Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., asteartea,2012 maiatza 29


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
2400

IRAGARKIA, «Resiste» Programaren araudia onartzeko dena.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak batzarra egin zuen 2012ko martxoaren 29an, eta han, «Resiste» Programan jasotako laguntzak emateko araudia onartu zuen. Honen ondoren ematen da testua, osorik.

SARRERA

Enpresen ohiko finantzazio-iturrietan murrizketa gogorrak izan dira, hori baita egungo krisialdiaren ezaugarri nagusietako bat. Horren ondorioz ugaritu egin dira enpresen finantza-zorra berregituratzeko laguntza-eskaerak.

Bestalde, zorra berregituratzeko, negoziatu beharra dago, sortutako zorra aldatzeko edo aurrekoa ordezkatuko duen beste zor bat lortzeko. Bi kasuotan, helburua da zorraren baldintzak nabarmen aldatzea, eta horretarako, hainbat aukera daude, hala nola, interes-tasen murrizketa, amortizazio-epeen luzatzea, ordainketa mailakatzea, tronkoaren eta interesen ordainketa-gabealdia, edo aurkeztutako bermeak murriztea.

Negoziazio horretarako, ezinbestekoa da kontratatzea erakundeen finantza-zorra berregituratzen adituak diren profesionalak, finantza-erakundeei aholku emango dietenak.

Finantza-zorra kreditu-erakundeekin bakarrik sortutako zorra da, eta erakundearen balantzean jasotzen da. Hala dago ezarrita Kontabilitate Plan Orokorrean eta Enpresa Txiki eta Ertainen Kontabilitate Plan Orokorrean.

Eskualde Garapeneko Agentzia denez, SPRIk, industria–, merkataritza–, eta turismo-enpresen finantza-baldintzak hobetzeko, beharrezko jotzen du indarrean izatea «Resiste» Programa. Izan ere, programa horren bidez, laguntzak ematen dira, finantza-erakundeekin zorra negoziatzen aditu diren profesionalen zerbitzuak kontratatzeko. Nolanahi ere, programaren zenbait baldintza aldatu beharra dago, eraginkorragoa izan dadin.

Hala, programak positiboki diskriminatzen du berregituratutako zorraren zenbatekoa; 2010 eta 2011 urteetako «Resiste» Programan, berriz, finantza-zor osoa hartzen zen aintzat.

1. artikulua.– Xedea.

Laguntza-programa honen helburua da erakundeek duten finantza-zorraren berregituraketa sustatzea, kanpoko aholkularitza-zerbitzuen kontratazioaren bidez. Hartara, epe ertainean, erakundeek finantza-egoera egonkorragoa izango dute.

Programan sartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu araudi honek.

2. artikulua.– Aplikatu beharreko araudi nagusia.

Programa honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

1.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

2.– 232/2007 Dekretua, prozesu administratiboetan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari buruzkoa.

3.– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, diru-laguntzei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak diren oinarrizko edukiei dagokienez.

4.– Europako Batzordearen 1998/2006 (EE) Erregelamendua, Minimis laguntzak aplikatzeari buruzkoa.

5.– Batasunaren aldi baterako markoa, laguntza-neurriei aplika dakiekeena (2011/C 6/05).

6.– Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamendua, kategoriakako salbuespenen Erregelamendu Orokorrari buruzkoa. I. eranskina.

7.– Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituna. 101. eta 102. artikuluak.

8.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honi dagokionez, definizio hauek finkatzen dira:

1.– SPRI. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala.

2.– Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

3.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

b) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentziazko epea zehazteko, Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

4.– Krisialdian dagoen enpresa. Enpresa batek baldintza hauetakoren bat betetzen badu, krisian dagoela ulertuko da:

a) Erantzukizun mugatudun bazkideak dituzten sozietateak. Harpidetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteetan.

b) Erantzukizun mugagabedun bazkideak dituzten sozietateak. Berezko funtsen erdia baino gehiago desagertu bada eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteetan.

c) Enpresa-forma guztietarako. Porrot edo kaudimen-gabeziako prozedurari heltzeko baldintzak betetzen ditu.

Hiru urte baino gutxiagoko ETEak ez dira krisialdian diren enpresatzat hartuko, aurreko «c» hizkian ezarritakoa betetzen dutenean salbu.

5.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, diruz laguntzeko moduko gastuen ehunekoetan adierazia.

6.– Kanpoko kontsultoretza-zerbitzuak. Profesionalak kontratatzea, pertsona fisikoak edo juridikoak, erakundeen finantza-zorra berregituratzeko aholkularitza-lanetan eta finantza-erakundeekin negoziatzen aditu direnak.

7.– Finantza-zorra. Erakundeen zorra, balantzearen 170., 5200. eta 527. epigrafeetan bildutako maileguek eragindakoa (epigrafeok Kontabilitate Plan Orokorrean eta Enpresa Txiki eta Ertainen Kontabilitate Plan Orokorrean jasota daude).

8.– Zorra berregituratzea. Negoziazio bidez, erakunde baten finantza-zorra aldatu, edo aurreko zorra ordezkatuko duen beste zor bat sortzen da. Bi kasuotan, helburua da zorraren baldintzak nabarmen aldatzea, estrategia desberdinen bidez, hala nola, interes-tasen murrizketa, amortizazio-epeen luzatzea, ordainketaren mailaketa, tronkoaren eta interesen ordainketa-gabealdia, edo aurkeztutako bermeen murrizketa.

9.– Erantzukizunpeko aitorpena: erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, honako alderdi hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c) EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, kasu bakoitzari dagokion epigrafean, alta emanda egotea.

d) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, bai eta SPRI Taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

e) Jasotako minimis laguntzak.

f) Proiektu bererako beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzak.

g) Arau honen 5.2.f artikuluan jasotako egoeretako batean ez egotea.

h) Armekiko kolaboraziorik ez izateari buruzko klausula.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– SPRIk 2012ko aurrekontuetan ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak.

2.– Programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora-tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osorik den unearen arabera eta era ordenatuan egingo da esleipena, eta laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie ebazpen bidez.

3.– Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, SPRIko zuzendari nagusiak ebazpen bidez emango du horren berri eta adieraziko zein egunetan agortu den. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRIren web-gunean emango da argitara, eta egun horretatik aurrera ez da beste eskabiderik onartuko.

4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman, eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteko dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Industrian, merkataritzan eta turismoan jarduten duten enpresak izan daitezke programa honetan bilduriko laguntzen onuradun.

2.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta, gutxienez, 10 langile izatea.

b) Diruz lagun daitekeen jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan burutzea.

c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea, bai eta SPRI taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

d) Honako egoeraren batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin kontratuak egiteko debekua edo gaitasungabetzea izatea.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko edo 13/2003 Legearen 13. artikuluko kasuetan egoteagatik, diru-laguntza publikoen onuradun izatea ezinezkoa gertatzea.

Laugarrena.– Krisi-egoeran dagoen enpresa izatea, salbu eta egoera hori 2008ko uztailaren 1az geroztik jazotako ekonomia– eta finantza-krisi globalaren ondoriozkoa bada.

Bosgarrena.– Lehia galarazi, mugatu eta faltsutu dezaketen praktikak.

Seigarrena.– Armak ekoitzi, merkaturatu eta finantzatzen jardutea.

e) Bi milioi eurotik gorako finantza-zorra izatea, itxitako azken ekitaldiko urteko kontuetan ezarritakoaren arabera.

f) Ezein herri-administrazioren partaidetzarik ez izatea.

3.– Ezin izango dira onuradun izan lehendik «Resiste» Programaren onuradun izandako enpresak edo enpresa-taldeak.

4.– Laguntza– eta– likidazio-eskabideak aurkezten diren unean bete beharko dira laguntzen onuradun izateko baldintzak.

6. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko da kanpoko kontsultoretza-zerbitzuen kontratazioa, honako helburu hau izango duena: erakunde eskatzaileari finantza-zorra berregituratzen laguntzeko aholkularitza ematea eta finantza-erakundeekin negoziatzea.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Halakotzat hartuko dira enpresa onuradunen eta kanpo-aholkularien artean libreki hitzartutako ordainsariak.

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplika dakizkiekeen baldintzak.

Gastu hautagarriak balioesteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Programa honen helburu den jarduera diruz lagungarriari erabat loturik egon beharko dute gastu hautagarriek.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastuaren balioa gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxa-irizpidearen araberakoa izango da.

d) Fakturei aplikatzen zaien Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarri izango.

9. artikulua.– Laguntza motak eta zenbatekoak.

1.– Diru-laguntzen erara bideratuko dira deialdi honen helburu diren laguntzak, betiere gastu hautagarrien kostuen % 100aren arteko zenbatekoarekin, eta honako muga hau jarrita:

Diru-laguntzaren zenbatekoa berregituratutako zorrari % 1 aplikatzetik sortutako zenbatekoaren herenaren parekoa izango da eta, gehienez, 100.000 eurokoa, enpresa bakoitzeko eta urteko.

2.– Kanpoko kontsultoren ordainsarien zenbatekoek aurreko muga aplikatzetik ateratzen diren zenbatekoak gainditzen badituzte, enpresak ordainduko du gaindikina oso-osorik.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzia txikiagoko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

2.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza ezin izango da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Hori dela-eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta –laguntza eman duen administrazioa edozein izanik ere–, muga horretatik gorakoa bada.

3.– Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik, gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

4.– Programa honetako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako beste finantzabide batzuk eskuratu ahal izango dituzte, betiere, metaketa horren bidez, gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntza-mugak gainditzen ez badira.

11. artikulua.– Laguntzak eskatzea.

1.– Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, laguntza-eskabidea bete beharko dute, zehazki, SPRIren web-gunean eskuragarri dagoena: http://www.spri.es.

2.– Erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak aurkeztu beharko du laguntza-eskabidea, sinaturik, zigilaturik eta paperezko formatuan, eta SPRIra igorri (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao), edo, bestela, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako tokietara.

Laguntza-eskabidea eta gainerako agiri osagarriak noiz jaso diren aurreko paragrafoan zehaztutako tokietan, egun horixe izango da eskabide-aurkezpenarena.

3.– Erakunde eskatzailearen eta beraren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskabidean.

4.– Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia.

c) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, zeinetan egiaztatzen baita kontu korrontearen titulartasuna eta zenbakia eskabide-egileari dagozkiola.

d) Urteko kontuen kopia, eta enpresan azken bi ekitaldietan jardundako langile-kopurua.

e) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren altaren kopia.

f) Guztizko finantza-zorraren eta berregituratu nahi den zor-zatiaren gaineko memoria.

g) Kanpo-kontsultorearen aurrekontua.

12. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2012ko urriaren 30ean bukatuko da, aurrekontua lehenago agortu ez bada. Eskabideetan, finantza-zorra berregituratzeko 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako eragiketak aurkeztu ahal izango dira.

2.– Laguntza-eskabideak paper-formatuan aurkeztuko dira, eta 11. artikuluko 2. puntuan zehaztutako tokietako erregistroetan sarrera noiz eman zaien, egun horixe izango da eskabide-aurkezpenarena.

13. artikulua.– Ebaluazio– eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko, SPRIren Administrazio Kontseiluak izendatutako lau pertsonek osatutako batzorde betearazle bat sortuko da; eta batzorde horren erabakiak batzar-aktetan jasoko dira.

Akta horrek, nahitaez, honako erabaki hauek jaso beharko ditu, besteak beste: onartutako proiektuak, ezezkoa jaso dutenak, uko egindakoak eta atzera egindakoak.

2.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea. Banan-banan eta eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera egingo da. Aurkezpen-ordena zenbatzeko, espedientea osatzen den unea hartuko da aintzat.

3.– Proiektuak ebaluatzeko, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAko teknikariek egindako proposamen-txostenak hartuko dira aintzat.

Ebaluazio-prozesuan, ekimenetan aldaketak egitea iradoki ahal izango zaie eskatzaileei, proiektuak zehaztutako helburuetara hobeto egokitu daitezen.

4.– Programaren Batzorde Betearazleak zuzeneko esleipenaren bitartez ebatziko ditu laguntza-eskabideak.

5.– Ebazteko epea. Laguntza-eskabidea osorik aurkezten den egunetik 60 eguneko epea ezartzen da ebazteko. Aipatutako epea zenbatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

6.– Ebazpenak, Batzorde Betearazleko idazkariak jakinaraziko dizkio erakunde eskatzaileari, eta bertan honakoak jasoko dira: proiektua zein araudiri atxikitzen zaion, laguntzaren helburua, zenbateko diru-laguntza ematen den, forma, eta bai beharrezko den beste edozein baldintza ere.

7.– Aipatu ebazpena erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, ebazpena emateko Batzorde Betearazleak batzarra egin eta, gehienez ere, 30 eguneko epean.

8.– Aurrekoa eragotzi gabe, ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, eman diren laguntzen berri denek izan dezaten.

14. artikulua.– Likidazio-eskabidea aurkezteko epea.

1.– Jarduera diruz lagungarria amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera bera justifikatu beharko dute, 30 eguneko epean, pasiboa berregituratzen denetik aurrera. Horretarako, SPRIren web-gunean (http://www.spri.es) ezarri diren likidazio-eskabideko inprimakiak bete beharko dituzte.

2.– Erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak aurkeztu beharko du likidazio-eskabidea, sinaturik, zigilaturik eta paperezko formatuan, eta SPRIra igorri (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao), edo, bestela, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako tokietara.

Likidazio-eskabidea eta gainerako agiri osagarriak noiz jaso diren aurreko paragrafoan zehaztutako tokietan, egun horixe izango da eskabide-aurkezpenarena.

3.– Erakunde eskatzailearen eta beraren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Kanpoko zerbitzu profesionalen fakturen fotokopia.

b) Finantza-erakundeak fakturak ordaindu izanaren egiaztagiria.

c) Erakundeak dagozkion zerga-administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

d) Hasierako finantza-zor osoaren eta berregituratutako zorraren gaineko memoria.

e) Finantza-zorra berregituratzeko eragiketaren zenbatekoa egiaztatzen duen mailegu-eskritura edo kreditu-poliza.

15. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzak SPRIk formalizatu eta emango ditu, laguntzaren erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginez, betiere onuradunak aurreko artikuluan adierazi diren egiaztagiriak eta likidazio-eskabidea aurkeztu ondoren.

2.– Gastu hautagarria txikiagoa baldin bada Programaren Batzorde Betearazleak laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino, diru-laguntza proportzionalki doituko da.

3.– Likidazio-eskabidean eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta, gehienez, 60 eguneko epean egingo dizkie ordainketak SPRIk erakunde onuradunei, betiere Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAk egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren.

Epe hori zenbatzeko ez da aintzat hartuko Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAk berrikuspen-lanak egiteko behar duen denbora –18. artikuluko 1. paragrafoko c idatzi-zatian aipatua–, ez eta abuztuko hilabetea ere, ez baita kontsideratzen hilabete balioduna.

16. artikulua.– Laguntza– edo/eta likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza– eta/edo likidazio-eskabidea behar bezala beteta ez badaude, edo 11. eta 14. artikuluetan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, gehienez 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko dio Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAk enpresaren legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.

2.– Aipatu epea igarota, zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazleak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

17. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAk, SPRIren erakunde laguntzaile denez programa honetan, honako zeregin hauek beteko dituzte:

a) Laguntza-eskabideak jaso eta aztertzea.

b) Ebazpena emateko txostenak eta proposamenak prestatzea.

c) Ebazpenak jakinaraztea.

d) Likidazio-eskabideak jaso eta aztertzea.

e) Likidazio-eskabideak ebaztea.

f) Ordainketa-proposamenak SPRIren Administrazio eta Finantza Sailari helaraztea.

g) Programaren finantza-kontrola.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jasotzen denetik 15 eguneko epean erakunde onuradunak espresuki horri uko egiten ez badio Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAren aurrean, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Eman den diru-laguntza, eskatu den xede horretarakoxe erabiltzea.

c) Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAk edo SPRIk agiri osagarriak eska ditzaketela onartzea, bai eta, era berean, bi sozietate horiek izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea ere, betiere lagundu den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Behin betiko fakturak –osorik– artxibatu eta Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea, bost urtez, gastu hautagarriak egiten diren unetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

f) Xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen, edota beste edozein diru-sarreraren edo baliabideren berri ematea Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAri, lehenbailehen eman ere.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den edozer arrazoi aldatu bada, horren berri Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAri ematea.

Akziodunen egituran aldaketarik egin bada eta horrek erakundearen kontrolean aldaketarik ekarri badu, Programaren Batzorde Betearazleari aldez aurretik baimena eskatzea, diru-laguntzaren gaineko ebazpena ematen den egunetik hiru urteko epean.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntzak emateko kontuan izandako baldintzetan aldaketaren bat gertatuz gero. eta, edonola ere, xede bererako beste diru-laguntza zein laguntzarik edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, Programaren Batzorde Betearazleak jarduerak gauzatzeko luzapena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; eta, hala izanez gero, laguntzaren ordainketa ere atzeratu egin ahal izango da, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.

3.– Jarduerek laguntza-eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jasotakoak izan beharko dute ezinbestean; hala ere, Programaren Batzorde Betearazleak jarduera horietan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak, jarduerak amaitu aurretik, aldaketak erabat justifikatzen baditu eta jarduera horien izaera eta helburuak –programa honetan hasieratik ezarritakoak– aldatzen ez badira.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek ez badute betetzen araudi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunen bat edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRIri itzuli beharko dizkiote une horretara arte jasotako diru-laguntzen zenbatekoak eta legezko interesak, eta, behar izanez gero, legezko ekintzak baliatu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hauek joko dira ez betetzetzat:

a) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea, edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

b) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

c) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea, edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAko teknikariei dagokie ez-betetzea egiaztatzeko espedienteari hasiera ematea, berau izapidetzea eta kasuan kasuko txostena ematea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lehenengoa.– Baliogabetuta eta ondoriorik gabe geratzen da «Resiste» Laguntza Programaren araudia (2011ko maiatzaren 18ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), salbu eta 2010. eta 2011. urteetako likidazio-eskabideak, aurkezteke daudenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erakunde onuradunek SPRIrengandik laguntza jaso dutela agertu beharko dute, programa honekin lotutako argitalpen eta sustapeneko jarduera guztietan.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, helarazten dizkiguten izaera pertsonaleko datuak «LAGUNTZAK» izeneko fitxategian bilduko dira. Hori guztiaren arduraduna SPRI da (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao).

Fitxategi horren helburua da SPRIk diseinatu eta/edo kudeatutako laguntza/diru-laguntzako espedienteak kudeatzea. Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, arlo horretan eskumena duen administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie, hala behar izanez gero.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziari fitxategi horren berri eman zaio; fitxategiak, bestalde, datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak betetzen ditu.

Nolanahi ere, emandako datuetara sartzeko aukera dago, baita, behar izanez gero, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko aukera ere, betiere, adierazitako legean ezarritakoaren arabera. Horretarako, jakinarazpen bat bidali beharko zaio, idatziz, SPRIko Segurtasuneko arduradunari, helbide honetara: lopd@spri.es.

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza-izaerakoa da eta jurisdikzio-eskumena epaile eta epaitegi zibilena da. Erakunde onuradunak, dagokien edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan –zuzenean edo zeharka– sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko, Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskumena dutenak.

Laugarrena.– SPRIren zuzendari nagusiari eskumena ematen zaio araudi hau gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2012ko martxoaren 29a.

Zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala