Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2012ko apirilaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
1704

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Portu eta Aireportuen zuzendariarena, Gipuzkoako portuetan salmenta-kioskoak jarrita portuko jabari publikoa okupatzeko administrazio-baimena emateko lehiaketa publikorako deia egiten duena.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko azaroaren 24ko 607/2009 Dekretua aldatzen duen azaroaren 30eko 328/2010 Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak baliatuz

XEDATzen DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Lehiaketa publiko honen xedea da 2012an Gipuzkoako portuetan salmenta-kioskoak jarrita portuko jabari publikoa okupatzeko administrazio-baimena ematea.

2. artikulua.– Eskakizunak.

Lehiaketan nahi duten pertsona fisiko eta juridikoek parte hartu ahal izango dute, espainiarrek nahiz atzerritarrek, baldin eta jarduteko gaitasuna badute, deialdian ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte, eta 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 60.1 artikuluaren araberako kontratatzeko debekurik ez badute.

3. artikulua.– Agiriak eta argibideak lortzea.

Espedientea izapidetzen ari den Zuzendaritza: Portu eta Aireportuen Zuzendaritza.

Donostia-San Sebastián kalea, 1. Lakua 1-7. solairua; 01010 (Vitoria-Gasteiz).

Telefonoa: 945 01 97 16/17.

Faxa: 945 01 97 86.

4. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Administrazio-baimena eskuratzeko eskabide-orri normalizatua Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren webgunean egongo da (www.garraioak.ejgv.euskadi.net), Portu eta Aireportuen Zuzendaritzaren Baimenak-Emakidak atalean.

2.– Eskabidea eta dokumentazioa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Portu eta Aireportuen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz.

3.– Gutun-azalaren kanpoko aldean honako hau jarriko da: «Lehiaketa, 2012an Gipuzkoako portuetan salmenta-kioskoak jarrita portuko jabari publikoa okupatzeko administrazio-baimena emateko».

4.– Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 20 egun naturaletara amaituko.

5. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideari, harremanetarako helbidea eta telefonoa ere jarrita, honako agiri hauek gehitu beharko zaizkio:

1.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, interesdunaren NANa edo, ordezkaria badu, ordezkariaren NANa eta notario-ahalordea.

2.– Eskatzailea pertsona juridikoa bada, enpresa eratzeko eta, halakorik bada, aldatzeko eskritura, dagokion Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuta.

3.– Baimenen ondorio diren betebeharrei aurre egiteko kaudimen ekonomiko, tekniko eta profesionala egiaztatzea.

Ekonomia– eta finantza-kaudimena egiaztatzeko finantza-erakundeen adierazpenak aurkeztu beharko dira.

Kaudimen teknikoa eta profesionala, kontratuan parte hartuko duten talde teknikoaren deskribapenaren bidez egiaztatuko da.

4.– Memoria bat, lokalean burutu nahi duen jarduera deskribatuko duena eta gutxienez honako hauek jasoko dituena: helburuak eta interesak; ekintzen edukia eta jarduera; baliabideak (giza-baliabideak eta bitarteko materialak); kronograma eta arduradunak.

5.– Zinpeko adierazpena, kontratatzeko debekurik ez duela adierazten duena (3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 60.1 artikulua).

6.– Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehea.

7.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiri positiboa.

8.– Zerbitzuaren ustiapen-plana. Planean zerbitzua kudeatzearen inguruko alderdi nabarmen guztiak jaso beharko dira, hala nola, langile kopurua, horien ordutegia, irekiera-ordutegia, eskatzailearen hobekuntzak, jarriko diren instalazioak, garbiketa-lanen maiztasuna, eta antzekoak.

Portu eta Aireportuen Zuzendaritzak bestelako agiri osogarriak ere eskatu ahal izango ditu, burutu nahi den jardueraren arabera.

Eskabidean edo harekin batera derrigor aurkeztu beharreko dokumentazioan akatsen bat antzemanez gero edo osorik ez badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari, Portu eta Aireportuen Zuzendaritzak errekerimendua jakinarazten zaion egunetik aurrera kontatuta, akats horiek zuzentzeko. Epea igaro, eta akatsak zuzendu ez badira, eskabidea baztertu egingo da.

6. artikulua.– Baimena emateko ebazpena.

Portu eta Aireportuen zuzendariari dagokio administrazio-baimena nori eman ebaztea.

Eskabideak Portu eta Aireportuen Zuzendaritzako teknikariek aztertuko dute, eta baloratu ondoren, proposamen bat egingo diote Portu eta Aireportuen zuzendariari, eta horrek, bidezko baderitzo, onartu egingo du.

Akordioa eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie.

7. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Eskabideak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

● Proiektuaren interesa.

● Proiektuaren bideragarritasuna eta eragina.

● Lanerako metodologia eta prozesua.

● Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehea.

● Baliabideak optimizatzeko estrategia.

● Proiektua ikuspegi berritzaile batetik garatzea.

● Proiektuak giza-talde ahulenen parte-hartzea aurreikustea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa jar dakioke Garraio eta Herri Lan sailburuordeari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, hilabeteko epearen barruan.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 20a.

Portu eta Aireportuen zuzendaria,

FÉLIX JOAQUÍN ASENSIO ROBLES.


Azterketa dokumentala