Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2012ko maiatzaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2388

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 23koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-entitate batzuei, toki-erakunde autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko eskumena du.

Eskumen hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak betetzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak eta horien jardute-arloak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzko lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak 15. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

Gaur egungo bi ingurumen-erronka nagusiak klima-aldaketaren aurkako borroka eta biodibertsitatearen kudeaketa eta kontserbazioa dira.

Lehenengo ardatza etorkizuna bermatzea, klima-aldaketaren aurka aritzea eta haren ondorioetarako prestatzea da. Klima-aldaketa XXI. mendeko ingurumen-erronka nagusia da, Nazio Batuek esan dutenez. Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Panelaren (IPCC) txostenen arabera, lurraren klima dagoeneko aldatu da, atmosferan negutegi efektuko gasak pilatzearen ondorioz. Eusko Jaurlaritzarentzat, klima-aldaketaren aurkako borroka eta energiarekin eta bestelako baliabide naturalekin mendetasun txikiagoa duen ekonomia baterako trantsizioa lehentasun dira ingurumenaren alorrean datozen urteetarako. Horrela, bat egiten du, zalantzarik gabe, nazioartean arazo larri honen aurrean egiten ari den ahaleginarekin. Konpromiso hau lehendakariak 2009ko ekainaren 5ean aurkeztutako Urdaibaiko Adierazpenean eta 2010eko irailean aurkeztutako Klima Aldaketaren Euskal Legearen Aurreproiektuaren aurkezpenean jasota dago.

Bigarren ardatza geure kapital naturala indartzea da, hau da, gure biodibertsitatea babestea. Dibertsitate ekologikoa edo biodibertsitatea galtzea ingurumeneko joerarik kezkagarrienetako bat da mundu osoan. Biodibertsitatearen galera etetea Europako Batasunaren ingurumen-politikako helburu nagusietako bat eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutako lehentasunetako bat da.

Erronka handi horiekin batera, gure hiriguneetako ingurumen-kalitatea ere hobetu beharra dago, pertsonen bizi-kalitatea zaintzeko giltzarria baita. Airearen kalitatea baldintzarik funtsezkoenetako bat da gizakien osasunean eta ekosisteman inpaktu kaltegarriak ekiditeko.

Gainera, lurraren kalitatea babestea eta haren kutsadura prebenitzea gure lurraldeko ingurumen-gairik garrantzitsuenetako bat izan da eta izaten jarraitzen du.

Aipatutako erronken tamainak elkarrizketaren eta adostasunaren ekintza koordinatua eskatzen du zerikusia duten administrazioen, herritarren, gizarte erakundeen eta enpresen artean. Testuinguru honetan, toki administrazioek funtsezko papera daukate aipatutako erronkei aurre egiten laguntzen duten ekintzak burutzeko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, bere Berdintasun Politikako Dokumentu Programatikoarekin bat etorriz (2010ean onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen V. Berdintasun Planaren esparruan), beren garapenerako berdintasun-politika bereganatzen duten jardunak kontuan izango ditu, eta izaera estrategikoa aitortuko die, 15. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz. Era berean, euskararen erabilera normalizatzeko bere planarekin bat etorriz, deialdiak exijitzen du diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntz irizpideak txerta daitezela.

Horrekin bat etorriz, eta abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, eman didan eskumena erabiliz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren konturako laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu behar zaizkien gainerako xedapenekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak gauzatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, beste toki entitate batzuek, toki erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza sozietateek jaso ditzaketen diru-laguntzen deialdia arautzea da agindu honen xedea, lerro hauekin bat etorriz:

a) Kutsatutako lurzoruak. Tokiko titulartasun publikoko lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko lanak sustatzen dituzten ekintzak.

b) Atmosfera. Inguruneko airearen kalitatea hobetzea sustatzen duten ekintzak eta negutegi-efektuko gasen emisioa zuzenean murrizten duten ekintzak. Aurrerantzean klima-aldaketako eta airearen kalitateko ekintzak izendatuko ditugu.

c) Biodibertsitatea. EAEko dibertsitate biologikoa gehitzea sustatzen duten ekintzak.

2. artikulua.– Diru-laguntzen xede diren ekintzetarako betekizunak.

1.– Hasteko epea.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete diru-laguntza.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, ekintzek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Kutsatutako lurren lerroan.

Kutsatutako lurrak ikertzeko eta leheneratzeko ekintzak, kutsagarriak izan daitezkeen industri jarduerak eduki dituzten lurzoruetan eta hondakin geldo edo geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretua indarrean sartu aurretik bere jarduera bertan behera utzi zituzten kontrolatu gabeko antzinako hondakinen biltegietan egiten direnak, diruz lagunduko dira, baldin eta lurzorua leheneratzearen helburua lurzoruaren kalitatea kokalekuaren azken erabilerarekin bateragarri egitea bada eta azken erabilera gizarte izaerakoa izatea lehenesten bada.

Aipatutako ekintzek diru-laguntza jasoko dute tokiko titulartasuneko lurretan egiten badira soilik. Beti ere beste behartutako bat ez badago, diruz lagunduko den jarduera egiteko lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legediaren arabera edo behartuak ezin badu jarduera bete konkurtsoan dagoelako. Titulartasun partekatua daukaten lurretan egingo diren proiektuak direnean, laguntzaren zenbatekoa udal edo entitate eskatzailearen titulartasun-portzentajearen arabera kalkulatuko da.

Entitate eskatzaileak otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean sartu aurretik, hau da, 2005eko maiatzaren 16a baino lehenago, izan behar du formalizatuta kasuan kasuko lurzoruaren eskuraketa (1/2005 Legea, otsailaren 4koa, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa); udalak lurzoruen titulartasuna bere aldeko kreditu baten ordainez eta nahitaezko betearazpen bidez jaso badu, betekizun hau ez da ezinbestekoa izango.

Lurzoru publikoak leheneratzeko ekintzak etxebizitzak eraikitzeko edo lurzoru industrial bihurtzeko egiten badira, ezin izango da diru-laguntzarik jaso.

b) Atmosferaren lerroan.

Ondoko hauek sustatzen dituzten ekintzek diru-laguntzak jaso ahalko dituzte:

1.– Klima aldaketaren aurkako borroka, negutegi efektuko gasen emisioak zuzenean murriztuz.

2.– Inguruneko airearen kalitatea hobetzea, PM10ari dagokionez.

Inbertsio subentzionagarriei bideratutako ikerketak edota muga baloreak gainditzen dituzten udalerrietako aire kalitatea hobetzeko neurriak ikertzea helburu duten ikerketak diruz lagundu daitezke, baita ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea suposatzen duten proiektuak ere.

Ekintza hauek ezin izango dute diru-laguntzarik jaso:

– Klima aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak, adibidez, bizikleten aparkalekuak jartzea, bidegorriak egitea (sare baten barruan daudenak izan ezik) edo bide zati txikiak oinezkoentzat jartzeko ekintzak.

– Hiri hondakin solidoak kudeatzeko ekintzak.

c) Biodibertsitatearen lerroan.

Biodibertsitatearen gehikuntza (espezie kopurua) sustatzen duten ekintzak diruz lagun daitezke. Espeziei dagokionez EAEko Natura Babesteko 16/1994 Legeak sortutako Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan batutakoak kontutan hartuko dira. Ekintza horiek honelakoak izan daitezke:

– Habitat naturalak ingurumenaren aldetik birsortzea edo leheneratzea.

– Katalogatutako basa flora eta fauna espezieak babesteko eta kontserbatzeko neurriak hartzea.

– Espezie exotiko inbaditzaileak kentzea.

– Degradatutako espazioak birsortzea.

– Paisaia hobetzeko eta leheneratzeko jardunak edota lurraldearen konektibitate ekologikoa laguntzen dutenak.

Inguru urbanoan gauzatutako proiektuak (parke edo lorategien edo zein eremu naturalen edo natura izaerari iraulitakoen sorrera) Biodibertsitateko proiektuak diruz lagundu daitezke, beti ere biodibertsitatearen gehikuntza bat suposatzen badute.

