Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2012ko maiatzaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2159

1/2012 FORU DEKRETU-ARAUA, urtarrilaren 24koa, Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan, Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta Zerga Berezietan aldaketak sartzen dituena.

Lurralde erkidean onartu diren zenbait xedapenek aldaketak sartu dituzte Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan, Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta Zerga Berezietan.

Zehazki, abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuak, aurrekontu, zerga eta finantza arloan presazko neurriak hartzen dituenak defizit publikoa zuzentze aldera, aldaketak sartu ditu Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zenbait karga tasatan, eta Balio Erantsiaren gaineko Zergan 2012ko abenduaren 31ra arte luzatu du % 4ko tasa murriztuaren aplikazioa etxebizitzen salmentetan. Aldi berean, aldatu egin du erabilera profesionaleko gasolioari Hidrokarburoen gaineko Zergan aplikagarri zaion itzulketa tasa.

Bestalde, urriaren 10eko 38/2011 Legeak, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legea eraldatzekoak, eta abenduaren 22ko 39/2010 Legeak, Estatuaren 2011. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, zenbait aldaketa sartu dituzte Balio Erantsiaren gaineko Zergan, Gipuzkoako zerga ordenamenduan nahitaez jaso beharrekoak.

Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Ituna onartzen duenak, 21., 26. eta 33. artikuluetan hurrenez hurren jasotzen duenez, Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta zerga bereziak tributu itunduak dira. Bertan xedatutakoaren arabera, lurralde historikoetako erakunde eskudunek Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen edukizko eta formazko arau berberak aplikatu behar dituzte zerga horiek kudeatzeko, salbuespen bat eginda: egoitza atzerrian duten pertsona edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta dituzten establezimendu iraunkorren Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokionez, haiei Sozietateen gaineko Zergaren araudi autonomoa aplikatuko zaie.

Horrek beharrezko egiten du aipatutako legeetan sartu diren aldaketak Gipuzkoako zerga araudira ekartzea.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, berretsiak izateko.

Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga aldatzea.

2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra bitartean, biak barne, apirilaren 26ko 2/1999 Foru Arauak, Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarenak, 24. artikuluaren 1. apartatuko a) eta f) letretan aipatzen dituen karga tasak (% 24 eta % 19 hurrenez hurren) % 24,75 eta % 21 izango dira.

2. artikulua.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga aldatzea.

Honako aldaketak sartzen dira abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretuan, Gipuzkoako zerga araudia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legera egokitzekoan:

Bat.– 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 21. artikuluaren 4. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita.

«4.– Erakunde aitortuei egindako ondasun emateak, baldin eta, salbuespenerako eskubidea aurrez onartuta, erakundeok Europar Batasunetik kanpora esportatzen badituzte ondasun horiek beren jarduera humanitarioen, karitatezkoen edo hezkuntza arlokoen esparruan.

Hala ere, zenbaki honen aurreko paragrafoan aipatutako ondasunak ematen dituena erakunde publiko bat edo gizarte izaerako establezimendu pribatu bat bada, zerga Administrazioari eskatu dakioke jasandako baina erabat kendu ez den zerga itzultzea, zenbatekoa frogatu ondoren, ondasun emateak egin eta hiru hilabeteko epean».

Bi.– 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, e) letra gehitzen zaio 84. artikuluaren Bat apartatuko 2. zenbakiari, honako edukia duena:

«e) Ondasun higiezinak konkurtso prozesu baten ondorioz ematen direnean».

Hiru.– 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, laugarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Laugarrena.– Nahitaezko betearazpeneko prozedura administratibo eta judizialak.

Nahitaezko betearazpeneko prozedura administratibo eta judizialetan, zerga honen ondorioetarako enpresari edo profesionalak diren esleipendunek honako hau egiteko ahalmena izango dute subjektu pasiboaren izenean eta kontura, prozedura horietan egiten diren eta hari lotuta dauden ondasun emate eta zerbitzu prestazioei dagokienez:

1.a Eragiketa dokumentatzen eta zergaren kuota jasanarazten duen faktura luzatzeko, dagokion autolikidazioa aurkezteko, eta haren ondorioz ordaindu beharreko zerga ordaintzeko.

2.a Foru dekretu honen 20. artikuluko Bi apartatuan aipatzen diren salbuespenei uko egiteko, hala badagokio. Erregelamendu bidez zehaztuko da zer baldintza eta beharkizun bete behar diren ahalmen horiek baliatzeko.

Ondasun higiezinen emateei ez zaie aplikatuko xedapen honetan ezarritakoa, baldin eta emate horien subjektu pasiboa ondasunon hartzailea bera bada, 84.Bat.2. artikuluaren e) letraren arabera».

3. artikulua. Zerga bereziak aldatzea.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldatu egiten da 52 bis artikuluaren 6. apartatuko a) letra martxoaren 3ko 20/1998 Foru Dekretuan, Gipuzkoako zerga araudia zerga bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legeak xedatutakora egokitzekoan. Hona idazkera berria:

«a) Itzulketako tasa, 1.000 litroko eurotan adierazia, 1.3 epigrafeko zerga tasari (itzulketarako eskubidea sortzen den unean indarrean dagoenari) 306 euro kenduta ateratzen den zenbateko positiboa izango da».

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Balio Erantsiaren gaineko Zergan etxebizitzen salmentei aplikatuko zaien zerga tasa.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta soil-soilik 2012ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izateko, abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretuak, Gipuzkoako zerga araudia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legera egokitzen duenak, 91. artikuluaren Bat.1 apartatuko 7. zenbakian aipatzen dituen ondasun emateei Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ehuneko 4ko tasa murriztua aplikatuko zaie.

AMAIERAKO XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru Dekretu-Arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.

Donostia-San Sebastián, 2012ko urtarrilaren 24a.

Diputatu nagusia,

Martin Garitano Larrañaga.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

HELENA FRANCO IBARZABAL.


Azterketa dokumentala