Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2012ko ekainaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
2981

EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 30ekoa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, osasun-arloan diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteei, osasun-espezialitateetako irabazi asmorik gabeko erakunde zientifikoei eta osasun-arloko profesionalen elkargo ofizialei –euren jardunerako eta langileen etengabeko prestakuntzaren antolamendurako– eman beharreko laguntzen deialdia egiten duena.

Biztanleriari osasun-arreta egokia ematea faktore askoren menpe dago; horien artean, osasun-arloko langileen trebakuntza nabarmentzen da, eta horretarako kalitatezko hezkuntza-prozesua behar da.

Irakaskuntza– eta prestakuntza-jarduera asko kategoria desberdineko erakundeen bidez gauzatzen dira. Erakunde horien lehentasun-helburuen artean euren kideen beste arlo zabalagoetako gaitasuna aurkitzen da partikularki, bai eta osasun-arloko profesionalena ere. Beraz, lehenengo prestakuntza-zikloa amaitzen dutenean, osasun-arloko profesional horiek prestakuntza-jarduerak dituzte Euskadiko osasun sisteman lanean diharduten bitartean.

Jarduera horiek bi motatakoak dira. Batetik, arlo honi dagozkion era guztietako ikastaroak eskaintzen dira. Zeregin horretan dihardute osasun-arloko profesionalen elkargo ofizialek, osasun-instituzioek eta beste erakunde batzuk (besteak beste, elkarte zientifikoek).

Bestetik, erakunde horietako asko elkargune gisa bultzatzen dira, profesionalen arteko komunikazioa errazagoa egiteko, ezagutzaren hedapena kudeatuz. Batzuetan, bilera zientifikoak antolatzen dira, eta beste batzuetan aldizkako argitalpenak editatzen dira.

Gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko, Osasun eta Kontsumo Sailak positibotzat eta ezinbestekotzat jotzen du profesionalen elkarteekin eta sozietate zientifikoekin lankidetzan jardutea.

Deialdi honetan diruz lagundu beharreko jarduerak Osasun eta Kontsumo Sailarentzat legegintzaldi honetarako lehentasunezkoak diren arloetan kokatu behar dira: gaixotasun kronikoak, ospitale-medikuntza eta lehen mailako arreta, etxez etxeko arreta eta arreta soziosanitarioa bateratzea, eta teknologia berriak garatu eta gaixoei aplikatzea. Jarduera horiek honako helburu hauetara bideratu beharko dira: gaixotasunak dituzten pertsonei eman beharreko tratamenduari eta laguntzari buruzko jakintza hobetzera (norberaren zaintzarako gaitasuna maximizatzeko eta autonomia handiagoa izateko trebetasunen eta baliabideen garapena barne), osasun-arloko profesionalek gaixotasunaren tratamenduaren eta gaixotasunaren arrisku-faktoreen inguruan jakintza eta informazio handiagoa izatera eta, hala badagokio, hobekuntzak sartzera, eta jakintza hori gaixoen, zaintzaileen eta jarduera horrekin loturarik zuzenena duten gaixoen elkarteen artean zabaltzen laguntzera.

Horri jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua zenbait gastu arautzea eta gastu horien finantza-laguntzetarako deialdia egitea da. Gastuen jatorriak ondokoak dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduera zientifikoaren inguruan, 2012. urtean hasten diren prestakuntza-eta zabalkunde-jarduerak antolatzea; bi modalitate izango dira:

a) Bilkura zientifikoak antolatzea, hau da, kongresu, sinposium, jardunaldi, mintegi eta hitzaldiak.

b) 100 ordu baino gutxiagoko ikastaroak eta tailerrak antolatzea.

2.– Osasun-arloko espezialitateetako erakunde zientifikoen eta osasun-arloko profesionalen elkarteen funtzionamendua, betiere irabazi-asmorik ez badute, egoitza ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute, eta langileei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen badiete edo ikerketa bultzatzen badute; hiru modalitate izango dira:

a) Irabazi-asmorik gabeko osasun-arloko espezialitateetako erakunde zientifikoen eta osasun-arloko profesionalen elkarteen eraketarako eta funtzionamendurako laguntzak.

b) Osasun-arloko aldizkako argitalpenak laguntzea.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetako laguntzez baliatuko diren erakundeak dagokion kapituluan modalitate bakoitzerako aipatzen direnak izango dira.

2.– Zehapen administratibo edo penala jaso dutelako diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten entitateek ezin izango dute lehiaketan parte hartu, jasotako zigorrak ezartzen duen aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

3.– Entitateek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren entitate autonomiadunen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera– edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du, entitate horiei diru-laguntza hau esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

4.– Erakunde onuradunek zerga-betebeharrak beteak izan beharko dituzte. Betebehar horiek beteak direla ofizioz egiaztatuko du Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onetsia–.

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusten den lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira laguntzak. Horretarako, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskaerak konparatuta emango dira laguntzak, euren artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasun-ezartze hori egingo da, batetik, Agindu honetako dagokion kapituluan eskaera bakoitzerako ezartzen diren balioespen-irizpideen arabera eta, bestetik, balioespen-fasean, gutxienez, gehienezko puntuazioaren erdia lortu duten eskaerei bakarrik laguntzak esleituz, modalitate bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen helburuetarako diren baliabide ekonomikoen zenbateko osoa ehun eta hogeita hamabi mila hirurehun eta berrogeita bederatzi (132.349) eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horrexetarako ezarri diren kredituetatik datoz. Zenbateko hori honela banatuko da:

Bilerak antolatzeko laguntzak: hogeita hemeretzi mila zazpiehun eta lau (39.704) euro.

Ikastaroak eta tailerrak antolatzeko: berrogeita hamar mila berrehun eta laurogeita hamahiru (50.293) euro.

Erakundeen eraketa edo funtzionamendurako laguntzak: hogeita bat mila ehun eta hirurogeita hamasei (21.176) euro.

Aldizkako argitalpenen ediziorako laguntzak: hogeita bat mila ehun eta hirurogeita hamasei (21.176) euro.

Agindu honetako laguntza-modalitateren baten deialdia ebatzi ondoren soberakinak geratuko balira, soberakin horiek artean ebatzi gabeko gainerako programen zuzkidurak handitzeko erabili ahal izango dira. Halakorik gertatuz gero, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa zehazteko, honako hauek hartuko dira kontuan: diruz lagunduko den jardueraren garrantzia, sarrera eta gastuen aurrekontua, eta bestelako finantza-iturriak badauden edo ez.

Emandako laguntza ezingo da inolaz ere eskaerarekin aurkeztutako aurrekontuan ageri den defizita baino handiagoa izan.

6. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako lortzen den beste edozein motatako laguntza edo diru-laguntzarekin, betiere finantzatutako jardunaren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

Laguntza jasotzen duen erakunde onuradunak helburu bererako beste laguntzarik jaso duen jakinarazi beharko dio Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari, hilabete bateko epean, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

2.– Aipatu 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluaren lehenengo paragrafoaren arabera, agindu honetako edozein modalitaterako eskabidea aurkezteko, bide telematikoa erabili behar da. Horretarako laguntza-modalitate bakoitzean erabili beharreko egoitza elektronikoak zein diren zehazten da.

3.– https://www.euskadi.net/y22-home/es egoitza elektronikoan kontsultatu ahal izango dute euren espedientearen egoera administratiboa eskabide-egileek; eta egoitza horren bitartez eta «Nire gestioak» sekziotik bidali beharko ditu normalizatu gabeko dokumentuak, eta, beharrezkoa bada, eskabide egin eta gero aurkeztu beharreko dokumentuak, eta, orobat, jakinarazpenak jaso eta eskabideari buruzko izapideak egin.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskaerak eta horiei gaineratu beharreko gainerako dokumentazioa (dagokion kapituluan laguntza-modalitate bakoitzerako adierazitakoa) aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakundeek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera eskatzen den dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduera guztietan, eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

3.– Eskabideak egiteko agiri arautuak laguntza modalitate bakoitzari dagokion web-orrian daude eskuragarri. Aginduan eskatutako beste edozein agiri edo eskabide egiten duen entitateak aurkeztu nahi dituenak, euskarri informatikoan bidali beharko dira, hain zuzen ere 8. artikuluko 3. puntuan aipatu sekzioaren bitartez.

9. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak behar bezala bete ez badira edo laguntza-modalitate bakoitzerako eskatzen diren agiriak erantsi ez badira, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio hutsak zuzendu edo agiriak aurkezteko. Horrela egiten ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da. Administrazioak halako eskaeren esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi egin behar du, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

10. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, dagokion Balorazio Batzordea eratuko da, eta kideak hauexek izango dira: presidentea, Osasun eta Kontsumo Saileko Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendaria; bokalak: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arreta Sanitarioko zuzendariordea, Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuko burua, zerbitzu horretako etengabeko prestakuntza egiaztatzeko teknikari arduraduna, eta Osasun eta Kontsumo Saileko I+D laguntzen teknikari arduraduna; azken horrek idazkari lanetan jardungo du.

2.– Batzordeak, laguntza-modalitate bakoitzerako aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, aurkeztu diren eskabideak ebaluatu eta dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeari.

3.– Ez dira finantzatuko gehienezko puntuazioaren erdia lortzen ez duten eskabideak.

11. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua.

1.– Modalitate bakoitzari dagozkion lehiaketako prozedurak Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak emandako ebazpenen bidez ebatziko dira, balorazio-batzordeak proposaturik; horrek ez du baztertzen organo horren ebazpen bakarrean pilatzea.

2.– Ematen diren ebazpenek zehaztuko dute prozedura bakoitzean eskatutako laguntzak eman diren, ala, hala egokitzean, uko egin zaien; ematen den kasuan, laguntzaren erakunde onuraduna, diruz lagundutako jarduera edo gertaera eta zenbateko diru-laguntza eman den zehaztuko da. Ukatzen direnen kasuan, berriz, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Prozedura bakoitzean hartzen den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei, agindu honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, erakunde interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, halaxe ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari berariaz ebatzi behar duela ere agintzen diola.

4.– Prozedura bakoitzaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, beraren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenak EHAAn argitaratu eta egutegiko 15 eguneko epean, erakunde onuradunak ez badio Osasun eta Kontsumo Sailari jakinarazten laguntzari uko egin diola, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Laguntza zertarako eman zaien, horrexetarako erabiliko dute eta ez beste ezertarako.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –beren eginkizunetan dihardutela– deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzaren inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

d) Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari jakinaraztea, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.

e) Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailaren babesa beren-beregi adieraztea, diruz lagundutako jardueraren berri ematen duten agiri guztietan.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Ematen diren laguntzen ordainketa bi alditan gauzatuko da.

2.– Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar (% 50), 12.a) artikuluan adierazten den epea –erakunde onuradunaren berariazko ukorik gabe– igaro bezain laster egingo da.

3.– Bigarren ordainketa –laguntza-modalitate bakoitzerako– aurrerago zehazten diren epemuga eta baldintzen arabera egingo da.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan eduki diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, eta baldin helburu berarekin beste erakunde publiko zein pribaturen baten laguntzarik jaso bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu ahal izango da. Laguntza gutxitzeko espedienteari hasiera eman eta izapideak egiteko eskumena Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendariak izango du, eta, horri buruzko ebazpena emateko eskumena, berriz, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki, erakunde onuradunak ezarritako baldintzak eta epeak betetzen ez baditu, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu, edota Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 eta 2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu (Lege horren testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bidezkoak diren prozedura-izapideak egin ondoren. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi bidezkotzat jotzen diren beste ekintza batzuk egingo ez direnik. Aipatutako diru-kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Ez-betetze espedientea hasi, izapidetu eta ebazteko eskumena Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordearena izango da.

II. KAPITULUA
BILERA ZIENTIFIKOAK ANTOLATZEKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Xedea.

Laguntza mota hauen helburua hauxe da: 2012. urtean Euskadiko Autonomia Erkidegoan osasun-arloko profesionalen artean burutuko diren osasun-arloko jarduera zientifikoak hedatzeko egingo diren bileren antolaketaren finantzaketan laguntzea. Modalitate honetarako hogeita hemeretzi mila zazpiehun eta lau (39.704) euro bideratuko dira.

17. artikulua.– Hartzaileak.

Honako hauek jaso ahal izango dituzte modalitate honetako laguntzak: bereziki osasun-arloan diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteek, osasun-arloko profesionalen elkargo ofizialek eta osasun-espezialitateetako erakunde zientifikoek, irabazi asmorik gabekoek.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoak diren unitate eta zentroak.

Erakundeek, beren estatutu eta arautegiei jarraiki, gauzatutako ohiko bilerak ez dira diruz lagunduko.

18. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Bide telematikoz aurkeztuko da eskabidea (I. eta II. eranskinak), eta horretarako, www.euskadi.net–eko egoitza elektroniko hau erabiliko da:

Gaztelania

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/reuniones_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

Euskara

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/reuniones_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

Eta ondoko agiriak erantsiko zaizkio:

a) Bilera antolatzera bultzatu duten helburuak jasotzen dituen memoria, eta jardueren hedapenaren aurreikuspena.

b) Bilera antolatu duen arduradunaren curriculum vitae laburtua (V. eranskina).

c) Aldez aurreko egitaraua, jarduera zientifikoaren edukia ahalik zehatzen adieraziz.

d) Hizlari garrantzitsuenen izenak, beren ibilbide zientifikoa eta profesionala labur azalduta.

e) Batzorde Zientifikoaren osaera, kide bakoitzaren gaineko aipamen labur batekin.

f) Diru-sarrera eta gastuen aurrekontu zehatza (III. eranskina).

g) Erantzukizunpeko aitorpena, eredu arautuan (I. eranskina), eskabidearen berri ematen duena. Halaber, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbererako, beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bitartekoren bat lortuz gero, hori ere jakinarazi egin beharko da aitorpenean. Aitorpen horren bidez egiaztatuko da, halaber:

– Erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

– Erakundearen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badago, erakundea legearen arabera eratuta eta erregistratuta dagoela. Adierazi egin behar da EAEko zein erregistrotan dagoen inskribatuta, erregistroko zenbakia eta eguna ere aipatuta.

– Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela erakundeak, laguntza hauen onuradun izateko.

h) Finantziazio pribaturik egonez gero, interes-gatazkaren deklarazioa (VI. eranskina).

Erakundearen egoitza soziala EAEtik kanpo badago, honako hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Elkarteen Erregistroko edo kasuan kasuko erregistro publikoko inskripzio-ziurtagiriaren kopia.

b) Identifikazio Fiskaleko Kodea esleitu zaiola egiaztatzen duen agiriaren kopia.

c) Erakunde antolatzailearen estatutu edo arautegi ofizialen kopia.

d) Tokian tokiko administrazio-erakundearen ziurtagiria, erakunde antolatzaileak Gizarte Segurantzarekiko zerga-obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu egiaztatzen duena.

19. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Laguntzen esleipena honako irizpide hauetan oinarriturik eta haztapen honekin egingo da:

a) Jardueraren interes zientifikoa, aurkeztutako agirietan oinarriturik, Batzorde Zientifikoaren osaera, hizlari parte-hartzaileak eta programa baloratuko dira: 30 puntu gehienez.

b) Bileraren helburuak zenbateraino datozen bat Osasun eta Kontsumo Sailaren lehentasunezko arloekin, alegia, agindu honen hitzaurrean adierazitakoekin: 35 puntu gehienez.

c) Gertaeran zenbatek parte hartuko duen: 20 puntu gehienez.

d) Jarduera zientifikoaren iraupen osoa, aldi bereko jarduerak gehituta: 15 puntu gehienez.

Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

Bileran parte hartzen duten hizlariak eta gertaera egingo den lokalen alokairua ordaintzeko bakarrik emango dira zenbatekoak.

Kongresuak antolatzeko 9.000 € emango dira gehienez. Modalitate honetan aurreikusitako gainontzeko gertaerentzat, 3.000 € emango dira gehienez.

20. artikulua.– Ordainketa.

Emandako laguntza 13. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren zatia ordainduko da diruz lagundutako bilera gauzatu eta, gehienez, hiru hilabeteko epean, agiri hauek aurkeztu ostean:

a) Diruz lagundutako bilerak sortutako gastu eta sarrera guztien ekonomia-balantzea, erakunde antolatzailearen legezko ordezkariaren oniritziarekin (IV. eranskina).

b) Ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak direla-eta sortutako gastuen –jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak– faktura originalak –paperezko euskarrian– , eta bilera zientifikoaren antolatzaileak sortutako gastu guztien gainontzeko fakturen kopiak, emate-ebazpenetan laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten ez bada, behintzat; izan ere, azken kasu horretan, gastu horien faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira. Originalak itzuli egingo dira, bidaltzean hala eskatzen bada.

c) Azken memoria eta balantze zientifikoa, bertaratutakoei entregatu zaien materiala barne.

Erakundearen egoitza soziala EAEtik kanpo badago, honako hauek ere aurkeztu behar dira:

Tokian tokiko administrazio-erakundearen ziurtagiria, erakunde antolatzaileak zerga-obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu egiaztatzen duena.

III. KAPITULUA
IKASTAROAK eta tailerrak ANTOLATZEKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Xedea.

Laguntza-modalitate honen helburua honako hau da: 2012an, Euskal Autonomia Erkidegoan, osasun-arloko profesionalak prestatzeko hasiko diren osasun-arloko ikastaroen eta tailerren finantzaketan laguntzea. Modalitate honetarako berrogeita hamar mila berrehun eta laurogeita hamahiru (50.293) euro bideratuko dira.

Laguntzen xede diren ikastaro eta tailerrak Osasungintzako Lanbideen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Kontseiluak egiaztatu beharko ditu.

22. artikulua.– Hartzaileak.

Honako hauek jaso ahal izango dituzte modalitate honetako laguntzak: bereziki osasun-arloan diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteek, osasun-arloko profesionalen elkargo ofizialek eta osasun-espezialitateetako erakunde zientifikoek, irabazi asmorik gabekoek.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoak diren unitate eta zentroak.

23. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Bide telematikoz aurkeztuko da eskabidea (I. eta II. eranskinak), eta horretarako, www.euskadi.net–eko egoitza elektroniko hau erabiliko da:

Gaztelania

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/cursos_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

Euskara

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/cursos_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

Eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Honako hauek azaltzen diren memoria: asistentzia-kontrolerako sistema, ikastaroaren helburu orokorrak eta berariazkoak, egutegia, giza baliabideak irakasleen izena eta posizioarekin, baliabide materialak, ikasleak aukeratzeko mekanismoak, jardueraren egokitasuna, zein beharrei erantzuten dien eta behar hauek nola antzeman diren adieraziz, irakasteko metodologia, eta azken buruko ebaluazio-sistemak.

b) Ikastaroa antolatu duen arduradunaren curriculum vitae laburtua (IV. eranskina).

c) Aldez aurreko egitaraua, ikastaroaren edukia ahalik zehatzen adieraziz.

d) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, kontzeptuka zehaztua. (III. eranskina)

e) Hala badagokio, emango den diploma edo ziurtagiria.

h) Finantziazio pribaturik egonez gero, interes-gatazkaren deklarazioa (VI. eranskina).

g) Erantzukizunpeko aitorpena, inprimaki arautuan (I. eranskina), eskabidearen berri ematen duena. Halaber, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbererako, beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bitartekoren bat lortuz gero, hori ere jakinarazi egin beharko da aitorpenean. Aitorpen horren bidez egiaztatuko da, halaber:

– Erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

– Erakundearen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badago, erakundea legearen arabera eratuta eta erregistratuta dagoela. Adierazi egin behar da EAEko zein erregistrotan dagoen inskribatuta, erregistroko zenbakia eta eguna ere aipatuta.

– Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela erakundeak, laguntza hauen onuradun izateko.

Erakundearen egoitza soziala EAEtik kanpo badago, honako hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Elkarteen Erregistroko edo kasuan kasuko erregistro publikoko inskripzio-ziurtagiriaren kopia.

b) Identifikazio Fiskaleko Kodea esleitu zaiola egiaztatzen duen agiriaren kopia.

c) Erakunde antolatzailearen estatutu edo arautegi ofizialen kopia.

d) Tokian tokiko administrazio-erakundearen ziurtagiria, erakunde antolatzaileak Gizarte Segurantzarekiko zerga-obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu egiaztatzen duena.

24.– artikulua.– Esleipen- eta kuantifikazio-irizpideak.

Balioespen-irizpideak azaltzen dira jarraian, dagokien haztapenarekin batera. Irizpide horien bidez ezarriko dira eskabideen arteko lehentasunak. Gehienezko puntuazioa 100 puntukoa izango da, eta gutxienekoa 50ekoa. 50 puntura heltzen ez diren jarduerek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

a) Jardueraren (ikastaroa edo tailerra) helburuak eta helburuak zenbateraino egokitzen diren agindu honetara: 11 puntu, gehienez.

b) Antolaketa eta logistika (giza baliabideak eta materialak, parte-hartzaile kopurua, jardueraren egitura, eta iraupenaren eta helburuen arteko egokitzapena): 10 puntu, gehienez.

c) Ikastaroaren edo tailerraren egokitasuna (lanbide-ingurunean atzemandako premia edo akatsak, prestakuntza-jarduerak proposaturiko helburuak lortzearekin hobetuko liratekeenak): 23 puntu, gehienez.

d) Irakasteko metodologia (proposatutako sistema pedagogikoa eta aukeratutako euskarri-materiala): 16 puntu, gehienez.

e) Ebaluazioa (prestakuntza-jardueran zehar ikasleek berenganaturiko ezagupenen balorazio-sistema): 15 puntu, gehienez.

f) Ikastaroaren edo tailerraren helburuak zenbateraino datozen bat Osasun eta Kontsumo Sailaren lehentasunezko arloekin, alegia, agindu honen hitzaurrean adierazitakoekin: 25 puntu, gehienez.

Ikastaro edo tailer bakoitzaren, edo ikastaro edo tailerren edizioen puntuak eta diru-laguntzak:

50 eta 60 puntu artean, 800 € gehienez.

61 eta 70 puntu artean, 1.500 € gehienez.

71 eta 80 puntu artean, 2.600 € gehienez.

80 puntu baino gehiago lortzen badira, 4.000 € arteko diru-laguntza eman ahal izango da.

25. artikulua.– Ordainketa.

Emandako laguntza 13. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, eta laguntzaren bigarren zatia ordainduko da diruz lagundutako ikastaroa edo tailerra gauzatu eta, gehienez, hiru hilabeteko epean, agiri hauek aurkeztu ostean:

a) Diruz lagundutako ikastaroan edo tailerrean sortutako gastu eta sarrera guztien ekonomia-balantzea, erakunde antolatzailearen legezko ordezkariaren sinadurarekin.

b) Jasotako laguntzaren zenbateko bereko edo handiagoko faktura originalak eta ikastaroa antolatzean sortutako gastuen gainontzeko fakturen kopiak; salbu eta laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten bada emate-ebazpenean. Izan ere, kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak diren gastuen faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira. Originalak itzuli egingo dira, bidaltzean hala eskatzen bada.

Originalak itzuli egingo dira, bidaltzean hala eskatzen bada.

c) Amaierako memoria eta ikastarora edo tailerrera joandakoei emandako materiala.

Erakundearen egoitza EAEtik kanpo badago, dagokion administrazio-erakundearen ziurtagiria aurkeztu behar du, erakunde antolatzaileak zerga obligazioak ordainduta dituela edo ez dituela zertan ordaindu behar egiaztatzen duena.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDEEN ERAKETA ETA FUNTZIONAMENDURAKO LAGUNTZAK

26. artikulua.– Xedea.

Laguntza-modalitate honen helburua hau da: 2012. urtean, osasun-espezialitateetako irabazi asmorik gabeko erakunde zientifikoen eraketa– eta funtzionamendu-gastuak finantzatzeko laguntzak ematea, betiere, erakunde horiek, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izanik, osasun-arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa eman eta osasun-arloko ikerkuntza bultzatzen badute. Modalitate honetarako hogeita bat mila ehun eta hirurogeita hamasei (21.176) euro bideratuko dira.

Erakundeak eratzeko gastuen artean era honetakoak sartuko dira: delako erakundea prestatzeko egindako bileretan eta horren berri ematean sortutakoak, notarioaren jarduerenak, erregistro publikoen jarduerenak, Ogasunarekin egindakoak, administraziokoak eta langileei dagozkienak eta erakundea sortzeko beharrezkoak diren bestelakoak.

Halaber, erakundeen funtzionamendu-gastuen artean ondokoek sorturikoak ere sartuko dira: beren jardueretan antolatutako bilkurek –gastu sozialak izan ezik–, administrazioak, langileek, argitalpenek, Zuzendaritza Batzordeko kideen bidaiek, amortizazioek eta jardueraren garapenean sortutako bestelakoek.

Ez dira funtzionamendu-gastutzat hartuko eskabidea egiten duen erakundeak emandako beka, sari edo laguntzek sortutakoak.

27. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Bide telematikoz aurkeztuko da eskabidea (I. eta II. eranskinak), eta horretarako, www.euskadi.net–eko egoitza elektroniko hau erabiliko da:

Gaztelania

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/entidades_2011/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

Euskara

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/entidades_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

Eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) 2012. urterako jardueren plana, laguntza zertarako eskatzen den zehaztuta.

b) Erakundearen 2012. urterako gutxi gora-beherako aurrekontua, gastuak eta sarrerak adieraziz, eta bazkideen kuotak eta bestelako finantza-iturriak zehaztuz. (III. eranskina)

c) 2011. urteko jardueren memoria, azken ekitaldiko emaitzen balantzea eta kontua edo, hori ezean, diru-sarreren eta gastuen zerrenda (IV. eranskina).

d) Erantzukizunpeko aitorpena (I. eranskina), eskabidearen berri ematen duena. Halaber, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbererako, beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bitartekoren bat lortuz gero, hori ere jakinarazi egin beharko da aitorpenean. Aitorpen horren bidez egiaztatuko da, halaber:

– Erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

– Erakundea legearen arabera eratuta eta erregistratuta dagoela. Adierazi egin behar da EAEko zein erregistrotan dagoen inskribatuta, erregistroko zenbakia eta eguna ere aipatuta.

– Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela erakundeak, laguntza hauen onuradun izateko.

Beren eraketarako laguntza-eskabidea egiten duten erakundeek ez dituzte c) idatzi-zatian adierazitako agiriak aurkeztu beharko.

28. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Laguntzen esleipena honako irizpide hauetan oinarriturik eta haztapen honekin egingo da:

a) 2012. urterako jardueren plana, laguntza zertarako eskatzen den zehaztuta: 50 puntu gehienez.

b) 2011n burututako jarduera-kopurua eta haien kalitatea: 15 puntu gehienez.

c) Jardueraren geografi eremua: 15 puntu gehienez.

d) Kide-kopurua: 20 puntu gehienez.

Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

29. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Emandako laguntzak ezingo du inolaz ere eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuan dagoen defizita gainditu, ezta 15.000 euroko kopurua ere.

30. artikulua.– Ordainketa.

Emandako laguntzen ordainketa 13. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da, laguntzaren bigarren partearen ordainketa, 2013ko otsailaren 28a baino lehen, betiere ondoko agiriak aurkeztu ostean:

a) 2012. urtean burututako jardueren memoria.

b) Emaitzen balantzea eta kontua, erakundearen legezko ordezkariaren oniritziarekin.

c) Jasotako laguntzaren zenbateko bereko edo handiagoko faktura originalak eta eraketak eta/edo funtzionamenduak urtean zehar sortutako gastuen gainontzeko fakturen kopiak; salbu eta laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten bada emate-ebazpenean. Izan ere, kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak diren gastuen faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira. Originalak itzuli egingo dira, bidaltzean hala eskatzen bada.

V. KAPITULUA
ALDIZKAKO ARGITALPENAK EDITATZEKO LAGUNTZAK

31. artikulua.– Xedea.

Laguntza-modalitate honen helburua da zientzia-eta osasun-arloko aldizkako argitalpenen edizioa finantzatzeko laguntzak ematea, 2012. urtean. Modalitate honetarako dagoen zenbatekoa hogeita bat mila ehun eta hirurogeita hamasei (21.176) eurokoa da.

32. artikulua.– Hartzaileak.

Honako hauek jaso ahal izango dituzte modalitate honetako laguntzak: osasun-arloko profesionalen irabazi asmorik gabeko elkarteek, osasun-arloko profesionalen elkargo ofizialek eta espezialitateetako erakunde zientifikoek –egoitza ofiziala EAEn dutenek–

33. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Bide telematikoz aurkeztuko da eskabidea (I. eta II. eranskinak), eta horretarako, www.euskadi.net-eko egoitza elektroniko hau erabiliko da:

Gaztelania

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/publicaciones_2011/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

Euskara

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/publicaciones_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

Eta ondoko agiriak erantsiko zaizkio:

a) Memoria, honakoak zehaztuz: argitalpen mota edo izaera, zein publikori zuzendua den, argitalpenaren banaketaren hedadura, aldizkakotasuna, ale-kopurua, orrialdeen tamaina eta kopurua; zuzendariaren izena, erredakzio batzordeko kideak eta kolaboratzaile nagusiak, eta baldin badauzka, ISSN zenbakia eta datu-base dokumentalen batean sartuta dagoela adierazteko ziurtagiria.

b) Aldizkariaren 2011. urteko ekonomia-balantzea (IV. eranskina). 2012. urterako aurrekontua (III. eranskina), gastuak eta sarrerak adieraziz (harpidedun kopurua, ale bakoitzaren salmenta-prezioa eta bestelako finantza-iturriak).

c) Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat edo, argitalpen berria bada, eskatutako laguntzarekin ordainduko den argitalpenaren zirriborroa.

d) Erantzukizunpeko aitorpena, eredu arautuan (I. eranskina), eskabidearen berri ematen duena. Halaber, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbererako, beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bitartekoren bat lortuz gero, hori ere jakinarazi egin beharko da aitorpenean. Aitorpen horren bidez egiaztatuko da, halaber:

– Erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

– Erakundea legearen arabera eratuta eta erregistratuta dagoela. Adierazi egin behar da EAEko zein erregistrotan dagoen inskribatuta, erregistroko zenbakia eta eguna ere aipatuta.

– Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela erakundeak, laguntza hauen onuradun izateko.

34. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Laguntzen esleipena honako irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko haztapenarekin egingo da:

a) Duen kalitate zientifikoa eta artikulu kopurua, duen publizitatea: gehienez, 50 puntu.

b) Zein talde profesionali zuzenduta dagoen, eta zenbat profesionalengana iristen den: gehienez, 20 puntu.

c) Zabalkundearen geografi eremua: gehienez, 15 puntu.

d) Ale-kopurua tirada bakoitzean: 15 puntu gehienez.

Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

35. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Emandako laguntzak ezingo du inolaz ere eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuan dagoen defizita gainditu, ezta 7.000 euroko kopurua ere.

35. artikulua.– Ordainketa.

Emandako laguntza 13. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko da, laguntzaren bigarren partearen ordainketa, 2013ko otsaila 28a baino lehen, agiri hauek aurkeztu ostean egingo delarik:

a) 2012. urtean argitaratu den aldizkariaren zenbaki bakoitzaren ale bat.

b) Emaitzen balantzea eta kontua, erakundearen legezko ordezkariaren oniritziarekin.

c) Jasotako laguntzaren zenbateko bereko edo handiagoko faktura originalak, eta urte horretan argitalpenaren edizioak sortutako gastuen gainontzeko fakturen kopiak, emate-ebazpenetan laguntzen bidez zein kontzeptu ordainduko den zehazten ez bada, behintzat; izan ere, azken kasu horretan, gastu horien faktura originalak soilik aurkeztu beharko dira. Originalak itzuli egingo dira, bidaltzean hala eskatzen bada.

AZKEN XEDAPENAK

Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen.

Bigarrena.– Agindu honetan xedatu gabekoari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean idatzitakoari jarraikiz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 30a.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.


Azterketa dokumentala