Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2012ko uztailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
3070

17/2012 LEGEA, ekainaren 28koa, Kazetarien Euskal Elkargoa Sortzekoa.

Eusko Legebiltzarrak 17/2012 Legea, ekainaren 28koa, Kazetarien Euskal Elkargoa Sortzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

ZIOEN AZALPENA

Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio kolegio profesional eta profesio tituludunei buruzko eskumen osoa, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan erabakiari aurka egiteke. Hori horrela, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea egin zen. Legearen 29. artikuluan ezarri bezala, elkargo profesional berriak sortzea Eusko Legebiltzarrak legez onartu beharko du, profesional interesdunen behar hainbateko ordezkaritzak, eta behar bezala egiaztatuak, eskatuta.

Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluak ezartzen du herritar guztiek dutela edozein hedabidetatik askatasunez egiazko informazioa komunikatu eta jasotzeko eskubidea; oinarrizko eskubide hori, baina, ez da benetan babestuta egongo, ez badago informatzailearen jarduera profesionalaren autokontrolerako sistemarik eta ez badago botere publikoen eta enpresa-botereen aurrean lanbidearen jardute duina bermatzen duen organismorik.

Beste alde batetik, nahikoa arrazoia da legediak kazetariei ematen dien betekizuna –Konstituzioak berak kontzientzia-klausula eta lanbideko sekretua bezalako defentsa-bideak onartzen dizkie–, kazetariaren lanbidea elkargo baten egituran antolatzeko.

Interes publikoaren ikuspegitik, kazetaritza-lanak oinarrizko eskubideei eragiten baitie, hala nola informazioarenari edo intimitatearenari, kazetariaren lanbidearen berebiziko izaera horrek justifikatzen du kazetarien euskal elkargoa sortzea. Elkargoko kide izango dira, nahiz eta kide izatea boluntarioa izango den, lanbide horretan ari diren eta behar diren ezagutza eta titulu nahikoak dauzkaten profesionalak. Horrela, hobeto zaindu eta defendatuko dira lanbidearen arauak eta kode deontologikoa, eta zerbitzu hobea emango zaie herritarrei eta herritarren oinarrizko eskubideei; elkargoa, gainera, administrazio publikoekin elkarlanean jarduteko biderik egokiena izango da.

Kazetarien euskal elkargo bat sortzeak, zuzenbide publikoko erakunde gisa, balio beharko du, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko kazetarien adierazpen-askatasunaren defentsa-lana handitzeko eta sendotzeko.

1. artikulua.– Xedea.

Kazetarien Euskal Elkargoa sortzen da zuzenbide publikoko korporazio gisa, berezko nortasun juridikoarekin eta haren xedeak eta berezko dituen eginkizunak betetzeko ahalmen osoarekin, arloari buruz indarrean dagoen legedian ezarritakoari jarraiki.

2. artikulua.– Lurralde-eremua.

Kazetarien Euskal Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremua du.

3. artikulua.– Norbanakoaren esparrua.

1.– Kazetarien Euskal Elkargoak barne hartuko ditu Informazio Zientzien titulu unibertsitarioa daukaten profesionalak, Kazetaritzaren edo Ikus-entzunezko Komunikazioaren adarrean edo baliokidetzat jotzen den edozein titulutan.

2.– Profesional atzerritarrez bezainbatean, dagokion agintaritzak profesionalon kalifikazioak onartze aldera, Europako Erkidegoko Zuzenbidea ezartzeko indarrean dauden arauak erabiliko dira.

4. artikulua.– Administrazioarekin harremanak.

Bere helburu instituzional edo korporatiboak betetzeko, Kazetarien Euskal Elkargoak, auzi instituzional eta korporatiboei dagokienez, harremanak izango ditu elkargo profesionalen gai orokorrez arduratzen den sailarekin eta, lanbidearen berezko edukiei dagokienez, komunikazioaz arduratzen den sailarekin. Halaber, bere jarduera profesionalak hala eskatzen badu, harremanak izango ditu Administrazio orokorreko, autonomikoko edo foraleko erakundeekin ere.

5. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Kazetarien Euskal Elkargoak elkargo ofizial eta profesionalen legediaren arabera jokatuko du, bai eta bere estatutuen arabera eta, halakorik badago, barne-araubidearen arabera ere.

2.– Estatutuek Profesionalen Elkargoen Legeak agintzen dituen arloak arautuko dituzte eta, estatutuak egiteko, onartzeko eta aldatzeko, ain-tzat hartuko dira indarrean dagoen legediak ezarritako betebeharrak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Elkargoa sortzen denean, Euskal Kazetarien Elkartea osatzen duten pertsonak izan ahal izango dira Kazetarien Euskal Elkargoaren kide, baldin eta lege honetako 3. artikuluan aipatu den prestakuntza eta titulazioa badute.

Bigarrena.– Euskal Kazetarien Elkartearen zuzendaritza-batzordeko kideek, batzorde kudeatzaile gisa, elkargoa sortzeko erabiliko den errolda egingo dute eta, lege hau indarrean sartu eta hamar hileko epean, Kazetarien Euskal Elkargoaren behin-behineko estatutuak egin beharko dituzte. Estatutuetan elkargoaren batzar eratzailea arautuko da, bai eta hura deitzeko modua eta garatzeko prozedura ere.

Hirugarrena.– 1.– Elkargoaren batzar eratzailearen deialdiaren publizitaterik handiena bermatuko da; hartarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan zabalkunderik handiena duten egunkarietan argitaratuko da deialdia.

2.– Hauek izango dira elkargoaren batzar eratzailearen betebeharrak:

a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onartzea.

b) Elkargoaren organoetako karguak bete behar dituzten pertsonak hautatzea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunari bidali behar zaizkio behin betiko estatutuak, onetsi eta gero, eta elkargoaren batzar eratzailearen akta egiaztatua, organo eskudunak erabaki dezan estatutuen legezkotasunaz, Profesionalen Elkargoen Erroldan inskribatzeaz eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 2a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.


Azterketa dokumentala