Proiektuak idazteko edo liburuxkak argitaratzeko bakarrik egiten diren eskabideek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

3. artikulua.– Aurrekontuko diru-dotazioa.

1.– Lehenengo artikuluan zehaztutako ekintzetarako aurrekontuko diru-dotazio osoa hauxe izango da: 3.705.000 (hiru milioi zazpiehun eta bost mila) euro, agindu honetako xedapen gehigarrian xedatutakoari kalterik egin gabe. Zenbateko hori honela banakatzen da:

1.1.– Kutsatutako lurzoruen lerrorako. Gehienez 805.000 (zortziehun eta bost mila) euro erabiliko dira. Lerro honetan jardunak bi bloketan sailkatuko dira: lurzoruaren kalitatearen ikerkuntzak eta leheneratzeak. Lerro honetarako bideratuko den aurrekontua honela banatuko da: 402.500 (laurehun bi mila eta bostehun) euro lurzoruaren kalitatea ikertzeko partidarako eta 402.500 (laurehun bi mila eta bostehun) euro leheneratzeen partidarako. Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako ikerkuntzen edo leheneratzeen blokeetako bateko diru-zenbatekoa ez bada agortzen, diru hori beste blokeari esleitu ahalko zaio.

1.2.– Atmosferaren lerrorako. Gehienez 1.400.000 (miloi bat laurehun mila) euro erabiliko dira.

1.3.– Biodibertsitatearen lerrorako. Gehienez 1.500.000 (miloi bat bostehun mila) euro erabiliko dira.

2.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jardun lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio, Eskola 21 Agenda lerrorako izan ezik, agindu honetako 13. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenaren arabera. Inguruabar hori Ingurumeneko sailburuordeak diru-laguntzak emateko egiten duen ebazpenean aipatuko da.

4. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, beste toki-entitate batzuk, toki-erakunde autonomoak eta tokiko merkataritza-sozietateak izan daitezke agindu honek arautzen dituen diru-laguntzen entitate onuradunak.

Tokiko merkataritzasozietateek baldintza hauek bete behar dituzte: beraien kapital soziala titulartasun publikokoa izatea eta bazkideen gehiengoa udalak izatea. Gainera, parte hartzen duten udalerrietako alkateek izendatu behar dituzte diru-laguntzaren xede den jarduna egiteko.

2.– Diru-laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

3.– Ezin izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean ezarritakoa.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal diren gastuak izango dira lehenengo artikuluan ezarritako ekintzak egitetik eratortzen direnak.

2.– Gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Diruz laguntzen diren ekintzen Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkionak.

b) Komunikazio, parte-hartze, informazio edo sentsibilizazio kanpainei dagozkienak, salbu eta biodibertsitateari dagozkion ekintzak.

c) Beharrezkoak ez diren edo behar bezala justifikatu ez diren gastuak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek, nolanahi ere, 13. artikuluan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu.

d) Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako pertsonaleko gastuak eta diruz lagunduko ez diren gainontzeko gastuak, diru-laguntza arautzen duen araudiari jarraiki.

6. artikulua.– Diru-laguntza eskabideak aurkezteko mugak.

1.– Kutsatutako lurzoruen lerrorako, eskatzaile bakoitzak egoki irizten zaien ekintza guztietarako diru-laguntza eskabideak aurkez daitezke. Jardun bat baino gehiagok jaso dezake diru-laguntza, eskuratutako puntuazioaren arabera.

2.– Atmosfera lerrorako, bi eskaera aurkeztu ahal izango dira: bata, klimaren aldaketako ekintza baterako; eta bestea, airearen kalitateko ekintza baterako.

3.– Biodibertsitateko ekintzetarako, ez dago mugarik aurkeztu ahal diren diru-laguntza eskabideen kopuruan, baina puntuaziorik handiena jasotzen duen jardunerako soilik emango da diru-laguntza.

4.– Gorago ezarritako mugak ez badira kontuan hartzen, eskera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, egindako laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.

7. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-laguntza batzuekin, betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik ez badago. Gertatzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehienezko mugara arte.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabideak Ingurumeneko sailburuordeari zuzendu behar zaizkio. Aurkeztu, berriz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Erregistro Nagusian (Donostia kalea, 1, 01010, Vitoria-Gasteiz); Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzetan; Zuzenean Zerbitzuaren herritarrei arreta egiteko guneetan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetako edozeinetan aurkez daitezke.

