Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2012ko maiatzaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
2168

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 10ekoa, Kulturako sailburuarena, musika jarduera profesiona-letarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Zuzendaritza horrek egoki deritzo musika-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, jarduketa hori bere eskumenen esparruan sartzen den heinean, jarduera profesional hauek burutzeko laguntzak emanez: Musika-sorkuntza, Musika partituren edizio inprimatuak, Banakako musika-proiektuak, eta Musika-ekimen enpresarialak. Neurri horren bitartez, euskal musikarien sorkuntza-lana sustatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, beren ahalegina aintzatetsita ikusteaz gain, beren finantzabideak areagotzeko aukera emango dieten beste merkatu batzuk jorratzea.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea, modalitateak eta proiektuak garatzeko epea.

1.– Agindu honen bitartez, 2012an musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntzak nola emango diren arautuko da.

2.– Deialdi honetan laguntza modalitate hauek kontenplatzen dira:

– I. kap.: Musika partituren edizio inprimatuak.

– II. kap.: Banakako musika-proiektuak.

– III. kap.: Musika-ekimen enpresarialak.

– IV. kap.: Musika programazioa.

3.– Modalitate honen bitartez, musika-ekoizpen profesionala sustatuko da. Aurkezten diren proiektuak, osoak edo partzialak, 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra garatu behar dira eta data bi horien artean lagundutako obra edo jardueraren aurkezpen publikoren bat egitea aurreikusi behar dute. Musika programazioaren modalitateari dagokion epea 26.1 artikuluan zehaztu da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 449.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: a) Partituren edizioa: 32.000; c) Banakako musika-proiektuak: 92.000; d) Zabalkunde enpresa proiektuak: 180.000; Musika programazioa: 145.000.

2.– Modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada (eskabiderik ez egoteagatik, eskakizunak ez betetzeagatik edota 9. eta 10. artikuluetan aipatzen diren balorazio eta banaketa ekonomikorako irizpideak ezarpenagatik), gainontzeko kopurua beste modalitate batera eramango da; dena den, hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.

3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak.

1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuragarriek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herriko artistak edo musikarien lanak ekoiztea edo zabaltzea izatea.

Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko «Ondasunen erkidegoa» formapean aurkeztutako eskaerak.

b)– Jarduera ekonomikoen zergako dagokion epigrafean altan egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako kuotak egunean izatea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

3.– Ezin dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

4.–Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu 2012an Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza izendunak jaso dituzten entitateek.

4. artikulua.– Proiektuen bideragarritasuna, lagun daitezkeen gastuak eta laguntzen muga orokorra.

1.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik.

2.– Deialdi honetako modalitate guztietan lagundu eta justifikatu beharreko gastuak soil-soilik ekintza zehatzei atxikitakoak izango dira, inbertsio gastuak eta BEZ–koei dagozkienak kanpo gelditzen direlarik. Pertsonal gastuei dagokienez, horiek kalkulatzeko erabilitako prozedura eta erreferentzia zehatzak erantsi beharko dira.

3.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.

1.– Musika programazioaren modalitatean izan ezik, gainontzeko modalitateei dagozkien laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta laguntzak banatuko dira, deialdi honen 8. eta 9. artikuluetan aurreikusten den bezala.

2.– Musika-programazioaren modalitatea puntuazioaren eta proportzionaltasun sistema objektibo baten bitartez esleituko da, agindu honetako V. kapituluan zehazten den bezala.

3.– Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

Era berean, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko Zuzendaritza horrek beraien jarraipena egingo du. Hori gauzatzeko, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu. Horretarako, pertsona onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.– Eskabidea eta gainerako agiriak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta Kulturako lurralde-zerbitzuetan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.

2.– Balorazio Batzordeko burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da –edo horrek eskuordetutako pertsona– eta idazkaria Zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordeetako bokalak hiru gutxienez eta bost gehienez izango dira, musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik izendatuta, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.

3.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

4.– Balorazio Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Musika ekimen enpresarialen modalitatean eskabidea egiten duten pertsona guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (X. eranskina). Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.

9. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

Lehiaketa modalitateetan, diru-laguntzak banatzeko erabiliko den prozedura ondorengoa izango da:

1.– Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, puntuen % 50 lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.

2.– Lehiaketa-modalitateetan, eta bakoitzean aurreikusitako salbuespenak eta irizpideak kontuan hartuta, diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da.

3.– Bukaerako laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko eta 4.3 artikuluan eta modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.

10. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.

1.– Agindu honetako 3.4 eta 4.3 artikuluetan adierazitakoa errespetatuz, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Deialdiko modalitateren batean laguntza jasotzen duen proiektu musikal batek ezingo du beste modalitateetako laguntzarik jaso, bateraezinak baitira. Aurreikuspen honek ez du eraginik izango Programaziorako modalitatean emandako dirulaguntzen modalitatearen bitartez kontrataturiko musika ekoizpenei dagokienez.

3.– Era berean, ezingo zaizkio pertsona eskatzaile berari batera eman Banakako musika-proiektuetarako laguntzak eta Musika-ekimen enpresarialentzako laguntzak.).

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta sei hilabeteko epean interesatu guztiei jakinaraziko zaie, agindu hau indarrean jartzen denetik. Gainera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen horren erreferentzia bat argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

12. artikulua.– Betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, onuradunak horren berri emango dio idatziz Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jasotzen denetik aurrera. Zuzendaritzak, bere aldetik, 15 egun balioduneko epea izango du, aldaketaren berri jasotzen duenetik, erantzuna emateko. Epe hori amaituta inolako jakinarazpenik jaso ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

e) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, dirulaguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

13. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.– Laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 65ekoa, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 12.a) artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 35ekoa, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2.– Pertsona onuradunek, dagokion jarduera amaituta, beti ere 2013ko abendua baino lehen, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

2.1.– Egindako jarduerei buruzko txostena eta ebaluazioa.

2.2.– Dagozkion ondorengo agiri edo materialak:

a) Zuzeneko musika ekoizpenak: alde desberdinetakoen arteko sinatutako kontratuaren kopia; programaturiko taldeen katxeei dagozkien fakturak edota, autoekoizpenen kasuan, kontzertua egin den espazioaren alokairuaren faktura.

b) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materialaren aleak.

c) Jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak eta landutako beste edozein material.

2.3.– Justifikazio ekonomikoa:

a) Egindako jardueraren gastu eta sarreren balantzeari buruzko zinpeko aitorpena.

b) Justifikatutako gastuen laburpena, kontzeptuka banatuta.

c) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta sarreren egiaztagiriak, aurkeztutako aurrekontuaren araberakoak eta 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak. Agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo Kulturako lurralde zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako laguntza aurkeztutako aurrekontuaren % 50 gainditzen ez duenean, nahikoa izango da emandako diru-laguntzaren zenbatekoari dagozkion gastuak justifikatzea. Dena den, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuz gero, onuradunek aurrekontu osoaren zenbatekoari dagozkion gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.4.– Onuradunak zerga-betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiriak.

2.5.– Helburu berbererako jasotako beste laguntzen aipamena, baldin eta eskabidea aurkeztu zen unean, onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.

14. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.

15. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko Dekretua, hurrenez hurren).

II. KAPITULUA
MUSIKA PARTITUREN EDIZIO INPRIMATUAK EGITEKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak.

1.– Modalitate honetan musika partituren edizio inprimatuak egiteko laguntzak emango dira, zuzeneko emanaldien bidez zabalduak izateko.

2.– Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.

17. artikulua.– Laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar baterako laguntza jaso ahal izango du gehienez, nahiz eta horren barruan argitalpen proiektu desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun bati ezingo zaio 10.000 euro baino gehiagoko kopurua eman.

18. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Argitalpen proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, ondare eta/edo arte aldetik proiektuak duen interesa (puntuazio orokorraren % 50).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira: argitaratu beharreko objektua –egilea eta lana–; proiektua argitaratzeko eta zabaltzeko plana; aurrekontuaren koherentzia.

2.– Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2010 urtea erreferentzitzat hartuta (puntuazio orokorraren % 30).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.– Proiektuaren autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 20).

III. KAPITULUA
BANAKAKO MUSIKA-PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

1.– 3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

2.– 20.1.1 artikuluan aipatzen diren jardueretarako, proiektuari dagokion musika taldeak hauetako irizpide bat, gutxienez, betetzen duela:

a) 2 disko gutxienez argitaratua izana eta lehenengoa, 2007 urtea baino lehen.

b) bere musika ibilbide osoaren zehar, Euskaditik kanpo 45 kontzertu profesional egin izana.

3.– 20.1.2 artikuluan aipatutako jardueretarako, modalitate honetako arloetan bi proiektu gutxienez egin izana, 2006. urtearen ondoren.

20. artikulua.– Laguntzen diren jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen euskal musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatoan edo fonografikoan.

Diru-laguntza hauen ondorioetarako, hauek joko dira musika-ekoizpentzat: musika-konposizioa jendaurrean aurkezteko, aldez aurretik egin behar diren jarduera materialak eta entseguak.

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Modalitate honen barnean kontenplatzen diren aktibitateak etorkizunean garatzeko ikerketa edo formakuntza espezifikoa.

Jarduera hauei dagokienez, beharrezkoa izango da garatu nahi den musika-proiektuaren oinarriak aurkeztea.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

b) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jardueren edo materialen edizioa.

c) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du dirulaguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin. Dena den, onuradun batek ezingo du 10.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso.

21. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Banakako musika proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura eta musika aldetik, proiektuak duen interes orokorra (puntuazio orokorraren % 40).

Proiektu bakoitzaren tipologia eta ezaugarrien arabera, atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira: helburuak eta eduki zehatzak; jarduera garatzeko eta zabaltzeko plana; aktibitatearen aurrekontuaren koherentzia.

2.– Pertsona, musika taldea edota proiektua garatzeko ardura duen lantaldearen ibilbidea (puntuazio orokorraren % 30).

Atal honetan honelakoak kontuan hartuko dira: antzinatasuna jardueran; musika taldearen edo proiektua garatzeko ardura duen lantaldearen ibilbidea; disko kopuru orokorra eta egindako kontzertu edo proiektuen kopuru orokorra.

3.– Musika jarduerari eta industriaren panoramari dagokienez, planteamenduak eta berrikuntza maila (puntuazio orokorraren % 20).

4.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

IV. KAPITULUA
MUSIKA-EKIMEN ENPRESARIALETARAKO LAGUNTZAK

22. artíkulua.– Eskatzailearen betekizun espezifikoak.

3.1 artikuluan aipatzen direnez gain, modalitate honetako eskatzaileek dagozkien ondorengo baldintzak bete behar dituzte.

a) Enpresa jarduera garatu izana 2009 urtea baino lehen, hauetako arloren batean:

– Ekoizpen fonografikoa.

– Zuzeneko musika ekoizpena edo ordezkaritza.

– Musika zabalkundea.

– Publikoen sentsibilizazioa.

b) Testuinguru horretan, jarduerak 2011. urtean zehar 4 euskal artistari edo talderi sustapen enpresariala eman izana.

23. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzetako mugak.

1.– Modalitate honen bitartez, ondorengo jarduera bat edo gehiago kontenplatzen dituzten proiektuak sustatuko dira:

1.1.– Aktiboan dagoen Euskadiko musikari edo musika talde bati dagozkionak:

a) Musika ekoizpena, zuzeneko formatoan ala fonografikoan (Ekoizpentzat 20.1.1 artikuluan aipatzen dena hartuko da aintzat).

b) Musika proiektu baten promozioa eta zabalkundea.

1.2.– Bestelako ekintzak euskal musikaren jardueraren alorrean:

a) Publikoen sentsibilizazioa edota formakuntza.

b) Entitatea musika jarduera eta industriaren egungo egoerara egokitzeko ekintza espezifikoak.

2.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Izaera komertzial soila edo entitatearen katalogo historikoa ustiatzea helburu duten musika ekoizpenak.

b) Ekoizpen baten estreinaldiaren ondorengo kontzertuak, bai kontzertu puntualak bai biretan edo jaialdien barruan egiten direnak.

c) Formakuntza akademikora edo eskolarrera soilik bideratutako jarduerak edo materialen edizioa.

d) Azoka komertzialetara joatea.

3.– Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzako jaso ahal izango du dirulaguntza, nahiz eta horren barruan jarduera desberdinak azaldu eta aurrekontu egin (gehienez sei). Dena den, onuradun batek ezingo du 28.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso.

24. artikulua.– Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Zabalpeneko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.– Kultura-musika, ondare edo artearen ikuspuntuen aldetik, proiektuak duen interes orokorra eta planteamenduaren koherentzia orokorra (puntuazio orokorraren % 35).

Atal honetan kontuan honelakoak hartuko dira: proiektuaren helburuak eta edukiak; metodologia, planifikazioa eta ebaluaziorako irizpideak; aurrekontua koherentea izatea.

2.– Entitatearen ibilbidea eta gogoeta musika jardueraren egungo panoramaren aurrean (puntuazio orokorraren % 20).

Atal honetan honelakoak hartuko dira kontuan: entitatearen historiala; egungo proiektuen berrikuntza-maila; ekimen globalaren bideragarritasunerako planteamenduak.

3.– Eskatzailearen balorazioa, euskal musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2011 urtea erreferentzitzat hartuta (puntuazio orokorraren % 20).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) euskal musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

4.– Proiektuaren autofinantzaketa maila (puntuazio orokorraren % 15).

5.– Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (puntuazio orokorraren % 10).

Atal honetan proiektuan sartutako ekintzak kontuan hartuko dira, baita entitatearen jarduera orokorra ere, 2011n eginiko musika ekoizpenak erreferentzia izanda.

V. KAPITULUA
MUSIKA PROGRAMAZIORAKO LAGUNTZAK

25. artikulua.– Eskatzailearen betebehar espezifikoak.

Agindu honetako 3.1 artikuluan adierazitako betebeharrei kalterik egin gabe, honako baldintzak betetzen dituzten lokalaren titularrak direla edo zuzeneko musika programatzen duten musika-aretoen kudeatzaileak direla egiaztatu behar dute eskatzaileek:

a) Euskararen geografiaren eremuaren barruan kokatuta egotea.

b) Musika-ekitaldietarako behar den hirigintza- edo udal-lizentzia izatea, bai eta erantzukizun zibileko aseguruak ere.

c) Gutxienez 120 lagunentzako edukiera legala izatea.

d) Musika programaziorako ekipamendu eta langile teknikoen multzo egonkorra izatea.

e) Ordain-sarrerako 25 musika-ekitaldi, gutxienez, programatu izana 2011. urtean, kanpoan utzita DJ saio esklusiboak, amateurren kontzertuak eta ospakizun partikularrak.

26. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta aretoen konpromisoak.

1.– Modalitate honen helburua da 2012ko urriaren 1etik 2013ko apirilaren 30era bitartean egiten diren euskal musika-taldeen programazioak laguntzea, non eta «Zuzen-Zuzenean» goiburupean sustatzen diren, Kultura Sailaren «Musika Bultzatuz» eta «Euskadiko Soinuak» programen esparruan.

2.– Modalitate honen bitartez lagundutako kontzertuetan programatzen diren taldeek hauetariko baldintza bat bete beharko dute: a) musikaren sortzailea edota beren kideen erdia Euskal Herrian helbidea izatea; b) beren ohiko errepertorioan euskara hizkuntza nagusia izatea.

3.– Laguntzen diren musika kontzertu edo ekitaldiek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Programan bi talde izatea: hasierakoa eta nagusia.

b) Sarreraren preziorik baxuena 6 euro izatea.

4.– Modalitate honen bitartez laguntza jasotzen dutenek konpromiso hauek bereganatuko dituzte:

a) Deialdi honetan xedatutako baldintzak betetzen dituzten bi musika-ekitaldi, gutxienez, antolatzea.

b) Agindu honetako 27. artikuluan adierazten diren erreferentzia finko eta erlatiboen arabera erabiltzea modalitate honen bidez jasotzen diren laguntzak, hori guztia musika zirkuitu pribatuaren ohiko funtzionamendu, negoziazio eta finantzaketa bideak eragotzi gabe.

c) Kontzertu-antolatzaile gisa dagozkien obligazio guztiak betetzea.

d) «Zuzen-Zuzenean» goiburupean antolatzen den zabalkunde kanpainan parte hartzea

27. artikulua.– Laguntzak finkatzeko erreferentziak.

1.– Diru-laguntzen moduluak.

Musika ekitaldi bakoitzari zenbateko diru-laguntza emango zaion kalkulatzeko, honako kontzeptu eta kopuru hauek erabiliko dira:

1.1.– Taldeen ordainsarietarako laguntza osoa: 1.900 euro, ekitaldi bakoitzeko. Taldeen ordainsariak ez dira inoiz izango 300 euro baino txikiagoak.

1.2.– Ostatu eta mantenu gastuetarako laguntza: 180 euro, talde bakoitzeko.

1.3.– Kontzertua ekoizteko eta sustatzeko gastuetarako laguntza. Kontzeptu honetan diru-kopuru hauek erabiliko dira, aretoen edukiera legalaren arabera: 120 lagunetik 199ra bitarteko edukiera duten aretoetarako, 300 euro; 200etik 399ra bitarteko edukiera, 420 euro; 400eko edo hortik gorako edukiera, 520 euro.

2.– Lagundutako ekitaldi-kopurua, areto bakoitzeko.

2.1.– Agindu honetako 25. artikuluko betebeharrak konplitzen dituzten aretoek gutxienez bi musika ekitalditarako laguntza jaso ahal izango dute, eta gehienez sei ekitalditarako, eskabidean ezarritakoaren arabera, eta betiere 26. artikuluko baldintzak betez gero.

2.2.– Areto bakoitzean zenbat musika ekitaldi lagundu behar diren zehazteko, puntuazio-baremo bat erabiliko da, aretoak 2011. urtean egiaztatutako ordain-sarreradun programazioaren azterketa kuantitatiboan oinarritua. Horretarako, honako irizpide eta gehienezko portzentajeak hartuko dira kontuan, teorian eskura daitekeen puntuazio osoaren gainean:

a) Musika programatzen den egunen kopurua: % 25.

b) Programatzen diren musika taldeen kopurua: % 25.

c) Programatzen diren euskal taldeen kopurua: % 30.

d) Nagusiki euskarazko errepertorioa duten programatutako taldeen kopurua: % 20.

2.3.– Areto bakoitzean diruz lagunduko diren kontzertuen kopuru osoa kalkulatzeko, eskuratzen den puntuazioaren tarteen araberako aplikazio haztatua egingo da, proportzionalki, betiere artikulu honetako 2.1 puntuan adierazitako erreferentziak gordeta.

28. artikulua.– Modalitate hau ebaztea eta kontzertuak sustatzea.

1.– Modalitate honen azken buruko ebazpenak diruz lagunduko diren kontzertuen kopurua zehaztuko du, bai eta eskatzaile bakoitzari emandako diru-kopurua ere. Ebazpen hori 2012ko irailaren 10a baino lehen jakinaraziko zaie onuradunei.

2.– Programa espezifikoa gauzatu baino hogei egun lehenago, gutxienez, jakinarazi behar diote aretoek Kultura Sailari programa hori zertan datzan, bai eta deialdi honen esparruan programatu beharreko musika ekitaldi bakoitzaren baldintza zehatzak zein diren ere (horretarako, IX eranskina erabili behar da).

3.– Bai laguntzen zerrenda, bai azken buruko kontzertuak ‘Zuzen-Zuzenean’ goiburupean sustatuko dira, Kultura Sailaren Euskadiko Soinuak programaren esparruan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak aldatu ahal izango dira, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Horretarako 2.2 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

Bigarrena.– Laguntza-programa hau Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez dela izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

Hirugarrena.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako sariak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko juridikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 10a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala