Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2012ko ekainaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO SAILA
2971

AGINDUA, Herrizaingoko sailburuarena, 2012ko maiatzaren 18koa, gidaririk gabeko ibilgailuen alokairuan diharduten establezimenduek Ertzaintzari eman beharreko erregistro- eta informazio-mailako betebeharrak nola gauzatu behar dituzten azaltzeko dena.

Herritarren segurtasunaren babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 12. artikuluak ezartzen duenez, herritarren segurtasunerako nabarmenak diren jarduerak burutzen dituzten pertsona naturalek edo juridikoek dokumentuak eta informazioa erregistratu behar dute, indarrean den araudian xedatu bezala. Motordun ibilgailuen alokairuari lotutakoak herritarren segurtasunerako jarduera nabarmen horietako batzuk dira.

Otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 12. artikuluan zerrendatutako establezimenduen titularrei ezartzen zaizkien betebeharrak dira: eragiketa bakoitzerako parteak idaztea, eta bestelako jakinarazpenak egitea polizia-agintaritzari; izan ere, horien bidez, delitu-jarduerak prebenitu eta esestea lortu nahi da. Betebehar hauek «segurtasun publikoa» atalean kokatzen dira.

Dudarik gabe, baliabide telematikoen erabilerak aurrekaririk gabeko aukera bat eskaintzen du Administrazioak, segurtasun publikoaren arduradun gisa, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetzeko; izan ere, dokumentuak eta informazioa erregistratu behar duten establezimenduek Ertzaintzari berehala emango diote segurtasun publikorako garrantzizko informazioa, eta, horren ondorioz, jarduera horien gaineko kontrola handiagoa izango da.

Agindu honetan ezartzen da gidaririk gabeko ibilgailuen alokairuan diharduten establezimenduek Ertzaintzari jakinarazi behar dizkiotela, bide telematikoak erabiliz, egiten dituzten eragiketak, herritarren segurtasunerako duten garrantziagatik.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak du bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikoa gordetzeko eskumena. Hori dela eta, Ertzaintzak du herritarren segurtasunerako jarduera nabarmen horiek kontrolatzeko ahalmena.

Aurretik azaldutako guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, gidaririk gabeko ibilgailuen alokairuan diharduten establezimenduen titularrek Ertzaintzari eman behar dizkioten erregistro- eta informazio-mailako betebeharrak nola gauzatu behar dituzten arautzen da. Betebehar horiek indarrean dagoen legerian jasota daude.

2. artikulua.– Datuak bide telematikoa erabiliz Ertzaintzari jakinaraztea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko gidaririk gabeko ibilgailuen alokairuan diharduten establezimenduen titularrek egunero jakinarazi behar diote Ertzaintzari, bide telematikoak erabiliz, egiten dituzten eragiketei buruzko informazioa (horretaz dihardu agindu honen 1. eranskinaren 1. atalak).

2.– Horretarako, Administrazioak http://www.ertzaintza.net web-orrian ezartzen dituen baldintza teknikoak eta ezaugarriak bete beharko dira, 1. eranskinaren 2. atalarekin bat etorriz.

3.– Informazioa jaso eta gero, Ertzaintzak, bide bera erabiliz, jaso izanaren berri emango du.

3. artikulua.– Erregistro-liburua eta alokairu-parteak.

1.– 2. artikuluan aipatutako komunikazioa gorabehera, establezimenduen titularrek eragiketa bakoitzeko alokairu-parte bat bete beharko dute. Parte horiek establezimenduek berek sortuko dituzte, eta, aurrerantzean, agindu honen 2. eranskineko ereduari egokituko zaizkio.

2.– Ibilgailuen alokairu-parteak errentatzaileek eta errentariek sinatu beharko dituzte, eta eredu ofizialaren ezaugarriei eta formatuari eutsiko dizkiete beti.

3.– Establezimenduek urtero erregistro-liburu bat egingo dute, parteak bilduko dituena, eta eragiketa bakoitzerako aurkeztu beharko dute, baina ez da zertan bideratua izango.

4.– Erregistro-liburuak hiru urtez gordeko dira establezimendu horietan, azken erregistro-orriaren egunetik hasita, eta gai horretan instrukzio-eskumenak dituzten Ertzaintzako kideen eskura egongo dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Agindu honetan aipatzen diren establezimenduen titularrek sei hilabete izango dituzte, indarrean hasten den egunetik hasita, aginduan aurreikusitakoetara egokitzeko.

2.– Epe horretan, agindu honetan aipatzen diren komunikazioak bide telematikoak erabiliz egin ezin dituzten establezimenduen titularrek Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritzari honako hau jakinaraziko diote: zer bide erabiliko duten beren komunikazioak egiteko, zergatik ezin duten egin komunikazio telematikoa, eta noizko erabiliko duten sistema hori (horretarako, sei hilabete izango dituzte gehienez ere).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 18a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana