Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2012ko irailaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3964

ERABAKIA, 2012ko uztailaren 19koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren arautegia onartzeko dena.

2012ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen-arautegia berrikusteko egutegia beteaz.

Arautegi marko hori oinarrizko arautegi gisa eratu da. Beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zen egunetik hasita, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.

Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen ikastegi batzarrak 2012ko maiatzaren 24an egindako bileran bertako arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ikusita idazkari nagusiaren proposamena, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren arautegia onartzea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2012ko uztailaren 19a.

Errektorea,

Iñaki Goirizelaia Ordorika.

Idazkari nagusia,

Eva Ferreira García.

ERANSKINA
UPV/EHUren BILBOKO INDUSTRIA INGENIARITZA TEKNIKORAKO UNIBERTSITATE ESKOLAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 9.2 artikuluarekin bat etortzea.

2.– Ikastegiko batzarrak 65 kide hautetsi izango ditu, unibertsitateko sektore ezberdinen artean honela banaturik daudenak:

Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaileak: 39.

Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 2.

Ikasleak: 15.

Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 9.

2. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 12.2 artikuluarekin bat etortzea.

2.– Akademia Antolakuntza eta Ikasketen Baliokidetzarako Batzordeak, emakume eta gizonen presentzia orekatua lortzen ahaleginduz, zuzendaria edo berau ordezka dezakeen pertsona, bertako buru izanik; eskolako idazkari akademikoa, batzordeko idazkari izanik; zuzendariorde bat; eskolan irakatsitako titulazio bakoitzeko irakasle bat, titulazioetako irakasgai ez espezifikoak ordezkatuko dituzten bi irakasle eta ikasle bat izango ditu osakide.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa ikastegiko batzarreko kidea izatea.

3. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 14.1 artikuluarekin bat etortzea.

1.– Euskara batzordea ere egongo da, parte hartu, kontsulta eta aholkularitzarako organo gisa, eta, zuzendaria edo berau ordezka dezakeen pertsona, bertako buru izanik; eskolan irakatsitako titulazio bakoitzeko bana irakasle, titulazioetako irakasgai ez espezifikoak ordezkatuko dituzten irakasle bat, administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren ordezkari bat eta eskolako titulazio bakoitzeko bana ikasle izango ditu osakide.

4. artikulua.– Berdintasun batzordea. Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2.l) artikuluarekin bat etortzea.

5.– Eginkizunak: 2.– Hauek dira ikastegiaren eginkizunak: l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea. Berdintasun batzorderik eratzen ez den bitartean, arlo honetako eginkizunak ikastegiko zuzendariak edo berau ordezka litekeen pertsonak burutuko ditu.

5. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 10.2.b) artikuluarekin bat etortzea.

2.– Ikastegiko batzarraren eginkizuna da ikastegiko arlo akademikoan eragina duten oinarrizko erabakiak hartzea, eta, bereziki, ikastegiko zuzendaria aukeratzea.

6. artikulua.– zuzendaritzarako hautagaitzak. UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.3 eta 18.4 artikuluekin bat etortzea.

3.– Ikastegiko zuzendari izateko hautagai zerrendak unibertsitatearen erregistro orokorren bulegoetan aurkeztu beharko dira; idatzia ikastegiko hauteskunde batzordeko buruari zuzendu beharko zaio eta hautagaiaren izen deiturak zehaztuta eta hautagaiaren sinadura izan beharko du; honetarako epea hamar egunekoa izanik hauteskundeetarako deia egiteko erabakia argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.– Ikastegiko zuzendariaren kargurako hautagai zerrendari gobernu taldearen egitura eta programa erantsi beharko zaizkio.

7. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 18.3 artikuluarekin bat etortzea.

Kide anitzeko organoetako kideek eskatu eta eskuratu ahal izango dute beren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa den dokumentazioa eta informazioa. Honetarako eskaria idazkari akademikoari igorritako idazkiaren bidez egingo da, bertan eskatutakoaren beharra gutxienik justifikatuko delarik; eta, beranduen, hamar egunen epean, erantzun beharko dena ezezkoa balitz, argudiatuta. Eskabidea onartuz gero, ikastegiaren esku legokeen dokumentazioa, gehienez ere, hamabost egunen epean jarriko da eskatzailearen eskura ikastegiko Idazkaritzaren bulegoetan.

8. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 19.1 artikuluarekin bat etortzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehenengo deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bien artean hamabost minutuko tartea egon beharko da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, beren ordezkoek.

9. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 23.2 artikuluarekin bat etortzea.

2.– Hartutako erabakiak, beranduen jota, hiru egun baliodunen epean argitaratu beharko dira eskolako iragarki taula ofizialetan eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Erabaki horiek gutxien dela hilabetez egon behar dute jendaurrean, argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita, eta egun horretan hasiko da, era berean, kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko epea.

10. artikulua.– Ikastegien arautegi markoaren 24.4 artikuluarekin bat etortzea.

4.– Errektoreak izendatutakoan hasiko da ikastegiko zuzendaria bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtetakoa izango da eta karguan elkarren segidako hiru agintaldi bete daitezke.

11. artikulua.– Kalifikazio-epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazio arautzen duen arautegiarekin bat etorrita, 1. eta 4. deialdi bitarteko epaimahaia osatu behar izanez gero, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira eginkizun horretan.

12. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluarekin bat etortzea

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena astebetean gauzatuko da, idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.

13. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluarekin bat etortzea.

3.– Kide anitzeko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, behin-behineko ordezkoak beteko du bere lekua. Ordezkatzeko eskabidea, behar bezala arrazoiturik, eskolako batzarreko burutzari igorritako idazkiaren bidez egingo da eta bere idazkaritzari aurkeztuko. Onartuz gero, ordezkapena gauzatuko da eskaria aurkeztu eta bost lanegunetara eta indarrean egongo da, berori eragin duen zioak dirauen bitartean.


Azterketa dokumentala