Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2012ko maiatzaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2383

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; honen bidez, unibertsitateaz kanpoko ikasketak –heziketa-zikloak izan ezik– ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta ren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei dei egiten zaie hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, eta 2012-2013 ikasturtean zehar proiektu horiek aurrera ateratzeko diru-laguntzak emateko baldintzak edo betekizunak ezartzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hainbat deialdi egin ditu hezkuntza-sistema eguneratu eta gizarte-beharrizanei egokitzeko, eta deialdiotan beti ahalegindu da unean uneko alderdirik egokienetan eragiten.

Curriculumean gaitasunak sartu dira, eta ondorioz azpimarratu egiten da zein garrantzia duen ikasleak prestatzea ikasketak integratzeko gai izan daitezen, eduki mota desberdinak harremanetan jarriaz eta eraginkortasunez erabiliz hainbat egoera eta testuingurutan behar dituztenean.

Ikuspegi-aldaketa horrek irakasle aktiboak behar ditu, eta irakasleek, berriz, etengabeko prestakuntza izan behar dute ikastetxean bertan eta lankidetza-giroan. Horrela, curriculum-arloez dituzten ezagutzak eta ulermena sakonduko dute; era beran, ikasi eta irakasteko estrategien errepertorioa zabaldu eta horiek martxan jartzeko duten gaitasuna areagotuko dute: bertan, ikastetxean prestatzeko eta berritzeko prozesuak uztartuko dituzte.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak badaki ikastetxeetan esku hartzen duenean, ikastetxeetako lan-testuingurua kontuan hartu behar duela, eta hezkuntza-sistema eguneratzea bermatzeko, uztartu egin nahi ditu irakasleen etengabeko prestakuntza eta ikastetxeetako ohiko dinamikan eragin positiboa duten berrikuntza-ekintzak. Prestatzeko eta berritzeko prozesu hori, berriz, lotu egin behar zaie hobetzeko planei eta indarrean den curriculumaren garapenari.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren – azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartuaren– VI. tituluan ezarritako xedapenekin (Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 23ko 6/2011 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aski aurrekontu-izendapen badagoenez (2/2009 Legearen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da, batetik, dei egitea unibertsitatez kanpoko edozein mota eta mailatako ikasketak (heziketa-zikloak izan ezik) ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta ren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei –bakar-bakarrik heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxeei izan ezik– hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko gaitasunei lotutako hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak aurkez ditzaten, eta, bestetik, 2012-2013 ikasturtean zehar eta proiektu horiek aurrera ateratzeko diru-laguntzak emateko baldintzak edo betekizunak ezartzea.

2.– Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan beren beregi ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz. Guztira, berrehun eta hogei mila (220.000) euro dira.

3.– Kopuru hori handitu daiteke deialdia erabaki aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako beren aurrekontu-sailak osoki erabili. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen bidez.

4.– Deialdi hau aldi bakar batean ebatziko da. Hona ebazteko prozedura: hezkuntzako prestakuntza-/berrikuntza– proiektu guztiak hartuko dira kontuan, baldin eta agindu honetan jasotako baldintzak betetzen badituzte; 5.3 artikuluan ezarritako diru-kopuruak emango zaizkie. Diru nahikorik ez badago, onartutako proiektuen artean hainbanatu egingo da, eskaerak balorazio teknikoa egiteko VII. eranskinean adierazten den baremoaren arabera.

2. artikulua.– Onuradunak.

EAEko itunpeko ikastetxe pribatuak eta ren mende ez dauden ikastetxe publikoak. Ikastetxe horiek unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako edozein maila eta mota eskaini behar dute, baina ezin du onuradun izan bakar-bakarrik heziketa-zikloak ematen dituen inongo ikastetxerik.

3. artikulua.– Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen ezaugarriak eta betekizun zehatzak.

1.– Deialdi honetako hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuek kontuan eduki beharko dute ikastetxea orokorrean hobetzea, eta, beraz:

– Funtsezko erreferentzia modura izan beharko dute ebaluazio diagnostikotik datorren hobekuntza-plana.

– Ikasi eta irakasteko prozesuetan jarri beharko dute bereziki arreta, eta oinarrizko gaitasunen garapenean.

– Kontuan hartu beharko dituzte ikastetxearen planteamendu globala eta martxan dauden ekimen guztiak; besteak beste, Eskola 2.0, hizkuntzen eta eleaniztasunaren tratamendu integratua, aniztasunaren tratamendua, eskolako bizikidetza, hezkuntza zientifikoa eta genero-berdintasuna.

2.– Ikastetxe guztiek prestakuntza- eta berrikuntza-proiektu bakarra aurkeztu beharko dute, eta bertan jaso beharko dute zein prestakuntza- eta/edo berrikuntza-jarduera burutuko duen proiektua garatzeko.

3.– Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuek klaustro osoaren % 60 inplikatu beharko dute, gutxienez. Horretarako, kontuan hartuko dira proiektuko ataza guztietan parte hartzen duten lagunak.

4.– Deialdi honek xedetzat duen hezkuntzako prestakuntza-/berrikuntza proiektua hainbat ikasturtetan garatu ahal izango da, ikasturte bakoitzeko aldi guztiak finkatuz gero. Hainbat ikasturtetan garatzen bada, hurrengo urteetako deialdietan ere eskatu beharko da diru-laguntza.

5.– Proiektu edo aldi –urte anitzekoa bada– guztiek 30 ordu izango dute, gutxienez, garatu eta burutzeko. Proposatuko lanen bat aurreikusi baino lehenago egiten bada, zuzendaritzak beste lan osagarri batzuk jarriko ditu, ikastetxeko talde guztiek antzeko iraupena izan dezaten bermatzeko. Lan horien artean, beste talde batzuek egindako lanak bateratzea aurreikusi daiteke, horrela, proiektuan parte hartzen duten klaustro-kide guztiek proiektu osoa ezagutzea sustatuko da.

6.– Proiektuan parte hartzen duten irakasle guztiek proiektua garatu eta burutzeko jarritako orduen % 80 gainditzen badute, 30 orduko ziurtagiri bana egingo zaie ofizioz, eta egin ere nori bere ziurtagiria egingo zaio, betiere jarraipen-batzordeek memoriaren balorazio positiboa egiten badute. Hala ere, ikastetxe batek proiektuen deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, irakasle berari ez zaio egingo inola ere 90 ordu baino gehiagoko ziurtagiririk hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen izenean, izan mota honetakoak edo izan ingurumenari buruzkoak, izan hezkuntza-marko hiru eledunari buruzkoak edo izan beste gairen bati buruzkoak.

4. artikulua.– Baztertzea.

a) 30 ordu baino gutxiagoko prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.

b) Ikastetxearen egunerokoaren barruko jarduerak bakarrik garatzen dituzten hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak (adibidez, zikloak, departamentuak, nota-txostenak eta ohiko beste dokumentu batzuk koordinatzea).

c) VII. eranskinean ezarritako baremoaren arabera 15 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

d) Heziketa-zikloei besterik ez dagozkien prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.

e) Baztertu egingo dira hobekuntza-planekin, indarrean dagoen curriculumarekin eta/edo oinarrizko gaitasunekin zerikusi zuzenik ez duten prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.

f) Baztertu egingo dira k zuzenean araututako plan edo jarduera bidez edo/eta beste deialdi espezifikoen bidez araututako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.

g) Baztertu egingo dira Berrikuntza-proiektu globalak.

5. artikulua.– Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak garatzeko laguntzak.

1.– Eskatzen diren diru-laguntzak erabili ahal izango dira ponenteak kontratatzeko, materialak erosteko, irakasleen joan-etorrietarako eta proiektuak egin egiteko.

2.– Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak garatzearekin zerikusi zuzena duten gastuen % 100 izan daiteke 2012-2013 ikasturterako onartutako laguntza.

3.– Hautatutako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen laguntza, gutxienez, 300 eurokoa eta, gehienez, 3.000 eurokoa izango da.

4.– Zuzendaritza-taldeak zaindu behar du prestakuntza- eta berrikuntza-proiektua martxan jartzen dela, eta ikasketaburutzak garapen guztia koordinatu beharko du, edo, bestela, irakasle bat jarri beharko du koordinatzaile modura. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketaburutzari proiektuaren garapenari buruz eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen dituztenean.

5.– Dena dela, ikastetxeek, nork bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen irakaskuntza-ordutegiak egokitu ahal izango dituzte proiektuetan egiten duten lanera, hala eskola-orduen kopuruaren aldetik nola horien banaketaren aldetik; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

6.– Hezkuntzako prestakuntza-/berrikuntza-proiekturik onartuta duten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat izango dute Berritzegunean. Erreferentziako aholkulari hori arduratuko da, ikastetxean prestakuntza-/berrikuntza-arduradun izendatzen denarekin batera, onartutako proiektuen jarraipen– eta ebaluazio-lanak egiteaz.

6. artikulua.– Aukeratzen diren ikastetxeen berariazko betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek, nolanahi ere, honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen ere, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik eta hamabost eguneko epean, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egin diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Proiektua ikastetxeko urteko planean sartuko da.

c) Diru-laguntza zertarako eman, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

d) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea.

e) Memoriak aurkeztea ikasturtea amaitzean.

7. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Onetsitako baldintzetan diru-laguntzak jaso dituzten ikastetxeek aurkezten dituzten prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak behar bezala burutzea bermatze aldera, Berritzegune bakoitzeko Pedagogia Batzordeak proiektuen betetze-maila aztertuko du zona bakoitzean (otsailaren 6ko 15/2001 Dekretuaren III. kapituluaren 6 eta 9. artikuluak), ikastetxeek igortzen dituzten memoriak eta beharrezkotzat jotzen duen beste datu edo txosten oro oinarri hartuta; horretaz gain, ikasturte-amaieran, onetsitako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuetako jarduera guztien emaitzei buruzko txostena ere egingo du. Txosten horiek ikastetxe bakoitzari dagokion Pedagogia Berriztatzeko Lurralde-burutzari igorriko zaizkio, eta han egoki den ikastetxearen eskura egongo dira.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diru-laguntza eman zaien eskualdeko ikastetxeen hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuetako edozeinen garapenean, Berritzegunearen Zuzendaritzak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, tokian tokiko Lurraldeburutzaren bitartez; hartara, Zuzendaritza horrek agindu hau egokiro betetzeko bidezko diren neurriak hartuko ditu.

3.– Lurraldeburutzek ondoren zehazten den dokumentazioa bidali beharko dute Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara ikasturtea amaitzean, dokumentazio hori tramitatze aldera:

Ikastetxeen zerrenda; bertan, onartutako proiektuetan aurreikusita zeuden helburuak zein neurritan bete diren azalduko da, eta, ezarritako helburuak behar bezala bete ez badira, berariaz aipatu beharko da hori.

Proiektu bakoitzari dagokion memoriari erantsita, kasuan kasuko irakasleen partaidetzari buruzko ziurtagiria, ikastetxeko zuzendaritzak egina; horrez gain, bidezkoa bada, oharrak ere jaso ahal izango dira memoria horretan (VIII. eranskina).

4.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan, kontrolatu egingo du zein neurritan betetzen diren k onetsitako hezkuntzako prestakuntza-/berrikuntza-proiektuak; proiektu horiek ikastetxeko urteko planean jaso beharko dira eta betetzen ez badira, horren berri eman beharko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

8. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio espedientea hastea; horretarako, dokumentazio hau izango da beharrezkoa:

Ikastetxeko legezko ordezkariak sinatu eta zigilatutako eskabidea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari bidali behar zaiona (I. eranskina).

Deialdi honetara aurkezten diren prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen deskripzio zehatza, gai honen gaineko jarraibideetan azaltzen den eran (II. eranskina).

Ikastetxeko hobekuntza-planaren kopia bat.

2012-2013 ikasturtean garatuko diren prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen jardueren laburpen-fitxak (III. eranskina).

Irakasleen klaustroaren agiria, berariaz adieraziko duena ezagutzen dituela prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak, eta bere gain hartzen dituela proiektu horiek ikastetxearen barruko antolamenduan izan ditzaketen ondorioak (IV. eranskina).

Ordezkaritza Organo Gorenaren agiria, honako hauek jasoko dituena: eskabidearen onespena, aurkeztutako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak ezagutzen eta onartzen direlako adierazpena, eta, azkenean proiektuok onartzen badira, horiek gauzatzeko eta Ikastetxearen Urteko Planean sartzeko behar diren neurriak hartzeko konpromisoa (V. eranskina).

Ikastetxeko legezko ordezkariaren zinpeko adierazpena, honako hauek adieraziz: helburu bereko beste deialdi batean parte hartuko ez duela; eta ez duela izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio– edo zigor-zehapenik edo ez duela horretarako ezgaitzen duen lege-debekurik, sexua diskriminatzearren eragindakoak barne, beti ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera (VI. eranskina).

Zerga-obligazioak beteta dituela adierazten duen agiria, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoari jarraiki (apirilaren 15eko EHAA).

Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eginak dituztela egiaztatzeko agiriak.

2.– Eskabideak on line beteko dira, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/ helbide elektronikoan den fitxategia erabiliz. Deialdia zabalik dagoen artean, beharrezkotzat jotzen den guztietan bete eta alda daiteke fitxategi hori. Epe hori bukatzen denean, aplikazioa automatikoki itxiko da, eta ezingo da eskabidea aldatu; aurretik, betetako dokumentu guztiak inprimatuko dira, baita sinatu eta zigilatu ere, eta bi ale aurkeztuko dira Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan, Zuzenean zerbitzuan (Kale Nagusia, 85; 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro de Maeztu 10. zenbakiko behea, 01008 Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten diren bulegoetarik edozeinetan. Aurkeztu egiten diren eskabideak baino ez dira kontuan hartuko; besterik ez da kontuan hartuko, nahiz eta on line beteta egon.

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Epe horretan, inprimaki-eran aurkezten diren eskabideak bakarrik joko dira ikastetxearen eskabide irmotzat; ez da besterik aintzat hartuko baloratzeko orduan.

4.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, "Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako prestakuntza- eta berrikuntza– proiektuak izeneko fitxategi batean sartuko dira, 19. zenbakiaz, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honen parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Baldin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean akats edo zehaztasun faltaren bat sumatzen badu, interesatuari hamar eguneko epea emango dio akatsa zuzendu edo derrigorrez aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko, eta adierazi egingo dio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango du, beti ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluaren arabera.

10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

11. artikulua.– Eskaeren ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, eta hauek osatuko dute batzorde hori:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duena; batzordeburua izango da.

Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-buruak edo haiek izendatutako ordezkariak.

Irakasleak Hobetzeko Zerbitzuetako burua.

Ikuskari nagusiak izendatutako ikuskaria.

Berritzegune bateko zuzendaria, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.

Irakaslegoaren Irakaskuntza Zerbitzuko teknikari bat, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua; idazkari-lanak egingo ditu.

12. artikulua.– Eskabideak aukeratzea.

1.– Berritzegune guztiek prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak baloratuko dituzte, VII. eranskinean ezarritako baremoarekin. Jarritako puntuazioak eta egoki iritzitako gorabeherak jasotzen dituen txosten bat bidaliko dute Berritzegunetako zuzendariek Pedagogia Berriztatzeko Burutzara.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Pedagogia Berriztatzeko Burutzak, Berritzeguneetako zuzendariek emandako txostenak eta puntuazioak kontuan hartuta, txostena helaraziko dio ebaluazio-batzordeari, honako hauek jasota:

– Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen zerrenda; baztertu diren jarduerak eta baztertzeko zioak ere adierazi beharko dira.

– Prestakuntza- eta berrikuntza-proiektu guztien diru-laguntzaren proposamena, deialdi-agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebaluazio-batzordeak, Pedagogia Berriztatzeko lurraldeburuek egindako txostenetan oinarrituta, onartu beharreko prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak hautatuko ditu, eta bakoitzari eman beharreko laguntza zehaztuko du, deialdi-agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Deialdiaren ebazpen-proposamena Hezkuntza sailburuordeari igorri aurretik, aurkeztutako proiektuetan egin beharreko aldaketak proposa ditzake ebaluazio-batzordeak. Halakoetan, batzordeak proposatutako aldaketak jakinaraziko zaizkio eskabidea egin duen ikastetxeari, aldaketa horiekin ados dagoen ala ez adieraz dezan hamabost eguneko epearen barruan, jakinarazpen hori jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta eskabidea egin duten ikastetxeek ez badiote proposamenari beren beregi uko egiten, proposamen hori onartu egiten dutela ulertuko da, eta horren ondorioz, aurkeztutako proiektuak onartu egingo dira, proposatu diren baldintzen arabera.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeari dagokio, ebaluazio-batzordeak proposatuta, Agindu honetan araututako deialdia ebaztea. Ebazpena interesatuei jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; horretarako epea, gehienez ere, 6 hilekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunetik aurrera.

2.– Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Artikulu honetako 1. atalean aipatutako epea igaro eta artean ez bada deialdiaren gaineko ebazpena argitaratu, interesatuek eskabidea ezetsitzat joko dute, beti ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko 30/1992 Legearen (azaroaren 26koa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak hein batean aldatu zuena) 44.1 artikuluaren ondorioetarako.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasunak.

Ematen diren diru-laguntzak ezin dira bateratu helburu bereko beste deialdi batzuen bidez lor litezkeenekin.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi epetan ordainduko da: lehena, emandako guztiaren % 80 hain zuzen, 20.a) artikuluan aipatzen den epea ukorik egin gabe igarotakoan, eta bigarrena, gainerako zatia, memoria agindu honen 16. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan aurkeztu eta ebaluatu ostean.

16. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Diru-laguntza jaso duten ikastetxeek memoriaren bi ale aurkeztu beharko dituzte 2013ko maiatzaren 30a baino lehenago Pedagogia Berriztapenerako Lurraldeburutzan; onartutako proiektu bakoitzeko bina ale aurkeztuko dituzte, VIII eta IX. eranskinetako ereduaren ildotik.

2.– Egindako gastuen jatorrizko ordainagiri, faktura edo bestelako egiaztagiri guztiak sartu beharko dira memorian, gastuak legez onartutakoak eta emandako diru-laguntzaren edo diru-zuzkiduraren kontuan ezartzekoak baldin badira. Memoriaren on line idatzi ahal izango da Proiektuak.net aplikazioan, eta gainerako agiriei erantsi.

3.– Memoria horretan kasuan kasuko irakasleen partaidetzari buruzko ziurtagiria, ikastetxearen zuzendaritzak egindakoa, sartu beharko da; horretarako, esku hartu duten irakasleen zerrenda jasoko da, baita onetsi diren prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen koordinatzailearena ere. Halaber, beren beregi adierazi beharko da burutu diren jarduera-orduen guztirakoaren gaineko partaidetza-portzentajea, IX. eranskineko ereduari jarraiki.

17. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Diru-laguntza ematea eragin duten baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta horiei dagozkien legezko interesak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren bidez onetsi den Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarririk dagoenaren arabera eta horiekin bat etorriz.

2.– Jasotako diru-laguntzak eta aplikagarri diren legezko interesak honako egoera hauetan bueltatu beharko dira:

a) Dagokion Berritzeguneko Pedagogia Batzordeak eta/edo zuzendaritzak 7. artikuluan aipatzen diren dokumentuetan azaltzen duenean proiektuek ez dutela diseinatzerakoan aurreikusitako betetze-maila erdietsi, inola ere.

b) Agindu honetan xedatutakoa edonola ez betetzen ez denean.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagozkien eginbeharretakoren bat betetzen ez denean.

Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen du (1992ko otsailaren 17ko EHAA).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi honetan aurreikusi ez den guztirako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da; lege hori partzialki aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak.

Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari; hilabeteko epea izango da horretarako, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epea izango da horretarako, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau ondo betetzeko eman beharreko xedapen guztiak eman ditzan.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 23a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala