Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2012ko martxoaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
1154

AGINDUA, 2012ko otsailaren 15ekoa, Kultura sailburuarena, Gordexolako (Bizkaia) «Puente Palacio» Jauregia edo Gordogana Jauregia, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2011ko abenduaren 13ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez Gordexolako (Bizkaia) «Puente Palacio» Jauregiak edo Gordogana Jauregiak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2012ko urtarrilaren 12ko 8. zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Gordexolako (Bizkaia) «Puente Palacio» Jauregia edo Gordogana Jauregia Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.- Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. Eranskinean agertzen den bezala eta I. Eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.- Gordexolako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.- Espedienteko interesdunei, Gordexolako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Lehendakaritza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean Agindu hau argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 15a.

Kultura sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

MUGAKETA

a) Mugaketa-eremua.

Atxikitako planoan ikusten den bezala, bi eremu mugatzen dira: alde batetik, eraikina bera, eta bestetik, ondoko eraikina eta eraikin-ingurua. Lursaila inguratzen duen hormaren kanpoaldeak mugatzen du eremua iparraldean, mendebaldean eta hegoaldean. Ipar-ekialdean, horma hori Herreria ibaiaren ibaiertzeraino luzatzen da.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Gordexola Jauregiaren, ondoko eraikinaren, Palacios zubiaren eta jauregiaren inguruaren kultura-, ingurumena- eta estetika-balioak babestu beharrak justifikatzen du proposatutako mugaketa.

Ondasuna behar bezala babesteko eta balioztatzeko, beharrezkoa da jauregiaren inguruko espazioak babestea. Horrela, egoitza-eraikin mota horren berezko izaera zaindu eta aintzat hartuko da.

Horregatik guztiagatik, jauregia ez ezik, jauregi-ingurua ere sartzen da mugaketan, bai eta perimetroko horma guztia ere.

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Gordexola jauregia XVIII. mendean eraikitako jauregi-egoitza barrokoa da. Horma trinkoak ditu, 400 m˛ inguruko oinplano errektangeluarra eta lau uretako teilazko teilatua. Eraikinak hiru solairu ditu (beheko solairua, lehenengo solairua eta bigarren solairua) eta ganbara. Horrez gainera, atzealdean, bi garaierako eraikin bat du atxikita.

Ezaugarri nagusia barroko estiloko fatxadak dira. Fatxadak harlangaitzez daude eginda, eta harlanduzko blokeen bidez daude sendotuta izkinetan eta baoetan. Hareharria eta kareharria erabili zituzten fatxadak eraikitzeko, eta, argamasa eta agregakina, egiturari eusteko. Plaka leuneko inposten bidez bereizten dira solairuak kanpotik. Aurrealdea ipar-ekialdera dago begira, apaindura gutxikoa da eta lau ardatz ditu. Beheko solairuan, sarrera dago, eta bao bana, alde bakoitzean. Lehenengo solairuan, lau balkoi-ate daude. Ateek burdinazko karelak dituzte alboetan. Erdiko balkoi-ateek balkoi jarraitu bat dute, harrizko idukia duena. Bigarren solairuan, lau bao daude, beheko solairuko baoen antzeko tamainakoak.

Bigarren solairuan, erdiko ardatzean, armarri bat dago, fatxadaren planotik zertxobait aterata. Armarriaren goialdean, kasketa bat dago, bai eta lumak, girnaldak, banderak eta tronpetak ere. Behealdean, girnaldak batzen diren lekuan, abarrez apainduriko arrosa-leiho bat dago, mentsula baten gainean. Arrosa-leihoaren azpian, hiru kanoi eta bi danbor daude, eta alboetan bi zuhaitz. Zuhaitz horiei lotuta, bi lehoi daude; ezkerrekoak koroa bat du. Hurtado de Ibarguenen oinetxeko armarrian agertzen diren lehoien plagioak dira lehoi horiek. Armarria hiru zatitan banatuta dago. Lehenengo zatia hirutan dago banatuta: zati batean, bi dorreko gaztelu bat agertzen da; beste batean, eskuineko eskuan makila bat duen zaldun bat; eta bestean, zuhaitz bat: zuhaitzaren oinean otso bat dago. Bigarren zatia bitan dago banatuta: alde batean, bi banda daude, eta bestean, latindar gurutzea, ertz bakoitzean hosto bat duena. Hirugarren zatiaren oinarria harlanduzko lana da. Oinarri horren gainean, kapiteldun zutabe bat dago eta zutabe horren gainean hainbat adar daude. Adarrak alboetara erortzen dira. Adarren gainean, ziur asko, gurutze bat egongo zen, ertzetan hostoak zituena.

Gainerako fatxadak irregularrak dira, eta, aurrealdea bezala, luzitutako harlangaitzez eginda daude. Izkinetako eta baoetako harlanduak, batez ere, fatxadakoak, ez dira aurrealdekoak bezain egikera onekoak. Hego-ekialdeko fatxadak hiru ardatz ditu. Lehenengo eta bigarren solairuetan, hiru bao daude; beheko solairuan, berriz, bi, albo bakoitzean bat. Erdiko ardatzean, teilatupean, txapitula-formako leihotxo bat dago. Atzeko fatxada irregularra da. Hari atxikita, ezkerraldeko erdian, eraikin bat dago, bi solairu dituena (behekoa eta lehenengoa). Eraikin horren alboko fatxadatik, hots, hegoaldera begira dagoen fatxadatik, lorategira sar gaitezke.

Jauregia egoitza bat zen eta da, oraindik ere. Eraikinaren barrualdean eskema funtzionala gorde da. Sarrera nagusitik sartu eta espazio zabal bat dago. Hall antzeko hori jauregiko geletara joateko pasabidea da. Sarrera nagusiaren aurrealdean eta ezkerraldean ukuiluak daude. Nahiz eta jatorrizko banaketa, harrizko lurra eta lurreko erdiko ildoak bere horretan jarraitu, gaur egun, biltegi eta upategi gisa erabiltzen dituzte ukuiluak. Lehenengo eta bigarren solairuak etxebizitzatzat erabiltzen ziren. Lehenengo solairuan, hego-ekialdera begira, egunez erabiltzeko gelak daude; esate baterako: jangela, egongela eta logela batzuk. Ondoko eraikinean, maila horretan, iparraldera eta hegoaldera begira, zerbitzarien logelak, sukaldea eta komunak daude. Zoritxarrez, ondoko eraikinaren solairu hori kontserbazio-egoera txarrean dago: leku batzuetan, sabaia erorita dago. Bigarren solairua duela gutxi eraberritu dute; etxebizitzatzat erabiltzen dute noizbehinka. Solairu horretan, tximiniadun egongela bat dago, bai eta jangela bat, logelak, komun bat eta sukaldea ere. Solairuetara igotzeko eta jaisteko, eskailera bat bakarrik dago, non eta ipar hegalean. Eskailerak L forma du. Eskaileretan leiho bat dago. Leiho horretatik, teilatupeko gune diafanora sartzen da. Lau uretako estaldurak zurezko egitura bat osatzen du, neurri ertaineko eskuairaldeak dituena. Eskuairaldeek tirante labur bat dute, aurrealdearen paraleloan. Etengabeko aireztapenari esker, zurezko egitura kontserbazio-egoera onean dago; dena den, iragazgaizte-arazoak ditu.

Lehenengo solairuko altzariek jauregiaren kutsu dotorea dute. Aipatzekoa da hallean dagoen errota zatia, aleak zehatzeko erabiltzen zena. Zoritxarrez, ez dago errota zati horri buruzko datu gehiago. Zoruari dagokionez, beheko solairuko zorua harri-blokeez eta -koskorrez dago egina; gainerako solairuetako zorua, berriz, zurez. Sabaiak ez dira oso konplexuak; halere, jatorrizko zurezko gapirioak ikusgai daude. Barruko kontraleihoak zurezkoak dira; beheko solairuko baoak eta lehenengo solairuko balkoiak eta karelak, berriz, burdinurtuzkoak.

Ondoko eraikina duela gutxi eraberritu dute. Bi harri-horma ditu. Horma horiek lursailaren ipar-ekialdea mugatzen dute. Eraikinaren estaldura zurez eta teilaz dago egina. Estaldura horrek espazio ireki eta zabala estaltzen du. Alde batean, garai bateko labea dago. Labearen inguruko hormak trinkotu egin dira, labea eror ez dadin.

Torre Palacios zubia lursailera iristen da zuzenean. Lursaila Herrerias errekatik 10 eta 15 metrora dago eta harri-horma batek inguratzen du; eraikinak horma horretatik iparraldera daude. Gainerako lursaila lorategi pribatu antzeko bat da; oso eguzkitsua. Lorategira jauregi barrutik sartzen da. Lorategia handia eta ordeka da; batez ere, belarra dago, eta zuhaitz gutxi. Jauregiaren eskuinaldean bide bat dago, lorategira kanpotik sartzeko balio duena. Bide horrek ate bat zeharkatzen du; harri-blokeez egindako ate bat, ateburua duena. Ate horrek eraikinaren alboko fatxada du euskarritzat. Lorategian ez da beste elementu bereizgarririk gorde.


Azterketa dokumentala