Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2012ko maiatzaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
2167

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 3koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Errenteriako udalerriko Gaztaño Berrin 30 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.

2.– 30 babes ofizialeko etxebizitzen sustapena Errenteriako Gaztaño Berrin kokatuta dago, Gedi, S.A.k sustatzen du, eta aipatutako aginduak arautzen duen prozedura aplikatu behar zaio. Sustapen horrek 2012ko martxoaren 28an eskuratu zuen behin-behineko kalifikazioa eta EB3-1879/11-LC-000 du espediente zenbakia.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Organo honi dagokio honako zehaztasunak finkatzeko eskumena, hala xedatzen baita ren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4. artikuluan eta baita babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2008ko apirilaren 16ko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan ere.

2.– Sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduak, honakoa adierazten du 7. artikuluan:

«1.– Hautespen-prozesua Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez hasiko da. Agindua sustapenaren behin-behineko kalifikazio-egunaren ondoren eman beharko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Prozedura hasteko agindu horrek gutxienez honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

a) Esleitu beharreko etxebizitzen kopurua. Era berean, indarreko araudia aplikatuz, etxebizitzako berariazko beharrak asetzeko, birkokatze-operazioetarako edo beste behar batzuk asetzeko kendu beharko diren etxebizitzen kopurua adieraziko da.

b) Sustapenean interesa dutela deklaratutako udalerriak.

c) Hurrengo artikuluek adierazten dituzten kupoak eta kupo gehigarriak, baldin badaude.

d) Etxebizitzen lagapen-erregimena.

e) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emateko eskaerak noiz arte hartuko diren kontuan.

f) Lehentasun-ordena, aldi berean kupo batean baino gehiagotan parte hartzeko baldintzak biltzen dituzten eskatzaileak dauden kasuetarako.

g) Argitalpenak egiteko komunikabidea Lurralde Ordezkaritzetako Iragarki Taula izango dela adieraztea».

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Errenteriako udalerrian babes ofizialeko 30 etxebizitza esleituko dira sustapen honetan.

Bigarrena.– Errenteria izango da espediente honetan interesa duen udala.

Hirugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honakoak gordeko dira:

a) 2 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Kupo honetan gurpil-aulkira mugatuta daudenak sartuko dira. Gainerako eskabideak, hau da, 2008ko apirilaren 16ko Aginduak, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen duenak, 8. artikuluan aipatzen dituen gainerako baremoei dagozkienak, doakien kupora pasako dira.

b) 20 etxebizitza, izen ematearen antzinatasuna 4 urtetik gorakoa dutenentzat. Antzinatasun edo aldi hori honela zenbatuko da: Etxebiden izena emateko eskariaren datatik agindu hau argitaratu den egunera arte.

c) 5 etxebizitza, 25 eta 35 urte bitarteko bizikidez osaturiko bizikidetza-unitateentzat. Seme-alaben adina ez da kontuan hartuko.

d) 3 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat.

Eskatzaileek hainbat kupotan aldi berean parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte, zenbaki honetan finkatutako lehentasun-hurrenkera jarraituko da.

Laugarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidekoa izango da.

Bosgarrena.– Etxebiden izena emateko 2011ko azaroaren 30era arte erregistroan sarrera izan duten eskabideak hartuko dira kontuan.

Seigarrena.– Eskatzen diren lagapen-erregimenei eta udalerriei dagokienez, agindu hau argitaratzen den eguna hartuko da kontuan.

Zazpigarrena.– Onartutakoen zerrendetan, besteak beste, onartutako eskaera bakoitzari orotara dagokion zenbaki kopurua agertuko da.

Zortzigarrena.– Argitalpenak egiteko komunikabidea lurralde ordezkaritzetako iragarki taula izango da.

Bederatzigarrena.– 2010. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun urria duten ezgaituak edo ezgaitu psikikoak izanez gero, aski izango da 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.

Hamargarrena.– Etorkizuneko titularretakoren batek erroldaturik egon beharko du interesatutzat jotako edozein udalerritan.

Hamaikagarrena.– Itxaron-zerrenda agortuz gero, esleitu gabe geratzen diren etxebizitzak, dagokion lurralde ordezkariak zozketa bidez esleituko ditu araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean. Posible izango da Etxebiden izena emateko eskabideak kontuan hartuko diren azken eguna atzeratzea eta sustapenean interesa dutela adierazitako udalerriak zabaltzea.

Hala ere, mugikortasun urri iraunkorreko ezinduei egokitutako etxebizitzei dagokienez, honako hau hartuko da kontuan: babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozedurei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduko 5. artikuluan jasotzen dena.

Hamabigarrena.– Zozketa egin ondoren esleitu gabeko etxebizitzak geratuko balira, dagokion Etxebizitzakp lurralde ordezkariak zera baimendu ahalko du: etxebizitza horiek esleitzea, dagokion araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituen edonori.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 3a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala