Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2012ko uztailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
3072

110/2012 DEKRETUA, ekainaren 19koa, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa.

I

Doako Laguntza Juridikoari buruzko 210/1996 Dekretua, uztailaren 30ekoa, 1996ko irailaren 5ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dekretu hori, argitaratu zeneko garaiari dagokiona, urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa, indarrean sartu ondoren erkidego mailan eman zen lehenengo arautzea izan zen; estatu mailakoa zen, eta, edukiari dagokionez, oinarrizkoa.

II

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 13.1 eta 35.3 artikuluetan zehaztutakoa oinarritzat harturik eta Transferentzien Batzorde Mistoaren 1987ko ekainaren 17ko Akordioaren argitalpena onartzen duen abenduaren 30eko 390/1987 Dekretua indarrean sartu zenetik, Eusko Jaurlaritzak, Lehendakaritza, Justizia eta Autonomia Garapenerako Sailaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-etxeetan edo epaitegietan ofiziozko defentsa eta ordezkaritzari eta atxilotu edo presoarentzako abokatu-laguntzari dagozkion jardunengatiko diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoei ordaintzea hartu zuen bere gain, 1996. urtea baino lehen. Jarduera horiek abokatuek egin izan dituzte, alde batetik, uztailaren 24ko 2090/1982 Errege Dekretuaren 57. artikulutik 60. artikulura zehaztutakoaren arabera, eta, bestetik, prokuradoreek, uztailaren 30eko 2046/1982 Errege Dekretuaren 13. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Izan ere, bi dekretu horiek arautzen dituzte lanbide horien estatutu orokorrak.

Horretarako, uztailaren 24ko 200/1990 Dekretua eta urriaren 23ko 282/1990 Dekretua eman ziren, ofiziozko txandari eta atxilotu edo presoarentzako abokatu-laguntzari dagozkion jardunengatiko diru-laguntzen jardunbidea arautzeko; eta baita Justizia sailburuordearen Agindua, 1992ko irailaren 29koa, ere, 200/1990 Dekretua garatzeko eta zehazteko neurriak zehaztu zituena eta, geroago, 1994ko apirilaren 13ko Aginduak aldatuko zuena.

III

Urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa, indarrean sartzeak funtsezko aldaketa eragin zuen Autonomia Erkidegoko araudian. Izan ere, alde batetik, doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea aitortzeko jardunbidea epaitegietatik atera zuen, eta administrazio-izaerako kide anitzeko organo baten esku utzi zen, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen esku, alegia; eta, bestetik, doako justiziaren espedienteak izapidetzea Abokatuen Elkargoetako Laguntza eta Orientazio Zerbitzuei zegokienez, elkargoak berak hasi ziren eskabideen izapide arruntak egiten, uziak aztertzen eta behin-behineko izendapen edo ukapenak erabakitzen.

IV

Hamabost urte igaro dira jada urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea, Doakoa Laguntza Juridikoari buruzkoa, eta uztailaren 30eko 210/1996 Dekretua argitaratu zirenetik, eta aldaketa ugari eta garrantzitsuak gertatu dira ordutik, bai gizartean, bai ekonomian eta administrazioan. Horregatik, araudi berri bat sortu beharra dago, 90eko hamarkadan Doako Justiziarako sistema arautu zenean hartutako jarrerari eutsiz baina, aldi berean, sistema hura hobetuz, urte hauetan agerian geratu diren hutsuneak betetzeko eta sistemaren eraginkortasuna eta indarra hobetze aldera lan eginez, herritarren eskubideei kalterik eragin gabe.

V

Dekretu hau Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen arabera arautu da, eta baita erkidegoko zuzenbiderako zehaztutako arauen eta Nazioarteko Itunetan zehaztutakoaren arabera ere. Dekretu honen ardatz nagusiak Profesionalen Elkargoak, Orientazio Juridikoko Zerbitzuak eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak dira, eta eurek sortuko dituzte jardunbiderako eta komunikaziorako formula eta bide berriak, prozesuak hobetzeko eta azkartzeko eta eskatzaileen eskabideei erantzun egokiak eta eraginkorrak emateko.

Erakunde parte-hartzaile guztien eginkizunak argi adierazteak eta Profesionalen Elkargoen funtzionamendu-gastuetarako ordainketa-sistema berri bat ezartzeak -aurreko ekitaldietan irabazitako kopuruen araberako ehunekoetan oinarrituta, eta ez izapidetutako espediente-kopuruan- orain arte beharrezkoak ziren zereginak eta denbora murriztea dakarte, eta baliabideak eta ahaleginak gutxitzea eta funtzionamendu-sistema garden bihurtzea ere bai.

Beharrezkoa da doako laguntza juridikoa kudeatzeko sistema informatiko bat eta bulego birtuala izatea, Orientazio Juridikoko Zerbitzuen, Abokatuen nahiz Prokuradoreen Elkargoen eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean informazioa trukatu ahal izango baita horri esker eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen bitartez. Halaber, sistema horren bidez, espedienteen, jardueren eta parte-hartzaileen kontrola eta jarraipena azkarragoa, errazagoa eta eraginkorragoa izango da.

VI

Doako Laguntza Juridikoaren Aholku Kontseiluaren ardura izango da egitate berdinen aurrean Euskal Autonomia Erkidegoko Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeek jardunbide desberdina izan ez dezaten eta ebazpen desberdinak eman ez ditzaten irizpideak ezartzea eta bateratzea.

Bestalde, indarrean dauden txanda espezializatuei eutsiko zaie, ongi ari direnez eta gizarteari zerbitzu ona eskaintzen diotenez. Era berean, aurrerantzean ofiziozko abokatua aukeratzeko eskubidea izango dute herritarrek prozesu zibiletan, lan-arlokoetan eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoetan, beste autonomia-erkidego batzuetan herritarren onartuta baitago eskaera hori.

VII

Azkenik, guardiako txanda egiteagatik Abokatuen Elkargoei ematen zaien konpentsazio ekonomikorako sistema aldatu egin da: jardunbide bakoitzeko ordaindu ordez lan egiteko prestasunaren arabera ordainduko zaie. Horrela, gaur egun indarrean dauden konpentsazio-kopuruei bere horretan eutsita, herritarrei zerbitzu hobea eman ahal izango zaie.

VIII

Dekretu hau Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz onartu da.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko ekainaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATzen DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK.

1. artikulua.– Xedea.

1.– Doako Laguntza jasotzeko eskubidearen aitorpenari buruzko jardunbidea arautzea da dekretu honen xedea, Espainiako Konstituzioaren 119. artikuluak hala agintzen baitu, eta baita bertan aritzen diren organoen funtzionamenduaren erregimena arautzea eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzuaren kudeaketarako beharrezkoak diren elkargoen arteko harremanak finkatzea ere.

2.– Doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea aitortze aldera, dekretu hau honako kasuetan aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo lurralde-eskumena ez duten organoek izapidetutako prozesu judizialetan; atzerritartasun-arloko administrazio-prozeduretan, baldin eta legeak doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea aitortzen badie; eta Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 20. artikuluan zehazten diren bestelako administrazio-prozeduretan.

3.– Laguntza juridikoa doan jasotzeko eskubidea aitortzeak Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluan jasotako prestazioak ekarriko dizkio eskubidearen titularrari.

2. artikulua.– Eskubidearen titularrak.

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluan espresuki adierazitako pertsonak eta erakundeak eta lege mailako xedapenetan beraraziaz adierazitakoak izan daitezke laguntza juridikoa doan jasotzeko eskubidearen titularrak.

II. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN BATZORDEEN ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDUA.

3. artikulua.– Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak.

1.– Beren lurralde-eremuan doako laguntza juridikoa aitortzeko eskumena daukaten kide anitzeko organoak dira Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak. Justizia-arloan eskumena duen sailari atxikita egongo dira, eta sail horrek emango dizkie lana ongi egin dezaten beharrezko dituzten giza baliabideak nahiz baliabide material eta ekonomikoak, aurrekontuetan zehaztutakoaren arabera.

2.– Batzordeek egoitza bana izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako hiriburuetan, beren eginkizunak eta eskumeneko ardurak bete ditzaten dagozkien lurralde-eremuetan. Justizia-arloan eskumena duen sailak erabakiko du egoitzak zein tokitan egongo diren zehazki.

3.– Batzorde batek gai askoren ardura duela frogatzen badu, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen ordezkaritzak sortu ahal izango dira, justizia-arloan eskumena duen sailaren ebazpen baten bidez. Ordezkaritzek egoitzen osaera berbera izango dute, bai kide-kopuruari dagokionez, bai kideen jatorriari dagokionez.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Honako hauek izango dira Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko kideak.

a) Fiskaltzako ordezkari bat. Kide hori izango da batzordeburua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalburuak aukeratuko du.

b) Dagokion lurralde historikoko Abokatuen Elkargoko dekanoa edo horrek izendatutako abokatu bat.

c) Dagokion lurralde historikoko Prokuradoreen Elkargoko dekanoa edo horrek izendatutako prokuradore bat.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionario bat, A taldekoa eta justizia-arloan eskumena duen sailak izendatua, batzordearen idazkari arituko dena.

e) Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoko Abokatu Taldeko funtzionario bat, berari dagokion sailak aukeratua.

2.– Batzordeen eginkizunen jarraipena eta jardunbidea bermatzeko asmoz, titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, titularrak izendatzen diren modu berean. Batzordekide titularrek eta ordezkoek aldi berean jardun dezakete.

5. artikulua.– Ordainsariak bileretan parte hartzeagatik.

Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen bileretara joanez gero eta bilera horretako idazkariak behar bezala justifikatuta, ordainsaria jasotzeko eskubidea izango dute profesionalek, zerbitzua dela-eta egin diren gastuak ordaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren ordainsariei buruzko araudian adierazten den moduan, baldintzetan eta zenbatekoetan. Araubide horretatik salbuetsita geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioak.

6. artikulua.– Funtzionamendua.

Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen funtzionamendua dekretu honetan ezarritako arauen menpe egongo da. Arau horiek bete ezean, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean eta, oro har, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean, azaroaren 26koan, kide anitzeko organoentzat zehaztutakoa ezarriko da. Erabakiak hartzeko, botoen gehiengoa lortu beharko da.

7. artikulua.– Deialdia eta saioak.

1.– Bilkurak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez, organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da, gutxienez, hiru batzordekide bertaratzea eta horien artean batzordeburua eta idazkaria egotea.

2.– Deialdien eta bilkuren erregimena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean, azaroaren 26koan, 26. artikuluan ezartzen dena izango da. Dena dela, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak bilkura-egutegi bat ezarri ahal izango du, eta, horrelakoetan, ez da beharrezkoa izango bilkuretarako deia egitea, ez eta batzordekideei deitzea ere.

3.– Hamabost egunean behin bilduko dira gutxienez, eztabaidatu beharrezko gai-kopurua dela-eta batzordeak bilkuren periodikotasuna alda badezake ere.

8. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Honako hauek dira Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen eginkizunak.

a) Laguntza juridikoa doan jasotzeko eskubidea aitortu edo ukatu, Profesionalen Elkargoek aurrez hartutako erabakiak baieztatuz edo aldatuz, beharrezkoa bada.

b) Eskubidearen aitorpena baliogabetu, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean adierazitakoak kontuan hartuta.

c) Laguntza juridikoa doan jasotzeko eskubidea onartzen ez duten ebazpenak baliogabetu eta akatsak zuzendu, kontuan hartuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 105. artikuluan xedatutakoak.

d) Laguntza juridikoa doan jasotzeko eskubidea aitortzen duten ebazpenak berrikusi, betiere ebazpena baliogabea bada eta kontuan hartuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 102. artikuluan xedatutakoa.

e) Egiaztapenak egin eta beharrezkotzat jotzen den informazioa bildu, bereziki Herri Administrazioari dagokiona; ziurtagiri telematikoak eskatu eta Herri Administrazioaren datu-baseetarako sarbidea zein izango den adostu, baldin eta interesdunak aurrez horretarako baimena eman badu.

f) Emandako ebazpenen berri eman.

g) Batzordeak adostutako behin betiko ebazpenen aurka egiteko idazkiak jaso, eta dagokion organo judizialean izapidetu.

h) Uziaren funtsik gabeko txostenak izapidetu, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean adierazitakoa betez.

i) Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzuen jarduerek eragindako arazoak, kexak eta salaketak Profesionalen Elkargoei jakinarazi.

j) Doako laguntza juridikoari buruzko araudiak zehazten dituen bestelako eginkizunak bete.

2.– Eginkizun horiek betetzerakoan, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeek objetibotasunez, alderdikeriarik gabe, berdintasunez, gardentasunez, eraginkortasunez, arintasunez eta laburtasunez jardungo dute, herritarrek zerbitzu azkarra eta kalitatezkoa jaso dezaten.

3.– Halaber, euren jardueren berri emango diote justizia-arloko sail eskudunari, sailak eskatzen dizkien datuak eta estatistikak sexuaren arabera bereizita emanez, eta Doako Laguntza Juridikoaren Zerbitzuaren funtzionamendu egokirako beharrezkotzat jotzen dituzten jarduerak proposatuko dizkiote.

9. artikulua.– Doako Laguntza Juridikoaren Zerbitzuei buruzko informazioa.

Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuek beren antolakuntza– eta funtzionamendu-arauei, egoitzari eta herritarrei harrera egiteko ordutegiari buruzko informazioa emango diote etengabe Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari, eta, aldaketarik egonez gero, idatziz jakinarazi beharko diote atzerapenik gabe.

10. artikulua.– Doako laguntza juridikoaren sistema informatikoa eta bulego birtuala.

1.– Prozeduren kudeaketa administratiboa dagokion justizia-arloko sail eskudunaren eta Profesionalen Elkargoen aplikazio informatikoak erabiliz egingo da, doako laguntza juridikoaren sistema informatikoaren bitartez.

2.– Aplikazio informatikoak elkarrekin telematika bidez konektatuta egongo dira ingurune seguru batean, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek kudeatutako jardueretan eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeek eta doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzak kudeatutakoetan datuak bateratuta daudela bermatzeko. Horregatik, zuzendaritzak emandako ebazpen baten bidez, zuzendaritzak berak kudeatuko duen doako laguntza juridikoaren sistema informatikoan jaso beharreko artxiboen edukia, formatua eta bidaltzeko baldintzak arautuko dira.

3.– Doako laguntza juridikoaren sistema informatikoak bulego birtual bat izango du, ofiziozko txandako eskatzaileek, abokatuek eta prokuradoreek beren espedienteen izapidetze-egoera kontsulta dezaten; eta, hala badagokie, sinadura digitala dutenek eskabideak modu elektronikoan izapidetu ahal izango dituzte.

III. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN AHOLKU KONTSEILUA.

11. artikulua.– Helburuak.

Hauek izango dira Doako Laguntza Juridikoaren Aholku Kontseiluaren helburuak.

a) Dekretu honek agintzen dituen arauen eraginkortasunari eta betetze mailari buruzko jarraipena egin, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko irizpide orokorrak nahiz bereziak homogeneo bihurtu. Irizpide horiek izaera loteslea izango dute hiru Lurralde Historikoetako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeetan.

b) Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko sistemaren funtzionamendua edo arauak aldatzeko proposamenak egin justizia-arloan eskumena duen sailari.

c) Doako Laguntza Juridikoaren Zerbitzua hobetzeko egoki iritzitako proposamenak aztertu eta organo eskudunei aurkeztu.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Doako Laguntza Juridikoaren Urteko Memoria sortu.

12. artikulua.– Osaera.

1.– Honako hauek izango dira Aholku Kontseiluko kideak.

a) Justizia-arloan eskumena duen sailburuordetzako titularra, kontseiluburu gisa.

b) Justizia-arloan eskumena duen saileko bi ordezkari, zuzendari gisa.

c) Abokatu Elkargo bakoitzeko ordezkari bat.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluko ordezkari bat.

e) Epailetzako ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoak izendatua.

f) Fiskaltzako ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalburuak izendatu.

g) Idazkaritza Judizialeko ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu-idazkariak izendatu.

h) Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoko Abokatu Taldeko funtzionario bat; dagokion sailak izendatu.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio Orokorreko funtzionario bat; A taldekoa eta justizia-arloko sail eskudunak izendatua. Funtzionario hori kontseiluaren idazkari arituko da, eta doako justiziaren kudeaketaren ardura duen zuzendariak izendatuko du.

2.– Kontseiluko kide bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, titularrak izendatzen diren modu berean.

3.– Kontseiluak beharrezkotzat joz gero, teknikariak edo adituak eraman ditzake bilkuretara, akordio bidez erabakitzen diren gaiak aztertzeko.

13. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Kontseilua lehendakaritzak deia egiten duen guztietan bilduko da; eta, gutxienez, urtean behin. Kontseiluaren funtzionamendua Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean, azaroaren 26koan, biltzen diren xedapenen menpe egongo da.

Kontseiluko kide orok ezohiko bilkurarako deialdia egiteko eskatu ahal izango dio lehendakariari.

2.– Helburuak betetzeko, kontseiluak beharrezkotzat jotzen dituen datuak eta txostenak bilduko ditu, Profesionalen Elkargoei eskatuz.

3.– Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen bileretara joanez gero eta bertako idazkariak behar bezala justifikatzen badu, ordainsaria jasotzeko eskubidea izango dute, zerbitzua dela-eta egin diren gastuak ordaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren ordainsariei buruzko araudian adierazten den moduan, baldintzetan eta zenbatekoetan. Araubide horretatik salbuetsita geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioak eta kargudunak.

IV. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKORako ESKUBIDEA AITORTZEKO JARDUNBIDEA.

14. artikulua.– Jardunbide arautuari hasiera ematea.

1.– Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko jardunbideari alderdiak hala eskatuta emango zaio hasiera, eta dekretu honen 1. eranskinean jasotako eredu arautua aurkeztuz.

Inprimakiak epaitegien bulegoetan, Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuetan eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen egoitzetan eskura daitezke.

2.– Abokatuen Elkargoek beharrezko neurriak hartuko dituzte Doako Laguntza Juridikoaren Zerbitzuetako profesionalek interesdunei inprimakiak emateko eta ongi betetzen dituztela ziurtatzeko, eta, beharrezkoa balitz, laguntza emango diete.

3.– Hasierako eskabidearekin batera, agiri horretan bertan adierazitako datuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, dekretu honetako 1. eranskinean ezarritakoaren arabera, bertan adierazten diren dokumentuak une horretan bertan aurkeztea ezinezkoa denean izan ezik. Kasu horietan, eten egingo da dagokion prozedura-epea.

4.– Abokatua eta prokuradorea behin-behinean izendatuko da errekerimendu judizial bidez, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 21. artikuluaren eta Prozedura Judizialei buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 33. artikuluaren arabera, epaiketa batean aldeek defentsa eta ordezkaritza izango dutela bermatzeko. Dena dela, prozedura ez da hasiko, baldin eta interesdunak Doako Laguntza Juridikorako eskubidea aitortzeko inprimakia atxikitzen ez badu. Organo judizialak berak emango dio interesdunari doako laguntza juridikoa eskatzeko inprimakia, eta, bete ondoren, Orientazio Juridikoko Zerbitzuari igorriko zaio.

Halakoetan, baldin eta Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 21. artikuluan adierazitako errekerimendua eta doako laguntza juridikoa eskatzeko inprimakia behar bezala bete bada, Profesionalen Elkargoek dagokien izendapena egingo dute.

Interesdunak eskabidea eta aginduzko agiriak aurkeztu beharko ditu eskubidea aitortua izan dakion; eta, hala egiten ez badu, izendatutako ofiziozko profesionalen jarduerak sortutako zerbitzu-sariak eta eskubideak ordaindu beharko ditu. Orientazio Juridikoko Zerbitzuek interesdunari jakinaraziko diote sortutako zerbitzu-sariak eta eskubide ekonomikoak ordaindu beharko dituela, doako laguntza juridikoa eskatzen edo jasotzen ez badu ere. Era berean, Doako Justiziarako eskubidea ez jasotzeak zer ondorio ekarriko dizkieten adieraziko diete organo judizialek interesdunei.

Profesionalen behin-behineko izendapena egin bada eta epailetzak edo batzordeak doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea gaitzesten badu, batzordeak ukapenaren berri emango die abokatuari eta prokuradoreari, erabaki horren arabera jardun dezaten.

15. artikulua.– Jardunbide arautuak dituen salbuespenak.

1.– Zigor-arloko jurisdikzioaren esparruan, ez da beharrezkoa izango 14. artikuluan zehazten diren izapideak egitea –bide-segurtasunaren aurkako delituetan, adingabeek egindakoetan, genero-indarkeria edo familia barruko indarkeria kasuetan eta soilik kereila bidez zigor daitezkeen iruzur eta delituen kasuan salbu–; eta ezta administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren esparruan atzerritarrei dagokienez ere, espainiar lurraldean sartzea ukatzen zaienean edo euren jaioterrira itzultzen edo lurraldetik kanporatzen direnean. Balizko kasu horietan guztietan, Administrazioak ordainduko ditu izendatutako profesionalen jardueraren gastuak, profesionalek beren bezeroek edo ordezkatuek oso baliabide ekonomiko eskasak dituztela uste badute eta doako laguntza juridikorako eskubidearen hartzekodun baldin badira.

Administrazioak eginbehar hori bete dezan, beharrezkoa da abokatua izendatzen denetik hilabeteko epe luzaezinean abokatuak berak dagokion elkargoari bezeroak baliabide ekonomiko urriak dituela adieraztea, eta, adierazpen edo susmo horiez gain, prozedura-espedientean jasotako datu guztiak ere aurkeztu beharko ditu; betiere, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen babesean, eta eskubidearen onura jasotzeko eskabide-orria bezeroak sinatuta aurkeztuz.

Kasu horietan, abokatuak defendatzen ari den pertsonari profesional gisa dagozkion zerbitzu-sariak Administrazioak ordainduko dizkiola jakinaraziko dio, baldin eta Administrazioak prozedura horren onura aitortzen badio eskatzaileari. Horregatik, espedientearekin batera, eskabidearen eta jakinarazpenaren kopia bat igorriko da, eta dekretu honen II. eta IV. eranskinetan gehitu den ereduarekin bat etorriko da berori.

Halako baliabide-urritasunik ez duela uste badu abokatuak, bezeroak izapidea egin ondoren eskabidea hilabeteko epean izapidetzen duela ziurtatuko du, eta eskatzaileari araututako dokumentu bat sinatzeko eskatuko dio, dekretu honetako III. eranskinean jaso den ereduarekin bat etorriz. Halaber, ohartaraziko dio eskabidea hamar eguneko epean egiten ez badu bere eskubideari uko egingo diola eta defentsa-jarduerek eragindako gastuak ordaindu beharko dituela.

2.– Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren edo jurisdikzio zibilaren esparruan, adingabe atzerritarraren adinari dagozkion foru-aginduen aurka errekurtsoa aurkeztu nahi denean, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko jardunbidea zalantzazko adingabetasuna frogatuta ez duen atzerritarraren interesak defendatuko dituen abokatuak egin ahal izango du, hura adingabea dela eztabaidatzen ari den prozesuetan, artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako jardunbidearen arabera.

3.– Atzerritartasun-kontuetan, pertsona bati lurraldean sartzea ukatzeko, jaioterrira itzularazteko edo kanporatzeko jardunbideetan, beharrezkoa izango da onuradunak errekurtsoa aurkeztu nahi duela berrestea errekurtsoa jartzen duen unean bertan, berariaz haren izen-abizenak eta ebazpenaren berri baduela adierazten dituen edozein bitartekoren bidez. Organo judizialak jurisdikzio-bidean ordezkaritza eskatzen duenean, interesdunak berak eskatu beharko du ofiziozko prokuradore bat izendatzea. Halaber, aurreko administrazio-bidean doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea aitortzen zaienei ere jurisdikzio-ekintza burutu nahi dutela berrestea eskatu zaie, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzetan eta dekretu honen V. eranskinean jaso den ereduaren arabera.

4.– Aurreko paragrafoetan jaso ez diren bestelako kasu guztietan, 14. artikuluan xedatutako jardunbide orokorra aplikatuko da.

16. artikulua.– Eskabidea aurkeztea.

1.– Bai doako laguntza juridikoa jasotzeko eskabideak eta bai aginduzko agiriak prozesu nagusiaz arduratuko den organo judiziala dagoen tokiko Abokatuen Elkargoko Orientazio Juridikoko Zerbitzuetan aurkeztuko dira, edo eskatzailearen helbideari dagokion auzitegian, behar bezala beteta. Azken kasu horretan, organo judizialak lurralde-aginpidea duen Orientazio Juridikoko Zerbitzuari igorriko dio eskabidea.

2.– Epaiketa azkarretako jardunbide berezian eta atzerritartasun-gaietan, dekretu honen 15.1 artikuluan agindutakoa beteko da, bertan aipatzen diren delituak epaitzerakoan. Dena dela, ez da beharrezkoa izango laguntza jasotzen ari den pertsonak aurrez baliabide ekonomikoak badituela egiaztatzea, eta beharrezko agiriak aurkeztu beharko ditu, eskabidea aurkeztu eta 5 eguneko epean. Kasu horietan, abokatuak laguntza eskatu duen pertsonari eskabidea betetzeko eskatuko dio, eta hark igorriko dio 48 orduko epean dagokion Abokatuen Elkargoaren Orientazio Juridikoko Zerbitzuari, izapideak egin ditzan.

3.– Bide-segurtasunaren aurkako delituetan, adingabeek egindako delituetan, genero-indarkeria edo familia barruko indarkeria kasuetan eta soilik kereila bidez zigor daitezkeen iruzur eta delituen zigor-arloko kasuetan, abokatuak bere bezeroari jakinaraziko dio eskabidea izapidetzeko hilabeteko epea duela, abokatua izendatzen den egunetik kontatzen hasita; eta eskatzaileari araututako dokumentu bat sinatzeko eskatuko dio, eta dekretu honetako III. eranskinean jaso den ereduarekin bat etorriko da agiri hori. Halaber, ohartaraziko zaio eskabidea hamar eguneko epean egiten ez badu bere eskubideari uko egingo diola eta defentsa-jarduerek eragindako gastuak ordaindu beharko dituela.

4.– Adingabeen Epaitegiei dagozkien jardunbideetan, doako laguntza juridikorako eskabide bakarra egingo da, abiatzen diren prozesuen kopurua kontuan hartu gabe. Adingabeak berak sinatuko du, haren legezko ordezkariak edo egitatezko zaintza duenak, haren izenean; edo, bestela, interes kontrajarriak badaude edo adingabearen eta haren legezko ordezkariaren edo egitatezko zaintza duenaren artean interes-gatazka dagoenean, Fiskaltzak berak sinatuko du.

Jardunbide horietan, artikulu honen lehenengo paragrafoan Fiskaltza aipatzen denean, argi dago Adingabeen Fiskaltzaz ari dela, guardiako laguntzak ez diren jardueretarako. Izendapena egin eta gero, Adingabeen Erantzukizun Penalari buruzko abenduaren 4ko 5/2000 Lege Organikoaren 16.3, 22.1.b) eta 22.2 artikuluan xedatutakoaren babespean Adingabeen Fiskaltzak ofiziozko abokatua eskatuko balu, abokatu bera izendatuko litzateke, legezko arrazoiak direla-eta beste batez ordezkatzea bidezkoa denean salbu.

Tutoretza amaitutzat jotzeko foru-aginduen aurkako errekurtsoa jarri nahi duten adingabeek eskubidea izango dute adingabeen arloan espezializatutako ofiziozko abokatuengana jotzeko.

5.– Familia-prozeduretan edo ezkontzaz kanpoko seme-alaben neurriei buruzkoetan, bikotekideek interes kontrajarriak dituztela ulertuko da. Horregatik, doako laguntza juridikorako eskabidea banaka egingo dute, eta bikotekide bakoitzak baldintza ekonomikoei buruzko atala bete beharko du, dagokion izendapena egin ahal izateko. Izendapen hori soilik eskubidearen onuradunarentzat izango da.

6.– Dagokion Orientazio Juridikoko Zerbitzuari eskabidea aurkeztu ondoren prozedura abiatu bada, zerbitzuak eskatzaileari hauxe jakinaraziko dio: prozedura bertan behera uzteko asmoa badu, berariaz eskatu behar diola organo judizialari.

17. artikulua.– Hutsak zuzentzea.

1.– Aurkeztutako dokumentuak aztertuko dituzte Orientazio Juridikoko Zerbitzuek, eta aski ez dela balioesten badute edo uste badute eskabidean akatsak daudela edo ez dagoela behar bezala betea, argi eta garbi adieraziko dituzte akatsak eta hutsuneak, eta hamar egun balioduneko epea emango diote interesdunari, akatsak zuzendu ditzan edo dagokion dokumentazioa aurkez dezan. Errekerimendua interesdunak jaso duela ziurtatzeko aukera ematen duen modu bat erabiliz egingo da.

2.– Epe horretan akatsak zuzentzen ez baditu, Orientazio Juridikoko Zerbitzuak izendapenik ez duten eskabideak artxibatuko ditu, eta izendapena jaso dutenak batzordeari bidaliko dizkio, behin-behineko izaeraz kontrako irizpena dutela adierazita.

3.– Batzordeak espedientearen eskabidean formazko akatsak daudela sumatzen badu, Orientazio Juridikoko Zerbitzuari igorriko dio, izapideak behar bezala egiteko.

18. artikulua.– Agiriak aurkeztetik salbuetsitako eskabideen izapidetzea.

Ez da beharrezkoa izango agiriak jasotzea edo telematika bidezko ziurtagiriak eskatzea, Orientazio Juridikoko Zerbitzuak edo Batzordeak nahikoa informazioa badute eskatzaile berak aurretik doako laguntza juridikoaren beste espediente batean aurkeztu duelako, aurretik aurkeztutako informazio horren ondorioz eskabideari ezezkoa eman zaionean edo igorri zenetik sei hilabete baino gehiago igaro direnean salbu.

19. artikulua.– Behin-behineko izendapenak egitea eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari igortzea.

1.– Eskabidea eta frogagiriak aztertu ondoren eta akatsik egonez gero horiek zuzendu ondoren, Abokatuen Elkargoaren ustetan eskatzaileak doako laguntza juridikoa jasotzeko legezko baldintzak betetzen baditu, elkargoak eskabidea jaso edo akatsak zuzendu ondoren gehienez ere hamabost eguneko epean abokatuaren behin-behineko izendapenari ekingo dio, eta, prokuradorearen esku-hartzea nahitaezkoa denean, berehala emango dio horren berri Prokuradoreen Elkargoari, hurrengo hiru egunetan ordezkari arituko den prokuradorea izenda dezan.

Prokuradoreen Elkargoak izendapenaren berri emango dio berehala Abokatuen Elkargoari.

Elkargoek behin-behineko izendapenaren berri emango diote ordezkari gisa aritzeko izendatutako profesionalei, eta, prozedura hasita balego, baita organo judizialari ere.

2.– Jurisdikzio zibilean, lan-arloko jurisdikzioan eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, eskatzaileak aukeratutako abokatua izendatuko da, dekretu honen 32. artikuluan adierazten den eskubidea erabiliz, baldin eta kupoa agortu ez badu. Kupoa agortua badu, berriz, ausazko txandaren arabera abokatua izendatuko da, elkargoak ezarritako antolaketaren arabera. Izendatutako abokatua auzipetuaren defentsatik desenkusatu ahal izango da behar bezala arrazoitzen badu hori, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen adierazitakoaren arabera.

3.– Behin-behineko izendapenak egin ondoren, elkargoek hiru eguneko epea izango dute gehienez ere Laguntza Juridikoaren Batzordeari espediente osoa emateko, eskabidea egiazta eta ebatz dezan.

4.– Epe horretan bertan, behin-behineko izendapenaren berri emango diote interesdunari. Jakinarazpenean, halaber, behin-behinean izendatutako profesionalek egindako lanaren zerbitzu-sariak eta eskubide ekonomikoen kostuak ordaindu beharko dituela adieraziko zaio, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu ez bazaio.

5.– Aurreko paragrafoetan zehazten denaren ildotik Abokatuen Elkargoak ez badu behin-behineko abokatua izendatzen, eskatzaileari jakinaraziko dio bost eguneko epean, eta eskabidea Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari igorriko dio.

Abokatuen Elkargoak ez dio ekingo abokatuaren behin-behineko izendapenari baldin eta.

a) Abokatuaren parte-hartzea nahitaezkoa ez bada, ebazpen judizialak kontrakoa ebazten duen kasuetan izan ezik.

b) Eskatzaileak Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2., 3. eta 4. artikuluetan zehaztutako nahitaezko baldintzak betetzen ez dituela uste badu.

c) Eskabidea Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 5. artikuluaren esparru-eremuan egon litekeela uste badu.

d) Eskubidea aitortzeko eskabidea batzordeak aurretik izapidetutako gai judizial bereko beste baten kopia dela frogatzen badu, eskatzaileari dagokionez jardunbideari hasiera eman ez zaionean izan ezik.

e) Eskabidean lurralde-eskumenik ez duela adierazten badu.

f) Demandatzaileak eskabidea auzia aurkeztu eta gero egin zuela ohartzen bada, edo demandatuak demandari erantzun eta gero aurkeztu zuela.

g) Doako laguntza juridikoaren eskabidean jasotako uziak argi eta garbi funtsik edo oinarririk ez duela jotzen badu.

6.– Abokatuen Elkargoak, eskabidea jasotzen denetik hasita edo, akatsak badaude, zuzentzen direnetik hasita hamabost eguneko epean, aurreko paragrafoetan zehaztutako jarduerak egin ez baditu, eskatzaileak berriro ere aurkez diezaioke eskabidea Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari, hamabost eguneko epean.

7.– Kasu horretan, batzordeak espedientea eta eskabideari buruzko txostena eskatuko dizkio Abokatuen Elkargoari, eta, bidezkoa denean, behin-behineko abokatu bat izendatzeko aginduko du, eta, nahitaezkoa bada, baita prokuradore bat ere, dekretu honetan zehaztutako jardunbidearen arabera.

8.– Profesionalen Elkargoek beharrezko neurriak hartuko dituzte genero-indarkeriaren, familia barruko indarkeriaren eta sexu-erasoen biktimei behin-behineko abokatua izendatzeko, eta, beharrezkoa bada, baita prokuradore bat izendatzeko ere, epaiketa azkarretan agerraldia egin edo ikustaldian parte hartu baino aski lehenago.

9.– Profesionalen Elkargoen betebeharra izango da Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzuetan alta emanda dauden elkargokideen datu-basea mantentzea eta eguneratzea.

10.– Salbuespen modura araututako jardunbidea bete gabe izapidetutako espedienteen zerrenda igorriko diote dagokion batzordeari Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuek.

20. artikulua.– Jardunbidearen instrukzioa.

1.– Espedientea jaso eta gero, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak gehienez ere hogeita hamar eguneko epea izango du espedientea ebazteko, eskatzaileak aurkeztutako datuen zuzentasun eta benetakotasuna egiaztatzeko beharrezko argibideak jaso eta gero.

2.– Aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetze aldera, batzordeak eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan azaldutako datu ekonomikoen egiaztapena jaso ahal izango du Zerga Administraziotik edo beste edozein erakundetatik, betiere, ebazpena emateko ezinbestekoa dela uste badu.

Informazio hori batzordeko idazkariari eskatu beharko zaio, eta datuak telematika bidez igorriko dira, datuak lagatzeko Herri Administrazioekin adostutako lankidetza-hitzarmenak eta protokoloak kontuan hartuta eta datu pertsonalak arautzen dituen araudian xedatutakoa betez.

Halaber, interesdunari errekerimendu bidez eskatu ahal izango dio eskabidea aztertzeko ezinbesteko datuak eta agiriak aurkezteko, eta argi eta garbi adieraziko zaio zein diren aurkeztu beharreko datuak eta agiriak. Era berean, jakinaraziko dio errekerimenduari kasurik ez eginez gero Doako Justiziaren onuraren aitorpena ukatzea ekar dezakeela.

Paragrafo honetan adierazitako kasuetan, beharrezko dokumentuak aurkezteko epea eten egingo da eskabidea eta eskatzaileari eskatutako txostena edo agiriak eskatzen direnetik jaso arte. Nolanahi ere, etenaldi hori hiru hilabetekoa izango da gehienez ere.

3.– Batzordeak auziaren kontrako alderdiari edo alderdiei entzungo die edo, akzioa egikaritu nahi dutenei, baldin eta datuak eman ditzaketela uste badu edo alderdiek hala eskatzen badute.

4.– Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko jardunbidearen bideratzea arintasun- eta laburtasun-printzipioen menpe egongo da beti.

5.– Doako Laguntza Juridikoko Batzordeek erabateko lehentasuna emango diete doako laguntza juridikoaren eskabideei, eta presaz izapidetuko dituzte, bai biktimenak, bai inputatuenak, delituen prozedura azkarren jardunbidearen esparruan.

6.– Batzordeek Doako Justiziako Zerbitzuetako jarduneko batzordekideen zerrenda eskuratu ahal izango dute, doako laguntza juridikoaren sistema informatikoaren bidez, eta jurisdikzioko espezializazio-irizpideak ere jaso ahal izango dituzte berorren bidez.

21. artikulua.– Izendatzeari uko egitea.

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak ezarritakoaren arabera, doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea dutenek berariaz uko egin diezaiokete ofiziozko abokatua eta prokuradorea izendatzeari, eta beraiek nahi dituzten konfiantzazko profesionalak izendatu ahal izango dituzte. Puntu hori eskabidean adierazi beharko du interesdunak, eta batzordeari eta dagozkion elkargoei jakinarazi beharko die.

22. artikulua.– Ebazpena: edukia eta ondorioak.

1.– Egiaztapen egokiak egin ondoren, batzordeak ebazpena emango du doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko ala ukatzeko. Ebazpena hiru eguneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoari, eta baita alderdi interesdunei ere. Era berean, horren berri emango zaio prozesuaren ardura duen Epaitegi edo Auzitegiari, edo herriko Epaile Dekanoari, prozesuari hasiera eman ez bazaio. Batzordearen idazkariak jakinaraziko ditu.

2.– Laguntza jasotzeko baieste-ebazpenak abokatuaren izendapenaren berrespena ekarriko du berarekin, eta, hala badagokio, prokuradorearena ere bai; aurrez, Profesionalen Elkargoak izendatuko ditu beroiek, behin-behinean.

Izendapen horiek aurretik egin ez badira, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak elkargoei profesionalak izendatzeko eskatuko die berehala, eskubidearen titularraren defentsaz ardura daitezen eta, hala badagokio, hura ordezka dezaten. Dekretu honen 19.2 artikuluaren bitartez, eskatzaileak eskubide osoz aukeratutako profesionala izendatuko da, baldin eta kupoa agortu ez badu.

3.– Prozedura hasita ez badago, izendatutako profesionalek baieste-ebazpena erantsi beharko dute jarduerak hasteko idazkiarekin batera, auzipetuak edo kontrako alderdiek Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 20. artikuluan zehaztutako eskubidea izan dezaten. Halaber, horren berri eman beharko diete eskatzaileari eta Profesionalen Elkargoei.

4.– Ezezte-ebazpena irmoa bada, behin-behineko ofiziozko izendapenek eraginkortasunik ez izatea ekarriko du horrek, zigor-arloko jurisdikzioan izan ezik, kasu horretan eskatzaileak berak aukeratuko baititu abokatua eta prokuradorea. Behin-behineko izaeraz izendatutako profesionalen parte-hartzeagatik sortutako zerbitzu-sariak eta diru-eskubideak ordaindu beharko ditu eskatzaileak. Kasu horietan, parte hartu duten profesionalek jaso beharreko zerbitzu-sariak eskatu ahal izango dituzte epaiketa bidez.

23. artikulua.– Berariazko ebazpenik eza.

1.– Berariazko ebazpena emateko betebeharraren katerik gabe, hogeita hamar eguneko epean batzordeak ez badu ebazpenik eman, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoak aurrez hartutako erabakiak berretsiko dira, kasu jakin bakoitzari dagozkion ondorioekin.

2.– Zehaztutako epean Profesionalen Elkargoek ez badute inolako erabakirik hartzen, batzordearen isiltasuna positiboa izango da. Hala gertatzen bada, interesdunak eskatuta, prozesuaz arduratzen den organo judizialak edo, eskabidea prozesua hasi baino lehen egiten bada, Epaile Dekano aginpidedunak eskubide osoa aldarrikatuko du, eta abokatuaren eta, beharrezkoa balitz, prokuradorearen behin-behineko izendapena egiteko eskatuko die Profesionalen Elkargoei.

3.– Interesdunak Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 5. artikuluan zehaztutako salbuespenezko kasuetan oinarritu badu uzia eta batzordeak ez badu berariazko ebazpenik eman, eskabidea balioetsita geratuko da, eta, beraz, eskubidea aitortua.

24. artikulua.– Administrazioaren kabuz berrikustea.

1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, doako laguntza juridikoaren eskatzaileei eskubidea aitortzeko erabakigarriak izan diren adierazpenak okerrak edo faltsuak badira edo datu garrantzitsuak ezkutatu badira, batzordeak eskubidearen aitorpena ezeztatu egingo dio. Beraz, batzordeak ofizioz berrikusteko ahalmena izango du.

2.– Batzordeak doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu zion ebazpena deuseztatu ahal izango du edo deuseztagarritzat jo ahal izango du edozein unetan, bere kabuz edo interesdunak hala eskatuta, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 102. eta 103. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.

3.– Eskubidearen ezeztapenak bere baitan dakar onuradunak ofizioz izendatutako profesionalen parte-hartzearengatik sortutako zerbitzu-sariak eta diru-eskubideak ordaindu beharra. Emakida horrengatik lortutako gainerako prestazioen kostuari dagokionez, Autonomia Erkidegoko Administrazioak premiamenduzko administrazio-jardunbide bidez dirua itzultzeko eskatu ahal izango du.

4.– Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeek ahalmena dute eskubidea ukatzen duten ebazpenak baliogabetzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

5.– Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeek, ofizioz edo interesdunak eskatuta, edozein unetan zuzendu ahal izango dituzte jardunean egindako akats materialak, izatezkoak edo aritmetikoak.

25. artikulua.– Asmoaren jasanezinkortasuna.

1.– Epaiketa baterako izendatutako abokatuak uzia funtsik gabekoa dela uste badu, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari jakinaraziko dio, izendapenetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean. Horretarako, behar bezala arrazoitutako txosten bat aurkeztu beharko du, eta txosten horretan bere erabakia arrazoitzeko arrazonamendu juridikoak adieraziko ditu. Ondoren, izapidetu egingo da, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 32. artikulutik 35. artikulura adierazitakoaren arabera.

Uziaren funtsik ezari dagokion eskaera ez da izapidetzeko onartuko, abokatua inputatuak edo akusatuak defendatzeko izendatu bada.

2.– Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeek erregistro berezi bat sortuko dute uzien funtsik eza dela-eta izapidetutako espedienteekin.

3.– Uzien funtsik ezari dagokion eskabidea ezeztatzen duten batzordearen ebazpenak eskatzaileari jakinaraziko zaizkio, eta, era berean, ofiziozko profesionalei, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoei eta organo judizialari.

26. artikulua.– Jurisdikzio-aurkarapena.

1.– Eskatutako eskubidea aitortzen edo ukatzen duten Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen ebazpenak, baita aurretik aitortutako eskubidea baliogabetzen dutenak ere, aurkaratu ahal izango dira, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 20. artikuluan adierazitakoa betez.

2.– Eskabidearen ustezko onarpenaren edo ukatzearen aurka egin ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.4 artikuluan adierazitakoa bete beharko da.

3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoek doako justiziaren kudeaketarako duten zuzendaritzara bidaliko dituzte izapidetutako aurkaratzeei dagozkien ebazpen judizialak, jakinarazpena egin eta bost eguneko epean.

V. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN ZERBITZUEN ANTOLAKETA.

27. artikulua.– Zerbitzuen kudeaketa.

1.– Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek abokatuen doako laguntza, defentsa eta ordezkaritza-zerbitzuak arautu eta antolatuko dituzte. Horretarako, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: eraginkortasuna, tratu- eta aukera-berdintasuna, funtzionaltasuna, arintasuna, irisgarritasuna, kalitatea eta gardentasuna.

2.– Profesionalen Elkargoek justizia-arloan eskumena duen sailari jakinaraziko diote doako laguntza juridikoaren antolaketari eta jardunbideari buruzko ildo nagusiak zeintzuk diren, dekretuan zehaztutakoa ongi betetze aldera.

3.– Era berean, Profesionalen Elkargoek izendatutako profesionalen jarduna egokia dela bermatuko dute, eta behar beste neurri hartuko dituzte, herritarrek profesional adituen eskutik aholkua jasotzeko eta defendatuak eta ordezkatuak izateko duten eskubidearen eta laguntza hori kalitatezko laguntza profesionala izan dadin duten eskubidearen eraginkortasuna eta errespetua bermatzeko.

4.– Horregatik, Abokatuen Elkargoek ondorengo eginkizunak beteko dituzte, besteak beste:

a) Orientazio Juridikoko Zerbitzuen protokoloak onartu.

b) Orientazio Juridikoko Zerbitzuaren jardunbidea antolatu, zuzendu eta ikuskatu, horretarako, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeekin eta justizia-arloko sail eskudunarekin elkarlana bermatuz.

c) Ebaluatzeko agiriak eta kalitatezko kudeaketa-sistemen ezarpena adostu.

d) Dekretu honen 30. eta 31. artikuluetan zehaztutako guardiako txanden eta txanda espezializatuen jarduera gainbegiratu eta kontrolatu.

e) Kexarik edo erreklamaziorik aurkeztuz gero, doako laguntza juridikoaren barneko abokatuen zerbitzuari buruzko txostenak igorri. Horretarako, aurkeztutako kexen eta erreklamazioen inguruko txosten bat igorriko da urtero, lehenengo hiruhilekoan.

5.– Helburu bera hartuta, Prokuradoreen Elkargoek ere ondorengo eginkizunak beteko dituzte, besteak beste:

a) Zerbitzua ematen duten pertsonen lana gainbegiratu eta kontrolatu.

b) Kexarik edo erreklamaziorik aurkeztuz gero, doako laguntza juridikoaren barneko prokuradoreen zerbitzuari buruzko txostenak igorri. Horretarako, aurkeztutako kexen eta erreklamazioen inguruko txosten bat igorriko da urtero, lehenengo hiruhilekoan.

6.– Aurreko paragrafoetan zehaztutako eginkizunak ongi betetzeko, elkargoen barruan taldeak eta batzordeak osatu ahal izango dira, ofiziozko txandari eta doako laguntza juridikoari dagokienez.

28. artikulua.– Orientazio Juridikoko Zerbitzuak.

1.– Abokatuen Elkargo bakoitzak Orientazio Juridikoko Zerbitzua izango du, eta, Gobernu Batzordeak ematen dizkion eginkizunez gain, beste hauek ere izango ditu:

a) Doako laguntza juridikoa eskatzen dutenei aurretiazko aholkularitza ematea, uziak argitzeko eta bideratzeko.

b) Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko beharrezko baldintzak betetzeari buruzko argibideak ematea.

c) Idatziz nahiz telematika bidez eskabideak formalizatzen laguntzea, eta izendapen-proposamenetan laguntza ematea, dekretu honen 19.2 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuz.

d) Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko aginduzko agiriak interesdunari eskatzea, eta akatsak zuzentzea edo hutsuneak betetzea.

e) Eskabidean jasotako uzi nagusia aztertzea, argi eta garbi, luzaezinezkoa edo funtsik gabekoa den jakiteko.

f) Espedienteak izapidetzerakoan, dekretu honen IV. kapituluan zehaztutakoa betetzea eta, beharrezkoa den kasuetan, profesionalen izendapena Prokuradoreen Elkargoekin batera egitea.

g) Libreki aukeratutako profesionalen zerbitzu-sariak kobratzeari uko egitean, beroriek izapidetzea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean zehaztutakoak kontuan hartuz.

2.– Doako laguntza juridikorako eskubidea eskatzen duten pertsonek doan jasoko dute zerbitzu hau.

3.– Abokatuen Elkargoek beharrezko neurriak hartuko dituzte Orientazio Juridikoko Zerbitzuak herritarren eskura jartzeko eta zerbitzu horien bulegoen kokapenaren eta eginkizunen berri emateko.

29. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Justizia-arloko sail eskudunak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Prokuradoreen Euskal Kontseiluak urtero adostuko dituzte Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzuak emateko prestakuntzarako eta espezializaziorako baldintza orokorrak.

2.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren prestakuntza-baldintza horiek bermatuko dute abokatu espezializatuek emango dutela laguntza juridikoa eta defentsa, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen epaiketetan, adingabeen epaiketetan eta atzerritarren epaiketetan, eta baita nahitaez prestakuntza espezializatua izatea eskatzen duten beste arlo batzuetan ere.

3.– Legelarien Euskal Kontseiluak, justizia-arloko sail eskudunaren oniritziarekin, elkargokideei bideratutako ikastaroak antolatuko ditu urtero, Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzuetan sartzen laguntzeko. Halaber, txandetako kideei bideratutako etengabeko prestakuntzarako ikastaroak antolatuko ditu.

4.– Justizia-arloko sail eskudunak aurreko paragrafoetan zehaztutako elkargokideen prestakuntza finantzatuko du, ahal duen neurrian eta aurrekontuetako finantza-baliabideen arabera.

30. artikulua.– Txanda espezializatuak.

Honako hauek izango dira doako laguntza juridikorako txanda espezializatuak:

a) Genero-indarkeria.

b) Adingabeak.

c) Atzerritartasuna.

d) Bestelakoak; elkargoek zehaztu ditzakete, justizia-arloko sail eskudunaren oniritziz eta abokatuen erroldak horretarako bidea ematen duenean.

31. artikulua.– Zaintza-txanda.

1.– Abokatuen Elkargoek abokatu-laguntzarako zerbitzua bermatuko diote atxilotuari, salatua izan den pertsonari eta polizia-atestatuan delitutzat hartu ahal den ekintza egozten zaion pertsonari. Bermatuko dute, orobat, guardiako epaitegian egiten diren adostasun-judizioetako defentsa. Horretarako, egun osoko txandak egongo dira, eta polizia-etxeek edo auzitegiak eskatu bezain pronto ekingo diote lanari txanda horretako langileek. Elkargoek euren jarduera gainbegiratuko eta bermatuko dute, eta justizia-arloko sail eskudunari jakinaraziko dizkiote bai emandako zerbitzu horiek eta bai izan diren aldaketa guztiak.

2.– Abokatuen Elkargoek, egun osoko txandak eta txanda espezializatuak egokitzerakoan, kontuan hartuko dute abokatuek 24 orduz libre egon behar dutela laguntza-zerbitzua emango duten egun horretan, eta behar besteko laguntza-zerbitzua emango dute egun horretan.

3.– Prokuradoreen Elkargoek zerbitzu bat sortuko dute, organo judizialei eta eskatzaileei hala eskatzen dutenean izendatutako prokuradorearen berri emateko, arlo penaleko epaiketa azkarretan agerraldia egin edo ikustaldian parte hartu baino aski lehenago.

4.– Abokatuen Elkargoek eta justizia-arloko sail eskudunak adostuko dute guardiako txanden antolaketa eta guardiako txanda bakoitzean egongo den abokatu-kopurua. Antolaketa hori urtero adieraziko da eta aldatu ahal izango da diru-konpentsazioaren baremoak zehazteko ebazpenean bertan.

32. artikulua.– Ofiziozko txanda eta abokatua norberak aukeratzea.

1.– Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek ofiziozko profesionalen izendapena berdin banatzeko sistemak ezarriko dituzte. Sistema horiek publikoak izango dira abokatu eta prokuradore guztientzat, eta doako laguntza juridikoaren eskatzaileek kontsultatu ahal izango dituzte.

2.– Abokatuak eta prokuradoreak euren Profesionalen Elkargoek kudeatutako ofiziozko txandarako zerrendetan izena emanda daudenen artean aukeratuko dira.

Zerrendak jurisdikzio-ordenen arabera antolatuko dira. Halaber, txanda espezializatuetarako beste zerrenda batzuk sortuko dira.

3.– Abokatuek ofiziozko txandako zerrendetan izena emateko edo bertan jarraitzeko beharrezko prestakuntza, espezializazioa eta esperientzia dutela egiaztatu behar dute. Profesionalek zerrenda batean baino gehiagotan eman dezakete izena aldi berean, betiere, zerrenda horietarako eskatzen diren beharrezko baldintzak betetzen badituzte.

4.– Abokatua norberak aukeratzeko eskubidea ezartzen da jurisdikzio zibilean, lan-arloko jurisdikzioan eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Jurisdikzio horien menpeko epaiketetarako, eskatzaileak berak izendatuko du behin-behineko abokatua dagokion zerrendakoen artetik, baldin eta kupoa agortu ez badu. Gehienezko kupoak justizia-arloko sail eskudunak zehaztuko ditu ebazpen bidez, aurretik Abokatuen Elkargoarekin adostuta.

5.– Eskatzaileak ez badu berariaz adierazten profesionala berak aukeratu nahi duela, edo eskatzaileak aukeratutako profesionalak zehaztutako kopurua agortu badu edota defentsa saihestu badu, txandako izendapena egingo da, 2. paragrafoan zehaztutakoaren arabera. Eskatzaileak inoiz ezin izango du profesionala aukeratu, txandaren arabera dagokiona izendatu ondoren.

33. artikulua.– Abokatuen jardunbidearen unitatea.

1.– Profesionalak izendatu ondoren izendatzeari uko egiten dioten kasuetan izan ezik, izendatutako profesionalek beren eginkizunak burutuko dituzte, prozedura dagokion epai-organoan amaitu arte, eta, hala badagokio, epaiak bete arte, ebazpen judiziala eman eta hurrengo bi urteetan gertatzen bada.

Familia-prozesuetan, ebazpen judiziala eman zenetik urtebete igaro bada, dagokion moduluaren zenbaketa egingo da.

2.– Genero-indarkeriaren biktimentzako abokatu-laguntza abokatu berberak emango du, ebazpena hasten denetik zigor-arloko prozedura amaitu arte. Halaber, beste edozein epaiketa penaletan, zibiletan, administrazioarekiko auzietan eta lan-arlokoetan ere jardun beharko du, jasandako indarkeriarekin zerikusi zuzena edo zeharkakoa badute, eta hasierako eskabidea egin zenetik 6 hilabete igaro arte ez da beharrezkoa izango eskabide bakoitzean agiri ekonomikoak aurkeztea. Eskubide horiek berak izango dituzte kausadunek, biktima hilez gero. Arlo penalean abokatua defentsatik desenkusatzen bada eta elkargoak desenkusa onartzen badu, bestelako prozeduretatik at geratuko da, eta beste abokatu bat izendatuko da.

3.– Oro har, zigor-arloko prozeduretan, abokatu-laguntza abokatu bakar batek egingo du atxiloketa egin denetik, hala gertatzen den kasuetan, edo lehenengo agerralditik, eta profesional horrek izango du prozeduraren fase guztien aginpidea.

34. artikulua.– Kexak eta erreklamazioak.

1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 41. artikuluak ezarritakoarekin bat eginez, doako laguntza juridikoaren barnean elkargoen zerbitzuek izendatutako abokatuen jarduerak direla-eta sortzen diren kexak eta erreklamazioak Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari bidaliko zaizkio, eta honek dagozkien elkargoei igorriko dizkio.

2.– Batzordeei ebazpenen eta diziplina-espedienteen ondorioz hartutako neurrien berri emango diete elkargoek, espedienteak ireki badira. Ebazpen horien kontra errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute batzordeen bitartez.

35. artikulua.– Ondare-erantzukizuna.

1.– Herri Administrazioen Prozedurak arautzen dituen martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuan ondare-erantzukizunaren arloan ezarritakoaren menpe egongo da ordainak jasotzeko erreklamazioen izapidetzea. Nolanahi ere, honako hauek zehaztu beharko dira:

a) Ordaina erreklamatzeko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da. Interesdunari dagokion Profesionalen Elkargoari zuzenduta egongo da, eta bertan aurkeztuko da.

b) Gobernu Batzordearen ebazpenak amaitutzat emango du administrazio-bidea.

2.– Doako laguntza juridikoaren arloko sail eskudunak erantzukizun zibileko aseguruaren kostua ordainduko du, urtarrilaren 10eko Doako Laguntza Juridikoari buruzko 1/1996 Legearen 26. artikuluan zehaztutako ondare-erantzukizunak sortutako gorabeherei aurre egiteko. Asegurua ordaintzeko, gehienez ere 4.113 euro ordainduko ditu, eta kopuru hori Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoen artean banatuko da.

VI. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN ZERBITZUEN KONPENTSAZIO EKONOMIKOA ETA IKUSKAPENA

36. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoa.

1.– Justizia-arloko sail eskudunak, diru-izendapenen barruan, honako jarduera hauek ordainduko ditu:

a) Inputatu, atxilotu edo presoarentzako abokatu-laguntzaren zerbitzua guardiako txandetan.

b) Ofiziozko txandako profesionalek egindako doako defentsa eta ordezkaritzak, Doako Justiziaren onuradun direnentzat.

c) Orientazio Juridikoko Zerbitzuek beren jardueran sortutako gastuak eta Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoen doako laguntza juridikoari dagozkienak.

2.– Justizia-arloko sail eskudunak izapidetuko du kostuen ordainketa, indarrean dagoen baremoaren arabera kalkulatuta.

37. artikulua.– Guardiako txandagatiko konpentsazio ekonomikoa. Likidazioa eta ordainketa-erak.

1.– Justizia-arloko sail eskudunak, dagokion ebazpenaren bidez, urtero berrituko du egun osoko guardiako txandari dagokion konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa, VI. eranskinean jasotako egun osoko lanaldirako prestasuna dutenen moduluari gehituko zaiona, egiten diren zerbitzuez gain.

2.– Profesionalen Elkargoek hiru hilabetean behin kitapenak bidaliko dizkiote sailari, elkargoaren ziurtagiriz, eta dekretu honen 40. artikuluak agintzen duen dokumentazioarekin batera. Izapide hori betez gero, sailak, hiru hilabetean behin, behar diren igorpenak egingo dizkie dagozkien elkargoei, letratuen artean bana ditzaten.

3.– Taldeen behin betiko antolaketari eta zehaztapenari kalterik egin gabe, eta barruti judizial bakoitzean dauden guardiako txandarako profesionalen kopuruan eragin gabe, dekretu honen 31. artikuluak zehazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez berrogeita bat abokatu izendatuko dira lanegunetan lan egiteko. Halaber, asteburu eta jaiegunetan lan gutxiago izaten denez, kopurua murriztu egingo da beharren arabera, baina zerbitzuaren eraginkortasunari kalterik eragin gabe.

38. artikulua.– Ofiziozko txandagatiko konpentsazio ekonomikoa. Likidazioa eta ordainketa-erak.

1.– Justizia arloko sail eskudunak ofiziozko txandako profesionalen doako defentsa eta ordezkaritzako zerbitzuei dagokien konpentsazio ekonomikoa ordainduko die. Horretarako, laguntza juridikoa jaso behar duenari doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu behar zaio.

2.– Ofizioz izendatutako profesionalen diru-konpentsazioa dekretu honen VI. eranskinean adierazitako oinarri ekonomikoekin eta moduluekin bat etorriz zehaztuko da.

Oinarri ekonomiko eta modulu horien berritzea justizia-arloko sail eskudunak egingo du, ebazpen bidez.

3.– Ofiziozko profesionalek dagokien diru-konpentsazioa prozeduraren hasieran jasoko dute, dekretu honen VI. eranskinean ezarritako lehen prozesuko jarduera gertatzen denean. Diru-konpentsazio hori prozedurak irauten duen epeari dagokio, epaiaren egikaritzea barnean hartuta, hala gertatzen denean; jurisdikzio zibileko prozedura monitorioan, prozedura arruntean eta ahozko epaiketetan eta lan-arloko jurisdikzioaren prozedura arruntetan izan ezik.

Jurisdikzio zibileko prozedura monitorioan, prozedura arruntean eta ahozko epaiketetan eta lan-arloko jurisdikzioaren prozedura arruntetan, ofizioz izendatutako profesionalek euren jarduerari dagokion kopurua jasoko dute, dekretu honen VI. eranskinean adierazitako izapideak egin ondoren eta gastuen banakatze honen arabera:

a) Ehuneko hirurogeita hamabost, adierazpen-fasearen hasieran.

b) Gainerakoa, ehuneko hogeita bosta, epaiaren ebazpen fasean.

4.– Profesionalek ekitaldi horretan jasotako diru-konpentsazioa zertan erabili den frogatu beharko dute, izapidea egin eta hiru hilabeteko epean.

5.– Profesionalek likidazioa aurkeztuko dute justizia-arloko sail eskudunak ebazpen bidez zehaztutako sistema informatiko arruntaren bidez edo homologatutako sistemaren bidez, edo, bestela, beste euskarri baten bidez dagokion Profesionalen Elkargoari aurkeztuz. Kasu horretan, Profesionalen Elkargoak berak pasatu beharko ditu beharrezkoak diren datuak aipatu sistemara.

6.– Profesionalen Elkargoek justizia-arloko sail eskudunari bidaliko dizkiote hiruhileko likidazioak, elkargoaren ziurtagiriaren bidez eta dekretu honen 40. artikuluan zehaztutako dokumentazioarekin batera.

Izapide horiek egin ondoren, justizia-arloko sail eskuduna arduratuko da hiru hilabetean behin elkargoei beharrezko ordainketa-aginduak egiteaz.

39. artikulua.– Funtzionamendu-gastuengatiko konpentsazio ekonomikoa. Ordainketa-agindua eta modua.

1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 38. artikuluaren arabera, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek konpentsazio ekonomikoa jasoko dute, doako laguntza juridikoa emateko zerbitzuen jardueraren, prozesu aurretiko aholkularitzaz eta argibideez arduratutako unitateen eta eskatutako uzien behin-behineko kalifikazioaren gastuak ordaintzeko.

2.– Justizia-arloko sail eskudunak Abokatuen Elkargoei diru-kopuru bat emango die jarduera-gastuetarako. Kopuru hori aurreko urtean jasotakoa oinarri hartuz kalkulatuko da, 37. artikuluan jasotako ofiziozko txandei eta 38. artikuluak barne hartzen dituen jarduerei dagokionez, ondoren adierazten diren tarteen arabera. Ehuneko horiek dagokien tartera ekarriz lortuko da elkargo bakoitzak jaso beharreko diru-kopurua.

Lehenengo tarteari, bi milioi eurora artekoari, ehuneko hamaika ezarriko zaio. Bigarren tarteari, bi milioi eta bat eurotik lau milioira artekoari, ehuneko zortzi ezarriko zaio. Hirugarrenari, lau milioi eta bat eurotik sei milioira artekoari, ehuneko zazpi ezarriko zaio.

Kopuru horretatik gorakoekin, sei milioi eta bat eurotik gorakoekin, alegia, tarte bakar bat osatuko da, eta ehuneko bost ezarriko zaie.

3.– Prokuradoreen Elkargoek jarduera-gastuetarako jasoko duten diru-kopurua kalkulatzeko, aurreko urtean egindako jardueren arabera jasotakoa honako baremoari aplikatu behar zaio:

Hirurogeita hamar mila eurora arte, hogeita zazpi mila euro jasoko dituzte. Hirurogeita hamar mila eta bat eurotik ehun eta hogei mila eurora arte, ehuneko hogeita hiru ezarriko da, eta ehun eta hogei mila eta bat eurotik gorako kopuruetan, ehuneko hamabi.

4.– Ekonomia-ekitaldi bakoitzaren lehenengo hiruhilekoan, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargo bakoitzari aurreko paragrafoetan adierazitako kopuru osoa ordainduko zaio.

40. artikulua.– Laguntzak jaso direla egiaztatzeko ziurtagiriak eta agiriak.

1.– Telematika bidezko euskarri bat sortuko da, eta, horri esker, justizia-arloko sail eskudunak diru-laguntza jasotzeko egin beharreko jarduerak ongi egiten direla ziurtatu ahal izango du.

2.– Jasotako diru-konpentsazioa zertan erabili den frogatzeko, hiru hilabetean behin honako dokumentu hauek aurkeztu beharko zaizkio Doako Justizia kudeatzen duen zuzendaritzari:

a) Guardiako txanden zerrenda zehatza, edo, hala badagokio, abokatu bakoitzak atxilotuari emandako abokatu-laguntzen jarduerei dagokiena, honako datu hauek ere adieraziz: jarduera-eguna, atestatu-zenbakia (edo telefonema), atxiloketa-zentroa, atxilotuen izena eta delitu mota.

b) Abokatu bakoitza Doako Justiziaren zein gaitarako izendatu den, Orientazio Juridikoko Zerbitzuak egokitu dion espediente-zenbakia, onuradunaren izena, jardunbide mota eta zenbakia, organo judiziala eta Identifikazio Zenbaki Orokorra.

c) Jasotako diru-kopurua bidegabea dela iritzita kopuru hori itzultzen duten abokatuen zerrenda, ondorengo datuak adieraziz: Orientazio Juridikoko Zerbitzuak egokitu dion espediente-zenbakia, onuradunaren izena, jardunbide mota eta zenbakia, organo judiziala, Identifikazio Zenbaki Orokorra, itzulitako diru-kopurua, laguntza noiz jaso duen eta dirua itzultzeko arrazoiak.

d) Zerbitzu-sariak eta eskubideak jasotzeari uko egin dioten profesionalen zerrenda berezi bat.

e) Izendapenari uko egin dioten interesdunen zerrenda.

3.– Nolanahi ere, Profesionalen Elkargoek profesional bakoitzari buruzko informazioa behar bezala bilduta eta antolatuta izango dute: jasotako diru-kopuru gordina, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura atxikitako zenbatekoa eta likidatutako kopuru garbia, abokatuak jaso duena. Informazio horrekin, hiru hilean behin zerrenda bat egingo da, eta Doako Justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzari igorriko zaio, ondoren zehazten diren egiaztagiriekin batera: hiruhilekoan ordaindutako kopuru gordin osoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura atxikitako zenbatekoa eta Lurralde Historiko bakoitzeko abokatuek jaso duten kopuru garbia.

4.– Profesionalek egindako doako ordezkaritza-jardueren ziurtagiriak aurkeztu behar dituzte Prokuradoreen Elkargoek, aurreko paragrafoetan adierazitako baldintzen arabera.

5.– Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek doako laguntza juridikoaren jardueren ziurtagiriak gorde beharko dituzte bost urtez. Doako Justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzak agiriak eskatu ahal izango dizkie elkargoei, edozein unetan.

41. artikulua.– Kontu bereiziak.

Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek kontu bereizietan sartuko dituzte dekretu honetan zehaztutako helburuak betetzeko ordaindutako kopuruak. Kontuaren izena «Doako laguntza juridikoa ordaintzeko Eusko Jaurlaritzak ekarritako diru-kopurua» izango da.

42. artikulua.– Egiaztatze-txostenen iraungipen-epea.

Dagokion zenbatekoa justifikatzen duen lanbide-jarduera izan den hiruhileko naturalean bertan egingo dira egiaztatze-txostenak. Hurrengo hiru hilabeteetan, epetik kanpoko egiaztapenak onartu ahal izango dira, edota oker nahiz behar bezala beteta ez zeudenak zuzendu ahal izango dira.

VII. KAPITULUA
PERITUAREN DOAKO LAGUNTZA

43. artikulua.– Prestazioaren edukia.

Justizia-arloko sail eskudunak profesionalen jardunak sortutako zerbitzu-sariak ordainduko ditu, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6.6 artikuluaren bigarren paragrafoak zehazten duenaren arabera, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Peritua kontulari banatzaile erabakitzailea bada.

b) Prozesua amaitutzat jotzen duen epaiak doako laguntza juridikorako eskubidearen titularraren aldeko kostuak ordaintzea erabakitzen badu.

c) Auzia doako laguntza juridikorako eskubidearen onuradunak irabazi, epaian kostuaren inguruko erabakirik hartu ez, eta prozeduran lortutako onurak haren defentsak sortutako kostuak baino hiru aldiz handiagoak badira.

44. artikulua.– Autonomia Erkidegoko Administrazioaren perituak.

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6.6 artikuluak zehazten duen perituaren doako laguntza Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko funtzionario, erakunde edo teknikariek eman behar badute, kasu horietan, justizia-arloko sail eskuduna arduratuko da peritaziorako beharrezkoak diren jakintzak dituen Administrazioko pertsona edo erakundea bilatzeaz, betiere, prozesuaren ardura duen organo judizialak aurrez onartu badu doako laguntza juridikoaren onuradunaren alderdiak proposatutako peritu-froga egitea.

45. artikulua.– Peritu pribatuak.

1.– Teknikari pribatuek perituaren laguntza eman ahal izateko, honako baldintza hauek beharko dira, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6.6 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera:

a) Prozedurari dagokion arlorako teknikaririk ez badago jurisdikzioko organoetan edo Herri Administrazioetan edo, arlo horretarako teknikariak egon arren, organo judizialak eskatzen duen unean bertan libre ez badaude, edo Administrazioa prozeduran interesduna bada.

b) Epaitegiak edo Auzitegiak arrazoi bidez peritu baten jarduera beharrezkoa dela ebazten badu.

2.– Peritu-froga egin aurretik, artikuluaren bigarren paragrafoan zehaztutakoaren arabera izendatutako teknikari pribatuak frogaren kostuen aurreikuspenen txostena igorriko dio Doako Justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzari. Txostenak honako alderdi hauek jasoko ditu:

a) Peritu-froga egiteko aurreikusitako denbora eta orduko kostua.

b) Froga egiteko beharrezko gastuak.

c) Froga egiteko baimena eman zuen ebazpen judizialaren kopia.

Frogaren hasierako aurreikuspena onartu egingo da automatikoki, igortzen denetik hilabete igaro ondoren, zuzendaritzak ez badu jartzen kostuen inguruan inongo eragozpenik.

3.– Zerbitzu-saria aurreko paragrafoan adierazitakoaren araberako aurrekontuari egokituko zaio. Irabazkinak lortzeko, peritu-froga eskatu zuen pertsona doako laguntza juridikorako eskubidearen onuraduna dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu profesionalak, eta baita epaiketak sortutako kostuen inguruko organo judizialaren ebazpena ere.

4.– Familia-gaietan peritu-frogak egin behar direnean, dekretu honetan zehaztutako baremo ekonomikoaren kontulari banatzaile moduluaren barruan sartuko dira.

5.– Prozesua amaitzen denean doako laguntza juridikorako eskubidearen titularrari kostuak ordaintzeko agintzen badiote eta prozesua amaitu eta hurrengo hiru urteetan diru-egoera hobea baldin badu, teknikari pribatuek egindako peritu-frogak ordaindu beharko ditu.

Betebehar hori bete dadin, dekretu honetako 24.3 artikuluan aipatzen den prozeduran zehaztutakoa ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenengoa.– Dekretua indarrean sartu aurretik abiatutako prozedurak.

Doako Justizia jasotzeko eskabideak dekretu hau indarrean sartu aurretik egin badira, eskabidea egin zuten unean indarrean zegoen araudia beteko dute.

Bigarrena.– Ondorio ekonomikoak.

Dekretu hau indarrean sartzearen ondorioz sortutako ordainketak, 37. eta 38. artikuluetan zehaztutakoak, eta 2012. urteko bigarren hiruhilekoari dagozkionak, 2013. urteko lehenengo hiruhilekoan likidatu eta ordainduko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabe geratzen da uztailaren 30eko 210/1996 Dekretua, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa, bai eta dekretu honetan zehaztutakoaren kontra doazen maila bereko edo txikiagoko bestelako xedapenak ere.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau 2012ko irailaren 1ean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko ekainaren 19an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala