Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2012ko uztailaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Indargabetutako xedapena

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO SAILA
3034

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 18koa, Herrizaingoko sailburuarena, osagaien artean metal preziatuak dituzten objektuak merkaturatzen eta birziklatzen jarduten dutenek Ertzaintzari eman beharreko erregistro- eta informazio-betebeharrak nola gauzatu behar dituzten azaltzeko dena.

Herritarren segurtasunaren babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 12. artikuluak ezartzen duenez, herritarren segurtasunerako nabarmenak diren jarduerak burutzen dituzten pertsona naturalek edo juridikoek dokumentuak eta informazioa erregistratu behar dituzte, indarrean den araudian xedatu bezala. Herritarren segurtasunerako nabarmenak diren jarduera horien artean, bitxien eta metal preziatuen salerosketa dago.

Otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 12. artikuluan zerrendatutako establezimenduen titularrei ezartzen zaizkien betebeharrak dira, batetik, erregistro-liburuak izatea, eta, bestetik, aldizka parteak ematea, eta bestelako jakinarazpenak egitea polizia-agintaritzari; izan ere, horien bidez, delitu-jarduerak prebenitu eta esestea lortu nahi da. Betebehar hauek «segurtasun publikoa» atalean kokatzen dira.

Dudarik gabe, baliabide telematikoen erabilerak aurrekaririk gabeko aukera bat eskaintzen du Administrazioak, segurtasun publikoaren arduradun gisa, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetzeko; izan ere, dokumentuak eta informazioa erregistratu behar duten establezimenduek Ertzaintzari berehala emango diote segurtasun publikorako garrantzizko informazioa, eta, horren ondorioz, jarduera horien gaineko kontrola handiagoa izango da.

Agindu honek ezartzen duenez, nahitaezko betebeharra da aipatutako erregistro-liburuak izatea eta, baliabide telematikoz, eredu ofizialaren arabera landutako kontrol-agiriak aurkeztu eta bidaltzea. Izan ere, horien bidez, bitxien eta metal preziatuen salerosketari lotutako delitu-egintzak prebenitu eta esestea lortu nahi da.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak du bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikoa gordetzeko eskumena. Hori dela eta, Ertzaintzak du herritarren segurtasunerako jarduera nabarmen horiek kontrolatzeko ahalmena.

Aurretik azaldutako guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez arautu egiten da Ertzaintzari eman beharreko erregistro-agirien eta informazioaren betebeharrak nola gauzatu behar dituzten salerosketa- edo kanbio-etxeek, bahitetxeek, bahi- edo mailegu-dendek eta, oro har, urrezko, zilarrezko edo platinozko objektu erabiliak –harribitxidunak edo perla findunak nahiz halakorik gabeak– merkaturatzen dituztenek, bai eta osagaien artean metal preziatuak dituzten objektu erabiliak baliatzen dituzten birziklatze-industriek eta -tailerrek, galdategiek eta fabrikatzaileek ere.

2. artikulua.– Jarduera hasi eta eteteari buruzko komunikazioak.

Jardunean hasi eta jarduna eteteko egin beharreko komunikazioak –197/1988 Errege Dekretuaren 87. artikuluan ezarritakoak– Ertzaintzari jakinaraziko dizkiote agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren establezimenduek, hargatik eragotzi gabe jarduera horietan aritzeko aipatu errege dekretuan ezarritako baldintzak betetzea.

3. artikulua.– Datuak bide telematikoa erabiliz Ertzaintzari jakinaraztea.

1.– Agindu honetan aipatutako establezimenduen titularrek bide telematikoz jakinarazi behar diote Ertzaintzari euren eragiketei buruzko kontratu-orrietan –hurrengo artikuluan zehazten direnetan– bildutako informazioaren berri, betiere eranskin espezifikoetan establezimendu bakoitzarentzat ezarritakoari jarraikiz.

2.– Informazioa bidaltzeko, administrazioak http://www.ertzaintza.net web-orrian ezartzen dituen baldintza teknikoak eta ezaugarriak bete beharko dira, 1. eranskinarekin bat etorriz.

3.– Informazioa jaso eta gero, Ertzaintzak, bide bera erabiliz, jaso izanaren berri emango du.

4. artikulua.– Kontratu-orriak eta erregistro-liburuak.

1.– Salerosketa-etxeek eta metal preziatudun objektu erabiliak merkaturatzen dituzten establezimenduek kontratu-orri bat bete beharko dute, eragiketa bakoitzeko, agindu honen 2. eranskineko ereduari jarraituz. Interesdunak eta establezimenduetako arduradunak, biek, izenpetuko dituzte kontratuak, eta establezimenduetako titularrek hartu behar dute ardura kontratuko datuak eta onartzen diren nortasun-agirietakoak –interesdunak erakusten dituenak– bat datozela egiaztatzeko. Eragiketa batean objektu bat baino gehiago baldin badago tartean, banan-banan jasoko dira guzti-guztiak.

2.– Halaber, salerosketa-etxeek eta metal preziatudun objektu erabiliak merkaturatzen dituzten establezimenduek erregistro-liburu bat izan beharko dute eta, bertan, eskuratzen dituzten objektuak jaso. Urte natural batean betetako kontratu-orriekin osatuko da erregistro-liburua, eta orriak era korrelatiboan ordenatuko dira.

3.– Erregistro-liburuak bost urtez gordeko dira establezimendu horietan, azkenekoz erabili diren egunetik hasita, eta gai horretan ikuskatze-eskumenak dituzten Ertzaintzako kideen eskura egongo dira.

4.– Halako objektuak erabiltzen dituzten birziklatze-industriek, galdategiek eta fabrikatzaileek agindu honen 3. eranskinean ageri diren datuak beteko dituzte, eta kontratu-orriak eta erregistro-liburuak betetzeko, aurreko paragrafoetan ezarritakoari jarraituko diote.

5. artikulua.– Datuak beste bide batzuetatik jakinaraztea.

1.– Behar bezala arrazoitutako salbuespenezko arrazoiak tarteko, establezimenduek ezin badute bide telematikoen bidez egin 3. artikuluan aipatutako jakinarazpena, idatzi baten bitartez emango diote horren berri Ertzaintzari. Idatzi horretan adierazi beharko dute bide telematikoa ez erabiltzeko zer arrazoi berezi duten. Ertzaintzak erabakiko du halakoetan zer egin.

2.– Datuak bide telematikoz bidaltzerik ez daukanak kontratu-orrietako informazioa Ertzaintzaren bulegoetan aurkeztu beharko du, establezimendua zein lurralde-eremutan dagoen, hari dagokion polizia-etxean. Horretarako, kontratu-orriaren bi kopia eraman beharko ditu: bata poliziaren bulegoetan geratuko da, eta bestea, behar bezala zigilatua, establezimendura bueltatuko da, obligazioa bete izanaren egiaztagarri.

Kopiekin batera, eragiketa bakoitzean tarteko izan diren objektu guztien argazki bana aurkeztu beharko da, zenbakituta. Argazkien zenbakiek eta kontratu-orrikoek bat etorri behar dute.

6. artikulua.– Informazioa komunikatzeko epea.

1.– Salerosketa-etxeek, bahi- edo mailegu-dendek, bahitetxeek eta, oro har, urrezko, zilarrezko edo platinozko objektu erabiliak –harribitxidunak edo perla findunak nahiz halakorik gabeak– merkaturatzen dituztenek astero jakinarazi beharko dute aste bakoitzean egiten dituzten eragiketei buruzko informazioa. Nolanahi ere, hori baino epe laburragoetan ere egin ahal izango dituzte jakinarazpenak, egoki irizten badiote.

2.– Halako objektuak erabiltzen dituzten birziklatze-industriek, galdategiek eta fabrikatzaileek hilero jakinarazi beharko dute euren eragiketei buruzko informazioa. Nolanahi ere, hori baino epe laburragoetan ere egin ahal izango dituzte jakinarazpenak, egoki irizten badiote.

3.– Agindu honetan aipatzen diren objektuak desegin edo galdatu ondoren lingote moduan eta antzeko itxuran saldu nahi izanez gero, aurretik horren berri eman beharko da, bide berberak erabiliz, eta gutxienez zazpi egun lehenago, betiere agindu honen 4. eranskinean ezarritako ereduari jarraituz.

7. artikulua.– Objektuak erabilgarri izatea.

1.– Salerosketa-etxeek eta metal preziatudun objektu erabiliak merkaturatzen dituzten establezimenduek euren lokalean gorde beharko dituzte erositako edo jasotako objektuak, eta arlo horretan ikuskatze-eskumenak dituzten Ertzaintzako kideen eskura jarri, hamabost eguneko epean, kasuan kasuko eragiketaren jakinarazpena egiten denetik hasita. Hala ere, dagokion polizia-bulegoak piezak erabiltzeko baimena eman dezake, baldin eta haien legezko jatorria egiaztatua eta frogatua badago; horretarako, aurretik eskabide bat aurkeztu beharko du interesdunak, agindu honen 5. eranskineko ereduari jarraituz.

2.– Nolanahi ere, bahitetxeek mailegu-berme gisa eskuratutako objektuak edonoiz bueltatu ahal izango dizkiete titularrei.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Agindu honetan aipatzen diren establezimenduen titularrek sei hilabete izango dituzte, indarrean hasten denetik hasita, aginduan aurreikusitakoetara egokitzeko.

2.– Epe horretan, agindu honetan adierazitako komunikazioak bide telematikoz bidaltzerik ez daukaten establezimenduek zuzenean aurkeztu beharko dute kontratu-orrietako informazioa, Ertzaintzaren bulegoetan, establezimendua zein lurralde-eremutan dagoen, hari dagokion polizia-etxean. Horretarako, kontratu-orriaren bi kopia eraman beharko dituzte: bata poliziaren bulegoetan geratuko da, eta bestea, behar bezala zigilatua, establezimendura bueltatuko da, obligazioa bete izanaren egiaztagarri.

Kopiekin batera, eragiketa bakoitzean tarteko izan diren objektu guztien argazki bana aurkeztu beharko da, zenbakituta. Argazkien zenbakiek bat etorri behar dute erregistro-liburuko idazpenen nahiz kontratu-orrien zenbakiekin.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 18a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

1. ERANSKINA

Datuak bide telematikoak erabiliz Ertzaintzari jakinaraztea.

Aplikazioan sartzeko eta datuen komunikazio telematikoa egiteko zehaztasun orokorrak eta baldintza teknikoak erabiltzailearen gidaliburuan jasota daude, helbide honetan: www.ertzaintza.net.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala