Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2012ko apirilaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
1681

AGINDUA, 2012ko apirilaren 10ekoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, zeinen bidez arautzen baitira unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten Gazteek Atzerriko Enpresetan eta Erakundeetan Praktikak egin ahal izateko «Global Training» deituriko Beken programa abian jartzeko ahalmena duten erakundeentzako laguntzak.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ekonomia irekiaren eremuan proposatutako etorkizuneko erronkei irtenbideak aurkitzeko helburua du, eta Euskadiko gazteen gaitasunak, jakintza, prestakuntza eta mugikortasuna garatzeari lotutako jardunak prestatu behar direla ikusi du; horretarako, gazte horiek trebatu egin behar dira lan-merkatuan sar daitezen.

Hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta solidarioa lortzeko 2020ko Europako Estrategia garatzeko eta Euskadiko ekonomiaren nazioartekotzeari bultzada emateko gehiago eta hobeto prestatuta dauden gazteak beharko dira gizarte iraunkor bat lortzeko, non independentzia ekonomikoa baliokidea izango den emakumeentzat eta gizonentzat, Europako Batzordeak bere dokumentuan, hots, 2010eko martxoaren 5ean onartu zen dokumentuan, biltzen denaren arabera. Ildo horretan, kalkulatzen da 2020. urterako EBko lanpostu guztien % 35erako goi-mailako prestakuntzak beharko direla eta gaitasunak batez ere hezkuntza ez-formalaren bitartez eskuratuko direla, bereziki nazioarteko mugikortasuna, boluntarioak, laneko ingurune errealetan ikaskuntza praktikoa gauzatzea eta gazteriaren partaidetza aktiboa azpimarratuz.

Horretarako, proposatzen da «Global Training» deituriko beken programa bat abiaraztea, unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako gazteek atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egin ahal izateko. Programa horrek EAEko gazteen nazioz haraindiko mugikortasuna bultzatuko du gazte horiek beren ikasketa- eta lanbide-profilarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egiteko atzerriko herrialdeetako enpresetan eta erakundeetan, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan batekin.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea «Global Training» Beken programa garatzeko gaitutako erakundeentzako laguntzak arautzea da. Beka horien oinarriak eranskinean jasotzen dira, eta horien helburua da unibertsitate-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteen prestakuntza praktikoa atzerriko enpresetan eta erakundeetan gauzatzea da.

2.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

3.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak prozedura berean emango dira, urteko deialdiaren Ebazpena argitaratzean hasiko dena, eta denbora eta modu egokian eranskinean ezarritako baldintzak biltzen dituzten erakundeei emango zaie, 4. artikuluan jasotako gehieneko zenbatekoak errespetatuz. Deialdian esleitutako baliabide ekonomikoetarako zuzkidura arestian adierazitakoari jarraikiz kalkulatutako laguntzen guztizko zenbatekoa estaltzeko nahikoa ez bada, laguntza horiek bakoitzarentzat kalkulatutako zenbatekoaren arabera emango dira. Bestela, dagozkion zenbatekoen murrizketa lineal bat egingo da zuzkidura hori laguntza guztiak estaltzeko nahikoa den arte; kasu horretan, erakunde onuradun bakoitzarentzat finantzatutako beken kopuruan murrizketa baliokide bat egingo da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan zehaztutako xedeetarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko izendatutako diru-kopurua edo hori eguneratzearen ondoriozko kopurua, betiere indarreko legerian aurreikusitako kredituak lortzeko edo aldatzeko erregimenari jarraikiz.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridiko pribatuek eta Unibertsitate Publikoek eskuratu ahal izango dituzte:

a) Legeen arabera eratuta eta dagokion erregistroan erregistratuta egotea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino gutxienez bi urte lehenagotik.

b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea pertsonak, batez ere gazteak, hainbat eremutan (hala nola enpresetan sartzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren gaitasunei lotutako prestakuntzan) prestatzera bideratutako proiektuak eta jarduerak egiten; era berean, nazioarteko mugikortasun-programetan esperientzia izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan lantoki bat izatea.

d) Nazioarteko sareren bateko kide izatea, edo antzeko ezaugarriak dituzten eta Euskadiko gazteek praktikak egingo dituzten enpresak edo erakundeak identifikatzea ahalbidetuko duten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo -akordioak sinatu izana.

e) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Ildo horretan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ofizioz egiaztatuko du aipaturiko betebeharrak betetzen ote diren.

f) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea eta hartarako ezgaitzen duen legezko ezein debekuren eraginpean ez egotea (sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne), Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko Seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

g) Global Training Beken programa garatzeko proiektu bat aurkeztea, agindu honen 7.3 artikuluan eta eranskinean ezarritakoaren arabera.

2.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduerak eta gastuak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartzen dira bekadunei aldez aurreko prestakuntzaren deialdia egitea, zabaltzea, hautatzea eta ematea, eta beka kudeatu eta jarraitzea guztiz garatzen den arte.

Hautaketa-prozesua deialdiaren urteko hirugarren hiruhilekoa baino lehen amaitu beharko da.

2.– Diruz laguntzeko moduko gastuak honako hauek dira:

– Beka bakoitzari hasiera ematen dion prestakuntza espezifikoa emateko antolatutako ikastaroen ondoriozko gastuak. Aipatutako ikastaroek, agindu honetako eranskinean ezartzen denaren arabera, 40 ordutik 60 ordura bitarteko iraupena izango dute, eta agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako Deialdirako Ebazpenetan zehaztuko den oinarrizko programa batera egokituko dira. Gastu horiek finantzatzeko laguntzek ezin izango dute 500 euroko zenbatekoa gainditu bekadun bakoitzeko.

– Beka bakoitzaren zuzkidura betetzearen ondoriozko gastuak, agindu honen eranskinean ezartzen denaren arabera, helmugako herrialdeen, praktiken iraupenaren eta erakunde bakoitzak iragarri beharreko beka kopuruaren araberakoak izango dira, betiere zuzkidura-zenbatekoak praktika gauzatuko den herrialdea eta hilabetea kontuan hartuta. Aipatutako zenbatekoak agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako Deialdirako Ebazpenetan argitaratuko dira.

– Aseguru-polizen ondoriozko gastuak, agindu honen eranskinean ezartzen denaren arabera, erakunde onuradunak sinatu beharko ditu bekadun bakoitzak aseguru bat izateko, gaixotasun- eta istripu-arriskuak ez ezik, aberriratze-gastuak eta hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estaliko dituena. Gastu horiek finantzatzeko laguntzek ezin izango dute 400 euroko zenbatekoa gainditu bekadun bakoitzeko.

– Erakunde onuradunek Global Training Beken programa abiarazteak, horren kudeaketak, administrazioak, komunikazioak eta publizitateak eragindako gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzek ezin izango dute 1.000 euroko zenbatekoa gainditu emandako beka bakoitzeko.

5. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira gainerako erakunde edo organismoek helburu berarekin emandako edozein laguntzarekin.

2.– Aurreko idatzi-zatian xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu laguntza hau emateko programaren garapenaren kostu garbia, laguntza bakoitzarenak edo beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera, eta diruz lagundutako jardun berberetarako bestelako edozein diru-sarrera edo baliabide ere kontuan izanik. Zenbateko hori gaindituz gero, soberakinari dagokion kopururaino murriztuko da agindu honi jarraikiz emandako laguntza.

6. artikulua.– Deialdia.

Hemen araututako laguntzen deialdia urtero egingo da nazioartekotzearen arloan eskumena duen sailburuaren ebazpenaren bitartez, eta bertan zehaztuko dira ekitaldi horretako laguntzak emateko esleitu den zuzkidura orokorraren zenbatekoa, bekak lortzeko hautagaien prestakuntzarako oinarrizko programa, zenbatekoak, helmuga-herrialdearen eta hilekoaren arabera egituratuak, emandako laguntzaren kargura finantzatuko diren beken zuzkidura, eta eskabideak aurkezteko epeak eta tokiak.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren arabera.

Eskabidea Euskadi.net-en (https://www.euskadi.net/) egoitza elektronikoaren bitartez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, laguntzetarako deialdia Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez argitaratu ostean. Eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Espedienterako sarbidea eta gainerako izapideak http://www.euskadi.net/misgestiones helbidearen bidez ere gauzatu ahal izango dira.

Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen baimendutako sinadura elektronikoaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da eskabidearekin batera, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aurreko aukeraren alternatiba gisa, ez bada sinadura digitala erabili nahi, eskabideak informatikoki http://www.industria.ejgv.euskadi.net webgunean bete eta grabatu ondoren, inprimatu eta erakunde eskatzailea ordezteko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuta Berrikuntza eta Teknologia Zuzendaritzara igorri beharko dira, eta horren ondoren, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Historiko bakoitzeko Lurralde Ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Zuzenean) edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein tokitan aurkeztuko dira, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.

Kasu horretan, erakunde interesdunak lehentasunezkoa dela adierazi duenean edo esanbidez bitarteko hori erabiltzea baimendu duenean soilik egingo dira jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez.

2.– Eskabideekin batera, honako oinarrizko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, eskatzailea aitortutako ziurtagiri batekin identifikatzen denean izan ezik.

b) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskalaren txartelaren fotokopia eta eraketa-eskritura, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada; kasu horretan, aipatutako dokumentazioa baimendutako ziurtagirian bertan inplizituki jasota dago.

c) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada.

d) Agindu honen 3.1.b) artikuluan eskatzen den esperientzia egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Jarduera Ekonomikoen Zergaren alta eta bajen ziurtagiriaren kopia, edo enpresa gaur egun zerga horren bidezko epigrafean alta emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Global Training Beken programa garatzeko proiektua, honako hauek bildu beharko dituena:

– Deialdirako proposatzen dituen eta agindu honen eranskinean aurreikusitako baldintzekin bat datozen Global Training beken kopurua –gutxienez 40 eta gehienez 100–, betiere aurrekontu-zuzkidura nahikoa ez izateagatik beken azken kopurua txikiagoa ez bada, harrera-herrialdeak eta enpresa-sektoreak.

– Hautatutako gazteei emango zaien prestakuntza-plana, gazte horiek praktikak egingo dituzten enpresan edo erakundean sartu aurretik emango zaiena. Prestakuntza Plan horretan ikastaroak bilduko dira nahitaez. Ikastaro horiek 40 ordutik 60 ordura bitarteko iraupena izango dute, eta agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako Deialdirako urteko Ebazpenetan zehaztuko den oinarrizko programara egokituko dira.

– Egin beharreko ekintzen kronograma, proiektua deialdiaren arabera garatuko dela bermatuko duena.

– Proiektuan bildutako ekintzen garapenaren aurrekontu osoa.

– Erakunde eskatzaileak proiektua garatzera bideratuta dituen eta haren bideragarritasuna bermatzen duten giza baliabideak, baliabide materialak eta/edo berdintasunaren alorrean duen esperientzia edo ibilbidea.

– Erakunde juridikoko pertsonen Curriculum Vitae-a, proiektuaren garapenean sartuta daudenena; pertsona horien egokitasuna eta lortu nahi den helburuarekin bat datozela agerian uzten duena.

3.– Jadanik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Eskatzaileak dokumentazio hori dagoeneko aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu den aipatutako dokumentazioa, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatzi-zatian ezarritako baldintzei jarraikiz.

4.– Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aurkeztu ahal izango dute eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak datuak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ondorio berberetarako aplika daitekeen gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatzeko konpromisoa hartu du.

8. artikulua.– Zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean Nazioartekotze Zuzendaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat dagoela ikusten badu, enpresa eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, ebazpena emango da eskatzaileak eskabidean atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebaluazioa.

1.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta eskabide hori behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari.

2.– Nazioartekotzearen arloan eskumena duen Zuzendaritza horren zerbitzu teknikoek, eskabideak aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena helaraziko diote Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotzeko zuzendariari, eta esanbidezko adierazpena egingo du eskatutako diru-laguntza emateari edo ukatzeari dagokionez. Halaber, hala badagokio, diru-laguntzaren zenbatekoaren eta onartutako proiektuaren zenbatekoaren berri emango du.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua, eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi bakoitzean aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena nazioartekotzearen arloan eskumena duen Zuzendaritzaren titularrari dagokio, betiere zerbitzu teknikoen proposamenaren arabera, eta erakunde interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.

2.– Hartzen den ebazpenak zehatuko du eskatutako diru-laguntzak ematen diren ala ez, eta ematen badira, diru-laguntza bakoitzaren kasuan honako datu hauek adieraziko dira: erakunde onuradunaren izen soziala, Global Training beken proiektu onartuaren zenbatekoa, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta horren banaketa diruz laguntzeko moduko gastu-kontzeptuen arabera, 3. artikuluan biltzen diren tipologiei jarraikiz, eta kontzeptu bakoitzarengatik aplikatu beharreko zenbatekoa zehatuta, baita finantzatzen diren beken kopurua ere. Ukatutako eskabideen kasuan, eskatzaileen izen soziala eta ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Aurreko paragrafoan erreferentzia egiten den Ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote horren aurka nazioartekotzearen arloko eskumena duen Sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat etorriz.

4.– Hartutako ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, betiere alde batera utzi gabe, oro har jakinarazia izateko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen zerrenda argitaratuko dela, emandako laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako proiektua adierazita.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren Ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik adierazten ez bada, eskaera ukatu dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Nazioartekotzearen arloan eskumena duen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan xedatutako betebeharrez gain, laguntza hauek jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, laguntzak emateko jakinarazpen-egunetik zenbatzen hasita egutegiko 15 eguneko epean erakunde eskatzaileek laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badiote, laguntza behin betiko onartzen dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza eman den helburu jakin horretarako erabiltzea.

3.– «Global Training» Bekak lortzeko deialdia egitea agindu honen eranskinean azaltzen diren ezaugarriekin, eta ematen dituen beka guztiak kudeatzea, hautaketa-prozesutik hasita praktikak amaitu arte.

Global Training Beken berri emateko elementu guztietan, hau da, web-orrietan, prentsako edo aldizkarietako iragarkietan eta abarretan ez ezik, deialdia egiteko, hautatzeko, emateko eta jarraipena egiteko dokumentu guztietan ere Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren logoa azalduko da derrigorrez, baita Global Training beka-programa identifikatzeko logoa ere.

Horrez gain, aipatutako elementuen eta dokumentuen testuetan esanbidez adierazi beharko da, behar adina aldiz, Beka horiek Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ekimena direla.

4.– Hala badagokio, erakunde espezializatuekin lankidetza-hitzarmenak lortzea, aurretiko prestakuntza-ikastaroak antolatzeko.

5.– Atzerriko praktikak garatuko diren enpresekin eta erakundeekin lankidetza-hitzarmen espezifikoak sinatzea. Hitzarmen horietan, praktika garatzeko beharrezkoak diren baldintzak –materialak eta teknikoak– ezarriko dira.

6.– Emandako Global Training beka guztien jarraipena egitea, eta beka jaso duen pertsona bakoitzari dagozkion txostenak eskatzea, baita praktikak garatuko diren enpresei eta erakundeei ere.

7.– Emandako Global Training beken kopurua eta beka horien ezaugarriak dokumentuen bitartez justifikatzea; horretarako, laburpen-txosten bat eman beharko da, eta beken garapena zehaztu beharko da bertan.

8.– Bekaduna programan dagoen bitartean baldintzak betetzen ote diren egiaztatzea.

9.– Erakunde onuradunak programa honetan parte hartzearen ondorioz hartutako konpromisoak betetzen direla justifikatzen duen dokumentazioa bidali beharko du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailera.

10.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio oro ematea.

11.– Laguntza emateko finkatutako baldintzak betetzen ez badira, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

12.– Bekadunei beka bakoitzari dagokion diru-zuzkidura ordaintzea. Ordainketa hori hiru alditan gauzatuko da: lehena, % 50, praktikak hasi aurretik, beka eman ostean; bigarrena, % 40, praktiken iraupenaren erdia egiten den hilean, eta gainerako % 10a, berriz, praktika amaitzean eta eskatu zaizkien dokumentu guztiak aurkeztean ordainduko da.

13. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta erakunde onuradunek laguntza justifikatzea.

1.– Global Training Beken programaren erakunde onuradunei emandako laguntzen ordainketa honela egingo da:

a) Lehenengo zatian emandako zenbatekoaren % 50 ordainduko da, emandako laguntza onartutakoan, honako gastu hauetarako: prestakuntza, aseguru-polizak, martxan jartzekoak, kudeaketa, administrazioa, komunikazioa eta publizitatea.

b) Bigarren zatian beka bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, bekadunen zerrenda aurkeztutakoan.

c) Hirugarren eta azken ordainketa beka guztiak amaitu eta justifikatu ostean egingo da eta kontzeptu guztien gainerako % 50ari dagokio. Azken ordainketa hori lehenago, Global Training beken kudeaketak eragindako gastuak ordaintzeko, behar dutela egiaztatzen duten erakunde onuradunek eskatu egin beharko dute eta banku-abal bat aurkeztu beharko dute, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa betetzen dutela bermatzeko.

2.– Justifikazioak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Nazioartekotze Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira hilabeteko epean, proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita eta, beranduenez, deialdiaren hurrengo ekitaldiko abenduaren 31 baino lehen.

Justifikatzeko dokumentazio horretan, honako hauek azalduko dira, besteak beste: erakunde onuradunak bekadunei egindako banku-transferentzien kopia, bekadunak egindako zereginen eta jardueren txosten xehatua, prestakuntza-ikastaroak antolatzeak eragindako kostuaren egiaztagiriak, kontratatutako aseguruen egiaztagiria eta kudeaketari, administrazioari eta komunikazioari eta publizitateari dagokienez egindako gastuen egiaztagiriak.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak agindu honetan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak gezurrezkoak badira, dirua diru-laguntza ematea eragin zueneko helbururako ez den beste baterako erabili badu, Nazioartekotze Zuzendaritzak ondorio horretarako irekitako espedientea bideratu eta erakunde onuradunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua gehi dagozkion interes legalak bi hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzultzeko betebeharra izango du, bidezkoak diren gainerako ekintzak eragotzi gabe. Hori guztia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 10a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

ERANSKINA
«GLOBAL TRAINING» BEKEN PROGRAMAREN OINARRIAK

I.– Helburua.

Eusko Jaurlaritzaren «Global Training» Bekak deituriko laguntza-programak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen nazioz haraindiko mugikortasuna bultzatzeko jomuga du, gazte horiek beren ikasketa– eta lanbide-profilarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten atzerriko herrialdeetako enpresetan eta erakundeetan, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan batekin eta, horretarako, hain zuzen ere, antolatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean programa hori garatzeko gaituta dauden erakundeetarako dagozkion laguntza ekonomikoak, unibertsitateko tituluak eta goi-mailako lanbide-heziketako tituluak dituzten gazteek –erakunde horiek hautatutakoek eta prestatutakoek– atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egiteko aukera izan dezaten; eranskin hau gehigarri gisa biltzen duen Aginduak horien erregimena jasotzen du.

II.– «Global Training» Beken edukia.

1.– Programaren erakunde onuradunek –erakunde beka-emaileek– ematen dituzten beketan honako hauek sartuko dira:

a) Prestakuntza-ikastaro bat, derrigorrezkoa bekadun guztientzat, 40-60 orduko iraupena duena, eta dagokion laguntza-deialdiaren ebazpenaren bitartez zehaztuko den gutxieneko edukia izango duena; laguntza-programaren onuradun den erakunde beka-emaileak emango du ikastaro hori eta praktikekin hasi baino lehen egin beharko da.

b) 6-12 hilabeteko egonaldi praktikoa atzerriko enpresa edo erakunde laguntzaile batean; egonaldi horri beka eman dela jakinarazi eta segidako bi hilabeteetan emango zaio hasiera.

2.– Dagokion erakunde beka-emaileak beka emateko dokumentua ematen duenean hartuko da bekadunaren izaera, eta beka baliatzeko epea ere orduan hasiko da.

III.– «Global Training» Beken onurak eta mugak.

1.– Programaren esparruko bekadunek honako onura hauek lortuko dituzte:

a) Doako prestakuntza-ikastaro bat, 40-60 orduko iraupena duena, praktikekin hasi baino lehenago egin beharrekoa eta erakunde beka-emaileak antolatua eta ordaindua; bekadunak derrigorrez hartu beharko du parte ikastaro horretan, bestela, emandako beka galtzeko zigorra ezarriko baitzaio.

b) Zuzkidura ekonomiko bat, helmugako herrialderako bidaia-gastuetarako, mantenu-gastuetarako, ostatu-gastuetarako eta Gizarte Segurantzako kotizazioagatiko gastuetarako, eta baita bisa eta txertoei dagozkienetarako ere, beharrezkoak badira; erakunde beka-emaileak beka ematean finkatuko da zuzkidura ekonomiko horren zenbatekoa, helmugako herrialdearen bizitza-mailaren eta bekaren iraupenaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzak urtero argitaratzen duen programaren deialdi-ebazpenean jasotako zuzkiduren zerrendari jarraiki (herrialdearen eta hilabetearen araberako zuzkiduren zerrenda).

c) Gaixotasun- eta istripu-arriskuak ez ezik, aberriratze-gastuak eta hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila estaltzea; horren aseguramendua erakunde beka-emaileak izenpetu eta ordainduko du.

2.– Beka emateak eta baliatzeak ez du kontratu- edo estatutu-harremanik sortuko bekadunaren eta erakunde beka-emailearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo praktikak egingo diren enpresaren edo erakundearen artean.

IV.– «Global Training» Bekak lortzeko baldintzak.

1.– «Global Training» Bekak lortu nahi dituzten pertsonek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:

a) Diplomaturako, Lizentziaturako edo Goi-mailako Lanbide Heziketako titulua edukitzea; titulu horiek atzerrian lortu badira, tituluen homologazioari buruzko irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuaren arabera homologatuta egon beharko dute eskabidea egiteko epea amaitzean.

b) Beken deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1ean 30 urte beteta ez edukitzea.

c) Beken deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan urtebete baino gehiagoko administrazio-egoitza izatea.

d) 6 hilabete baino gehiagoko praktikak atzerrian egiteko aukera eman dion beste bekarik lortu ez izana.

e) Helmugako herrialdeko hizkuntzaren maila edo ingeles-maila bikaina edukitzea, erreferentzia C1 maila izanik. Horretarako, proba bat –ahozkoa eta idatzia– egingo da beka lortu nahi duen pertsonaren jakintzak zehazteko.

f) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.

g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zehapenik ezarrita ez edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duen lege-debekuaren eraginpean ez egotea.

2.– Aurreko atalean jasotako baldintzen egiaztapena honela egingo da dagokion erakunde beka-emaileari dagokionez:

a) Eskatutako titulua edukitzea egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta, eta hala badagokio, dagokion homologazioa, instantzia eskudunak emana.

b) Jaioteguna egiaztatzen duen dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori frogatzeko moduan egiaztatzen duen beste edozein).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako erroldatze-ziurtagiria, dagokion Udalak emana.

d) Aurreko 1. atalaren e) letran eskatutako hizkuntza-maila zehazteko, erakunde beka-emaileak egindako proban –ahozkoan eta idatzian– lortutako emaitzak.

e) Eskatzailea aurreko 1. atalaren d) eta g) letretan aurreikusitako kasuetan ez dagoela adierazten duen erantzukizun-aitorpena.

3.– Hautagaia praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzen dela egiaztatzeari dagokionez, Hautaketa Epaimahaiarekin elkarrizketa bat egin beharko da egokitzapen-maila balioesteko.

V.– «Global Training» Beken hautagaiak aukeratzeko prozesua.

1.– Hautaketa beka ematen duen erakunde bakoitzak egingo du ondoren deskribatzen den prozesuaren oinarriaren arabera:

a) Dagokion beka-programaren deialdi publikoa; bertan, eskabideak formalizatzeko eta IV. atalaren 2. puntuan aipatzen diren egiaztagiriak aurkezteko gutxieneko hilabeteko epea ezarriko da, egiten den lehenengo iragarkitik aurrera zenbatzen hasita.

b) Egiaztatuko da eskatutako dokumentazioa osatuta dagoela, eta horrela izan ezean, interesdunei eskatuko zaie dokumentazioa osatzeko gutxieneko hamar eguneko epean.

c) Curriculum Vitae-a aztertuko da eta titulazioa, prestakuntza osagarria eta esperientziak edo praktikak balioetsiko dira berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren irizpide orokorren arabera.

d) Hizkuntzen proba.

e) Elkarrizketa Hautaketa Epaimahaiarekin; hautagaiaren profila praktikak egingo diren atzerriko enpresak edo erakundeak eskatzen duen profilera egokitzen ote den balioetsiko du.

Hautaketa Epaimahai bakoitza Beken deialdia egin duen erakundeko bi kidek eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzako ordezkari batek osatuko dute, eta azken hori izango da Epaimahaiaren buru.

Idazkaria beketarako deialdia egin duen erakundeko pertsona bat izango da; hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Hautaketa-prozesua amaitutakoan, deialdia egin duen erakundeak bekak emateko dagokion dokumentua emango du. Beka horiek balioetsitako gai eta egindako proba guztietan puntuazio global handiena lortzen duten hautagaiei esleituko zaizkie. Dokumentu hori prozesuan parte hartzen duten interesdunei jakinaraziko zaie.

3.– Dokumentu horretan praktikak egingo diren helmugako herrialdea eta enpresa edo erakundea, praktiken iraupena, bekaren zuzkidura, egin beharreko zereginak eta praktikaren egonaldia behar bezala gauzatzeko garrantzitsutzat hartzen den gai oro ezarriko dira. Aipatutako egonaldia beka eman dela jakinarazi eta segidako bi hilabeteko epean hasiko da.

VI.– «Global Training» Bekaren onuradunaren betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte «Global Training» programaren beka baten onuradunek:

a) Emandako beka onartzea. Horren ildotik, beka emateko jakinarazpen-egunetik zenbatzen hasita egutegiko 15 eguneko epean eskatzaileak bekari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, beka behin betiko onartzen duela ulertuko da.

b) Helmugako herrialdean praktikak egiten hasi aurretik emango den prestakuntza-ikastarora joatea.

c) Praktikak egingo dituen enpresak edo erakundeak agindutako zereginak gauzatzea bekadunak, betiere aldez aurretik itundutako lanerako planaren esparruan.

d) Beka ematen duen erakundeak praktiken garapenari buruz eskatzen dizkion txostenak egitea eta bidaltzea sei hilean behin.

e) Helmugako herrialdera iristean kontsulatuan edo enbaxadan erregistratzea, bekak irauten duen bitartean bekadunak bere bizilekua finka dezan.

f) Egindako lanari buruz beka ematen duen erakundeak ezartzen dituen ebaluazioetan parte hartzea; beken programa finantzatzen duen Jaurlaritzaren Sailak ere parte har dezake ebaluazio horietan.

g) Bekari uko egiten bazaio, sobera jasotako zenbatekoak itzultzea, eranskin honetako VIII. atalean aurreikusitako kalkuluaren parametroa aplikatzearen ondorioz ateratzen denaren arabera.

VII.– Bekak ematen dituzten erakundeen betebeharrak bekadunei dagokienez.

«Global Training» beka-programan parte hartzen duten erakunde beka-emaileak arduratuko dira III. ataleko 1. puntuan azaltzen diren onurak erabat betetzeaz eta, horri jarraiki, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Bekadunari prestakuntza ematea praktika egitera joan aurretik.

b) Atzerriko praktikak garatuko diren enpresekin edo erakundeekin lankidetza-hitzarmen espezifikoak formalizatzea. Hitzarmen horietan, bekadunak praktika garatzeko beharrezkoak diren baldintzak –materialak eta teknikoak– ezarriko dira, esate baterako, praktika egingo den lekua, praktikaren iraupena, adostutako lanerako plana eta funtsezkotzat hartzen den gai oro.

c) Aseguru-poliza kontratatzea, gaixotasun- eta istripu-arriskuak ez ezik, aberriratze-gastuak eta hirugarrenekiko erantzukizun zibila ere estaliko dizkiona bekadunari.

d) Bekaren diru-zuzkidura ordaintzea honako ordainketa-erregimen honen arabera:

1) Lehenengo ordainketa (emandako bekaren diru-zuzkiduraren % 50) praktikaren egonaldia hasi aurretik.

2) Bigarren ordainketa (bekaren diru-zuzkiduraren % 40) praktikaren egonaldiaren iraupenaren erdia betetzen den hilean.

3) Hirugarren eta azken ordainketa (geratzen den zenbatekoa) bekadunak eta beka jaso duen erakundeak edo enpresak aurkezten dituzten txostenak –azken balantzeari buruzkoak– jaso ondoren.

VIII.– Uko egiteak.

1.– «Global Training» bekari uko eginez gero, ordaintzeko geratzen diren ordainketak ez dira egingo, eta litekeena da uko egin arte jasotako ordainketen zenbatekoren bat itzuli behar izatea.

2.– Itzuli behar den zenbatekoa kalkulatzeko, bekaren xede izan den praktikaren egonaldirako aurreikusitako iraupen-epearen eta praktika hori estaltzeko esleitutako diru-zuzkiduraren artean dagoen erlazio proportzionala zehaztuko da, eta jasotako zenbatekoa emandako egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, jasotako gehiegizkoa itzuli beharko zaio beka eman duen erakundeari.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana