Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2012ko apirilaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1706

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko prozedura arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) sortzeko eta arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kulturaeskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza– eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2.g) atalean aipatzen du, jarduera-arlo gisa, euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora atereaz. Bestalde, artikulu horren f) zatian Institutuaren funtzioen artean aipatzen da euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kulturaeragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak beste hizkuntzetara itzultzeko diru-laguntzak emateko prozedura arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da ondorengo itzulpen-jarduerak diruz laguntzeko prozedura finkatzea:

– Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.

– Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.

– Egoitza euskararen eremu geografikotik kanpo duten aldizkarietan 2012an argitara emateko euskal idazleen testu literario laburrak (poemak, ipuin edo antzerki laburrak...) edozein hizkuntzatara itzultzea.

2. artikulua.– Dirubaliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehienezko diru-zuzkidura berrogeita lau mila (44.000) eurokoa izango da eta honela banatuko da bi modalitatetan:

a) Obra literarioak itzultzeko berrogeita bat mila eta bostehun (41.500) euro izango dira.

b) Testu literario laburrak itzultzeko bi mila eta bostehun (2.500) euro izango dira.

2.– Bi epetan ebatziko dira diru-laguntzak:

a) Lehen epean modalitate bakoitzeko % 60.

b) Bigarren epean modalitate bakoitzeko % 40.

3.– Itzulpen lanak bakarrik ordainduko dira, ondoren zehaztutakoaren arabera:

a) Testuaren zailtasun maila oinarrizkotzat jotzen denean 0,011 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.

b) Testua poesia denean edo hizkuntzaren aparteko zailtasuna legokeenean, 0,012 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.

c) Diru-laguntza eskaeraren % 100ekoa izatera irits daiteke, horretarako baldintza guztiak betetzen badira.

d) Itzulpenak jatorrizko hizkuntzatik egitea lehenetsiko da.

3. artikulua.– Diru-laguntzen esleipena.

1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 9. artikuluan finkatutako aukeraketa– eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.

2.– Proiektu bakoitzak jaso dezakeen diru-kopurua zehazteko kalkulua honela egingo da: eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoari balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.

3.– Lehen epeko ebazpena eman ostean modalitateren batean diru-soberakinik bada, modalitate bereko bigarren epeko zenbatekoari gehituko zaio soberakin hori. Era berean, esleipen-ebazpenak eman aurretik modalitate batean aurreikusitako diruzuzkiduran dirusoberakinik geratzen bada, soberakin hori beste modalitateko zuzkidurari gehituko zaio.

4.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren baitan jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean.

2.– Laguntzaren eskaera egin duena itzultzailea edo editorea den kasuan, derrigorrezkoa izango da liburua argitara emango duen argitaletxearekin bi aldeek izenpetutako kontratua aurkeztea. Eskatzailea argitaletxea den kasuan, itzultzaileak eta argitaletxeak izenpetutako kontratua aurkeztu beharko da.

3.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «Ondasunen erkidego» izaerakoen eta dagokion sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote, eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

EEIri dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenari jarraipena egingo dio, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen– edo informazio-eskaerari erantzutera.

6. artikulua.– Eskabidea aurkeztea eta epeak.

1.– Proiektuko eskabide bana aurkeztuko da eta, eranskinetan zehazten den aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Itzuli nahi den liburu edo testua Word formatuko euskarri informatikoan.

b) Itzulitako lagina: 45.000 karakterekoa, zuriunerik gabe, paperean eta Word euskarri informatikoan. Testu laburren kasuan testu osoa aurkeztu beharko da itzulita.

c) Itzultzailearen curriculuma eta argitaletxearen azken katalogoa.

d) Liburua itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.

e) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta.

f) Jatorrizko lana gaztelaniazkoa bada, egilearen errolda-agiria edo jaiotzaziurtagiria.

2.– Ebazpen honen babesean aurkezten diren eskabideak ondorengo helbidean aurkeztu beharko dira: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7. 20006 Donostia. 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

3.– Eskabideak bi epetan aurkeztu ahal izango dira:

a) Lehen epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

b) Bigarren epea urriaren 1etik 31ra bitartekoa izango da.

4.– Lehen epean eskabidea aurkeztu eta diru-laguntzarik lortu ez duenak bigarren epean ere aurkeztu ahal izango du berriz eskabidea.

5.– Diruz lagundutako proiektuaren iraupena. Lana 2013ko abenduaren 15a baino lehen argitaratu beharko da.

7. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo formaakatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da:

a) Lehendakaria: EEIko zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona.

b) EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria.

c) Bokalak 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, modalitate bakoitzean adituak diren gizon-emakumeak eta administrazioko teknikarien artetik.

d) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio Batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

9. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio Batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:

a) Jatorrizko itzulgaiaren literatura-arloko interesa: puntuazioaren % 30 arte.

b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25 arte.

c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 20 arte.

d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko irizpideak, plana, proiektua...: % 20 arte.

e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den alekopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5 arte.

3.– Balorazio Batzordeak bat ere proiekturik ez onartzeko proposamena egin ahal izango du.

4.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dira dirulaguntza esleitzeko zerrendan sartuko.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– EEIko zuzendariari dagokio Balorazio Batzordeak aurkeztutako ebazpenproposamena aztertu eta ebazpena ematea.

2.– Diru-laguntzen eskatzaileei ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen esleipenebazpenaren jakinarazpen indibiduala egiteaz gainera, EEIko zuzendariaren ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek horren berri izan dezaten.

3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez bi hilabeteko epean jakinaraziko dira ebazpenak. Epe hori berariazko jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera hitzartutako epean amaitzea.

3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

4.– Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea egiterakoan EEIren logoa jartzea eta bertan zehatz adieraztea itzulpenerako dirulaguntza jaso duela.

5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

12. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.

1.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da prozedura honi jarraituz:

% 50 esleipen-ebazpena argitara eman eta gehienez hilabeteko epean.

% 50 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez hilabeteko epean.

2.– Justifikazioa egiteko honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean bada, kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.

b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen bankuko ordainagiria, eskatzailea argitaletxea bada.

c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.

3.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazioebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.

13. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako dirukopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa aldatu egin ahal izango da, baldin eta EEIren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIko zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da.

Bigarrena.– Aurrekontua amaitzen baldin bada ebazpen honen ondorioetarako, EEIko zuzendariak, amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratzearen bidez, horretarako izendaturiko diru-funtsak agortu direla arrazoituta.

Hirugarrena.– Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis –L 379/5, 28-12-2006– laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107 eta 108 artikuluak). Arau horiei jarraiki, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia-San Sebastián, 2012ko martxoaren 20a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARÍA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana