Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2012ko ekainaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2978

AGINDUA, 2012ko ekainaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deialdia egiten da Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogramak antolatu eta garatzeko, Etengabeko Ikaskuntzako Programaren esparruan.

Etengabeko Ikaskuntzako Programa (EIP) Europar Batasuneko ekintza-programa bat da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko azaroaren 15eko 2006/1720/EE Erabakian onartu zena. 2007ko urtarrilaren 1ean hasi, eta 2013ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean.

Programa berri honek Sokrates programa (Comenius, Erasmus eta Grundwig) eta Leonardo da Vinci programa (azken honen bigarren fasea 2006an bukatu zen) ordezkatu eta integratzen ditu. Bertan azpiprograma sektorial batzuk sartzen dira; besteak beste, Erasmus azpiprograma sektoriala eta Leonardo da Vinci azpiprograma sektoriala. Azpiprograma horientzako laguntzak estaliko ditu agindu honek.

Erasmus azpiprogramaren helburua da goi-mailako hezkuntzako eta ikasketetako premiei erantzun bat eskaintzea goi-mailako hezkuntza formalean eta lanbide-heziketako hirugarren mailan parte hartzen duten guztiei, baita hezkuntza eta heziketa hori ematen edo errazten duten instituzio eta erakundeei ere.

Leonardo da Vinci azpiprogramaren helburua da lanbide-heziketako ikasle guztien ikasketa- eta irakaskuntza-premiei erantzutea, hirugarren mailakoei izan ezik. Era berean, hezkuntza hori ematen duten instituzio eta erakundeen premiei ere erantzun nahi diegu.

Deialdi honen babespean bermatzen dira Erasmus eta Leonardo da Vinci azpiprogramen helburuak, eta honako hauetan oinarritzen dira:

● Ikasleei laguntzea ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratzen, euren pertsona-garapena lortzeko.

● Prestakuntza-sistemetan, erakundeetan eta enpresetan Lanbide Heziketaren kalitatearen hobekuntza eta berrikuntza sustatzea.

● Hezkuntzaren eta lanbide-heziketaren eremuetan praktika berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea berton eta herrialde parte hartzaileen artean.

Estaltzen dituen ekintzak honako hauetan oinarritzen dira:

– Nazioz haraindiko egonaldiak enpresetan edo erakundeetan, lanbide-heziketaren hasierako ikasleentzat eta unibertsitate-ikasketak egiten dituztenentzat.

– Nazioz haraindiko egonaldiak enpresetan edo prestakuntza-erakundeetan, lan-munduko pertsonentzat.

– Lanbide-heziketako profesionalentzako egonaldiak eta elkartrukeak.

– Berrikuntza transferitzeko proiektu multilateralak.

– Berrikuntza garatzeko proiektu multilateralak.

Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak Europako Erkidegoen 2011ko abuztuaren 9ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Etengabeko Ikaskuntzako Programaren EAC/27/11 proposamen-deialdia. Bertan, 2012ko ekitaldirako proposamen-deialdia ezartzen da.

Neurri horiek finantzatzeko Europako Erkidegoak jarriko duen ekarpena, orokorrean, ez da ekintzarako onesten den aurrekontu osoaren % 100era iritsiko. Beraz, estatu kideek ere finantzatu beharko dituzte onartzen diren ekintzak.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Diru-laguntzetarako deialdia egitea Etengabeko Ikaskuntzako Programaren barruan 2012ko deialdian onartutako proiektuak edo aurreko deialdietan onartutakoak finantzatzeko, baldin eta horiek 2012. eta 2013. urteetan garatzen badira, Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogrametan (lanbide-heziketarekin eta lanbide-praktikekin zerikusia duten arloetan). Baterako finantzaketa horrek, horrenbestez, 2012. eta 2013. urteetan garatzen diren proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du, edo, mugikortasunik gabeko proiektuetan, 2012. urteko aurrekontuaren zati proportzionala.

2.– Europar Batasunaren finantzaketa oro har ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bitartez eskuratzen diren diru-laguntzak, eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lor litezkeenak, Europar Batasunaren finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontuaren zatia estaltzeko erabiliko dira. Dena den, proiektu bererako jaso daitezkeen laguntza guztien baturak ezin izango du onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Nolanahi ere, batura horrek % 100 gainditzen badu, dagokion proportzioan murriztuko da laguntza.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Etengabeko Ikaskuntzako Programaren 2012ko deialdian edo aurrekoetan onartu diren eta 2012. eta 2013. urteetan garatuko diren proiektuak dituzten erregimen juridiko pribatuko erakunde eta instituzio guztiek.

2.– Erakunde eta instituzio horiek proiektu-koordinatzaile izan beharko dute Etengabeko Ikaskuntzako Programaren esparruan, Leonardo da Vinci edo Erasmus azpiprogrametan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza. Mugikortasunik gabeko proiektuen kasuan, proiektuaren sustatzaile izan beharko dute.

3.– Erakunde eskatzaileak kudeatzen duen proiektuan parte hartzen dutenek ezin izango dute proiektu honetarako bakarkako laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.

4.– Erakunde edo instituzio eskatzaileak ezin izango du diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten dion zigor penalik edo administratiborik izan, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako sexuaren ziozko bereizkeria barne dela.

5.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

6.– Erakunde edo instituzio eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetara guztira 1.627.850 euroko zenbatekoa zuzenduko da (772.782 euro 2012ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 855.068 euro, ordea, 2013ko konpromiso-kredituari), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan arlo horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

4. artikulua.– Eskabideak.

1.– Erakunde edo instituzio eskatzailearen legezko ordezkariari dagokio espedientea hastea, honako dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Kalkulu ekonomikoak jasotzen dituen eskabide-fitxa, erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak zigilatua eta sinatua eta alderdi guztietan betea.

– Agindu honen I. eranskinean jasota dago proiektu bakoitzaren kostuari dagozkion kalkulu ekonomikoak egiteko erreferentziako taula.

– Kalkulu ekonomikoak jasotzen dituen eskabide-fitxa lortzeko, mezu elektroniko bat bidal daiteke huisl091@ej-gv.es helbidera, edo, bestela, www.euskadi.net/etengabeikasi web-orrian eskura daiteke.

b) Kudeaketaz arduratzearen ziurtagiria, erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak zigilatua eta sinatua eta alderdi guztietan betea. Eredua lortzeko, mezu elektroniko bat bidal daiteke huisl091@ej-gv.es helbidera, edo, bestela, www.euskadi.net/etengabeikasi web-orrian eskura daiteke.

c) Europako Hezkuntza Programen Erakunde Autonomoari (OAPEE) edo Europako Batzordeari egindako eskaeraren egiaztagiria eta haren kopia. Aurreko deialdietan onartutako proiektuak badira, Europako Erkidegoen Batzordearen XXII. Zuzendaritza Nagusiarekin –Hezkuntza, Prestakuntza eta Gazteria– indarrean den kontratuaren kopia bat aurkeztu beharko dute, edo Agentzia Nazionalarekin (OAPEE) duten finantza-kontratuaren kopia bat.

d) Dagokion Foru Aldundiaren ziurtagiria, erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren konturako diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoan, ezarritakoaren arabera, eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, harekiko betebeharrak ere egunean dituela egiaztatzen duena.

e) Ordezkariak jarduteko baliatzen duen ordezkapen-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentua.

5. artikulua.– Aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Agindu honen 4. artikuluan eskatzen diren dokumentazioa eta eskabidea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren Europako Programen atalean aurkeztuko dira, 01010 Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1.ean (Lakua II. eraikina, 3. solairua), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aurreikusten diren administrazio-bulegoetariko edozeinetan.

3.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 71. artikuluaren arabera, eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena lege horrexen 42. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren Europako Programen atalari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzeko lanak egitea.

7. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Agentzia Nazionalak, Europako Hezkuntza Programen Erakunde Autonomoak (OAPEE) edo Europako Batzordeak 2012ko ekitaldiko deialdian edo aurreko deialdietan onartzen diren proiektuen artean esleituko dira laguntza hauek.

2.– Laguntzak kudeatuko dituen organoak, eskabideak bere eskuetan dituenean, deialdi honetako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, diru-laguntza honela esleituko du:

a) Aurkeztutako proiektuaren kostua I. eranskinean zehaztutako kostu-parametroei egokitzen zaiela egiaztatuko du.

b) Aurkeztutako proiektuak bi taldetan banatuko dira: mugikortasunak edozein eratan egin beharra dakartenak eta ez dakartenak.

c) Ikusirik zer dokumentazio aurkezten duen erakunde eskatzaileak eta zein informazio jasotzen den Europako Hezkuntza Programen Erakunde Autonomotik, Hezkuntza eta Zientzia Ministeriotik eta beste herri-erakunde batzuetatik, beste erakunde batzuek proiektu bakoitzarekin hitzemandako laguntza ekonomikoak ezarriko dira, gehiegizko finantzaketarik gerta ez dadin. Mugikortasuneko ekintzak dituzten proiektuen kasuan (Europako Hezkuntza Programen Erakunde Autonomoak 2011. urtean edo aurreko urteetan onetsitakoen kasuan alegia), kalkuluak 2012ko zenbaki ekonomikoen arabera egingo dira zeren eta 2011. urtean exekutatutako proiektu-zatiek aurreko urteetako deialdietan jaso baitzituzten laguntzak. 2012ko urte naturalari egokitzeko prozedura mugikortasunik gabeko ekintzak ez dakartzaten proiektuekin erabiliko da.

d) Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbateko kalkulatzeko, 8. artikuluan ezarritako prozedura aplikatuko da.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Mugikortasuneko ekintzarik gabeko proiektuen kasuan, irizpide hauek erabiliko dira diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko:

1.– Proiektuaren 2012rako exekuzio-gastuari, sustatzaileari dagokionari, 2012. urterako hitzemandako laguntza ekonomikoa kenduko zaio, eta laguntza hori aurreko artikuluan aipatu bezala kalkulatuko da.

2.– Aurreko eragiketatik ateratako % 25 proposatuko da proiektu bakoitzerako laguntza moduan.

Mugikortasuneko ekintzak dituzten proiektuen kasuan, irizpide hauek erabiliko dira diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko:

1.– II. eranskineko taulak erabiliz kalkulatuko da proiektu bakoitzaren laguntza-proposamena. Taula horiek I. eranskineko kostu-tauletatik ateratako indizeei orpoz orpoz jarraikiz egin dira, baina 1. indizearen kostu-balioaren ordez proiektu-mota bakoitzarentzako diru-laguntzaren balioa jarriz. Horrela,

SMP Erasmus motako proiektuak –> 1. indizea = 625 euro

STT Erasmus motako proiektuak –> 1. indizea = 275 euro

IVT eta PLM Erasmus motako proiektuak –> 1. indizea = 150 euro

VETPRO eta ASO Erasmus motako proiektuak –> 1. indizea = 90 euro

Kudeaketa eta hizkuntza-prestakuntza eta matrikularen kostuei dagozkien laguntzak (matrikularenak VETPRO proiektuen kasuan bakarrik) II. eranskineko laguntzen tauletan zehaztuta daude.

Behin eragiketa matematiko horiek eginez gero, aurrekontu-erabilgarritasuna behar bestekoa ez bada, laguntzen erreferentzia-indizeak proportzionalki murriztuko dira, harik eta laguntza-proposamenak aurrekontu eskuragarriari egokitu arte.

Aurrekontu-eskuragarritasuna egonez gero, laguntzen erreferentziazko indizeak proportzioan egokituko dira, harik eta laguntza-proposamenak aurrekontu eskuragarriari egokituko zaizkio. Hau izango da muga: proiektu bakoitzeko hitzemandako laguntzen batura, deialdi honetako laguntzak barne, ez da inola ere izango proiektu bakoitzaren gehienezko kostua baino handiago (kostu hori I. eranskinaren erreferentziazko taulen arabera kalkulatuko da).

9. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak emango du, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak egindako proposamena aztertu eta Europako Hezkuntza Programen Erakunde Autonomoak (OAPEE) emandako laguntza zein den jakin ondoren, betiere 2012ko irailaren 30a baino lehen. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.net/etengabeikasi webgunean argitaratuko da, eta gainera, parte hartzen duten erakunde guztiei ere jakinaraziko zaie, eskabide-fitxan emandako helbidera posta ziurtatua bidalita.

2.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Mugikortasuneko ekintzak dituzten proiektuen kasuan, diru-laguntza mugikortasunak egin ahala ordainduko da. Mugikortasunezko ekintza edo fluxu bakoitza bukaturik, gehienez ere hilabeteko epean, erakunde onuradunak ekintzaren ziurtapen bat bidaliko du, ereduari jarraikiz, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren Europako Programen atalera. Ziurtapen-eredua lortzeko, mezu elektroniko bat bidal daiteke huisl091@ej-gv.es helbidera, edo, bestela, www.euskadi.net/etengabeikasi web-orrian eskura daiteke. Behin ziurtapen hori jaso eta ziurtapenean dauden datuak egiaztatu ondoren, egindako mugikortasunen arabera baterako finantzaketari dagokion zatia ordaintzeko agindua emango da.

Mugikortasuneko ekintzarik gabeko proiektuen kasuan, ordainketa 2012ko jardueren betearazpenari buruzko Ziurtagiria Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren Europako Programen atalean aurkeztu ondoren egingo da, 2012ko abenduan. Ziurtapen-eredua lortzeko, mezu elektroniko bat bidal daiteke huisl091@ej-gv.es helbidera, edo, bestela, www.euskadi.net/etengabeikasi web-orrian eskura daiteke. Behin ziurtapen hori jaso eta ziurtapenean dauden datuak egiaztatu ondoren, egindako mugikortasunen arabera baterako finantzaketari dagokion zatia ordaintzeko agindua emango da.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen ere, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean, erakunde onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egin diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza egoki erabiltzea: xede zehatz baterako emandakoa da eta hura betetzeko erabili behar da.

c) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak haien funtzioak betetzearren eskatutako informazio guztia bidaltzea.

d) Estatuko nahiz nazioarteko bestelako administrazioetatik edo erakunde publiko edo pribatuetatik xede bererako eskuratu dituzten diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea, halakorik jaso bada.

e) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egin ditzakeen egiaztatzeak onartzea.

2.– Goian aipatutako dokumentu-ereduak posta elektronikoz eska daitezke huisl091@ej-gv.es helbidean, edo www.euskadi.net/etengabeikasi web-orritik deskarga daitezke OpenOffice writer, Ms Word eta PDF formatuetan.

11. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldakuntzak, baldin eta deialdiaren helburua bete bada, eta, hala gertatuz gero, aurrekoez gain beste edozein erakunde publiko eta pribaturengandik beste diru-laguntza edo laguntzak ere jasotzeak, diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatzea ekar dezake. Horretarako, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.

2.– Jasotako zenbatekoen itzulketa eta legezko interesen eskakizuna honako xedapenetan xedatutakoaren arabera zuzenduko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikulua (Testu Bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartu zen) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. titulua.

3.– Jasotako diru-laguntza gehi aplikatzekoak diren interesak itzuli beharko dira adierazitako araudian aintzat hartzen diren honako zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen denean, eta bereziki:

a) Erakunde onuradunak aurkeztutako azken dokumentazioan diruz lagundutako jardueraren jarraipena egin ondoren, jarduerak diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak erdiesten ez dituela ondorioztatzen denean.

b) Agindu honetan eta hura garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa edozein modutan betetzen ez denean.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagozkien eginbeharretakoren bat betetzen ez denean.

4.– Abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 17ko EHAA) araututakoaren arabera egingo da itzulketa.

12. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «Erakunde laguntzaileak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dute datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna beste organismo publiko batzuetan egiaztatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek aurreikusten ez duen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta laguntza eta diru-laguntza publikoak arautzen dituen araudian xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

Bigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, edo, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala