Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2012ko maiatzaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2382

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia egiten da, 2012-2013 ikasturtean ikastetxe horietako langileek prestakuntza-jarduerak egin ditzaten.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 102. artikuluan ezartzen du etengabeko prestakuntza eskubidea eta betebeharra dela irakasle guztientzat, eta erantzukizuna, berriz, hezkuntza administrazio eta ikastetxeentzat. Era berean, ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek sustatuko dute irakasle guztiek (beren espezialitatea edozein izanik ere) informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea eta atzerriko hizkuntzetan prestatzea, eta berariazko prestakuntza-programak ezartzea eremu horretan. Halaber, ikerketako eta berrikuntzako programak sustatuko dituzte.

Agindu hori betetzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero prestakuntza-jardueren deialdiak egiten dizkie hala irakasleei, banaka egin ere, nola prestakuntza-proiektuei lotutako ikastetxeei.

Deialdirik gehienak euskal eskola publikoko irakasle guztiei egiten zaizkie; dena den, agindu honen helburua da unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko sareko ikastetxe pribatuetako irakasleen prestakuntza-premiei erantzutea eta premia horiek osatzea; horretarako, ikastetxe horiek estatutu– edo arau-harremanak izan behar dituzte deialdi hau zuzentzen zaien federazio eta elkarteekin; halaber, deialdi honen helburua da federazio eta elkarte horiek bere kabuz bultzatzen dituzten jarduerak babestea.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartuaren– VI. tituluan ezarritako xedapenekin (Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 23ko 6/2011 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aski aurrekontu-izendapen badagoenez (2/2009 Legearen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da beronen babesean 2012-2013 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuetako langileek prestatzeko jarduerak egiteko ematen diren diru-laguntzak arautzea.

2. artikulua.– Izapideak modu elektronikoan egitea.

1.– Prozedura honetako izapide guztiak bide elektronikoz egin, kontsultatu eta eskatu ahal izango dituzte itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregamenduzkoak dituzten federazioek eta elkarteek.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa; ebazpen horren bidez, PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak aurrez aurre edo modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.net.

Bide elektronikoa erabiliz gero, helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak: https://www.euskadi.net/misgestiones.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauei heldu ahal izango diete itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarte guztiek –ikastetxe horietako irakasleen prestakuntzari dagokionez–, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza eduki beharko dute Erkidego honetan, nortasun juridiko eta ahalmen nahikoarekin.

2.– Diru-laguntzarik jaso ahal izateko, federazio edo elkarte horiek hiru ikastetxe eduki beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.

3.– Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa– edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Ezin izango da onuradun izan zigor administratibo edo penalaren ondorioz diru-laguntza publikoak lortzerik ez duen inor, ez eta onuradun izateko gaitasuna kentzen duen legezko debekurik duen inor ere. Azken multzo horren barruan izango dira Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, betez, sexu bereizketagatik ezarritako ezgaitzeak.

5.– Federazioek edo elkarteek Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko dute. Baldintza hori bete behar da deialdia ebatzi eta ordaintzeko, ebazpena ematekoa denean.

6.– Federazio eta elkarteek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, beti ere Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuak 1991ko urriaren 7ko Aginduaren bidez ezarritakoarekin bat (1991 urriaren 15eko EHAA, 208. zk.).

4. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du ea laguntzak eskatzen dituzten federazio edo elkarteek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten, horien baimenik behar izan gabe, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, aplikatuta. Zergak Nafarroako Ogasunean ordaintzen badira, interesdunek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Eskabideek aukera bat izango dute, diru-laguntzak eskatzen dituzten federazio edo elkarteek beren beregi adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko. Era berean, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio osagarririk (eskrituraren edo eratze-aktaren kopiarik, diru-laguntza eskatzeko ahalmen nahikoa adierazten duen dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentu horiek aurreko deialdietan aurkeztu badira eta aldatu ez badira.

2.– Betebehar hauek egiaztatuko dira:

○ Eskabidearen berri ematea, eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideena.

○ Pertsona edo entitate eskatzailea administratiboki edo penalki zigortuta ez dagoela eta ondorioz ez duela galdu diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera eta ez dutela legezko inongo debekurik laguntza horiek jasotzeko.

○ Era berean, laguntza eskatzen duen federazioaren edo elkartearen legezko ordezkariak adierazi egin beharko du eskabidean eta horri atxikitako dokumentazioan jasotzen diren datuak benetakoak direla eta bete egiten dituela diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean den arautegiak jartzen dituen baldintzak.

3.– Horrez gain, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez ordezkatu daitezke baldintza hauek:

● Erakunde eskatzaileak diru-laguntzarik jaso ez izana deialdi honen bidez heltzen dion jarduerarentzat.

Estatuko erakundeen kasuan,

● Erakunde eskatzaileak, gutxienez, hiru ikastetxe izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

● Erakunde eskatzaileak egoitza izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, izaera juridikoaz eta ahalmen nahikoaz.

4.– Ekonomia eta Ogasun Sailean Hirugarrenen Erregistroan alta emanda ez badaude edo bertan jasota dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero.

Aurrez aurre: aurrez aurre: inprimakia bete beharko da, helbide honetan azaltzen den ereduaren arabera: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Ematen diren diru-laguntzen xede izango dira prestakuntza-jarduera hauek: federazio edo elkarte onuradunekin estatutu-edo erreglamendu– harremanak dituzten ikastetxeen menpeko irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa sustatzen dituzten jarduerak, unibertsitateaz kanpo indarrean diren irakaskuntzen curriculumetatik datozenak eta eduki kurrikular edo didaktikoa duten beste jarduera batzuk ere, batez ere oinarrizko gaitasunak, zientzia-hezkuntza eta Eskola 2.0 garatzeko egiten badira.

2.– Prestakuntza-zikloak irakasteko egituraren eta curriculumaren ondoriozko prestakuntza-jarduerek ezin izango diete agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzei heldu.

3.– Irakasleek atzerriko hizkuntzak ikasteko edo hizkuntza horietan prestatzeko jarduerak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.

4.– Deialdi honetatik at geratuko dira irakaskuntzari dagozkion prestakuntza-jarduerak edo ikastetxearen ohiko jardueran sartzen direnak (koordinazio pedagogikoa, kudeaketa, ikastetxeko agiriak prestatzea,...). Halaber, deialditik kanpo geratuko dira unibertsitateko titulazioak eskuratzeari dagozkion jarduera guztiak.

5.– Deialditik kanpo geratuko dira Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan, maiatzaren 3koan (maiatzaren 4ko BOE, 106. zk.), azaltzen diren curriculum propioen ondoriozko jarduerak, baldin eta horiei loturiko eskumenak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari ez badagozkio eta Lege horren bigarren xedapen gehigarrian islatzen diren erlijio-agintariei badagozkie.

6.– Era berean, kanpoan geratuko dira elkartearen berezko izaeraren ondoriozko ikastaroak eta 10 ordutik beherako edo 100etik gorako jarduerak. Salbuespen modura eta ondo justifikatzen diren kasuetan bakarrik baimendu ahal izango dira 100 ordutik gorako jarduerak.

7.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, halaber, beste deialdi batzuen xede diren prestakuntza-modalitatea duten prestakuntza-jarduerak: Ikastetxeetan prestatzeko/hezkuntza berriztatzeko proiektuak, Hezkuntza Marko Hirueleduna, ikastetxeen zuzendaritza... eta, orokorrean, Sailak eskainita itunpeko irakaskuntzako irakasleek jaso dezaketen prestakuntza-eskaintza guztia.

8. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira irakastorduetan osorik edo partzialki egiten diren prestakuntza-jarduera guztiak; izan ere, diru-laguntza ezin izango erabili jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezkatzeko.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Ehun eta hirurogeita hamabost mila euro (175.0000,00) zuzenduko dira, gehienez ere, agindu honen bidez deitutako diru-laguntzetara. Diru hori izango da Eskola 2.0. programa sustatzeko eta bertan parte hartzeko jarduerak eta bestelako eduki kurrikular edo didaktikoak egitekora, batez ere oinarriko gaitasunak garatzeko badira.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, epea, dokumentazioa, eta baldintzak egiaztatzea.

1.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean hasiko da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza hauei heltzeko eskabideak aurkezteko epea, eta ekainaren 29ra arte (egun hori barne) luzatuko da.

Era berean, eskaerak bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan: https: // www.euskadi.net. Eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan, Zuzenean Zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia-San Atilano; Ramiro de Maeztu kalea 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz) edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.– Federazio edo elkarteek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, federazio edo elkarte eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezarritako moduan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

3.– Eskabideekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

● «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatua; bertan jasoko dira federazio edo elkarte eskatzailearen datuak, eta diru-laguntzaren xede izango diren prestakuntza-jarduera guztiak. (II. eranskina).

● Prestakuntza-jarduera guztiei buruzko fitxa deskribatzailea inprimaki normalizatuan (III eranskina).

4.– Ikastetxe jakin batek harreman estatutario edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, Agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, horietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, haren ordezkari legalaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.

5.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak akatsen bat, zehaztasun-faltaren bat edo erantsi beharreko dokumentu baten falta antzematen badu aurkeztutako eskaeran, eskatzaileari horren berri emango dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzendu edo beharrezko dokumentuak aurkezteko, eta adierazi egingo dio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraiki ebazpena eman ondoren.

8. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «7.a» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honen parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Honela ebatziko da laguntzak nola esleitu: Printzipioz, 8. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta ateratzen dena emango zaio eskabide bakoitzari. Jarritako diru hori nahikoa ez bada eskabide guztiei arestian adierazitako baldintzetan erantzuteko, guztira jarritako dirua hainbanatu egingo da onartutako eskabideen artean

2.– Prestakuntza-jarduerek ez dute laguntzarik jasoko, baldin eta gutxienez I. eranskinean jasotako baremoaren 1.,2. eta 3. ataletan lortutako puntu guztiak batuta, gutxienez, 4 puntu lortzen ez badute.

10. artikulua.– Hautaketa-batzordea, osaera eta egitekoak.

1.– Diru-laguntzen esleipen-prozedura aurrera eraman ahal izateko, hautaketa-batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek kide hauek izango ditu:

● Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek izendatzen duena; batzordeburu jardungo du.

● Irakasleak Hobetzeko Zerbitzuko burua.

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako hiru teknikari. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.

2.– Hautaketa-batzordeak proposamen bakoitzean diruz lagundu beharreko prestakuntza-jarduerak erabakiko ditu; eta kontuan hartuz IV. eranskinean ezarritako baremoa, Aginduaren 4. artikuluan ezarritako aurrekontu-mugak eta 8. eta 9. artikuluetan ezarritako mugak kontuan harturik, esleipen-proposamena bidaliko dio Hezkuntzako sailburuordeari.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Onuradun bakoitzari esleitutako diru-laguntzaren zenbateko osoa, hautatutako jarduera bakoitzarentzat aurkeztutako aurrekontuak batuta kalkulatuko da, beti ere irizpide hauei jarraituz:

a) Diru-laguntzaren zenbateko osoak ezingo du biderketa honen emaitza gainditu: emandako ordu guztiak bider ehun eta hogei (120,00) euro orduko.

b) «Material»ek sortutako gastuei dagokien zenbatekoak ezingo du proposatutako diru-laguntzaren % 20 gainditu, behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik, batez ere prestakuntza-jardueraren ezaugarri eta edukiak direla-eta.

c) «Joan-etorri»ek sortutako gastuei dagokien zenbatekoak ezingo du gainditu proposatutako diru-laguntzaren ehuneko 10 (% 10).

d) Honela lortuko da onartutako jarduerek jasoko duten diru-laguntza:

d.1.– Aurrekonturik handiena kalkulatuko da jarduerako, kontuan hartuz artikulu honetako a, b, c eta d idatzi-zatiak.

d.2.– Jardueraren kalitatearen arabera, beti ere IV. eranskineko baremoaz neurtuta, aurrekonturik handiena oinarritzat hartuta jarduera bakoitzari dagokion azken diru-laguntza kalkulatuko da, balorazio-irizpideak aplikatuta ateratzen den portzentajea aplikatuz. Hori egingo da aurrekontua agortu arte, baina finkatutako muga gainditu gabe.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasunak.

Agindu honen erregimenaren arabera ematen diren diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako laguntzekin.

13. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Hautaketa-batzordeak egindako proposamena ikusirik, deialdia Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko du 2012ko azaroaren 30a baino lehenago.

2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, horren berri emateko.

3.– Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Artikulu honen lehen paragrafoan adierazitako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko betebeharrik ezartzen ez dionik.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi, eta hurrengo hamabost egunetan erakunde onuradunek ez badiote laguntza horri beren beregi eta idatziz egiten uko, diru-laguntza onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

c) Prestakuntza-jarduerak burutzen ari diren irakasleak matrikula, materialak, ziurtagiri-gastuak, eta ikastaroa egitearen ondorioz sortutako beste gastuak ordaintzetik salbuestea. Ez dira salbuetsiko, ordea, irakasleak prestakuntza-jarduera burutzen den lekura joateko egindako gastuak.

d) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara, onartutako prestakuntza-jarduera bakoitzeko, parte hartuko duten irakasle guztien zerrenda bidaltzea. Bertan adierazi beharko da zein den irakasle bakoitzaren NANa eta zein ikastetxetan diharduen lanean («Aurreikusten diren parte-hartzaileen zerrenda» izeneko inprimaki normalizatuaren arabera).

e) Prestakuntza-jarduera ematen duen erakundeak irakasle parte-hartzaile guztiei egiaztagiria eman diela ziurtatzea. EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozedura ezarri zuen 1998ko ekainaren 12ko Aginduan (1998ko uztailaren 24ko EHAA, 139. zk.) ezarritako baldintzak bete beharko ditu egiaztagiri horrek.

f) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jakinaraztea eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kargurako jasotako diru-laguntzei buruzkoa.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, beti ere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Halakorik gertatuz gero, dagokion aldaketa-ebazpena emango da, eta bertan emandako diru-laguntzaren zenbatekoak berriro ezarriko dira.

2.– Onartutako prestakuntza-jarduerak eta horien ezaugarriak jarduera hasi baino hilabete lehenago arte aldatu ahal izango dira, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazten bazaio. Hain zuzen ere, proposatutako aldaketekin ados dagoela adierazi beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak. Halakorik gertatzen denean, aldaketa-ebazpena emango da.

3.– Onartutako prestakuntza-jarduera bat arrazoiren batengatik ez bada burutzen, jarduera horri esleitutako zenbatekoa diru-laguntzaren azken ordainketatik kenduko da, eta itzuli beharreko zenbatekoak ordainketa hori gainditu egiten badu, bi zenbatekoen artean dagoen aldea itzuli egin beharko da, 16,3 artikuluan ezarritako prozedura bidez.

16. artikulua. Ordaintzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da. Honako aurreikuspen hauen araberakoak izango dira ordainketa horiek:

a) Lehenengoa, emandako diru-laguntza osoaren ehuneko laurogei (% 80) izango da gehienez, eta deialdia ebatzi ostean ordainduko da, behin 11.a) artikuluak aipatzen duen epea igaro ondoren, eta beti ere berariaz uko egin ez bazaio.

Eta ordaintzeko, aurreikusirik dauden partaideei buruzko datuak bidali behar ditu onuradunak («Aurreikusten diren parte-hartzaileen zerrenda» izeneko inprimaki normalizatuaren arabera) 2012ko ekitaldia amaitu baino lehenago.

b) Eta bigarrena –geratzen den zenbatekoa– ordaintzeko, onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du, onartutako prestakuntza-jarduerak amaitu, eta hilabeteko epean, beti ere prestakuntza-ekintza amaitu eta 17. artikuluan adierazitako ziurtagiriak aurkezten direnetik aurrera.

Nolanahi ere, federazio edo elkarte onuradunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren esku eduki beharko dute baimendutako jarduera bakoitzarentzako egin diren gastuen egiaztagiriak.

Agindu honetako 11.c) artikuluan aurreikusitako betebeharra betetzen ez badu onuradunak, azken ordainketari ondokoa kenduko zaio: bete ez den prestakuntza-jarduerari diru-laguntza osoan dagokion zati proportzionala. Eta jarduera hori baztertutzat hartuko da eta, beraz, ez homologatutzat.

17. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta epea.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira http://www.euskadi.net/misgestiones helbidean. Eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan, Zuzenean Zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia; Ramiro de Maeztu kalea 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz) edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

18. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Memoria bat; bertan jaso beharko da jasotako diru-laguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.

19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak eskuratzeagatik ezarrita dauden arau-hausteen erregimenari loturik egongo dira laguntzen onuradunak.

2.– Arauak betegabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutako jardueretarako ez erabiltzea.

b) Agindu honetan edota diru-laguntza emateko orduan ezarritako egitekoak ez betetzea.

c) Hala badagokio, kitapen-ebazpenean zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

3.– Artikulu honen aurreko paragrafoan azaldutako kasuetakoren bat gertatuz gero, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli egin beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta bidezko diren legezko interesak, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak dioenaren arabera. Arau horrek jasotzen ez dituenetarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua ezarriko da.

20. artikulua.– Jarraipena egitea eta kontrolatzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipena egiteko eta kontrolatzeko sistemak ezarri ahal izango ditu, baita beharrezkotzat jotzen dituen datuak eskatu ere; eta hori guztia, onartutako jarduera bakoitzaren helburu eta emaitzak bermatzeko asmoz.

21. artikulua.– Ziurtagiriak.

Onartu eta burututako jarduerak ofizioz homologatuko dira 1998ko ekainaren 12ko Aginduaren ondorioz. Agindu horrek EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozedura ezarri zuen (1998ko uztailaren 24ko EHAA, 139 zk.).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek jasotzen ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 16a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala