Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2012ko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
1537

43/2012 DEKRETUA, martxoaren 27koa, merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritzako ASAP programa sortzeko dena (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa).

Euskadin etxebizitzaren arazoa konpontzea da Eusko Jaurlaritzaren gizarte-politikaren helburu nagusietako bat da. Horretarako, tinko eutsiko dio Hutsik dagoen Etxebizitzen Programa bultzatzeari, hutsik dauden etxebizitzak eskuratu eta alokairuko merkatura bideratzeko. Alabaina, alokairua sustatzeko gizarte-politikak gaur egungoak ez diren egoera sozial eta ekonomikoan izan ziren pentsatuak.

Helburu sozialetik aldendu gabe, egungo egoera ekonomikoak eskatzen duena da alokairu merkatuan bitartekaritza-programa publiko berri bat martxan jartzea, Hutsik dagoen Etxebizitzen Programarekin paraleloan funtzionatuko duena eta, aurrekontu-koste txikiarekin Administrazioarentzat, errentatzaileei eta errentariei bermeak eskaintzen jarraituko duena.

ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren helburua da titulartasun pribatuko etxebizitzak alokairuko merkatura bideratzea arrazoizko prezioan errentarientzat.

Horretarako, aseguru-poliza bidezko berme-sistema ezarriko da. Errenta kobratuko dutela, defentsa juridikoa izango dutela eta kalteak konponduko zaizkiela bermatuta, hutsik dauden etxebizitzen jabeen partaidetza bultzatu nahi da programa honetan. Aseguru horien kontratazioak –ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak ematea denez, eta horiek kontratatzeko helburu bakarra hirugarren pertsonen esku jartzea denez–, diru-laguntza izaera du eta argi islatzen da arau honetan.

Jabeei eskainitako bermeen truke, Eusko Jaurlaritzak, etxebizitza arloan eskumenak dituen Sailaren bitartez, alokairuen gehieneko prezioak finkatuko ditu, eta merkatu librekoak baino prezio txikiago eta lehiakorragoak izango dira. Horrela bermatuko du inguruabar sozioekonomikoengatik merkatu horretatik kanpo geratzen diren etxebizitza-eskatzaileek alokairuko etxebizitza eskuratzeko aukera gehiago izango dutela.

Merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programa hau antolatzeko, Eusko Jaurlaritzak bitartekaritzan arituko diren agente laguntzaileen sarea sortuko du. Sare horren eginkizunak garrantzi handikoak izango dira aipatu programa martxan jartzeko eta jarduteko.

Horrela bada, ezinbestekoa da programa berriaren funtsezko ezaugarriak definitzea, Hutsik dauden Etxebizitzen Programako esperientzia bildu eta 2010eko abenduaren 28ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen Etxebizitzaren eta Hiri-Berroneratzearen 2010-13ko Plan Zuzentzailearen baldintza eta helburu berriei egokitzeko.

Adierazi beharra dago, halaber, Dekretu honen formulazioa eta izapideak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera egin direla, eta, orobat, Euskadiko Jaurlaritzaren Kontseiluak genero-inpaktua aldez aurretik ebaluatzeko 2007ko otsailaren 13ko bilkuran onartu zituen jarraibideak kontuan hartuta.

Horren ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko martxoaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programa sortzea da. Titulartasun pribatuko etxebizitzak alokairuko merkatura bideratzea du helburu programa honek, errentarientzat arrazoizkoak izango diren prezioetan, alegia.

2.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programa Dekretu hau indarrean sartu eta 2018ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean.

2. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren bitartez, etxebizitzaren alorrean eskumenak dituen Sailak, bermatu egingo die programan sartutako etxebizitzen errentatzaileei errenta kobratuko dutela, defentsa juridikoa izango dutela eta kalteak konponduko zaizkiela, kontingentzia horiek estaliko dituzten aseguru polizak kontratatuz.

2.– Etxebizitza eskatzaileen erregistroan izen emanda dauden eskatzaileei bermatu egiten die, halaber, programan sartutako etxebizitzen hasierako errentek ez dituztela gaindituko Dekretu honetan ezarritako mugak.

3.– Etxebizitzaren alorrean eskumenak dituen Sailak, ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programa bideratzeko, bitartekari homologatuen sare bat sortuko du, Eusko Jaurlaritzaren agente laguntzaile gisa jardungo dutenak.

II. KAPITULUA
EUSKO JAURLARITZAREN AGENTE LAGUNTZAILEAK MERKATU LIBREKO ETXEBIZITZEN ALOKAIRUAREN BITARTEKARITZARAKO
1. SEKZIOA
HOMOLOGAZIOA

3. artikulua.– Betekizunak.

1.– Homologatuak izateko, Eusko Jaurlaritzako agente laguntzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Higiezinen jabetzako agentea izatea, berariazko araudiaren arabera kualifikatua, edo, bestela, pertsona fisikoa edo legez eratutako pertsona juridikoa izatea, arlo horretako inolako titulurik ez duena eta inongo elkargo ofizialetako kide ez dena baina Higiezinen eta Garraioaren Sektoreetako Presako Liberalizazio Neurriei buruzko maiatzaren 20ko 10/2003 Legearen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituena higiezinen arloko bitartekaritzan aritzeko.

b) Jarduera horretan gutxienez 5 urte egin direla egiaztatzea.

c) Establezimenduren bat edukitzea jendearentzat zabalik, irisgarritasuna bermatzen duena, Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 20/1997 Legearekin eta hura garatzen duen araudiarekin bat etorrita.

d) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.

e) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea jarduerarako, gutxienez urtean 600.000 euroko estaldura duena.

f) Higiezinen jardunarekin, dokumentuen egiazkotasunarekin edo ondare publiko eta pribatuen kudeaketarekin harreman zuzena edo zeharkakoa duten prozedura penaletan epai irmo baten bidez kondenatu ez dutela frogatzea Kontsumitzailea babesteko prozeduraren batean arbitraje-laudo irmo bidez kondenatu ez dutela frogatzea.

g) Abiadura handiko interneterako konexioa edukitzea. Eskanerra ere eduki beharko da eskura jarriko zaion tresna informatikoak eskatutako dokumentuak erantsi ahal izateko.

h) Agente laguntzaile gisa jardungo duen denbora guztian, dagozkion eginkizunak eta betebeharrak gauzatzeko behar beste giza baliabide edukitzea.

i) Izenpe elektronikoak sortzeko ziurtagiri elektroniko ziurtatua (Izenpe, ONA, NAN elektronikoa) edukitzea.

4. artikulua.– Eskabidea.

1.– Homologazioa lortzeko, pertsona edo erakunde interesdunak, eskaera aurkeztu beharko du Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan.

2.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan ere aurkeztu ahal izango da, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 1992/26 Legearen 38. artikuluak ezarritako edozein erregistrotan. Dekretu honen II. eranskinean aurreikusitako eskabide-inprimakia erabiliko da eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak erantsiko zaizkio.

3.– Bitarteko elektronikoak erabilita ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://euskadi.net/asap_es

gaztelaniako bertsioan

https://euskadi.net/asap_eu

euskarako bertsioan.

4.– Eskabideak aurrez aurre zein modu elektronikoan izapidetzeko zehaztasunak, eskaera-orriak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako ereduak eskuragarri daude Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

5.– Eskabidea aurkezteko bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du ekarriko berekin prozedurako hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili behar izatea. Interesdunak aldatu ahal izango du hasieran hautatutako kanala, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak 27. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

6.– Interesdunek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete eskabideak eta haiekin lotutako dokumentazioa. Orobat, eskabideak aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.

5. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, jarraian zehaztutako dokumentuen jatorrizko aleak edo kopia kautotuak aurkeztu beharko dira:

a) Banakako enpresaburuek, Nortasun Agiri Nazionala.

Kanal elektronikoan, interesduna aitortutako ziurtagiri elektroniko batekin identifikatu bada, ez du agiririk aurkeztu beharko.

Aurrez aurrekoan, interesdunak baimena ematen badio Administrazioari Herrizaingo Ministerioan bere nortasun-datuak egiaztatzeko, ez da inolako agiririk aurkeztu behar.

b) Enpresa pertsona juridikoa bada, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatutako eratzeko edo aldatzeko eskritura eta identifikazio fiskaleko kodea edo bidezko Erregistro Ofizialean inskribatutako eratzeko agiriaren, estatutuen, edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria, jarduera arautzen duten arauak azaltzen direla bertan.

c) Pertsona juridiko bat ordezkatzen dutenek, ahaldunaren Nortasun Agiri Nazionala, eta Merkataritza Erregistroan inskribatutako ahalorde-eskritura.

Kanal elektronikoan, ahalduna aitortutako ziurtagiri elektroniko batekin identifikatu bada, ez du Nortasun Agiri Nazionalik aurkeztu beharko.

Aurrez aurrekoan, pertsonak baimena ematen badio Administrazioari Herrizaingo Ministerioan bere nortasun-datuak egiaztatzeko, ez da Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko.

d) Hala badagokio, Higiezinen Jabetzako Agentearen Titulua edo eskatzailea atxikita dagoen elkargo profesionalak emandako ziurtagiria, alta-data adierazten duena.

e) Azken bost urteetan higiezinen bitartekaritzan egindako lan-jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa.

f) Establezimendu publikoaren ezaugarriak ziurtatzen dituen dokumentazioa (errentamendu-kontratua, Jabetza Erregistroko ziurtagiria, etab.).

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete izana egiaztatuko duen ziurtagiria, dagokion Foru Ogasunak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana.

Eskatzaileak berariaz baimena ematen badu, ziurtagiri hori automatikoki egiaztatuko du, behar den adinbat aldiz, organo kudeatzaileak. Hortaz, ez da aurkeztu beharko, aurrez aurreko kanala zein elektronikoa aukeratu.

h) Aseguru-etxe batekin kontratatutako erantzukizun zibileko poliza eta azken ordainagiria. Jardueraren arriskuak estali beharko ditu eta 3.e) artikuluan aurreikusitako gutxieneko estaldura izan beharko du.

i) Zinpeko aitorpena, egin beharreko jardunarekin lotutako prozedura judizialetan edo arbitrajeko erreklamazioetan ez dela kondenatua izan adierazten duena.

j) 10Mb edo hortik gorako interneterako konexioa duela egiaztatzen duen dokumentua.

k) Dituen giza baliabideen zerrenda.

l) Agente Laguntzaileen Sareko fitxategian datuak sartzeko esanbidezko baimena. Fitxategi hori, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera sortuko da eta bildutako edota sortutako datu pertsonalek babes berezia izango dute Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

m) Datu pertsonalak babesteko baldintzak betetzeari eta isilpekotasun bermeari buruzko zinpeko aitorpena, datu pertsonalen tratamendua indarrean dagoen datu pertsonalak babesteko araudiak zehaztutakoaren arabera egingo dela ziurtatzeko, eta bereziki, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak zehaztutakoaren arabera.

n) Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko datuen tratamenduari buruzko neurri teknikoen eta antolakuntzakoen kontratua izenpetuta, III. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

6. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

1.– Eskabidea gaizki badago edo dokumentazioa osatugabea, hamar eguneko epea emango zaio eskatzaileari okerrak zuzentzeko edo osatzeko beharrezko dokumentazioa aurkez dezan. Hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko da.

2.– Eskabidea kanal elektronikoaren bidez aurkeztu bada, zuzenketak egiteko errekerimendua euskadi.net/misgestiones– en egingo zaio.

7. artikulua.– Homologazioaren ebazpena.

1.– Homologazioa emateko edo ukatzeko ebazpena Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak emango du, eskabidea jaso eta kontatzen hasita lau hilabeteko epean, gehienez ere.

2.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea eten ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Gehienezko epea igaro eta ebazpen adierazia jakinarazi ez bada, interesdunak eskabidea administrazio-isiltasunez baietsitzat jo dezake.

4.– Homologatzeko ebazpenean zehaztu egingo da agente laguntzaileak zein lurralde eremutan jardungo duen.

5.– Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Etxebizitzako sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.

8. artikulua.– Baliozkotasuna.

ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programak indarrean dirauen bitartean izango du balioa Eusko Jaurlaritzako Sareko Agente Laguntzaileen homologazioa.

9. artikulua.– Homologazioaren ezeztapena.

Agente laguntzailearen homologazioa ezeztatu ahal izango da hura emateko oinarri izan ziren eskakizunak gerora betetzen ez badira edota betebeharrak bete gabe uzten badira. Ofizioz edo interesdunak eskatuta egin ahal izango da, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak arrazoitutako ebazpena eman beharko du, administrazio-prozedura aldez aurretik ireki eta, beti ere, interesdunari entzunaldia emanda.

10. artikulua.– Agente Laguntzaileen Sarearen zerrenda eguneratua.

Etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailak web orrian argitaratuko du homologatutako agente laguntzaileen zerrenda eguneratua.

2. SEKZIOA
AGENTE LAGUNTZAILEEN ESTATUTUA

11. artikulua.– Publizitatea.

1.– Homologazioa lortu ondoren, jarduten duen lokalean, toki begi-bistakoan erakutsiko du agente laguntzaileak izaera hori.

2.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren publizitatea egin ahal izango dute agente laguntzaileek, baita Eusko Jaurlaritzaren eta etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailaren izena eta logoa erabili ere.

12. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Agente laguntzaileek prestakuntza espezifikoa jasoko dute ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren ezarpenari eta kudeaketari buruzkoa.

2.– Orobat, programari lotutako aseguru-polizen kontratuen eta etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailak onartutako errentamendu- eta mandatu-kontratuen ereduen kopiak jasoko dituzte.

13. artikulua.– Funtzio eta betebehar orokorrak.

ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programarekin lotuta, agente laguntzaileek honako funtzio eta betebehar hauek izango dituzte:

a) ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programari buruzko argibideak ematea jabeei nahiz errentariei, eta Eusko Jaurlaritzak errentamenduaren sustapenerako laguntza publikoen gaineko informazioa emateko antolatzen dituen ekintzetan laguntzea, eta horien tramitazioa erraztea hala behar denean.

b) Jabeen eta errentarien arteko kontratuak sinatzen direnean bitartekari lanak egitea, Eusko Jaurlaritzak eragiketa bakoitza Programan sartzea ebatzi ondoren.

c) Errentamendu harreman egokiak ahalbidetzea errentatzailearen eta errentariaren artean, eta kontratuaren iraunaldian sortzen diren gatazketan adostasuna bilatzeko bitarteko gisa aritzea, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren lurralde ordezkaritzek eskaintzen dituzten doako zerbitzu publikoak lehentasunez erabiliz.

d) ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren erabiltzaileen eskura eduki erreklamazio-orri ofizialak, programaren funtzionamenduari buruz utzi nahi dituzten kexak eta erreklamazioak jasota gera daitezen. Erreklamazioa aurkeztu eta bi egunera agente laguntzaileak haren berri emango dio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari, erreklamazio-orriari eman beharreko izapidea eragotzi gabe hargatik. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erreklamazio-orriak arautzen dituen urtarrilaren 14ko 5/1997 Dekretuak aurreikusitakoarekin bat etorrita.

14. artikulua.– Etxebizitzen errentatzaileekiko agente laguntzaileen funtzio eta betebeharrak.

Agente laguntzaileek honako funtzio eta betebehar hauek izango dituzte etxebizitzen errentatzaileekiko:

a) Etxebizitza libreak ekarri ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartzeko.

b) Etxebizitza horiek programan sartzeko eskabideak aurkeztu eta beharrezkoak diren ebaluaketa-txostenak egin, argazki eta guzti.

c) Etxebizitzak programan sartu ahal izateko egokitze obrak egin daitezela proposatzea eta amaitutakoan obra horiek ikuskatzea.

d) Etxebizitzen eta etorkizuneko errentamendu-kontratuen egokitasuna ziurtatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia bildu errentatzaileengandik.

e) Etxebizitzen egoeraren inbentario osoa egitea, jabeari egoera berean itzuliko zaiola bermatzeko.

f) Errentamendu-kontratuetako fidantzak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren lurralde ordezkaritzetan gordailutzeko eta handik berreskuratzeko kudeaketak egitea errentatzaileen izenean.

g) ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan kontratuak sartzeko eskabideak aurkeztu.

h) Programarako ekartzen dituen etxebizitzak kudeatzea, berak bakarrik.

i) Lehendik ere inoiz alokatuta egon diren etxebizitzen kasuan, berriro okupatu daitezen ahalegintzea.

j) Etxebizitzak errentan eman nahi dituztenen fitxategien erantzule gisa, datuak babesteko indarreko araudia bete. Datu pertsonalak tratatzeko eta lagatzeko baimen informatua bildu beharko da hain zuzen ere.

15. artikulua.– Etxebizitzen errentariekiko agente laguntzaileen funtzio eta betebeharrak.

Agente laguntzaileek honako funtzio eta betebehar hauek izango dituzte errentariekiko:

a) Etxebizitza bakoitza balizko errentariei erakustea, etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailak igorritako zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkerari hertsiki jarraituz, harik eta pertsona edo bizikidetza-unitateren batek etxebizitza onartu arte.

b) Etxebizitzei egindako bisiten, erregistratutako uko-egiteen eta etxebizitza-onarpenen berri idatziz jaso.

c) Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eragiketa programan sartu ahal izateko beharrezkoa duen balizko errentariei buruzko dokumentazio guztia bildu eta haren ebaluazio-txostena egin.

d) Errentamendu-kontratuari dagozkion zergen likidazioa errentariaren izenean izapidetzeko beharrezko kudeaketak egin.

e) Kontratua amaitutakoan errentariak etxebizitza borondatez uzten duenean, etxebizitza berreskuratzea. Salbuetsita geratuko dira etxebizitza berreskuratzeko epailearen esku-hartzea behar diren kasuak. Horietan, etxebizitza uzteari ezezkoa dokumentatu baino ez da egin beharko.

f) Errentamendu-kontratua amaitutakoan etxebizitza ikustera joatea, nola dagoen ebaluatzeko, inbentarioa egiaztatzeko eta kalterik badagoen begiratzeko, eta txostena egin ondoren fidantza osoa itzultzea, errentatzaileak berariaz baimena emanda, edo bestela fidantzaren zati bat itzultzea, kalteak konpontzeko eta inbentarioa lehengoratzeko kostuak deskontatu ondoren, edo fidantza osoa atxikitzea.

16. artikulua.– Eusko Jaurlaritzarekiko agente laguntzaileen funtzio eta betebeharrak.

Agente laguntzaileek honako funtzio eta betebehar hauek izango dituzte etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailarekiko.

a) Programaren aplikazioa elektronikoa baino ez dute erabiliko harremanetarako, jakinarazpen elektronikoak egitea eta erregistro elektronikoaren erabilera barne hartuta. Dekretu honetan 4. artikuluan aipatzen den homologazioko eskabidearen aurkezpena salbuetsita geratuko da.

b) Etxebizitza eskatzaileen erregistrora sartzea datuen tratamendurako arduradun gisa, isilpekotasuna eta konfidentzialtasuna gordeta, eta datu pertsonalen babeserako arauak hertsiki beteta.

c) Datu horien tratamendurako III. eta IV. eranskinetan jasotako neurri teknikoak, antolakuntzakoak eta segurtasunekoak bete.

d) Etxebizitzei zein eragiketei buruzko ebaluazio-txostenak, eta ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartu edota mantentzea ebazteko beharrezkoa den dokumentazioa igorri.

e) Errentatzaileekin eta errentariekin izenpetutako kontratuen dokumentazio originala bidali, baita harekin lotutakoa ere: etxebizitzari egindako bisiten eta erregistratutako uko-egiteen zerrenda, mandatu-kontratua, errentamendu-kontratua, fidantza gordailatu izana eta ondare eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren likidazioa egin izana egiaztatzen duten dokumentuak,

f) Eusko Jaurlaritzaren eta honek kontratutako enpresen lana erraztu, polizen jakinarazpenerako, gorabeheren kudeaketarako eta Programaren barruan kudeatuko diren alokairu-eragiketak aseguratzerakoan sor daitezkeen gainerako kontuetan, hain zuzen ere.

g) Jardueren eta kudeaketaren jarraipenerako txostena igorri sei hilabetero, baita eska daitezkeen aparteko txostenak ere.

h) ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren baldintzak betetzen ote diren eta kudeaketa egiaztatzeko Eusko Jaurlaritzak egin ditzakeen kontrol-, ikuskapen- eta auditoretza-lanak erraztu eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu.

i) Kudeaketa hobetzeko Eusko Jaurlaritzak proposatutako zuzenketa- eta prebentzio-neurriak bete.

j) Homologazioa onartzeko kontuan hartu ziren betekizunetan aldaketarik egonez gero, gehienez ere hamabost eguneko epean jakinarazi.

III. KAPITULUA
ETXEBIZITZAK

17. artikulua.– Betekizunak.

1.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartu ahal izateko, Etxebizitzek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Inolako babes publikorik ez izatea.

b) Lehenengoz okupatzeko lizentzia edukitzea.

c) Egituraren eta eraikuntzaren egokitasunari eta bizitzeko egokitasunari buruzko baldintza orokorrak betetzea, hain zuzen ere Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak III. eta IV. eranskinetan edo haren ordezko araudietan adierazitakoak.

d) Txukun eta garbi egotea.

e) Sukaldea eta bainugelak altzariz hornituta edukitzea.

f) Ez egotea lehendik alokatuta, ez okupatuta, eta alokatzea eragotziko lukeen bestelako mugarik ere ez izatea.

g) Dekretu honetako I. eranskinean ezarritako errentaren muga ez gainditzea.

h) Etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailaren iritziz alokairuko etxebizitzen eskari nahiko handia dagoen udalerri edo eskualde batean egotea.

2.– Baldintza horiek betetzen ez dituzten etxebizitzak ez dira ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan onartuak izango.

18. artikulua.– Etxebizitzak programan sartu ahal izateko prozedura.

1.– Etxebizitza bakoitza ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartu ahal izateko eskabidea agente laguntzaileak aurkeztuko du Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan, mandatu-kontratuarekin eta ebaluazio-txostenarekin batera.

2.– Ebazpena Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak emango du eta agente laguntzaileari jakinaraziko zaio hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

3.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea eten ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

4.– Gehieneko epea igarota ez bada esanbidezko ebazpenik jakinarazi, etxebizitza Programan sartuta dagoela ulertuko da.

5.– Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Etxebizitzako sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.

19. artikulua.– Kanporatzea.

1.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartu eta gero Dekretu honetako 17. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak programatik kanpo geratuko dira Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak emango duen ebazpen bidez, errentatzaileei eta agente laguntzaileei entzunaldi-izapidea egin eta gero.

2.– Betekizunak betetzen ez dituztela-eta kanporatutako etxebizitzek berriz ere sartu ahal izango dute ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan betekizunak betetzen dituztenean.

IV. KAPITULUA
ERRENTATZAILEAK

20. artikulua.– Betekizun orokorrak.

ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartu ahal izateko, errentatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.

b) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen lege-debekurik ez izatea, sexu-arrazoiengatiko diskriminazioa egiteagatiko zigorrak barne, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50. artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorrita.

21. artikulua.– Agente laguntzaileekiko betebeharrak.

ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan etxebizitzak sartu ahal izateko, errentatzaileek honako betebehar hauek izango dituzte agente laguntzaileekiko:

a) Mandatu-kontratu bat izenpetuta, etxebizitzaren kudeaketa osoa etxebizitzaren ardura hartu duen agente laguntzailearen esku uztea, errentamendu-kontratuetako fidantzak gordailutzeko eta berreskuratzeko kudeaketa barne.

b) Etxebizitzen egokitasuna eta errentamendu-kontratuena egiaztatzeko behar den dokumentazioa agente laguntzaileari ematea.

c) Agente laguntzaileari etxean sartzen utzi bere eginkizunak eta betebeharrak betetzeko behar duen guztietan.

d) Agente laguntzaileari ordainsaria ematea:

1)Etxebizitzaren lehenengo errentamendu-kontratuko hileko errenta bat. Ordainsari hori ordaintzeko betebeharra kontratua sinatzen den unean sortuko da.

2) Lehen kontratuaren ostean etxebizitza lehengo errentari berari alokatzeko egiten diren errentamendu-kontratuetako bakoitzean, hileko errenta baten erdia. Ordainsari hori ordaintzeko betebeharra ere kontratu bakoitza sinatzen den unean sortuko da.

3) Lehen kontratuaren ostean etxebizitza beste errentari bati alokatzeko egiten diren errentamendu-kontratuetako bakoitzean, hileko errenta bat. Ordainsari hori ordaintzeko betebeharra ere kontratu bakoitza sinatzen den unean sortuko da.

4) Komisio bat, gehienez ere errentaren ehuneko hiru. Ordainsari hori ordaintzeko betebeharra hilero sortuko da kontratuak indarrean dirauen bitartean.

V. KAPITULUA
ERRENTARIAK

22. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribaturiko pertsonak ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programako eskatzaile bihurtuko dira besterik gabe, alokairuko etxebizitza eskatzen badute eta honako betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Errentamendu-kontratua egiten den eguna baino bi urte lehenagotik, inongo etxebizitzaren jabetzarik, azalera eskubiderik edo gozamen eskubiderik ez izatea. Alde batera utziko dira babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiek aurreikusitako salbuespenak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon bera edo, gutxienez, bizikidetza-unitateko kideetako bat.

c) Urtean 7.000 eta 39.000 euro bitarteko diru sarrera haztatuak izatea, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 38/2009 Dekretuaren 23. artikuluak, edota horren ordezko araudian aurreikusitakoarekin bat etorrita.

d) Etxebizitzen errentak ez dezala bere urteko diru-sarrera haztatuen %30 gainditu.

2.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek edo bizikidetza-unitateek izena eman behar dute Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan.

3.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programako etxebizitzei uko egiteak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja ematea ekarriko du, Erregistroko araudiak aurreikusitakoaren arabera.

23. artikulua.– Agente laguntzaileekiko betebeharrak.

Errentariek honako betebehar hauek izango dituzte agente laguntzaileekiko:

a) Errentamendu-kontratuak formalizatzeko eta zergen likidazioa kudeatzeko behar den dokumentazioa eman.

b) Kontratua amaitutakoan etxebizitza entregatzea.

24. artikulua.– Lehentasun irizpideak.

1.– ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programako etxebizitza eskatzaileak, pertsona fisikoak zein bizikidetza-unitateak, antolatzeko lehentasun irizpide hauek jarraituko dira:

a) Bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrera haztatuak eta etxebizitzaren errentaren arteko korrelazioa.

b) Zein udalerritako etxebizitza eskatzen den.

c) Etxebizitzaren ezaugarriak ahalik eta ondoen egokitzea bizikidetza-unitatearen kide kopurura.

d) Antzinatasuna Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko inskripzioan.

2.– Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak etxebizitza eskatzaileen zerrenda egingo du lehentasun irizpideen araberako hurrenkeran, eta bide telematikoetatik agente laguntzaileei bidaliko die, euren jardueraren lurralde eremuaren arabera.

3.– Hilero, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak bide telematikoetatik bidaliko die agente laguntzaileei Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan egondako inskripzio berrien zerrenda.

4.– Eskatzaileen zerrenda bide telematikoz eskuratuko dute agente laguntzaileek, baita haiekin lotutako datuek ere, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak aurreikusitakoaren arabera. Lurralde eremu berean jarduten dutenean baino ez dute sarbide hori partekatuko agente laguntzaileek.

5.– Nolanahi ere, sarbide telematikorako sistemak kudeaketa gorabeherak saihestu beharko ditu, bai etxebizitza eskatzaileei eta bai agente laguntzaileei.

25. artikulua.– Etxebizitzen esleipena.

1.– Agente laguntzaileei dagokie Programan sartutako etxebizitzak eskatzaileen zerrendako pertsonei edo bizikidetza-unitateei esleitzea.

2.– Etxebizitzak onartutakoan, errentamendu-kontratuak formalizatuko dira, fidantzak gordailatu eta zergen likidazioa egingo da.

VI. KAPITULUA
KONTRATUAK PROGRAMAN SARTZEKO PROZEDURA

26. artikulua.– Eskabidea.

1.– Agente laguntzaileek Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari eskatuko diote izenpetutako kontratuak ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartzeko. Programaren aplikazio informatikoaren bidez egingo da eta 16.d) artikuluan zehaztutako dokumentazioa erantsiko da.

2.– Behin kontratuak sartuta, etxebizitzen errentatzaileak ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programari lotutako aseguru-polizetan sartuta geratuko dira aseguratu gisa.

3.– Horretarako, ordea, aseguru-poliza horien primei aurre egiteko kreditu egokia eta nahikoa egon beharko du.

27. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebazpena Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak emango du eta agente laguntzaileari jakinaraziko zaio hilabeteko epean, gehienez ere.

2.– Gehieneko epea igarota ez bada esanbidezko ebazpenik jakinarazi, kontratua Programan sartuta dagoela ulertuko da.

3.– Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Etxebizitzako sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.

28. artikulua.– Kontrola, ikuskaritza eta auditoria.

1.– Kontrol-, ikuskaritza- eta auditoria-lanetan Eusko Jaurlaritzak antzematen badu ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartutako kontratuek ez dituztela Dekretu honetan aurreikusitako baldintzan betetzen, honako hau egingo da:

a) Kontratuak kanpoan geratuko dira baldintzak ez betetzea errentatzaileei egotzi ahal zaionean, hala baitago aurreikusita Dekretu honetako 29. artikuluan.

b) Agente laguntzaileen homologazioa ezeztatu ahal izango da, baldintzak ez betetzea egotzi ahal zaizkienean, hala baitago aurreikusita Dekretu honetako 9. artikuluan.

c) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja emango zaio pertsona edo bizikidetza-unitate errentatzaileari, esleitutako babes ofizialeko etxebizitza bati uko egitean araudiak aurreikusitako ondorio berberekin.

2.– Kontratua Programan sartu eta gero pertsona edo bizikidetza-unitate errentatzaileen egoeran aldaketak gertatzen badira, ez dira kontuan hartuko betekizunen ez betetze gisa.

29. artikulua.– Kanporatzea.

1.– Dekretu honetako 21. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ez baditu betetzen errentatzaileak, errentamendu-kontratuak ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programatik kanpo geratuko dira.

2.– Kontratua kanpo uzteko ebazpena eman eta hurrengo bi urteetan, ezingo dira Programan sartu ahal izango, ez kanpo utzitako kontratua, ez eta errentatzaile berberek izenpetutako ezein kontratu ere.

3.– Kontratuak kanpo uzten badira, etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailak kontratu horiek programan sartzeko aseguru-etxeei ordaindutako aseguru-primengatik ordaindutako zenbatekoa itzuli egin beharko dute jabeek.

4.– Programatik kanporatzeko ebazpenak Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak emango ditu, errentatzaileei eta agente laguntzaileei aldez aurreko entzunaldia eman eta gero.

VII. KAPITULUA
ASEGURU-POLIZAK

30. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– Etxebizitza alorrean eskumena duen Sailak bermatu egingo die ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programako etxebizitzen errentatzaileei errenta kobratuko dutela kontratua izenpetzen den egunetik bertatik eta defentsa juridikoa izango dutela errentamendu-harremanarekin lotutako gatazketan. Hori guztia, artikulu honetako 3., 4. eta 5. paragrafoetan zehaztutako mugen barruan.

2.– Errentan hartutako etxebizitzetan eta altzarietan errentariek egindako kalteen konponketa ere bermatuko zaie, artikulu honetako 3., 4. eta 5. paragrafoetan zehaztutako mugen barruan bermatu ere.

3.– Horretarako, etxebizitza alorrean eskumenak dituen Sailak behar diren aseguru-polizak kontratatuko ditu, ordaindu gabeko errentei, kalte materialei, errentarien ekintza bandalikoei, erantzukizun zibilari, defentsa juridikoari eta etxeko asistentziari aurre egiteko, hain zuzen.

4.– Aseguratutako kapitalak honako hauek izango dira, gutxienez:

a) edukitzailea: 50.000 euro, lehen arriskukoa.

b) edukia. 10.000 euro.

c) erantzukizun zibila: 180.000 euro.

5.– Aseguru-poliza horien primei aurre egiteko izendatutako aurrekontu kreditua 761.094 eurokoa izango da 2012an eta 2013an.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren Agindu bidez argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018ko ekitaldietako lehen hiru hilabeteetan, ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programarekin lotutako aseguru-polizen primak finantzatzeko izendatu diren aurrekontu kredituen zenbatekoak.

Bigarrena.– Aurrekontu ekitaldi bakoitzean ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa), merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programan sartuko diren kontratu kopuruak ez du gaindituko dagokion aurrekontuko diru-izendapena edota haren eguneratzea, baldin eta aurrekontu-aldaketak onartzen badira aplikatzekoak diren eta indarrean dauden legeekin bat etorrita. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Agindu bidez, dagokion kreditua gehitu edo agortu dela argitaratuko da, eta kasu horretan ez da bidezkoa izango kontratu gehiago sartzea. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu honetan araututako laguntzen erregimen juridikoari dagokionez aurreikusi gabeko guztian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa aplikatuko da, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari buruzko VI. tituluan, eta laguntza eta diru-laguntza publikoen arloko arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko VII. tituluko III. kapituluan ezarritakoa.

Bigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari ahalmena ematen zaio Dekretu honetako 22.1.c) artikuluan xedatutako urteko diru-sarrera haztatuak eta I. eranskinean aurreikusitako gehieneko errentak aldatzeko, Agindu bidez.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko martxoaren 27an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala