Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2012ko martxoaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
1374

EBAZPENA, 2012ko urtarrilaren 31koa, Energia eta Meategien zuzendariarena. Honen bitartez, Altzoko, Alegiako, Tolosako, Ibarrako, Irurako, Villabonako, Andoaingo eta Adunako udalerrietan Altzo-Aduna 30 kV-ko zirkuitu bikoitzeko aireko linea elektrikoaren eta horren deribazioen zuhaitz-zerrenda zabaltzearen onura publikoa deklaratzen da. Erreferentzia: 24007/AT-H-2010-143.

GERTAKARIAK

Bat.– 2010eko urriaren 20an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak (helbidea: Mikeletegi Pasealekua, 1-3), Altzoko, Alegiako, Tolosako, Ibarrako, Irurako, Villabonako, Andoaingo eta Adunako udalerrietan aipatu den zuhaitz-zerrenda zabaltzeako Administrazio Baimena ematea, dagokion Egikaritze Proiektua onartzea eta Onura Publikoko Deklarazioa egitea eskatu zuen.

Bi.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAren eskaera hori jendaurrean erakusgai jarri da 2011-04-8ko EHAAn, 2011-02-11ko GAOn eta 2011-02-3ko El Diario Vasco egunkarian, enpresa horren ustez desjabetu behar diren ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.

Hiru.– 2011ko urtarrilaren 27an, ofizio bat igorri zitzaien Altzoko, Alegiko, Tolosako, Irurako, Villabonako, Andoaingo eta Adunako Udalei, adierazitako iragarkia bertako Ediktu Taulan jartzeko.

Lau.– 2011ko urtarrilaren 5ean, separata bat igorri zitzaien Altzoko, Alegiako, Tolosako, Irurako, Villabonako, Andoaingo eta Adunako Udalei, eskatutako baimenari adostasuna edo ukoa emateko.

Bost.– Altzoko, Alegiako, Tolosako, Irurako, Villabonako, Andoaingo eta Adunako Udalek aurkeztutako proiektuarekin ados zeudela adierazi zuten, eta baldintza batzuk ezarri zituzten.

Sei.– Irurako eta Adunako Udalek, txosten-eskaera berriz egin ostean, ez zioten eskaera horri erantzunik eman.

Zazpi.– 2011ko martxoaren 7an, Villabonako Udalak adierazi zuen proiektuaren egikaritzeak eragin handia izango zuela udal-zuhaizterian, eta honako hau eskatu zuen:

– Ingurumen-inpaktuko azterlan bat egitea, zuhaizteriaren erabateko ezabatzearekiko alternatibaren bat kontuan izateko.

– Tamaina txikiko zuhaitzak landatzeko aukera aztertzea, eta/edo lineak altuera handia duen guneetan dauden zuhaitzak ez kentzea, ukitzeko arriskurik ez legokeelako.

Zortzi.– Altzoko, Alegiako eta Andoaingo Udalek ezarritako baldintzen berri eman ondoren, ezarritako baldintza horiek onartzen zituela erantzun zuen Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak.

Bederatzi.– 2011ko urtarrilaren 5ean, Gipuzkoako Foru Aldundira, Ura - Uraren Euskal Agentziara eta ADIFera igorri ziren, eskatutako baimenarekiko adostasuna eskatuz, eta baita baldintza teknikoak ere, aldeko erantzuna emanez gero.

Hamar.– 2011ko ekainaren 7an, ADIFek adierazi zuen aurkeztutako proiektuarekin ados zegoela, eta baldintza batzuk ezarri zituen.

Hamaika.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ura - Uraren Euskal Agentziak, txosten-eskaera berriz egin ostean, ez zioten eskaera horri erantzunik eman.

Hamabi.– Villabonako Udalak aurkeztutako idazkia Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa eskatzaileari igorri ondoren, horrek honako hau erantzun zuen:

– Villabonako udal-mugartean zabalkuntzak eragindako azalera 13.515,92 m2-koa dela.

– Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko azterlan bat egiteari dagokionez, Proiektuen ingurumen-inpaktuko ebaluazio-legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoari jarraitzen diotela. LED horretan ezartzen da ingurumen-izapidetzearen kontsulta eskatzea beharrezkoa dela ingurumenari dagokionez sentsibleak diren zonak ukitzen dituzten proiektuen kasuan soilik eta esklusiboki. Eta linea horrek ez duela ukitzen kategoria horren barruan dagoen zonarik, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ingurumen-inpaktua ebaluatzeko azterlanik egitea.

– Onura Publikoko Mendian kokatuta dauden Villabonako Udalaren lurzatiei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako Departamentuaren Mendi Zerbitzuak adierazitako jarraibideak betetzen direla. Zerbitzu horri baimena eskatuko diotela, eta Aldundiak ezarriko dituela beharrezkoak diren baldintzak obraren egikaritzeari eta nondik norakoari dagokienez.

Hamahiru.– 2011-07-19an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk adierazi zuen ados zegoela ADIFek eskatutako baldintza teknikoekin.

Hamalau.– Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa eskatzaileak emandako erantzuna Villabonako Udalera bidali ondoren, bidezkotzat jotzen zuen erantzuna emateko, ez zuen inolako erantzunik eman.

Hamabost.– Jendeari jakinarazteko epean, ez da alegaziorik sartu.

Hamasei.– 2011ko uztailaren 1ean, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa eskatzaileak atzera egin zuen administrazio-baimena emateko eta proiektua onartzeko eskaeran, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenetik eratorritako Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen diren goi-tentsioko lineetako zortasun-zerrenda zabaltzeari buruzko espedienteak izapidetzeko jarraitu beharreko argibideetan ezarritakoari jarraiki.

Hamazazpi.– 2011ko urriaren 27an, idazki bat bidali zitzaion Villabonako Udalari, bertan jakinaraziz enpresa eskatzaileak egikaritze-proiektuaren baimen administratiboa eta onespena eskatzeari uko egin ziola, eta bidezkotzat jotzen zituen alegazioak formulatzeko aukera ematen zitzaiola adieraziz. Ezarritako epea igaro zen, eta ez zen inolako erantzunik jaso bidali zen idazkiari dagokionez.

Hemezortzi.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2011ko abenduaren 28ko Ebazpen bidez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatuta Altzo-Aduna 30 kV-ko aireko linea elektrikoaren eta haren deribazioen zuhaitz-zerrenda zabaltzeko hasitako prozeduraren atzera egite partziala onartu zen.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Espedienteak betetzen ditu Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legeak, energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legeak, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuak, eta goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenak eta bat datorren gainerako legediak agintzen dituzten arauzko izapideak.

Bi.– Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009-09-24ko EHAA) esleitutako atribuzioei jarraiki, honako hau

EBAZTEN DU:

Baimendutako instalazio elektrikoetako zuhaitz-zerrendaren zabalkuntza onura publikokotzat deklaratzea; deklarazio horrek berarekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, Lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 31.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JORGE JUAN LETAMENDIA BELZUNCE.


Azterketa dokumentala