Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2012ko apirilaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
1702

AGINDUA, 2012ko martxoaren 14koa, Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, 2012-2013 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan Batxilergoko, heziketa-zikloetako eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko egutegi komuna ezartzen da; era berean, jarraibideak onartzen dira ikasleok onartzeko eta maila horietako ikasketa ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 9. artikuluak xedatzen du ikasleak onartzeko prozedura bera erabiliko dela hezkuntza-etapa bakoitzeko ikastetxe guztietan, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak emandako aginduen bitartez arautuko dela urtero.

Agindu horietan ezarriko dira eskabideak aurkezteko epeak eta, halaber, eskabide horiei buruzko erabakiak hartzeko epeak. Dekretuak ezarritakoari jarraituz, agindu horietan xedatuko da interesdunek, hala behar izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazioa, onartze-prozeduran kontuan hartzekoak egiaztatu ahal izateko.

Hori dela eta, egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira jakiteko 2012-2013 ikasturtean nola jokatu Batxilergoko, heziketa-zikloetako eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasleak onartzeko orduan Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoez eusten diren ikastetxeetan. Era berean, eta horren ondorioz, prozedura bat ezarri beharko da ikasleak hezkuntza-maila horietan irakaskuntza ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko. Hori guztia dela-eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau 2012-2013 ikasturtean aplikatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan Batxilergoko eta heziketa-zikloetako eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasleak onartzeko prozesuan. Era berean, maila horietako ikasleak matrikulatzeko prozesuan ere aplikatuko da.

2. artikulua.– Batxilergoan onartzeko eta matrikulatzeko egutegia.

Euskal Autonomia Erkidegoko publiko eta ikastetxe itunduetan, honako hau da Batxilergoa egiteko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko egutegia:

a) Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko: maiatzaren 2tik 11ra, biak barne.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 4a.

c) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: ekainaren 8a arte, egun hori barne.

d) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 11a.

e) Lehenengo aukeran eskatutako ikastetxean onartu gabe gelditu diren ikasleei beste ikastetxe batean plaza bat esleitzeko: ekainaren 18a.

f) Matrikula egiteko aldi arrunta: ekainaren 20tik uztailaren 5era, biak barne.

g) Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: uztailaren 12a arte, egun hori barne.

Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

3. artikulua.– Eskaintza osoan bertaratze modalitateko Heziketa Zikloetan onartzeko eskabideak aurkeztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan eskaintza osoan bertaratze modalitateko erdi– edo goi-mailako Heziketa Zikloetan onartzeko eta matrikulatzeko eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea maiatzaren 28tik ekainaren 8ra izango da, biak barne.

4. artikulua.– Eskaintza osoan bertaratze modalitateko Heziketa Zikloetan onartzeko eta matrikulatzeko egutegia: ohiko epea.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan, honako hau da eskaintza osoan bertaratze modalitateko erdi– edo goi-mailako Heziketa Zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko egutegia:

a) Eskatzailearen espediente akademikoa edota sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiria –proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko deialdian egin ez bada– aurkezteko: ekainaren 27ko 14:00ak arte.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 29a.

c) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: uztailaren 3ra arte, egun hori barne.

d) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 4a.

e) Onartutako ikasleen matrikula egiteko aldi arrunta: uztailaren 5etik 11ra, biak barne.

f) Itxaronzerrendako ikasleen matrikula egiteko aldi arrunta: uztailaren 12a eta 13a.

g) Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: abuztuaren 6a arte, egun hori barne.

Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

5. artikulua.– Eskaintza osoan bertaratze modalitateko Heziketa Zikloetan onartzeko eta matrikulatzeko egutegia: aparteko epea.

Ohiko matrikulazio-prozesua amaitu eta gero, eskaintza osoan bertaratze modalitateko erdi– edo goi-mailako Heziketa Zikloetan plaza hutsik geratzen bada, aparteko epea irekiko da, agindu honen 3. artikuluan ezarritako epeen barruan eskaria aurkeztu eta uztailean sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleak onartu eta matrikulatzeko.

Honako hau izango da aparteko aldi horretarako egutegia:

a) Ikasketa-ziurtagiria eskatutako zentroan aurkezteko: uztailaren 16a eta 17a.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 19a.

c) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: uztailaren 23a arte, egun hori barne.

d) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 24a.

e) Matrikula egiteko aparteko aldia: uztailaren 25etik 27ra, biak barne.

f) Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: abuztuaren 25a arte, egun hori barne.

6. artikulua.– Urrutiko modalitate telematikoan Heziketa Zikloetan onartzeko eskabideak aurkeztea.

Goi eta erdi mailako heziketa-zikloetako ikasketak urrunetik modu telematikoan ikasteko eskabideak egiteko eta dokumentazioa aurkezteko epea maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitartekoa (egun bi horiek barne) izango da ikasle berrientzat, eta ekainaren 26tik 29ra bitartekoa (egun bi horiek barne), berriz, ikasle zaharrentzat eta ikasle zaharrak izateari utzi dioten ikasleentzat.

7. artikulua.– Urrutiko modalitate telematikoan Heziketa Zikloetan onartzeko eta matrikulatzeko egutegia: ohiko epea.

Euskal Autonomia Erkidegoan erdi– eta goi-mailako heziketa-zikloetako irakaskuntzak urrutiko modalitate telematikoan egin nahi dituzten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko ezarritako egutegia hauxe da:

a) Eskatutako agiriak, lanbide-esperientzia egiaztatzeko ziurtagiriak, ikasketa-espedientea edota sarbide-probaren gaitasun-agiria entregatzea, proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko deialdian egin ez bada: ekainaren 22ko 14:00ak arte.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzea: uztailaren 6a.

c) Behin-behineko zerrenden kontrako erreklamazioak: uztailaren 10a arte, egun hori barne.

d) Pertsona onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendak argitaratzea: uztailaren 12a.

e) Ikasle onartuen matrikula-aldi arrunta: uztailaren 14tik 18ra, biak barne.

f) Itxarote-zerrendako ikasleen matrikula-aldi arrunta: uztailaren 23tik 26ra, biak barne.

g) Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea: abuztuaren 13ra arte, egun hori barne.

Prozesuan onartu direnek dagokien egutegian adierazitako egunetan formalizatu beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

8. artikulua.– Urrutiko modalitate telematikoan Heziketa Zikloetan onartzeko eta matrikulatzeko egutegia: aparteko epea.

Ohiko matrikulatze-prozesua amaitu eta gero, erdi– edo goi-mailako heziketa-zikloetan urrutiko modalitate telematikoan plaza hutsik geratzen bada, aparteko epea irekiko da, agindu honen 6. artikuluan ezarritako epearen barruan eskabidea aurkeztu eta uztailean sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleak onartu eta matrikulatzeko. Hauxe izango da aparteko aldi horretarako egutegia:

a) Ikasketa-ziurtagiria eskatutako zentroan aurkezteko: uztailaren 19a eta 20a.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: irailaren 4a arte.

c) Behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egiteko: irailaren 5a arte, egun hori barne.

d) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: irailaren 6a arte.

e) Aparteko matrikula-aldia: irailaren 8tik 10era, biak barne.

f) Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea: urriaren 7ra arte, egun hori barne.

9. artikulua.– Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetan onartzeko eskabideak entregatzea.

Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako lehenengo mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleen eskabideak onartu eta ikasle horiek matrikulatzeko epea ekainaren 1etik 15era bitartekoa (egun biak barne) izango da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuetan eta beste erakunde batzuetan. Plaza hutsik izanez gero, epe berezi bat ireki ahal izango da 2012ko ekainaren 28a arte.

Izena emateko, eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eskatuko da edo horren legezko agiri baliokidearena.

15 urte beteta sartzen diren ikasleen kasu berezian, baldintza batzuekin eman ahal izango da izena. Kurtsoko bigarren ebaluazioa amaitu eta gero, dagokion arauan eskatzen den gizarte– eta hezkuntza-txostena egingo du orientatzaileak. Ikaslea zein ikastetxetan matrikulatuta egon, ikastetxe horretako zuzendariak kudeatuko du txosten hori, eta Ikuskaritza zerbitzuari igorriko dio, kasu honetan sartzeko eskatutako baldintzak betetzen direla egiazta dezan. Ikasle horiek behin betiko inskripzioa egiteko, betekizun bi horiek bete egin beharko dituzte ikasturteko ezohiko azken ebaluazioaren ostean. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariak ikasketen historialaren edo horren edukiaren ziurtagiri ofizialaren kopia bidali beharko du Ikuskaritza zerbitzura, betekizunak betetzen direla egiaztatu, eta eskaeraren egokitasunari buruzko txostena eman dezan. Ikasle horiek matrikulatzeko, baimena eman beharko du beren beregi Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako zerbitzuak.

Ekainaren 28ra arte onartuko dira programako bigarren kurtsoan ikasle berriak inskribatzeko eskaerak, eta ikastetxean hutsik geratzen diren plazen arabera ebatziko dira.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, horren berri jasota utzi beharko dute inskripzioa egiten dutenean, lurralde-ordezkaritzak hartu beharreko neurriak har ditzan, ikasleok hobeto eskolatzeko.

Lanbide Heziketako ikasketen lanbide-profilak eskatzen badu gorputz– eta psikologia-baldintza jakin batzuk izatea lanbide-profil horretako lanpostuetarako edo lanbide horren segurtasun– eta osasun-egoeretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskatu ahal izango du horretarako behar diren ziurtagiriak aurkeztea edo balorazio edo proba jakin batzuk egitea, zehazteko ea ikasleak baldintza objektiboak betetzen dituen hezkuntza-jarduerak segurtasun– eta osasun-arriskurik gabe egiteko eta tituluaren beraren gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak betetzeko. Kasu horretan, Hezkuntza Saileko laguntza-zerbitzukoekin eta, behar izanez gero, prebentzio-zerbitzuarekin erkatu eta gero, eta beti ere Hezkuntza Ikuskaritzak txostena eman ostean, atzera bota ahal izango da ikaslearen inskripzioa edo, behar izanez gero, matrikula ezeztatu.

10. artikulua.– Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetan onartu eta matrikulatzeko egutegia.

1.– Ekainaren 18an, onartu eta kanpoan utzitakoen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute ikastetxe guztiek iragarki-taulan, ikasleak ez onartzeko arrazoiak adieraziz. 15 urteko ikasleen kasuan, zerrendan jaso egin beharko da behin-behinean onartu direla, eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak behin betiko onarpenaren zain daudela. Ados egon ezean, ikasleek erreklamazioak jarri ahal izango dituzte ekainaren 20a arte; eskolako edo erakundeko zuzendariak ebatziko ditu erreklamaziook. Ekainaren 21ean argitaratuko da onartu eta kanpoan utzitakoen behin betiko zerrenda eta itxarote zerrenda.

2.– Izena emateko epe berezirik ezartzen bada, ekainaren 29an argitaratuko da epe horretan onartutako ikasleen zerrenda.

3.– Inskripzio horrek balioa izan dezan, programa hauetan matrikulatzeko ezarritako baldintzak bete beharko dira.

4.– Lanbide-prestakuntzako programaren bateko lehenengo maila egiteko onartutako ikasleek 2012ko uztailaren 2tik 6a bitartean egingo dute matrikula, aldi batean zein bestean onartu. Itxarote-zerrendako ikasleen kasuan, uztailaren 9tik 13a bitartean egingo dira matrikulak. Egun horietan matrikulatu ahal izango dira ikasle berriak, baldin eta plazaren bat hutsik geratzen bada onartutakoen zerrendak argitaratu eta gero.

5.– Hasierako lanbide-prestakuntzako programaren bateko lehenengo maila gainditu duten ikasleek edo lehenengo aldiz bigarren maila egin baina errepikatu behar dutenek bigarren maila osorako matrikulatu ahal izango dira 2012ko uztailaren 2tik 13ra bitartean (egun bi horiek barne). Hori egin ezean, eskubidez dagokien plazari uko egiten diotela ulertuko da.

6.– Adierazitako egunen bat jaieguna bada, hurrengo egun balioduna joko da horien erreferentziatzat.

11. artikulua.– Estatistika-datuen gordetzea.

Ikastetxeek ematen duten irakaskuntza-mota bakoitzaren matrikularen estatistika-datu guztiak gorde beharko dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako diseinatu duen informatika-aplikazioan. Hona horretarako egutegia:

a) Batxilergoko matrikulako estatistika-datuak dagokion informatika-aplikazioan gordetzeko: uztailaren 6a arte, egun hori barne.

b) Heziketa Zikloen matrikulak egiteko aldi arrunteko estatistika-datuak dagokion informatika-aplikazioan gordetzeko: uztailaren 13a arte, egun hori barne.

c) Heziketa Zikloen matrikulak egiteko aparteko aldiko estatistika-datuak dagokion informatika-aplikazioan gordetzeko: uztailaren 27a arte, egun hori barne.

12. artikulua.– Ikasleen datuen gordetzea.

Halaber, Batxilergoa, goi-mailako edo erdi-mailako Heziketa Zikloak edo Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak ematen dituzten ikastetxeek ikasleen eskabide– eta matrikulazio-datuak gorde beharko dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diseinatu dituen dagozkion aplikazio informatikoetan. Hona horretarako egutegia:

a) Aurkeztutako eskaera guztietako datuak Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2012ko maiatzaren 21a arte, egun hori barne.

b) Baremazioa egitea beharrezkoa den ikastetxe eta kurtsoetan aurkeztutako eskaera guztietako baremazio-datuak Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2012ko maiatzaren 31a arte, egun hori barne.

c) Aldi arrruntean matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-datuak Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2012ko uztailaren 6a arte, egun hori barne.

d) Maiatzaren 28tik ekainaren 8ra Heziketa Zikloetan sartzea eskatu duten eskatzaileen datuak Lanbide Heziketarako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2012ko ekainaren 8a arte, egun hori barne.

e) Matrikula egiteko aldi arruntan matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-berresteak Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2012ko uztailaren 13a arte, egun hori barne.

f) Azkenean matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-berresteak Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2012ko uztailaren 27a arte, egun hori barne.

g) Informatika aplikazio zehatzean grabatzea epe arruntean eta ezohiko epean Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetan onartzeko matrikulatutako pertsona guztien datuak: uztailaren 13a arte, egun hori barne.

13. artikulua.– Ohiz kanpoko matrikulazioa.

Aurreko artikuluetan finkatutako epeetan matrikulazioa egin eta gero Agindu honetan aipatzen diren ikasketetan leku librerik balego, Batxilergoko, Heziketa-Zikloetako eta edo Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasleak 2012ko irailaren 30eko 24:00ak arte matrikulatu ahal izango dituzte ikastetxeek, ikasleek hala eskatu eta kasu bakoitzean eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte. Hala ere, epeak, betiere, hezkuntza-itunak edo dirulaguntzak baimentzeko araudian xedatutakoak izango dira.

Ohiz kanpoko matrikulazioak egiten badituzte, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrestea dagokion berariazko informatika-aplikazioan.

Aipatutako egunak pasatu ondoren ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoko, Heziketa-Zikloetako edo Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasle berririk matrikulatu, Ikastetxeen Zuzendaritzaren, Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren edo Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren baimenarik gabe, hurrenez hurren.

14. artikulua.– Datuak gordetzeko prozesuaren amaiera.

Ikastetxe edo erakunde bakoitzean Batxilergoko, Heziketa Zikloetako eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesua erabat amaituta egongo da 2012ko irailaren 30a.

15. artikulua.– Euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea.

1.– Agindu honen ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek herri administrazioarekin dituzten harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek euren jardunean euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean, gai zerrendetan, aktetan, ziurtagirietan eta testu idatzietan oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babestea.

Ikasleak onartzeko prozedura hau izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak «Ikasleak onartzea» izeneko fitxategi batean sartuko dira, prozedura hau kudeatzeko eta prozesu horretan parte hartzen duten pertsona guztiei horren garapenaren berri emateko, beti ere lege hauek diotena beteta: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa.

Fitxategi horren arduraduna Ikastetxeen Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste herri-erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

17. artikulua.– Jarraibideak onartzea.

Batxilergoko, eskaintza osoan bertaratze modalitateko Heziketa Zikloetako, urrutiko modalitate telematikoko Heziketa Zikloetako eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozedurei buruzko jarraibideak eta dagozkien prozedura informatikoei buruzko jarraibide osagarriak onartzen dira. Agindu honen I., II., III., IV., V., VI., VII. eta VIII. eranskinetan azaltzen dira jarraibideok.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikastetxe pribatuen eta beste erakunde batzuen datuak.

1.– Heziketa Ziklo baten ematen duten ikastetxe pribatu guztiek, (itunpekoek eta ez-itunpekoek), sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako eskaintzaren datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2012ko maiatzaren 18an bukatuko da.

Halaber, aipatutako ikastetxeek sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Zikloetako edozein mailatan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2012ko irailaren 30ean bukatuko da.

2.– Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programaren bat ematen duten ikastetxe pribatu guztiek (itunpekoek nahiz itunik gabekoek) eta bestelako erakundeek aplikazio informatiko zehatz batean sartu beharko dituzte programa horien eskaintzari buruzko datu guztiak: datu horiek sartzeko epea 2012ko maiatzaren 21ean bukatuko da.

Halaber, ikastetxe horiek aplikazio informatiko zehatzean sartu beharko dituzte programa horietako edozein mailatan ikastetxean matrikulatutako ikasle guztien datuak. Datu horiek sartzeko epea 2012ko irailaren 30ean bukatuko da.

3.– Bestalde, Batxilergoa ematen duten ez-itunpeko ikastetxe pribatu guztiek sartu beharko dituzte, Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxean matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2012ko irailaren 30ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ikastetxeen zuzendariari, Lanbide Heziketako zuzendariari eta Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari baimena ematen zaie Agindu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzaten, beren eskumenen esparruan.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 14a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA
JARRAIBIDE KOMUNAK: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN 2012-2013 IKASTURTEAN BATXILERGOKO ETA GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAKO IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN IKASLEAK ONARTZEKO PROZEDURA ETA HASIERAKO LANBIDE PRESTAKUNTZAKO PROGRAMAK ESKAINTZEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKOETAN, ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN EDO ERAKUNDEETAN IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK.

Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.

2012-2013 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan Batxilergoa eta Heziketa Zikloak egin nahi dituzten ikasleak martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak xedatutakoaren arabera onartuko dira; kontuan hartuko da, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak emandako Agindua, eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak zehaztu, eta 2012-2013 ikasturterako ikasleak onartzeko jarraibide hauek onartzen dituena.

Bigarrena.– Onartze-prozesuaren Berme Batzordeak.

1.– Ikasleak Onartzen direla Bermatzeko egun diren lurralde-batzordeek beren egitekoak betetzen jarraituko dute irailaren 14a arte; izan ere, egun horretan berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko beste batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo –maila horietako funtzioak.

2.– Aurreko atalean zehaztutako Berme Batzorde guztiak honela osatuko dira:

a) Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.

b) Etapa edo etapetako ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

c) Etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

d) Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat.

e) Lau guraso, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako bi ikastetxetako Eskola Kontseiluko bi guraso izendatuko dute hango gurasoek.

f) Lau irakasle, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.

3.– Onartze-prozesuaren Berme Batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:

a) Ikasleen onartze-prozesua ikuskatu, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatu, hezkuntzako ikuskaritzaren eskumenei kalterik egin gabe.

b) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman, ikastetxe bakoitzaren inguruko eragin-eremua eta haren mugakideak zehazteko.

c) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman ikasleak zein ikastetxetan eskolatu erabakitzeko, ikasle horiek eskatutako aurreneko ikastetxean plazarik lortzen ez badute. Horretarako, kontuan hartu beharko dituzte hutsik geratu diren plazak eta, ahal denean, eskatzaileek adierazitako hurrengo aukerak.

d) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman, ikasleren batek eskaera bat baino gehiago egin badu eta eskatzaileek aurkeztutako agirien faltsutasuna frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

4.– Ikasleak Onartzea Bermatzeko Batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udal-elkarteei, gurasoen elkarteei eta irakasleen sindikatuei beren ordezkariak izenda ditzatela batzorde horretarako. Organizazio horiek bi eguneko epean jakinarazi beharko dituzte beren ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte hartzerik gabe.

5.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, Hezkuntza Administrazioak Onarpena Bermatzeko Batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte batzorde horietako kide izango diren herri-ikastetxeetako eta itunpekoetako zuzendariak hautatzeko. Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.

Hirugarrena.– Ikasleentzako plazak zehaztea.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek herri-ikastetxeei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen irakaskuntza, kurtso eta hizkuntza-eredu bakoitzean, bai eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen, gehienez ere, horietako bakoitzean.

2.– Itunpeko ikastetxe pribatuek irakaskuntza, kurtso eta hizkuntza-eredu bakoitzean sor ditzaketen taldeen kopurua eta horietan matrikulatu ditzaketen ikasleen gehienezko kopurua zehazteko, ikasketak eta eskola-plazak baimentzeko aginduek eta ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-itunek araututakoari erreparatu beharko zaio.

Laugarrena.– Plazak gordetzea.

1.– Hezkuntza-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan modu orekatuan banatu eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman txertatzeko baldintza egokiak sortzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariek xedatu ahal izango dituzte zenbat plaza gorde beharko diren ikasle horiek eskolatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Ikastetxeek, berriz, izen-emateen eta matrikulazioen epea amaitu arte gorde beharko dituzte plaza horiek.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek eskaerak egiteko epea hasi baino lehen jakinaraziko dizkiete erabaki horiek ikastetxeei.

Bosgarrena.– 2011-2012 ikasturtean ikastetxe berean matrikulatutako ikasleak.

1.– Hezkuntza-etapa bereko ikasketak egin behar direnean eta hurrengo maila ikastetxe berean egin nahi denean, ez da onartzeko eskaerarik behar.

2.– Ikastetxeek gorde beharko dute maila, hizkuntza-eredu eta Heziketa Ziklo ala Batxilergoko modalitate bakoitzean, bere ikastetxeko ikasleen eskubideak bermatzeko egoki deritzoten plazen kopurua.

Seigarrena.– Onartze-prozesuari buruzko informazioa.

Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:

a) Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.

b) Ikastetxearen eragin-eremua eta eremu horren mugak, Batxilergoan onartzeko baremoa aplikatzeko.

c) Eskabideak egiteko epea.

d) Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartuta eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak eta erreklamazioak jartzeko epeak.

e) Ikastetxeen eskola-kontseiluak eta ordezkaritza-organo gorenak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak, Batxilergoan onartzeko baremoaren azken atalean aplikatzeko. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehenago irizpide hauek jakinarazteko bidaltzen duen idazkiaren kopia jarriko da.

f) Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.

Zazpigarrena.– Onarpen-eskabideak.

1.– Epetik kanpo ez da eskabiderik onartuko. Ikastetxeek epe barruan egindako matrikula-eskaera guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte eta, hala behar bada, barematu.

2.– Eskaera egitean, edo eskaerak egiteko ezarrita dagoen epearen barruan, barematzekoak diren egoerak egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak ere aurkeztu beharko dira. Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren ez da beste agiririk onartuko.

3.– Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleek ikastetxeari jakinarazi beharko diote egoera hori, dagozkien plazak gordetzeko eta beharrezkoa izan dezaketen laguntza berezia emateko.

4.– Atal edo azpiatal batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da atal edo azpiatal hori. Horrek ez du eskaera baliogabetzen, ez eta gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.

5.– Eskatzaileen baremaziorako ziurtagirien kopiak aurkezten badira, jatorrizko agiriekin egiaztatu behar dira.

Zortzigarrena.– Onartu diren eta ez diren ikasleen zerrendak.

1.– Onarturiko eta ez onarturiko ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendak dagozkien ikastetxeetan jarrita egongo dira, Agindu honen 2., 4., 5., 7., 8. eta 10. artikuluetan xedatutako egunetan. Eskaeren baremazioa egitea beharrezkoa izan den kasuetan, zerrenda horiek zehaztu behar dute eskatzaile bakoitzak baremoaren atal eta azpiatal bakoitzean lortutako puntuazioa. Onartuak izan ez diren pertsonekin itxarote zerrenda osatuko da, badaezpada plazarik libre geratu badira, horiek osatzeko.

2.– Beste ikastetxeetatik datozen ikasleek jatorrizko ikastetxean zuten plaza galduko dute automatikoki, eta hutsik geratu den plaza hori onartu gabe gelditu diren ikasleak kokatzeko erabiliko da.

Bederatzigarrena.– Erreklamazioak.

Onartutako eta onartu gabeko ikasleen behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenean edota eskola-kontseiluan aurkeztuta, Agindu honetan xedatutako epeetan.

Ikastetxeak eskatzaileek aurkeztu erreklamazioak jaso beharko ditu dagokion aplikazio informatikoan. Jarraian, ikastetxeak erreklamazio aurkeztuaren kopia bat inprimatuko du, sinatuko du eta kexa aurkeztu duen pertsonari entregatuko, inprimaki hori izango delarik erreklamazio aurkeztuaren egiaztagiria.

Behin betiko zerrendaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza-ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariak aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eska ditzake.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren erabakia ikaslea egoki eskolatu ahal izateko epean jakinaraziko da. Erabaki horrek administrazio-bidea agortzen du.

Hamargarrena.– Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak.

Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleen onartze-prozesua maila bakoitzeko ikastetxeetarako xedatutako prozedura eta egutegi komunaren arabera egingo da, eta Lurralde Ordezkaritzek arduratu behar dute prozesu hori gauzatu eta betetzeaz.

II. ERANSKINA
JARRAIBIDE ESPEZIFIKOAK: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN 2012-2013 IKASTURTEAN IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN BATXILERGOKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK.

Lehenengoa.– Eragin-eremuak Batxilergoan.

1.– Batxilergoko ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehaztuko dituzte hezkuntzako lurralde-ordezkariek; hala, bizileku guztiak sartuko dira gutxienez ikastetxeren baten eragin-eremuan. Mugapen hori egiteko, Onarpena Bermatzeko Batzordeek aztertu beharko dute gaia lehendabizi, eta eragindako ikastetxeei eta udalei entzun beharko zaie; horrez gain, kontuan izan beharko da ikastetxe bakoitzak baimenduta duen edukiera eta haren ingurunean eskolatzeko adinean dagoen biztanleria.

2.– Eragin-eremuak eta horien mugak zehaztuko dira ikastetxean ematen den Batxilergo-modalitate bakoitzerako eta hizkuntza-eredu bakoitzerako. Eragin-eremuen mapak edota xehetasunak jendearentzat eskuragarri egongo dira dagozkien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

3.– Hezkuntzako ordezkariek jarraibide honetan xedatutakoa ezartzeko, udalbatzei laguntza eskatzeko ahalmena dute, eta horiek eskatutako laguntza eman behar dute.

4.– Lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak finka ditzake Hezkuntza sailburuordeak, baldin eta hori egitea komeni bada, ikastetxeren batean ematen diren ikasketa bereziei edo eman daitezkeen salbuespenezko egoerei erreparatuta.

Bigarrena.– Batxilergo mota eta hizkuntza-eredu eskainiak.

Ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2012-2013 ikasturtean emateko baimena eman dituen batxilergo motak.

Ikastetxe pribatu itunduek zehaztuko dituzte hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dituzten batxilergo motak, betiere, azken horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimenduak badira. Ikastetxe pribatu itundu batean Batxilergoko taldeak eskaintze hutsak ez dakar taldeon ituntze-bermea.

Hirugarrena.– 2011-2012 ikasturtean ikastetxe berean matrikulatutako ikasleak edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuak.

1.– Batxilergoko 1. maila egin denean eta 2. maila ikastetxe berean egin nahi denean, ez da onartzeko eskaerarik behar.

2.– 2011-2012 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutako ikasleek ikastetxe berean egin ahal izango dituzte Batxilergo ikasketak, onartzeko eskaera aurkeztu gabe, Arte Batxilergokoak salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek.

3.– Ikastetxeek gorde beharko dute maila, hizkuntza-eredu eta Batxilergoko modalitate bakoitzean, aurreko bi paragrafoetan aipatu ikasleen eskubideak bermatzeko egoki deritzoten plazen kopurua.

4.– Batxilergoko ikastetxe baten onartze-prozesuetan, lehentasuna izango dute 2011-2012 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastetxe horri atxikitako batean egin duten ikasleek. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira, Arte Batxilergorako salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek. Lehentasun hori izateko, beharrezkoa da, betiere, ikasleak ikastetxe horretan plaza eskatzea bere lehen aukera gisa.

5.– Musika eta dantzako ikasketa arautuak eta batxilergoko ikasketak batera ikasten dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztutako Batxilergoko ikastetxeetan. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira. Berdin jokatuko da errendimendu handiko kirol-programak egiten dituzten ikasleekin. Atal honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat aurreko atalean jasotzen diren eskubideak bete behar dira.

6.– Aurreko bi paragrafoetan jasotako lehentasun-eskubideak erabiltzeko, ezinbestekoa izango da ikasleek berariaz adieraztea beren eskaeretan atxikitako ikastetxean onartuak izatea dela haien lehenengo aukera.

Laugarrena.– Sartzeko eskaerak.

Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin dezake 2012ko maiatzaren 2 eta 11 bitartean, biak barne. Ikastetxe batean edo gehiagotan eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioa, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epe barruan aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.

Eskabidea interesdunak berak bete ahal izango du, bi bide hauetakoren bat erabiliz:

– On-line, maiatzaren 10eko 24ak arte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako prestatzen duen aplikazio informatikoaren bidez.

– Lehen aukera moduan hautatutako ikastetxeko idazkaritzan. Bertan sartuko dira eskatzaileek eskabidean jarritako datuak.

Eskaera ikastetxe aukeratuan egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Eskaera on-line egiten badu, pertsona interesdunak, eskaera egin ondoren eta beti ere maiatzaren 2tik 11ra, aukeratutako ikastetxera joan behar izango du, bere NAN edo identifikazio-agiria eta kasuan kasu egoki diren agiri guztiak entregatzeko.

Lehenengo aukera moduan ikastetxeak eskaintzen ez duen hizkuntza-eredu bat eskatzen denean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak aztertu egingo du maila eta eredu horretan taldea eratzeko aukerarik dagoen ala ez ikastetxean bertan edo zonaldean; horretarako, nahikoa eskaera izan behar dira eta plangintzak horretarako bidea eman behar du. Edonola ere, kasu horretan, eskatzaileak onartzeko prozesuan parte hartuko du, baina ikastetxeak gainerako ereduetako plazak esleitzeko duen prozesuan.

Hasierako esleitzean ez dira kontuan hartuko eskabidea aurkeztu denaz bestelako ikastetxeei buruzko eskaerak, azken horiek balio izango dute soilik dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak izan dezan eskatzailearen lehentasunei buruzko informazioa. Horrela, eskatzaileak lehengo ikastetxean egin eskaeretan plazarik ez badu, Lurralde Ordezkaritza aipatuak eskatzaileari plaza eslei diezaioke beste ikastetxeren batean.

Bosgarrena.– Ikastetxe batean aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.

Eskatzaileak eskabidea ikastetxe batean aurkezten badu, behin eskabideko datu guztiak sartu eta dagokion dokumentazioa egiaztatu eta gero, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari, zeinean ageriko diren eskatzailearen datu pertsonalak, eskaera gauzatuak, baremaziorako alegatu inguruabarrak eta agiri aurkeztuak.

Eskatzaileak datu jasoak aztertuko ditu eta, datuak zuzen direla baderitzo, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak zigilua jarriko du inprimaki sinatuan eta aurretiaz sartu dituen datuak grabatuko ditu. Aurreko inprimakia izango da, behin sinatua eta zigilua jarrita, eskatzaileak egin eskaeren frogagiri eta egiaztagiri.

Seigarrena.– Eskabideko datuak aldatzea.

Eskatzaileek 2012ko maiatzaren 11ra arte izango dute –egun hori barne– datu grabatuetakoren bat aldatzea edo zuzentzea eskatzeko. Zein ikastetxetan entregatzen den eskabidea edo, eskabidea on line egiten denean, zein ikastetxetan entregatzen den dokumentazioa, ikastetxe horretan egin beharko dira aldaketa horiek. Egun horretatik aurrera ez da onartuko aldaketarik edo zuzenketarik.

Aldaketak gauzatzeko, eskatzaileak nahitaez aurkeztu beharko du eskaera egitean eman zitzaion jatorrizko egiaztagiri sinatu eta zigilatua. Behin zuzenketa egokiak gauzaturik, inprimaki berria emango zaio eskatzaileari. Eskatzailea ados bada datu berriekin, inprimaki sinatu eta zigilatu berria emango zaio, inprimaki zaharra suntsituko da eta datu berriak grabatuko dira.

Eskabideko datu berriak grabatzean ez da sekula aldatuko datuak estreinakoz grabatu ziren unean eskatzaileari ausaz esleitu zitzaion ordena-zenbakia.

Zazpigarrena.– Baremazioa.

1.– Kurtso, modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskabide-kopurua plaza-kopuruaren berdina edo txikiagoa bada, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.

2.– Osterantzean, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo ikastetxe itunduen titularrak, eskola-kontseiluaren ikuskapenarekin, eskatzaileen baremazioa egin beharko du, hurrengo atalan agertzen den baremoaren arabera, eta jarraibide hauetan zehaztutako aplikazio-arauek adierazi bezala. Eskabide bakoitzaren atal eta azpiatal guztiak barematu behar dira.

3.– Batxilergoan onartzeko baremoa honako hau da:

A) Familia unitatearen urteko errenta (Azpiataletako puntuak metagarriak dira, atalari dagokion gehieneko puntuazioa lortu arte).

– 2010eko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 42.000 euro baino gutxiago bada (5 aldiz lanbide arteko gutxienezko soldata): 1,5 puntu.

– 2010eko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria aipatutako kopurua baino gehiago bada: 0 puntu

– Halaber, aurreko kasu guztietan, eskatzaileaz gain duen adin txikiko seme/alaba bakoitzagatik: 0,25 puntu

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 3 puntu.

B) Bizilekuaren gertutasuna (Azpiataletako puntuak ez dira metagarriak).

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 5 puntu.

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean egoteagatik: 2 puntu.

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen udalerri berean egoteagatik (baina ez eragin-eremuan, ez eta mugakideetan ere): puntu 1.

– Aitaren, amaren, legezko tutorearen edota ikaslearen beraren lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 2 puntu. (Puntuazio hau bateraezina da ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik eskuratu daitezken puntuekin).

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 5 puntu.

C) Ikastetxean lan egin edo ikasten duten familiartekoak izatea (Azpiataletako puntuak ez dira metagarriak).

– Anaia-arreba bat edo gehiago eskatutako ikastetxean edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuta egoteagatik: 9 puntu.

– Aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik: 7 puntu.

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 9 puntu.

D) Beste irizpideak (Azpiataletako puntuak metagarriak dira).

– Maila orokorreko familia ugarikoa izateagatik: puntu 1.

– Maila bereziko familia ugarikoa izateagatik: 1,5 puntu

– Minusbaliotasunagatik (Azpiatal honetako gehieneko puntuazioa: 2 puntu).

Ikasle eskatzailearena: 2 puntu.

Aitarena, amarena, legezko tutorearena edota anaia-arreba batena: puntu 1.

– Familia-unitateko kide bat eskatutako ikastetxeko kide kooperatibista izateagatik: puntu 1

– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako irizpideak; aurretik azaldutako irizpideetako bat/batzuk izan daitezke, eta betiere irizpide publikoak, objektiboak eta jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak ez direnak: 2 puntu (gehienez). (Irizpideak ezagutzera emango dira eta dagokion hezkuntzako lurralde-ordezkariari jakinaraziko zaizkio eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen).

Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 21. artikuluak xedatutako irizpideak aplikatuko dira berdinketak apurtzeko.

Artikulu horrek xedatzen duen arabera, baremazioan gertatutako berdinketak apurtzeko azken irizpidea zozketa publiko bat egitea izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariaz ezarritako moduan.

Xedapen hori betetzeko, eskaera grabatzen den unean, aplikazio informatikoak ordena zenbakia esleituko dio ausaz eskaerari. Zenbaki aipatua osoa izango da, 1 eta 99999 bitartekoa. Zenbaki aipatua erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko, betiere, berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere bere horretan badirau.

Zortzigarrena.– Familia-unitatearen errenta eta seme-alaben kopuruaren eragina barematzeko arauak.

1.– Ikasleak onartzeko dekretuko eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2010eko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, zerga-oinarriak ez du 42.000 euroko muga gainditu beharko. Ondorioz, puntu horiek lortu nahi izanez gero, eskatzaileek baimena eman beharko diote Hezkuntza Administrazioari datu horiek Foru Ogasunean egiazta ditzan.

2.– Ikastetxearen lurralde historikoan bizi ez diren eskatzaileen kasuan, familia-unitatearen diru-sarrerak puntuatzeko eskubidea izateko, familia-unitateko kide guztiek aurkeztu beharko dute 2010eko errenta-aitorpenaren kopia edo, behar izanez gero, baterako aitorpena. Indarrean dagoen zerga-araudia dela eta, urte urretan familiako kideren batek errenta-aitorpena egin ez badu, Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du adierazteko ez duela errenta-aitorpena egin.

3.– Jarraibide honetako aurreko ataletan adierazitakoaren baitan, familia-unitateak izango dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan izaera horrekin araututakoak. Ezkontzak desegiten badira, ezkontideak banantzen edo dibortziatzen edo izatezko bikoteen bizikidetza eteten bada, erabaki judizial irmoz edo hitzarmen arautzaile baten bidez, baremoa aplikatuko zaie ikaslearen zaintza duen pertsonaren errentei. Berdin jokatuko da tutoretza judiziala, familia-harrera edo antzeko babes-neurriak aplikatu behar badira eta adingabeko ikaslearen zaintza ez badago gurasoen esku.

4.– Familia-liburuaren kopien bidez kreditatuko da neba-arreben kopurua, eta, horien artean, adingabekoak soilik konputatuko dira.

5.– Ikaslearen zaintza herri-administrazioren baten esku balego, puntuazio handiena emango da atal honetan: 3 puntu.

Bederatzigarrena.– Bizilekuaren gertutasuna edota ikasle, guraso edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna barematzeko arauak.

1.– Atal honi dagokion puntuazioa lau azpiataletako bati soilik emango zaio. Eskatzaileek azpiatal horietako bat aukeratu beharko dute puntuak lortzeko.

2.– Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada, eta legez emantzipatua ez badago, ulertuko da ikaslea eta aita, ama edota legezko tutorea bizi diren etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, ikaslearen eta guraso edota tutoreen errolda-agiria aurkeztuko da familiaren bizilekua egiaztatzeko.

Ikaslearen guraso izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen tutore izatea egiaztatzeko epaiaren kopia edota dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da.

3.– Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adinez nagusia bada edota legez emantzipatua badago, ulertuko da ikaslea bizi den etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, familiaren bizilekua egiaztatzeko, dagokion udalak emandako ikaslearen errolda-agiria aurkeztuko da eta, emantzipatua bada, horren ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar du.

4.– Ikaslearen, gurasoen edota legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, eskabidea aurkeztean eskatzaileak egoera hori kontuan hartzea aukeratu dezake, bizilekuaren gertutasuna kontuan hartu ordez.

Kasu horretan, lantokia egiaztatzeko, besteren kontura ari diren langileak badira, enpresaren titularrak edo langileen arduradunak sinatutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Agiri horrek adierazi behar du ikasleak edo haren amak, haren aitak edo haren tutoreak enpresa horretan lan egiten duela.

Jarduera norberaren kontura bada, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu behar da lantokia egiaztatzeko. Indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea legezko betekizuna ez bada, dagokion Udalak emandako irekitze-baimenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

5.– Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da.

Zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

6.– Ikaslearen, gurasoaren edo tutorearen lantokia eragin-eremuaren eremu mugakide batean egotea ez da inolaz ere balioetsiko.

7.– Eskatzailearen, haren aitaren, amaren edota legezko tutorearen lantokiaren gertutasunagatik lortutako puntuak bateraezinak dira bizilekuaren gertutasunagatik lortzen diren puntuekin; eta, halaber, bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik lortzen diren puntuekin.

8.– Eragin-eremuan egoteagatik jadanik aipatutako egoerei dagokien punturik lortu ez baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek puntu bat lortuko dute atal honetan.

Hamargarrena.– Eskatutako ikastetxean lan egiten duten edo ikasten duten familiartekoak izatea barematzeko arauak.

1.– Atal honetako puntuazioa haren baitan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean. Zazpi puntu haren aita, ama edo lege-tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten duelako. Bi egoerak batera ematen badira ere, bakarrarengatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu.

2.– Atal honi dagokion puntuazioa emateko, beharrezkoa da aipatutako egoera horietako bat ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean gertatzea, hau da, 2011-2012 ikasturtean.

3.– Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

4.-Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak ere anaia-arrebatzat hartuko dira.

5.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

6.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da

Hamaikagarrena.– Ikaslearen edota haren aitaren, amaren, legezko tutorearen edo anaia-arreba baten minusbaliotasuna barematzeko arauak.

1.– Minusbaliotasuna ikasleak berak badu, bi puntu emango zaizkio, eta aurretik aipatutako familiarteko batek badu, puntu bat.

2.– Atal honi dagozkion puntuak emateko, aipatutako pertsona horietako batek % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna izan behar du. Minusbaliotasuna bi pertsonak edo gehiagok badute ere, puntuak horietako bategatik bakarrik emango dira; beraz, gehienez, 2 puntu lortuko dira atal honetan, minusbaliotasuna ikasleak berak badu, eta puntu bat, minusbaliotasuna aipatutako familiarteko batek badu.

3.– Minusbaliotasuna egiaztatzeko, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuek edo estatuko antzeko beste organo batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar da. Minusbaliotasunaren aitorpen legala adierazi behar du ziurtagiri horrek eta minusbaliotasun gradua % 33koa edo gehiagokoa dela jakinarazi.

4.– Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

5.-Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak.

6.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

7.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

Hamabigarrena.– Familia ugaria izatea barematzeko arauak.

Familia ugaria dela egiaztatzeko, estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako agiri ofiziala aurkeztu behar da.

Hamahirugarrena.– Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako egoerak barematzeko arauak.

1.– Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenak eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluek ezar dezakete, hala nahi izanez gero, irizpide bat –edo gehiago– eskatzaileei puntu osagarriak emateko. Puntuazio osagarri horretan, gehienez ere, bi puntu emango dira.

2.– Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio gehigarri hori emateko. Organo eskudunak onartuko ditu irizpide horiek eta puntu horiek lortzeko baldintzak, eta argitara eman beharko ditu eskabideak entregatzeko epea hasi baino lehenago.

3.– Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Hainbat arrazoirengatik ematen badira, puntuak banatzeko bi aukera daude: guztira eman daitezkeen puntuak arrazoi horien artean banatu edo, arrazoi horietako bat betetzen denean, puntu guztiak eman.

4.– Puntu osagarriak emateko irizpideak desberdinak izan daitezke maila edo hezkuntza-etapa bakoitzean.

5.– Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da. Baina kontuan hartu behar da atal honetan gehienez ere bi puntu osagarri eman daitezkeela.

6.– Atal honetarako hartutako irizpideen artean ezin dira inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak diren irizpideak.

7.– Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluei dagokie zehaztea zein agiri aurkeztu behar diren atal honetan aintzat hartuko diren irizpideak betetzen direla ziurtatzeko.

Hamalaugarrena.– Matrikula formalizatzeko epeak.

Ikastetxe batean onartuen behin betiko zerrendan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak ikastetxe horretan plaza esleitu dien pertsonen zerrendan ageri direnek nahiz prozesuan parte hartu beharrik gabe plaza gorderik zeukatenek (hots, ikastetxean matrikulaturik egon eta maila errepikatuko dutenek nahiz DBHko 4. mailatik Batxilergoko 1. mailara edo Batxilergoko 1. mailatik 2. mailara pasako diren ikasleek) matrikula formalizatu beharko dute ohiko matrikulatze-epean, hau da, 2012ko ekainaren 20tik uztailaren 5era bitartean, biak barne, halaxe xedatu baita agindu honetako 2. artikuluan.

Plaza edukitzeko eskubidea duen pertsona batek ez badu matrikula formalizatzen epe ezarrian, galduko ditu hari esleitu edo harentzat gordetako plazaren gaineko eskubide guztiak.

Ikastetxeek egiaztatzen badute hasiera batean aurreikusi baino plaza huts gehiago dituztela (azkenean beharrezkoa zena baino plaza gehiago gordetzeagatik), ohiko epean matrikula ditzakete, baita ere, pertsona onartuen zerrendan ageri ez diren ikasleak, kontuan izanik matrikulazio ikastetxeak 2012ko uztailaren 5era arte bermatu behar duela arau honetako lehenengo paragrafoan aipatu pertsonek matrikulazioan lehentasuna edukitzeko duten eskubidea.

Era berean, ikastetxeek aukera izango dute, behin ohiko matrikulazio-epea amaiturik plaza hutsak geratzen badira, 2012ko irailaren 30era arte hala eskatzen duten eta kasuan kasu eskatu baldintza akademikoak betetzen dituzten pertsonak matrikulatzeko, plaza huts guztiak bete arte.

Onartuen zerrendan ez dauden pertsonak matrikulatzeari dagokionez, ikastetxeek plaza huts horiek eskaini beharko dizkiete, lehenik, itxarote zerrendan ageri diren pertsonei, zerrendako hurrenkera ordenan.

2012ko urriaren 1etik aurrera, ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoan inor libreki matrikulatu. Egun horretatik aurrera pertsonaren batek Batxilergoan matrikulatu nahi badu, baimena eskatu beharko dio dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzari. Eskaera zuzenean egin dezake Ordezkaritzan bertan edo, bestela ere, matrikula egin nahi duen ikastetxearen bidez.

Soilik behar bezala justifikaturiko salbuespenezko kasuetan emango du Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzak 2012ko urriaren 1etik aurrera Batxilergoan matrikulatzeko baimena. Ikastetxeek ezin izango dituzte pertsona horiek matrikulatu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aurretiaz baimenik eman ez badu.

Hamabosgarrena.– Matrikula baieztatzea.

Ikasle baten matrikula egin ondoren, ikastetxeak aplikazio informatikoak osatuko duen agiria inprimatu eta ikasleari emango dio. Inprimaki hori, behin zigilaturik, behin-behineko matrikula gauzatuaren egiaztagiri izango da.

Hala ere, ikaslearen behin betiko matrikula egongo da modalitate edo hizkuntza-eredu horretako taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen gutxieneko kopurua lortzearen mende. Era berean, hasieran aukeratu dituen modalitateko ikasgaietan edo hautazko ikasgaietan matrikulatu ahal izateko, lortu beharko da ikasgai jakin bakoitzeko taldea osatzeko beharrezkoa den ikasle kopuru minimoa.

Ikasgairen batean ez bada lortu taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen kopuru minimoa, ikastetxeak ikasgai aipatua aukeratu duten pertsonekin hitz egin beharko du hasierako haien hautua aldatzeko. Ikastetxeak ikasleari eman beharko zaio behin betiko matrikularen egiaztagiri berria.

Hamaseigarrena.– Matrikula ezeztatzea.

Eskolatzeko aurreikusitako urteak ez agortzeko, matrikula ezabatzeko eskatu ahal izango diote ikasleek ikasten duten ikastetxeko zuzendariari, egoera hauetakoren bat gertatzen denean: ikasketak normaltasunez egitea eragozten duten gaixotasun, lanpostu edo pertsona– edo familia-izaerako obligazioak izatea.

Eskabide horiek egiteko epea 2013ko apirilaren 30ean bukatuko da. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari egingo zaizkio eskaerak eta aurkeztu beharreko egiaztagiri guztiak erantsi beharko zaizkio.

Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak ebatziko du eskabidea, eta bakar-bakarrik onartuko du arestian adierazitako egoeraren bat gertatzen denean.

Ebazpenaren berri jasoko da ikaslearen dokumentazio ofizialean. Ikastetxe pribatuen kasuan, ebazpen horren berri emango zaio ikastetxea atxikita dagoen ikastetxe publikoko zuzendariari.

III. ERANSKINA
JARRAIBIDE ESPEZIFIKOAK: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN 2012-2013 IKASTURTEAN IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN LANBIDE HEZIKETAKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK.

Lehenengoa.– Hezkuntza-eskaintza.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimendutako Hezkuntza Zikloak eskainiko dituzte ikastetxe publikoek 2012-2013 ikasturterako.

Ikastetxe pribatuek, berriz, berek erabakiko dute zein Hezkuntza Ziklo eskaini, baldin eta Hezkuntza Ziklo horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartuta eta planifikatuta badaude. Ikastetxe pribatu batek Hezkuntza Ziklo bat eskaintzeak ez du bermatzen Hezkuntza Ziklo hori ituntzea.

Gorde beharko dira hezkuntza-ziklo bakoitzean eskaini plaza guztien % 5 pertsona minusbaliatuentzat.

Bigarrena.– Sartzeko eskaerak.

Erdi– edo goi-mailako Hezkuntza Ziklo baten bat egin nahi duten ikasleek eskabidea egin eta beharrezkoak diren ziurtagiriak aurkeztu behar dituzte maiatzaren 28tik ekainaren 8ra bitartean, egun bi horiek barne.

Ikasleek zuzeneko sarbidearen bidez edo sarrera-proba gaindituz onartzeko eskatu ahal izango dute. Inork ezin izango du bide bietatik onartzea eskatu. Hori eginez gero, baztertuta geratuko da eta izan litzakeen eskubide guztiak galduko ditu.

Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin dezake. Ikastetxe batean edo gehiagotan eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioa, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epe barruan aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.

Eskabidea interesdunak berak bete ahal izango du, bi bide hauetakoren bat erabiliz:

– On-line, (Hezkuntza Ziklo bakoitzeko lehenengo kurtsorako bakarrik), ekainaren 7ko 24ak arte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako prestatzen duen aplikazio informatikoaren bidez.

– Lehen aukera moduan hautatutako ikastetxeko idazkaritzan. Bertan sartuko dira eskatzaileek eskabidean jarritako datuak.

Eskaera ikastetxe aukeratuan egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Eskaera on-line egiten badu, pertsona interesdunak, eskaera egin ondoren eta beti ere xedatutako epeetan, aukeratutako ikastetxera joan behar izango du, bere NAN edo identifikazio-agiria eta kasuan kasu egoki diren agiri guztiak entregatzeko.

Hezkuntza Zikloetan onartzea eskatzeko, hiru aukera eskatu ahal izango dira, lehentasunen arabera jarrita. Eskatutako ikastetxea, zikloaren izena, hizkuntza-eredua (A, D edo hiru hizkuntzakoa) eta txanda (egunekoa edo gauekoa) zehaztu behar dira eskaera bakoitzean. Eskabideetan aurreko elementu guzti-guztiak bat ez datozenean, eskabide desberdintzat hartuko dira.

Sarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurtengo deialdian gainditu dutenek ez dute horren ziurtagiririk aurkeztu behar.

HSarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori beste autonomia-erkidegoetan gainditu edo gaindituko dutenek edota proba Euskal Autonomia Erkidegoko aurreko deialdietan gainditu zutenek, berriz, gaitasun-agiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 27ko 14:00etan amaitzen da. Eskatzaileak epe horretan ez badu ziurtagiri hori aurkezten, haren eskabidea ez da inolaz ere onartuko.

Heziketa Ziklo batean zuzeneko sarbidearen bidez onartzea eskatu dutenek ikasketa-ziurtagiria aurkeztu behar dute, sarbide-modalitate horren bidez onartze-prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 27ko 14:00etan amaitzen da.

Eskatzaileak, aipatutako epea bukatu baino lehen, ohiko azken-ebaluazioan lortutako kalifikazioen ikasketa-ziurtagiria aurkezten ez badu, eskabidea onartuko da, baina ez da sartuko aldi arruntean egingo den plazen esleipenean. Zuzenean sartzeko baldintzak ohiko azken-ebaluazioa horren geroago betez gero, uztailean aldi berezi bat izango du ikasketa-ziurtagiria aurkezteko, eta, kasu horretan, plazen bigarren esleipenean hartuko du parte.

Hirugarrena.– Ikastetxe batean aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.

Eskatzaileak eskabidea ikastetxe batean aurkezten badu, behin eskabideko datu guztiak sartu eta dagokion dokumentazioa jaso, dagokion inprimakia –datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako agiriei buruzko informazioa jasotzen duena– erakutsiko dio ikastetxeak eskatzaileari.

Sartutako datuak aztertuko ditu eskatzaileak eta, onartzen baditu, inprimakia sinatuko du. Sinatutako inprimaki horri zigilua jarriko dio ikastetxeak, eta aurretik sartutako datuak gordeko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta, eskatzaileak egindako eskaeren frogagiri izango da.

Laugarrena.– Eskabideko datuak aldatzea.

Eskatzaileek ekainaren 8a arte, egun hori barne, eskatu ahal izango dute gordetako datuak aldatu edo zuzentzeko. Egun horretatik aurrera ez da aldaketa edo zuzenketarik onartuko.

Zuzenketak egiteko behar-beharrezkoa izango da aurretiaz emandako jatorrizko frogagiri sinatu eta zigilatua aurkeztea. Dagozkion zuzenketak egin eta gero, beste inprimaki bat emango diote eskatzaileari. Datu berriak onartzen baditu, inprimaki hori emango diote eskatzaileari, sinatuta eta zigilatuta; aurreko inprimakia apurtuko dute eta datu berriak gorde.

Bosgarrena.– Baremazioa Heziketa Zikloetan.

1.-Eskabide-kopurua plaza-kopuruaren berdina edo txikiagoa bada, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.

2.– Bestela, Eskola Kontseiluak gainbegiratuta, ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo gorenak edo ikastetxe pribatuetako titularrak barematu beharko ditu eskatzaileak. Horretarako, hauek izan beharko ditu kontuan:

a) Zuzenean sartzen diren ikasleak

a.1) Goi-mailako zikloak

Lehentasun-irizpide hauek jartzen dira:

1.– Dagokion heziketa-ziklorako zehazten den Batxilergoko modalitateren bat ikasi izana.

2.– Batxilergoari lotutako gaia gainditu izana

3.– Ikasketa-espedienteko batez besteko nota.

Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuko xedapen indargabetzaile bakarrak ezartzen duenez, indargabe geratzen da apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretua, Lanbide Heziketako antolamenduaren alderdi jakin batzuk garatzen dituena Hezkuntza Sisteman, salbu dekretu horren eranskinak, indarra izango dutenak eguneratu edo dagokion arauak ordeztu arte.

Ondorioz, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babespean ezarritako goi-mailako heziketa-zikloetan, 1538/2006 Errege Dekretuan ikasleak onartzeko ezartzen diren irizpideak aplikatu beharko dira, hain zuzen ere 29.2 eta 29.3 artikuluetan ezartzen direnak, apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuko I. eranskinari dagokionez (777/1998 Errege Dekretuaren bidez, Lanbide Heziketako antolamenduko zenbat alderdi ezartzen dira Hezkuntza Sisteman; BOE, 1998ko maiatzaren 8koa).

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako heziketa-zikloetan, errege-dekretuak berak ezartzen du zein tituluk zehazten dituen goi-mailako heziketa-zikloetan ikasleak onartzeko irizpideak.

a.2) Erdi-mailako zikloak

Erdi-mailako heziketa-zikloetan (LOGSE edo LOE), ikasketa-espedienteko batez besteko nota hartuko da kontuan ikasleak onartzeko.

b) Sarrera-proba egin duten ikasleak

Sarrera-proba eginda sartzen diren ikasleei proba horren azken notari erreparatuko zaie bai erdi-mailako zikloetarako bai goi-mailako zikloetarako.

3.– Erdi-mailako Heziketa Ziklo batean sartu nahi duten ikasleen batez besteko nota kalkulatzeko, eskatzaileak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau mailetan –edota zuzeneko sarbidearen bidez onartzeko bestelako ikasketetan– lortutako nota guztien batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin.

Goi-mailako Heziketa Ziklo batean sartu nahi duten ikasleen batez besteko nota kalkulatzeko, eskatzaileak Batxilergoko bi mailetan –edota zuzeneko sarbidearen bidez onartzeko bestelako ikasketetan– lortutako nota guztien batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin.

Maila bakoitzeko batez besteko notak kalkulatzeko, eskatzaileak maila horretako irakasgai guztietan ateratako noten batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin. Ikasgaiaren kalifikazioa kuantitatiboa bada, zenbaki hori hartuko da kontuan, dituen dezimalekin. Ikasgaiaren kalifikazioa kualitatiboa bada, kuantitatibo bihurtuko da honako baremo honen arabera:

Nahikoa: 5,50

Ongi: 6,50

Oso ongi: 7,50

Bikain edota Bikain ohorezko matrikularekin: 9,00

Batxilergo baliozkotua: 6,00

Sarrera-proban «gai»: 6,00

Sarrera-proba egitetik salbuetsita: 6,00

4.– Izandako berdinketak Eskola Kontseiluaren edota ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenaren aurrean egindako zozketa publikoen bidez ebatziko dira.

Seigarrena.– Onartu diren eta ez diren ikasleen zerrendak.

Ikastetxe bakoitzak barematuko ditu ikastetxea lehenengo aukeratzat eskatu duten ikasleen eskabideak, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta Agindu honek ezarritakoaren arabera. Onartuak izan ez diren pertsonak itxarote zerrendan jasoko dira, baremazioan lortu puntuazioaren arabera.

Zazpigarrena.– Matrikula egitea aldi arruntean.

Aldi arruntean onartutako ikasleek eta prozesuan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen direnek) matrikulazio-epe arruntean egin beharko dute matrikula, hau da, uztailaren 5etik 11ra bitartean, egun bi horiek barne. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

Ohiko matrikulazio epearen ondotik hutsik geratzen diren plazak eskainiko zaizkie, lehendabizi, uztailaren 4an argitaratu itxarote zerrendan ageri diren pertsonei. Azken horiek matrikula formalizatu beharko dute uztailaren 12an eta 13an.

Itxarote zerrendako pertsona guztiak matrikulatu eta hala ere plaza hutsik geratzen bada, plaza horiek bete daitezke ohiz kanpoko matrikulazio-epean, hurrengo jarraibidean xedatu bezala.

Zortzigarrena.– Epe berezia, ikasketen ziurtagiria ekainean aurkeztu ezin izan duten eskatzaileentzat.

Bigarren jarraibidearen azken paragrafoan azaltzen denez, zuzeneko sarbidearen bidez plaza lortzeko eskabidea ekainean aurkeztu baina une horretan baldintzak ez betetzeagatik ikasketen ziurtagiria aurkeztu ez zuten ikasleek epe berezia izango dute, eskatutako titulazioa lortu ostean, ziurtagiri hori aurkeztu ahal izateko. Horretarako, eskabidea aurkeztu zuten ikastetxera joan beharko dute, uztailaren 16an edo 17an, ikasketen ziurtagiria eramatera.

Epe horretan ikasketen ziurtagiria –zuzeneko sarbidearen bidez Hezkuntza Zikloetan matrikulatzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duena– aurkezten ez badute, eskatzaile horiek onartze-prozesutik kanpo geratuko dira.

Ikastetxe bakoitzak ikasle horien eskabideak barematuko ditu, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta Agindu honek ezarritakoaren arabera.

Onartutako ikasleek ezohiko epean egin ahal izango dute matrikula, uztailaren 25etik 27ra, egun bi horiek barne.

Dagokion epean ikasleak matrikula egiten ez badu, onartze-prozesutik kanpo geratuko da, eta hasiera batean esleitu zioten plaza eta eskatu dituen gainerako plazen eskubide guztiak galduko ditu.

Bederatzigarrena.– Xedatutako epez kanpoko matrikulazioak.

Aurreko jarraibideetan finkatutako epeetan matrikulazioa egin eta gero Hezkuntza Zikloren batean leku librerik balego, ikasleak irailaren 30a arte (egun hori barne) matrikulatu ahal izango dituzte ikastetxeek, ikasleek hala eskatu eta kasu bakoitzean eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte. Hala ere, epeak, betiere, hezkuntza-itunak baimentzeko araudian xedatutakoak izango dira.

2012ko irailaren 30a pasatu ondoren ikastetxeek ezin izango dute ikasle berririk matrikulatu, behar bezala justifikatutako kasu berezietan salbu, esaterako, bizilekua aldatzeagatik matrikularen lekualdaketa egiten bada, langabeziaren egoera agertzen bada, edo antzeko kasuren bat bada, betiere behar bezala egiaztatuta.

Hamargarrena.– Matrikula baliogabetzea eta deialdiari uko egitea.

Hezkuntza Ziklo batean matrikula ezeztatuz gero, eskatzailea bajan izango da matrikulatu modulu profesional guztietan eta, ondorioz, ez da hura ebaluatuko eta ez da ageriko ikasturte amaierako ebaluazio-aktetan. Ikastetxe publikoetan matrikulatuek ikastetxeko zuzendariari bidali beharko diote eskaera. Ikastetxe pribatuetan matrikulatutako eskatzaileek eskabidea bidali beharko diote ikastetxe pribatua atxiki den ikastetxe publikoko zuzendariari. Eskabidea eta agiri egokiak abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira, eta baietsiko dira ondoko inguruabar hauetakoren bat gertatzen den guztietan:

– Ikaslea luze gaixo egon izana.

– Ikaslea lanean hastea eta horrek ikasleari galaraztea ikasketetan ohiko moduan aritzea.

– Ikasleari ohiko moduan ikasketetan aritzea galarazten dioten betebehar pertsonalak edo familiarrak gertatzea.

– Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk, eskabidea zuzendu zaion ikastetxeko zuzendariak hautemanak.

Lanbide modulu bakoitzerako aurreikusi deialdiak agortzea ekiditeko, Hezkuntza Zikloetan matrikulatutako ikasleek bi aldiz uko egin diezaiokete ziklo horietako lanbide-moduluetako bakoitzean ebaluatuak eta kalifikatuak izateari. Eskabidea eta egoki diren egiaztagiriak ikastetxeko zuzendariari helarazi behar zaizkio ukatu den ebaluazioa baino hilabete bat lehenago gutxienez. Eskaera ebatziko du ikaslea matrikulaturik dagoen ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak, eta eskaera baietsiko da betetzen bada arau honetan aurretiaz aurreikusi inguruabarretako bat.

Ikaslearen espediente akademikoari ebazpen horren kopia atxikiko zaio. Eskaera baiesten bada, hizpide dugun inguruabarra jasoko da dagozkion ebaluazio-aktetan.

Hamaikagarrena.– Matrikula ofizioz ezeztatzea.

Modalitate presentzialean, ikasleek prestakuntza-jardueretara joan egin beharko dute, heziketa-zikloko matrikula indarrean mantentzeko.

Ikasturtea hasi eta abenduaren amaiera arte, ikasleren batek hurrengo atalean zehazten diren hutsegiteak edo gehiago egiten baditu eta ez baditu justifikatzen, ikasketaburutzak proposatuta, formalizatutako matrikula ezeztatzea erabakiko du ikastetxeko zuzendariak.

Horretarako, ikasketaburutzako arduradunak jakinarazpen bat bidaliko dio ikasleari edo haren gurasoei edo legezko ordezkariari –dagokionari–, justifikatu gabeko hutsegiteak ikastaldietan ematen diren modulu guztien iraupen osoaren ehuneko hogeita hamarrera heltzen direnean, eta betiere gutxienez ere hogei ikastegun igaro eta gero. Berdin jokatuko da ikasleak hamar egun jarraian huts egiten duenean. Jakinarazpen horretan, ikasleari gogorarazi egingo zaio irakas-jarduera programatuetara joan behar duela eta ohartaraziko zaio matrikulari ofizioz baja emango zaiola, baldin eta justifikatu gabe berriro huts egiten badu ikasketen espedientean adierazitako helbidean jakinarazpena jasotzen denetik aurrera edo jakinarazteko ahaleginak egiten direnetik aurrera.

Matrikulari ofizioz baja emango zaio eta horren berri interesdunari jakinarazi, baldin eta gerora emandako irakas-saioen ehuneko hogei bete arte, ikasleak justifikatu gabe gehiagotan huts egiten segitzen badu, eta beti ere jakinarazpena bidali ostean gutxienez ere hogei egun igarotzen badira.

Sortutako dokumentazioaren kopia ikaslearen ikasketen espedienteari erantsiko zaio.

Hamabigarrena.– Baldintzak objektiboak ez betetzearren matrikula atzera botatzea edo ezeztatzea.

Ikastetxe guztietan, klasifikazioak gorabehera, eta Lanbide Heziketako ikasketen lanbide-profilak eskatzen badu gorputz– eta psikologia—baldintza jakin batzuk eskatzea lanbide-profil horretako lanpostuetarako edo laneko segurtasun eta osasunerako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskatu ahal izango du horretarako behar diren ziurtagiriak aurkeztea edo balorazio edo proba jakin batzuk egitea, zehazteko ea ikasleak baldintza objektiboak betetzen dituen hezkuntza-jarduerak segurtasun– eta osasun-arriskurik gabe egiteko eta tituluaren edo ziurtagiriaren beraren gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak betetzeko. Kasu horretan, Hezkuntza Saileko laguntza-zerbitzukoekin eta, behar izanez gero, prebentzio-zerbitzuarekin erkatu eta gero, eta beti ere Hezkuntza Ikuskaritzak txostena eman ostean, atzera bota edo ezeztatu ahal izango da ikaslearen matrikula, baldin eta ondorioztatzen bada ez dituela betetzen eskatzen zaizkion baldintza horiek.

Baldin eta ikastetxeko arduradunak ohartzen badira, ikasleak izena ematerakoan eman dituen datuak ikusita, ikasleak uztezko hutsegitea egin duela bete beharreko baldintzetan, zuzendariak hilabeteren barruan jakinaraziko dio ikasleari matrikula behin-behinekoa dela, eta abian jarriko du lehen aipatutako prozedura. Egoera honen berri emango dio Hezkuntza ikuskaritzaren lurralde burutzari. Hezkuntza ordezkaritzak ebatziko du matrikula onartu edo baztertzen den.

Izan liteke hezkuntza-jardueran zehar ohartzea baldintza objektibo horiek ez direla betetzen. Orduan, ikastetxeko zuzendariak hasiera emango dio dagokion prozedurari, egoera jakin duen egunetik eta hilabeteren barruan. Egoera honen berri emango dio Hezkuntza ikuskaritzaren lurralde burutzari. Hezkuntza ordezkaritzak ebatziko du matrikula onartzen den ala ez.

IV. ERANSKINA
JARRAIBIDE ESPEZIFIKOAK: IKASLEAK ERDI– EDO GOI-MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAN, 2012-2013 IKASTURTEAN, URRUTIKO MODALITATE TELEMATIKOAN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO URRUTIKO LANBIDE HEZIKETAKO INSTITUTUAN ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK.

Lehenengoa.– Hezkuntza-eskaintza.

Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan eskainitako zikloak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2012-2013 ikasturterako baimendutakoak izango dira.

Heziketa-ziklo bakoitzean eskainitako plaza guztien % 5 gorde beharko dira pertsona minusbaliatuentzat.

Bigarrena.– Sartzeko eskaerak.

Erdi– edo goi-mailako heziketa-zikloren bat urrutiko modalitate telematikoan egin nahi duten pertsonek euren eskabidea egin eta ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hori egiteko epea maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitartekoa (egun bi horiek barne) izango da ikasle berrientzat, eta ekainaren 26tik 29ra bitartekoa (egun bi horiek barne), berriz, ikasle zaharrentzat eta ikasle zaharrak izateari utzi dioten ikasleentzat.

Ikasleek zuzeneko sarbidearen bidez edo sarrera-proba gaindituz onartzeko eskatu ahal izango dute. Inork ezin izango ditu bide biak erabili onartzeko eskatzeko. Hori eginez gero, baztertuta geratuko da eta izan ditzakeen eskubide guztiak galduko ditu.

Eskabidea bi modu hauetako batean bete dezake interesdunak:

– On line, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako prestatzen duen informatika-aplikazioaren bidez.

– Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuko idazkaritzan. Idazkaritza arduratuko da eskatzaileak eskabidean emandako datuak aplikazioan sartzeaz.

Eskabidea Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan egiten bada, interesdunak NAN edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek informatika-aplikazioan sar ditzaten. Horrez gain, Institutuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Eskabidea on line egiten bada, interesdunak, ezarritako epeetan, NAN edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, eta kasuan kasu dagozkion agiriak, leku hauetako batean:

a) Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan.

b) Lurralde historikoko leku hauetako batean:

– Araba: Zuzenean, Ramiro Maeztu 10, behea – Vitoria–Gasteizen dagoena.

– Bizkaia: Zuzenean, Gran Vía 85, Bilbon dagoena.

– Gipuzkoa: Zuzenean, Andia 13 – Donostian dagoena.

c) Azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoan, aurrez ikusitako edozein eratan, agindu horretan ezarritako baldintzen arabera. Agiriak posta-bulegoren batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekia erabiliko da, posta-langileak eskabidea datatu eta zigilatu dezan, ziurtatu baino lehen. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan sartu den datan aurkeztu dela joko da.

Heziketa-zikloetan onartuak izateko, egin nahi diren moduluak lehentasun-hurrenkeran eska daitezke. Eskaera bakoitzean ordu presentzialak zer ikastetxetan egin nahi den zehaztu beharko da.

Sarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurtengo deialdian gainditu dutenek ez dute horren ziurtagiririk aurkeztu behar.

Hala ere, sarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori beste autonomia-erkidegoetan gainditu dutenek, edota proba Euskal Autonomia Erkidegoko aurreko ikasturteetan gainditu zutenek, berriz, gaitasun-agiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 22ko 14:00etan amaitzen da. Eskatzaileak ziurtagiri hori epe horretan aurkezten ez badu, haren eskabidea ez da inolaz ere onartuko.

Heziketa-ziklo batean zuzeneko sarbidearen bidez onartzea eskatu dutenek ikasketa-ziurtagiria aurkeztu behar dute, sarbide-modalitate horren bidez onartze-prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 22ko 14:00etan amaitzen da.

Eskatzaileak ikasketa-ziurtagiria lehen aipatutako epean aurkezten ez badu, eskabidea onartuko da, baina ez da sartuko aldi arruntean egingo den plaza-esleipenean. Zuzenean sartzeko baldintzak beranduago betez gero, uztailean epe berezi bat izango du hori aurkezteko eta, kasu horretan, bigarren plaza-esleipenean hartuko du parte.

Hirugarrena.– Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.

Eskatzaileak eskabidea Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan aurkezten badu, eskabideko datuak sartu eta dagozkion agiriak entregatu eta gero, inprimaki bat –datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako agiriei buruzko informazioa jasotzen duena– erakutsiko dio Institutuak eskatzaileari.

Eskatzaileak sartutako datuak aztertuko ditu eta, datuak zuzen direla baderitzo, inprimakia sinatuko du. Institutuak zigilua jarriko du inprimaki sinatuan, eta aurretiaz sartu dituen datuak grabatuko ditu. Eskatzaileak egindako eskaeren frogagiri eta egiaztagiri gisa inprimaki hori erabiliko da, sinatu eta zigilatu ondoren.

Laugarrena.– Eskabideko datuak aldatzea.

Eskatzaileek ekainaren 22ra arte izango dute, egun hori barne, datu grabatutakoren bat aldatzea edo zuzentzea eskatzeko. Egun horretatik aurrera ez da onartuko aldaketarik edo zuzenketarik.

Ezer aldatzeko, eskatzaileak nahitaez aurkeztu beharko du eskaera egitean jaso zuen jatorrizko egiaztagiri sinatu eta zigilatua. Behin zuzenketa egokiak gauzaturik, inprimaki berria emango zaio eskatzaileari. Eskatzailea datu berriekin ados bada, inprimaki sinatu eta zigilatu berria emango zaio, eta inprimaki zaharra suntsitu eta datu berriak grabatuko dira.

Bosgarrena.– Eskaerak barematzea eta plazak esleitzea.

Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak prozesuan parte hartzea eskatu duten pertsonen eskabideak barematuko ditu, eta uztailaren 6an argitaratuko ditu behin-behineko zerrendak. Erreklamazio-aldi bat irekiko du uztailaren 6tik 10era, biak barne, eta uztailaren 12an pertsona onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko ditu.

Lehenik, 2011/2012 ikasturtean, EHAEko Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan, urrutiko modalitatean, jarraitu nahi den ziklo bereko moduluren bat gainditu duten ikasleak onartuko dira baldin eta zituzten moduluak bertan behera utzi edo baztertu ez badituzte. Ordenatzeko irizpidea zikloan gainditutako modulu kopurua izango da, eta ondoren, aurreko ikasturtean matrikulatutako modulu gaindituen portzentajea. Beharrezkoa bada, hurrengo irizpidea ikasketa-espedientea izango da. Onartuak izan ez diren pertsonak itxarote-zerrendan jasoko dira, baremazioan lortutako puntuazioaren arabera.

Hala badagokio, ikasle berriei aplikatzeko baremazioa agindu honen III. eranskinaren bosgarren jarraibidean ezarritakoa izango da.

Ikasle berriak gehienez 560 orduz onar daitezke, eta ikasle zaharrak, gehienez 990 orduz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2010eko urriaren 11ko Aginduaren, Lanbide Heziketako irakaskuntzak urrutiko modalitate telematikoan ezartzea eta antolatzea arautzen duenaren 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Onartutako ikasleek ez dute aldi berean bi heziketa-ziklotan matrikulatzerik izango.

Seigarrena.– Matrikula egitea aldi arruntean.

Aldi arruntean onartu diren pertsonek matrikula-aldi arruntean formalizatu beharko dute matrikula, uztailaren 14tik 18ra bitartean, biak barne. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

Matrikulazio-aldi arruntean plazarik hutsik geratuz gero, lehenengo eta behin, argitaratutako itxarote-zerrendan azaltzen diren lagunei eskainiko zaizkie plazok, baldin eta, aurretik, uko egin ez badiote uztailaren 20an eskaini zaien beste moduluren bati. Pertsona horiek uztailaren 23 eta 26aren artean formalizatuko dute matrikula.

Itxarote-zerrendako pertsona guztiak matrikulatu eta hala ere plaza hutsik geratzen bada, plaza horiek aparteko matrikula-aldian bete daitezke, hurrengo jarraibidean xedatu bezala.

Zazpigarrena.– Aparteko aldia, ikasketa ziurtagiria ekainean ezin aurkeztu izan duten eskatzaileentzat.

Bigarren jarraibidearen azken paragrafoan azaltzen denez, zuzeneko sarbidearen bidez plaza lortzeko eskabidea ekainean aurkeztu, baina une horretan baldintzak ez betetzeagatik ikasketa-ziurtagiria aurkeztu ez zuten ikasleek epe berezia izango dute, eskatutako titulazioa lortu ostean, ziurtagiri hori aurkeztu ahal izateko. Horretarako, eskabidea aurkeztu zuten Urrutiko Lanbide Heziketako Institutura joan beharko dute, uztailaren 19an edo 20an, ikasketa-ziurtagiria eramatera.

Epe horretan ikasketa-ziurtagiria –zuzeneko sarbidearen bidez heziketa-ziklo batean matrikulatzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duena– adierazitako epearen barruan aurkezten ez bada, eskatzaile hori onartze-prozesutik kanpo geratuko da.

Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak eskabide horiek barematuko ditu, eta irailaren 4an argitaratuko ditu behin-behineko zerrendak, eta irailaren 6an pertsona onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Pertsona onartuek aparteko aldian formaliza dezakete matrikula, irailaren 8 eta 10aren artean, biak barne.

Plaza-eskubidea duen edonork matrikula dagokion epean egiten ez badu, prozesutik kanpo geratuko da, eta hasiera batean esleitu zioten plazarako eta eskatu dituen gainerako plazetarako eskubide guztiak galduko ditu.

Zortzigarrena.– Xedatutako epez kanpoko matrilulazioak.

Aurreko jarraibideetan ezarritako epeetan matrikula egin ondoren eskainitako edozein modulutan plaza librerik badago, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak, 2012ko irailaren 30era arte, egun hori barne, matrikulatzeko eskatu eta kasu bakoitzean eskatutako baldintza akademikoak betetzen dituzten pertsonak matrikula ditzake, hezkuntza-itunak baimentzeko araudian ezarritako epeen kaltetan izan gabe.

2012ko irailaren 30aren ondoren, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak ezingo du ikasle berririk matrikulatu, hori justifikatzen duten ezohiko kasuetan izan ezik, hala nola helbidea aldatzeagatik matrikula lekualdatzea, bat-bateko langabezia-egoera eta behar bezala egiaztatutako antzeko kasuak.

Bederatzigarrena.– Matrikula deuseztatzea.

Matrikula ezeztatuz gero, eskatzailea baja izango da matrikulatutako lanbide-modulu guztietan eta, ondorioz, hura ez da ebaluatuko eta ez da ageriko ikasturte-amaierako ebaluazio-aktetan.

Egiten ari den moduluaren iraupenaren % 80 bete aurretik aurkeztu beharko da eskabidea, eta eragin guztietarako moduluan baja emango da.

Eskabidea matrikulatu diren pertsonek Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuko zuzendariari bidaliko diote zeinek aldeko ebazpena eegingo du ondorengo kasu hauetan:

– Ikaslea luzaroan gaixo egon izana.

– Ikaslea lanean hastea eta horrek ikasketetan ohiko moduan aritzea galaraztea.

– Ikasketetan ohiko moduan aritzea galarazten dion betebehar pertsonal edo familiarrik gertatzea.

– Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk, eskabidea zuzendu zaion ikastetxeko zuzendariak hautemanak.

Ikaslearen ikasketa-espedienteari ebazpen horren kopia erantsiko zaio. Eskaera baiesten bada, hizpide dugun inguruabarra jasoko da dagozkion ebaluazio-aktetan.

V. ERANSKINA
JARRAIBIDE ESPEZIFIKOAK: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXE PUBLIKO ETA ITUNDUETAN ETA BESTE ERAKUNDEETAN 2012-2013 IKASTURTEAN HASIERAKO LANBIDE PRESTAKUNTZAKO PROGRAMETAN IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK.

Lehenengoa.– Prozedura informatikoaren derrigorrezkotasuna.

Agindu honen 12. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, informatika-prozedura berezi baten bidez onartuko dira ikasleak 2012-2013 ikasturtean, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetan. Prozedura hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diseinatu du, baina ikastetxe bakoitzean ohiko prozedurari jarraituko zaio eskabideak barematzeko eta plazak esleitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko, pribatu itunduek, eta beste erakundeek informatika-aplikazio hori erabili beharko dute, 2012-2013 ikasturtean Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programarik eman behar badute. Horretarako, bai jarraibide hauek adierazitakoa, bai indarrean dagoen legedia bete beharko dute ikastetxeek.

Bigarrena.– Ikastetxe, lanbide-profila, txanda eta hizkuntza-eredu bakoitzaren plaza eskaintza zehaztea.

Ikastetxe pribatuek eta erakundeek berek erabakiko dute zein programa eskaini, baldin eta Hezkuntza Ziklo horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartuta eta planifikatuta badaude. Ikastetxe pribatu edo erakunde batek programa bat eskaintzeak ez du bermatzen programa hori ituntzea edo diru-laguntza jasotzea.

Hezkuntza Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak 2012ko maiatzean jakinaraziko die Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei zein den hasierako lanbide-prestakuntzako programen eskaintza funts publikoekin eusten diren ikastetxeetan edo erakundeetan.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek, berriz, ekainaren 1a baino lehenago jakinaraziko diete programa horiek eskaintzen dituzten ikastetxeei eta iragarki-taulan jarriko dute zein den hasierako lanbide-prestakuntzako programen eskaintza eta zenbat eskola-postu eskainiko diren.

Hirugarrena.– Sartzeko eskaerak.

Ikasleek bakar-bakarrik eskatu ahal izango dute hezkuntza-maila batean onartzeko. Inork ezingo du eskatu hezkuntza-maila honetan edo beste batzuetan onartzeko. Eskatuz gero, horretatik kanpo geratuko da automatikoki, eta izan ditzakeen eskubide guztiak galduko ditu.

Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin dezake. Ikastetxe batean edo gehiagotan eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioa, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epe barruan aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.

Eskabidea interesdunak berak bete ahal izango du, bi bide hauetakoren bat erabiliz:

– On-line, (programa bakoitzeko lehenengo kurtsorako bakarrik), ekainaren 14ko 24:00ak arte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako prestatzen duen aplikazio informatikoaren bidez.

– Lehen aukera moduan hautatutako ikastetxeko idazkaritzan. Bertan sartuko dira eskatzaileek eskabidean jarritako datuak.

Eskaera ikastetxe aukeratuan egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Eskaera on-line egiten badu, pertsona interesdunak, eskaera egin ondoren eta beti ere xedatutako epeetan, aukeratutako ikastetxera joan behar izango du, bere NAN edo identifikazio-agiria eta kasuan kasu egoki diren agiri guztiak entregatzeko.

Laugarrena.– Matrikula baliogabetzea eta deialdiari uko egitea.

Hasierako Lanbide Prestakuntzako programa batean matrikula ezeztatuz gero, eskatzailea bajan izango da matrikulatu modulu guztietan eta, ondorioz, ez da hura ebaluatuko eta ez da ageriko ikasturte amaierako ebaluazio-aktetan. Ikastetxe publikoetan matrikulatuta daudenek ikastetxeko zuzendariari bidali beharko diote eskaera. Ikastetxe pribatuetan edo erakundeetan matrikulatutako eskatzaileek eskabidea bidali beharko diote ikastetxe pribatua atxiki den ikastetxe publikoko zuzendariari. Eskabidea eta agiri egokiak abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira, eta baietsiko dira ondoko inguruabar hauetakoren bat gertatzen den guztietan:

– Ikaslea luze gaixo egon izana.

– Ikaslea lanean hastea eta horrek ikasleari galaraztea ikasketetan ohiko moduan aritzea.

– Ikasleari ohiko moduan ikasketetan aritzea galarazten dioten betebehar pertsonalak edo familiarrak gertatzea.

– Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk, eskabidea zuzendu zaion ikastetxeko zuzendariak hautemanak.

Ikaslearen espediente akademikoari ebazpen horren kopia atxikiko zaio.

15 urte beteta dituzten ikasle inskribatuek ez dute lehenengo mailako matrikula ezeztatzerik izango.

Bosgarrena.– Matrikula ofizioz ezeztatzea.

Modalitate presentzialean, ikasleek prestakuntza-jardueretara joan egin beharko dute, matrikula indarrean mantentzeko.

Ikasturtea hasi eta abenduaren amaiera arte, ikasleren batek hurrengo atalean zehazten diren hutsegiteak edo gehiago egiten baditu eta ez baditu justifikatzen, ikasketaburutzak proposatuta, formalizatutako matrikula ezeztatzea erabakiko du ikastetxeko zuzendariak.

Horretarako, ikasketaburutzako arduradunak jakinarazpen bat bidaliko dio ikasleari edo haren gurasoei edo legezko ordezkariari –dagokionari–, justifikatu gabeko hutsegiteak ikastaldietan ematen diren modulu guztien iraupen osoaren ehuneko hogeita hamarrera heltzen direnean, eta betiere gutxienez ere hogei ikastegun igaro eta gero. Berdin jokatuko da ikasleak hamar egun jarraian huts egiten duenean. Jakinarazpen horretan, ikasleari gogorarazi egingo zaio irakas-jarduera programatuetara joan behar duela eta ohartaraziko zaio matrikulari ofizioz baja emango zaiola, baldin eta justifikatu gabe berriro huts egiten badu ikasketen espedientean adierazitako helbidean jakinarazpena jasotzen denetik aurrera edo jakinarazteko ahaleginak egiten direnetik aurrera.

Matrikulari ofizioz baja emango zaio eta horren berri interesdunari jakinarazi, baldin eta gerora emandako irakas-saioen ehuneko hogei bete arte, ikasleak justifikatu gabe gehiagotan huts egiten segitzen badu, eta beti ere jakinarazpena bidali ostean gutxienez ere hogei egun igarotzen badira.

Ezin izango zaie matrikularik ezeztatu 15 urterekin inskribatutako ikasleei.

Sortutako dokumentazioaren kopia ikaslearen ikasketen espedienteari erantsiko zaio.

VI. ERANSKINA
2012-2013 IKASTURTEAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXE PUBLIKO NAHIZ PRIBATU ITUNDUETAN EGUNEKO IKASKETA-ERREGIMENEKO AURREZ AURREKO IKASKUNTZAKO BATXILERGOKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURA INFORMATIKOARI BURUZKO ARAU OSAGARRIAK

Lehenengoa.– Prozedura informatikoaren derrigorrezkotasuna.

Agindu honetako 12. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako espresuki diseinatu duen prozedura informatiko zehatzaren bidez gauzatu beharra dago 2012-2013 ikasturterako eguneko ikasketa-erregimeneko aurrez aurreko ikaskuntzako Batxilergoko ikasleen harrera.

2012-2013 ikasturtean ikasketa horiek emango dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiak derrigorturik daude hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera, betiere, argibide hauetan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarri baldintzatan.

IKASTETXE, IKASTURTE, BATXILERGO MOTA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEAN IZANGO DIREN PLAZEN ESKAINTZAREN DEFINIZIOA

Bigarrena.– Eskaintzaren datu orokorrak sartzea.

Hezkuntza administrazioak 2012ko apirilaren 20az aurretik sartuko ditu aplikazio informatikoan ikastetxe publiko nahiz pribatu itunduen eskaintzari buruzko datuak, eta zehaztuko du Batxilergoko maila bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean ikastetxeak eskaintzen dituen batxilergo motak, baita maila bakoitzean eskainiko diren taldeen guztizko kopurua.

Aukera izango da hasiera batean sartu diren datuak aldatzeko 2012ko maiatzaren 21eko 24:00ak arte. Ikastetxe publikoei buruzko datuak hezkuntza administrazioak soilik alda ditzake. Ikastetxe pribatu itunduei buruzko datuak ikastetxeek eurek alda ditzakete, ondoko arau hauek kontuan izanik:

a) Ikastetxeek ezin izango dute eskaini, inola ere ez, emateko baimenik ez duten batxilergo motarik.

b) Bazter utzita ikastetxeek eskaintzea erabaki duten talde kopuru osoa, soilik itunduko da dagozkion arauetan ezarririko talde kopurua.

Hirugarrena.– Eskaintzaren banaketa, batxilergo moten eta hizkuntza-ereduen arabera.

Talde kopuru maximoak zehaztuko du ikastetxe bakoitzaren hasierako plazen kopuru maximoa ikasturte bakoitzerako. Ikastetxe publikoetan 30 plaza izango ditu talde bakoitzak, eta ikastetxe pribatu itunduetan 35.

Ikastetxe publiko edo pribatu itundu bakoitzari dagokio ezartzea eta aplikazio informatikoan sartzea ikasturte bakoitzerako plazen guztizko kopuruaren banaketa, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzaren araberakoa. Horretarako, kontuan izan beharko du aipatu batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean den eskaera.

Laugarrena.– Plazak gordetzea maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean.

Behin maila bakoitzeko plazen guztizko kopurua banaturik, ikastetxe bakoitzari dagokio aurreikustea eta aplikazio informatikoan sartzea batxilergo mota bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean gorde behar diren plazen kopurua ondoko talde hauentzako:

a) Ikasle errepikatzaileak: Batxilergoko 1. eta 2. mailan egun matrikulaturik dauden eta ikastetxean maila errepikatuko dutela aurreikusten den ikasleak.

b) Ikastetxeko ikasleak, aurreko mailatik datozenak:

– Egun ikastetxean DBHko 4. mailan matrikulaturik dauden eta ikastetxean bertan Batxilergoko 1. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak, arte-batxilergoan izan ezik, gainerako beste guztietan. (martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bermatuko da ikasleek ikastetxean jarraitzea ikastetxean ematen diren ikasketak amaitu arte, arte-batxilergoaren kasuan izan ezik).

– Egun ikastetxean Batxilergoko 1. mailan matrikulaturik dauden eta ikastetxean Batxilergoko 2. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak, zeinahi batxilergo motatan.

Halaber, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxe publiko eta ikastetxe pribatu itundu guztiek gorde beharko dituzte, izena aurrez emateko eta matrikulatzeko epea amaitu arte, hezkuntzako laguntza-behar bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko Hezkuntzako lurralde ordezkariak zehaztu plaza kopurua.

Hezkuntza administrazioari dagokio aplikazio informatikoan sartzea ikastetxe, ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean arrazoi horregatik gorde behar diren plazen kopurua.

Aplikazio informatikoan sartu beharko dira, 2012ko maiatzaren 21eko 24:00ak baino lehen, mota eta hizkuntza-ereduen araberako eskaintzaren banaketari buruzko eta mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean plaza gordeei buruzko datuak.

Bosgarrena.– Eskaintzaren behin betiko egituraketa.

Ikastetxe bakoitzean ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaintzen diren plazak kalkulatzeko, eragiketa hau egin beharra dago: kendu behar zaio ikastetxeak modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaini plazei plaza gordeen kopurua (plaza gordeak dira: ikasle errepikatzaileentzako plazak + aurreko mailako ikasleentzako plazak + hezkuntzako laguntza-behar bereziak dituzten ikasleentzako plazak).

Seigarrena.– Plazen eskaintza berrestea.

2012ko maiatzaren 21eko 24:00ak baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek amaiera eman beharko diote eskaintzari nahiz plazak gordetzeari buruzko datuak sartzeari.

Maiatzaren 30erako, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzek berrikusi beharko dituzte haien Lurralde Historikoko ikastetxeek sartu dituzten datu guztiak, eta zuzendu beharko dituzte ikastetxeak baimendua duenarekin bat ez datozen datuak. Zuzenketarik eginez gero, ikastetxe erasana jakinaren gainean jarri beharko dute.

IRAKASGAIEN BLOKEAK DEFINITZEA

Zazpigarrena.– Ikastetxeek zenbait irakasgaien bloke definitzeko aukera.

Nahi duten ikastetxeek aplikazio informatikoan zehaztu ditzakete ikasgai zehatzez osatutako irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago. Irakasgaien blokeak definitzean, ikastetxeak otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuaren 7. artikuluaren 3. atalan xedatutako mugapenak bete behar ditu. Zehaztapen hori guztiz aukerakoa izango da ikastetxeentzat, eta hizpide dugun zehaztapenaren xede bakarra izango da ikastetxeari erraztea ikasle bakoitzak egingo dituen irakasgaiei buruzko datuak sartzea.

Horrela, datu horiek sartzen badira pertsona baten eskabidean edo azken horren matrikula formalizatzean, nahikoa izango da irakasgaien bloke aukeratua zehaztearekin bloke horretako ikasgai guztiak automatikoki jasotzeko, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa izango horiek banan-banan zehaztea.

Irakasgaien blokeak definitu nahi dituzten ikastetxeek aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte blokeok 2012ko apirilaren 27ko 24:00ak baino lehen.

SARTZEKO ESKAERAK

Zortzigarrena.– Sartzeko eskabideak aurkeztea.

Eskaera ikastetxe batean egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Bederatzigarrena.– Pertsona eskatzailea bilatzea aplikazioaren datu-basean.

Datuak sartzea errazte aldera, eskabideko datuak sartzen dituzten ikastetxeko langileek egiaztatu beharko dute pertsona eskatzailea aplikazio informatikoko datu-basean dagoen. Horretarako, pertsona hori bilatu beharko dute haren daturik bereizgarrienak oinarri harturik: NAN, izena, abizenak, jaioteguna eta sexua.

Behin datuak sarturik, aplikazio informatikoak ekarriko du datu sartuekin bat datorren pertsonaren edo pertsonen zerrenda. Zerrendan ageri bada eskatzailearen izena, hura aukeratuko dute, eta ez da beharrezkoa izango datu-basean jasota dauden pertsona horren datuak berriz sartzea.

Hala ez bada, hots, bilaketa egin eta aplikazio informatikoak ez badakar emaitzarik edo ekarri dituenak ez badagozkio pertsona eskatzaileari, erregistro berria zabaldu beharko da datu-basean ageri ez den eskatzaile horrentzat, eta haren datu guztiak sartu.

Hamargarrena.– Eskabideko datuak sartzea.

Eskatzaileak edo bere eskaera jasotzen duen ikastetxeak aplikazio informatikoan sartu beharreko ditu, nahitaez, ondoko datu hauek:

a) Eskatzailearen datu pertsonalak.

b) Eskatzaileak egiten dituen eskaera guztiak, lehentasun hurrenkeran.

c) Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.

d) Eskatzaileak aurkeztu agiriak.

Hamaikagarrena.– Eskatzailearen datu pertsonalak.

Ondoko datu hauek sartu beharko dira:

– Eskatzailearen NAN edo, eskatzaileak espainiar nazionalitatea ez badu, dagokion identifikazio-agiriaren zenbakia.

– Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzailearen nazionalitatea ez bada espainiarra eta bigarren abizenik ez badu, inguruabar hori jaso beharko da.

– Eskatzailearen sexua, jaioteguna, sorterria, helbidea eta telefono zenbakia.

– Eskatzailea eskabidea egin duen unean eskolatua dagoen ikastetxea, maila eta ikasturtea.

– Eskatzaileak hezkuntzako behar bereziren bat badu, inguruabar hori jasoko da.

– Eskatzailea adinez txikia bada, jasoko dira gutxienez pertsona arduradun baten datuak (aitarenak, amarenak edo legezko tutorearenak).

Hamabigarrena.– Pertsona eskatzailearen eskaerak, lehentasun hurrenkeran.

Lehendabizi, aplikazio informatikoan sartu behar dira eskatzaileak ikasi nahi duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa edo alemana) eta erlijioa ikasgaia egin nahi duen ala ez. Erlijioa ikasi nahi badu, lau hauetako bat aukeratu beharko du: katolikoa, ebanjelikoa, islamikoa edo judua.

Ondoren, eskatzaileak egin ditzake, gehienez ere, 8 eskaera, eta lehentasun hurrenkeran zenbakiak jarriko dizkie. Eskaera bakoitzean zehaztu beharko dira ikastetxea, ikasturtea, batxilergo mota eta hizkuntza-eredua (A, D, hiru hizkuntzakoa ingelesarekin edo hiru hizkuntzakoa frantsesarekin).

Aurreko elementuetakoren batekin (ikastetxearekin, batxilergo motarekin edo hizkuntza-ereduarekin) bat ez datorren eskaera egiteko, eskaera berria egin beharra dago.

Sartu beharko dira, lehenik, eskabidea aurkeztu den ikastetxeari buruzko eskaera guztiak. Plaza hasiera batean esleitzeko, eskaera horiek hartuko dira kontuan, ez besterik.

Ondoren, eskatzaileak egin ditzake beste ikastetxe batzuetarako eskaerak. Eskaera aurkeztu denaz bestelako ikastetxe baterako eskaera sartu ondoren ezin izango da atzera sartu hasiera batean aukeratu ikastetxeari buruzko eskaerarik, lehenengo ikastetxearekin lotura duten eskaera guztiak lehenengo sartu behar baitira beti.

Hamahirugarrena.– Ikasgaiak aukeratzea.

Hala nahi duten ikastetxeek sar ditzakete, eskatzaileak egiten dituen eskaeretatik lehenengoan, modalitateko ikasgaiei eta eskatzaileak egin nahi duen hautazko ikasgaiari buruzko datuak. Aplikazio informatikoan irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago aurretiaz definitu dituzten ikastetxeetan, irakasgaien bloke aipatuak erabil daitezke ikasgai aukeratuak sartzeko.

Ikastetxeentzat guztiz borondatezkoa izango da datu aipatuak sartzea, egintza horren helburu bakarra izango delarik ikastetxeak aurretiaz edukitzea ikasle bakoitzak lehentasunez egin nahi dituen ikasgaiei buruzko informazioa. Datu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko plazak esleitzeko prozesuan.

Eskatzaileak eskaera egiteko unean aukeratu dituen ikasgaiek ez dute eraginik izango azken buruan matrikulatuko dituen ikasgaien gain, ikasgaiak aukeratu behar baititu matrikula formalizatzeko unean.

Hamalaugarrena.– Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.

Aplikazio informatikoan ondoko datu hauek sartu beharko dira:

a) Baremoko A atalari buruzko datuak

– Eskatzaileak alegatzen badu 2010. urteko errentaren aitorpenaren zerga-oinarri orokorrak ez dituela gainditzen 42.000 euroak, ezaugarri hori jasoko da. Errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztu bada, eskatzaileak hezkuntza administrazioari baimena emango dio baieztapen horren egiazkotasuna egiazta dezan dagokion foru ogasunean. Horretarako, egoki den laukia markatu beharra dago. Aitzitik, errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin bada, 2010. urteari dagokion aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharra dago, eta datu aipatua dagokion laukian markatu.

– Alegatuz gero eskatzaileak adinez txikiko neba-arrebarik duela, neba-arreben kopurua adierazi beharra dago.

b) Baremoko B atalari buruzko datuak.

– Zehaztuko dira baremoko B ataleko puntuak lortzeko eskatzaileak alegatu dituen helbideak (eskatzailearen bizilekua edota aitaren, amaren, legezko tutorearen edo ikaslearen beraren lantokia).

c) Baremoko C atalari buruzko datuak.

– Eskatzaileak baldin badu ikastetxe eskatuan edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulaturiko neba-arrebarik, marka jarri beharko da dagokion laukian.

– Bestetik, eskatzaileak alegatzen badu bere aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxe eskatuan lan egiten duela, marka jarri beharko da dagokion laukian.

d) Baremoko D atalari buruzko datuak.

– Adierazi beharra dago eskatzailearen familia ugaria den ala ez. Haren familia ugaria baldin bada, zehaztu beharra dago familia ugari orokorra ala berezia den.

– Eskatzaileak minusbaliotasunik badu, marka jarri beharra dago dagokion laukian.

– Eskatzailearen aita, ama, legezko tutorea edo neba-arrebetakoren bat minusbaliatua bada, marka jarri beharko da dagokion laukian.

– Eskatzailearen familiako kideren bat baldin bada ikastetxe eskatuko bazkide kooperatibista, marka jarri beharko da dagokion laukian.

– Zehaztu beharra dago Eskola Kontseiluak edo ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak libreki zehazturiko irizpideetatik zein alegatzen dituen eskatzaileak, eta irizpide horien arabera eskatzaileari zer puntuazio dagokion.

Hamabosgarrena.– Eskatzaileak aurkeztu agiriak.

Marka bat jarriko da eskatzaileak entregatu agiri bakoitzari dagokion laukian.

Hamaseigarrena.– Eskabideetako datuak sartzeko epea.

2012ko maiatzaren 21eko 24:00ak baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek amaiera eman behar diote eskabideetako datuak sartzeari. Une horretara arte, ikastetxeek datu berriak sartu ahal izango dituzte aplikazio informatikoan, eta zuzendu ere bai.

ESKAERAK BAREMATZEA ETA PLAZAK ESLEITZEA

Hamazazpigarrena.– Eskabideak barematzea.

Maiatzaren 2tik aurrera, aplikazio informatikoaren bidez ikastetxeek aukera izango dute uneoro izateko maila, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen eskaeraren berri. Horrela, parada izango dute eskaeraren eta eskaintzaren banaketa alderatzeko, hau da, eranskin honetako bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren jarraibideetan ezarri prozeduraren arabera ikastetxeak zehaztu banaketa. Datu horiei esker, ikastetxeak –posible bada– eskaintzaren hasierako datuak alda ditzake eta hura benetan existitzen den eskaerari egokitu. Arestian zehaztu bezala, posible izango da aldaketa horiek egitea 2012ko maiatzaren 21eko 24:00ak arte.

Une horretatik aurrera, behin ikastetxeko eskaintzaren eta eskaeren datuak aldatzeko epea itxita, aplikazio informatikoak zehaztuko du maila bakoitzean aurkeztu eskabide guztiak onar daitezkeen ala ez. Onar badaitezke, ez da beharrezkoa izango eskabide aurkeztuen baremazioa gauzatzea.

Aitzitik, ezin badaitezke denak onartu, hau da, ikasturte zehatz bateko eskaerak eskaintza gainditzen badu, ikastetxeak barematu beharko ditu ikastetxean aurkeztu diren ikasturte jakin horretarako eskabide guzti-guztiak.

Horretarako, eskatzaileak aurkeztu agiriak aztertu ondotik, ikastetxeak eskatzaile bakoitzak alegatu baremazio-ingurabarrak egiaztatu edo, hala badagokio, aldatu beharko ditu «aplikazio informatikoaren baremazioa» izeneko atalean.

Baremoko B atalean, hots, etxebizitzaren edo lantokiaren gertutasunari buruzkoan, ikastetxeak marka bat jarri beharko du egoki akreditatu den eta eskatzaileari punturik gehien emango dion helbidearen laukian. Horrez gain, ikastetxeak zehaztu beharko du helbide hori bizilekuari edo lantokiari dagokion eta, baita ere, ikastetxea kokaturik dagoen influentzia-zonan, zona mugakidean edo udalerrian dagoen.

Baremazioaren gainerako ataletan ikastetxeak bere horretan utziko ditu eskatzaileak eskaera gauzatzeko unean alegatu dituen inguruabarrekin bat markatu diren laukiak, betiere, ikastetxeak egiaztatzen badu agiri emanek inguruabar horien egiazkotasuna erakusten dutela. Agiri emanek ez badute egiaztatzen inguruabar alegatutakoren bat, ikastetxeak egoki den aldaketa gauzatuko du dagokion baremazio-atalean.

Ikastetxeak ezin izango du aldatu eskatzailearen familia-unitatearen errentaren aitorpenari dagokion atala, betiere, eskatzaileak hezkuntza administrazioari baimena eman badio datu horiek dagokion Foru Ogasunean egiaztatzeko. Kasu horietan hezkuntza administrazioak aldatuko du baremazioaren atal aipatua, betiere, Ogasuneko datuek ez badute erakusten 2010. urteko errentaren aitorpeneko zerga-oinarri orokorra 42.000 eurotik gorakoa ez dela.

Bestetik, atal bakoitza barematzerakoan ikastetxeak aplikatu behar ditu agindu honetako II. eranskinaren zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren, hamabigarren eta hamahirugarren jarraibideetan ezarri baremazio-arauak.

Baremazioa gauzatu behar duten ikastetxe guztiek prozesu hori amaitu beharko dute 2012ko maiatzaren 31ko 24:00ak baino lehen.

Hemezortzigarrena.– Plazak esleitzea.

2012ko ekainaren 4a baino lehen, ikastetxeek abiaraziko dute Batxilergoko maila bakoitzeko plazak esleitzeko prozesua. Aplikazio informatikoak gauzatuko du aipatu prozesua. Horretarako, kontuan hartuko ditu sartu diren datu guztiak eta aplikatuko du indarreko arauetan ezarritakoa, betiere, jarraian azalduko dugun prozedurarekin bat etorriz.

Lehendabizi, aplikazio informatikoak eskabideak bananduko ditu ondoko irizpide hauek oinarri harturik:

a) Bi taldetan banatuko dira batxilergo zientifiko eta teknologikoan nahiz giza eta gizarte-zientzien batxilergoan ikasleak onartzeari eta ikasgai komunetan soilik matrikulatu nahi duten pertsonak hartzeari buruzko eskabideak. Talde batean sartuko dira ikastetxe atxikietatik datozen ikasleak, eta beste talde batean gainerako beste guztiak. Lehenengo taldeko eskaerek beti izango dute lehentasuna bigarren taldeko eskaeren gain.

Ondoren, aplikazio informatikoak eskaerak barematuko ditu –arestian aipatu bi taldeenak bakoitza bere aldetik– agindu honetako II. eranskinean ezarri baremoaren arabera, eta eskaerok ordenan jarriko ditu oinarri harturik, batetik, guztizko puntuazio lortua eta, bestetik, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren bidez ezarri berdinketak hausteko irizpideak. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ere baldin bada berdindurik dirauten eskatzailerik, ordenan jarriko dira, txikienetik handienera, eskabideari ausaz esleitu ordena-zenbakiaren arabera.

b) Eskaerak arte-batxilergoaren zeinahi ibilbidetan onartzeko, eskabide guztiak talde beraren barruan sartuko dira eta ordenan jarriko guztizko puntuazio lortuaren nahiz arestian aipatu berdinketa hausteko irizpideen arabera.

ONARTUEN ZERRENDAK, EZ ONARTUEN ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK

Hemeretzigarrena.– Onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.

Aplikazio informatikoak ikastetxeari ekarriko dizkio pertsona onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.

Baremaziorik egitea beharrezkoa izan ez den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordena alfabetikoan egongo da (lehen abizena, bigarren abizena eta izena).

Baremaziorik egitea beharrezkoa izan den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordenan egongo da, baremoko guztizko puntuen kopuruaren arabera, handienetik txikienera, eta berdinketa hausteko irizpide ezarriekin bat. Zerrenda horretan zehaztuko da pertsona bakoitzak baremoko atal nahiz azpiatal guztietan lortu duen puntuazioa, baita berdinketak hausteko ausaz esleitu zaion zenbakia ere.

Aplikazio informatikoak, halaber, zerrenda bat osatuko du ezein batxilergo motako eta hizkuntza-eredutako mailetan onartu ez diren pertsonekin. Zerrenda hori ordenan egongo da pertsona onartuen zerrendaren moduan, eta azken horretan jaso zehaztapenak edukiko ditu.

Ikastetxeek argitaratu beharko dituzten behin-behineko zerrenda horiek guztiak 2012ko ekainaren 4an, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.

Hogeigarrena.– Erreklamazioak aurkeztea.

Eskatzaile batek erreklamazio bat aurkeztu duenean, ikastetxeak pertsona interesdunaren fitxara joko du, «Erreklamazioak» pantaila zabalduko du, eta bertan sartuko ditu, batetik, baremoko atala edo atalak zeinaren edo zeinen kontra eskatzaileak erreklamazioa aurkeztu duen eta, bestetik, kexa aurkeztu duen pertsonak aurkeztu dituen agiriak. Jarraian, ikastetxeak erreklamazio aurkeztuaren kopia bat inprimatuko du, sinatuko du eta kexa aurkeztu duen pertsonari entregatuko dio.

Hogeita batgarrena.– Erreklamazioak ebaztea.

Ikastetxeak erreklamazio aurkeztu guztiak ebatzi beharko ditu 2012ko ekainaren 11a baino lehen.

Horretarako, jo beharko du kexa aurkeztu duen pertsonari dagokion aplikazio informatikoko «Erreklamazioak ebaztea» pantailara. Pantaila horretan agertuko dira baremoko atalak zeinen kontra erreklamazioa egin den. Ikastetxeak erreklamazioa baztertu edo onartu beharko du, guztiz ala partzialki. Horrela, kasu bakoitzean, markak jarri beharko ditu aplikazio informatikoko lauki egokietan eta, hala badagokio, aldatu beharko du baremoko atal edo azpiatal aipatuko behin-behineko puntuazioa.

Erreklamazioa guztiz edo partzialki onartzen bada, aldatuko da erreklamazioa egin duen pertsonari dagokion baremoko puntuazioa.

Hogeita bigarrena.– Onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak.

Aplikazio informatikoak ikastetxeari ekarriko dizkio pertsona onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak. Zerrenda horiek ordenan egongo dira behin-behineko zerrenden modu berean eta jasoko dituzte azken horien zehaztapen berberak.

Ikastetxeek argitaratu beharko dituzte behin betiko zerrenda horiek guztiak 2012ko ekainaren 11an, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.

ONARTUAK IZAN EZ DIREN PERTSONEI PLAZA ESLEITZEA

Hogeita hirugarrena.– Onartuak izan ez diren pertsonei plaza esleitzea.

Ekainaren 18a baino lehen, aplikazio informatikoak bete gabeko plazak esleituko ditu lehenengo aukera bezala hautatutako ikastetxean onartu ez dituztenentzat. Plazak pertsona horiek bigarren edo hirugarren aukera bezala aukeratu dituzten ikastetxeetan esleituko dira, baldin eta ikastetxeotan bete gabeko plazarik balego.

Hogeita laugarrena.– Onartuak izan ez diren pertsonei esleitu plazen zerrendak.

Aplikazio informatikoak zerrenda hauek ekarriko dizkio ikastetxe bakoitzari:

a) Ikastetxea lehen aukera moduan jarri, onartuak izan ez eta hezkuntza administrazioak beste ikastetxe batean plaza esleitu dien pertsonen zerrenda. Zerrendan zehaztuko da pertsona horietako bakoitzari zer ikastetxetan, mailatan, modalitatetan eta hizkuntza-eredutan esleitu zaion plaza.

b) Beste ikastetxe bat lehen aukera moduan jarri, onartuak izan ez eta hezkuntza administrazioak ikastetxe honetan plaza esleitu dien pertsonen zerrenda. Zerrendan zehaztuko da pertsona horietako bakoitzari zer mailatan, modalitatetan eta hizkuntza-eredutan esleitu zaion plaza.

Ikastetxeek bi zerrenda horiek argitaratu beharko dituzte 2012ko ekainaren 18an, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.

MATRIKULA FORMALIZATZEA

Hogeita bosgarrena.– Matrikula formalizatzea.

Ohiko epean nahiz epe hori amaitu ondoren gauzatzen diren matrikulazio guztiak egin beharko dira Batxilergorako aplikazio informatiko espezifikoaren bidez, aplikazio horretan sartu beharko direlarik pertsona matrikulatuaren datu guztiak eta haren matrikularen baieztapena.

Matrikulatuko den pertsona ez bada ageri aplikazioaren datu-basean, ikastetxeak erregistro berria ireki beharko du pertsona horrentzat, eta sartu beharko ditu, lehenik, haren datu pertsonalak eta, ondoren, matrikulazioari dagozkion datuak.

Gehien-gehienetan, matrikulatuko den pertsona aplikazio informatikoaren datu-basean ageriko da, bai sartzeko eskabidea aurretiaz egin duelako, bai 2011-2012 ikasturtean ikastetxean edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste ikastetxeren batean matrikulatua egon delako. Kasu horretan, sartu ahal izango dira soilik matrikulazioari buruzko datuak, hau da:

– Zer ikasturterako egin duen matrikula.

– Egingo duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa edo alemana).

– Erlijio ikasgaia egin nahi duen ala ez. Erlijioa ikasi nahi badu, lau hauetako bat aukeratu beharko du: katolikoa, ebanjelikoa, islamikoa edo judua.

– Hizkuntza-eredua (A, D, hiru hizkuntzakoa ingelesarekin edo hiru hizkuntzakoa frantsesarekin).

– Zehaztu beharra dago matrikula egin duen pertsonak maila errepikatuko duen ala ez (Bai edo Ez). Maila errepikatuko badu, zehaztu beharra dago ikasgai guztiak berriz egingo dituen edo gainditu ez dituen ikasgaietan soilik matrikulatuko den. Ikasleak ikasgai guztiak egin nahi baditu, zehaztu beharra dago aurretiaz lortu dituen kalifikazioei uko egiten dien edo, bestela ere, gainditu dituen ikasgaietako kalifikazioak gorde eta, ikasturte berrian kalifikazio hobea lortuz gero, azken horrekin geratu nahi duen.

– Matrikulatzen den batxilergo mota zehaztu beharra dago (zientziak eta teknologia; giza eta gizarte zientziak; artea: arte plastikoen, diseinuaren eta irudiaren ibilbidea ala arte eszenikoen, musikaren eta dantzaren ibilbidea). Aurreko horiei gehitu behar diegu musika eta dantzako Lanbide Heziketan ikasten ari diren pertsonek aukera dutela Batxilergoan matrikulatzeko mota zehatzik hautatu gabe, Batxilergoko ikasgai komunak soilik eginez.

– Zehaztu beharra dago, baita ere, ikaslea zer irakasgaien bloketan matrikulatzen den, eranskin honetako zortzigarren arauan xedaturikoa aplikatuz irakasgaien bloke aipatuak zehaztu dituzten ikastetxeen kasuan soilik. Irakasgaien blokea markatuz gero, pertsona automatikoki matrikulaturik egongo da bloke horretako ikasgai guztietan, eta ez da beharrezkoa izango banan-banan markatzea.

– Zehaztu behar dira ikaslea matrikulatu den ikasgai guzti-guztiak (komunak, modalitatekoak eta hautazkoa). Mailako ikasgai guztietan matrikulatuko diren pertsonak automatikoki matrikulatuko dira ikasgai komun guztietan, eta ez dira banan-banan markatu behar.

Hautazko ikasgai bat markatzeko, aurretiaz zehaztu beharra dago hautazko ikasgai hori pertsonak egingo duen modalitateko ikasgaia den –ikasleak hautagai moduan egingo duena– edo, aitzitik, hautazko ikasgaia den. Ondoren, ikasgai aipatua markatu beharra dago aplikazio informatikoak ekarriko duen ikasgai-zerrendan.

Aplikazio informatikoak modalitateko ikasgai moduan ekarriko ditu ikastetxean ematen diren edozein modalitateko ikasgaiak, eta hautazko moduan ekarriko ditu –aipatu berri ditugunez gain– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduan hautazko moduan definitzen diren ikasgaiak (hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan eman daitezkeenak). Zerrenda horretan agertuko dira, baita ere, ikastetxeak aurretiaz eskatuta berariaz baimendu zaizkion ikasgaiak. Baimenak ikasturtero eskatu behar dira, hautazko ikasgaia ikasturte zehatz batean emateko baimenak ez baitu balio hurrengo ikasturterako.

– Zehaztu beharra dago ikasleak ikastetxean bertan edo urrutiko ikaskuntzaren bidez gauzatuko dituen matrikulatu modalitateko ikasgai eta hautazko ikasgai guztiak. Azken aukera hori posible da soilik ikasleak ikasgai batean matrikulatu nahi badu eta ikastetxeak ezin badu eskaini, dela antolakuntzaren eraginez, dela dagokion taldea osatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua bildu ez duelako. Ikasleei ez zaie baimenik emango urrutiko modalitatean matrikulatzeko ikastetxean ematen den ikasgai batean.

– Batxilergoko 2. mailako ikasleen matrikuletan zehaztu behar dira, hala badagokio, gainditzeke dituzten 1. mailako ikasgai matrikulatu berriak.

Hogeita seigarrena.– Agiri emanak.

Ikastetxeak, halaber, aplikazio informatikoan jaso beharko du matrikula gauzatzean pertsona bakoitzak entregatu dituen agiriak.

Hogeita zazpigarrena.– Matrikula baieztatzea.

Behin datu guztiak matrikulan sarturik, ikastetxeak matrikula gordeko du. Ondoren, aplikazio informatikoak osatuko duen agiria inprimatu eta ikasleari emango dio.

Hasierako matrikulan aldaketarik egitekotan, aldaketa horiek aplikazio informatikoan jaso beharko dira berehala. Eta ikasleari eman beharko zaio behin betiko matrikularen egiaztagiri berria.

Hogeita zortzigarrena.– Batxilergoko ikasleen matrikulazioari buruzko datuak sartzea ikastetxe pribatu ez itunduetan.

Batxilergoa eskaintzen duten ikastetxe pribatu ez itunduak ez daude derrigorturik hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera ikasleak hartzeko prozesuan.

Nolanahi ere, ikastetxe aipatuek aplikazio informatiko horretan sartu beharko dituzte ikastetxean Batxilergoko lehenengo nahiz bigarren mailan matrikulatu ikasleen datuak. Datu horiek sartzeko epea 2012ko irailaren 30ean amaituko da.

MATRIKULA EZEZTATZEA

Hogeita bederatzigarrena.– Matrikula ezeztatzea.

Matrikula ezabatzeko eskabide bat onartuz gero, ikastetxeak egoera hori jaso beharko du aplikazio informatikoan. Kudeaketa-lan hori egiteko epea 2013ko maiatzaren 7an bukatuko da.

DATU ESTATISTIKOAK GORDETZEA

Hogeita hamargarrena.– Datu estatistikoak gordetzea.

Agindu honetako 11. artikuluan xedatu bezala, ikastetxeek 2012ko uztailaren 6a arteko epea –azken egun hori barne– izango dute dagokion aplikazio informatikoan gordetzeko Batxilergoko matrikulazioari buruzko datu globalak, matrikulazioaren ohiko epeari dagozkionak.

Halaber, irailean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Unitateek adierazi epean, Batxilergoko matrikulazioari buruzko behin betiko datuak gorde beharko dituzte aplikazio informatiko aipatuan.

VII. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXE PUBLIKO ETA ITUNDUETAN 2012-2013 IKASTURTEAN GOI EDO ERDI-MAILAKO HEZKUNTZA ZIKLOETAN IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO INFORMATIKA PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDE OSAGARRIAK.

PROZEDURA INFORMATIKOAREN DERRIGORREZKOTASUNA

Lehenengoa.– Agindu honen 12. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, informatika-prozedura berezi baten bidez onartuko dira ikasleak 2012-2013 ikasturtean erdi– eta goi-mailako Hezkuntza Zikloetan. Prozedura hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diseinatu du, baina ohiko prozedurari jarraituko zaio eskabideak barematzeko eta plazak esleitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatuek informatika-aplikazio hori erabili beharko dute 2012-2013 ikasturtean erdi– edo goi-mailako Hezkuntza Ziklorik eman behar badute. Horretarako, bai jarraibide hauek adierazitakoa, bai indarrean dagoen legedia bete beharko dute ikastetxeek.

Ikastetxeek informatika-aplikazio horretan sartutako datuek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Heziketa Zikloetako ikasleei buruzko informazio-iturri ofizial bakarra. Ikasleei buruzko agiri edota ziurtagiri ofizialak egiteko –hala nola aktak, titulu ofizialak eta antzeko dokumentuak–, aplikazio horretan jasotako datuak soilik erabiliko dira.

IKASTETXE, HEZKUNTZA ZIKLO, TXANDA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZAREN PLAZA ESKAINTZA ZEHAZTEA

Bigarrena.– 2012-2013 ikasturterako eskainitako Hezkuntza Ziklo guztiak informatika-aplikazioan sartuko dituzte ikastetxe itundu guztiek, eta dagokien hizkuntza-eredua eta txanda adieraziko dute. Hezkuntza-administrazioak sartuko ditu ikastetxe publikoen eskaintzaren datuak. Kasu bietan, datu horiek sartzeko epea maiatzaren 21eko 24:00etan bukatuko da. Une horretatik aurrera, ikastetxe itunduek ezin izango dute sartutako daturik aldatu.

Jarraian, informatika-aplikazioak emango dien akta inprimatuko dute ikastetxe itunduek. Han, ikastetxeak 2012-2013 ikasturterako eskainitako Hezkuntza Ziklo guztiak jasoko dira, bakoitzari dagozkion hizkuntza-eredu eta txandekin. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako atalera bidaliko du.

Hirugarrena.– Ikastetxe publiko edota itundu batek informatika-aplikazioko datuetan ikastetxeak eskaintzen dituen zikloei buruzko informazioan akatsik antzemanez gero, berehala jakinarazi beharko dio Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako arduradunari (maiatzaren 24 arte, egun hori barne), eta hark aurkeztutako erreklamazioa egiaztatuko du; akatsa zuzendu, eta dagokion ikastetxeari jakinaraziko dio.

Laugarrena.– Maiatzaren 25erako, beren Lurralde Historikoko ikastetxe guztiek sartutako datu guztiak berrikusiko dituzte Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Lanbide Heziketako arduradunek; haiek zuzenduko dituzte ikastetxe bakoitzari baimendu zaionarekin bat ez datozen datuak, eta zuzenketa horien berri emango diote dagokion ikastetxeari.

Maiatzaren 25eko 14:00ak baino lehen, fase horretan sartutako datuak berrikusteari amaiera emango diote Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Lanbide Heziketako arduradunek. Hortik aurrera ezin izango da inola ere aldatu eskaintzaren daturik.

Bosgarrena.– Heziketa Ziklo bat ematen duten ikastetxe pribatu guztiek (itunpekoek eta ez-itunpekoek) sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako eskaintzaren datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2012ko maiatzaren 21ean bukatuko da.

EDOZEIN HEZIKETA ZIKLOTAN ONARTZEKO ESKABIDEA

Seigarrena.– Eskatzaileak edo bere eskaera jasotzen duen ikastetxeak aplikazio informatikoan sartu beharreko ditu, nahitaez, ondoko datu hauek:

a) Eskatzailearen datuak.

b) Egiten dituen eskaera guztiak, lehentasunen arabera ordenatuta.

Eskaera ikastetxe aukeratuan egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Behin eskabideko datu guztiak sartuta eta dagokion dokumentazioa jasota, dagokion inprimakia –datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako agiriei buruzko informazioa jasotzen duena– erakutsiko dio ikastetxeak eskatzaileari.

Sartutako datuak aztertuko ditu eskatzaileak eta, onartzen baditu, inprimakia sinatuko du. Sinatutako inprimaki horri zigilua jarriko dio ikastetxeak, eta aurretik sartutako datuak gordeko ditu.

Zazpigarrena.– Ekainaren 27ko 24:00ak baino lehenago, fase horretako datuak sartzeari amaiera emango dio ikastetxeak. Une horretatik aurrera, ikastetxeak ezin izango ditu aldatu datu horiek.

Halaber, informatika-aplikazioak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak. Han, ikastetxean aurkeztutako eskabideen zerrenda agertuko da. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako atalera bidaliko du.

ESKABIDEAK BAREMATZEA ETA PLAZAK ESLEITZEA

Zortzigarrena.– Prozedura honetan erabilitako informatika-aplikazioaren bidez, ikastetxeak jakingo du nork eskatu duen ikastetxe hori lehenengo, bigarren edo hirugarren tokian.

Ikastetxe bakoitzak barematuko ditu ikastetxea lehenengo aukeratzat eskatu duten ikasleen eskabideak, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu.

MATRIKULA FORMALIZATZEA

Bederatzigarrena.– Ohiko epean nahiz epe hori amaitu ondoren gauzatzen diren matrikulazio guztiak egin beharko dira Lanbide Heziketarako aplikazio informatiko espezifikoaren bidez, aplikazio horretan sartu beharko direlarik pertsona matrikulatuaren datu guztiak eta haren matrikularen baieztapena.

Uztailaren 13a arte, egun hori barne, ikastetxeek estatistika-datuak jasotzeko erabiltzen duten informatika-aplikazioan grabatu beharko dituzte matrikulazio-epe arrunteko datu orokorrak.

Uztailaren 27rako, egun hori barne, ikastetxeek estatistika-datuak jasotzeko erabiltzen duten informatika-aplikazioan grabatu beharko dituzte ezohiko matrikulazio-epeko datu orokorrak.

Halaber, uztailaren 27a baino lehen, Hezkuntza Zikloetako berariazko informatika-aplikazioan gorde beharko dute benetan matrikula egin duten ikasle guzti-guztien matrikularen berrestea.

ONARTZE-PROZESUA BETE BEHAR EZ DUTEN HEZKUNTZA ZIKLOETAKO IKASLEEN DATUAK GORDETZEA ETA IKASLEAK MATRIKULATZEA

Hamargarrena.– Xedatutako epez kanpoko matrikulazioak egiten direnean, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte matrikulatutako ikaslearen datuak eta matrikularen berrestea, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan.

Ikastetxe bakoitzeko Hezkuntza Zikloetako ikasle guztien datuak gorde eta matrikulak berresteko prozesua 2012ko irailaren 30ean burutu behar da.

Halaber, Heziketa Zikloren bat ematen duten ez-itunpeko ikastetxe pribatu guztiek sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako edozein mailatan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2012ko irailaren 30ean bukatuko da.

VIII. ERANSKINA
IKASLEAK ERDI– EDO GOI-MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAN, 2012-2013 IKASTURTEAN, URRUTIKO MODALITATE TELEMATIKOAN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO URRUTIKO LANBIDE HEZIKETAKO INSTITUTUAN ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDE OSAGARRIAK.

PROZEDURA INFORMATIKOAREN DERRIGORREZKOTASUNA

Lehenengoa.– Agindu honen 12. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, informatika-prozedura berezi baten bidez onartuko dira ikasleak 2012-2013 ikasturtean erdi– eta goi-mailako heziketa-zikloetan. Prozedura hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diseinatu du, baina ohiko prozedurari jarraituko zaio eskabideak barematzeko eta plazak esleitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak informatika-aplikazio hori erabili behar du derrigorrez, jarraibide hauetan eta indarrean den gainerako araudian ezarritako baldintzetan.

Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak informatika-aplikazio horretan sartutako datuek osatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Heziketa Zikloetako ikasleei buruzko informazio-iturri ofizial bakarra. Ikasleei buruzko agiri edota ziurtagiri ofizialak egiteko –hala nola aktak, titulu ofizialak eta antzeko dokumentuak–, aplikazio horretan jasotako datuak soilik erabiliko dira.

URRUTIKO LANBIDE HEZIKETAKO INSTITUTUKO PLAZA ESKAINTZA DEFINITZEA

Bigarrena.– Hezkuntza-administrazioak sartuko ditu eskaintza baimenduaren datuak, heziketa ziklo eta hizkuntza eredu bakoitzean.

URRUTIKO MODALITATE TELEMATIKOKO EDOZEIN HEZIKETA ZIKLOTAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

Hirugarrena.– Eskatzaileak edo Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak derrigorrez sartu beharko ditu informatika-aplikazioan datu hauek:

a) Eskatzailearen datu pertsonalak.

b) Eskatzaileak egiten dituen eskaera guztiak, lehentasun-hurrenkeran.

Eskaera Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria, eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte Institutuko langileek. Horrez gain, Institutuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Eskabideko datuak sartu eta dagozkion agiriak entregatu eta gero, inprimaki bat –datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako agiriei buruzko informazioa jasotzen duena– erakutsiko dio Institutuak eskatzaileari.

Eskatzaileak sartutako datuak aztertuko ditu eta, datuak zuzen direla baderitzo, inprimakia sinatuko du. Institutuak zigilua jarriko du inprimaki sinatuan, eta aurretiaz sartu dituen datuak grabatuko ditu.

Laugarrena.– Ekainaren 30eko 24:00ak baino lehen, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak fase horretako datuak sartzeari amaiera emango dio. Une horretatik aurrera, ezin izango ditu datu horiek aldatu.

ESKAERAK BAREMATZEA ETA PLAZAK ESLEITZEA

Bosgarrena.– Prozedura honetan erabilitako informatika-aplikazioak aukera emango dio Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuari prozesu horretan nork eta zer modulutan parte hartu duen jakiteko.

Institutuak barematuko ditu eskabideak, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu.

MATRIKULA FORMALIZATZEA

Seigarrena.– Ohiko epean nahiz epe hori amaitu ondoren gauzatzen diren matrikulazio guztiak egin beharko dira Lanbide Heziketarako aplikazio informatiko espezifikoaren bidez, aplikazio horretan sartu beharko direlarik pertsona matrikulatuaren datu guztiak eta haren matrikularen baieztapena.

Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak aurrematrikulak eta matrikulak egiteko informatika-aplikazioan grabatu beharko ditu matrikula-aldi arrunteko datu orokorrak, eta horretarako, uztailaren 27a arteko epea izango du, egun hori barne.

Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak aurrematrikulak eta matrikulak egiteko informatika-aplikazioan grabatu beharko ditu aparteko matrikula-aldiko datu orokorrak, eta horretarako, Irailaren 14ra arteko epea izango du, egun hori barne.

Halaber, irailaren 17a baino lehen, heziketa-zikloetako berariazko informatika-aplikazioan gorde beharko dute benetan matrikula egin duten ikasle guzti-guztien matrikularen berrestea.

ONARTZE PROZESUA BETE BEHAR EZ DUTEN HEZIKETA ZIKLOETAKO URRUTIKO MODALITATE TELEMATIKOKO IKASLEEN DATUAK GORDETZEA ETA IKASLEAK MATRIKULATZEA

Zazpigarrena.– Xedatutako epez kanpoko matrikulazioak egiten direnean, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak berehala sartu beharko ditu matrikulatutako ikaslearen datuak eta matrikularen berrestea, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan.

Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuko heziketa-zikloetako ikasle guztien datuak gordetzeko eta matrikulak berresteko prozesua 2012ko irailaren 30a baino lehen burutu behar da.

2012ko irailaren 30aren ondoren, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuak ezingo du ikasle berririk matrikulatu, hori justifikatzen duten ezohiko kasuetan izan ezik, hala nola helbidea aldatzeagatik matrikula lekualdatzea, bat-bateko langabezia-egoera eta behar bezala egiaztatutako antzeko kasuak.


Azterketa dokumentala