3.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eskabidea egiten duten entitateei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak laguntza-lerro hauek kudeatzeko fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horiek Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburuaren 2005eko martxoaren 23ko Aginduan (Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena) aipatzen dira. Era berean, jakinarazten da deialdi honetan parte hartzeak berekin dakarrela ukitutako pertsonek beren datu pertsonalak erabiltzea onartzea, 18.h) artikuluan azaldutako helburuarekin. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, hona jo behar da: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila; Zerbitzuen Zuzendaritza; Donostia kalea, 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.

9. artikulua.– Diru-laguntza eskabideak.

1.– Diru-laguntza eskabide bakoitzaren 2 kopia osorik aurkeztuko dira.

2.– Eskatzen duen entitatearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontutan harturik, eskabide guztiekin batera, derrigorrez, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea, alkateak edo mankomunitateko, toki-entitateko, tokiko erakunde autonomoko edo tokiko merkataritza-sozietateko lehendakariak sinatuta.

b) Eskatutako diru-laguntzaren xedea den jarduna egitea eta hura finantzatzeko toki erakundearen ekarpena onesteko erabakia.

c) Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, helburu berarekin diru-laguntzak, laguntzak edo sarrerak eskatu edo jaso diren azaltzen duena.

d) Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, toki erakundea 4. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako inguruabarretako batean ere ez dagoela azaltzen duena.

e) Eskabidea egiten duen entitatea tokiko merkataritza-sozietatea baldin bada, aurreko idatzi-zatietan eskatutako dokumentazioaz gain, ondoko hauek aurkeztu beharko ditu: jarduna egingo den udalerrietako alkateen onespen-erabakia, entitate hori jarduna egiteko izendatzen duena; Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia; diru-laguntza eskatu duen pertsonaren alde emandako ordezkaritza-ahalgoaren fotokopia, merkataritza erregistroan inskribatua, eta haren NANaren fotokopia; merkataritza erregistroan inskribatutako estatutuen fotokopia; zerga betebeharretan egunean egotearen ziurtagiria, eta gizarte segurantzarekiko betebeharretan egunean egotearen ziurtagiria. Ordezkaritza-ahalgoaren eta estatutuen kopia bakarra aurkeztuko du eskabidea egiten duen merkataritza-sozietate bakoitzak. Aurreko lau urteetan merkataritza-sozietateak ingurumen organoari diru-laguntza eskatu badio, eta eskatzaileak adierazten badu aurkeztu zituen dokumentuetan ez dela aldaketarik gertatu orduan aurkeztutako eskabideaz geroztik, betekizun hau bete beharrean, nahikoa izango da dokumentazioa zein egunetan eta zein deialditarako aurkeztu zuen adieraztea.

f) Eskabidea eta jarduna azaltzen duen memoria eta aurrekontua xehatua, lerro bakoitzerako behar bezala betea, agindu honen eranskinetan ageri diren ereduen arabera. Finantzaketa eskatu den jarduna hobeto aztertu ahal izateko behar diren gainerako dokumentuak.

g) Biodibertsitaterako ekintzen kasuan, hala dagokionean, proiektua aurkeztu beharko da, erakunde eskudunak onetsia; baita erakunde eskudunek proiektua garatzeko behar dituzten baimenak, eta ekintzak egiten diren lursailen eskuragarritasun edo jabetza ziurtagiria ere.

h) Kutsatutako lurzoruen lerroaren kasuan, entitate onuradunak kokalekuaren titulartasun publikoa ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, adibidez, jabetza erregistroaren ohar sinplea edo entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, jabetza publikoa dela agerrarazten duena.

Gainera, osoko bilkuraren erabakia (edo baliokidea) ere aurkeztu beharko da, kokalekua berrerabiltzean gainbaliorik sortzen baldin bada diru-laguntza itzultzeko konpromisoa hartzen duena, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

i) Erakundearen idazkariak emandako egiaztagiria, dirulaguntza eskatzearen arrazoia izan den ekimena aurrera eramateko behar besteko zuzkidura badagoela esaten duena.

3. Balorazio handiagoa lortzeko helburuarekin borondatezko izaerarekin, eskabideei, hurrengo dokumentazioa gehituko zaio.

a) Hala badagokio, Tokiko 21 Agenda ezartzeko prozesuari ekin zaiola ziurtatzen duen agiria, Tokiko 21 Agendaren Ekintza Plana udalaren osoko bilkuran onetsi izanaren Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria edo Tokiko 21 Agendaren prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena.

b) Hala badagokio, Airearen Kalitatearen Ekintza Plana ezartzeko prozesua hasi izanaren Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria edo hura udalaren osoko bilkuran onetsi izanaren Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria.

c) 15. artikuluan zehaztutako balorazio irizpide guzti-guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren informazioak.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako hutsen zuzenketa.

12. artikuluan aurreikusten den erakunde kolaboratzaileak ikusiko balu aurkeztu den eskabideak ez dituela aurreko artikuluetan zehaztutako baldintza guztiak betetzen, horren berri emango dio Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, beharrezkoa balitz, eskumena duen organoak eskaera egin duen erakundeari eska diezaion akatsa zuzentzeko, edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan, eta adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Ingurumen sailburuak ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

11. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumenaren Plangintzaren Zuzendaritzari, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari eta Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzari dagokie deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

12. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe SA sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako terminoetan.

2.– Ihobe SAk, entitate laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratzea eta, hala badagokio, hutsegiteak zuzentzeko proposatzea.

b) Eskabidea egiten duten entitateek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten egiaztatzea.

c) 13. artikuluan ezarritako organo ebaluatzailearekin lankidetzan aritzea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, 15. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideekin bat etorriz.

d) Jarduera burutzen den egiaztatzea, eta diru-laguntzaren emakidan azaltzen den helburua betetzen den egiaztatzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duten entitateek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez baloratzea.

f) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duen agiriak egiaztatzea.

g) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, entitate onuradunak agindu honetan ezarritako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik egokitzen direnak barne.

13. artikulua.– Organo ebaluatzailea.

1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, organo ebaluatzaile bat eratuko da. Hauek izango dira organo horretako kideak: Ingurumenaren Kalitatearen zuzendaria, Ingurumenaren Plangintzaren zuzendaria, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendaria eta Ihobe SA Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.

2.– Organo ebaluatzaileak Ingurumeneko sailburuordeari ebazpen proposamena egingo dio. Proposamen hori 15. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak, diru laguntza jasoko ez duten proiektuak, ezeztatutako eskaerak diru-laguntzen zenbatekoa eta beste edo ebazpen beharreko edozein motatako inguruabarrak zehaztuko ditu.

14. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzen zenbatekoek gehienezko muga hauek izango dituzte:

a) Kutsatutako lurzoruen lerrorako:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 75.000 eurokoa da ikerkuntza-proiektu bakoitzeko eta 150.000 eurokoa leheneratzeko proiektu bakoitzeko.

b) Atmosferaren lerrorako.

Laguntzak ezin dira izan diruz lagundu ahal diren gastuen zenbatekoaren % 70 baino gehiagokoak, ezta 150.000 euro baino gehiagokoak proiektu bakoitzeko.

Ibilgailuen erostea helburu duten proiektuak, gehienez 50.000 euroko kopuruaz lagunduko dira.

c) Biodibertsitatearen lerrorako.

Laguntzak ezin dira izan diruz lagundu ahal diren gastuen zenbatekoaren % 85 baino gehiagokoak.

Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 150.000 euro da proiektu bakoitzeko.

15. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak 3.1 artikuluan aipatzen diren multzo eta azpimultzoetako bakoitzean emango dira, lehiaketa bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluaz bat. Dena delako jarduerak dirulaguntza jaso ahal izateko, dagokion balorazio-fasean, eta artikulu honetako 2. paragrafoan zehazten diren irizpideekin bat, 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez, organo ebaluatzailearen ustez.

50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun ordenak ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Honako irizpidea bakarrik hartuko da kontutan; 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina ez badago. Kasu honetan, lehenengo puntuazio altuagoa lortutako proiektuak ordainduko dira, ekintza baikotzako lerroan aurrekontu kreditua agortu arte.

Proiektu bakoitzari egokitutako dirulaguntza, agindu honen 5. eta 14. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.

2.– Diru-laguntzak esleitzeko, ondoko irizpide hauek erabiliko dira, eta kasu bakoitzean zehazten den haztapena egin beharko da:

2.1.– Kutsatutako lurzoruen lerrorako:

a) Osoko bilkuran edota baliokidean ekintza plana onestea, eta AL21 prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena. % 10 gehienez.

b) Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Izaera hori aitortuko zaio lurzoruaren tratamendua tokian bertan egiteari, indusketak eta isurketak erabili beharrean. % 10 gehienez.

c) Gizakien osasunean edota ingurumenean izan daitezkeen eraginak, kokalekuan eta inguruko lurretan. % 65 gehienez.

d) Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna, eta izaera estrapolagarria. % 15 gehienez.

2.2.– Atmosferaren lerrorako:

a) Tokiko 21 Agendako tokiko ekintza-plana onartzea osoko bilkuraren erabakiz (edo baliokidea), eta AL21 prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena, edota alkateen adostutako hitzarmena edota klima-aldaketari buruzko ordenantza bat. % 10 gehienez.

b) Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz (II. eranskinean zehaztu dira). Izaera hori izango dute hiri-mugikortasun jasangarriko ekintzek; plangintza prozesuan emisioak murrizteko irizpideak edo klima aldaketari egokitzeko irizpideak dauzkatenek, eta muga-balioak gainditzen diren zonetan PM10 murrizteko proiektuek. % 30 gehienez.

c) Ekintzaren emaitzak (ingurumeneko inpaktu eta presioen murrizpena eta onuradunen kopurua). % 30 gehienez.

d) Jardunaren kalitatea eta bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eta ekintzaren izaera estrapolagarria. % 30 gehienez.

2.3.– Biodibertsitatearen lerrorako:

a) Tokiko 21 Agendako tokiko ekintza-planaren onespena osoko bilkuraren erabakiz (edo baliokidea), eta AL21 prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena. % 5 gehienez.

b) Proposamenaren kalitatea, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. % 20 gehienez.

c) Jardunaren eraginkortasuna. % 30 gehienez. Kuantifikatzeko moduko eragina, lurraldean bizi daitezkeen espeziei dagokien biodibertsitate gehikuntzaren gainean. Irizpide honekin lotuta, eragin zuzena izan dezaketen proiektuek lehentasuna izango dute ikerketa hutsen aurretik.

d) Konektibitate ekologikoaren gaineko eragin kuantifikagarriak. % 5 gehienez.

e) Hezeguneak leheneratzea. % 5 gehienez.

f) Baso autoktonoa birsortzea. % 5 gehienez.

g) 2000 Natura Sarean sartutako espazioetan egiten diren ekintzak. % 30 gehienez.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ingurumen sailburuordeak, organo ebaluatzaileak egindako proposamena kontuan izanda, ebazpena emango du, eta horren berri interesatuei emango zaie, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

2.– Ebazpenean laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein erakundek jaso duen, zein den laguntza jaso duen proiektua eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez du amaituko administrazio-bidea, eta bere aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.-Prozeduraz ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi egin direla pentsatu beharko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan esaten direnetarako; dena den, lege horrek administrazioak derrigorrez ebatzi beharko duela zehazten du.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Emandako diru-laguntzaren ordainketa egiterakoan, lerroetako bakoitzerako banaketa hau egingo da:

a) Kutsatutako lurzoruetarako, diruz lagundutako zenbatekoaren % 20 laguntza onartutakoan, 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Gainerako dirua, proiektuaren azken dokumentazioa aurkeztutakoan, hura gauzatzeko azken egunetik aurrera bi hilabeteko epean gehienez.

b) Atmosferarako, diruz lagundutako zenbatekoaren % 10 laguntza onartutakoan, 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Gainerako dirua, proiektuaren azken dokumentazioa aurkeztutakoan, hura gauzatzeko azken egunetik aurrera bi hilabeteko epean gehienez.

c) Biodibertsitaterako, diruz lagundutako zenbatekoaren % 8 laguntza onartutakoan, 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Gainerako dirua, proiektuaren azken dokumentazioa aurkeztean, hura gauzatzeko azken egunetik aurrera bi hilabeteko epean gehienez.

2.– Azken ordainketa egin ahal izateko baldintza izango da entitate laguntzailearen aurrean (Ihobe SA) ondoko dokumentu hauek aurkeztea, aurreko paragrafoan aipatutako egunetan:

a) Tokiko erakundearen idazkariak egindako ziurtagiria, emandako diru-laguntzaren xedea eta helburua bete direla adierazten duena.

b) Diruz lagundutako jarduerak egin direla azaltzen duen memoria. A priori jarritako helburuei dagokienez ingurumenaren gaineko eraginak eta presioak benetan zenbateraino gutxitu edo gehitu diren biodibertsitate proiektuetan.

c) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten ordainagirien edo ordainketa-frogagirien originalak edo fotokopia konpultsatuak.

d) Sarrera eta gastuen zerrenda; hala badagokio, helburu berbererako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da.

18. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak jaso behar dituzten erakundeek betebehar hauek izango dituzte, beti:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hala eginez gero, agindu honetan aipatutako arau eta baldintza guztiak ere onartuko dituzte. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diruz lagundutako ekintza 2013ko abenduaren 31 baino lehenago egitea, eta egin dela justifikatzea.

c) Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, diru-laguntza xede jakin horretara bideratzea, 19. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu ezean.

d) Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan eta 10 egun asteguneko epean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, baita organo emailea eta laguntzaren edo diru-laguntzaren zenbatekoa ere.

e) Halaber, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar, nola objektibo hala subjektibo, aldatuz gero, goian ezarritako epearen barruan horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari.

f) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa aipatu beharko da egiten diren dokumentuetan eta sortzen den publizitate guztian. Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera sartuko da (http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r482312/eu/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/identidad_corporativa.html).

g) Diru-laguntza jasotzen duen tokiko entitatea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean (Udalsarea 21) baldin badago, sare horren logotipoa ere sartu beharko da.

h) Diruz lagundutako ekimena amaitzean memoria bat egitea, diru-laguntzaren bigarren kuota ordaindu aurretik, beraren ezaugarri esanguratsuenak, ingurumenarentzako onurak eta emaitza neurgarriak deskribatuz. Memoria hori egiteko, agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaileak zenbait datu, diru-laguntzen lerro ezberdinen arabera nahitaez eduki beharko dituenak, zehaztu ahalko ditu. Memoria hori formatu elektronikoan eman beharko zaio sailari. Era berean, aurkeztutako dokumentazioan dagoen informazio tekniko eta grafikoa formatu editagarrian erabiltzeko eskubidea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari lagako zaio, dohainik eta modu ez-esklusiboan, sail horren informazio sistemetan sartzeko eta erabiltzeko, baita beste edozein bitarteko eta formatutan (bibliografikoak, ikus-entzunezkoak, informatikoak edo teknikaren erabilerak ahalbideratzen dituenak) zabaltzeko edota argitaratzeko.

i) Jendaurrean hedatzeko egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Jardunak herritarrekiko harremana edo arreta eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubideak bermatuko dira.

j) Argitalpenik egiten bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, gutxienez, argitalpenaren 10 ale eta eskuliburuen 25 ale eman beharko zaizkio.

k) Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

l) Ihobe SA entitate laguntzaileak eta diru-laguntza ematen duen organoak egingo dituzten egiaztatze-jarduerak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin behar dituzten kontrol jarduerak onartzea. Deialdi honen kontura jaso diren diru-laguntzei buruz erakunde horiei beren funtzioak betez eskatzen duten informazioa eman beharko zaie.

m) Kutsatutako lurzoruen kasuan aurreikusitako xederako berariaz:

1.– Entitate onuradunak ikertu edo leheneratuko den lurzoruaren tokiko titulartasun publikoa mantentzeko konpromisoa hartuko du, gutxienez 5 urtez diru-laguntza ematen zaionetik aurrera (titulartasuna osoa edo partziala izan daiteke, eskabidea egiteko unean zenaren arabera).

2.– Entitate onuradunak urtero Ingurumen Sailburuordetzari ziurtagiri bat, dagokion udaleko idazkariak sinatua, bidaltzeko konpromisoa hartzen du. Ziurtagiri horretan adierazi behar du udalak ikertuko edo leheneratuko den lurzoruaren tokiko titulartasun publikoa mantentzen duela (osoa edo partziala, eskabidea egiteko unean zenaren arabera).

3.– Entitate onuradunak, kokalekua berrerabiltzean gainbaliorik sortzen baldin bada, diru-laguntza itzuli beharko du, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 29.5 artikulua betez.

4.– Eskabidea egin duen entitateak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du diru-laguntzaren xedea den kokalekuko lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedura egiteko, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearekin bat etorriz. Lurzoruaren kalitatea leheneratzeko laguntzen kasuan, lurzoruaren kalitatea adierazteko ebazpena eta saneamendu proiektuaren onespena, Ingurumen Sailburuordetzak emanda, eduki behar dira. Nolanahi ere, eskabidea egiten duen entitateak konpromisoa hartzen du prozeduraren fase guztietan agintzen zaizkion neurriak ezartzeko.

5.-Diruz laguntzen diren ekintzak egiterakoan, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena) exijitutakoa bete behar da.

6.– Lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedurak exijitzen duen dokumentazioa aurkezteaz gain, diru-laguntza kontrolatzeko prozesuaren esparruan, beharrezkoa izango da Ingurumeneko Sailburuordetzak ikerkuntza estrategiak onestea, gauzatu aurretik, eta organo horri kronograma eta hasierako data zehatza eta lurzoruaren kalitatearen ikerkuntza edota leheneratzea jakinaraztea.

7.– Eskabidea egiten duen entitateak Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa bete beharko du, bere jardun eremuaren barruan dauden eta lege hori dagokien lurzoruetako edozein kudeatzeko.

n) Diru-laguntza honen ezaugarriak dituzten diru-laguntzei, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eremuan emanak, nahitaez aplikatu behar zaizkien gainerako betebeharrak.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke, betiere diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Ondorio horietarako, Ingurumen sailburuordeak kasuan kasuko likidazio ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko edo, behar izanez gero, soberan jasotako zenbatekoak itzultzeko agintzeko.

2.– Dirulaguntza jaso duen jarduera egin eta amaitzeko epeari dagokionez, onuraduna den erakundearen borondatez kanpoko arrazoiak daudenean, eta behar bezala zuritzen bada, erakunde horrek, azken epea amaitu baino lehen, aldez aurretik zehaztutako epeak handitzeko eskatu ahal izango du, dirulaguntza jaso duen jarduera amaitzeko. Luzatzen den epe hori ezingo da izan hasieran emandakoa baino urtebete luzeagoa, eta horretarako, gainera, Ingurumen sailburuaren ebazpenaren bidez onartu beharko da epea luzatzeko eskaera, organo ebaluatzaileak aldeko txostena egin ostean.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, aldez aurretik interesdunari iritzia emateko aukera emanez; gainera, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hala badagokio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa betetzeko.

2.– Era berean, diru-laguntza honen xede den jardueraren kostuaren gain jasotako kopurua itzuliko du, beste laguntza edo diru-laguntzekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 7. artikuluan adierazitakoarekin bat etorrita; nolanahi ere, zehapenak eta kalte-ordainak jarri ahal izango dira sortutako kalteengatik, eta hala badagokio, zigor erantzukizuna eskatu ahal izango da. Aipatutako kopuruak sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion ondorioetarako.

21. artikulua.– Errekurtsoak.

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

3. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez duen aurrekonturik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Zenbatekoa aldatzen bada, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da argitara.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek berariaz aurreikusi gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean –urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeaz aldatu zen lege hori– eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitakoan– jasotako arauak aplikatuko dira.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 23a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

María del Pilar Unzalu Pérez de Eulate.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala