntzen deialdia arautzen du agindu honek, betiere Lanbide Heziketako III. Euskal Planean xedatutakoaren arabera.

Horiek horrela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak VI. Tituluan –Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eta diru-laguntzak arautzekoan– xedatutakoarekin bat etorriz hau

EBAZTEN DUT:
  • artikulua.– Deialdiaren xedea.

LOE ziklo berrietarako instalazioak egokitzeko obrak burutzeko eta Lanbide Heziketako LOGSE eta LOE heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamendua erosteko diru-laguntzen deialdia egitea da Agindu honen xedea.

2. artikulua.– Ikastetxe onuradunak.

2011-2012 ikasturtean heziketa-zikloak itunduta edo hitzartuta dituzten ikastetxe pribatuak eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak dira diru-laguntzetarako agindu honen onuradun.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.

1.– Ekintza hauek jaso ahal izango dute diru-laguntza:

a) Ikastetxeen instalazioak 2011-2012 ikasturtean ezarritako LOE heziketa-ziklo berrietara egokitzeko beharrezkoak diren obrak.

b) Lanbide Heziketako LOGSE eta LOE heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamendua erostea.

2.– Agindu honen xedea –obrak egitea eta ekipamendua erostea– 2012. urtean zehar gauzatu behar da.

4. artikulua.– Aurrekontu-hornidura.

Agindu honetako laguntzen zenbatekoa, guztira, bi milioi, berrehun eta laurogeita hamazortzi mila eta laurehun (2.298.400) eurokoa da. Agindu honen 3.1.a) artikuluan adierazitako ekintzak diruz laguntzeko erabiliko den zenbatekoa berrehun eta hogei mila (220.000) eurokoa izango da, eta 3.1.b) artikuluan adierazitako ekintzetarako, berriz, bi milioi eta hirurogeita hamazortzi mila eta laurehun (2.078.400) euro erabiliko dira.

5. artikulua.– Baldintzak.

Diru-laguntzak jaso ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:

1.– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

2.– Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta izatea. Izapideak aurrez aurre egin nahi dituztenek 293/1987 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak horretarako bereziki ezarritako araudian ezarritakoa bete beharko dute (293/1987 Dekretua, hezkuntza-itunen erregelamendua onartzekoa).

3.– Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.

6. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da diru-laguntza emateko prozedura honetako organo instruktorea.

2.– Balorazio-batzorde batek aplikatuko ditu agindu honen 7., 8., 9. eta 10. artikuluetan jasotzen diren balorazio-irizpideak. Honako hauek izango dira batzorde horretako kideak:

a) Lanbide Heziketako zuzendaria; lehendakaria izango da.

b) Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.

c) Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Lanbide Heziketako Zuzendaritzako teknikari bat.

d) Lanbide Heziketako Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari izango da; iritzia ematerik izango du, baina botorik ez.

7. artikulua.– Laguntzak ematea eta eskabideak baloratzea.

1.– Diru-laguntza emango zaie laguntza eskatu eta eskakizunak betetzen dituzten erakundeei.

2.– Laguntzaren zenbatekoa hautaketa- eta balorazio-irizpideen eta 8. eta 10. artikuluetan zehazten diren zenbatekoen araberakoa izango da.

8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Hauek izango dira agindu honen 3.1.a) idatzi-zatian adierazitako obren diru-laguntzetarako balorazio-irizpideak:

a) Agindu honen 11. artikuluaren 6.a) paragrafoan jasotzen den «III. eranskina – Egin beharreko obren memoria» izeneko txostenean aipatzen direnetatik 2011-2012 ikasturtean eman eta itundu edo hitzartu diren LOE heziketa-zikloen kopurua: % 40ko balio haztatua.

b) Aurreko idatzi-zatian aipatzen diren LOE heziketa-zikloetan matrikulatutako ikasleen kopurua: % 15eko balio haztatua.

c) Kudeaketa-sistemen ziurtagiriak: % 16ko balio haztatua.

d) Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-jardueretan 2008-2009, 2009-2010, 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan parte hartu izana: % 9ko balio haztatua.

e) Enplegurako Lanbide Heziketan parte hartu izana: % 20ko balio haztatua.

2.– Hauek izango dira agindu honen 3.1.b) idatzi-zatian adierazitako ekipamendua erosteko diru-laguntzetarako balorazio-irizpideak:

a) 2011-2012 ikasturtean eman diren LOGSE eta LOE heziketa-zikloen kopurua –itunduak edo hitzartuak–, eta ikasturte berean eman den PCPI hasierako lanbide-prestakuntza programen kopurua: % 40ko balio haztatua.

2011-2012 ikasturtean LOE tituluei lotutako heziketa-zikloek ordeztu dituzten LOGSE tituluei lotutako heziketa-zikloak, paragrafo honetako heziketa-zikloen kopurua kalkulatzeari dagokionez, ziklo bera direla joko da.

b) LOGSE eta LOE eta hasierako lanbide-prestakuntzarako programetako heziketa-zikloetan matrikulatutako ikasleen kopurua; % 15eko balio haztatua.

c) Kudeaketa-sistemen ziurtagiriak: % 16ko balio haztatua.

d) Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-jardueretan 2008-2009, 2009-2010, 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan parte hartu izana: % 9ko balio haztatua.

e) Enplegurako Lanbide Heziketan parte hartu izana: % 20ko balio haztatua.

9. artikulua.– Laguntzak zehaztea.

1.– Agindu honen 8.1.a) eta 8.2.a) idatzi-zatien balorazioa honela egingo da:

a) Heziketa-ziklo bakoitzari koefiziente bat emango zaio, betiere honako dokumentu hauetan adierazitakoetatik zein taldetakoa den kontuan hartuta: «I. Eranskina - heziketa-zikloetako ekipamendu-taldeak» izeneko dokumentua eta «II. Eranskina - hasierako lanbide-kualifikazio programetako ekipamendu-taldeak» izenekoa. Aplikatzeko koefizienteak taula honetan ageri direnak izango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ikastetxe bakoitzaren puntuazioa lortzeko, heziketa-zikloei eta lanbide-kualifikazioko programa bakoitzari dagozkien koefizienteak batuko dira, 9.1.a) paragrafoko taulan jasotako balioen arabera.

c) Ekipamenduaren balorazioari dagokionez, 9.1.a) paragrafoan aplikatutako koefizientea 2 zenbakiaz biderkatuko da, baldin eta 2011-2012 ikasturtean agindu honetako «III. Eranskina - Egin beharreko obren memoria» izeneko dokumentuan jasota dagoen LOE heziketa-ziklo berri bat ezarri bada.

d) Puntuaziorik handiena lortzen duen ikastetxearentzat izango da baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.

2.– Agindu honen 8.1.b) eta 8.2.b) idatzi-zatietan adierazitako ikasle-kopuruaren balorazioa honela egingo da:

a) Idatzi-zati horietan adierazitako heziketa-ziklo edo hasierako lanbide-kualifikazio programa horietako bakoitzean matrikulatutako ikasleen batura egingo da.

b) Matrikulatuta ikasle gehien dituen ikastetxeari egingo zaio adierazitako baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.

3.– Kudeaketa-sistemen ziurtagirien balorazioa –agindu honen 8.1.c) eta 8.2.c) idatzi-zatietan adierazitakoa– honela egingo da:

a) ISO 9001 ziurtagiria, kalitatearen kudeaketari buruzkoa: % 4ko balio haztatua.

b) EFQM ziurtagiriari % 4ko balio haztatua emango zaio puntuazioa 500ekoa edo 500etik gorakoa bada, eta % 2koa puntuazioa 400etik 500era artekoa bada (biak barne).

c) ISO 14001 ziurtagiria, ingurumenaren kudeaketari buruzkoa: % 4ko balio haztatua. ISO 14001 ziurtagiria izan ezean, Ekoscan ziurtagiriak % 2ko balio haztatua izango du.

d) OHSAS ziurtagiria, laneko osasun eta segurtasunari buruzkoa: % 4ko balio haztatua.

4.– Honela egingo da 8.1.d) eta 8.2.d) idatzi-zatien balorazioa:

a) Urrats bat ekintzailetzako proiektuetan edo Europako Enpresa Gaztea (EJE) programa ezartzen parte hartu izana: % 4ko balio haztatua. Parte hartu izanaren ziurtagiriaTknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak egingo du.

b) Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak sustatutako berrikuntza-proiektuetan parte hartu izana; % 5eko balio haztatua. Proiektu horietan parte hartu izana ofizioz ziurtatuko du Tknika-k.

5.– Enplegurako Lanbide Heziketan parte hartzearen balorazioa egiteko –8.1.e) eta 8.2.e) paragrafoetan aipatzen dena– 2011. urtean amaitutako ikastaroak soilik balioztatuko dira, eta honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Batu egingo dira INEMek eta Lanbidek ziurtatutako orduak eta Hobetuzek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2010eko eta 2011ko deialdien bitartez emandakoak. Deialdiok EAEko langileen prestakuntzarako diru-laguntzak emateko dira, eta, hurrenez hurren, 2010eko urriaren 13ko EHAAn eta 2011ko abuztuaren 4ko EHAAn argitaratu ziren. INEMen bidez egindako ikastaroak agiri bidez justifikatu beharko dira; gainerakoak, ofizioz justifikatuko dira.

b) 2011. urtean emandako eta amaitutako ikastaroen ordu-kopuru handiena lortu dituen ikastetxeari egingo zaio adierazitako baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.

6.– 9. artikulu honetako 3., 4. eta 5. paragrafoetan eskatzen diren ziurtagiriak aurkezteari dagokionez, baliozkotzat joko dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuek eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoek 2012-2013 ikasturtean atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak eta berrikuntza-jarduerak egiteko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak egindako laguntza-deialdiaren arabera aurkeztu diren agiriak, deialdi horren onuradunak agindu honek arautzen duen laguntza-deialdiko berberak baitira. Nolanahi ere, ikastetxe eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsona bi deialdietan berbera izan behar da.

10. artikulua.– Laguntzen banaketa.

Onuradun bakoitzari zenbateko diru-laguntza emango zaion kalkulatzeko, hau izango da irizpidea: agindu honetako 4. artikuluan ezarri den aurrekontu-hornidura ikastetxe bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera banatuko da, zuzeneko proportzioaren arabera. Zenbateko hori ez da inoiz izango ikastetxeak eskatutakoa baino handiagoa.

11. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabideak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan aurkeztuko dira (ikastetxea zein lurralde historikotan kokatuta dagoen, hango ordezkaritzan), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen den organoren batean. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, euskadi.net egoitza elektronikoan sartuta.

Obrei dagokienez erantsi behar diren eskabidea eta agiri-ereduak honako helbide honetan daude:

https://www.euskadi.net/y22-izapide/es/contenidos/ayuda_subvencion/obras_fp /es_ayuda/ficha_procedimiento.html.

Eta ekipamenduari dagokionez, beste honetan:

https://www.euskadi.net/y22-izapide/es/contenidos/ayuda_subvencion/equipamientos_fp /es_ayuda/ficha_procedimiento.html.

2.– Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahalko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

3.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute Izapidetze elektronikoa.

4.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko azalpenak eta gainerako ereduak artikulu honen 1. puntuan aipatu helbide elektronikoetan daude eskuragarri.

5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/misgestiones.

6.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) «III. eranskina - Egin beharreko obren memoria» 3.1.a) artikuluan aipatzen dena.

b) «IV. eranskina – Ekipamenduari buruzko memoria» 3.1.b) artikuluan aipatzen dena.

c) Eskatzailearen –pertsona edo erakundea– erantzukizunpeko adierazpena, betebehar hauek egiaztatzekoa:

– Halako administrazio edo erakunde publiko zein pribaturi eskatu izana eta, kasua balitz, haiengandik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideak.

– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

d) Honako deialdi hauetan eskatutako agiri edo egiaztapenak entregatu izanaren adierazpena: 2011ko abuztuaren 30eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan obrak egiteko eta ekipamendua erosteko diru-laguntzetarako 2011. urteko deialdia egiten duena (irailaren 21eko EHAA); edo beste honetan: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren Agindua, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei, 2012-2013 ikasturtean atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak eta jarduera osagarriak egin ditzaten diru-laguntzetarako dei egitekoan, deialdi horren onuradunak agindu honek arautzen duen laguntza-deialdiko berberak baitira.

7.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aplikatuz, izapidetze elektronikoaren bitartez laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen baldintza betetzen duela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

8.– Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da. (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

12. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari, eta, hartan, 13.1 artikuluan adierazten diren datuak jasoko dira.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdia Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak ebatziko du eta ebazpena ikastetxeei jakinaraziko zaie. Ebazpenean, ikastetxe onuradunak eta –bai obrak egiteko, bai ekipamendua erosteko– eman zaizkien diru-laguntzen zenbatekoak zehaztuko dira. Horrekin batera, onartu ez diren eskabideak eta diru-laguntza ukatu zaienak zehaztuko dira ebazpenean, hartarako arrazoiak emanda.

2.– Jendeak horren berri izan dezan eta informazio orokorraren ondorioak izan ditzan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena eman eta jakinarazteko epea 2012ko azaroaren 30ean amaituko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

14. artikulua.– Justifikazioa.

Agindu honen 3.1.a) eta 3.1.b) idatzi-zatietan adierazitako obra eta ekipamenduei dagozkien inbertsioak egiteko diru-laguntzak justifikatzeko, «V. eranskina - diruz lagundutako obra eta ekipamenduen justifikazioa» izeneko agirian jasotakoa beteko da. Eranskinarekin batera, agindu honen 3.2 artikuluan zehaztu den aldiari dagozkion fakturak aurkeztuko dira, 13. artikuluan ezarritako jakinarazpena egin eta bi hilabeteko epean.

Justifikazio horiek aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.net/misgestiones web-gunean.

15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

Ematen diren diru-laguntzen ordainketa aldi bakarrean egingo da, agindu honen 3.1 artikuluan adierazitako inbertsioei dagozkien diru-laguntzak justifikatu ostean. Justifikazioa, hain zuzen ere, agindu honen 3.2. artikuluan adierazitako aldiari dagozkion fakturen kopia konpultsatuen bidez egingo da.

16 artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta laguntzak ez badituzte erabiltzen aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako.

Hori dela eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.

2.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuliko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.

3.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.

17. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da gehienez jarrita dagoen mugaraino.

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Ildo horretarik, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta 15 eguneko epean erakunde onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

3.– Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari.

5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari.

19. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Lanbide Heziketako Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak Lanbide Heziketako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hau da helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Lanbide Heziketako Zuzendaritzari aurkeztu diren agiriak egiazkoak diren frogatzeko beste erakunde publiko batzuetara jo dezaten.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 28a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala