Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2012ko maiatzaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2164

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, atzerrian EAErako interesgarriak diren gaietako espezializazio-ikasketak egiteko beken 2012/2013rako deialdiari buruzkoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, unibertsitate-komunitateari eta komunitate sozioindustrialari beren eginkizunak garatzeko langile egokiak prestatzen laguntzeko programen sustatzaile gisa dagokion partaidetza aktiboaz jabetuta, doktoretza-titulurik ez duten eta goi-mailako titulazioa duten gazteei zuzendutako bi bideri ekin die. Lehenengoaren helburua da etorkizuneko doktoreak prestatzen laguntzea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE hemendik aurrera) irakaskuntza- eta ikerketa-zentroetara edo I+G enpresa unitateetara atxiki ahal izango direnak, promozio berrien prestatzaile izango direnak aurrerago, eta EAEn ikerketa eta industria-jarduera aurreratua garatzeko oinarrizko sarea osatuko dutenak.

Bigarren bidea, hori ere programa honen xedea, atzerrian EAErako interesgarri diren arloetan master-titulua edo baliokideak lortzeko ikasketak egiteko diru-laguntzak ematea da. Programa honi eusteko premia balioetsi da EAErako lehentasunezko arloetako espezialista-kopurua handitzen lagun dezakeen heinean, eta bere ekarpena ezinbestekoa izango da epe ertain eta luzera ere, hau guztia bigarren ziklo honetan doktoretza-ikasketekin jarraituko den ala ez kontuan hartu gabe.

Deialdi hau publizitate, lehia eta objektibitate printzipioen arabera ebatziko da. Administrazio Publikoek diruz lagun ditzaketen jarduerak zuzentzen dituzte, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezarritako eran, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu duen. Erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, Agindu honetan ezarritako irizpideei jarraiki.

Era berean, maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan, eta ikerketa teorikoaren eta aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.

Horrenbestez, abenduaren 23ko 6/2011 Legea, 2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, onetsi denez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea unibertsitateko goi-mailako tituludunentzat atzerrian EAErako interesgarriak diren gaietako espezializazio-ikasketak egiteko 2012-2013 ikasturterako beken oinarri arautzaileak ezarri eta horietan izena emateko deialdia egitea da. Deialdiaren barruan badago beka berriak ematea zein 2011-2012 ikasturterako beken berritzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan jasotzen den programaren guztizko zenbatekoa, 2012. urteko aurrekontu-ekitaldia (277.143 euro) eta 2013rako konpromiso-kredituak (207.889 euro)kontuan hartuta, 485.032 eurokoa da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura.

2.– Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, artikulu honetan adierazitako kopurua handitu ahal izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, beti ere bekak ebatzi baino lehen. Horren berri Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Programa honen helburua.

Programa honen helburua unibertsitateko goi-mailako tituludunak espezializa daitezen bidea erraztea da. Goi-mailako tituludun horiek atzerrian trebatuko dira gradu-ondoko programa ofizial baten barruan eskaintzen diren espezializatzeko ikasketak eginez, ondoren aipatzen diren arloetan, batez ere.

4. artikulua.– Lehentasunezko arloak.

Arlo hauek izango dute lehentasuna deialdi honetan:

1 arloa: Lehiakortasuna:

1.1.– Materialak eta beren Prozesuak.
1.2.– Garraioa, Logistika eta Mugikortasuna.
1.3.– Energia Garbiak. Iraunkortasuna. Ingurumena.
1.4.– Eraikuntza.
1.5.– Gizarte– eta Kooperatibismo-Ekonomia.

2. arloa: Informazioaren eta Komunikazioaren Gizartea:

2.1.– Informazioaren teknologiak.
2.2.– Komunikazioen teknologiak.
2.3.– Enpresa digitala eta Administrazio Digitala.
2.4.– Matematika aplikatuak.
2.5.– Hizkuntzaren industriak.

3. arloa: Bizi-kalitatea:

3.1.– Osasuna.
3.2.– Kohesioa eta Gizarte-Ekintza.
3.3.– Turismoa, Kontsumoa, Aisialdia eta Kirola.
3.4.– Artea. Kultura-Ondarea.

4. arloa: Baliabide biziak:

4.1.– Biozientziak.
4.2.– Bioteknologia.
4.3.– Nekazaritza- eta Arrantza-arloko teknologiak.
4.4.– Natura zaintzea. Biodibertsitatea.

5. artikulua.– Beken ezaugarriak.

1.– Agindu honetan egindako beka-deialdien bidez gastu hauek ordainduko dira:

a) Egonaldi-gastuak.– Hilean 1.350 euro eta 1.816 euro artekoa izango da kopurua, ikastegiko herrialdearen arabera. Kopuru hori Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen esleipen-ebazpenaren bidez finkatuko da, Ebaluazio Batzordeak xede-herrialdearen erosteko ahalmenaren parekotasuna erabiliz egindako proposamenaren arabera. Horretarako, Ebaluazio Batzordeak kontuan hartuko ditu ebaluatzeko datan erabilgarri dauden eta Nazioarteko Diru Funtsak argitaratzen duen barne-produktu gordinaren azken datuak.

b) Bidaia-gastuak.– Xede-ikastegira joan-etorriaren finanziazio osoa edo partziala egiteko zenbatekoa Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen esleipen-ebazpenean finkatuko da, taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

Lege honen ondorioetarako, eskatzailea erroldatuta dagoen EAEko lurralde historikoko hiriburua hartuko da jatorrizko hiritzat.

c) Matrikula-gastuak.– Ikastaroen tasak finantzatzeko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da gehienez urtean, eta laguntzaren eskaera-orrian adierazi eta agiri bidez egiaztatuko den kostu-aurreikuspenaren araberakoa izango da.

2.– Aurreko atalean adierazitako gastuak ordaintzeko bekaren behin betiko zenbatekoa deialdi honen ebazpenean adieraziko da.

3.– Ordainketak hiruhilero egingo dira, hiruhilekoaren aurreko hilaren amaieratik dagokion hiruhilekoaren lehen hilabetearen amaierara bitartean. Honakoak izango dira hiruhilekoak: 1) urria-abendua, 2) urtarrila-martxoa, 3) apirila-ekaina, 4) uztaila-iraila.

4.– Bekadunak erantzukin zibileko, istripuetarako eta bidaiako laguntzarako aseguru bat izango du.

5.– Lagundutako programak 6 hilabete iraungo du gutxienez, eta 12 hilabete gehienez. Ikasketa-programaren erdia gutxienez 2012ko urriaren 1etik 2013ko irailaren 30era bitartean burutu beharko da.

Ikasketa-programaren iraupen osoa 2012-2013 ikasturtea baino luzeagoa bada, beka berritu ahal izango da, gehienez ere 12 hilabete gehiago, eta betiere, Ebaluazio Batzordeak aldeko ebaluazioa egiten badu eta ekitaldi bakoitzean horretarako adina aurrekontu badago. Beka ondoz ondoko ikasturte akademikoetarako emango da.

6. artikulua.– Laguntza berrien eskatzaileak. Betebeharrak.

1.– Laguntzak eskuratu ahal izateko, baldintza hauek bete behar ditu eskatzaileak:

a) EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea, eskaera aurkezteko epea amaitzen den data baino gutxienez urtebete lehenagotik.

Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda ere, goi-mailako ikasketak egitera Erkidegotik kanpora joan behar izan dutelako antzinatasun-baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak ere.

b) Europar Batasunetik kanpoko atzerritar etorkinen kasuan, dagokien egoitza-baimena eduki behar dute.

c) Lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitekturaren Espainiako ikasketa ofizialen titulua izatea edo titulua eskuratzeko ikasketak amaituta izatea edo, bestela, Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremura egokitu gabeko eta/edo eremu horretakoak ez diren eta doktoretzara sarbidea ematen duten atzerriko hezkuntza-sistemen araberako ikasketak.

Diplomatuaren, ingeniaria teknikoaren edo arkitekto teknikoaren Espainiako titulu ofiziala izatea edo titulua eskuratzeko ikasketak amaituta izatea eta unibertsitateko ikasketa ofizialetan zehar 240 ECT (Europan Credit Transfer System) gaindituta izatea, horietako 60 ECT, gutxienez, master ofizial batean izan behar dira.

Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremuko graduko ikasketen titulua izan edo amaituta izatea eta 240 ECTS kreditu gutxienez gainditu izana, gradu-eta master-ikasketenak barne.

Atzerrian edo Espainiako unibertsitate pribatuetan eskuratutako tituluek ofizialki aintzatetsita egon behar dute, eta eskumena duen ministerioaren homologazio-ziurtagiria aurkeztu beharko da hori egiaztatzeko.

d) Lizentziaturaren, ingeniaritzaren, arkitekturaren, graduaren, diplomaturaren, ingeniaria teknikoaren edo arkitekto teknikoaren ikasketak 2008ko ekainean edo beranduago amaitu izana.

Eskatzaileak eskatzen zaion titulazioa 2012ko abuzturako lortzea espero badu, onartu egingo zaio eskabidea, eta behin behinean ebaluatuko da. Laguntza emateko, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du 2012ko abuzturako ikasketak amaitu dituela. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidali behar ditu jatorrizko ziurtagiri akademikoak edo konpultsatuak eta baita ere titulua edo titulua emateko eskubideen ordainketa egiaztatzen duen agiria, 2012eko abuztuaren 27an beranduenez.

Lizentziaturaren, ingeniaritzaren, arkitekturaren, graduaren, diplomaturaren, ingeniaria teknikoaren edo arkitekto teknikoaren ikasketak 2007ko ekainean izan daiteke, arrazoi hauengatiko eteteak egiaztatzen badira betiere:

1) Amatasuna edo aitatasuna dela-eta hartutako atseden-aldiak, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotzen diren babestutako egoeren arabera.

2) Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, 3 hilabete edo gehiagoko mediku-baimenarekin.

3) Menpekotasuna duten pertsonei laguntzea, autonomia pertsonala sustatzeko eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasota dagoenaren arabera.

Etenaldi hauek 2007ko urtarrilaren 1a eta eskabideak aurkezteko epea amaitu bitartean gertatuak izan behar dute. Eskabidea aurkezteko unean adierazi eta egiaztatuko dira, eta kasu guztietan, ikasketak amaitzen diren egunetik iragandako denbora urtebete luzatzea eragingo dute eta luzatze hau aldi bakarrean egingo da.

e) Espediente akademikoaren batez besteko nota 1,60 puntukoa edo altuagoa izatea. Nolanahi ere, ingeniaritzarako eta arkitekturarako 1,40ko batez bestekoa eskatuko da.

Titulu bat baino gehiago edukiz gero, aurkeztutako ikasketa-programarekin zerikusi handiena duen espediente akademikoa hartuko da aintzat batez bestekoa kalkulatzeko.

Espediente akademikoaren batez besteko nota kalkulatzeko, gainditutako irakasgaien noten batez besteko ponderatua kalkulatuko da, bi hamartarrekin. Karrerako azken urtean daudenek eskaera aurkeztu arte gainditutako irakasgaiak aintzat hartuta egingo dute kalkulua; batez besteko hori hartuko da kontuan eskaera ebaluatzeko, eta ez karrera-bukaerakoa.

Espedientearen batez bestekoa kalkulatu ahal izateko, baliozkotutako edo egokitutako irakasgaien edo kredituen kasuan, egokitu edo baliozkotu dituen unibertsitateak kalifikatu ez baditu, jatorrizko ikastetxean edo ikasketetan lortutako kalifikazioa zenbatuko da, betiere, agiri bidez egiaztatuta baldin badaude. Agiri bidez egiaztatu ez badira, gainditutzat soilik joko dira.

Era berean, espedientearen batez bestekoa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko aukera libreko irakasgaietan, borondatezko irakasgaietan, graduko azterketan eta beste espezialitate batzuetako 2. zikloko irakasgaietan lortutako notak, ezta master ikasketetako notak ere.

Kreditutan antolatutako ikasketa-planetan batez besteko ponderatua kalkulatzeko, baremo eta prozedura hau erabiltzen da:

(Ikus .PDF)

Espedientearen batez besteko ponderatuaren kalkulua: Puntuak guztira/Kredituak guztira.

Berritu gabeko planen batez besteko ponderatua kalkulatzeko, baremo eta prozedura hau erabiltzen da:

(Ikus .PDF)

Espedientearen batez besteko ponderatuaren kalkulua: Puntuak guztira/Irakasgaiak guztira.

Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileek aurreko prozeduretako bat erabiliz, kasuaren arabera, kalkulatu beharko dute haien espedientearen batez besteko nota. Horretarako, lehenago beren ziurtagiri akademikoetako kalifikazioak gure sistema hamartarreko kalifikazio baliokideetara moldatu beharko dituzte jarraian ezartzen diren baliokidetasunen arabera.

Gurea bezalakoa ez den kalifikazio-sistemaren bidez ebaluatutako nota gure sistemara bihurtzeko –kontuan hartuta gure sistemako gehienezko nota 10 dela eta 5 lortu behar dela irakasgaia gainditzeko–, algoritmo hau aplikatu behar zaio irakasgai bakoitzari:

(Ikus .PDF)

X: 10 oinarrian lortu beharreko nota.

M: Gehienezko nota, espediente akademikoari aplikatutako kalifikazio-sisteman.

m: Irakasgaia gainditzeko behar den nota, espediente akademikoari aplikatutako kalifikazio-sisteman.

N: Espedientean ageri den irakasgaian lortutako nota, ikasketak egin diren herrialdeko sistemaren arabera.

f) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duten zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

2.– Eskatzaileek baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, adierazitako salbuespenak salbuespen, eskabidea aurkezterakoan.

3.– Deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak edo baldintzak betetzen dituztela behar den epean eta behar bezala egiaztatzen ez dutenak aukeraketa-prozesutik kanpo geldituko dira.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea.

1.– Eskabidea bide telematikoz bete behar da, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (Unibertsitateak eta Ikerketa) helbidean dagoen aplikazioa erabiliz. Horretarako eskatzaileak erabiltzaile gisa alta eman beharko du eta aipatu aplikazioan agindutako jarraibideak burutu behar ditu.

Behin eskabidea modu egokian bete ondoren eta datu guztiak emanda, inprimatu eta eskabide-orria sinatu behar da, eskabide-orria aginduzko dokumentazio guztiarekin batera aurkeztu behar da, artikulu honen 2 eta 3 ataletan adierazten den leku eta epean.

Eskabideak zinpeko aitorpena eduki behar du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, 50. artikuluaren 6. atalean, onartzen duenari dagokiona, hain zuzen ere.

2.– Eskabide-orria sinatua eta gainontzeko aginduzko dokumentazioa, Agindu honen 9 artikuluan (beka berrietarako) eta 12 artikuluan (bekak berritzeko) agertutakoa, honako helbidera igorri behar da:

Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Zientzia Politikarako Zuzendaritza
Erreferentzia: «Atzerrian espezializazio-ikasketak egiteko bekak»
Donostia kalea, 1
01010 Vitoria-Gasteiz

Halaber, «Zuzenean» Herritarrentzako Arreta bulegoetan eskabidea aurkeztu zein informazioa eskatu daiteke; Bizkaian (Gran Via 85,48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia, 13; 20003 Donostia-San Sebastiŕn) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea; 01008 Vitoria Gasteiz). Telefono-arreta, 012 zenbakien bidez eska daiteke Euskaditik bertatik deituz gero, 945 01 80 00 Estatuko gainontzeko lekuetatik, eta 0034 945 01 80 00 atzerritik deituz gero.

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Halaber, eskabideak aurkeztu daitezke 72/2008 Dekretuak apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak zehaztutako egoitzetan, beti ere, eskabideak aurkezteko deialdiak ezarritako epearen barruan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea, berriak zein berritu beharrekoak izan, hilabete batekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

4.– Eskatzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide bakarra aurkeztu dezake.

5.– Behin eskabideak egiteko epea amaitu ondoren, ezingo dira eskabideak aldatu, Aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.

6.– Eskabide-eredua eta eskaera betetzeko gida www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (Unibertsitateak eta Ikerketa) webgunean eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzan kontsultatu daitezke.

8. artikulua.– Eskabidean egin diren hutsak zuzentzea.

Interesdunak diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez baditu, edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez badu, jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Epe horretan hutsak zuzentzen ez baditu, eskaerari uko egin diola ulertuko dugu.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena 11. artikuluko laugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera egingo da.

9. artikulua.– Beka berriak eskatzea: nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan xedatutako beka berriak eskatu nahi dituztenek agiri hauek bidali behar dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzara:

1.– Aplikazio telematikoan sortutako eskabide-orria, jatorrizko sinaduraz.

2.– Eskatzailea EAEko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen jatorrizko ziurtagiria, eskaera aurkezteko epea amaitu baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

Eskatzaileak deialdi honen helburuarekin zerikusia duten unibertsitate-ikasketak direla-eta betebehar hori beteko ez balu, agiri hauek aurkeztu behar ditu: ikasketa horien matrikula edo hori egiaztatzen duen beste agiri ofizialen bat eta honekin batera, EAEn lehenagotik ohiko erroldatua izatearen agiria eta beste Autonomi Erkidegoren bateko errolda-agiria edo, atzerrian bizi izanez gero, enbaxadaren erregistro-agiria, hau guztia egiaztatu beharreko absentzialdi osoari dagokiona.

3.– Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako eskatzaileek, aurrekoaz gain, egoitza-baimenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu behar dute.

4.-Tituluaren fotokopia konpultsatua, edo berau eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriak, homologazio-ziurtagiriarekin, hala behar bada.

5.– Jatorrizko ziurtagiri akademiko osoa edo bere fotokopia konpultsatua. Aipatutako ziurtagirian honako hau agertu behar da: ikasketen izena, dagokion titulazioaren programa osoaren barruko gaiak, gainditutako ikasgaiak, lortutako kalifikazioak eta horiek noiz lortu diren adierazita.

Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileek, ziurtagiri akademikoarekin batera, ziurtagiriaren zinpeko itzulpena aurkeztu behar dute, baldin eta EAEn ofizialak diren bi hizkuntzetako batean edo ingelesez idatzita ez badago. Nolanahi ere, ziurtagirian edo atxikitako bestelako agiri batean jaso beharko da zein diren ebaluazio-sistemako gehienezko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein, irakasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa.

6.– Normalizatutako curriculum vitaea, jatorrizko sinadurarekin, eta, bertan alegatutako merezimendu guztiak ziurtatzeko agirien kopia. Eskatzaileak argitalpenak egin baditu, horien lehenengo orrialdearen fotokopia erantsi behar da, eta bekarik eskuratu badu, emate-ebazpenen fotokopia.

7.– Eskatzailearen lan-bizitzaren txostena.

8.– Memoria (gehienez 2 orri). Egin nahi den ikasketa-programa azaldu behar da bertan, ikastaroen eta ikasgaien edukiak zehaztuta, bai eta noiz hasi eta bukatzen diren ere. Horrekin batera hori bermatzen duen dokumentazio ofiziala.

9.– Eskatutako ikasketa-programan baldintzarik gabe onartua izan dela ziurtatzen duten agiriak, arduradunaren jatorrizko sinadurarekin.

10.– Eskatzaileak egindako matrikula-gastuen kalkulua eta kalkulu hori bermatzen duten agiri ofizialak. Kalkulu honetan tasa akademikoak bakarrik hartuko dira kontuan. Tasa akademikoak bat baino gehiago badira, bereizita eta labur deskribatuta aurkeztuko dira.

11.– Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikulua betez.

12.– Hirugarrenen altaren inprimaki arautua. Finantza-erakundearen jatorrizko zigilua eta eskatzailearen jatorrizko sinadura izango ditu.

13.– NANaren fotokopia, NIEren fotokopia edo pasaportearena Europar Batasuneko ez diren herritarren kasuan.

10. artikulua.– Beka berriak esleitzeko prozedura. Hautaketa-irizpideak eta baremoa.

1.– Agindu honetan araututako beka berriak emateko prozedura lehia-araubidean egingo da.

Horretarako, artikulu honen hirugarren atalean adierazitako aukeraketa-irizpideak aplikatuz, Ebaluazio Batzordeak eskaerak balioetsiko ditu.

2.– Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute Ebaluazio Batzordea. Zientzia Politikarako zuzendaria izango da lehendakaria, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikaria zuzendari horrek berak izendatuko du, eta Batzordearen idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Ebaluazio Batzordeak honako alderdi hauek balioetsiko ditu aukeraketa egiteko:

a) Eskatzailearen ikasketa-espedientea (gehienez 40 puntu). Puntuazioa lortzeko, 6.e) artikuluak zehaztutakoaren araberako espedientearen batez besteko haztatua bider 10 biderkatuko da.

b) Eskatzailearen curriculum vitaen jasotako beste merezimendu akademiko batzuk (gehienez 10 puntu). Baloratuko dira: argitalpenak (gehienez 2 puntu argitalpeneko), jardunaldietan parte-hartzea (gehienez puntu 1 jardunaldiko, gehienez 2 puntu) eta ikastaroak (puntu 1 100 orduko, gehienez 2 puntu), hizkuntzak jakitea (gehienez 2 puntu hizkuntzako), bestelako tituluak (gehienez 2 puntu tituluko), bekak, laguntzak eta sariak (gehienez puntu 1/ekarpeneko) eta bestelako merezimenduak (2 puntu arte).

Eskatzaileren batek goreneko puntuazioa baino gehiago lortzen badu irizpide honen atalen batean edo puntuazio osoan, eskatzaile guztion puntuazioa gorenaren arabera normalduko da.

c) Eskatzailearen profil akademikoa ikasketa-programa horretara nola egokitzen den (gehienez 10 puntu), 10, 7 eta 5 puntu emango dira, hurrenez hurren, egokitasuna handia, ertaina edo txikia izan.

d) Hautatutako ikastetxearen prestigioa (gehienez 20 puntu). Ikastetxeak Academic Ranking of World Universities 2011 (Shanghai ranking) sailkapenean duen lekuaren arabera balioetsiko da: 20 puntu 1-100 postuetarako, 15 puntu 101-300 postuetarako, 10 puntu 301-500 postuetarako eta 5 puntu 501etik aurrera dauden unibertsitate eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako.

e) Ikasketa-programak deialdi honetako 4. artikuluan lehentasunezkotzat jo diren alor interesgarriekiko duen egokiera (gehienez 20 puntu); 20, 15 eta 10 puntu emango dira, hurrenez hurren, egokitasuna handia, ertaina edo txikia izan.

Ebaluazio Batzordeak, beharrezko baderitzo, kontsultak egin ahal izango dizkie kanpoko espezialistei, merezimendu-lehiaketa baloratzeko.

4.– Artikulu honen hirugarren idatz-zatian adierazitako irizpideen arabera gutxienez 50 puntu edo gehiago lortu dituzten eta onartu diren eskabideak baliotsi ondoren, Ebaluazio Batzordeak ebazpen-proposamena egingo du eskatzaileek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz, eta ondotik, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamenean jasoko dira, batetik, onuradunen zerrenda, dagoen kreditua ahitu arte, eta, bestetik, 50 puntu edo gehiago lortu arren, aurrekonturik ez egoteagatik proposamenean sartu ez diren ordezkoen zerrenda; atzera botatako eta bazter utzitako eskabideen zerrenda ere sartuko da, eta bi kasuetan arrazoiak emango dira.

11. artikulua.– Beka berrien ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Agindu honetan xedatutako beka berriak Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen berariazko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira, Ebaluazio Batzordeak eginiko ebazpen-proposamenean oinarrituta.

2.– Ebazpen hori arrazoitua izango da eta bertan jasoko dira, batetik, onuradunen zerrenda eta zer diru-kopuru dagokien, eta bestetik, 50 puntu edo gehiago lortu arren, aurrekonturik ez egoteagatik proposamenean sartu ez diren ordezkoen zerrenda; atzera botatako eta bazter utzitako eskabideen zerrenda ere sartuko da, eta bi kasuetan arrazoiak emango dira.

3.– Ebazpen hori deialdi-agindu hau argitaratu eta biharamunetik sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Adierazitako epean jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Jakinarazpena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa) argitaratuko den Ebazpen horren bitartez izango da.

Horrela jakinarateaz gain Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lurralde ordezkaritzetan argitaratuko den edikto baten bidez publizitatuko da ebazpena, hala ere, epeak zenbatzeko momentuan soilik jakinarazpen digitala hartuko da kontuan.

5.– Aurreko 4. paragrafoan ezarritakoaren aurka jo gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak SMS mezuen bidez edo posta elektronikoz egindako argitalpenen abisuak bidali diezieke interesatuei. Abisu hauek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen izaerarik.

6.– Ebazpen horren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7.– Denek horren berri izan dezaten, dirulaguntzen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, ebazpen horren jakinarazpenak administrazio-bidean irmotasuna eskuratu eta hurrengo hilabetean.

8.– Beranduenez 2012ko urriaren 28a arte, egun hori barne, plazari uko egiteagatik hutsik gelditutako plazak ordezkoen zerrendan laguntza jaso duen azken eskatzailearen ondoren daudenei emango dizkie Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, ebazpen bidez. Nolanahi ere, 5. artikuluan bekarentzat ezarritako azken eguna ez da aldatuko, eta ekonomia-ondorioak bekadun berriak benetan egindako denborari dagozkionak izango dira. Dena dela, 5. artikuluan aipatzen diren bidaia-gastuak eta matrikula bere baitan hartuko ditu bekaren diru-zenbatekoak.

9.– Agindu honetan xedatutako beken onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan bukatu gabeko itzultze-edo zehatze-prozeduraren bat badute, izapidetze-bidean.

12. artikulua.– 2011-2012 deialdian emandako bekak berritzea.

1.– 2011-2012 ikasturtea baino iraupen luzeagoko ikasketak egiteko beka eskatu zuten onuradunek soilik eskatu ahal izango dute 2011-2012 deialdian emandako beka berritzeko.

2.– Eskaera aurkeztu behar da Agindu honen 7 artikuluaren 1-6 arteko puntuetan adierazten den forman, epean eta lekuan.

3.– Aplikazio telematikoak sortzen duen eskabide-orria sinatu egin behar da eta honako nahitaezko agiriak aurkeztu behar dira:

a) 2011-2012 ikasturtean egindako jarduera akademikoen txostena (gehienez 2 orrialde), Masterraren arduradunaren edo tutoraren sindurarekin berretsita.

b) Bekaren onuradun izandako aldian zehar lortutako kalifikazio akademikoak jasotzen dituen espediente akademikoaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua.

c) 2012-2013 ikasturtean egin beharreko ikasketa-programaren memoria (2 orrialde gehienez). Beka berritu behar izanez gero, ikasketak eta arloak adierazi behar dira, bai eta haietako bakoitza noiz hasi eta noiz amaitzen den ere, hori bermatzen duen dokumentazio ofizialarekin batera.

d) Eskatzaileak egindako matrikula-gastuen kalkulua eta kalkulu hori bermatzen duten agiri ofizialak. Kalkulu honetan tasa akademikoak bakarrik hartuko dira kontuan. Tasa akademikoak bat baino gehiago badira, bereizita eta labur deskribatuta aurkeztuko dira.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50 artikulua betez.

4.– Artikulu honetako bigarren atalean eskatzen dena betetzen ez duten eskabide eta agiriak aurkeztuz gero, agindu honen 8. artikuluan zehaztu bezala jardungo da.

5.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez berrituko dira 2011-2012 deialdian emandako bekak, agindu honen 10. artikuluko bigarren atalean zehaztutako Ebaluazio Batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta. Prozedura hau amaitzeko, emandako laguntzak, ordezkoak, ukatuak eta baztertuak zehazten dituen ebazpena eman, jakinarazi eta argitaratuko da, agindu honen 11. artikuluan xedatutakoari jarraiki, denek jakin dezaten, eta, artikulu horrek 5. idatzi-zatian xedatu bezala, haren aurka egin ahal izango da.

Berritzeko eskabideek beka berrien eskabidekiko lehentasuna izango dute deialdi honetan.

13. artikulua.– Beka onartzea.

1.– Beka berriaren zein lehengoa berritzearen onuradunak 10 egun natural izango ditu berariaz eta idatziz bekari uko egiteko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian argitaratutako Ebazpenaren bidez egindako jakinarazpena egin eta biharamunetik. Hala egin ezean, beka onartu egin duela ulertuko da.

2.– Beka onartzearekin batera, onuradunak oinarri hauetan ezarritako eskubideak aitortuko zaizkio eta betebeharrak bete beharko ditu.

14. artikulua.– Bekari uko egitea.

Bekaldia behin hasita, berari uko egitea Zientzia Politakarako Zuzendaritzari zuzendu beharreko idazki baten bitartez gauzatuko da, justifikatuta, beti ere uko egiteak ondorioa eduki baino 10 egun lehenago. Uko egitea Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak onartu beharko du berariaz eta, hala gertatuz gero, onuradunak egonaldi-gastuetarako eskubideak galduko ditu, uko-egiteak ondorioak izango dituen hiruhilekoaren lehenengo egunetik, eta lehen hiruhilekoan egin badio uko laguntzari, bai eta matrikula-eta bidaia-gastuetarako eskubideak ere.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Beka onartu duten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Onuradunak ikastaroaren lehen egunean joan behar du ikastegira. Programaren arduradunak onuraduna bertaratu dela egiaztatu beharko du, eta onuradunak bidali behar du idazkia ikastaroa hasi eta 10 egunetako epearen barruan.

b) Ikastegiak emandako epean matrikula ordaintzea, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jatorrizko ordainagiriak aurkeztea, ordaindu eta hurrengo 10 egunetan.

Ikastaroak deialdi honen ebazpena argitaratu aurretik hasten badira, aurreko hizkian adierazitako bertaratze-egiaztagiria eta matrikula-ordainagiriak Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidali behar dira, ikasturte horretako urrian.

c) Onuradunak ikastegi berean egin behar ditu ikasketak, bekak irauten duen bitartean ezingo da ikastegiz aldatu.

d) Aukeratutako programan edozein aldaketa egin aurretik, baimena eskatu behar dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Baimen-eskabidea arrazoitu egin behar da, eta programaren arduradunaren edo onuradunari esleitutako balizko tutoreen bermea izan behar du. Eta horiek, egoki iritziz gero, edo Zientzia Politikarako zuzendariak hala eskatuz gero, bekadunaren errendimendu akademikoari buruzko informazioa bidali ahal izango dute.

e) Ikastaroa amaitzen denetik hilabeteko epean (beka berritzea denean izan ezik), programaren arduradunak edo tutoreak bermatutako memoria labur bat aurkeztu beharko du bekadunak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan. Egindako jarduera akademiko osoa eta lortutako kalifikazioak jaso behar dira memoria horretan.

f) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak onuradunaren jarduera akademikoen errendimenduaren jarraipena egiteko ezarritako arau guztiak onartu behar ditu.

g) Bekari uko egiteko justifikatutako idazkia aurkeztu behar du Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, ondorioak izaten hasi baino 10 egun lehenago.

h) Diruz lagundutako jarduaren xedea edo izaera errotik aldatzen duen gertakariren bat jazotzen bada, horren berri ematea eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari laguntzea ematea jarduera horien berrikuspena, ikuskaritza, jarraipena eta kontrola egiteko.

i) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betez, eskatutako informazio guztia ematea.

j) Oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitako guztia.

2.– Dirua jasotzeko eta beka berritzeko, aurrean zehaztutako betebeharrak bete beharko dira.

16. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Beka hau jasotzea bateraezina da xede berbereko beste laguntza bat jaso izanarekin edo jasotzearekin, edo prestatzen ari diren ikertzaileen estatutua onartzen duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuaren aplikazio-esparruko programen laguntzak edo arau horren barruan egon gabe ikertaileei zuzendutako eta doktoretza-tesia egiteko edota prestakuntzarako laguntzak jaso izanarekin edo jasotzearekin.

2.– Beka hauek espezializatzeko direnez gero, beren indarraldia bukatzean, ezin izango da programa honetako beste bekarik jaso.

3.– Beka hau jasotzea bateraezina da lanaldi osoko lan batekin edo urtean 6.000 euro baino gehiagoko ordainsari gordina duen lan batekin.

17. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio honako hau:eskabideak aurkeztea, edonolako kontsulta egitea eta honi dagokion jakinarazpena.

18. artikulua.– Bekaren baldintzak aldatzea.

Beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, beka emateko ebazpena ere alda daiteke, betiere bekaren helburua beteta dagoela ulertzen bada, eta, hala dagokionean, erakunde honek nahiz beste herri-administrazioren batek emandako diru-laguntzak eta laguntzak aldi berean jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak behar den likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako beken zenbatekoak berriz doituko dira, eta bekok emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Beraz, pertsona eta erakunde onuradunek sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzulketa-espedientea abiaraziko da.

19. artikulua.– Jarraipena.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio onuradunak egindako espezializazio-ikasketen jarraipen zientifiko-teknikoa eta egokiak diren prozedurak ezarriko ditu. Horretarako beharrezko deritzen organoak, komisioak eta adituak izendatuko ditu bekaren aplikazioaren jarraipena eta egiaztapena egiteko eta baita egoki ikusten den informazio osagarria eskatzeko ere, Agindu honen barruan berariaz ezarritakoari kalterik egin gabe.

20. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beharrezkoak diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak dituen zereginen aurka jarri gabe.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Bekaren onuradunek ez badute betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluko arau-hausteren bat egin badute edo agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, organo kudeatzailearen zuzendariak, ebazpen bidez, adieraziko du, emateke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala behar bada, jasotako zenbatekoak eta laguntza ordaindu zenez geroztiko legezko interesak itzuli behar dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bidezkoak diren gainerako jarduketak eragotzi gabe. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan zehaztutakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira bidezko lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan araututakoa izango da.

22. artikulua.– Beka-eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala behar izanez gero, dirua itzultzeko prozedura.

Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:

a) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du prozedura noiz hasi eta noiz ebatzi.

b) Zientzia Politikarako zuzendariak itzultzeko prozedura hasi dela adieraziko dio interesdunari. Prozedura hasteak eten egingo ditu, hala behar bada, oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik jaso gabe igaro bada, prozedura amaitu egingo da Politika Zientifikoko zuzendariaren ebazpen bidez.

Itzultzeko prozedura ebazteko hamabi hilabete izango dira, gehienez ere.

Ebazpen horretan bete beharrekoak ez direla bete onartzen bada, beka jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, eta, hala behar bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion kopuruak itzuli behar dizkiola, ebazpena jakinarazten zaionetik bi hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari horren berri emango zaio, aplikagarri den legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

23. artikulua.-Datu pertsonalak.

Abearen 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraiki, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduko «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzako fitxategia. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.

Datuak eskuratzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideez Zientzia Politikarako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hau da helbidea: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako agiriak egiazkoak direla frogatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenegoa.– Arautegi aplikagarria.

Agindu honetan xedatu gabekoari dagokionez, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa hartuko da aintzat.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, eta horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hilabete izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera. Edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik bi hilabete izango dira, Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 8a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala