Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2012ko apirilaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
1800

51/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa, Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartzen duena.

Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legeak erabateko erregulazioa eman zion Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko bidaiari-garraioari, erkidegoaren gizarte, ekonomia eta lurralde arloko garapenerako, sektore horrek duen izaera estrategiko eta oinarrizkoak dituen behar eta eskakizunetara moldatutako erregulazio bat. Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.c) artikuluak eta 4/2004 Legearen 4.1 artikuluak ahalmena ematen diote Eusko Jaurlaritzari lege hori garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamendu mailako xedapenak emateko, eta horixe da erregelamendu hau, zeinek legean jasotako printzipioak eta arau-esparrua zehazten baititu.

Erregelamendu berriak legearen izpiritua garatzen du, baina arreta berezia jarriz Euskadin errepideko bidaiari-garraio publikoak planteatzen dituen errealitate berriei eta erronkei. Eta zehazki, garraio-eredu jasangarriago baterako bidean aurrera egiteko beharra ikusi da, eta hiru ikuspegitatik gainera; ingurumenaren jasangarritasuna lortu nahi da, energia garbiagoak erabiliko dituzten eta energia-kontsumo eraginkorragoa egiten lagunduko duten garraiobide jasangarriagoen aldeko apustu garbia eginez; jasangarritasun soziala, guztiek izan dezaten garraiobideak erabiltzeko aukera, behar handiena dutenen kolektiboengan arreta bereziak jarriz; eta jasangarritasun ekonomikoa, eta horrek eskatzen du baliabideen esleipen eraginkorragoa egitea, Eusko Jaurlaritzak koordinatuta, legean aurreikusten diren plangintza-ahalmenak baliatuz, era horretan garraio-zerbitzuen eskaintza eta baliabide publikoen kudeaketa optimizatzeko.

Era berean, garrantzitsua da errepideko garraioaren kalitatea bultzatzea. Garraio publikoaren kalitatearen alderdirik nagusienetakoa segurtasuna dugu, eta bereziki, eskola-umeen segurtasuna, ikastetxeetarako joan-etorrietan. Alde horretatik, erregelamenduaren asmoa da, bere ahalmenen barruan, segurtasunerako behar diren gailuak jar daitezen bultzatzea.

Azkenik, erregelamenduaren asmoa da arau-esparruaren analisi ekonomiko bat egitea, merkatu irekiagoa, askeagoa eta lehia-zuzenbidearen azken joerei hobeto egokitzen zaiena sortzen laguntzeko, eta horrela, zerbitzu hobe eta merkeagoa lortzea erabiltzailearentzat, eta horretarako, errepideko erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularraren kudeaketa adjudikatzeko, oro har, emakida-sistemara joko da, (betiere publizitate, lehia eta gardentasun printzipioei jarraituz), halako moldez non emakida-eredu benetan meritokratikoa lortuko den, hau da, beste ezeren gainetik zerbitzurik egokiena emateko merezimenduak lehenetsiko dituena.

Horregatik, bada, Espainiako estatuko araudiarekin eta Europar Batasunean berriki onartutakoarekin harmonikoa den araudi-garapen bat proposatu da (Errepideko garraiolari-lanbidean jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau erkideak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduarekiko eta, batez ere, Trenbideko eta errepideko bidaiarien garraioko zerbitzu publikoei buruzko 2007ko urriaren 23ko 1370/2007/EE Erregelamenduarekiko harmonikoa), eta Espainiako barne-zuzenbidera eta Euskal Autonomia Erkidegokora egokitu eta ekarri da.

I. kapituluan, «Xedapen erkideak» izenekoan, arau berriaren, legean jasotako bidaiari-garraioaren sektorearen gaineko plangintza-ahala, eskumenak dituzten administrazioen arteko lankidetza, beste garraiobide batzuekiko koordinazioa eta tarifen araubidearen oinarrizko printzipioak ezartzen dira.

II. kapituluak, «Lanbidean jarduteko araubide juridikoa» izenekoak, batetik, errepideko garraiolari lanean jarduteko eskakizunak finkatzen ditu, (lanbidea Errepideko garraiolari-lanbidean jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau erkideak ezartzen dituen eta Kontseiluaren 96/26/EE zuzentaraua indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduaren 3. artikuluak arautzen du) eta, bestetik, garraiolari-erregistroa arautzen du, Estatuko erregistroarekin koordinatu, eta 1071/2009/EE Erregelamenduan xedatutakora egokitu beharko delarik.

III. kapituluak herri arteko zerbitzu publikoa ematearen inguruko alderdi juridikoak arautzen ditu, «Bidaiarien herri arteko garraio-zerbitzu publikoak» izenburupean. 1. atalak zerbitzua ezartzearen ingurukoak arautzen ditu; zerbitzua ezartzeko ekimena administrazioarena, ofizioz, partikularrena edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuena izan daiteke, eta ezartzeko kontuan izango dira garraio-eskari errealak edo potentzialak, horiei erantzuteko dauden baliabideak, zerbitzu hori sarean sartzeak izango duen oihartzuna eta zerbitzua ezartzean eragin dezaketen gainerako inguruabar sozialak; eta gainera, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen den zerbitzuren bat garraio-programa eta –planetan jasota ez badago, edota alderantziz, jasota egon arren, gerora ikusten bada ez dagoela zerbitzu jakin hori sortzeko edo mantentzeko beharrik, programa eta plan horiek eguneratu egin beharko dira. 2. atalak «emakida-araubidea» arautzen du. Gardentasunaren, lehian parte hartzen duten operadoreak berdin tratatzeko eta proportzionaltasunaren printzipioak bermatzeko aurreikuspenak garatzen dira; zehazten dira zerbitzu publiko gisa dagozkion betebeharrak, zeinak emakidaren baldintza-agirian sartu beharko baitira; eta emakiden iraupena ere arautu egiten da, zerbitzuaren ezaugarri eta beharren araberakoa behar duena, baina 10 urteko epea gainditu gabe, nahiz eta berariaz aipatzen diren hainbat kasutan, hasierako epea, gehienez ere, beste % 50 luzatu daitekeen. Era berean, lehiarako arauak ere ezartzen dira, lehian Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 10. artikuluan aurreikusitako eskakizunak eta erregelamendu honetan adierazten direnak betetzen dituzten enpresek izango dutelarik lehian parte hartzeko aukera.

3. atalak, besteak beste, emakiden aldaketak arautzen ditu. Aldaketa horiek baldintza-agirian edo lizitazio-iragarkian aurreikusi beharko dira, betiere sektore publikoko kontratazioaren legerian ezarritakoarekin bat. 4 atalak eskualdeko emakidak garatzen ditu, administrazioak berak ofizioz edo partikularrek eskatuta erabaki ahal izango duelarik horrelakoak ezartzea. Ustiapen-planaren zehaztapenak emakida-klausuletan sartuko dira. Ustiapen-planak, bere aldetik, garraio-planetan jasotako xedapenetara moldatuko dira.

Erregelamenduaren IV. kapituluak interes publikoko garraio zerbitzuen araubide juridikoa arautzen du. 1. atalak erabilera txikiko zerbitzu publikoak ezartzea eta horretarako gaitzeari buruzko arauak jasotzen ditu. 2. atalak, eskaria aldi baterakoa edo ohiz kanpokoa denean, zerbitzua ezartzea justifikatuta dagoenerako aldi baterako garraio erregularrak arautzen ditu.

3. atalak erabilera bereziko garraio-zerbitzu erregularrei buruz legearen 36. artikuluan ezarritakoa garatzen du. Erabilera bereziko zerbitzua ezartzeko baimena, lehendik ere sortutako beharrei egoki erantzuteko gai den erabilera orokorreko zerbitzu berdintsu bat badagoelako, noiz ukatu behar den arautzen du, eta horren ondorioz indarrik gabe uzten da urriaren 6ko 266/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak izango diren, erabilera bereziko errepideetan bidaiarien garraiorako zerbitzu erregularren lehentasun-eskubidea arautzen duena.

4. atalak legearen 37. artikuluak aipatzen dituen eskatu ahalako garraio publikoak ditu mintzagai: baimenak arautzen ditu; arau orokor gisa ezartzen du zerbitzua emateko ibilgailuaren edukiera osoa kontratatu beharko dela, eta salbuespen gisa jarlekuka noiz kontratatu daitekeen ere zehaztu du. 5. atalak, berriz, arautzen du turismo-garraioa, zeina izaera turistikoa eta gutxieneko batzuk bete beharko dituzten beste zerbitzu osagarrirekin batera emango den, nahitaez. 6. atalak funtsean garraio pribatu osagarriek, baimena jasotzeko, bete behar dituzten eskakizun eta baldintzak arautzen ditu, eta martxoaren 18ko 4/2004 Legean ezarritakora igortzen du.

V. kapituluak bidaiarien herri barruko garraioa arautzen du, udal zerbitzu publiko gisa. Udalen eskumena izango da kasuan kasuko udalerri barruan egiten den bidaiari-garraioa arautu, planifikatu, administratu, finantzatu, kudeatu, ikuskatu eta zehatzea. Bat datozen herri barruko edo herriz kanpoko trafikorik izanez gero, herri barruko zerbitzu erregularra ezarri ahal izateko, bi zerbitzuen ustiapenaren koordinazio-plan bat onartzeko baldintza jar dezake foru aldundiak. VI. kapituluak bidaiari-geltokiak arautzen ditu, eta instalazioek bete beharreko gutxieneko minimoak ezartzen. VII. kapituluak «Ikuspen– eta kontrol-araubidea» izenekoak erregelamendu honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatu eta ziurtatzeko ikuskapen-lanak arautzen ditu, eta aukera ematen du Eusko Jaurlaritzak foru aldundiekin batera ikuskapen-plangintza orokor bat egin dezan, irizpideak bateratzeko eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ikuskapen-lana homogeneizatu eta objektibatzeko. Foru aldundien ikuskapen-programazioek eta lanek jarraibide orokor hauetan ezarritakoa bete beharko dute.

Legea garatzeko arauari xedapen iragankorrek, xedapen indargabetzaile bakarrak eta bi xedapenek ematen diote amaiera.

Horren ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko apirilaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartzea. Erregelamendua dekretu honen eranskin gisa doa.

2. artikulua.– Erregelamenduan aurreikusitako xedapenak betetzen ez badira, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen XII. kapituluko zehapen-araubideari egingo zaio men.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Erregelamendu hau indarrean jartzen denean martxan dauden zerbitzu publiko erregularrek indarrean jarraituko dute, harik eta emakidaren epea amaitu arte.

Bigarrena.– Erregelamendu hau indarrean jartzen denean baimena edo emakida emateko izapidetze-prozesuan dauden administrazio-espedienteek, xedapen honetan aurreikusitakoaren arabera bukatuko dituzte izapideak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak izanik, errepideko bidaiari-garraiorako erabilera bereziko zerbitzu erregularren lehentasun eskubidea arautzen duen urriaren 6ko 266/1998 Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erregelamendu honetan aurreikusten ez diren kasuetarako, Estatuan garraioen eta sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatuko da.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko apirilaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA, APIRILAREN 3KO 21/2012 dEKRETUARENA
ERREPIDEKO BIDAIARI GARRAIOAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK
1. ATALA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Erregelamenduaren xedea.

1.– Erregelamendu honen xedea da Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legea garatzea. Erregelamendu honen xedapenak legearen 1. artikuluan aipatzen eta 2. artikuluak definitzen dituen herri barruko eta herri arteko garraioari eta bidaiari-geltokiei dagokienean aplikatuko dira.

2.– Erregelamendu honetan araututako administrazio-eskumenak legearen 4. artikuluan aurreikusitako eskumen-araubidearen arabera baliatuko dira.

2. artikulua.– Administrazio-antolamenduaren printzipioak.

Errepideko bidaiari-garraioaren arloan botere publikoen jardunaren helburu eta printzipio orokorrak dira legearen 3.2 artikuluan jasotakoak. Alde horretatik, garraio jasangarriko sistema baten sustapenak berekin dakartza printzipio hauek:

a) Mugikortasun jasangarria lortzeko bultzada.

b) Herritarrek mugikortasun egokia eta segurua irisgarri izateko duten eskubidea bermatzea, ahalik eta ingurumen inpakturik txikienarekin.

c) Gizartearen eta ingurumenaren aldetik kosturik txikiena izango duten garraiobideak lehenestea.

d) Garraio publiko kolektiboa eta inpaktu txikia edo batere inpakturik ez duten beste garraio-sistema batzuk bultzatzea eta diruz laguntzea, oso ekologikoak ez diren garraiobideen ordez garraiobide elektrikoak sustatuz eta petrolioaren eratorrien ordez bestelako erregaiak, ingurumen-inpaktu txikia dutenak, erabiltzea sustatuz eta lagunduz.

e) Garraioaren konfigurazioan eta beharretan eragiteko moduko eskumenak dituzten administrazioen arteko erakunde-lankidetza, garraioen plangintza egoki egin, eta plangintza abiapuntu hartuta, sektorea behar bezala koordinatuko dela bermatzeko, baliabide publikoen eraginkortasuna lortzen laguntzeko.

f) Garraiobideak ezartzeko eta kudeatzeko kostuak ondo banatzea, azpiegituren eta zerbitzuen onurak jasoko dituzten enpresek ere haien finantzaketan parte hartzeko modua eginda.

g) Hirien garapen jasangarria eta lurraldearen erabilera zentzuzkoa bultzatzea, pertsonen joan-etorriak gutxitzeko.

2. ATALA
PLANGINTZA ETA KOORDINAZIOA

3. artikulua.– Garraio-plan orokorra eta garraio-planak.

1.– Eusko Jaurlaritzari dagokio herri arteko garraioaren plangintza orokorra egitea, autonomia-erkidegoa esparru bakartzat hartuta, sektorearen aurreikuspenak, helburuak eta lehentasunak zehazteko, eta horrela, garapen harmoniko, orekatu, eraginkor eta jasangarria bermatzeko; bai eta garraio-zerbitzu publiko guztiak koordinatu eta eskaintzea, garraio-sistema orokorrarekin uztartuta, halako moldez non bermatuko den beste garraiobide batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuekin eta, oro har, erlazionaturik daude beste administrazio-jarduketa batzuekin ere koordinatuko direla, azken finean, helburua baita baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa lortzea.

Garraio-plan orokorrak, besteak beste, alderdi hauek jasoko ditu: Euskadiko mugikortasunaren analisia eta diagnostikoa bereziki errepidez egiten den garraio publikoko mugikortasunarena; sarearen estalduraren eta irisgarritasunaren analisia; eta eskari globalaren eta egungo zerbitzuak, azpiegiturak eta instalazioak eskari horretara zenbateraino egokitzen diren aztertzeko analisia. Analisi horiek abiapuntu gisa hartuta, garraio-plan orokorrak ezarriko du garraio-zerbitzu erregularren sarearen diseinu orokorra, haren oinarrizko ardatzena eta bestelako garraio-sistemekin eta Euskadiko garraio publikoko eskaintzarekin nola integratu behar den.

2.– Foru aldundiei dagokie, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 4.2 artikuluak berariaz onartzen dizkien eskumenen barruan, Eusko Jaurlaritzak egindako plangintza orokorra garatzeko garraio-planak egitea.

3.– Udalei dagokie 4/2004 Legearen 4.3 artikuluan ezarritako eskumenen barruan, bidaiarien herri barruko garraioaren tokiko plangintza egitea.

4.– Foru aldundiek egindako garraio-planek alderdi hauek garatu beharko dituzte: inguruko mugikortasunaren diagnostikoa eta garraio kolektiboarekiko erlazioa; herriz kanpoko garraioaren antolamendua eta inguruko mugikortasunean izan dezakeen eragina; inguruan behar diren garraio publiko kolektiborako azpiegitura eta zerbitzuen sustapen eta finantzaketa egokia; zuzeneko kudeaketako zerbitzu publikoak; garraio-sarearen diseinua; beste garraiobide batzuekiko integrazioa; inguruko bide-sare nagusien antolamenduan eta ustiapenean izango duen inpaktua; interes publikoko arrazoiengatik hainbat ingurutan egin beharreko murrizketak edo jarri beharreko mugak; inguru barruko aparkalekuen antolaketa eta bidaiari-geltokietan aparkaleku gomendatuen sustapena; bai eta ekologikoagoak diren garraiobideen sustapena, eta planen jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak.

5.– Udalek egindako garraio-planek honako alderdi hauek garatu beharko dituzte: herri barruko mugikortasunaren diagnostikoa eta inguruko garraio kolektiboarekiko erlazioa; herri barruko garraioaren antolamendua eta auzoetako mugikortasunean izan dezakeen eragina; inguruan behar diren garraio publiko kolektiborako azpiegitura eta zerbitzuen sustapen eta finantzaketa egokia; zuzeneko kudeaketako zerbitzu publikoak; garraio-sarearen diseinua; beste garraiobide batzuekiko integrazioa; inguruko bide-sare nagusien antolamenduan eta ustiapenean izango duen inpaktua; interes publikoko arrazoiengatik hainbat ingurutan egin beharreko murrizketak edo jarri beharreko mugak; zona bakoitzaren barruko aparkalekuen antolaketa eta bidaiari-geltokietan aparkaleku gomendatuen sustapena; bai eta ekologikoagoak diren garraiobideen sustapena, eta planen jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak.

4. artikulua.– Garraio-planak egitea.

1.– Erregelamendu honen 3.1 artikuluan aipatzen diren garraio-plan orokorrak Eusko Jaurlaritzaren barruan garraioen arloko eskumena duen sailak egingo ditu. Plan orokor hori ofizioz, nahiz, foru aldundiek, garraiolari edo erabiltzaileen ordezkari diren elkarteek, Euskadiko Garraio Agintaritzak, garraioko lurralde-agintaritzek edota beste administrazio edo administrazio-organo batzuek eskatuta egingo da.

2.– Garraioen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak aurreproiektu bat egin beharko du, eta aurreproiektu hori jendaurrera atera beharko du hilabeteko eperako, eta eraginpeko administrazioei ere aurkeztu beharko die, nahitaez, hilabeteko epean txostena egin dezaten. Ezarritako epean txostenik egiten ez bada, jarduketekin aurrera jarraitu ahal izango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeari jarraituz.

Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari eta mugikortasun jasangarriaren arloan eskumena duten organoei kontsulta egingo zaie, legeria berezian aurreikusitako eran.

3.– Garraio-plan orokorra Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu beharko dio garraioen arloan eskumena duen sailak, onar dezan. Nolanahi ere, planak azpiegiturei buruzko agindurik jasotzen badu, azpiegituren gainean eskumenak dituzten organo eta administrazioek ere hartu beharko dute parte planean eta ados egon beharko dute.

4.– Garraio-plan orokorra garatzeko egiten diren garraio-planak onartzea, foru aldundietako eta udaletako kasuan kasuko organo eskudunei dagokie, aurretik garraioen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren txostena eskuratu ondoren. Sailak hilabeteko epea izango du txostena egiteko.

5.– Planetan bertan aurreikusi beharko da planak nola aldatu behar diren eta nola egokitu, sortzen diren behar berriek, inguruabarrek eta planaren aplikazioaren ondoriozko esperientziak hala eskatzen duenean.

6.– Artikulu honetan ezarritakoak ez du ezertan galarazten Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean xedatutakoa, arloko planak izapidetzerakoan eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren arloko araudia aplikatzerakoan.

5. artikulua.– Lankidetza eta koordinazioa.

1.– Eusko Jaurlaritzak erakundeen arteko lankidetza bermatuko du, eta une oro Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jarduketak foru aldundienekin eta udalek beren eskumenen eremuan burutzen dituztenekin koordinatzen saiatuko da, garraio-sistema erkide bat lortzeko eta herritarrei administrazioarekiko harremanak sinpletu eta errazteko. Lankidetza hori lurralde historikoko garraio-agintaritzaren bidez bideratuko da, halakorik dagoen kasuetan.

Herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen eremuan, errepideko bidaiari-garraioa beste garraiobide batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuekin koordinatu beharko dituzte, bai eta garraioarekin loturiko beste jarduketa-eremu administratibo batzuekin ere, eta horretarako, lankidetza-hitzarmenak adostu ahal izango dituzte eta bidezko irizten dituzten partzuergoak egitea erabaki.

2.– Garraio publikoa hobeto eskaintze aldera, garraio publikoan garraiobide jakin batekin diharduten enpresek, behar bezala baimenduriko beste garraiolari batzuk kontratatu ahal izango dituzte, zerbitzua beste garraiobide bat erabiliz eskaintzeko; baina, betiere enpresak ematen duen zerbitzuarekin aurretik edo ondoren zuzenean lotzen badira eta eskaintzen dituztenen osagarri badira; eta edonola ere, osagarritasun hori bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren barruan garraioen arloko eskumena duen sailak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Horretarako, trenbide-enpresa eta operadoreek baimena izango dute bidaiarien trenbideko garraioa beste garraiobide bat erabiliz osatzeko, baldin eta beste zerbitzu hori trenbidekoaren aurrekoa edo segidakoa bada, eta eskaintzen duten trenbideko garraioaren osagarria gainera, eta enpresa eta operadoreek kasuan kasuko zerbitzu hori eskaintzeko gaitasuna ematen duen titulua badute. Enpresa edo operadore horiek baimena izango dute, beren izenean garraiolari gaituak kontratatzeko, trenbidekoa ez den beste garraiobide bat erabiliz trenbideko garraioa osatuko duen garraio-zerbitzu bat emateko. Zerbitzu bera eskaintzeko errepideko erabilera orokorreko garraio-zerbitzu erregular iraunkor bat badago, zerbitzu erregular horren gaineko eskumena duen administrazioaren baimena beharko da.

4.– Zerbitzu osagarria berbera ez dela eta hortaz, baimenik ez duela behar ulertuko da, zerbitzu osagarri hori herriguneen eragin-eremuan ematen denean eta Erregelamendu honen 19.1.a) artikuluan aurreikusitako distantziaren barruan.

3. ATALA
TARIFEN ARAUBIDEA

6. artikulua.– Tarifen araubidea eta egitura.

1.– Derrigorrezko eta gehieneko tarifa izaera izango dute soil-soilik bidaiarien erabilera orokorreko garraio-zerbitzu publiko erregular iraunkorrek, eta zerbitzu horiek zeintzuk diren kasuan kasuko emakida-tituluan zehaztuko da. Derrigorrezko tarifak jendeak ikusteko moduan jarri beharko dira saltokietan, lokaletan, sare digitaletan eta jendearentzako irisgarri den edozein baliabidetan.

2.– Derrigorrezkoak diren tarifak, hasieran, zerbitzuaren kostu-egitura osatzen duten elementuen gainean administrazioak egin beharko duen balorazioaren arabera ezarriko dira. Balorazio hori eskumena duen administrazioak egingo du, behar bezala kudeaturiko enpresa baten kostuak oinarri hartuta, eta administrazioak arauak ezarri ahal izango ditu zerbitzuaren benetako kostuaren, amortizazioaren eta arrazoizko enpresa-onuraren zenbatekoa zehazteko.

3.– Emakidaren tarifa-araubidea honela ezarri ahal izango da:

a) Bidaiari eta kilometroko tarifa bakarra, emakidapeko zerbitzu eta bidaldi guztietarako; tarifa desberdinak bidaiari eta kilometroko, zerbitzu eta bidaldi jakin bakoitzerako; edota, bidaiari eta kilometroko tarifa berezi bat, erosotasun, kalitate edo bestelako inguruabarrengatik hala eskatzen duten zerbitzuetarako.

b) Bidaiari eta emakidapeko zerbitzuak zeharkatuko duen zona bakoitzeko zona-tarifak, egindako kilometroak kontuan izan gabe.

c) Bidaiariko tarifa, emakidapeko zerbitzu guztietarako, egindako kilometroak kontuan izan gabe.

4.– Aurreko puntuko a) hizkian aurreikusitako kasuetan, bidaia-txartel bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, jatorriaren eta helmugaren arteko kilometroak ezarritako tarifarekin biderkatuko dira, eta ateratzen den emaitza, behar izanez gero, borobildu egin ahal izango. Tarifa horrekin, egindako kilometroak gorabehera, gutxieneko bat kobratu ahal izango da.

5.– Hainbat operadoretan txartel bakarra jartzea edo tarifa bateratzea erabakitzen bada, operadoreek, administrazioak eta garraioko lurralde-agintariek tarifa-araubide berria adostu ahal izango dute. Tarifak bateratu diren lurraldean garraio-zerbitzua eskaintzen duen erabilera orokorreko bidaiarien edozein garraio-zerbitzu erregular iraunkorrek eskubidea izango du araubide horretara atxikitzeko, garraio publikoko zerbitzua tarifa bateratuaren araubidearekin eskaintzen duten gainerako operadoreen baldintza eta modu berberean.

7. artikulua.– Tarifak berrikustea.

1.– Tarifak administrazioak berrikusiko ditu, Legearen 48.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz, zerbitzuaren kostu-egitura osatzen dutenen elementuetan aldaketak gertatzen direnean, eta horren ondorioz oreka ekonomikoa hausten denean.

2.– Sektore publikoko kontratazioari buruzko araudian administrazio publikoen kontratuen prezioak berrikusteari buruz ezarritakoa gorabehera, urte bakoitzaren bigarren hiruhilekoaren barruan, Administrazioak emakidapean eskaintzen diren bidaiarien erabilera orokorreko herri arteko garraio-zerbitzu publiko erregular iraunkorren tarifen berrikusketa orokorra egingo du, eta hurrengo idatzi-zatian adierazitako arauei jarraituz egin ere.

3.– Tarifen berrikusketan kontuan izan beharko da prezioetan izandako aldaketa, eta hori kalkulatzeko kontuan izango da EAErako multzo orokorreko kontsumorako prezioen indizeen batez bestekoaren (aurrerantzean ?IPCmedio) urteko aldaketa, (datu horiek Estatistikako Institutu Nazionalak berrikusketa egin aurreko urte naturalean argitaratzen ditu) eta emakida bakoitzean, berrikusketaren aurreko urtean bidaiari-kilometro kopurua (VKmr), eta horren aurreko urtearekiko magnitude horrek berak izandako aldaketa (Vkmr-1).

Horretarako, berrikusketa egingo da C eguneratze-koefizientea honela kalkulatuz:

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

V/Kmr = bidaiariak/emakidako kilometroak urtean.

V/Kmr-1 = bidaiariak/emakidako kilometroak aurreko urtean.

V/KMr adierazpidean r, berrikusketaren aurreko urte naturala izango da, eta, r-1 beraz, r urtearen aurreko urtea; eta edonola ere, x-ren balioa formula honek mugatuko du, eta ehunekotan adieraziko da:

(Ikus .PDF)

C eguneratze-koefizientea emakida bakoitzean indarrean dauden tarifei (Tt-1) aplikatuko zaie, halako moldez non une bakoitzeko tarifa berrikusia (Tt) honela aterako den::

(Ikus .PDF)

Tt= tarifa berrikusia; Tt –1= indarrean dagoen tarifa, eta C= eguneratze-koefizientea.

4.– Emakidadun batek ez baditu emakida bati buruzko datuak ezarritako moduan errazten, legez dagokion zehapena gorabehera, emakida horren tarifa ez da berrikusiko, harik eta akats hori konpondu arte. Emakidadunak emandako datuetan hutsunerik, akatsik edo gezurrik bada, legez ezarritakoaren arabera izan lezakeen zehapena gorabehera, hutsune, akats edo gezurra atzemandakoan, datu horietan oinarrituz kalkulaturiko tarifa berrikusia zuzendu egingo da, bai eta gerora onartutako beste guztiak ere.

5.– Eusko Jaurlaritzaren barruan garraioen eskumena duen sailak bidaiarien garraio-zerbitzuen kostuen bilakaera aztertuko duen behatoki bat egin, eta eguneratuta izango du, eta enpresa eta erabiltzaileek horren berri izateko modurik eraginkorrenak diren bitartekoen bidez emango die zabalkundea. Behatoki horretan entzunaldia eskainiko zaio Euskadiko Garraio Agintaritzari, lurralde-agintariei, eta ordezkaritza zabalena duten garraio arloko enpresen eta erabiltzaileen elkarteei.

8. artikulua.– Diru xehea.

Bidaiarien herri arteko garraioa egiten duten autobus guztiek erabiltzaileari 20 eurora arteko aldea itzuli ahal izateko txanponak edo billeteak eraman beharko dituzte, eta onartu ere, 20ra arteko billeteak onartuko dituzte. Diru kopuru hori Eusko Jaurlaritzaren barruan garraioen arloko eskumena duen saileko titularraren aginduz aldatu ahal izango da.

II. KAPITULUA
JARDUERAREN ARAUBIDE JURIDIKOA
1. ATALA
LANBIDEAN JARDUTEKO AURRETIAZKO BALDINTZAK

9. artikulua.– Lanbidean jarduteko baldintza subjektiboak.

Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, bidaiarien garraio publikoan jarduteko, ezinbestekoa izango da gaitasun profesionala, ohorea, eta benetan finkatua egotea, 2009ko urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduan (errepideko garraiolari-lanbidean jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau erkideak ezartzen dituenean) eta hura garatzeko Europako, Estatuko nahiz erkidegoko araudian ezarritako eran.

10. artikulua.– Lanbidean jarduteko baldintza objektiboak.

1.– Gaitasun ekonomikoa garraiolari-lanbidean aritzeko bete beharreko baldintza objektiboa izango da, Legearen 10.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta zehazki eskatuko da, abiarazi nahi den jarduera martxan jartzeko eta egoki kudeatzeko behar diren diru-baliabideak eta bitarteko materialak izatea, 2009ko urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduan (errepideko garraiolari-lanbidean jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau erkideak ezartzen dituenean) eta hura garatzeko Europako, estatuko edo erkidegoko araudian adierazten den kapitala eta erreserbak izan beharko direlarik.

2.– Administrazio eskudunak, nolanahi ere, eskubidea izango du enpresen finantza-egoera, balantzeak eta emaitzen kontuak onak diren egiaztatzeko, eta enpresak jarduera behar bezala burutzeko behar diren baliabideak dituen jakiteko beste edozein informazio eskatzeko.

11. artikulua.– Lanbidean jarraitzea.

1.– Lanbidean jarduteko baldintza objektibo nahiz subjektiboetan aldaketarik izanez gero, administrazioari horren berri eman beharko zaio, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

2.– Administrazio eskudunak ikusten badu emakida edo baimen baten titular den enpresa edo norbanako batek ez dituela lanbidean jarduteko baldintza objektiboak edo subjektiboak betetzen edo ez betetzeko arriskuan dagoela, epe bat jarriko dio 2009ko urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduan ezarritako moduan egoera erregularizatzeko. Epea igaro, eta egoera erregularizatu ez bada, enpresaburuak ezin izango du lanbidean jarraitu, eta gaitasuna ematen dion titulua eten edo kendu egingo zaio, urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduan aipatutako epean.

2. ATALA
LANBIDEAN JARDUTEKO ESKAKIZUNAK

12. artikulua.– Garraiolarien erregistroa.

1.– Garraiolarien erregistroak izaera publikoa izango du. Erregistroa kasuan kasuko foru aldundiaren ardurapean egongo da, eta xede nagusia izango du Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legean eta hura garatzeko araudian jasotako jardueretarako gaitzen duen tituluren bat lortzen duten enpresa eta pertsonak inskribatzea; bidaiari garraio erregular iraunkorreko zerbitzu publikoko kontratuak inskribatzea; eta enpresa, pertsona, titulu eta kontratuen gorabeheren berri, eta zehapen-prozedurak (4/2004 Legean edo indarrean dagoen araudian tipifikaturiko urratzeak egiteagatik instruitutakoak) eta indarrean dagoen araudian tipifikaturiko lege-urratzeengatiko jarritako zehapenak jasotzea. Nolanahi ere, urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduan ezarritako datuak jaso beharko ditu, gutxienez.

2.– Garraio publikoko zerbitzua emateko edo garraioaren lagungarri eta osagarrietan aritzeko aurretiazko eta ezinbesteko baldintza izango da horretarako administrazio-titulua garraiolarien erregistroan inskribatzea enpresak.

3.– Erregistroan inskribaturiko enpresak derrigortuta egongo dira inskripzioan ageri diren datuei eragiten dieten aldaketa ororen berri foru aldundiei jakinaraztera, bai eta administrazio-tituluen baldintzei eragiten dieten bestelako inguruabarrak ere, baldin eta horien berri izatea garrantzitsua bada garraioaren antolamendurako.

Koordinazio ondorioetarako, garraiolarien erregistroan jasotako informazioa Eusko Jaurlaritzaren barruan garraioen arloko eskumena duen sailaren esku jarri beharko da.

4.– Garraiolarien erregistroaren antolaketa eta barne funtzionamendua Sustapen Ministerioaren Garraioko Enpresa eta Jardueren Erregistro Zentralarekin koordinatuko da, eta garraio arloan eskumena duen sailaren agindu bidez ezarriko da.

5.– Garraiolarien erregistroan ageri diren datuen edukia publikoa izango da, eta hortaz, kontuan izan beharko da datu pertsonalen babesaren inguruan indarrean dagoen legerian ezarritakoa.

Erregistroko datuen kudeaketa eta tratamenduari dagokionean urriaren 21eko 1071/2009/EE Erregelamenduren ondorio diren eskakizunak betearaziko dira.

13. artikulua.– Aseguruak.

1.– Bidaiarien garraio zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresek indarrean dagoen legerian ezarritako aseguruak kontratatu beharko dituzte.

2.– Artikulu honetan aurreikusitako aseguruen kostua ustiapen-gastutzat hartuko da, eta 6.2 artikuluaren ondorioetarako, kostu-egituraren osagaietako bat izango da.

III. KAPITULUA
HERRI ARTEKO BIDAIARI-GARRAIOKO ZERBITZU PUBLIKOA
1. ATALA
ZERBITZU PUBLIKOA EZARTZEA

14. artikulua.– Erabilera orokorreko garraio-zerbitzu publiko erregular iraunkorra ezartzea.

1.– Erabilera orokorreko bidaiarien garraio-zerbitzu publiko erregular iraunkorrak, era batean nahiz bestean kudeatu, eskumena duen administrazioak ezarri edo sortuko ditu, eta horretarako lehendabizi, zerbitzua beharrezkoa dela esango duen administrazio-ebazpena beharko da, eta ondoren zerbitzua emateko proiektua onartu.

2.– Administrazio eskudunak (ofizioz), partikularrek edota beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk sustatu ahal izango dute zerbitzu publiko horiek ezartzea, kontuan izanda horretarako, egungo eta etorkizunera begirako garraio-eskaria, eskari horri erantzuteko dauden baliabideak, zerbitzu horiek sarean sartzearen ondorioak eta zerbitzua ezartzeari eragiten dioten bestelako inguruabarrak.

Zerbitzu bat ezartzeko eskabidea garraio-planetan aurreikusita dagoenean soilik izapidetuko da; bai eta, planetan sartuta ez egon arren, bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoari eta beharrari buruzko azterlanak egin ondoren, administrazioak interes publikoko arrazoi objektibo eta orokorrak ikusten baditu, eta hortaz, bidezko bada zerbitzua ezartzea eta horrek ez badu garraio-plan orokorrean jasotako garraio erregularren oinarrizko sarearen kontra egiten.

3.– Zerbitzu berriak ezartzekotan, onartutako garraio-planetan ezarritako aurreikuspenak errespetatu beharko dira. Aurrekoa gorabehera, garraio-planak eguneratu egin beharko dira, onartu eta gero, zerbitzuren bat beharrezko edo komenigarritzat jotzen bada, eta zerbitzu hori planean sartuta ez badago, edo alderantziz, gerora ikusten bada planean sartuta dagoen zerbitzuren bat sortzea edo mantentzeak ez duela zentzurik.

15. artikulua.– Garraio zerbitzu publikoa ezartzeko aurreproiektua.

Zerbitzua ezartzeko aurreproiektuak honakook jaso beharko ditu:

1.– Zerbitzuaren beharrari eta ezarpen, mugikortasun-eskari, bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoari buruzko justifikazioko memoria.

2.– Egingo diren trafikoen deskribapen xehea eta aurreikusitako ibilbideen planoa: ibilbidean sartzen diren udalerri nagusiak eta geralekuak aipatu beharko dira, bai eta lehendik dauden beste zerbitzu batzuekiko bat-etortze aipagarriak, egingo diren bidaldien kopurua eta egutegia.

3.– Zerbitzua emateko baliabide materialen zerrenda: ibilgailuen kopurua, ibilgailu horien ezaugarriak, guztira eskainiko den plaza-kopurua eta beharko diren instalazio finkoak.

4.– Zerbitzua ustiatzeko emakidarako aurreikusitako epea.

5.– Zerbitzatu nahi diren trafikoen bolumenaren ebaluazioa.

6.– Ustiapen-baldintzen azterlan ekonomikoa, honakook jasoko dituena: ustiaketaren kostu-egitura, inbertsioen amortizazio-epeak, aurreikusitako okupazio-maila, ibilgailu eta kilometroko kostuak eta bidaiari eta kilometroko kostuak. Argi eta garbi zehaztuko dira zerbitzu publiko gisa dagozkion betebeharrak, eta era objektibo eta gardenean ezarriko da, konpentsaziorik ordaindu behar izatekotan, konpentsazio hori zer parametrotan oinarrituta kalkulatuko den, eta ematen diren eskubide esklusiboen izaera eta irismena, halako moldez non Trenbideko eta errepideko bidaiari-garraioko zerbitzu publikoei buruzko 1370/2007/EE Erregelamenduan ezarritakoaren araberako gehiegizko konpentsazioak ekidingo diren.

7.– Ustiapen-araubidea, esleipen mota eta, zerbitzuaren beharraz erabakitzeko, administrazio eskudunak erabakitzen dituen gainerako inguruabarrak.

16. artikulua.– Zerbitzua ezartzeko espedientearen izapideak.

1.– Behin aurreproiektua aurkeztutakoan, administrazio eskuduneko organoak hilabeteko iraupena izango duen jendaurreko erakustaldia irekiko du, aldizkari ofizialean iragarki bat argitaratuz, eta garraio-enpresek, partikularrek, garraiolari-elkarteek eta gainerako erakunde publiko nahiz pribatuek aurkeztu ahal izango dituzte alegazioak. Era berean, zerbitzu berriak zuzenean nahiz zeharka eragiten dieten zerbitzu-emakiden titularrei hamabost eguneko entzunaldia eskainiko die.

2.– Jendaurreko erakustaldia hasitakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan garraioen arloko eskumena duen sailaren derrigorrezko txostena eskatuko da, aurreproiektua komeni den eta garraio-plan orokorrera eta mugikortasun-planetara egokitzen den ebaluatzeko; txostena egiteko gehienez ere hilabeteko epea izango da.

3.– Argitaratu ondoren, aurreproiektuan aldaketarik bada, agintari eskudunak lehenbailehen argitaratuko du zuzenketa. Zuzenketa horrek ez du esleipen-prozedura hasteko data aldaraziko.

4.– Zerbitzuak lurralde historiko bat baino gehiago zeharkatu behar baditu, jendaurreko erakustaldiko epea hastearekin batera, aurreproiektuaren kopia bana bidaliko zaie kasuan kasuko foru aldundiei, derrigorrezko txostena egin dezaten, gehienez ere hilabeteko epean. Txosten hori ez da loteslea. Orobat, Euskadiko Garraio Agintaritzaren txosten derrigorrezkoa, baina loteslea ez dena eskatuko da, Euskadiko Garraio Agintaritza sortzeko legean ezarritako baldintzetan, eta, halakorik izanez gero, baita eratuta dauden lurralde agintaritzenak ere.

5.– Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako epea igarotakoan, foru aldundiko edo udaleko organo eskudunak, aurkeztutako alegazioen eta jasotako txostenen balorazio tekniko, ekonomiko eta juridikoa egin ondoren, zerbitzua ezartzea bidezkoa denentz erabakiko du, eta beharrezko jotako aldaketak egin ondoren, proiektua onartuko du, zeina zerbitzuaren ustiapena esleitzeko baldintza-agiriaren oinarri gisa baliatuko baita.

17. artikulua.– Zerbitzua emateko beste konponbide batzuk baloratzea.

1.– Baldin eta, zerbitzu berria izapidetzen den bitartean, zerbitzu horrekin asebete nahi diren garraio-behar berriei erantzuteko egokiagoa den beste konponbide bat komeni dela alegatzen bada, eta hori ere Erregelamendu honetan jasota badago, eta bat ez bada, bestea onartzeko eskatzen bada, administrazio eskudunak zerbitzu berria ezartzeari eta eskaera berriari buruzko erabakia batera hartuko du, horretarako beste prozedura independente bat irekitzen hasi beharrik izan gabe.

2.– Edonola ere, zerbitzu berria ezartzeko jarraitutako prozeduran zehar ikusten bada, alternatibarik onena, lehendik dauden emakidak aldaraztea dela, administrazioak hala erabaki ahal izango du, ofizioz, eta hasitako prozedura amaitutzat jo. Aurrekoa gorabehera, aldatzen den emakida esleitzeko oinarrizkotzat jo ziren inguruabar ekonomikoen oreka mantendu egin beharko da, erregelamendu honek kasuan kasuko aldaketa motarako ezarritako eran.

18. artikulua.– Trafikoen zehaztapena.

1.– Erabilera orokorreko bidaiarien garraio-zerbitzu erregular iraunkor bakoitzeko trafikoak garraio-zerbitzuak zeharkatzen dituen eta bidaiariak hartu edu uzteko geralekuren bat hartzen duten herri edo herrigune desberdinek osatuko dute.

2.– Sortzen diren zerbitzu berriek ezin izango dituzte lehendik dauden erabilera orokorreko beste zerbitzu erregular iraunkor batzuekin guztiz bat datozen trafikoak egin. Era berean, ezin izango da zerbitzu berririk eskaini, aurreikusitako trafikoak lehendik dauden beste batzuekin guztiz bat ez etorri arren, jatorri edo helmuga beste herriren batean badute, baina lehendik dauden zerbitzuen herrietatik hurbil daudelako eta antzeko biztanle kopurua dutelako, asetzen duten garraio-zerbitzua funtsean berbera bada, Erregelamendu honen 19.1 artikuluan ezarritakoa gorabehera.

Trafikoak berberak direnentz erabakitzeko ondorioetarako, zerbitzu berria izapidetzen hasten denean baimenduta dauden trafikoek ukitzen dituzten geralekuak soil-soilik hartuko dira kontuan.

3.– Herri berdinen arteko trafikoak (bide-sarean aldaketak egin direlako edo ez) ibilbide edo azpiegitura desberdinak erabiliz egin badaitezke, trafiko berdintsutzat hartuko dira, salbu eta tarteko trafiko partzialek beste zerbitzu bat sortzea justifikatzen badute edo ibilbide berria erabiltzeak kualitatiboki oso desberdina izango den zerbitzu bat sortzea badakar berekin. Bi zerbitzu kualitatiboki desberdintzat hartuko dira, baldin eta batetik bestera bidaiaren iraupenean edo prezioan % 10eko aldea badago.

4.– Nolanahi ere, trafiko bat egiteko, bi zerbitzu edo gehiago daudenean, errepidea edo beste garraiobide bat erabiltzen dutenak, administrazioak horien ibilbidea aldatu egin dezake, eta zerbitzua aldi berean eskaintzea ere erabaki dezake, baldin eta horrek ez badu zerbitzuan aldaketa kualitatiborik eragiten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko garraioen arloko sail eskudunak idatzi-zati honetan eta aurrekoan aipatzen diren zerbitzuak kualitatiboki desberdinak direnentz erabakitzeko arau bereziak ezarri ahal izango ditu.

5.– Zerbitzu berriak sortzerakoan trafiko beretsuak ezartzeko debekuak ez die eragingo aurreko emakida bat azkentzearen ondorioz sortzen direnei, baldin eta trafiko horiek haietan sartuta bazeuden.

19. artikulua.– Trafiko beretsuetarako salbuespenezko baimena.

1.– Salbuespen gisa, administrazio eskudunak lehendik dauden beste zerbitzu batzuen antzeko trafikoak dituzten zerbitzuak baimendu ahal izango dituzte, interes publikoko nahikoa arrazoi badago horretarako. Interes publikoko nahikoa arrazoi dagoela ulertuko da kasu hauetan:

a) Zerbitzua eskainiko den herrigunearen eragin-eremuan 50.000tik gora zuzenbidezko biztanle bizi direnean, betiere, herrigune horien muinetik lerro zuzenean gehieneko distantzia hau kontatuta:

– 150.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, 10 kilometro.

– 50.000 eta 150.000 biztanle arteko udalerrietan, 5 kilometro.

b) Udalaren eskumenekoak diren trafikoak, udalerri horretan bertan burutzen diren herri arteko beste zerbitzu batzuek egiten dituztenen antzekoak badira.

c) Lehendik dagoen lineak egiten dituen bidaldiak nahiko ez badira behar berriei behar bezala erantzuteko, linearen titularrak, administrazioak aldaketak egiteko eskatu ondoren, berariaz edo esan gabe, ez zaiola interesatzen esaten badu eta administrazioak nahitaez ezartzea erabakitzen badu.

d) Aurreko artikuluko 3., 4. eta 5. idatzi-zatietan jasotako kasuetan.

2.– Administrazioak, zerbitzu baten trafikoak eta beste batenak beretsuak direla ikusten badu, zerbitzua emateko baldintzak koordinatu eta harmonizatzeko behar diren neurriak hartuko ditu, hala nola, tarifen araubidea, bidaldien maiztasuna eta ordutegia edo bestelakoak, bidegabeko lehiak edo lehia aztoratzaileak ekiditeko, eta edonola ere, trafiko horiek direla eta, kasuan kasuko emakidetako trafikoetarako ez bestelako baldintzak ezarri ahal izango ditu.

2. ATALA
EMAKIDEN ARAUBIDEA

20. artikulua.– Herri arteko garraio-zerbitzu erregularren ustiapena.

1.– Erabilera orokorreko bidaiarien garraio-zerbitzu publiko erregular iraunkorren kudeaketa Trenbideko eta errepideko bidaiarien garraioko zerbitzu publikoei buruzko urriaren 23ko 1370/2007/EE Erregelamenduan eta Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legean ezarritakoaren arabera eraenduko da.

Era berean, sektore publikoko kontratuei buruzko legeria orokorrean zerbitzu publikoen kudeaketarako kontratuentzat jasotako arauak ere aplikatu beharko zaizkio.

2.– Bidaiarien garraioko zerbitzu publikoa, arau gisa, administrazio-emakidaren bidez ustiatuko da, eta hortaz, esleipendunak bere gain hartuko du zerbitzua ustiatzeak dakarren arriskua. Emakida esleitzeko arauak:

a) Zerbitzu publikoa kudeatzeko administrazio-emakida emateko, sektore publikoko kontratuei buruzko legerian ezarritako esleipen-prozedurak jarraituko dira, ekonomia aldetik eskaintzarik onena aukeratzeko; horretarako, hainbat irizpide baliatuko dira, prozedura osoan publizitatea eta gardentasuna bermatuko dira, eta lehian parte hartzen duten enpresak berdin tratatuko dira, ezein diskriminatu gabe.

Eskaintzak aurkeztu ondoren, eta are hasierako hautaketa bat egin ondoren, negoziaketak burutu ahal izango dira, (betiere gardentasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatuz), zehazteko zein elementuk eskaintzen duten beharren berezitasun edo konplexutasunei hobeto erantzuteko modua, urriaren 23ko 1370/2007/EE Erregelamenduari jarraituz.

b) Administrazioko organo eskudunak prozedura negoziatura edo lehia elkarrizketatura jo ahal izango du soil-soilik sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian ezarritako kasuak gertatzen direnean.

c) Aurrekoa gorabehera, administrazioko organo eskudunak zuzenean esleitu ahal izango du emakida bat, baldin eta garraiobideren batean eskaintzen den zerbitzu publikoa eteten bada edo berehala eteteko arriskua badago, baina gehienez ere bi urterako.

d) Kontratua esleitzeko, administrazioko organo eskudunak kontratazio-mahai baten laguntza izango du; mahai hori administrazio horren kontratazio araudi organikoaren arabera eratuko da eta haren ardura izango da eskaintzak baloratzea. Lizitazio-iragarkirik argitaratu beharrik ez duten prozedura negoziatuetan, mahaia eratzea aukerakoa izango da.

e) Lizitazioaren publizitateari, kontratuaren lizitazioari, esleipendunaren aukeraketari, prozeduraren emaitzaz informatzeko betebeharrari eta kontratua formalizatzeari dagokionean, sektore publikoko kontratazioaren legerian ezarritakoari men egingo zaio.

3.– 2. paragrafoan ezarritakoa gorabehera, eta espedientean horretarako arrazoiak justifikatu eta egiaztatzen badira, posible izango da sektore publikoko kontratazioaren legerian aipatzen den zeharkako kudeaketarako bestelako modalitateren baten bidez kudeatzea erabakitzea, hala nola, kudeaketa interesdunaren, itunaren edo ekonomia mistoko sozietate baten bidez.

21. artikulua.– Kudeaketa publikoa eta zuzeneko prestazioa.

1.– Salbuespen gisa, bidezkoa izango da, ondoko kasu hauetan, zerbitzuaren kudeaketa publiko zuzenekoa egitea: zerbitzuaren izaera dela eta, zeharkako kudeaketa desegokia denean; haren bidez ezin direnean bete, iritsi nahi diren helburu ekonomiko edo sozialak, edo interes publiko zehatzek edo izaera ekonomiko edo sozialeko arrazoiek hala eskatzen dutenean.

2.– Aurreko puntuan aurreikusitako gorabehera horiek agertzen direnean, administrazioak zuzenean eskaini ahal izango ditu erabilera orokorreko garraio publikoko zerbitzu iraunkorrak, edo kudeaketarako, indarrean dagoen legeriak enpresa-kudeaketa publikoaren arloan onartzen dituen erabideetatik edozein erabiliko du, betiere Trenbideko eta errepideko bidaiarien garraioko zerbitzu publikoei buruzko urriaren 23ko 1370/2007/EE Erregelamenduan jasotako arauak betez.

22. artikulua.– Publizitatea.

1.– Trenbideko eta errepideko bidaiarien garraioko zerbitzu publikoei buruzko urriaren 23ko 1370/2007/EE Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, administrazio bakoitzak urtean behin txosten orokor bat emango du argitara, bere eskumeneko zerbitzu publikoen betebeharrei, aukeratutako zerbitzu publikoko operadoreei eta operadore horiei ordainetan emandako kalte-ordain edo eskubide esklusiboei buruzkoa, horrek ezertan galarazi gabe sektore publikoko kontratazioaren legerian ezarritako eran kontratatzailearen profilaren zabalkundea egiteko beharra.

Informazio hori eskuratzeko modua kasuan kasuko foru aldundiaren edo udalaren webguneetan zehaztu beharko da.

2.– Sektore publikoko kontratazioaren legerian aurretiazko informazio-iragarkietarako xedatutakoa gorabehera, administrazio eskudun bakoitzak behar diren neurriak hartu beharko ditu, beranduenera ere, lizitazioaren prozedura hasi edo zerbitzua zuzenean emateko akordioa onartu baino urtebete lehenago, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean honako datu hauek argitaratzeko:

a) Agintari eskudunaren izena eta datuak.

b) Zerbitzua kudeatzeko modalitatea eta esleipen-mota.

c) Esleipenaren eraginpean gera daitezkeen zerbitzuak eta lurraldeak.

Administrazio eskudunak informazio hori ez argitaratzea erabaki dezake, baldin eta zerbitzu publikoko kontratuarekin egin behar den bidaiarien garraioko zerbitzu publikoetan urtean 50.000 kilometro baino gutxiago egin behar baditu.

Argitaratu ondoren, informazio horretan aldaketarik bada, administrazioak zuzenketa bat argitaratuko du lehenbailehen, zuzenketa horrek esleipen-prozedura hasteko data ezertan aldatu gabe.

3.– Lizitaziorako deialdia sektore publikoko kontratazioaren legerian xedatutakoaren arabera argitaratu beharko da.

4.– Zerbitzuaren zuzeneko kudeaketako kasuetan edo prozedura irekiaren edo murriztuaren ordez beste esleipen-prozeduraren bat jarraitu duten zeharkako kudeaketako kasuetan, kudeaketa eta esleipen era horretara zergatik jo duen argitu beharko dio administrazio eskudunak, zilegizko interesa izanik, hala eskatzen dion edonori.

23. artikulua. Emakiden iraupena.

1.– Emakidaren iraupena, emakida-tituluan jasoko baita, zerbitzuaren ezaugarrien eta beharren arabera finkatuko da, baina gehienez ere 10 urtekoa izango da. Horretarako, kontuan izango dira zirkulazio-bolumena, izan litezkeen irabaziak, eta ustiapenaren azterlan ekonomikoaren ondorioz kontuan hartu beharreko gainerako inguruabarrak.

2.– Aurrekoa gorabehera, beharrezko bada eta aktiboen amortizazio-baldintzak kontuan izanda, posible izango da emakiden iraupena luzatzea, gehienez ere, hasierako iraupenaren erdia haina, Trenbideko eta errepideko bidaiarien garraioko zerbitzu publikoei buruzko urriaren 23ko 1370/2007/EE Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, zerbitzu publikoaren operadoreak kontratuaren xede den zerbitzua emateko beharrezko diren aktiboen osotasunarekiko zati esanguratsua osatzeko behar beste aktibo jarri beharko ditu, eta aktibo horiek batez ere zerbitzu horretara bideratuta eduki.

24. artikulua.– Baldintza teknikoen eta klausula juridiko eta administratiboen agiriko baldintzak.

1.– Erregelamendu honek xede duen zerbitzua ezartzeko onartutako proiektua baliatuko da kasuan kasuko baldintza teknikoen eta klausula juridiko eta administratiboen agirien oinarri gisa, eta interes publikoari egoki erantzuteko komenigarri iritzitako zehaztapenak ere sartu ahal izango dira, betiere proiektuaren aurreikuspenak errespetatuz.

Baldintza teknikoak ezartzeko sektore publikoko kontratazioaren legerian jasotako arauak aplikatuko dira.

2.– Baldintza teknikoen eta klausula juridiko-administratiboen agiriko baldintzak honela sailkatuko dira:

a) Funtsezko baldintzak: eskaintza guztiek errespetatu beharko dituzte, eta ezin izango dute inolako aldaketarik egin baldintza horietan; halakoetan sartuko dira, egin beharreko trafikoak, emakidaren iraupen-epea eta baldintza-agirian berariaz funtsezkotzat jotzen den beste edozein baldintza.

Ibilbidea ere funtsezko baldintzatzat joko da, baina baldintza-agirian ibilbide bat baino gehiago sartu ahal izango dira.

b) Gutxieneko baldintzak: eskaintzek hobetu ditzaketen baldintzak, betiere ezarritako gutxienekoa errespetatzen bada; halakoetan sartuko dira ibilgailuen gutxieneko kopurua edo eskainitako gutxieneko jarleku kopurua, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bidaldien egutegi eta gutxieneko kopurua, irisgarritasuna bermatzeko mekanismoak, indarrean dagoen legeriak adin txikikoentzat eskatutako segurtasun-neurriak, ingurumen-inpaktua minimizatzeko neurriak (batez ere ibilgailuek isurtzen duten gasen ingurukoak) eta baldintza-agirian halakotzat jotzen den beste edozein baldintza.

c) Izaera orientagarria duten baldintzak: lizitatzaileak egoki deritzon bezala aldatu ahal izango ditu; halakoetan sartzen dira tarifak, ordutegiak, amortizazio-epeak, instalazio finkoak, garraiobide elektrikoen edo petrolioa ez den eta ingurumen-inpaktu txikia eragiten duten erregaien erabilpena, baldin eta baldintza-agirian beste izaeraren bat eman ez bazaie, eta baldintza-agirian berariaz funtsezkotzat edo gutxieneko baldintzatzat jo ez den beste edozein.

3.– Kontratazio-organoek kontratua burutzeko baldintza bereziak ezarri ahal izango dituzte, sektore publikoko kontratazioaren legerian xedatutakoari men eginez.

25. artikulua.– Lehia.

1.– Lizitazio-prozeduran parte hartu ahal izango dute sektore publikoko kontratazioaren legerian zehaztutako egokitasun-baldintzak eta Errepideko Bidaiarien Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 10. eta 12. artikuluetan eta erregelamendu honetan 9. eta 10. artikuluetan aurreikusitako eskakizunak betetzen dituzten enpresek, bai eta kasuan kasuko baldintza-agirian zehazten direnek, proiektuaren arabera zerbitzuaren ezaugarriek hala justifikatzen badute, eta betiere, lehia askean murrizketarik eragin gabe eta gainerako enpresa lizitatzaileen aldean inori faborezko tratua eman gabe.

2.– Lizitazioan parte hatzen duten enpresen proposamenak administrazio-klausula berezien agirian ezarritakoari egokitu beharko zaizkio, eta proposamena aurkezteak berekin dakar enpresak baldintzarik gabe onartzea klausula edo baldintza horien eduki osoa, inolako salbuespenik edo erresalburik gabe.

3.– Lizitatzaile bakoitzak proposamen bakar bat baino ezin izango du aurkeztu. Enpresa-elkarteek proposamenak eta elkarrekin lotutako enpresek proposamen desberdinak aurkezteari dagokionean, sektore publikoko kontratazioaren legerian eta derrigorrez bete beharreko estatu-araudian xedatutakoa aplikatuko da, eta ez da beharrezkoa izango, aukeratuz gero, behin betiko esleipena jasoko duen pertsona juridikoa aurrez eratuta izatea.

26. artikulua.– Behin-behineko bermea, dokumentazioa eta balorazio-irizpideak.

1.– Kontratazio-organoek behin-behineko bermearen zenbatekoa ezarri ahal izango dute baldintza-agirian, sektore publikoko kontratazioaren araudian ezarritakoari jarraituz, lizitatzaileek, beren eskaintzei eutsiko dietela ziurtatzeko, esleipena egin arte edo, hala badagokio, kontratua formalizatu arte. Bermearen zenbatekoa (sektore publikoko kontratazioaren legerian aurreikusitako moduren batean aurkeztu ahalko baita), eta bermea itzultzeko edo ezerezteko araubidea, kontratazio-organoak ezarriko ditu, baldintza teknikoen eta klausula juridiko-administratiboen agirian.

2.– Lizitatzaileen proposamenak sektore publikoko kontratazioaren legerian aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.

3.– Proposamena baloratzeko eta ekonomia aldetik eskaintzarik onena zein den erabakitzeko klausula juridiko-administratiboen agirian ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuko dira.

27. artikulua.– Proposamenen sailkapena.

1.– Kontratazio-organoak goitik beherako ordenan sailkatuko ditu aurkeztutako eskaintzak, baldin eta ondorengo idatzi-zatiaren arabera neurriz kanpokotzat edo anormaltzat jo ez badira. Sailkapen hori egiteko, baldintza-agirian edo iragarkian adierazitako esleipen-irizpideak aplikatuko ditu, horretarako iruditzen zaizkion txosten tekniko guztiak eskatzeko aukera izango duelarik.

2.– Balio anormalak edo neurriz kanpokoak lortzen dituzten eskaintzei dagokienean, sektore publikoko kontratazioaren legerian xedatutakoa aplikatuko da.

28. artikulua.– Sailkapen onena izan duen lizitatzaileak dokumentazioa aurkeztea.

1.– Kontratazio-organoak agindeia egingo dio sailkapen onena lortu duen lizitatzaileari, agindeia jaso eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita, hiru hilabeteko epean edo, kasuaren arabera, baldintza-agirian zehazten den epean, zerbitzua emateko behar diren eta lizitazio-izapidean exijitu ez diren eskakizun guztiak betetzen dituela egiaztatu, eta behin betiko bermea jar dezan (zenbatekoa baldintza-agirian egongo da zehaztuta).

2.– Era berean, eta aurreko paragrafoan adierazitako epearen barruan, esleipendunak honako hauek jakinarazi beharko dizkio organo esleitzaileari:

a) Emakidari atxikiko zaizkion ibilgailuen zerrenda, matrikulen bidez identifikatuta.

b) Emakidako bidaldien egutegia eta ordutegia.

c) Zerbitzuen abiapuntua eta geralekuen kokapen geografiko zehatza, emakidako trafikoak egiteko ez ezik, izaera tekniko hutsa dutenak ere sartuta. Lurzoru urbanizatuan izango diren geralekuak, erregelamendu honen 65. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztu ondoren. Geralekuak posta-helbidearen bidez identifikatuko dira, hiri-lurzoruan badaude; eta hala ez denean, azpiegituraren izenarekin eta kilometro-puntu zehatzarekin. Bidaiarien garraiorako geltoki bat bada, hala adieraziko da, bai eta geltokia publikoa ala pribatua den, eta titularra zein den.

3.– Artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako dokumentazioa ez bada ezarritako epean aurkezten, lizitatzaileak eskaintza kendu egin duela ulertuko da, eta sailkapen-ordenaren arabera hurrena dagoen lizitatzaileari eskatuko zaio dokumentazio hori.

Epe horiek, salbuespen gisa, gehienez ere beste hilabete luzatu ahal izango dira, administrazioaren arabera horretarako behar beste arrazoi badago.

4.– Esleipendunak jakinarazitako datuak emakida-tituluari erantsiko zaizkio, eranskin gisa.

29. artikulua.– Emakidaren esleipena.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako alderdiak egiaztatutakoan, kontratua behin betiko esleitzeari ekingo zaio, zeina sektore publikoko kontratazioaren legerian xedatutakoari jarraituz administrazio-dokumentu batean formalizatuko baita, eta horrekin kontratua burututzat joko da. Kontratu hori izango da emakida-titulua, eta bertan jasoko dira zerbitzua emateko baldintzak, lizitazio-baldintzetara egokitu beharko direlarik.

2.– Hasierako esleipendunak esleipendun gisa dagozkion eskubideak galtzen baditu, (ezarritako klausularen batengatik kontratua suntsiarazi delako), administrazio eskudunak, lizitazioa eman gabe uztea erabaki ezean, balorazio-sailkapenean hurrena datorren enpresari esleituko dio zerbitzua.

3. ATALA
EMAKIDAREN USTIAPENA

30. artikulua.– Zerbitzua martxan jartzea.

1.– Baldintza-agirian bestelako eperik ezarri ezean, esleipendunak kontratua formalizatzen denetik hilabeteko epean hasi beharko du zerbitzua ematen. Horretarako, zerbitzua ematen hasitzat joko da soilik emakida emateko eskumena duen organoak zerbitzua inauguratutzat jotzeko ebazpena ematen duenean.

2.– Aurretik, emakidaren esleipendunak eta ikuskapen-zerbitzuek inaugurazio-bidaldi bat egin beharko dute, emakidaren abiapuntutik helmugara, eta geraldi guztiak eginda, derrigorrezkoak, nahiz teknikoak. Ikuskapen-zerbitzuek txostena egin beharko dute zerbitzua martxan jartzearen inguruan, eta honako hauek jaso beharko dituzte:

a) Erabilitako ibilgailuak emakida-tituluan ezarritako baldintzetarako egokiak direnentz.

b) Inaugurazio-bidaldiaren eguna, lekua eta irteera-ordua.

c) Inaugurazio-bidaldian jarraitutako ibilbidearen deskribapena, honakook identifikatuko dituen: erabilitako azpiegitura desberdinak eta garraioak hartzen dituen udalerrietan ibilgailuen derrigorrezko geralekuen eta, halakorik bada, geldialdi teknikoak egiteko lekuen kokapen geografiko zehatza.

d) Inaugurazio-bidaldia geraleku bakoitzean zer ordutan sartu den eta zer ordutan irten, c) hizkian adieraziko den eran jasota.

e) Inaugurazio-bidaldia non, zein egunetan eta zer ordutan bukatu den.

f) Bidaldia abiatu, gelditu eta bukatzeko erabilitako lekuak emakidako zerbitzua emateko egokiak direnentz, bakoitzean erabiltzaileek erabiltzeko dauden ekipamendu eta zerbitzuen azalpen labur batekin.

g) Ikuskapen-zerbitzuko teknikariak bidezko iritzitako beste edozein ohar edo gorabehera, baldin eta emakidako zerbitzua ematearen inguruan aipatu beharrekotzat jotzen badu.

3.– Emakida inauguratutzat jotzeko ebazpena emango da soilik, ikuskapen-zerbitzuaren txostenean jasotzen denean inaugurazio-bidaldian emandako zerbitzua emakida-tituluan zerbitzua emateko adierazitako baldintzetarako guztiz egokia dela. Emakida behin-behinekoz inauguratutzat jo ahal izango da, txostenean kontratistari egoztekoak diren akatsak jaso arren, administrazioaren iritziz, gehienez ere hilabeteko epean ondo samar konpontzeko modukoak badira. Ikuskapen-zerbitzuek egiaztatzen dutenean akats horiek zuzenduta daudela, zerbitzua, atzera-eraginezko ondorioekin, behin betiko inauguratutzat joko da.

Txostenean kontratistari egoztekoak diren akatsak jasotzen badira, eta administrazioaren iritziz hilabeteko epean ezin badira konpondu, emakida ez da inauguratutzat joko, eta hala jakinaraziko zaio emakidadunari. Emakidadunak aukera izango du egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko, ebazpena eman aurretik, ebazpenak esleipendun izaera galtzea ekar baitiezaioke, emakida-agirian hala ezarri bada, eta ondoren, erregelamendu honen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

31. artikulua.– Zerbitzua ematea.

1.– Zerbitzua emakida-tituluan ezarritako baldintzetan eman beharko da, eta emakida-titulu horretan jasoko dira bai baldintza-agirian jasotako baldintzak, bai esleipendunak eskaini dituen eta kontratazio-organoak onartu dituen proposamenak.

2.– Pertsona guztiak onartu beharko dira zerbitzuan, baldintza hauekin: txartelaren prezioa ordaintzea; aurreikusitako plazen kopurua ez gainditzea; bolumen, osagai edo bestelako arrazoiengatik beste bidaiariei edo ibilgailuari arriskua eragingo dieten edo deseroso sentituaraziko dituen objekturik ez eramatea, osasun, higiene, heziketa eta elkarbizitzako gutxieneko baldintza batzuk betetzea, bai eta indarrean dagoen araudian ezarritako gainerako baldintzak ere.

32. artikulua.– Egutegia, ordutegia eta bidaldiak.

1.– Emakida-tituluan eta horri erantsitako dokumentazioan jasotako egutegi, bidaia eta ordutegiei jarraituz eskaini beharko dute zerbitzua emakidadunek, administrazioaren aldetik zerbait ez betetzeak zerbitzua ematea ezinezko egiten ez badu behintzat.

Egutegia osatuko dute garraio-zerbitzua emateko urteak, hilabeteek eta egunek. Bidaldiak izango dira zerbitzuak komunikatzen dituen herrigune guztien edo zati baten artean ordutegi berezituarekin egiten diren zirkulazio independenteen multzoa. Ordutegia berriz, bidaiariak hartu edo uzteko geraleku bakoitzean bidaldi bakoitzerako ezarrita dauden iritsiera eta irteera orduek osatuko dute.

2.– Egutegia, bidaldien zerrenda eta zerbitzuen ordutegia jendaurrean jarri beharko dira bidaiari-geltokietan eta kasuan kasuko bidaia-txartelak saltzen dituzten lokaletan. Aurrekoa gorabehera, emakidadunak behartuta egongo dira datu horien zabalkundea modurik egokienean egitera.

Era berean, emakidadunak behartuta egongo dira administrazio kontratatzaileak (erregelamendu honen VII. kapituluko 2. atalaren arabera), zerbitzuaren ustiapenari buruz guztientzat erabakita dauden edo zuzenean eskatzen dizkion datuak ematera.

33. artikulua.– Garraioko zerbitzu publikoko kontratuak aldatzea.

1.– Garraio-zerbitzu publikoak emateko kontratuak ofizioz nahiz alde batek eskatuta aldatu ahal izango dira, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, baldin baldintza-agirian edo lizitazio-iragarkian aurreikusi bada edota sektore publikoko kontratazioaren gaineko araudian ezarritako kasuetan, bertan adierazitako mugekin.

Emakida-tituluaren aldaketan eutsi egin beharko zaio emakida esleitzerakoan oinarrizkotzat jo ziren inguruabar ekonomikoen orekari. Aldaketak tituluan jasotako baldintzak berrikustea ekarriko du, emakidaren ustiapenak eragindako kostuen eta tarifaren arteko erlazioa berbera izan dadin emakida aldatu aurretik eta ondoren.

2.– Aldaketa izan ahalko da zerbitzua herri gehiagori eskaintzeko edota, aurreikusitako trafiko edo ibilbideak handitzeko, betiere, garraio-eskaintza ikusita, Administrazioari ez bazaio iruditzen beharrezkoa edo komenigarria zerbitzu publiko independente bat emango duen beste proiektu bat formulatzea eta garraio-plan nagusiarekin eta beste garraio-planekin bateragarria bada.

Emakida-tituluan ezarritako ibilbideren bat, beste azpiegitura bat erabiltzearen ondorioz, ordeztu edo osorik edo zati batean aldatuko bada, administrazioaren onarpena beharko da, nahiz eta aurreko idatzi-zatian adierazitako ezein aldaketa ez eragin, eta ezin izango du garraio-plan orokorrean, ez beste garraio-planetan ezarritakoa hautsi. Nolanahi ere, tituluaren eranskin gisa doan dokumentazioan argi eta garbi ezarri beharko da bidaldien egutegi eta ordutegi berria, ibilbide berria erabiltzearen ondorioz horietan aldaketarik egin behar bada.

Ibilbide berriarekin egindako bidaldiek ez dituztenean emakidako trafiko guztiak hartzen, administrazioak zaindu beharko du ibilbide batekin eta bestearekin ematen diren garraio-zerbitzuak proportzionatuak izan daitezen, eta puntako orduetan ibilbideetako bakarra esklusiboki erabiltzea ekidingo du.

3.– Trafiko berriak sartzeko egiten diren emakida-aldaketak, zeinak baldintza-agirian edo lizitazio-iragarkian aurreikusita egon beharko baitute, eta baldintza izango dute trafiko berdinen debekuari buruzko arauak errespetatzea eta behar bezala justifikatzea trafiko berri horiek ez dutela ekonomikoki independentea izango den ustiapen bat sortzeko adinako funtsik eta xurgatu nahi dituen emakidarekiko osagarriak direla.

Trafiko berriek ekonomikoki independentea izango den ustiapen bat sortzeko adinako funtsik ez dutela iritziko da, objektiboki erakusten denean ustiapena ez dela errentagarria edota errentagarri izateko jarri beharko litzatekeen tarifa, lehendik dagoen emakidan sartuta aplikatu beharko litzatekeena baino askoz ere altuagoa bada.

34. artikulua.– Zerbitzua emateko baldintza jakinen aldaketak: egutegia, ordutegia, bidaldiak, ibilgailuak berritzea eta geralekuak.

1.– Baldintza-agirian edo lizitazio-iragarkian aurreikusita badaude, ez dira zerbitzu publikoko kontratuaren aldaketa gisa hartuko zerbitzua emateko baldintza jakinetan egiten diren aldaketak, hala nola, egutegia, bidaldien ordutegia, ibilgailuak berritzea eta geralekuen kokapen geografikoa (erregelamendu honen 28. artikuluari jarraituz kontratuarekin batera joango den eranskinean jasota egongo direnak).

2.– Baldintza-agirian edo lizitazio-iragarkian aurreikusita badaude, administrazio eskudunak derrigor sartu ahal izango ditu horrelako aldaketak zerbitzua emateko baldintza jakinetan, horretarako nahiko arrazoi objektibo badago, eta betiere, emakidadunari entzun ondoren.

3.– Emakida-tituluan berariaz beste araubide bat aurreikusi ezean, emakidadunek aurreko idatzi-zatiko aldaketak egiteko arau hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Aldaketa egin baino gutxienez hamabost egun lehenago eskatu beharko zaio administrazio eskudunari, eta administrazioak eskubidea izango du debekatzeko edota mugak jartzeko, behar bezala justifikaturiko interes orokorreko arrazoirik badago. Ez da beharrezko izango aldaketaren berri ematea, egoera jakin batzuetako eskari oso handiari erantzuteko egiten diren gehikuntza koiunturaletan.

b) Edonola ere, emakida-tituluan ezarritako bidaldi kopurua gutxitzeko edo geralekuen kokapen fisikoa aldatzeko administrazioaren baimena beharko da.

4.– Artikulu honetan aipatzen diren eskaerak eta komunikazioak oinarritu egin beharko dira, eta horretarako justifikazioko memoria bat erantsiko zaie, bai eta administrazioak erabakitzen duen beste edozein dokumentu ere.

5.– Artikulu honetan aipatzen diren aldaketen ondorioz, emakida-tituluari erantsitako dokumentazioa ere aldatu egingo da, hartan eragina duen neurrian, eta nolanahi ere, jendeari gutxienez zazpi egun lehenago eman beharko zaio horren berri.

35. artikulua.– Hirugarrenen baliabideak eta azpikontratazioa.

1.– Baldintza-agirian edo lizitazio-iragarkian hala aurreikusi bada, emakidadunak bere baliabideak edo hirugarrenenak erabili ahal izango ditu zerbitzu publikoa emateko, baina betiere, kontratuan aurreikusitako kalitatearen gaineko zehaztasunak betetzekotan.

2.– Zerbitzuak hirugarrenei azpikontratatzekotan, sektore publikoko kontratazioaren araudian aurreikusitakoaren arabera egingo da. Edonola ere, zerbitzuak ematen dituzten hirugarren horiek garraio-zerbitzua emateko behar den titulua izan beharko dute.

36. artikulua.– Ibilgailuak bi emakida edo gehiagotan erabiltzeko baimena.

1.– Emakidako baldintzetan aurreikusita badago, sektore publikoko kontratazioaren gaineko araudian ezarritakoaren arabera, administrazioak baimena eman dezake ibilgailu batek bi emakida edo gehiagotako trafikoak egiteko, emakida horiek punturen batean bat egiten badute, zerbitzuak ibilbidean etenik gabe eskaini ahal izateko. Zerbitzu bat ematekoan etena dagoela ulertuko da, soilik, bidaiariak ibilgailua aldatu beharrean gertatzen direnean.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baimena emango bada, emakidetako baten baldintza-agirian beharrezko baldintzatzat aurreikusita egon beharko dute honako hauek: baimentzea nahi den emakidek geraleku komun bat izatea; beren emakida-tituluen arabera, bidaiariak hartu edo uzteko; legean eta erregelamendu honetan ezarritako trafikoei buruzko debekuak errespetatzea, halako moldez, non etenik gabe eskaini nahi diren trafiko horiek ez daitezen bat etorri, hirugarren emakida baten ondorioz lehendik ematen ari den erabilera orokorreko garraio-zerbitzu erregular iraunkor bat eskaintzen ari denekin; balorazio orokor batean egiaztatzea zerbitzua etenik gabe ematea komeni dela; egiaztatzea ez dela bidezkoa erabilera orokorreko garraio-zerbitzu erregular iraunkor aparteko eta independente bat jartzea etenik gabe eskaini nahi diren trafiko horietarako; eta egiaztatzea baimena eskatzen duten emakida horiek bateratzea ere ez dela bidezkoa, emakidako zerbitzu guztiak edo gehienak batera ustiatzea ez delako egokia.

3.– Artikulu honek aipatzen duen baimena emateak ez dakar, berez, inolako aldaketarik eraginpeko emakidetako trafikoetan. Etenik gabe eskaini nahi diren zerbitzuek emakidetakoren batean berariaz sartuta ez zeuden trafikoei erantzutea nahi bada, trafiko horiek aldarazi egin beharko dira, artikulu honetan aurreikusitako baimena izapidetzen hasi aurretik, baldin eta baldintza-agirian edo lizitazioi-iragarkian hala aurreikusi bada.

Artikulu honetan araututako baimena emateak ez dakar, berez, inolako aldaketarik ez egutegian, ez bidaldietan, ez ordutegietan eta ez eraginpeko emakiden ibilbideetan. Etenik gabe eman nahi diren zerbitzuek, ordura arte, eraginpeko emakidekin eskaintzen ziren ordutegi, egutegi eta ibilbide berberak izan behar ez badituzte, aldi berean horiek ere aldarazi egin beharko dira.

Artikulu honek aipatzen duen baimena emateak ez du eraginpeko emakiden tarifa-araubidea ukitzen, halako moldez non, etenik gabe eskaintzen diren zerbitzuen erabiltzaileei kobratuko zaien prezioa ordura arteko emakidetako ibilbideekin egindako bidaiei kasuan kasuko tarifaren arabera zegokien prezioen batura izango baita.

4.– Baimenak balio-epe mugatua izango du, eta inolaz ere ezingo du gainditu eraginpeko emakidetatik indarraldia amaitzeko denbora gutxien geratzen zaionaren balio-epea.

5.– Artikulu honetan aipatzen den baimenaren balioa azkendu egingo da kasu hauetan: baimenaren balio-epea bukatutakoan; emakidetako baten titularrak berariaz uko egiten dionean zerbitzua batera emateari; administrazioak, ofizioz nahiz aldeetako batek hala eskatuta, erabakitzen duenean bidezkoa dela erabilera orokorreko garraio-zerbitzu erregular iraunkor aparteko eta independente bat jartzea.

6.– Baimena emateko espedientea, arau orokor gisa, emakidadunek eskatuta hasiko da, salbu eta administrazioak, eskatzaileei entzun ondoren, irizten badio baimena ematea arras bidegabea dela. Espedientea 30 eguneko epean izapidetuko du administrazioak, kasuan kasuko foru aldundiei txostenak eskatuta, lurralde historiko bat baino gehiago zeharkatzen duten emakidak badira; foru aldundiek gehienez ere 15 eguneko epea izango dute txostena egiteko.

7.– Aipatu izapide horiek egindakoan, zerbitzua etenik gabe ematea komeni dela ondorioztatzen bada, baina ez bada bidezkoa zerbitzu independente bat jartzea, zerbitzuaren errentagarritasuna eta ezartzeak gainerako lineetan izango lukeen oihartzuna baloratu ondoren, eta emakidak osorik hartuta batera ustiatzea ezegoki irizten bada, eskatutako baimena emango da, eta baimenean bertan jasoko dira zerbitzua emateko baldintzak.

8.– Administrazio eskudunak emakida bateko bidaldiek beste baten trafikoei erantzutea baimendu ahal izango du, biek egiten duten ibilbide-zati berean beste horrekin komunean dituen geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko, baldin eta garbi badago emakidadunak ados daudela horrekin.

37. artikulua.– Emakidak bateratzea.

1.– Administrazioak, ofizioz edo alde batek eskatuta, garraio publikoko hainbat zerbitzu bateratu ahal izango ditu, interes orokorraren mesederako bada. Emakidak bateratzeko espedientea erregelamendu honetan zerbitzu berriak ezartzeko aurreikusitako arauei jarraituz izapidetuko da. Bateratzetik ateratzen den emakidaren iraupena kalkulatzeko, bateraturiko emakidei geratzen zaien batez besteko epea hartuko da, urteko ibilgailu eta kilometro faktorearen arabera ponderatuta, baina inolaz ere ezingo du gainditu gehieneko hamar urteko epea.

Emakidak bateratzea onartuko da, aurreko horren arabera garraio-zerbitzuak, enpresa bakar gisa, batera ustiatzea komeni dela ikusten bada.

2.– Behin emakidak bateratzea onartutakoan, administrazio eskudunak kontratua esleituko du, aplikatu beharreko araudiari jarraituz.

38. artikulua.– Emakidak eskualdatzea.

Emakidetatik sortutako eskubideak eta betebeharrak hirugarren bati laga ahal izango zaizkio, baldin eta lagatzailearen ezaugarri teknikoak edo pertsonalak kontratua esleitzeko arrazoi erabakigarri izan ez badira. Esleipendunek beren eskubideak eta betebeharrak hirugarren bati laga ahal izateko, emakida eman duen administrazioak berariaz eta aldez aurretik eman behar du eskualdatzea egiteko baimena, eta sektore publikoko kontratazioaren legerian kontratuak lagatzeko exijitutako eskakizunak bete beharko dira, bai eta martxoaren 18ko 4/2004 Legean titulu gaitzaileak eskualdatzeko arau orokor gisa ezarritakoak ere.

39. artikulua.– Emakida azkentzea.

1.– Bidaiarien erabilera orokorreko errepideko garraio-zerbitzu erregular iraunkorrerako emakidak azkentzeko kausak izango dira Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 30. artikuluan eta sektore publikoko kontratazioaren legerian aurreikusitakoak. Emakida azkendutakoan azken emakidadunarentzat izango dira zerbitzua ustiatzeko jarri zituen ondasun eta instalazioak.

2.– Azkendu den emakidaren bidez eskaintzen ziren zerbitzuak kentzea gomendatzen duen arrazoirik ez dagoenean, administrazioak emakida berri bat esleitzeko beste prozedura bat deitu ahal izango du, eta erregelamendu honen III. kapilutuko I. atalean jasotako eskakizun guztiak betetzat joko dira, azkendutako emakidaren trafikoei edo ibilbideari buruz aldaketa esanguratsuak sartu nahi ez badira behintzat. Esleipen berria egin bitartean, administrazioak baimena eman ahal izango du zerbitzu erregularrak aldi batean emateko, erregelamendu honen 46. artikuluari jarraituz.

3.– Legearen 54.5 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, emakida bertan behera utzitzat joko da, zerbitzua zentzuzko kausarik gabe eteten bada, hamar egun jarraitutan baino gehiagotan, hamabost egun ez jarraitutan hogeita hamar eguneko epearen barruan, edo urtebeteko epearen barruan berrogei egun ez jarraitutan, emakidak egunero dituzten emakiden kasuan. Bidaldiak egunero ez dituzten emakiden kasuan, epe horiek proportzioan txikituko dira, eta bidaldiak dituzten egunak soilik konputatuko dira.

4.– Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, garraioko zerbitzu publikoetarako emakidak eta horietarako erabiltzen diren ibilgailu eta instalazioak ezin izango dira bahitu, baina epaileek zerbitzu horien ustiapenean esku hartu ahal izango dute eta ustiapenaren zati bat zorra amortizatzeko erabili. Emakida eman duen administrazioak erabakiko du diru-bilketatik zenbat atxikiko den hartzekodunekin dagoen zorrari aurre egiteko, baina, zerbitzua ematen jarraitzea ahalbidetuko du eta inoiz ezingo da izan diru-bilketa gordinaren ehuneko hamar baino gehiago.

4. ATALA
ESKUALDEKO EMAKIDAK

40. artikulua.– Definizioa eta eremua.

1.– Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 29. artikuluan ezarritakoarekin bat, foru aldundiek eskualdeko emakidak eman ahal izango dituzte; emakida horiek, eskualde jakin batean eman beharreko erabilera orokorreko eta bereziko zerbitzu erregular iraunkor nahiz aldi bateko guzti-guztiak hartuko dituzte, berariaz salbuesten direnak izan ezik.

2.– Eskualdeko emakidak ezartzea administrazioak berak ofizioz erabaki ahal izango du, edo partikularrek eskatuta. Eskualdeko emakidetan linea-emakidetarako ezarritako araubide juridikoa aplikatuko da, haien izaera bereziarekin bateragarri den heinean.

3.– Arau orokor gisa, eskualdeko zerbitzuak aurrez mugatutako eskualdearen barruan egingo dira oso-osorik. Hala eta guztiz ere, administrazio eskudunak ezin izango du trafikorik sartu aurrez mugatutako eskualdeen artean eta lurralde historiko bereko edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste helmuga batzuen artean.

4.– Eskualdeko emakida bat emateko, arau orokor gisa, beharrezkoa izango da proposaturiko lurralde-eremu horretan diharduten linea erregularren emakidadunak eta erabilera bereziko zerbitzuen emakidadunak ados egotea, baldin eta beren ibilbideen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago egiten badute bertan, interes publikoko arrazoiak dauden kasuetan horrek ezertan galarazi gabe 41.3 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa.

41. artikulua.– Ustiapen-plana.

1.– Administrazio eskudunak kasuan kasuko eskualderako onartutako ustiapen-plan bateko zehaztapenei egokitu beharko zaizkie eskualdeko emakidak; plan horietan jasoko da bidaiarien garraioko zer zerbitzu publiko eman behar diren eta zerbitzua emateko behar diren aurreikuspenak ere bilduko ditu, eta horiek emakidaren klausuletan jasoko dira. Erabilera orokorreko garraioen eta erabilera bereziko garraioen titularrek adostu ahal izango dute, azken horrek zerbitzu kolektibo homogeneoari dagokion zatia finantzatzea.

2.– Aurreko idatzi-zatian aipatzen diren ustiapen-planak, garraio-planetan jasotako xedapenetara egokituko dira, eta kontuan izan beharko dituzte erabiltzaileen beharrak, emakida osatzen duten zerbitzuen egitura eta lurralde-antolamenduaren eskakizunak.

3.– Interes publikoko arrazoiak direla-eta administrazio eskudunak garraio-eskualdeak eratu edo aldatu ahal izango ditu, eta ustiapen-planak ere aldatu ahal izango ditu, baina betiere lehendik dauden emakiden oreka ekonomikoa atxiki beharko du.

42. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Zerbitzu baten ibilbidea ehuneko berrogeita hamarretik gorako neurrian garraio-eskualde edo gune batetik igarotzen bada, zati hori automatikoki sarraraziko da eskualde horretan, dagokion emakidaren edo baimen bereziaren iraupen-epea igarotakoan, edo lehenago, baldin eta interes orokorrak hala gomendatzen badu, dagokion ordain ekonomikoa tarteko.

2.– Eskualdeko emakidak esleitzekotan, eskualde horretako lurraldean zehar –osoki edo zati batean– igarotzen diren lineako zerbitzu erregularren titularren eskubide ekonomikoak begiratu beharko dira, diren zerbitzuok iraunkorrak zein aldi baterakoak, erabilera orokorrekoak nahiz berezikoak.

3.– Eskualdeko emakidetan, esleipen-araubideari eta berariaz aurreikusi gabeko gainerako gorabeherei dagokienez, kapitulu honetan ezarritako araubide orokorra aplikatuko da. Dena dela, garraio-sistemaren arrazoizko taxuerak hala eskatzen duenean, eskualdeko emakida horiek zuzenean esleitu ahal izango zaizkie lehendik dauden lineako zerbitzuen titularrei, lehiatzailerik ez badago edo esleitzeko prozedura eman gabe uzten bada.

IV. KAPITULUA
INTERES PUBLIKOKO GARRAIO ZERBITZUEN ARAUBIDE JURIDIKOA
1. ATALA
ERABILERA URRIKO ZERBITZU PUBLIKOAK

43. artikulua.– Erabilera urriko zerbitzu publikoa.

1.– Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 34. artikuluan ezarrikoaren arabera, erabilera orokorreko garraio publiko erregular iraunkorrak, erabilera-indize txikikoak badira, baldintza malguagotan eskaini ahal izango dituzte zerbitzu horiek eskaintzeko gaitzen dituen beharrezko administrazio-baimen berezia lortzen dutenek. Izan ere, garraio horietan, errentagarritasun-eza dela eta, ez da posible izaten zerbitzua ezartzea edo ez da egoten ziurtatuta zerbitzua behar bezala egingo denik eta jarraipena izango duenik, erregelamendu honetan administrazio-emakidei dagokienean ezarritako eskakizun orokorrekin bederen. Erabilera urriko zerbitzu publikotzat jotzen dira % 20ko estaldura-mailara iristen ez diren zerbitzuak; eta estaldura-maila hori kalkulatzen da tarifa bidezko diru-sarrerak eta zerbitzuaren ustiapen-kostuak, amortizaziokoak barne, kontuan hartuta. Horrelako kasuetan ere eskualdeko emakida bat ezartzeko aukera aztertuko da.

2.– Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako baimen berezi horiek lineako edo eskualdeko zerbitzuetarako izan ahalko dira, eta gehienez ere bost urteko eperako emango dira (epea berritu ahal izango da, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 34.3 artikuluan xedatutakoarekin bat). Automatikoki iraungitzat joko dira, bi hilabete igarotzen badira, zerbitzua ezarritako baldintzetan eman gabe.

44. artikulua.– Erabilera txikiko zerbitzu publikoak ezartzea eta horretarako gaitzea.

1.– Horrelako zerbitzu publikoak ezarri aurretik, administrazioak zerbitzua ezartzea erabaki beharko du, ofizioz edo interesdunak eskatuta, hilabeteko epean jendaurrera atera eta zerbitzu arrunt bat ezartzea bidezkoa ez dela erakusten duten azterlanak egin ondoren.

2.– Zerbitzu berezia ezartzeko erabakiak berekin ekarriko du zerbitzua emateko baldintzak zehaztuko dituen proiektua ere onartzea; baldintza horien artean aipatuko dira derrigorrezko zerbitzuak, halakorik bada, aukerakoen eremua eta zerbitzuak emateari buruzko mugak, bai eta, mugikortasun handiagoagatik, administrazioak zer kasutan erabaki dezakeen, aldi baterako eta sekula ez 6 hilabete baino gehiagorako, gutxieneko zerbitzuak derrigor eskaini beharra izatea. Era berean, jaso ahal izango dira bertan ibilgailuak eta zerbitzua emateko derrigorrezko gutxieneko baliabideak, aplikatuko diren tarifak eta emakida-araubidearen arabera baldintza-agirian jaso beharreko elementuak.

Zerbitzua esleitzeko sektore publikoko kontratazioaren legerian ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

3.– Artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuak ustiatuko dira kasuan kasuko administrazio-titulu gaitzailean zehaztuko diren baldintzen arabera; baldintza horiek baldintza-agirian ezarritakoak izango dira, esleipendunak proposatu eta administrazioak onartu dituen aldaketekin.

4.– Aurrekoa gorabehera, erabilera txikiko zerbitzuak emateko gaituta dauden pertsonek nahi erara ezarri edo moldatu ahal izango dituzte egutegi, ordutegi, bidaldi eta tarifak, titulu gaitzailean aurreikusitakoarekin bat, eta ibilgailuen ezaugarriei dagokienean ere, nahi bezalakoak erabili ahal izango dituzte, administrazio tituluan ezarritako mugen barruan.

45. artikulua.– Luzatzea edo eraldatzea.

1.– Administrazio-baimen berezien indarraldia igarotakoan, luzatzeko aukera egongo da, gehienez ere beste hiru urtetarako, betiere baimena emateko inguruabarrek jarraitzen badute eta ez bada bidezkoa emakida bidez emandako zerbitzu publiko arrunt izateko eraldatzea.

2.– Zerbitzuaren titular den administrazioak eraldatzea bidezkoa dela ikusten badu, baimen bereziaren indarraldia igaro baino urtebete lehenago, zerbitzu publikoa ezartzeko erabakia hartu beharko du, eta horretarako proiektua onartu, erregelamendu honen 16. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horrelakoetan, bidaiarien garraioko zerbitzu publikoa administrazio-emakida bidez ustiatuko da, eta erregelamendu honetan emakida-araubidearentzat ezarritako arauak aplikatuko zaizkio.

3.– Administrazio-emakida bidez ematen diren zerbitzu arruntak aurreko artikuluetan aurreikusitako prozedura bereziaren bidez ustiatzera igaro daitezke, prozedura horretarako aurreikusitako inguruabar objektiboak gertatzen direnean, eta administrazioak, emakidaren titularrak hala eskatuta, baimena ematen duenean; derrigorrezkoak izango dira, horretarako, zerbitzuak zeharkatzen dituen lurraldeetako foru aldundien txostenak. Kasuan kasuko emakida administrazio-baimen berezi bihurtuko da; baimenean jasoko dira ustiapenerako baldintzak, eta gehienez ere bost urteko iraupena izango du.

4.– Bidaiariak aurrez batzea beharrezkoa den emakidetan eta, oro har, inguruabar bereziengatik, bidaiariak batzea justifikatuta dagoenean zerbitzua emateko baldintzak hobetzeko, administrazioak zerbitzua ustiatzeko araubide arrunta baino malguagoa izango den bat baimendu ahal izango du, betiere emakida-tituluan aurreikusitako trafikoak egiteko derrigortasunari eutsiz. Araubide berezi hori emakida osora hedatu ahal izango da, edo zati bati bakarrik aplikatu, eta aukera emango du emakidara atxikita ez dauden ibilgailuak erabiltzeko eta automobila edo jarleku gutxi dituzten ibilgailuak dauzkaten beste garraiolari batzuen laguntzaz baliatzeko, eta, horretarako, administrazio eskudunak emakidako gainerako bidaldietako tarifetatik at, bestelako tarifa bereziak jartzea baimendu ahal izango du, 6.3.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

5.– Atal honetan berariaz aurreikusten ez diren gaietan, administrazio-emakida bidez ustiatzekoak diren zerbitzu arrunten araubide orokorra beteko da.

2. ATALA
ALDI BATERAKO GARRAIO ERREGULARRAK

46. artikulua.– Aldi baterako garraio erregularrak.

1.– Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazioak aldi baterako zerbitzu erregularrak ematea baimendu ahal izango du, garraio-eskariaren aldi baterako edo ez-ohiko izaeragatik, beharrezkoa dela nahikoa justifikatua badago, eta betiere, garraio-behar horri modu egokian erantzungo dion erabilera orokorreko zerbitzu erregular iraunkorrik ez badago, edo egon arren, aldi baterako edo salbuespenezko beharretara egokitu ahal izateko emakida ustiatzeko baldintzetan funtsezko aldaketarik egin beharra badago, edota, berezitasunak halakoak izatea, non gomendagarria gertatzen den aldi baterako zerbitzu independente bat ezartzea.

2.– Bidaiarien aldi baterako garraio erregulartzat hartuko dira:

a) Era jarraituan eta gehienez ere urtebeteko epean ematen direnak, baina behin bakarrik, ez-ohiko azoka eta erakusketen ondorioz.

b) Edozein arrazoirengatik aldi baterako etendako zerbitzu publikoak ordezten dituztenak, garraiobidea edozein izanda ere, horrek ezertan galarazi gabe zerbitzuaren operadorearen erantzukizuna.

c) Era jarraituan ematen direnak, baina urtero gehienez ere lau hilabeteko epean, oporretan eta urte-sasoi jakinetan.

d) Era ez jarraituan, baina urtean zehar hainbat aldiz ematen direnak, ohiko merkatu eta azokengatik; ezin izango dute hilean zortzi egun baino gehiagoko egutegia izan.

3.– Aldi baterako zerbitzu erregularrak emateko, lehenengo administrazio eskudunak, zerbitzua ezartzeko akordioa eta emateko baldintzak onartu beharko ditu, ofizioz edo alde batek eskatuta. Aurreko puntuko a) idatzi-zatian sartutako zerbitzu bat denean, eta iraupenak hiru hilabeteko epea gainditzen ez duenean, zerbitzua ezartzeko erabakia hartzeko eta kasuan kasuko proiektua onartzeko, prozedura laburtua erabili ahal izango du administrazioak: ez dute erabilera orokorreko zerbitzua iraunkorretarako ezarritako arauak aplikatu beharrik izango eta nahitaezko betekizun bakarra izango dute ibilbide-zati berdintsuren bat duten erabilera orokorreko zerbitzu iraunkorren emakidadunei zazpi eguneko entzunaldia eskaintzea.

4.– Gainerako kasuetan, zerbitzua ezartzeko erabakia hartzeko, proiektua onartzeko eta ustiapena esleitzeko, erregelamendu honetan erabilera orokorreko zerbitzu erregular iraunkorretarako ezarritako arau berberak aplikatuko dira, trafikoak kontziditzearen debekuari buruzkoak barne.

47. artikulua.– Aldi baterako garraioak egiteko administrazio-gaitzea.

1.– Aldi baterako zerbitzuei dagokienean, erregelamendu honetan erabilera orokorreko zerbitzu iraunkorrentzat ezarritako arau berberak aplikatuko dira, eta zerbitzua emateko, eskatu ahalako garraioa kasuan kasuko lurralde-eremuan egiteko baimena duten ibilgailuak erabili beharko dira.

2.– Aldi baterako zerbitzu erregularrak emateko baimenak urtebeteko indarraldia izango du, eta gehienez ere hiru urtera arte luzatu ahal izango da, salbu eta administrazioak zerbitzua kentzea edo zerbitzu iraunkor izateko eraldatzea erabakitzen badu.

3.– Aldi baterako zerbitzu erregularrak emateko, baimendunak behar beste ibilgailu ez badauka, beste garraiolari batzuen ibilgailuak baimendu ahal izango dira, baldin eta eskatu ahalako garraiorako behar den baimena badute. Aurrekoa gorabehera, zerbitzuari atxikita ez dauden ibilgailuekin egiten den trafikoaren bolumena urtean guztira egiten denaren 100eko 50ekoa izan ahalko da gehienez ere, 46.2 artikuluko a), b) eta c) idatzi-zatietan sartutako zerbitzuen kasuan, eta gehienez ere 100eko 30ekoa, d) idatzi-zatian sartutako zerbitzuen kasuan. Gainerakoan, zerbitzuak areagotzen direnerako ezarritako arauak aplikatuko dira.

3. ATALA
ERABILERA BEREZIKO GARRAIO ERREGULARRAK

48. artikulua.– Erabilera bereziko garraio erregularra. Kontzeptuak.

1.– Erabilera bereziko garraio erregularrak erabiliko dira esklusiboki, kontratazio global baten bidez, erabiltzaile talde zehatz eta homogeneo bat garraiatzeko, hala nola, ikasleak, eskola-umeak, langileak eta antzeko taldeak, eta aurrez ezarritako ordutegi, ibilbide eta ordutegi bati lotuta.

2.– Erabiltzaile talde zehatz eta homogeneotzat hartuko dira joan-etorriak ordutegi berean eta helmuga (lana, ikasketa edo antzekoengatik) jarduera-zentro komun batean dutenak.

49. artikulua.– Baimena emateko baldintzak.

1.– Erabilera bereziko bidaiari-garraio erregularrak emango badira, administrazioaren baimen berezia beharko da. Era berean, irisgarritasun, segurtasun eta jasangarritasunaren inguruko legezko eskakizun guztiak bete beharko dira.

2.– Administrazio eskudunak erabilera bereziko garraio erregularrak baimenduko ditu soilik zerbitzu hori erabili behar duen erabiltzaile taldeak «jarduera-zentro komuna» duenean (unibertsitatea, eskola, lantegia edo antzekoak), horrek ezertan galarazi gabe, «jarduera-zentro komuna» hainbat establezimendutan barreiaturik egotea, eta garraioak batera eta bestera joan beharra izatea.

3.– Aurreko paragrafoan araututakoa gorabehera, erabilera bereziko zerbitzuak baimenduko dira, baldin eta, zerbitzuak helmugan hainbat jarduera-zentro izan arren, enpresa bakar baten establezimendu direlako edo antzeko jarduera dutelako, eta bata bestearengatik hurbil daudelako, 10 kilometro baino gutxiagoko erradioan edo bestelako inguruabar batzuengatik, guztiz bermatuta geratzen bada, zerbitzua talde homogeneo eta zehatz batek erabiliko duela, eta talde hori erabilera orokorreko zerbitzuen erabiltzaileetatik kualitatiboki desberdina dela.

4.– Erregelamendu honen ondorioetarako, erabiltzaile talde zehatz bat osatuko dute jarduera-zentro komunarekin zuzeneko harremana duten pertsona guztiak. Baimena eskatzen duenak erabiltzaileen zerrenda aurkeztu beharko du, eta administrazio eskudunak hala eskatzen badu, baita erabiltzaile talde zehatzaren lan– edo zerbitzu-kontratuak ere, jarduera-zentro komunarekin harreman zuzena dutela erakusteko.

50. artikulua.– Baimena ematea.

1.– Horrelako garraioak egiteko, helmugako jarduera-zentroa hartzen duen lurralde historikoko foru aldundiak emandako baimen berezia lortu beharko da; baimena, zehazki, (kontratu bidez edo, eskola-garraioa bada, eskumena duen administraziok kontratua esleitzeko onartutako ebazpenaren bidez), erabiltzaileen ordezkariekin garraioa egitea adostu duten pertsona fisiko, juridiko edota aldi baterako enpresa-elkarteei emango zaie.

Baimen berezi hori emateko ezinbesteko baldintza izango da eskatzaileak egiaztatzea Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 12.2 artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituela eta zerbitzua emateko behar diren baliabide materialak erabiltzeko moduan dituela.

2.– Erabiltzaileen ordezkaritzat joko dira, erabiltzaileekiko duten posizioagatik, garraiolariarekiko harremana bere gain hartzen duten pertsonak, hala nola, eskolen gainean eskumena duten administrazio-organoak, ikastetxe eta lantegietako zuzendariak, ikasleen guraso-elkarteen ordezkariak, eta antzekoak. Langileen eta ikasleen elkarteen kasuan, elkarte horiek Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen erregistroan izena emanda egon beharko dute, elkartearen nortasun juridikoa egiaztatzeko eta horiekiko harremana duten erabiltzaile eta hirugarrenentzako berme gisa. Erabiltzaile-talde batek, elkarte izan gabe, kontratu bat egiten badu, kontratua sinatzen duen pertsonak erabiltzaile guztiak ordezkatzeko ahalordea izan beharko du.

3.– Erabilera bereziko garraio erregularrerako baimenean zerbitzua emateko baldintzak jaso beharko dira, kontratuan aurreikusitako eran, eta zehatz-mehatz ezarri beharko da jarraitu beharreko ibilbidea edo ibilbideak, egingo diren trafikoak, abiapuntuko eta helmugako puntuak, eta zerbitzua emateko zein ibilgailu erabiliko diren (titular beraren izenean dauden eskatu ahalako garraiorako behar den baimena izan beharko dute ibilgailu horiek).

Baimenean zehatz-mehatz adierazi beharko da gainera, geralekuak (herri barrukoak barne), zerbitzuak emateko egutegia, ordutegiak, egin beharreko kilometro kopurua, erabiltzaileen kopurua, guztira, eta 16 urtetik beherakoena.

Erabilera bereziko garraio erregularrerako baimenak ez du ahalbidetzen bidaldi bakoitzaren abiapuntutik eta helmugatik kanpoko puntuen artean konexio-ibilgailu gisa erabiltzea.

4.– Udalek, nork bere eskumenen esparruan, beren udalerriko geralekuen katalogo bat egin beharko dute, edo, kasuan arabera, herrigunean geralekuak jartzeko lekuei buruzko txosten bat. Dokumentu hori foru aldundiari bidali beharko zaio urte naturala amaitu baino lehen, bai eta aldaketak izaten direnean ere.

51. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Erabilera bereziko garraio erregularrerako baimena lortzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko zaio foru aldundiari:

a) Pertsona fisikoek: nortasun agiri nazionala, jatorri duen atzerriko herrialdean ondorio baliokideak dituen identifikazio-agiria edo pasaportea.

b) Pertsona juridikoek: enpresa bidaiarien garraiorako eratu dela justifikatzen duen agiria eta merkataritza-erregistroko edo kasuan kasuko erregistroko inskripzioa.

c) Garraio publikoan jarduteko Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 12.2 artikuluan eskatutako eskakizun subjektibo eta objektiboak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

d) Erabiltzaileen zerrenda eta, administrazio eskudunak eskatzen badu, erabiltzailearen eta jarduera-zentroaren arteko zuzeneko harremanaren egiaztagiria.

e) Erabiltzaile talde zehatzarekin sinatutako kontratuaren kopia, garraioak helmugan dituen jarduera-zentroak zehaztuko dituena, bai eta zerbitzua emateko adostu diren gainerako baldintzak, xehetasun guztiekin. Era berean, kontratua sinatu duen pertsonak taldea ordezkatzeko duen gaitasuna egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko da.

f) Zerbitzua emateko behar diren baliabideak dituela egiaztatzeko agiriak eta ibilgailuen dokumentazioa.

2.– Ez da beharrezkoa izango aurreko idatzi-zatian aipatutako agiriak aurkeztea, titular berak beste titulu gaitzaile batzuk lortzeko edo egiaztatzeko lehen ere aurkeztu baditu, eta eskakizuna betetzen duela jasota badago administrazio-erregistroetan.

52. artikulua.– Ukatzeko arrazoiak.

1.– Ez da erabilera bereziko garraio-zerbitzua ezartzeko baimenik emango, ibilbide berbera duen erabilera orokorreko zerbitzu erregular bat badago lehendik, garraio-beharrei egoki erantzun diezaiekeena eta baldintza beretsuetan, bai ekonomiaren aldetik, bai zerbitzu-baldintzen aldetik, hau da, ordutegi, maiztasun eta antzekoei dagokienean. Ondorio horietarako, erabilera bereziko zerbitzu bat erabilera orokorreko batekin bat ez datorrela iritziko zaio, eta, hortaz, ezin izango da baimena arrazoi horregatik ukatu, zerbitzu berezia erregelamendu honen 19.1.a) artikuluan adierazitakoen gisako herriguneen eragin-eremuetan eta distantzietan ematen bada.

2.– Aurreko idatzi-zatiko ondorioetarako, garraio-beharrei egoki erantzuten zaiela ulertuko da, eta, hortaz, erabilera bereziko zerbitzua ezartzeko administrazio-baimena ukatu, erabilera bereziko zerbitzu erregularrak hartuko lukeen eremuan eskualdeko emakida bat badago, eta, beraz, zerbitzua ematea ustiapen-planaren arabera eskualdeko emakida duen garraiolariari legokioke.

3.– Aurreko hori ez zaie aplikatuko sektore publikoak eskola-garraiorako eta umeen garraiorako egiten dituen kontratuei, ez eta, unibertsitate-ikasleen eta langileen garraioari, baldin eta inoiz sektore publikoak talde horientzako garraio-zerbitzurik kontratatzen badu.

53. artikulua.– Erabilera bereziko garraio erregularreko ibilgailuak.

1.– Horrelako garraioetarako bideratutako ibilgailuek ibilbide osoa hartzen duen lurralde-eremurako eskatu ahalako garraio-baimena izan beharko dute, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete, batez ere segurtasunari buruzko arauak eta zehazki eskola-garraiorako eta adin txikikoak garraiatzeko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuak ezarritakoak edo horiek ordezteko arauak.

Administrazio eskudunek bultzatuko dute eskola-garraiorako eta adin txikikoak garraiatzeko ibilgailu guztietan umeak lotzeko sistemak jartzea, eskola-garraiorako ibilgailuetarako segurtasunerako xedapenei jarraituz.

2.– Erabilera bereziko garraio erregularrerako baimenean adierazi beharko da zerbitzua zein ibilgailu zehatzekin emango den, eta ordezko zein ibilgailu erabiliko den. Aurreko paragrafoan aipatutako erabilera bereziko baimenean jasotako ibilgailuez aparte, beste batzuk ere (beste enpresa batzuenak, alegia) erabili ahal izango dira, eskatu ahalako garraiorako baimena dutenak, betiere horiekin egiten diren trafikoak urtean guztira egiten direnen % 45 baino gehiago ez badira, salbu eta baimenean bertan bestelako ehunekoren bat ezartzen bada, eskariaren bolumen handiak edo bestelako inguruabar berezi batzuk gertatzen direnerako. Gainera, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 27. artikuluan ezarritako arauak ere bete beharko dira.

54. artikulua.– Zerbitzua ordaintzea.

Garraiolariari erabiltzaile talde zehatzarekin kontratu orokorrean adostutako eran ordainduko zaio, zerbitzu osoagatik. Ezin izango da bidaia solterik ordaindu.

55. artikulua.– Baimenen epeak.

Baimenak erabiltzaile talde zehatzarekin sinatutako kontratu orokorrak irauten duen bitarterako emango dira. Arau orokor gisa, eskola-umeak eta ikasleak garraiatzeko baimenak kasuan kasuko ikasturterako balioko dute, eta langileentzako direnak, urte natural osorako.

56. artikulua.– Erabilera orokorreko eta bereziko garraioak bateratzea.

Interes orokorreko arrazoiak direla medio eta dauden baliabideak aprobetxatze aldera, erabilera orokorreko garraio erregularreko zerbitzu publikoko kudeaketa-kontratuen titular direnei baimena eman ahal izango zaie, erabilera bereziko garraio erregularreko zerbitzuak ere eman ditzaten. Horretarako, baldintza-agiriak edo lizitazio-iragarkiak emakidadunak erabilera bereziko zer zerbitzu eman dezakeen islatu beharko du, bai eta horregatik jasoko dituen konpentsazioak ere.

4. ATALA
ESKATU AHALAKO GARRAIO PUBLIKOA

57. artikulua.– Eskatu ahalako garraiorako baimenak.

1.– Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 37. artikuluan aipatzen den bidaiarien eskatu ahalako garraio publikorako, lehenbizi baimena lortu beharko da.

2.– Bidaiarien eskatu ahalako garraio publikoko baimenak lortzeko, egiaztatu beharko da Legearen 10. artikuluan eta horrekin bat datozenetan aurreikusitako eskakizunak betetzen direla, eta administrazioak, erabili nahi diren ibilgailuen ezaugarri tekniko, antzinatasun edo erabilgarritasunari buruz, eskatzen dituen xehetasunekin edo zerbitzua egoki ematen dela bermatzeko beste baldintza batzuekin.

Edonola ere, bidaiarien eskatu ahalako garraioak ezin izango dira behin eta berriro ibilbide, egutegi eta ordutegi berarekin egin.

3.– Bidaiarien eskatu ahalako garraio publiko baimenak, horientzako berariaz iraupen-epe jakin bat ezarri ezean, balio-epe mugarik gabe emango dira, baina indarrean dagoen araudian horretarako ezarriko den epeetan bisatua lortzeko baldintzarekin.

58. artikulua.– Garraiolarien arteko lankidetza.

1.– Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 37.6 artikuluan ezarrikoari jarraituz, eskatu ahalako zerbitzuak emateko baimena duten enpresek beste garraiolari batzuk kontratatu ahal izango dituzte, egoera jakinen batean eskariari erantzuteko gai ez badira beren kasa.

2.– Garraiolarien arteko lankidetzari arau hauek aplikatuko zaizkio:

a) Eskatzailearengandik garraio-eskaria jasotzen duen garraiolariak bere izenean sinatuko du zerbitzu horretan garraiolari-lana egiteko kontratua.

b) Garraiolari lankideak kasuan kasuko garraioa egiteko administrazio-baimen gaitzailea izan beharko du.

c) Indarrean dagoen araudiak garraiolariari egozten dizkion administrazio-betebehar eta erantzukizunak garraioa egiteko baimena duen eta garraioa benetan egiten duen garraiolari lankideari dagozkio.

d) Erabiltzailearengandik garraio-eskaria jasotzen duen garraiolariak indarrean dagoen araudiaren arabera agentziei dagozkien betebeharrak eta erantzukizunak izango ditu administrazioaren aurrean.

59. artikulua.– Jarlekuka kontratatzea.

1.– Bidaiarien eskatu ahalako garraioetarako, arau orokor gisa, ibilgailuaren edukiera osoa hartuko duen kontratu orokor bat egingo da.

2.– Nolanahi ere, Legearen 37.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta salbuespen gisa, eskumena duen administrazio-organoak zerbitzu jakin batzuk jarlekuka kontratatzeko eta jarleku bakoitza aparte ordaintzeko baimena eman ahal izango du, baldin eta ondorengo lau inguruabarretatik gutxienez bi batera gertatzen badira:

a) Garraio-beharra, jendetza biltzen duten ekitaldi horietako baten ondorio izatea eta dauden erabilera orokorreko zerbitzu erregular iraunkorrekin behar horri egoki erantzuteko modurik ez izatea.

b) Zerbitzua ez-ohikoa izatea, eta ez izatea bidezkoa garraio erregular iraunkor, aldi baterako edota erabilera berezikorik ezartzea.

c) Ibilbidea, egutegia eta ordutegia errepikatuz ez egitea zerbitzuak, eta garraio bakoitzak helburu berezi eta independentea izatea.

d) Garraioaren antolaketak helburu edo xede bera izatea bidaiari guztientzat.

Eskaera b) eta c) idatzi-zatietan aurreikusitako inguruabarrek justifikatzen badute, kasuan kasuko herrian bidaia-agentziarik ez izatea baloratuko da.

3.– Baimenetan zer bidaia baimentzen diren zehaztu beharko da, bai eta iraupena ere, halakorik bada.

5. ATALA
TURISMO GARRAIOA

60. artikulua.– Turismo-garraioa.

1.– Turismo-garraioak behar bezala gaitutako bidaia-agentzien bidez soilik kontratatu ahal izango dira, bidaia konbinatu baten barruan. Zerbitzu horiek erregelamenduaren 4. atalean aipatzen den bidaiarien eskatu ahalako garraiorako gaitzen duen baimenaren babesa duten ibilgailuekin egin beharko dira, bidaia-agentziaren ibilgailuak erabiliz edo beste batzuekin, agentziak horiekiko bitartekari-lana eginda.

2.– Turismo-garraioak aurrez ezarritako ibilbidea, egutegia eta ordutegia errepikatuz egin ahal izango dira. Bidaia-agentziarekiko kontratazioa jarlekuka, hau da, banaka, edo ibilgailuaren guztizko edukiera hartuta egin ahal izango da. Garraioa banaka kontratatu eta jarlekuko kobratzen denean, bidaiari bakoitzari txartel bat emango zaio, honako hauek adieraziko dituena: zerbitzu turistikoa dela, zein ibilbideri dagokion, txartelean zer prestazio osagarri sartzen den eta guztizko prezioa.

3.– Administrazioak exijituko du turismo-garraioak gutxieneko beste zerbitzu osagarri jakin batzuekin batera ematea. Horretarako, exijituko du helmugara joateko eta abiapuntura itzultzeko zerbitzuaz aparte (garraiobide bakar bat edo hainbat erabiliz), hauetako prestazio osagarriren bat sartzea:

a) Gutxienez gau baterako ostatua.

b) Mantenua; ez dira hor sartuko ibilgailu barruko, bidaiari-geltokietako edo hiru ordu baino gutxiago irauten duten abiapuntu eta helmugaren artean egiten diren geldialdietako jan-edanak.

c) Garraioarekin edo ostatuarekin zuzenean lotuta ez dauden eta eskaintzen den bidaiaren zati esanguratsua osatzen dutenak, hala nola, ikastaro, hitzaldi edo kirol-ekitaldietara joatea; txangoak edo kultura edo turismoaren aldetik interesa duten bisitak egitea; helmugako ikuskizun batera joateko sarrerak; eta ibilgailuen alokairua edo turismoko gida-zerbitzua, ibilgailuaren gidariaz aparte, gutxienez beste aditu bat izan beharko delarik, gida-lanak egiteko, eta horren beharra justifikatzeko kultura edo turismoaren aldetik interesa duen leku bat bisitatu beharko delarik.

4.– Aurrekoa gorabehera, hau da, arau orokorra turismo-garraioetan helmugara joan eta abiapuntura itzultzeko bidaiak sartzen badira ere, erabiltzaile batzuk etapa solteak kontratatu ahal izango dituzte, betiere horrek ez badu zerbitzuaren izaera turistikoa desitxuratzen.

5.– Garraio-turismoen izaera izango dute, halaber, abiapuntua edo helmuga aireportu, portu edo tren-geltokietan duten bidaiari-garraioek, bidaiari-agentziarekin kasuan kasuko aire, itsas edo trenbideko garraioarekin batera kontratatu badira, eta betiere, errepideko garraioak ez badu beste garraiobidean egindakoaren prezioaren % 40 gainditzen.

6.– Atal honetan ezarritakoa gorabehera, erabiltzaileen eskubideak erregulatzen dituzten turismoko eta kontsumoko arauak aplikatuko dira.

61. artikulua.– Turismo-garraioa eta erabilera orokorreko bidaiari garraio erregularra bat etortzea.

1.– Turismo-garraioak nabarmen bat datozenean erabilera orokorreko bidaiari garraio-zerbitzu erregularrekin, turismo-garraioen eta horiei dagozkien zerbitzu osagarrien prezioa zerbitzu erregularraren tarifaren gutxienez % 5 garestiagoa izango da. Eskakizun hori ez exijitzea erabaki ahal izango du administrazio eskudunak, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak betetzen badira.

2.– Aurreko idatzi-zatian ezarritako eskakizuna egiaztatze aldera, bidaia-agentziek administrazioari jakinarazi beharko diote zer turismo-garraio egin nahi duten aldizka eta ibilbidea errepikatuz edo egutegia errepikatuz, eta zerbitzua emateko baldintzak, tarifak eta salgai jarriko den konbinaketan sartuko diren gainerako zerbitzuak ere zehaztu egin beharko ditu.

6. ATALA
GARRAIO PRIBATU OSAGARRIA

62. artikulua.– Garraio pribatu osagarria.

1.– Garraio pribatu osagarriak dira, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 39. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, xede nagusitzat garraioa ez duten enpresek, beren jarduera nagusiaren barruan, jarduera nagusi horiek behar bezala garatzeko osagarri beharrezko edo egoki gisa egiten dituzten garraioak.

2.– Garraio pribatu osagarriek Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 39.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

V. KAPITULUA
HERRI BARRUKO GARRAIOA

63. artikulua.– Herri barruko bidaiari-garraioa.

1.– Erregelamendu honetako aginduak herri barruko garraioari aplikatuko zaizkio; herri barruko garraioa zer den Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 2. artikuluan dago definituta, kasuan kasuko tokiko ordenantzek xedatzen dutena ezertan galarazi gabe.

2.– Udal bakoitzari dagokio herri barruko garraioaren erregulazioa, plangintza, administrazioa, finantzaketa eta kudeaketa. Udalek izango dute udalerri barruan egiten den herri barruko bidaiarien garraio publikoa ikuskatu eta zehatzeko eskumena. Eskumena izango dute, halaber, zerbitzuak antolatzeko eta tarifen araubidea ezartzeko, prezioen araudi orokorra jarraituz.

3.– Erabilera orokorreko garraio-zerbitzu erregular iraunkorrak, arau orokor gisa, administrazio-emakidaren bidez kudeatuko dituzte udalek. Aurrekoa gorabehera, nahikoa arrazoi badago, toki-araubideari buruzko legerian zerbitzuak kudeatzeko aurreikusitako zuzeneko nahiz zeharkako edozein modu aukeratu ahal izango dute. Zehatzago esanda, udalek eta toki-erakundeek partzuergoak eratu edo hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, beren eskumeneko toki-garraioak kudeatzeko, toki-araubideari buruzko legerian ezarritako eran.

Erregelamendu honen IV. kapituluan aurreikusitako interes publikoko garraio-zerbitzuen kudeaketarako, udal-baimena beharko da, eta kapitulu horretan eta kasuan kasuko tokiko ordenantzetan xedatutakoaren mende geratuko dira.

4.– Bidaiari-garraioko herri barruko zerbitzuek udalerri mailakoak soilik diren interesak gainditzen dituztenean, kasuan kasuko udalaren eskumenak modu koordinatuan egikarituko dira, udalez gainetiko eremuko erakundeen eskumenekin koordinatuta; baina horrek ez du esan nahi udalak eskumenik galtzen duenik.

64. artikulua.– Koordinazioa eta bat datozen trafikoak.

1.– Herri barruan erabilera orokorreko zerbitzu erregular iraunkorrak ezartzeko, baldin eta horien artean, lehendik baimendutako herri arteko zerbitzu erregularrek eskaintzen dituzten trafikoekin bat datozen trafiko batzuk sartzen badira, beharrezkoa izango da lehendik dagoen zerbitzua erabiltzaileen beharrei egoki erantzuteko nahikoa ez dela justifikatzea. Kasuan kasuko foru aldundiak herri barruko zerbitzu erregularra ezartzeko baldintza gisa jartzen badu, bi zerbitzuen ustiapena koordinatzeko plan bat onartzea, plan hori kasuan kasuko udalak aurkeztu beharko dio foru aldundiari, onartzeko, eta gutxienez alderdi hauek jaso beharko ditu:

a) Eraginpean dauden herriguneen artean bidaiariek batetik bestera joateko duten beharraren ebaluazioa, eta behar horiei erantzuteko lehendik dauden baliabideak ez direla nahikoa.

b) Lehendik dauden herri arteko trafikoetan izango duen eragin-mailaren azterketa. Administrazio eskudunek lehendik dauden zerbitzu erregularrak ondoen nola koordinatu aztertuko dute.

c) Ezarri nahi den zerbitzuaren ezaugarrien deskribapena, besteak beste, ibilbidea, bidaldiak, egutegia, ordutegia, tarifak eta beste ustiapen-baldintza batzuk jasoko dituena.

2.– Herri barruko zerbitzuei eragiten dieten herri arteko zerbitzu erregularrak ezarri ahal izateko, foru aldundiak 1. idatzi-zatian aurreikusitako koordinazio-proiektua onartu beharko du, interesdunei entzunaldia eskaini, eta kasuan kasuko udalak derrigorrezko txostena egin ondoren.

65. artikulua.– Herri arteko garraioen edo eskualdeko garraioen herri barruko geralekuak.

1.– Foru aldundiei dagokie, eraginpeko udalekin adostuta, herri arteko lineako edo eskualdeko garraioek bidaiariak hartu eta uzteko herri barruan geralekuak non izango dituzten ezartzea. Eraginpeko udalekin ados jarri ezean, lurralde-agintariak edo, halakorik ez badago, azkenean foru aldundiek erabakiko dute geralekuak non jarri.

2.– Herri arteko zerbitzuen herri barruko geralekuak ezartzeko, kasuan kasuko udalaren aurretiazko txostena beharko da; udalak hilabeteko epea izango du txostena egiteko. Epea txostenik egin gabe igaro bada, aldekotzat joko da. Txostenak geralekuak herri barruko zirkulazioan nola eragiten duen izango du hizpide, eta bat datozen trafikoak badaude, lehendik dagoen herri barruko garraio-zerbitzuan zer-nolako eragin duen.

3.– Geralekuak non jarri erabakitzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Eraginpeko pertsonen kopurua eta eragin-eremuko osasun–, hezkuntza–, lan– eta bestelako jarduera-zentroak.

b) Zerbitzuan eta ustiapenaren baldintza ekonomikoetan izango duen eragina.

c) Herri barruko zirkulazioan eta bide-segurtasunean izango duen eragina.

d) Herri barruko garraio-zerbitzuetarako irisgarritasuna.

4.– Aurrekoa gorabehera, udalek beren udalerriko geralekuen katalogo bat egin beharko dute, edo, kasuan arabera, herri barruan geralekuak jartzeko aukerako lekuei buruzko txosten bat. Dokumentu hori foru aldundiari bidali beharko zaio urte naturala amaitu baino lehen, bai eta aldaketak izaten direnean ere, lurralde historikoko garraio-sareko gainerakoekin koordinatzen dela bermatzeko.

5.– Bidaiari-geltokiak dituzten herrietan, herri arteko lineek derrigor erabili beharko dituzte geltoki horiek, salbu eta emakida eman duen administrazioak beste geraleku batzuk baimentzen baditu kasuan kasuko udalaren derrigorrezko txostena eskuratu ondoren, eta betiere baldintza hauekin:

a) Emakida duen esleipendunak administrazioaren iritziz egokiak diren instalazioak edukitzea horretarako.

b) Interes publikoko arrazoi objektiboak badaude eta espedientean egiaztatzen badira; horretarako, entzunaldia eskaini beharko zaie, bai emakidadunari, bai bidaiari-geltokiaren titularrari.

6.– Nolanahi ere, emakida eman duen administrazioak, udalaren txostena eskuratu ondoren, geltokia erabiltzea beharrezkoa dela berariaz ezarri ezean, ez da derrigorrezkoa izango 19.1.a artikuluan ezarritako distantzietaraino 50.000 mila biztanle baino gehiagoko herriguneen eragin-eremua zeharkatzen duten lineentzat.

VI. KAPITULUA
BIDAIARI GELTOKIAK

66. artikulua.– Bidaiari-geltokiak.

1.– Leku bat bidaiarientzako geltokia izango bada, baldintza eta eskakizun batzuk bete behar ditu, bidaiarien garraioa behar bezala garatu ahal izateko eta erabiltzaileek zerbitzu hori erabili ahal izateko, eta edonola ere, irisgarritasuna bermatu beharko du, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta hura garatzeko arauetan, bai eta irisgarritasunari buruzko estatuko eta Europako arauetan ezarritako moduan.

2.– Bidaiari-geltokiek gutxienez ondoren zehaztuko diren hauek izan beharko dituzte:

a) Ibilgailuak sartzeko eta irteteko sarbideak, halako moldez egituratuta, non ez dituzten beren arteko interferentziarik sortuko, ez eta gehiegizko eraginik izango geltokiaren inguruko bideetako ohiko zirkulazioan.

b) Ibilgailuen sarbideez aparteko sarbideak, bidaiariak sartu eta irteteko.

c) Geltokian diren ibilgailuak aparkatzeko behar beste dartsena estali.

d) Bidaiariak ibilgailuetatik jaitsi eta igotzeko nasa estaliak.

e) Nasetatik aparteko itxarongune independenteak.

f) Komunak.

g) Fakturaziorako, kontsignatarako eta txartelak saltzeko lekua, bai eta informazio-bulegoa ere.

3.– Garraoien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, bidaiari-geltokien ekipamendu eta zerbitzuen arabera, mailak ezarri ahal izango ditu, plangintza egiterakoan establezimendua kontuan hartu nahi izanez gero ere. Bereziki bultzatuko da garraio-zerbitzuen geltoki intermodalen sorrera, eta horiek izan behar dituzten ezaugarri, ekipamendu eta zerbitzuak behar bezala zehaztuko dira.

67. artikulua.– Ezartzea.

1.– Garraio-geltokiak ezartzeko ekimena kasuan kasuko udari dagokio. Horretarako, udalek geltokia ezartzeko proiektua aurkeztu beharko diote foru aldundiari. Proiektuak gutxienez dokumentu hauek jaso beharko ditu:

a) Justifikazioko memoria, ondokoak hartuko dituena: aukeratutako kokalekua (dauden errepideekiko loturak aipatuta), geltokia ezartzeak izango dituen ondorioak eta inguruko hiri-mugikortasunean eragingo duen hobekuntza; geltokia ezartzearen eta beste eragile eta garraiobide batzuekiko konexioaren errentagarritasun soziala; hirigintza eta ingurumen aldetiko bideragarritasuna; gutxieneko azalera, gutxieneko dartsena edo aparkaleku kopurua, eta zirkulaziorako eta maniobretarako alderdiak, bidaiarientzako gordeko den azalera (nasak, igarotzeko bideak, zain egoteko lekuak, etab.), gutxieneko instalazioak eta instalazio osagarriak; ustiapen-sistema, bideragarritasun ekonomikoko azterlana, tarifak eta prezioen kalkulu eta justifikazioa, eta desjabetzeak eta obra-plana.

b) Kokalekuaren eta instalazioen planoak.

c) Baldintza tekniko berezien agiria.

d) Aurrekontua: neurketak, prezioen taula, zatikako aurrekontuak eta aurrekontu orokorra.

2.– Behin proiektua foru aldundiari aurkeztutakoan, jendaurreko erakustaldirako epea irekiko da, gutxienez bi hilabetekoa, eta eraginpean izan daitezkeen beste administrazioei ere bidaliko zaie espedientea.

3.– Geltokia jartzea onartzeko, erabakigarriak izango dira irizpide hauek: garraioaren baldintzak hobetzeko komenigarria eta beharrezkoa izatea; kasuan kasuko inguruan dauden zirkulazio eta trafikoa; beste operadore eta garraiobide batzuekiko lotura, eta gizarteari ekarriko dion onura.

68. artikulua.– Ustiapen-emakidaren esleipena.

1.– Normalean, udalek ustiatuko dituzte geltokiak, zeharkako kudeaketaren bidez, sektore publikoko kontratazioaren legerian ezarritako prozedurei jarraituz, interesa duten erakunde edo enpresei ustiapen-emakida esleituta. Aurkeztutako eskaintzak baloratzeko funtsean irizpide hauek baliatuko dira:

a) Exijitutako gutxienekoez aparte, eskaintzen diren zerbitzu eta ezaugarriak.

b) Eskaintzen diren instalazio eta baliabide osagarriak egokiak eta komenigarriak diren.

c) Finantza-laguntza publikoari uko egitea edota gutxiago eskatzea.

d) Zer tarifa eskaintzen dituen.

e) Proposatutakoez aparteko edozein hobekuntza edo zerbitzua ondo emateari buruzko bermea.

2.– Arrazoi ekonomiko edo sozialak medio, ez bada aurreko artikuluan aurreikusitako zeharkako kudeaketaren prozedurara jotzen, edota prozedura eman gabe geratuz gero, udalek zuzenean kudeatu ahal izango dituzten geltokiak.

Edonola ere, artikulu honetan aurreikusten ez denerako, herri arteko erabilera orokorreko zerbitzu publiko erregular iraunkorrak esleitzeko, erregelamenduaren III. kapituluan jasotako arauak aplikatuko dira, bai eta sektore publikoko kontratazioaren legerian ezarritakoak ere.

69. artikulua.– Administrazio-titulu gaitzailea.

1.– Garraio-geltokiak ustiatzeko baldintzak kasuan kasuko emakida-tituluan jasoko dira; berez, baldintza-agirian ezarritakoak jasoko ditu, bai eta esleipendunak bere eskaintzan egindako zehaztasunak, baldin eta emakida eman duen erakundeak onartu baditu.

2.– Foru aldundiak, emakida esleitu baino lehen, txostena egin beharko du, onartutako proiektuaren baldintzekin bat datorren ala ez adierazteko. Txosten hori nahitaezkoa eta loteslea izango da, proiektuarekin bat etor dadin udala eta emakidaduna egin beharreko aldaketak onartzera behartzeari dagokionean.

Emakida-tituluan ezarritako hasierako baldintzetan funtsezko aldaketaren bat egitekotan, foru aldundiaren txostena beharko da, aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako.

3.– Foru aldundiaren txostena nahitaezkoa eta loteslea izango da halaber, udalak zuzeneko kudeaketaren edo kudeaketa mistoaren bidez egiten duenean geltokiaren ustiapena.

VII. KAPITULUA
IKUSKAPEN ETA KONTROL ARAUBIDEA
1. ATALA
GARRAIOEN IKUSKAPENA

70. artikulua.– Garraioak ikuskatzeko zerbitzuak.

1.– Erregelamendu honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatu eta ziurtatzeko ikuskapen-lanak garraioko ikuskapen-zerbitzuek egingo dituzte (arloaren arabera, kasuan kasuko administrazio eskudunekoek), hala ezartzen baitu Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 4. artikuluak.

2.– Zerbitzuen erabiltzaileen betebeharrei dagokienean, ikuskapen-ahalak garraio-operadoreen esku utzi ahal izango dira. Arrisku-egoeretan berehala hartu beharreko neurriak gorabehera, garraio-operadoreetako langileek akta bat egingo dute, zerbitzuak erabiltzerakoan geratutakoen berri jasotzeko, baldin eta administrazio arloko arau-haustetzat jo balitezke. Akta administrazioko organo eskudunari bidaliko zaio, kasuan kasuko zehapen-espedientea ireki dezan.

71. artikulua.– Ikuskapen zerbitzuekiko betebeharrak.

1.– Garraiolari eta gidariek, errepideko bidaiari-garraioan edo horrekin zerikusia duten jardueretan dabiltzan enpresen titularrek, bidaiari-garraioaren erabiltzaileek eta, oro har, erregelamendu honek agindutakoen eraginpean daudenek ikuskaritza-lana egin behar dutenei ibilgailuak eta instalazioak eta nahitaezkoak diren agiriak (kontabilitate-liburuak, fakturak, garraio-tituluak eta derrigor jaso beharreko datu estatistikoak) ikusten uzteko betebeharra daukate, bai eta zerbitzua ematearen inguruko beste edozein informazio, baldin eta ezinbestekoak badira garraio-legerian jasotako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Errepidean egiten diren ikuskapenetan, gidaria enpresaren ordezkari gisa hartuko da, ibilgailuan bertan eraman beharreko dokumentazioari eta egindako zerbitzuari buruz eskatzen zaion informazioari dagokionean. Gidatze– eta atseden-denborei buruzko betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko dokumentazioa eskatutakoan, enpresak ezin izango du ez aurkezteko aitzakiatzat erabili, enpresaburua edo hura eramateko edo zaintzeko ardura duena kanpoan izatea.

72. artikulua.– Beste administrazio batzuekiko lankidetza.

Ikuskapen-zerbitzuetako langileek, lanean daudela, beste sektore batzuetako arau-haustetzat har daitezkeen gertaerak ikusiz gero (batez ere lan, zerga eta bide-segurtasunaren arlokoak), organo eskudunei horien berri emango diete.

73. artikulua.– Ikuskapen-jardueraren plangintza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan garraioen arloko eskumena duen sailak, foru aldundiekin batera, garraioaren ikuskapenerako urteko plana onartuko du. Urteko ikuskapen-planak errepideko garraioa ikuskatzerakoan aplikatu beharreko jarraibide orokorrak ezarriko ditu, irizpideak bateratzeko, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ikuskapen-lana homogeneizatu eta objektiboagoa egiteko. Planak garraio mota jakin baten inguruan ikuskapen-kanpaina bereziak egitea aurreikus dezake.

2.– Foru aldundiek garatzen duten ikuskapenen programazioek eta jarduerek ere jarraibide orokor horiek bete beharko dituzte. Foru aldundiek ikuskapen-kanpaina bereziak aurreikusi ahal izango dituzte, garraio horiek lurralde historiko bakoitzean sortarazten dituzten beharren arabera.

3.– Urteko ikuskapen-planak gutxienez eduki hau izango du:

a) Plana zein jarduera edo sektoreri eragiten dion.

b) Jarduketen xedea, edukia eta helburua.

c) Erabili beharreko baliabideak.

d) Plana burutzeko epea edo aldizkotasuna.

e) Lurralde zerbitzuak jarduketen inguruan koordinatzeko tresnak.

2. ATALA
KONTROL AGIRIAK

74. artikulua.– Emakiden titularrak eta administrazio-baimenak.

1.– Errepideko bidaiarien garraio publikoan diharduten enpresak edo operadoreak eta bidaiari-geltokiak ustiatzen dituztenak, beren jarduerari buruz erregelamendu honetan zehazten den dokumentazioa bete eta lantokian izan beharko dute, ikuskapen-zerbitzuen eskura. Dokumentazio horretan jasoko dira emakidari edo jarduerari buruzko datuak, ematen diren zerbitzuei buruzkoak, kobratzen diren tarifak, garraiaturiko bidaiari kopurua, jasotako erreklamazioen kopurua eta segurtasunaren inguruko arazo eta gorabeherak.

2.– Kontrol-agiritzat hartuko dira:

a) Ibilbide-liburua, bidaiarien herri arteko garraio publikoko autobusentzat; liburuak eginbide guztiak eginda izan beharko ditu, eta autobusarekin egiten diren garraio-zerbitzu guztiak jasoko dira (bidaia hasi aurretik), bata bestearen atzetik, eta ezin ezabatzeko moduan. Zerbitzu bakoitzerako zehaztasun hauek jaso beharko dira: zerbitzuaren eguna, abiapuntua eta helmuga, zerbitzu mota, kontratatu duen pertsona edo enpresa eta, ibilbide bera egunean zehar errepikatzekoa bada, bidaldi kopurua.

b) Erreklamazio-liburuak edo orriak(indarrean dagoen araudian ezarritako ereduaren araberakoak) errepideko bidaiari-garraioan diharduten enpresentzat eta bidaiari-garraioko geltokientzat.

c) Erabilera orokorreko errepideko bidaiari-garraio publikorako emakida edo baimenen titular diren enpresek egiten dituzten zerbitzuen erregistroa, egunero gutxienez datu hauek jasoko dituena, bidaldi eta ibilgailu bakoitzeko: emakidaren izena; bidaldia zein ibilbideri dagokion (abiapuntua, helmuga, data eta irteera ordua); ibilgailuaren zenbakia; matrikula eta garraio-baimenaren zenbakia; ibilgailuaren gidarien identifikazioa; saldutako bidaia-txartelak, bakoitzaren abiapuntua, helmuga eta prezioa zehaztuta, bai eta bidaldiarekin guztira bildutako dirua.

d) Erabilera orokorreko eta bereziko garraio erregularrak egiteko beste garraiolari batzuen lankidetza izanez gero, titular horrek egin, zigilatu eta sinatutako justifikantea, bere lankidetza zein zerbitzu jakinetarako kontratatu duten adieraziko duena, indarrean dagoen araudiak ezarritako eredu ofizialaren arabera eginda.

3.– Errepideko bidaiarien erabilera orokorreko garraio-zerbitzu erregularrak egoki kudeatzen direla egiaztatzeko, garraio mota horretarako emakida edo baimena duten enpresen titularrek urtero, irailaren 30a baino lehen, kontuen gaineko kanpo-auditoria bat eta kudeaketa-txosten bat aurkeztu beharko diote administrazioari, kasuan kasuko emakidaren gainekoa eta aurreko ekitaldi ekonomikoa soilik hartuko duena. Titularra pertsona fisikoa, juridikoa edo baimendutako beste edozein figura izan, berdin-berdin aurkeztu beharko da.

4.– Bidaiarien erabilera orokorreko garraio publiko erregular iraunkorretarako baimen edo emakiden titularrak behartuta daude hiru hilabetean behin, emakidaren babesean eskainitako zerbitzuen laburpen bat administrazioari helaraztera, emakida osatzen duten trafiko bakoitzeko gutxieneko datu hauek jasoko dituena: desplazaturiko bidaiarien kopurua, guztira; trafiko-bolumena, guztira, bidaiari/kilometrotan neurtuta; emakidara atxikitako ibilgailuekin egindako trafiko-bolumena, ibilgailu/kilometrotan neurtuta; ibilgailu propioekin baina emakidara atxikita ez daudenekin egindako trafiko-bolumena, ibilgailu/kilometrotan neurtuta; beste garraiolari batzuen lankidetzarekin egindako trafiko-bolumena, ibilgailu/kilometrotan neurtuta; enpresak jasotako dirua, guztira, balio erantsiaren gaineko zerga barne. Emakida osatzen duten ibilbide bakoitzeko horrelako laburpen bat aurkeztu beharko da.

5.– Aurreko idatzi-zatian ezarritakoa gorabehera, administrazio eskudunak noiznahi eskatu ahal izango die bidezko iritzitako ustiapenari buruzko beste datu batzuk, erabilera orokorreko garraio publiko erregularrerako emakida duten titularrei.

75. artikulua.– Zerbitzua emateko ibilgailuak.

1.– Zerbitzua ematen duten bitartean, garraio-zerbitzuak emateko erabiltzen diren ibilgailuek administrazio-kontrolerako ezarritako agiri guztiak eraman beharko dituzte, behar bezala beteta. Bidaiarien herri arteko garraio publikoan, ibilgailuen ibilbide-liburua ibilgailuan dutela zirkulatu beharko dute, eta liburu horretan jaso beharko dira ibilgailuarekin ematen diren herri arteko eta herri barruko zerbitzuak.

2.– Zerbitzu horiek emateko ibilgailuek, edonola ere, zerbitzuaren ezaugarriak edo horiek ematea babesten duen titulu gaitzailea ondo identifikatzeko, indarrean dagoen araudiak eskatutako idazkun eta bereizgarriak eraman beharko dituzte bistan.


Azterketa dokumentala