Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2012ko martxoaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1053

5/2012 LEGEA, otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeena.

Eusko Legebiltzarrak otsailaren 23ko 5/2102 Legea, Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Autonomia Erkidegoari esleitzen dio Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloko eskumen esklusiboa, betiere, estatu sozialaren barruan justizia soziala bultzatuz gizarte-kohesioa bilatzen duen printzipio gisa. Era berean, eskumen horrekin batera, aintzakotzat hartu behar da aipatutako Autonomia Estatutuaren 11.2.a) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen diola, betiere hor zehaztutako jarraibideak errespetatuz, aseguru-arloko oinarriak legegintzaz garatzeko eta bere lurraldean betearazteko eskumena ere.

Eskumen esklusibo hori baliatuz, Eusko Legebiltzarrak Gizarte-Emendiotarako Borondatezko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/1983 Legea onartu zuen; legearen helburua borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera eta garapen askea bultzatzea zen, eta bazkideen eskubideak babestea; printzipio horiek gorpuztu zuten, beraz, Legea. Lege hori, bere garaian, gaiari buruzko lehenengo autonomia-erregulazioa izan zen, eta baliagarria izan da Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako erakunde ugari sortzeko eta, geroago, erakundeok behar bezalako garapena izateko.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak ustekabeko edo aurreikusteko moduko egoera edo gertaerek eragindako pertsonak babesteko sortu ziren, borondatezko gizarte-aurreikuspena gauzatuz irabazi-asmorik gabe eta Gizarte Segurantzaren araubide publikotik kanpo. Erakunde horien ezaugarri nagusiak izan ziren: helburua, batez ere erretiroa eta baliaezintasuna bezalako kontingentzia pertsonalen aurrean babestea; irabazi-asmorik ez izatea; elkartasuna errazten duen kudeatzailea elkarte bat izatea; bazkideek eskubide eta betebehar berberak izatea egindako ekarpenen inguruan, eta sistema autogestionarioa izatea eta, ondorioz, gobernu-organoen osaketa demokratikoa izatea.

Gizartearen, legearen, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik, legeak egoki bete ditu legegileak eskumena garatzeko betekizuna bere gain hartu zuenean zeuzkan asmoak, kontuan izanik, araugintza-espazio horri ez zitzaiola ordura arte behar bezalako arretarik eskaini.

Hala ere, legea onartu zenetik igarotako hogeita zazpitik gora urteetan, hainbat gertaera garrantzitsu izan dira Estatuko eta Europar Batasuneko esparruan, sektorean izandako aldaketa naturalez gain, eta horrek komenigarri egiten du autonomia-erkidegoko legeria sakon erreformatzea.

II

Ildo horretatik, Europar Batasunak, Europako bilakaera demografikoa ikusirik, behin eta berriz esan du sakondu egin behar dela gizarte-segurantzako sistema publikoen analisian eta sistema osagarriek sistema publiko klasikoak indartzeko bete dezaketen zereginaren azterketan, betiere, sistema publikoei uko egin gabe, belaunaldien arteko elkartasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko ezinbesteko tresna diren aldetik. Era berean, sistema osagarriak garatu eta hazteko gomendio eta sustapena egiten du, batez ere jarduera ekonomikoaren sektore edo enpresen eremuan sortutako eta negoziazio kolektiboak bultzatutako sistema kolektiboak badira.

Araugintzaren esparruan, kontuan hartu beharreko oinarrizko erreferentzia da, Europako esparruan, 2003/41/EE Zuzentaraua, ekainaren 3koa, enpleguko pentsio-funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoa, zeinak enpleguko pentsio-funtsen jarduerei atxikitzeko eta horiek gauzatzeko arauak ezartzen baititu, bertako kontsiderazio eta artikuluetan ezarritako moduan. Ildo horretatik, 2003/41/EE Zuzentarauak honela definitzen ditu enpleguko pentsio-funtsak: «kapitalizazio-sistemaren bitartez diharduen edozein instituzio, izaera juridikoa dena dela, baldin eta juridikoki enpresa sustatzailetik edo sektoretik independentea bada eta horren zeregina lan-jarduera baten testuinguruan erretiro-prestazioak ematea bada, honelako akordio edo lan-kontratu batean oinarrituta:

- enplegatzailearen edo enplegatzaileen eta enplegatuaren edo enplegatuen edo horien ordezkarien artean banaka edo taldean sinatutako kontratua,

- beren konturako langileekin sinatutako kontratua, baldin eta jatorrizko estatu kideko legeriak eta estatu kide hartzailekoak, biek ere, horrela ezartzen badute

eta, betiere, akordioaren jatorria aipatutako lan-harremana bada».

Zuzentarau horren 4. artikuluak, gainera, adierazten du aukeran egongo dela 2003/41/EE Zuzentarauaren artikulu gehienetan xedatutakoa aplikatzea (2003/41/EE Zuzentaraua enpleguko pentsio-funtsei buruzkoa da, eta bizi-aseguruei buruzko 2002/83/EE Zuzentarauan araututako erakundeek erretiro-prestazio okupazionalen inguruan egiten dituzten jarduerez ere ari da). Kasu horretan, jarduera horiei dagozkien aktibo eta pasibo guztiak zehatz mugatuta egongo dira, eta gainerako jardueretatik aparte kudeatu eta antolatuko dira.

Orobat, kontuan hartu behar da pentsio-plan eta -funtsei buruzko legeria agertu dela Estatuan, aseguru pribatuak antolatu eta ikuskatzeko legeriatik bereizita.

Bestalde, «Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Plana Euskadin», Eusko Jaurlaritzak 2006ko urtarrilaren 10ean onartua, erreferente garrantzitsua izan zen erreforma hau prestatzeko orduan; erreformak, hortaz, bi funtsezko oinarri ditu: alde batetik, gizarte-aurreikuspen osagarria ahalik eta gehien egokitzea demografia-, gizarte-, ekonomia- eta finantza-testuinguruaren bilakaeratik eratorritako erronka berriei eta, bestetik, aurreikuspen-sistema kolektiboak bultzatzea, batez ere enplegu-sistemak.

Gainera, ezin ditugu ahaztu Toledoko Itunaren ondorioz sinatutako akordioei egindako aipamenak, enplegu-sistemei buruzko interes bereziagatik, eta Europako Batzordearen Liburu Berdeari egindako aipamenak, Europan pentsio-sistema egoki, iraunkor eta seguruak lortzeari begira.

III

Orain arteko arau-multzoa aldatu beharraren ondorio da xedapen hau, nahiz eta, esan bezala, arau-multzo horrek egoki bete dituen, luzaroan, legegilearen asmoak zuzenbidearen, gizartearen, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik; izan ere, une hartan, beharrezkoa zen ordura arte arreta nahikorik jaso ez zuen araugintza-espazio bat betetzea, Europan pentsio-sistema osagarriak izenarekin ezagutzen direnak garatzeko.

Lege honek, funtsean, gizarte-aurreikuspen osagarria hedatu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean, eta, bereziki, sistema kolektiboak eta enplegukoak sustatu nahi ditu. Gainera, araudia argitu eta eguneratu nahi du eta, ildo horretatik, lege-ondare gertukoenak -Europakoak eta Estatukoak- sortutako kontzeptu eta erregulazioak hartuko ditu barne.

Lege berriaren helburuen artean sartzen dira, halaber, erakundeen kudeaketan gardentasuna, eraginkortasuna, kaudimena, berrikuntza eta profesionaltasuna areagotzea eta botere publikoen zaintza- eta kontrol-mekanismoak indartzea, babestutako kolektiboen interesak zaintzeko.

Oinarrizko gizarte-segurantzaren eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren mugak osatuz joan dira, hori egitea nahitaezkoa baitzen kontuan hartuta bataren eta bestearen proportzioak elkarrekin erlazionatuta daudela zuzenean; gaur egun, hortaz, bakoitzaren esparruak askoz zehatzagoak dira, Administrazioak bere lege-aurreikuspenak betetzearren egindako lanari esker, zalantzarik gabe.

Bestalde, subjektu kudeatzailearen arabera gizarte-aurreikuspenaren esparru osagarri desberdinetarako ager zitezkeen figurak, salbuespenak salbuespen, erabili ez izanak pentsaraz zezakeen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko autonomia-erkidegoko araudiak oihartzun eskasa izango zuela gizartean eta ez zela errealitate bihurtuko esparru juridikoan; hori ez zen, ordea, horrela gertatu, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko legeria agertu zenean, aurreikuspen-mota hori modu egokian hedatu zen eta, horren erakusgarri gisa, biderkatu egin dira, eraginkortasunak eta objektibitateak eskatzen dituzten mugen barruan, bai lan horretan jardun duten erakundeen kopurua, bai horietako bazkide eta onuradun izan diren pertsonen kopurua.

Gauzen izaerak berak ekarri zuen berekin Gizarte Segurantzaren eremu osagarria lan-harreman kolektiboen esparruan negoziatzeko aukera, Lan Zuzenbidearen barrutian; hori onartuta ere, eta ez dago ukatzerik, une oro pentsatu da izaera, ezaugarriak, kontzeptuak, subjektuak edo objektua ezin direla inolaz ere aldatu negoziazioaren esparruko erabilgarritasunaren bitartez. Aitzitik, egiazke zuzeneko arauketaren barruan sartzen zela iritzi zitzaion, esparru autonomikoan gerta baitaitake hori, besteak beste, babes-esparru subjektiboari eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren kudeaketa-figurei buruzko guztia, une bakoitzean egokien iritzitako zerga-trataera emanez.

Beraz, legegintzaren bilakaeraren aurrekariak horiek izanik, Borondatezko Aurreikuspeneko Gizarte Erakundeei buruzko lehenengo Legea egin zenetik, egiaztatu da lege haren legegintzako garapena ez dela nahikoa izan hainbat gai eta alderdi behar besteko xehetasun eta zehaztasunez mugatzeko, bilakaera egokia izan dadin. Horren ondorioz, erabilgarritasun nahikoa egotea onartu da hobekuntzaren helmena neurtzeko, baina horrek ezin du biderik eman gizarte-aurreikuspenaren osagarritasun-mailaren azpian datzan harreman juridikoaren izaera hutsaltzeko.

Araudi berria, hortaz, bat dator horretan aurrekoarekin eta, beraz, jatorrian borondatezkotasuna dagoela aitortzen da, eta estu-estu dagoela lotuta Administrazioak legearen eta gauzen izaeraren beraren ondorioz kontu hartzeko gauzatzen duen jarduerari; izan ere, kontu hartzearen mendeko aurreikuspen subsidiatuen esparruan gaude, borondatezko aseguramendu hutsarenean bainoago.

Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak erantzukizuna duten subjektuak dira, eta dagokion lege autonomikoaren arabera balioz eratu ondoren, berezko nortasun juridikoa dute, erakunde eta instituzio sustatzaileenetik bereizita. Errealitate horri esker, erakunde horiek gizartean eta ekonomiaren eta finantzen esparruan garrantzi handia duen pertsonifikazio juridikoa bihurtu dira.

Orobat, lege honen esparruan sartzen dira, borondatezko gizarte-aurreikuspen direnez gero, elkarlaguntzako sozietate zibilak, kofradiak, montepioak eta ermandadeak, zeinak historikoak baitira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, arrantzaren eta abeltzaintzaren esparruan; gainera, oinarri historiko tradizionala izan dira bereizi gabeko hainbat arrisku-egoeretarako berariazko estaldura soziala ezartzeko. Lege honen esparruan sartzeak, ordea, ez du eragotziko gerora horiei buruz egin dadin berariazko erregulazioan xedatutakoa. Erakunde hauek, horietako asko Estatuak gai honi buruzko eskualdaketak egin zituenean erkidego honetara transferituak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde gisa daude inskribatuta gaur egun, baina beren prestazioak suteetan, ehorzketetan edo antzekoetan ematen dituztenek izendapen historiko tradizionalak hartu ahal izango dituzte etorkizunean, hala badagokio.

Aurrekoa gorabehera, ez dugu ahaztu behar nahitaezko Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloan Euskal Autonomia Erkidegoak duen eskumen esklusiboa modulatua izan zela aseguruak antolatzeko oinarriak ezartzen dituen Estatuko araudiak gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen oinarriak arautu zituenean eta nahitaezko Gizarte Segurantzaren sistemaren osagarri den borondatezko aseguru-modalitate bat eskaintzen duten erakundetzat definitu zituenean.

Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrinak bermatu egiten du hori eta, ondorioz, 2003/41/EE Zuzentarauan araututako esparrutik kanpoko aseguru-jardueraren bat gauzatzen denean, erakunde horiei une bakoitzean aseguruen antolamenduaren esparruan oinarrizko diren manuak aplikatuko zaizkie jarduera horri dagokionez.

Horrek guztiak, errealitate sozialak ezartzen dituen eskakizunekin batera, komenigarri egiten du, batetik, legean agertzen diren balizko kasuak egokitzea zerga-tratamendu zuzena izan dezaten foru-ogasunen esparruan eta Kontzertu Ekonomikoaren baitan eta, bestetik, indarrean dagoen araudia eguneratzea, Europako Zuzenbidearen eta barneko Zuzenbide estatal eta autonomikoaren esparruan legegintzako jarduera egokiek eskatzen dituzten berrikuntza guztiak sartzeko araututako gaiaren nukleo funtzional eta egiturazkoan.

Legeak zati hauek ditu: zioen azalpena; 78 artikulu, XVI kapitulutan banatuta; sei xedapen gehigarri; lau xedapen iragankor; xedapen indargabetzaile bat, eta hiru azken xedapen. Ondoren, atal bakoitza laburbilduko da, berrikuntza nagusiak nabarmenduz.

I. kapituluan, legearen xedea eta borondatezko gizarte-aurreikuspenaren araubidea osatzen duten funtsezko printzipioak arautzen dira.

II. kapituluan, legearen aplikazio-eremua ezartzen da, bai lurraldeari, bai eragindako pertsonei dagokienez.

III. kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak definitu eta sailkatzen dira, lehenengo aldiz, estalitako kontingentziaren eta subjektu babestuen arteko loturaren arabera, eta planen eta erakundeen arteko integrazio-harremanak arautzen dira.

IV. kapituluan, gizarte-aurreikuspeneko planak sailkatzen dira, eta bakoitzaren kontzeptua azaltzen da; gainera, aurreko erregelamendu-araudiei lege-maila ematen zaie.

V. kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko plan eta erakundeen inguruko antolamendua, kontzeptu zehatzak eta oinarrizko printzipioak ezartzen dira, eta bereziki aipatzen da horien jatorria eta enpresa-hitzarmen edo -itun bidez sortu diren. Gainera, berariaz azpimarratzen da diskriminaziorik ezaren printzipioa beteko dela bazkideak hartzeko orduan eta prestazioa, ahal dela, errenta moduan jasoko dela, eta jarraipen-batzordearen eraketa eta funtzioak zehazten dira. Horrela, plan eta erakundeok gizarte-aurreikuspen osagarriak gerora izango duen garapenaren funtsezko elementu gisa eratzen dira.

VI. kapituluan, bazkideen eta onuradunen definizio eta sailkapen berri bat egiten da, eta horien eskubideak eta betebeharrak arautzen dira. Eskubideen artean, azpimarratzekoa da banakako mugikortasunerako aukera irekitzen dela, hau da, gizarte-aurreikuspeneko planak dituen bazkide arruntek eta onuradunek beren ekonomia-eskubideak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batetik beste batera aldatu ahal izango dituztela, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian ezarritakoaren arabera.

Era berean, aurreko araudian bezala, banakako modalitateko edo elkartekide modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkideek ekonomia-eskubideak erreskatatu ahal izango dituzte, erabilitako finantza-sistemaren arabera pilatutako erreserben kontura, baldin eta egindako lehenengo ekarpenak hamar urtetik gorako antzinatasuna badu.

VII. kapituluan, babes-jarduera zehazten da, eta prestazioen araubide juridikoaren eta kontingentzia guztien kontzeptuak mugatzen dira behar bezala.

VIII. kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen bizi-prozesu osoa zehazten da, eta horien sorrera, Erregistroko inskripzioa, bat-egitea, zatiketa, desegitea eta likidazioa arautzen dira. Zerbitzuen zuzentarauarekin bat, interes orokorreko arrazoiengatik, aurretiazko administrazio-baimenari eusten zaio, baina administrazioaren isiltasunak ondorio positiboak izango ditu.

IX. kapituluak legearen aldetik garrantzitsua den berrikuntza bat dakar, izan ere, gizarte-aurreikuspeneko planen araubide juridikoa ezartzen du eta, sorreratik azkentzera arte arautzeaz gain, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batean integratzeko modua eta gizarte-aurreikuspeneko planak erakundez aldatzeko modua ere erregulatzen ditu. Ildo horretatik, gizarte-aurreikuspeneko enpleguko planek eta elkartekide modalitateko planek ahalmena izango dute, sustatzaileek legitimoki hartutako erabaki baten bitartez eta dagokion administrazio-baimena jaso ondoren, bazkideak eta planari atxikitako aktiboak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde batera aldatzeko, erakunde horrek onartzen baditu. Jatorrizko erakundeak nahitaez baimendu beharko du aldaketa hori bere estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritako epeetan.

Lehendik dagoen enpleguko gizarte-aurreikuspeneko plan baten barruan dauden babesleak eta dagokien kolektiboak ere aldatu ahal izango dira, administrazio-baimenik eskatu gabe.

X. kapituluak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen gobernu-organoei buruzkoak, gehiengoen erregimena ezartzen du erabakiak hartzeko, batzarretan delegatuen eta ordezkarien bitartez parte hartzeko aukera argitzen du eta zuzendaritzaren figura arautzen du. Gizarte-aurreikuspenari buruzko gutxieneko ezagutzak eskatzea ere aurreikusten da gobernu-batzordeko kideentzat. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea betez, sexu bien ordezkaritza orekatuta egongo dela aurreikusten da, bazkide eta onuradun diren gizon eta emakumeen portzentajearen proportzionala.

XI. kapituluan finantza-funtsak eta -bermeak, administrazio-gastuak eta erakundeek aplikatu beharreko inbertsio-printzipioak arautzen dira.

Erakunde hauei aplikagarri zaien indarreko araudia betetzen dela gainbegiratu, kontrolatu eta ikuskatzeko eta kontu hartzeko administrazio-araubidea XII. kapituluan dago jasota.

XIII. kapituluan, arau-hausteen eta zehapenen legezko araudia ezartzen da, gizartearen egungo errealitateari egokituta.

XIV. kapitulua Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari buruzkoa da, eta bazkideen fitxategi orokorra sortzea aurreikusten du, Euskal Autonomia Erkidegoko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide guztiak antolatzeko irizpide jakinen arabera eta aurreikusitako ondorioetarako.

XV. kapituluan, federazioei aplikatuko zaien araubidea ezartzen da, eta gizarte aurreikuspenaren euskal kontseilua eratzen da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema dagoeneko garrantzitsuak eta, batez ere, datozen urteotan izango duen garapen esanguratsuak komenigarri egiten dute tresna egokia sortzea sistemaren hedapena eta finkapena bideratzeko eta jarraipena egiteko. Kontseiluak lagungarri izan behar du helburuak modu eraginkorrean betetzeko eta Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Planean zehaztutako jarduera-esparrua etengabe egokitzen dela bermatzeko. Kontseiluaren jarduerak aukera emango du bitartekoak helburuei doituak direla ziurtatzeko eta, azkenik, aurreikusitako neurriak eta jarduerak zein intentsitaterekin eta zein erritmotan aplikatu behar diren erabakitzeko.

XVI. kapituluak, Xedapen bereziak izenekoak, Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Planean proposatutako sustapen-neurriak bideratzeko eskatzen dio Gobernuari; gainera, arlo honetako espedienteetan dauden datuen eta agirien izaera eta erakundeen publizitate-jarduera arautzen ditu.

Azkenik, xedapen gehigarriek, iragankorrek, indargabetzaileek eta azken xedapenek dagozkien gaiei buruzko arauak ezartzen dituzte. Berariaz aipatu beharrekoa da hirugarren xedapen gehigarria, minusbaliatuei aplikatu beharreko araubidea ezartzen duena, finantza- eta zerga-arloetan estatu- eta foru-legegileek araututakoaren ildoari jarraituz. Zehazki, araubide berezi horren jatorria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 40/1998 Legean dago, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko foru-arauetan arautzen da. Halaber, Laugarren xedapen gehigarria aipatu behar da azalpen honetan, bertan beren-beregi aipatzen baita ez dutela administrazio-zerbitzuen tasa ordaindu behar izango.

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Legearen xedea.

1.- Lege honen xedea borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak arautzea da; zehazki, arau honetan zehazturik datozen kontingentzietarako babesa ematearren, Euskal Autonomia Erkidegoan borondatezko edo Gizarte Segurantza osatzeko gizarte-aurreikuspena lantzeko xedea dutenak.

2.- Gerta daiteke talde profesional batzuek derrigorrezko beste aurreikuspen-modu osagarri batzuk erabiltzea, dela negoziazio kolektiboaren bitartez, edo dela autonomia korporatiboa erabiliz. Bada, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak borondatezkoak izateak ez ditu beste aurreikuspen-modu horiek ezertan eragotziko.

2. artikulua.- Sistemaren funtsezko printzipioak.

Jarraian, borondatezko gizarte-aurreikuspenerako erregimenaren funtsezko printzipioak zehaztuko ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak oinarri horien gainean osatu beharko dira eta funtzionatu beharko dute. Hauek dira:

a) Ekarpenak eta prestazioak direnak direlarik ere (estatutuetan etorriko dira zehazturik, erakunde bakoitzaren ezaugarrien arabera), bazkide guztiek eskubide eta betebehar berberak dituzte.

b) Irabazi-asmorik ez. Ezin da dibidendurik banatu, ezin da merkataritza-negozio itxurakorik ezkutatzen duen entregarik egin, eta ezin da, bazkideak erakartzeko lanean, bitartekarien edo agenteen bitartekaritza ordaindu.

c) Erakundearen kudeaketak gardena izan behar du. Bazkideei eta onuradunei behar duten informazio guztia eman behar zaie, betiere arauetan jartzen duena kontuan hartuta.

d) Gobernu-organoek egitura eta osaera demokratikoak. Organo horiek aukeratzeko orduan, kontuan izan behar da atzetik duten kolektiboa ordezkatu behar dutela. Organo-kideek lan egiteko behar duten informazio guztia izan behar dute.

e) Gobernu-organoetan parte hartzeagatik ez da ezer ordaintzen. Inork, benetan, betearazte-egitekorik betetzen baldin badu, eta erakundearen estatutuetan jartzen baldin badu halakoak ordain daitezkeela, batzarrari eska dakioke ordaintzea onartzeko.

f) Ezin da bazkide bilakatzeko inolako mugarik egon, betiere estatutuetan, erakundearen helburuen arabera, zer jartzen duen kontuan hartuta.

g) Baliabideak eraginkortasunez, eragimenez eta berritu beharrekoa berrituz kudeatu behar dira.

II. KAPITULUA

APLIKAZIO-EREMUA

3. artikulua.- Eremu subjektiboa.

Lege honetan jartzen duena borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde hauei aplikatuko zaie: helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten guztiei, eta baita haien federazioei ere, eta, aseguru-jarduera eginez gero, lan egiteko lurraldea, hartutako konpromisoak edo arriskuen kokalekua Euskal Autonomia Erkidegoan dauzkatenei. Ezin dute Gizarte Segurantzaren barruan egon, eta lege honen arabera osaturik edo osatzekotan egon behar dute.

4. artikulua.- Kideak.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako legezko bazkide edo onuradun guztiak daude borondatezko gizarte-aurreikuspeneko sistemaren barruan, dena delako erakundearen prestazio-sistema -erakundeak hainbat modalitatetakoak baitira- edozein delarik ere.

2.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea bera edo erakundearen gizarte-aurreikuspeneko planak negoziazio kolektiboaren ondorioz sortu baldin badira, gai honetan, laneko legedian langileaz edo subjektu babestuaz jartzen duena bete beharko da.

III. KAPITULUA

BORONDATEZKO GIZARTE-AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEAK

5. artikulua.- Definizioa.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak, geroak ekar dezakeena aurreikusiz, bazkide arruntei eta onuradunei lege honetan zehazturik dauden kontingentzietarako babesa eskaintzen dieten instituzioak dira, irabazi-asmorik gabe.

6. artikulua.- Izena.

Lege honen eraginpean dauden erakundeek badute obligazio bat, izenean bete beharrekoa, hau da, aukeratu duten izenaren aurretik edo ondoren, «Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea» jarri behar dute, osorik edo sigla bidez: «BGAE». Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan izena emateko, nahitaezkoa izango da izena baimendua izatea.

7. artikulua.- Sailkapena.

Zer-nolako kontingentziak estaltzen dituzten ikusita, eta bazkideak eta bazkide arteko loturak nolakoak dituzten ikusita, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak honela sailkatuko dira:

a) Estaltzen dituzten kontingentzien arabera:

1.- Lege honetako 24. artikuluan jasota dauden kontingentzia pertsonalak estaltzen dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak.

2.- Lege honetako 25. artikuluan jasota dauden kontingentziak besterik estaltzen ez duten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Betiko izena mantendu edo gehitu dezakete.

b) Bazkideak eta bazkide arteko loturak nolakoak dituzten gorabeheran:

1.- Banakako modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Halakoetan, finantza-erakundeak dira bazkide sustatzaileak edo babesleak. Finantza-erakunde horiek, pertsona fisikoak diren bazkide arruntei, lege honetan jasota datozen kontingentzia pertsonaletarako babesa ematen diete. Bazkide horien artean, aurretiaz, ez dago erakunde horietara biltzeko erabakigarri den inolako loturarik.

2.- Enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Kideen eta bazkide babeslearen artean lan-harremana dago edo egon da; edo, funtzionarioen edo estatutupekoen kasuan, zerbitzu-harremana; edo, kooperatibetan eta lan-sozietateetan, bazkide langileek edo laneko bazkideek izaten dutena. Erakundera biltzea erabakitzeko arrazoi nagusia, edonola ere, negoziazio kolektiboan lortutako akordioa, enpresa-ituna edo enplegatzailearen erabaki bere kasakoa izango zen.

Bazkideek, elkarren artean, beren lanbidearekin zerikusia duen loturarik baldin badaukate, bazkide arrunt horien borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak ere enplegukoak izango dira.

Baliteke enpleguko erakundeek sustatzaile bakar bat edukitzea, publikoa nahiz pribatua; edo hainbat sustatzaile, elkar hartuta. Ez dago eragozpenik plan ezberdinak edukitzeko talde ezberdinetarako, ekonomia-jarduerako arlo ezberdinetarako, edo prestazio-mota ezberdinetarako.

3.- Elkartekide modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Kideek elkarte-motako harremana dute beren artean, ez lan-arlokoa eta ezta lanbidearen ingurukoa ere.

4.- Bereizi gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak: kideen arteko loturak ez dira lan-arlokoak, eta estaltzen dituzten kontingentziak ez dira pertsonalak.

IV. KAPITULUA

GIZARTE-AURREIKUSPENEKO PLANAK

8. artikulua.- Kontzeptua eta esparrua.

Gizarte-aurreikuspeneko planak akordio batzuk izaten dira, berezko nortasun juridikorik gabeak. Itxuraz, kontratuak dira, edo elkarte-eratzaileak, edo osaerako egintzak, edo arautzaileak, eta bi gauza taxutu eta arautu behar dituzte: aldian aldiko ekarpenen eta prestazioen araubidea; eta eskubidea aitortzeko baldintzak, bai erretiroa hartu behar denerako, eta baita, hala egin beharra egokitzen denean, kontingentzia hauetarako ere: heriotza, mendekotasuna, baliaezintasuna, denbora luzeko enplegurik eza edo gaixotasun larria. Gizarte-aurreikuspeneko planak prestazio-erregelamenduetan formalizatzen dira, eta, prestazio horiek zehazteko, banakako kapitalizazio-sistema finantzario eta aktuarialak aplikatzen dituzte.

9. artikulua.- Gizarte-aurreikuspeneko planen modalitateak.

Gizarte-aurreikuspeneko planak honela sailkatuko dira:

a) Bazkideen artean dagoen loturaren arabera, honela:

1.- Gizarte-aurreikuspeneko banakako planak: egin beharreko gauza bakarra planera biltzea da, bazkideen artean aurretiaz inolako loturarik egon gabe.

2.- Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planak: kideen artean nolabaiteko lotura bat behar da: lanekoa, funtzionarioena edo estatutupekoa, edo, kooperatibetan eta lan-sozietateetan, bazkide langileak edo laneko bazkideak izatea. Planeko bazkide osoak langile autonomoen kolektiboetakoak izanagatik ere, plana enpleguko modura kalifika daiteke, baldin eta kolektibo horiek lanbide-elkarte, merkataritza-ganbera edo ordezkaritza-erakundeen bidez eratu badira eta haiek badihardute bazkide sustatzaile edo babesle gisa.

Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planetan, bazkide babesleak eta horien kolektiboak ere sar daitezke, aurreikuspen-planaren ezaugarriak errespetatuz.

3.- Gizarte-aurreikuspeneko elkartekide modalitateko planak: kideen artean elkarte-motako loturaren bat egotea eskatzen dute.

b) Ekarpenen eta prestazioen araubidearen arabera, honela:

1.- Ekarpen finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planak: Aurretiaz zehazturik daukate bazkideen ekarpenak zenbatekoa izan behar duen edo zenbateko hori nola zehaztu behar den, baina ez du zerikusi zuzenik eta berehalakorik bihar-etzi jasoko duten prestazio zehatzarekin, eta prestazioaren zenbatekoa ez dago aldez aurretik bermaturik. Beste aukera bat ere badago: plan hauetan, ondarearen zati alikuota bakoitzaren zenbateko zehatza kanpotik bermaturik egotea. Halakoetan, beste izen bat izango dute: gizarte-aurreikuspeneko plan bermatuak.

2.- Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planak: plan hauetan, zehazturik egoten dena da bazkide pasiboek edo onuradunek jaso beharreko prestazioa zenbatekoa izango den edo nola zehaztu behar den, betiere, estalita dagoen dena delako kontingentzia gertatu eta bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen baldin badira.

3.- Gizarte-aurreikuspeneko plan mistoak: plan hauetan, aurreko formula bateko eta besteko ezaugarriak aurkituko ditugu, aldi berean.

10. artikulua.- Izena.

Gizarte-aurreikuspeneko planen izenean, zein modalitatetakoa den ere zehazturik egon beharko du, bazkideen arteko loturaren araberako sailkapena oinarri hartuta. Sailkapen hori aurreko artikuluan dator jasota.

V. KAPITULUA

BORONDATEZKO GIZARTE-AURREIKUSPENEKO LEHENTASUNEZKO ERAKUNDEAK ETA GIZARTE-AURREIKUSPENEKO LEHENTASUNEZKO PLANAK

11. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundeak.

Enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako batzuk izango dira lehentasunezkoak, hain zuzen ere, gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planak besterik ez darabiltenak. Enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei dena delako administrazio-organo eskumendunak emango die «lehentasunezko» kalifikazio hori, lege honetan zehazturiko baldintzak betetzen dituztenean.

12. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundea osatzea, kalifikazio hori eskuratzea, eta galtzea.

1.- Lege honen 30. eta 31. artikuluetan zehazturik datozen prozeduraz eta betekizunez gainera, beste baldintza bat ere bete behar da, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundea osatzeko, alegia, lehentasunezkoa izateko borondatea eratze-batzarrak onartzea, sustatzaileek aho batez baietz esanda, eta eratze-aktan ere halaxe jasota uztea.

2.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundeek Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan dagokion liburuan eta atalean izena emateko eskaria egin behar dute.

3.- Inoiz lehentasunezkoak izateko baldintzak betetzeari uzten badiote, emandako kalifikazioa baliorik gabe geratuko da.

4.- Lehenagotik osatuta dagoen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batek, lehentasunezkoa izan nahi baldin badu eta horretarako aginduta dauden baldintzak betetzen baditu, bi gauza egin beharko ditu: kalifikazio hori bereganatzeko akordioa hartu, eta estatutuak edo erregelamenduak behar bezala aldatzea onartu. Gauza bera egin beharko du lehentasunezkoa izateari utzi nahi izanez gero ere.

13. artikulua.- Gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planak.

Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planetako batzuk izango dira lehentasunezkoak, hain zuzen ere, 42. artikuluan jasota datorren prozeduraren arabera sortu, eta jarraian datorren artikuluko baldintzak betetzen dituztenak.

14. artikulua.- Gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planetan bete beharreko baldintzak.

Lehentasunezko kalifikatuko badira, gizarte-aurreikuspeneko planek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Inor ez diskriminatzeko printzipioa. Gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planetan, gutxienez urtebeteko antzinatasuna daukaten langile guztiek izan behar dute bazkide osoak izateko aukera, baita lan-harreman berezia dutenek ere; kooperatiben eta lan-sozietateen kasuan, bazkide langile edo laneko bazkide guztiek; eta langile autonomoen kasuan, kolektibo osoak.

Halako planetara nork bildu behar duen jakiteko, hitzarmenaren eta itunaren eraginkortasuna izango da gakoa. Laneko ordezkarien borondatea norbanakoaren borondatearen adierazle ere izango da, eta, lehen aipatu ditugun akordioen ondorioz baldin badator, planera derrigor bildu behar izateak edo planean derrigor mantentzeak ez du boluntariotasun-printzipioa urratzen. Dena delako ituna eraginkortasun mugatukoa baldin bada, haren eraginpean den kolektibo osoaren gutxienez bi heren lotu beharko zaizkio.

b) Gutxienez zertatik babestu beharko duten. Gutxienez, kontingentzia hauek estali beharko dituzte: erretiroa, heriotza eta baliaezintasuna edo ezintasun iraunkorra (lan-harremana amaitzea baldin badakar), edo parekoak.

c) Alde biek egin beharreko ekarpena. Negoziazio kolektiboan zehaztuko da zenbateko ekarpenak egin behar diren, eta bazkide babesleen eta bazkide osoen artean egin beharko dira.

Baina, autonomoen kasuan, edo -kooperatibetan eta lan-sozietateetan- bazkide langileen edo laneko bazkideen kasuan, planeko erregelamenduan zehazturik datozenak izango dira gizarte-aurreikuspeneko planera egin beharreko ekarpenak.

d) Mugikortasuna. Eskubide ekonomikoak inora mugitzekotan, enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko beste plan batzuetara izan beharko du, ez beste inora.

e) Erreskaterik ez. Dirua erregelamenduetan zehazturik dauden kontingentzietatik babesteko besterik ez da izango. Eskubide ekonomikoak ezin dira aurretiaz itzuli.

f) Prestazioak. Erretiroek, heriotzek eta baliaezintasunek edo lan-harremana amaitzea dakarten ezintasun iraunkorrek eragiten dituzten prestazioak estatutuetan edo erregelamenduetan zehaztuta dagoen moduan jasoko dira. Biziarteko errenta modura aitortu eta ordainduko dira, baina bada finantza-errentak ordaintzeko aukera ere -gutxienez hamabost urtez iraun beharko du-, umezurtz-prestazioetan izan ezik. Salbuespen modura, bada beste aukera bat ere, prestazio horiek kapital modura jasotzea. Izan beharko du estatutuetan edo erregelamenduetan jasotako egoeretan, edo errenta ez denean erregelamenduetan zehazturik datozen ehunekoetara edo kopuruetara iristen.

Gainerako prestazioak planeko erregelamenduan zehazturik dagoen moduan jasoko dira.

Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planetan, eskubide ekonomikoa 19.2.c) artikuluan jarrita dagoen moduan aitortuko da.

g) Jarraipen-batzordea. Plana lehentasunezkoa izatea nahi baldin bada, enpleguko gizarte-aurreikuspeneko plana taxutzen duten akordioetan, jarraipen-batzorde paritario bat osatu beharra ere aurreikusi beharko da (alegia, aldeek ordezkari-kopuru bera), non eta ez diren hiru baldintza hauek betetzen: plana borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakunde baten barruan egotea; plan hori erakundeak duen bakarra izatea; eta erakundearen gobernu-batzordea paritarioa izatea.

Plan edo erakunde batzuetan ez da derrigorra izango jarraipen-batzordea edo gobernu-batzordea paritarioa izatea, hain zuzen ere, autonomoentzako edo kooperatibetako eta lan-sozietateetako bazkide langileentzako edo laneko bazkideentzako erakunde edo planetan.

h) Izena. Artikulu honetako baldintzak betetzen baldin badituzte, enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planek, jatorriz duten izenari, «lehentasunezko» erantsi beharko diote.

15. artikulua.- Lehentasunezko gizarte-aurreikuspeneko planaren jarraipen-batzordea.

1.- Jarraipen-batzordearen eginkizunak hurrengo paragrafoan datoz zehazturik. Bada, akordioak hartzeko orduan, akordioa b) eta f) idatz-zatietako eginkizunetarako baldin bada, emandako boto guztien bi herenetako gehiengoa beharko da; eta gainerako lerrokadetako eginkizunetarako baldin bada, emandako botoen gehiengo soila beharko da.

2.- Hona hemen enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planen jarraipen-batzordearen eginkizunak:

a) Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren kudeaketaren jarraipena.

b) Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren erregelamenduen hasierako onarpena eta aldaketa.

c) Bere bazkideen interesen alde jokatzea zuhurtziaz, arduraz eta erantzukizunez.

d) Planaren kaudimena eta oreka zaintzea, eta aitortutako prestazioei eta eratze-bidean direnei behar bezala erantzun dakiekeela begiratzea.

e) Erregelamenduak betetzea eta betearaztea.

f) Plana erakundez aldatu, bat egin, zatitu edo azkendu egin behar bada, erabakia hartzea.

g) Plana darabilen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeko gobernu-organoetan parte hartzea.

h) Inbertsio-printzipioen adierazpen idatzia berrikusteko proposatzea eta, aldian-aldian, planteatzea.

i) Aurkezten zaizkion erreklamazio guztiei erantzuna ematea eta izapidetzea, erregelamenduekin bat.

j) Plana borondatezko gizarte-aurreikuspeneko zein erakundetan sartuko den erabakitzea.

3.- Aureikuspen-plan bakarra eta gobernu-batzorde paritarioa duten eta jarraipen-batzordea eratu beharrik ez duten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan, gobernu-batzordeak hartuko ditu bere gain jarraipen-batzorde horren funtzioak.

VI. KAPITULUA

BAZKIDEAK ETA ONURADUNAK

16. artikulua.- Bazkideak eta onuradunak.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan, mota hauetako bazkideak izan daitezke:

a) Bazkide sustatzaileak: Pertsona fisiko nahiz juridikoak, edozein motatakoak eta izaeratakoak, eratzeko gogoz eta hasieran behar den dirua jarriz borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea sortzen eta eratzen parte hartu dutenak, eta erakunde horretako gobernu-organoetan dabiltzanak, indarrean dagoen araudiaren arabera, erakundearen estatutuetan ezarrita dagoen moduan.

b) Bazkide babesleak: Beren jardunaren bidez edo hitzartutako ekarpenen bidez borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde baten edo gizarte-aurreikuspeneko plan baten garapenean eta aurrerabidean parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, zuzeneko onurarik jaso gabe jarduten dutenak, baina beren gobernu-organoetan parte hartuz, estatutuek agintzen duten moduan.

c) Bazkide oso edo arruntak: lege honek ezarritakoaren arabera, beren buruentzat edo beren onuradunentzat prestazioren bat lor dezaketen pertsona fisikoak. Arriskupean daudenak gauzak direnean, arriskuan dauden ondasunen gaineko eskubideren bat edo zilegizko interesen bat dutenak.

2.- Bazkide arruntak modalitate hauetakoak izan daitezke:

a) Bazkide aktiboak: beren kabuz edo beren izenean dabilen norbaiten bidez egin dituzten ekarpen ekonomikoen ondorioz, beren buruentzako edo beren onuradunentzako prestazioren bat jasotzeko eskubidea dutenak.

b) Bazkide pasiboak: bazkide aktiboak izan ondoren, prestazioaren zuzeneko titular bihurtu direnak, subjektu babestu gisa, dena delako kontingentzia gertatu ondoren.

c) Bazkide etenak: bazkide aktibo izan ondoren, ekarpenik egiten ez dutela geratu direnak, ez beren kabuz ez beren izenean dabilen inoren bidez.

3.- Onuradunak hauek izango dira: eragilearekin daukaten harremana dela-eta, kontingentzia gertatu eta gero prestazioaren titular bihurtzen diren pertsona fisikoak.

4.- Bai bazkideek eta bai onuradunek eskubidea dute gobernu-organoetan parte hartzeko eta bertan ordezkatuta egoteko, erakundearen estatutuetan ezarritakoaren arabera eta erregelamendu bidez adierazitako parametroen barruan.

17. artikulua.- Mugak.

1.- Oro har, ezingo da aldi berean erretirorako ekarpenak egin eta kontingentzia horren ondoriozko prestazioak kobratu.

Erretiroa hartzen denetik, bazkideak aurreikuspen-planari ekarpenak egiten jarraitu ahal izango du. Hala ere, behin borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundetik erretiro-prestazioa kobratzen hasita, ekarpenak ezingo dira erretiro hori estaltzera bideratu.

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde batetik prestazioa kobratzen ari den erretiratutako pertsona bat lanera itzultzen bada, berriz hasi daiteke erretiro-gertakizunerako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeei egindako ekarpenak egiten, betiere borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundetik jasotzen duen prestazioa kobratzeari utziko balio.

2.- Alabaina, bazkideak erretiro partziala hartu duen egoeretan, eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunderen batetik prestazio hori jaso arren, izango du aukera ekarpenak egiten jarraitzeko, baina mendekotasun-kontingentziari eta heriotzari erantzuteko, ez besterik; non eta estatutuek ez duten aukera ematen erabateko erretirorako ekarpenak egiteko.

18. artikulua.- Heriotzaren ondoren onuradun izango direnak izendatzea.

1.- Ekarpen finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, aukera dago onuradunak nahieran izendatzeko.

2.- Ez bada onuradunik izendatzen, erakundearen estatutuetako edo erregelamenduetako prelazioak xedatzen duenari men egin beharko zaio.

3.- Ordezko izaeraz, oinordekotzako zuzenbidearen barruan bazkide horri aplikatzekoa zaion araubidea izango da arau.

4.- Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, erakundearen estatutu sozialek edo erregelamenduek ezarritakoari men egin beharko zaio.

5.- Gizarte-aurreikuspeneko plan mistoetan, prestazio finkatuko planetarako ezarritako irizpidea aplikatuko da.

6.- Erakundeak, 27. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe, onuradunari dagokion prestazioa eskuratuko dio onuradun dela egiaztatzen duenari. Dena delako ordainketa hori egindakoan, hortxe bukatuko da erakundearen erantzukizun oro.

19. artikulua.- Bazkideen eskubideak.

1.- Lege honetan jasotako nondik norakoen barruan, honako eskubidea dute borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkideek:

a) Gobernu-organoetako karguetarako hautagaiak aukeratzekoa eta hautagai izatekoa, estatutuek edo erregelamenduek xedatutakoaren barruan.

b) Erakundearen gobernu-organoetan parte hartzekoa, bakoitzak bere kabuz edo ordezkariren baten bidez, erakundearen estatutuetan ezarritakoaren arabera. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako batek gizarte-aurreikuspeneko plan bat baino gehiago biltzen baditu, parte-hartzea horietako bakoitzaren proportzioan izango da, 56.2 artikuluan datozen irizpideen arabera.

c) Finkatutako prestazioak jasotzekoa eta, kasuan kasu, eskubide ekonomikoak mugitu edo erreskatatzekoa, estatutuek edo erregelamenduek agindutakoaren arabera. Eskubide horiek bazkide arruntek dituzte, edo, egoki denean, beren onuradunek, baina ez beste inork.

d) Erakundearen egoeraren berri jasotzekoa aldian-aldian, lege honen bidez garatuko diren arauetan ezarritako baldintzetan eta epeen barruan. Halaber, gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek bazkide osoen eskubide ekonomikoen egoeraren gaineko informazioa eman behar dute aldiro-aldiro, bai eta gizarte aurreikuspeneko planean nahiz horren funtzionamendu-arauetan funtsezko aldaketak eragingo dituzten bestelako kontuen gaineko informazioa ere.

e) Lege honek edo estatutuek aitortzen dieten beste edozein eskubide.

2.- Hauek dira gizarte-aurreikuspeneko planetako eskubide ekonomikoak:

a) Ekarpen finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, bazkide arruntari dagokion kuota partea, betiere, ekarpena, errendimenduak eta gastuak kontuan hartuta kalkulatuta, arauak ezarritakoaren arabera. Horretarako, gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzaren erregelamenduak berak ezarri beharko du administrazio-gastuak direla-eta zenbateko portzentajea kendu behar den; eta portzentaje hori aplikatuko zaio gero gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzari lotutako ondareari, horren errendimenduari, edo biei.

b) Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, kasu bakoitzari dagokion prestazioa, egintza eragilearen arabera, erakundearen estatutu sozialetan eta erregelamenduan ezarritakoaren arabera, hurrengo epigrafean zehaztuko den kasuan izan ezik.

c) Prestazio finkatuko lehentasunezko gizarte-aurreikuspeneko planetan, bakoitzari dagokion probisio matematikoa, erabilitako sistema aktuarialarekin bat etorriz.

d) Gizarte-aurreikuspeneko plan mistoetan, aurreko paragrafoetatik, dagokion erregimena aplikatuko da, ezarrita daukan ekarpen- eta prestazio-erregimenaren arabera.

3.- Ezkontza deuseztatu edo ezkontideak banandu edo dibortziatu diren kasuetan, ebazpen judizial irmoa badago, eta ebazpen horrek argituta uzten badu ezkontideek elkarrekin zeukaten aurreikuspen-planaren eskubideak nola banatuko diren, orduan, gizarte-aurreikuspeneko erakundeak aukera emango du eskubideak bientzat izendatzeko, betiere, epaiak ezarritako formula kontuan hartuta. Izendapen hori gauzatzen denetik aurrera, bazkide bakoitzak bere partaidetza izango du aurrerantzean gizarte-aurreikuspeneko planean, bakoitzak bere aldetik.

Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planetan, enplegatu ez den ezkontideak bazkide etenaren izaera hartuko du.

Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, erakundearen estatutuetan ezarritakoa bete beharko da.

20. artikulua.- Bazkideen betebeharrak.

Hauexek dira bazkideen betebeharrak:

a) Gobernu-organoek behar bezala hartutako erabakiak betetzea.

b) Erakundearen estatutu edo erregelamenduetan ezarritako ekarpenak ordaintzea.

c) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eskatzen dizkien datu guztiak ematea eta eguneratzea, erakundeak ondo funtziona dezan eta bazkidearen eskubideak behar bezala taxutu daitezen.

d) Aplikatzekoa den araudiaren edo estatutuetan ezarritakoaren araberako beste edozein.

21. artikulua.- Inbertsio-profila aukeratzeko eskubidea.

Erretiroko kontingentzia ekarpen finkatuko sistemaren bitartez estaltzen duten gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide osoek bizi-zikloaren inbertsio-estrategiak are hobeto bete ahal izateko, aukera izango dute inbertsio-profila aldatzeko eta erakunde horrek eskaintzen dituen arrisku-maila ezberdinetako planen artetik aukera egiteko. Eskubide hori erregelamendu bidez garatuko da, honakoak kontuan hartuta: bazkidearen adina, inbertsio-estrategiak, bazkideen egoera, kolektiboaren bereizgarriak edo halako beste irizpide batzuk.

22. artikulua.- Eskubide ekonomikoak mobilizatzea.

1.- Gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek estatutuetan jaso behar dute eta erregelamendu bidez garatu behar dute bazkide arruntek eta onuradunek eskubidea daukatela beren eskubide ekonomikoak gizarte-aurreikuspeneko planen bat daukan beste borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batera eramateko, betiere, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera eramatekotan.

2.- Gizarte-aurreikuspeneko banakako planetan eta plan elkartuetan, kontingentzia gertatu delarik, bazkide arrunt pasiboek edo onuradunek, eskubide ekonomikoak beste norabait eramango badituzte, ezinbestekoa izango da inongo bermerik edo konpromisorik ez egotea jaso beharreko prestazioaren zenbatekoaren gainean. Enpleguko aurreikuspen-planetan, erakundearen estatutuetan ezarritakoa bete beharko da kasu hauetan.

3.- Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planetako eskubideak mobilizatuko badira, honako baldintza hau betetzea da aukera bakarra: aurretik lan-harremanak edo horren baliokideak apurtuta egotea eta erakundearen estatutu sozialetan eta dagozkien erregelamenduetan ezarritako baldintzak betetzea, lege honen erregelamendu-garapenarekin bat.

4.- Eskubide ekonomikoak antzeko ezaugarriak dituzten gizarte-aurreikuspen osagarriko beste formula batzuetara ere mobiliza daitezke; betiere, horiek erregulatzeko arauek bide ematen badute eta elkarrekikotasunaren printzipioa betetzekotan.

23. artikulua.- Bazkideen beste eskubide batzuk, eskubide ekonomikoen mobilizazioaren osagarri.

1.- Banakako modalitateko edo elkartekide modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen estatutuetan edo banakako nahiz elkartekide modalitateko gizarte-aurreikuspeneko planen erregelamenduetan, beste eskubide hauek ere sartu behar dira:

a) Lehenengo ekarpena gutxienez hamar urte lehenago egin zuten bazkideentzat, eskubide ekonomikoak erreskatatzeko eskubidea, guztiz edo zatiren bat, erabilitako finantza-sistemaren arabera pilatutako erreserben kontura.

b) Bazkide guztien kasuan, bazkide etenaren izaera lortzeko eskubidea, babestutako kontingentziaren bat gertatzen denean horri dagokion prestazioa eskuratzeko eskubidea galdu gabe.

2.- Lan-harremana edo horren balioa daukan harremana apurtu bada, eta ezin izan bada gauzatu eskubide ekonomikoen mobilizazioa (aurreko artikuluan, enpleguko gizarte aurreikuspeneko erakundearen estatutuetan edo enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planen erregelamenduetan, lehentasunezkoak izan ala ez, jasotakoa), orduan, honako aukera hauek jarriko dira, eta ez besterik:

a) Bere aldetik ekarpenak egiten jarraitzea, eta egokitzen denean, dagozkion prestazioak jasotzea.

b) Prestazioak jasotzeko eskubideari eustea, egindako ekarpenen proportzioan, eta bere eskubide ekonomikoak behar bezala tratatuak izatea babestutako kontingentziaren bat gertatzen zaionean. Kasu horretan, bazkide etenaren izaera hartuko du.

VII. KAPITULUA

KONTINGENTZIAK ETA PRESTAZIOAK

24. artikulua.- Kontingentzia pertsonalak.

1.- Gizarte-aurreikuspeneko araubidearen bidez, lege honek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ematen dien babesa zabaldu egin daiteke honako kontingentzia pertsonal batzuetara edo guztietara:

a) Erretiroa. Erretiroaren kontingentzia bazkide arruntak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean eta antzekoetan aurreikusitako erretiroa hartzen duen une horretan gauzatuko da, edo eskumena daukan organoak erabakitzen duenean. Ondorio horietarako, aurreratutako erretiroa, malgua, partziala eta Gizarte Segurantzak kasuan kasu aitortzen dituen horien pareko beste formulak, denak ere, erretiroa izango dira.

Ezinezkoa baldin bada aurreko lerrokadan aipatutako erretiro hori lortzea, kontingentzia erakundearen estatutuetan zehaztutako adinean gertatu dela joko da -inoiz ez hirurogei urtetik behera-; betiere, bazkidea jada ez badabil lan-jardueran edo jarduera profesionalean edo horri utzita badago, eta ez baldin bada ari erretiroko kontingentziarako kotizatzen Gizarte Segurantzako inongo erregimenetan.

Halaber, autonomoak edo kooperatiba- eta lan-elkarteetako bazkide langileak edo laneko bazkideak biltzen dituzten enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren esku dute erretiroko prestazioa eskuratzeko arauak jartzea, hirurogei urtetik aurrera, betiere, langilea lan-jardueran edo jarduera profesionalean ez badabil jada edo horri utzita badago.

b) Ezintasun iraunkorra edo lana egiteko baliaezintasuna, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan eta antzekoetan aurreikusitakoaren arabera, edo eskumena daukan organoaren erabakiaren arabera.

Gizarte Segurantzako sisteman sartuta ez dagoen bazkidearen kasuan, baliaezintasunaren kontingentzia gauzatutzat joko da eskumena daukaten organoek, gutxienez, % 33ko edo erregelamendu bidez ezarriko den portzentajeko murrizpen anatomiko edo funtzionala egiaztatzen diotenean.

c) Heriotza.

d) Mendekotasuna. Adinagatik edo gaixotasun edo desgaitasunen batengatik, pertsona batzuek modu iraunkorrean bizi duten egoera da mendekotasuna, eta autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsorialaren gabezia edo galerarekin zerikusia du; horren ondorioz, mendekotasuna dutenek beste pertsona baten edo batzuen arreta behar dute, edo laguntza handia behar dute eguneroko oinarrizko ekintzak aurrera eraman ahal izateko; adimen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala dutenen kasuan, berriz, autonomia pertsonala izateko beste laguntza mota batzuen beharra daukate.

e) Luzaroko langabezia. Hau da, enplegua galtzea edo, langile autonomoen kasuan, jarduera etetea, honako irizpide hauen arabera erregelamenduz garatuko diren baldintzak betetzen badira:

- Legez langabezia egoeran egotea, ordaindutakoaren araberako prestazioa kobratzen duela urtebetez, non eta ez zaion hori baino lehen prestazio hori amaitu.

- Ez bada ordaindutakoaren araberako langabezia-prestaziorik jasotzen, prestazioa berehalakoan jaso daiteke, enplegu-eskatzaile gisa legezko langabezian egotea egiaztatuz gero.

- Prestazioa hileroko errenta gisa ordainduko da, eta ordaindutakoaren araberako prestazioaren baliokidea izango da, non eta bazkideak ez duen eskatzen prestazioa ordainketa bakarraren bidez ordaintzea, enplegua bultzatzeko helburu zehatzarekin.

f) Gaixotasun larria. Bazkidearen beraren, ezkontidearen edo izatezko bikotearen edo lehen mailako senideen gaixotasun fisikoa edo psikikoa, aldi baterako (hiru hilabetetik gora) ezinduta uzten duena baina ebakuntza handirik edo ospitalean sartzea behar ez duena, eta diru-sarrerak gutxitzea edo gastuak handitzea eragiten duena.

2.- Halaber, prestazio sozialen bidez, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen babesa jasotzeko modukoak dira honako kontingentzia hauek:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Enplegua lortzeko laguntzak.

c) Jaiotza eta adopzioa.

d) Ezkontza, edo indarrean dagoen legearen araberako izatezko bikotea.

e) Gastu medikoak.

f) Ikasketa ofizialak.

g) Osasun laguntza, ebakuntzak eta osasun zentroetako egonaldiak.

h) Gizarte-aurreikuspenarekin lotutako beste antzeko batzuk.

3.- Erakunde batek aldi berean ematen baditu aurreko paragrafoan adierazitako estaldurak eta artikulu honetako 1. paragrafoko beste batzuk, multzo osoko ekarpen, aktibo eta pasiboek tratamendu bereizia eduki behar dute, bakoitzak bere aldetik, eta ezingo dira paragrafo bateko eta besteko estalduretako eskubideak eta obligazioak batetik bestera eraman.

25. artikulua.- Bestelako kontingentziak.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek badaukate prestazioak ematerik beste kontingentzia hauek jazoz gero:

a) Bazkidearen ondasunen kalte eta galerak etxebizitzan, etxeko ostilamenduan, lan-tresnetan, ganaduan, uztetan, basoetan, ontzietan edo bere lan-jarduerari edo ogibideari lotutako beste edozein ondasunetan.

b) Ehorzketaren gastuak eta zerbitzuak.

2.- Halako kasuetan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak artikulu honetan adierazitako kontingentziak estaliko ditu, ez besterik.

26. artikulua.- Prestazioak.

1.- Prestazioak, oro har, diruzkoak izaten dira, eta ordaindu, kapitalaren bidez, errenta aktuarialaren bidez -aldi baterako zein betikoen bidez- eta errenta finantzario eta mistoaren bidez ordain daitezke, lege honetan ezarritakoaren arabera eta estatutu edo erregelamenduek zehaztutakoaren arabera.

2.- Aparteko kasuetan, 24.2 eta 25. artikuluetako kontingentziak jazoz gero, zuzeneko zerbitzu-prestazioak ere eman ahal izango dira.

27. artikulua.- Prestazioen izaera.

1.- Aurreko artikuluetan jasotako kontingentzietarako prestazioak norberarenak eta besterendu ezinak dira, eta prestaziook sortuz lortu nahi zen helburuari lotuak daude, hala agintzen baitute estatutuen edo erregelamenduen edukiek; hortaz, lege honek eta indarrean dagoen araudiak xedatzen duenari men egin behar zaio prestazio horiei kenkariak, atxikipenak, lagapenak, konpentsazioak edo bahiketak aplikatzeko.

2.- Edonola ere, jaso beharreko prestazioak bazkide arruntak berak edo, hala egokitzen bada, onuradunak erakundearekin hitzartutako obligazioei lotuta daude.

3.- Diruzko prestazioak bazkide pasiboari edo onuradunari ordaindu behar zaizkie, non eta tartean ez dagoen bahiturarik, oztopo judizial edo administratiborik, edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen estatutuetan ezarri ez den formularen bat erakundearen eta bazkide pasiboen edo onuradunen arteko zorrak konpentsatzeko. Halakorik balego, kasu horietarako ezarritako aginduak edo estatutuek ezarritakoa bete beharko da.

4.- Erakunde hauek ordaindutako prestazioak ez dira inola ere pentsio publiko izango, hortaz, ez daude pentsioen konkurrentzia-araubideari lotuta.

28. artikulua.- Eskubideak aitortu eta prestazioak ordaintzea.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak dira kudeatzeko aginduta dauzkaten eskubideak aitortzeko eta prestazioak ordaintzeko arduradun, bai eta zerbitzua emateko eta jasandako kaltea konpondu edo oneratzeko arduradunak ere, halakorik egin behar bada.

29. artikulua.- Eskubidea sortzea.

Prestazioak jasotzeko eskubidea gertaera eragilea gertatzen den unean bertan sortzen da. Kobratzeko eskubidearen aitorpena borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak berak egin behar du, erregelamenduz ezarritako epearen barruan, aurretik eskabidea eginda badago. Aitorpen horrek ez du eraginik izango, inola ere, gertaera eragilea jazo zen eguna baino lehenagotik.

VIII. KAPITULUA

BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEAK ERATZEA, INSKRIBATZEA, BAT EGITEA, ZATITZEA, DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

30. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea eratzea.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat eratzeko, sustatzaileak, edo sustatzaileek, osatutako eratze-batzarra egin behar da. Batzar horretan, batetik, sustatzaileek aho batez onartu behar dute erakundea eratzea eta, bestetik, sustatzaileen bi herenen gehiengo kualifikatu bidez, estatutuak onartu behar dira.

2.- Eratze-batzarrak batzorde eratzaile bat izendatuko du, erakundea behin betiko eratu eta erregistratzera bideratutako prozedurazko egintzak eta administrazio-egintzak egin ditzan. Era berean, hala badagokio, erakundearen behin-behineko gobernu-batzorde gisa eratu ahal izango da, harik eta lehenengo ohiko batzar orokorra egiten den arte.

31. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat eratzeko gutxieneko baldintzak

Hauek dira borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat eratzeko gutxieneko baldintzak:

a) Dagozkion bazkide sustatzaileak izatea, eratzen den erakunde-modalitatearen arabera.

b) Mutua-funtsa edo eratze-funtsak eratzea, lege honen 58. artikuluan eta legea garatzen duten arauetan jasotakoaren arabera.

c) Estatutuak onartzea. Estatutu horiek lege honen 33. artikuluan jasotako gutxieneko edukiak izango dituzte.

32. artikulua.- Administrazioaren baimena eta nortasun juridikoa.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa izango du, lege honen arabera eratzen denetik, baimena ematen duen administrazio-ebazpena lortu ondoren eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu ondoren. Aurkeztu eta hiru hilabeteko epean berariazko baimenik izan ezean, administrazioaren isiltasuna positiboa izango da. Hala ere, estatutuen edukia ez da baliozkoa izango, baldin eta lege honen kontrakoa eta indarrean dagoen araudiaren kontrakoa bada.

2.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek nortasun juridiko eta gaitasun osoa dute ezarri zaizkien helburuak independentziaz betetzeko, sustatzaileen eta bazkide babesleen mende izan gabe.

3.- Behin eratu ondoren, era guztietako ondasunak eskuratu, eduki, zergapetu eta besterendu ahal izango ditu, eta eskubideen eta betebeharren titularra izan ahalko da. Halaber, berezko dituen helburuak betetzeko, era guztietako egintzak, negozio juridikoak eta kontratuak (xedatzekoak barne) egin ahal izango ditu.

33. artikulua.- Estatutuak.

1.- Erakundearen estatutuak, eratze-batzarrean onartutakoak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen funtzionamendua zuzen-tzen duen arau juridikoa izango dira.

2.- Hona hemen estatutuen gutxieneko edukia:

a) Erakundearen eta sustatzaileen izena eta helbidea.

b) Jardueraren hasiera-eguna eta zer iraupen aurreikusi den borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunderako.

c) Babesa zehaztea, bai eta ekarpenen eta prestazioen araubidea ere.

d) Bazkide- eta onuradun-motak eta horien nolakotasuna, bai eta bazkide eta onuradunen eskubide eta betebeharrak ere.

e) Bazkideak erakundean sartzeko edo erakundeko kide izateko araubidea, baita alten inguruan, bajen inguruan, uzteen inguruan eta harreman juridikoa azkendu eta etetearen inguruan ezarritako aurreikuspenak ere.

f) Ondarearen araubidea, derrigorrezko mutua-funtsaren edo eratze-funtsen zenbatekoa adieraziz.

g) Erakundearen gobernu-organoak, eskumenak, osaera eta organo horietan sartu eta parte hartzeko araubidea.

h) Gobernu-organoen eta gobernu-organoetako kideen erantzukizuna.

i) Zuzendaritzaren eskumenak, hala dagokionean, eta eginkizunak.

j) Gizarte-aurreikuspeneko planak integra-tzeko prozedura, hala dagokionean.

k) Diziplina-araubidea eta akordioen aurka egiteko araubidea.

l) Estatutuak eta, hala dagokionean, prestazioen erregelamenduak aldatzeko prozedura.

m) Administrazio-araubidearen eta bere gastuen arauketa.

n) Erakundean gatazkak eta erreklamazioak interpretatu eta ebazteko formulak.

ñ) Erakundea desegiteko arrazoiak eta funtsen helburua.

34. artikulua.- Azterketa ekonomiko-finantzarioa eta aktuariala.

Eratze-batzarraren aktarekin batera, erakundea sortzeko eta estatutuak onartzeko euskarri izan den azterketa ekonomiko-finantzarioa eta aktuariala, hala dagokionean, aurkeztuko da. Azterketa horretan, finantziazio-sistema jasoko da eta eman beharreko prestazioak eta prestazioen zenbatekoa erabakitzeko arauak baloratuko dira.

35. artikulua.- Erregistroan inskribatzea.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskatuko dute, formatu elektronikoan edo paperean (unean-unean dagokion bezala) agiri hauek aurkeztuz:

a) Eratze-batzarraren akta.

b) Erakundearen estatutuak eta, hala badagokio, erregelamenduak.

c) Azterketa ekonomiko-finantzarioa eta aktuariala, hala dagokionean.

d) Batzorde eratzailearen izendapena.

2.- Estatutuen eta erregelamenduen aldaketek eragina izan dezaten, beharrezkoak izango dira: dagokion baimena, erabakia hartu zeneko batzar orokorraren akta eta onartutako testu berriak. Aldaketak prestazioei, ekarpenei edo erakundeko edo erakundea osatzen duten planetako funtsen xedeari eragiten badie, baita desegite-kasuan ere, beste azterketa ekonomiko-finantzario eta, hala badagokio, aktuarial bat aurkeztu beharko da.

36. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen bat-egitea.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek bat egin dezakete; batetik, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko hainbat erakunde batu egin daitezke, berri bat sortuz; edo, bestela, dagoeneko badagoen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batek xurgatu egin dezake beste bat, edo gehiago.

2.- Berri bat sortuz bat egiten duten erakundeei edo beste batek xurgatu dituen erakundeei baja emango zaie Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan. Hala ere, ez dira likidazioan sartuko, erakunde horien ondareak, oso-osorik, erakunde berrira, edo xurgatzailera, transmitituko baitira; izan ere, erakunde berriak edo xurgatzaileak, oinordetza unibertsalaren bidez, azkentzen direnen eskubide eta betebeharrak hartuko ditu. Era berean, bat-egitearen eraginez azkentzen diren erakundeen bazkideak eta onuradunak erakunde berrian edo xurgatzailean sartuko dira.

3.- Bat-egitean parte hartzen duten erakundeen batzarrek onartu egin beharko dute bat egiteko erabakia. Bertan izendatuko dira dagozkion erakundeak, bakoitzaren ondareak, bazkide bakoitzaren eskubide ekonomikoak eta bazkideei eta onuradunei erakunde berrian aitortu beharreko eskubideak eta betebeharrak; halaber, jarduerak noiztik aurrera izango diren erakunde berriaren kontura adieraziko da.

4.- Bat-egitea onartu behar duen batzar orokorraren deialdia argitaratzean, erakundeetako bazkide eta onuradun guztiei jakinarazi beharko zaizkie erakunde guztien urteko kontuak, baita erakunde berriaren estatutuen proiektua ere.

37. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen zatiketa.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak erabat edo partzialki zatitu daitezke.

2.- Zatiketa partziala da borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen ondareko zati bat edo hainbat zati -bakoitzak unitate ekonomikoa osatzen duelarik-, oinordetza unibertsalaren bidez, denak batera aldatzea borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde sortu berri edo lehendik bazegoen batera edo gehiagora, erakundearen bazkideei eta onuradunei eskubide ekonomikoak, erreserbak edo hornidura teknikoak banatuz, den-denak aldatuko baitira beste erakunde sortu berri edo lehendik bazegoen batera edo gehiagora.

3.- Erabateko zatiketa da borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat azkentzea eta ondare guztia bi partetan edo gehiagotan zatitzea; parteetako bakoitza, oinordetza unibertsalaren bidez, aurretiaz likidaziorik egin gabe, osorik transmititzen da borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde sortu berri edo lehendik bazegoen batera edo gehiagora, erakundearen bazkideei eta onuradunei eskubide ekonomikoak, erreserbak edo hornidura teknikoak banatuz, den-denak aldatuko baitira beste erakunde sortu berri edo lehendik bazegoen batera edo gehiagora.

38. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak desegitea.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat desegiteko arrazoiak dira:

a) Erakundearen helburu soziala amaitzea, helburua bukatzeko ezintasun agerikoa izatea edo erakundearen estatutuetan jasotako beste edozein arrazoi.

b) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen jarduera elkarren segidako bi ekitalditan gelditzea edo etetea, justifikaziorik gabeko arrazoirik izan gabe.

c) Bat-egitea edo erabateko zatiketa.

d) Ezohiko batzar orokorraren akordioa, lege honek adierazten dituen gehiengo kalifikatuekin, edo estatutuetan ezarritako zabalagoekin.

e) Estatutuetan ezarritako epemuga betetzea.

f) Berrorekatzeko plana ez betetzea edo bete ezin izatea erregelamenduz ezarritako baldintza eta epeetan.

2.- Dena dela, erakundea desegin eta, ondorioz, likidatu egingo da administrazioak, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz, dagozkion baimenak ezeztatzen dituenean.

39. artikulua.- Likidazio-prozesua.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea desegitea erabaki ondoren, likidazio-aldi bat irekiko da, bat-egitearen edo erabateko zatiketaren kasuetan izan ezik. Aldi horretan, erakundeak bere nortasun juridikoari eutsiko dio, eta izenari «(likidazio-prozesuan)» esapidea gehituko zaio.

2.- Batzar orokorrak likidatzaile bat edo gehiago izendatuko ditu (kopurua bakoitia izango da nahitaez), eta likidatzaile horiei ordaindu egin ahal izango zaie lan hori egiteagatik.

3.- Erakundea desegitea erabaki ondoren, gobernu-organoek beren ordezkaritza-zereginetan jarraituko dute, baita likidatzaileei ez dagozkien gainontzekoetan ere.

4.- Likidatzaileek ahalmena izango dute likidaziorako beharrezkoak diren eragiketa guztiak egiteko. Batzar orokorrak likidazioa onartu ondoren amaituko dituzte likidatzaileek beren zereginak, batzar horretan bertan erabakitako errebokazio bidez, edo administrazioaren erabaki arrazoituaren bidez. Estatutuetan gobernu-batzordeko kideentzat ezarritako eran erantzungo dute likidatzaileek.

40. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen aktiboak banatzea.

Ezin izango dira erakundearen aktiboak banatu harik eta sortutako prestazioak behar bezala bermatu arte.

41. artikulua.- Erregistroko inskripzioa deuseztatzea.

Likidazioa amaitu eta aktiboak banatu ondoren, estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz, likidatzaileek, azken balantzeari erantsiko dioten eskritura baten bidez, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari eskatuko diote erakundearen inskripzioa deuseztatzeko eta erakundeari buruzko liburu eta agiriak gordailutuko dituzte. Ondoren, administrazioaren ebazpen baten bidez, erakundearen behin betiko baja erabakiko da.

IX. KAPITULUA

GIZARTE AURREIKUSPENEKO PLANAK SORTZEA, INTEGRATZEA, ERAKUNDEZ ALDATZEA ETA AZKENTZEA

42. artikulua.- Gizarte-aurreikuspeneko plana sortzea.

1.- Gizarte-aurreikuspeneko plan bat sortzeko, sustatzaileak edo sustatzaileek legez hartutako akordioa behar da, erakunde-klase eta -modalitatearekin bat etorriz. Akordio horretan, batetik, sustatzaileek aho batez onartu behar dute plana sortzea eta, bestetik, sustatzaileen bi herenen gehiengo kualifikatuz, erregelamenduak onartu behar dira.

2.- Gizarte-aurreikuspeneko plana sortzea erabaki ondoren, dagokion borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen gobernu-batzordeari akordioak aurkeztu beharko zaizkio, eta gobernu-batzordeak erregelamenduak baliozkotu eta berretsiko ditu eta integrazioa onartuko du, hala badagokio.

3.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean integratzean, sustatzaileak eta plan horrek babestutako pertsonak erakundearen bazkide bihurtzen dira.

4.- Gizarte-aurreikuspeneko planak eraginkorrak izateko, beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren administrazio-organo eskudunaren aldez aurreko baimena eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Horretarako, plana integratuta duen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen gobernu-batzordeak, instantzia horri, honako hauek aurkeztu beharko dizkio: plana sortzeko akordioa, erregelamenduak, plana erakundean integratzea onartzen duen eta erregelamendua baliozkotzen duen gobernu-batzordearen akta eta azterketa ekonomiko-finantzarioa edo aktuariala, hala dagokionean, emango diren prestazioen arabera.

43. artikulua.- Gizarte-aurreikuspeneko planaren erregelamendua.

1.- Gizarte-aurreikuspeneko plana sortzean formalizatutako erregelamendua planaren funtzionamendu-arau bilakatuko da. Erregelamendu horrek honako hauek jaso behar ditu nahitaez:

a) Planaren, sustatzaileen eta babesleen izenak.

b) Planaren hasiera-data eta aurreikusten den iraupena.

c) Ekarpenen eta prestazioen araubidea, bai eta aitortutako kontingentzien zehaztapena eta prestazioak jasotzeko formulak ere.

d) Planean sartzeko edo planaren kide izateko araubidea, baita alten inguruan, bajen inguruan, uzteen inguruan eta harreman juridikoa azkentze eta etetearen inguruan ezarritako aurreikuspenak ere.

e) Erregelamenduak aldatzeko prozedura.

f) Planari dagozkion administrazio-gastuak.

g) Erreklamazioak aurkezteko prozedura eta gatazkak eta erreklamazioak interpretatu eta ebazteko formulak.

h) Plana azkentzeko arrazoiak eta esleitutako ondarearen helburua.

2.- Lehentasunezko gizarte-aurreikuspeneko planetan, gainera, hauek jasoko dira:

a) Izenean lehentasunezkoak direla azaltzea.

b) Jarraipen-batzordea badago:

- osaera eta batzordean sartu eta parte hartzeko araubidea.

- eskumenak, deialdia egiteko araubidea eta erabakiak hartzeko sistema; eta

- jarraipen-batzordearen eta bere kideen erantzukizuna.

44. artikulua.- Planak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan integratzea.

Gizarte-aurreikuspeneko planak mota eta ezaugarri bereko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko planetan integratu behar dira, betekizun hauen arabera:

a) Aukera hori erakundearen estatutuetan jasota egotea.

b) Gobernu-batzordeak erakundean gizarte-aurreikuspeneko plan berri bat sartzeko onarpena ematea.

c) Gizarte-aurreikuspeneko plan berriaren erregelamendua eta planaren azterketa ekonomiko-finantzarioa edo aktuariala onartzea eta berrestea.

d) Ezarritako eskakizun formalak betetzea, erregistroan inskribatzea barne.

45. artikulua.- Enpleguko eta gizarte-aurreikuspeneko planak eta elkartuak erakundez aldatzea.

1.- Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planek eta elkartuek ahalmena izango dute, sustatzaileek legitimoki hartutako erabaki baten bitartez eta dagokion administrazio-baimena jaso ondoren, bazkideak eta planari atxikitako aktiboak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde batera aldatzeko, erakunde horrek aldez aurretik onartu baditu. Jatorrizko erakundeak nahitaez baimendu beharko du aldaketa hori bere estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritako epeetan.

2.- Lehendik dagoen enpleguko gizarte-aurreikuspeneko plan batean integratu den kolektibo bateko bazkideak eta aktibo atxikiak ere aldatu ahal izango dira, administrazio-baimenik eskatu gabe baina aurreko paragrafoko betekizun guztiak betez, baldin eta izan dezakeen berme-araubideak baimentzen badu.

46. artikulua.- Gizarte-aurreikuspeneko planen bat-egitea, zatiketa eta azkentzea.

1.- Gizarte-aurreikuspeneko planen bat-egiterako eta zatiketarako prozedurari dagokionez, erakundeen bat-egite eta zatiketarako 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoa bete beharko da.

2.- Gizarte-aurreikuspeneko planen erregelamenduetan, planak azkentzeko arrazoiak ezarri beharko dira. Arrazoi horiek izan daitezke planaren epea bukatzea, bazkiderik edo onuradunik ez izatea edo atxikitako aktiborik ez izatea.

X. KAPITULUA

ERAKUNDEAREN GOBERNU-ORGANOAK

47. artikulua.- Erakundearen gobernu-organoak.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztietan ordezkaritza-, administrazio- eta kudeaketa-organo hauek egon behar dira:

a) Batzar orokorra.

b) Gobernu-batzordea.

48. artikulua.- Batzar orokorra.

1.- Batzar orokorra erakundearen borondate soziala adierazteko organo gorena da, eta honako hauek osatzen dute zuzen-zuzenean, estatutuetan ezarritakoaren arabera: delegatuek edo legezko ordezkariek, bazkideek eta onuradunek, hala badagokio.

2.- Erakundearen gobernu-organo goren gisa jokatzeko ahalmen orokorraz gain, batzar orokorraren ahalmenak izango dira lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoak, bai eta estatutuetan berariaz esleitutakoak ere.

3.- Batzar orokorrari dagokio beti:

a) Hasierako onespena jaso duten estatutuak berrestea eta estatutu horien ondorengo aldaketak onartzea.

b) Gobernu-batzordeko kideak hautatu, izendatu eta kargutik kentzea.

c) Kontuen auditorea edo kanpo-auditoriarako enpresa hautatzea.

d) Gobernu-batzordearen kudeaketa, kudeaketa-txostena eta urteko kontuak onartzea, hala badagokio.

e) Erakundearen bat-egitea, zatiketa, federazioa eta desegitea.

f) Bazkidearen defendatzailea izendatzea, banakako modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan.

g) Horretarako eskumena duten erakundeek iritzia emateko aurkezten dioten bestelako edozein gai, erakundearen interesekoa bada, eta, betiere, gai-zerrendan baldin badago.

4.- Erakundearen estatutuetan jasota egon liteke batzar orokorretara delegatuen bidez bertaratzeko aukera, baldin eta bazkide edo onuradun asko baldin baditu edo bazkide sustatzaile edo babesleak biltzen baditu. Estatutuek aginduko dute zenbat delegatu hautatu eta nola, betiere proportzionaltasun-printzipioen arabera. Estatutuetan delegatuak aukeratzeko arauetan ezarritako boto-kopurua izango dute batzar orokorrean delegatuek. Bazkide sustatzailea edo babeslea pertsona juridikoa baldin bada, aurrez pertsona fisiko bat izendatu behar du, ordezka dezan.

49. artikulua.- Batzar motak.

Batzar orokorrak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke. Ohiko batzar orokorraren xedea da erakundearen kudeaketa aztertzea eta kudeaketa-txostena eta urteko kontuak onartzea, egoki bada. Beste edozein gai ere sartu ahal izango da gai-zerrendan. Gainontzeko batzar orokor guztiak ezohikoak dira.

50. artikulua.- Batzarrerako deialdia eta batzarra eratzea.

1.- Batzar orokorrerako deia gobernu-batzordeak egin behar du, kideei jakinarazpen pertsonala eginez; baina baliteke, horrez gain, beste publizitate-neurri batzuk ere jasotzea estatutuetan, bazkide guztiak jakinaren gainean jartzeko.

2.- Deialdia bilera-eguna baino hamar egun baliodun lehenago egin beharko da, gutxienez, eta egutegiko hogeita hamar egun lehenago, gehienez.

3.- Ohiko batzar orokorra erakundeak egoitza duen herrian deitu eta egingo da, ekitaldi bakoitza itxi eta lehendabiziko lau hilabeteetan; batzar horretan, gobernu-batzordearen kudeaketa, kudeaketa-txostena, urteko kontuak, urte horretako aurrekontuak eta gai-zerrendako gainerako gaiak aztertuko dira, eta, hala badagokio, onartu. Gutxienez botoen ehuneko hamar ordezkatzen dituzten batzarkideek gai-zerrendan aztergairen bat sartzeko eskubidea dute.

4.- Ezohiko batzar orokorrerako deialdia gobernu-batzordeak egingo du, bere ekimenez edo gutxienez batzarkideen ehuneko hogeik hala eskatuta.

5.- Batzar orokorrak gobernu-batzordeko lehendakaria du buru, eta, hura ez badago, estatutuen arabera lehendakariaren egitekoak betetzen dituena edo, bestela, batzarrak berak hautatutako bazkide, delegatu edo ordezkaria. Lehendakariari dagokio eztabaidak zuzentzea, batzarrean ordenari eustea eta lege-betebeharrak betetzen direla bermatzea. Gobernu-batzordeko idazkariak lagunduko dio, edo, bestela, haren ordezkoak edo batzarrak izendatutako kideak.

6.- Bozketak isilpekoak izango dira estatutuak hala ezartzen duen kasuetan, gai-zerrendan hala jartzen duenean, eta bildutako edo ordezkatutako bazkideen ehuneko hamar ordezkatzen duten batzarkideek hala eskatzen duten guztietan.

7.- Batzarraren erabakiak aktan jasoko dira; akta idazkariak egingo du, eta akta-liburuan idatziko du. Akta batzarrak berak onartu ahal izango du, batzarra egin ondoren, edo, bestela, lehendakariak eta batzarrak berak izendatutako bi kidek onartuko dute, idazkariarekin batera sinatuta, hogeita hamar eguneko epean.

8.- Batzarrak behar bezala hartutako erabakiak erakundeko bazkide eta onuradun edo delegatu guztiek bete beharrekoak dira.

9.- Batzarreko kideak beste bazkide, delegatu edo ordezkariek eta, hala badagokio, onuradunek ordezkatu ahal izango dituzte, idatziz jasotako baimenaren bidez, batzar bakoitzerako.

51. artikulua.- Batzar orokorraren gehiengoen araubidea.

1.- Batzar orokorra behar bezala eratutzat joko da, lehendabiziko deialdian, kideen erdia gehi bat bildu edo ordezkatu badira, eta, bigarren deialdian, bildutakoen kopurua edozein dela ere.

2.- Batzarra behar bezala eratu ondoren, emandako botoen bi hereneko gehiengoa beharko da, estatutuak aldatzeari eta erakundearen bat-egite, zatitze eta desegiteari buruzko erabakiak hartzeko. Gainerako erabakiak hartzeko, aski da emandako botoen erdia gehi bat aldeko baliozko boto izatea.

3.- Hartutako erabakiak bazkide eta onuradun guztiei jakinaraziko zaizkie, modu eraginkorrean, estatutuetan ezarritako moduan, erregelamendu bidezko garapenarekin bat etorriz.

52. artikulua.- Batzar unibertsala.

Batzar orokorra batzar unibertsal gisa behar bezala eratutzat joko da, baldin eta bazkide edo, hala badagokio, onuradun guztiak bilduta edo ordezkatuta baldin badaude eta aho batez onartzen badute batzarra egitea eta zein diren aztertu beharreko gaiak.

53. artikulua.- Gobernu-batzordea.

1.- Gobernu-batzordeari dagokio erakundearen administrazioa, zuzendaritza eta ordezkaritza, eta, egiteko horietan, legeak edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen estatutuek batzar orokorraren esku utzi ez dituzten ahalmen guztiak baliatuko ditu. Gobernu-batzordea hiru kidek osatuko dute, gutxienez.

2.- Gobernu-batzordeko kideak batzar orokorrak izendatuko ditu, erakundearen bazkideen artean edo bere delegatuen edo legezko ordezkarien artean. Gobernu-batzorde horrek emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan beharko du, erakundean duten portzentajea kontuan hartuta. Gobernu-batzordeak bere kideen artean hautatuko ditu lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria, estatutuetan batzar orokorrak izendatu behar dituela ezartzen ez badu.

3.- Estatutuetan jaso ahal izango da idazkari-kargua batzordekide ez den edo erakundeko bazkide ez den norbaitek betetzeko aukera; bi kasu horietan, ez du boto-eskubiderik izango.

4.- Gobernu-batzordeak bai bazkide sustatzaile eta babesleak bai bazkide arruntak ordezkatu beharko ditu, eta onuradunak ere bai, erakundearen estatutuek hala agintzen badute. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean gizarte-aurreikuspeneko hainbat plan egongo balira, erakundeak bere estatutuetan ezarritako proportzionaltasun-irizpidea beteko da, 56.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.- Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira gobernu-batzordeko erabakiak.

6.- Estatutuetan jaso ahal izango da betearazte- edo administrazio-eginkizunak dituzten batzordekideei ordainsariak emango zaizkiela edo gastuak ordainduko zaizkiela. Eraginkor izan daitezen, batzarrak onartu beharko ditu.

7.- Estatutuetan jaso ahal izango da, erakundearen ezaugarriek hala eskatzen badute, zuzendaritza bat -izen horrekin edo antzeko beste batekin- ezartzeko aukera; gobernu-batzordeak eskuordetzan emandako zuzendaritza-ahalmenak eta aginteak izango ditu, eta gobernu-batzordearen kontrol etengabe eta zuzenaren pean gauzatuko ditu. Kargu horretarako izendatutako eta kontratatutako pertsonak beharrezko diren baldintzak bete behar lituzke prestakuntza tekniko edo esperientzia profesionalari dagokionez, eta lege-debekurik edo -bateraezintasunik ez luke izan behar.

54. artikulua.- Gobernu-batzordearen egitekoak.

Gobernu-batzordeari dagozkio, legean edo estatutuetan batzar orokorraren esku utzi ez diren ahalmen guztiak baliatzeaz gain, honako egiteko hauek:

a) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen gobernua, administrazioa eta ordezkaritza.

b) Prestazioak kobratzeko eskubidea aitortzea, egindako eskuordetzeei kalterik egin gabe.

c) Urteko kontuak egitea eta batzar orokorrari aurkeztea onar ditzan.

d) Erakundearen kaudimena eta finantza-oreka zaintzea.

e) Funtsak zuhurtziaz, profesionaltasunez eta arduraz inbertitzea.

f) Erakundearen kudeaketa eta administrazioa kontratatzea, hala badagokio, eta jarduera hori ikuskatu eta kontrolatzea.

g) Aitortutako prestazioei eta eratze bidean direnei behar bezala erantzungo zaiela kontrolatzea modu aktiboan.

h) Estatutuak eta erregelamenduak betetzea eta betearaztea.

i) Inbertsio-printzipioen adierazpen idatzia prestatzea, onartzea eta, aldian-aldian, berrikustea.

j) Gizarte-aurreikuspeneko planen integrazioa onartzea eta plan horien prestazioen erregelamenduak zein horien aldaketak baliozkotu eta berrestea.

k) Aurkezten zaizkion errekurtso eta erreklamazioak ebaztea, estatutuekin bat.

l) Bere kideek behar duten prestakuntzaz arduratzea.

m) Aplikatzekoa den gainerako araudia betetzea eta betearaztea; beste gai batzuen artean, zehazki, zerga-araudia eta kapital-zuriketaren prebentzioari buruzkoa.

n) Bere bazkideen interesen alde jokatzea zuhurtziaz, arduraz eta erantzukizunez.

55. artikulua.- Gobernu-batzordeko kideen prestakuntza.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztiek administrazio eraginkorra, esperientziaduna eta prestakuntza nahikoa duena izan dezaten, eta pertsona guztiek dagozkien eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko gaitasuna izan dezaten, gobernu-batzordearen ardura izango da bere kide guztiek beharrezko den prestakuntza edukitzea edo, ez badaukate, lortzea, erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat.

56. artikulua.- Barne-kontrolerako eta parte hartzeko mekanismoak.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren antolaketa eta jarduteko eraren barne-kontroleko prozedurak izango dituzte, inbertsioen arriskuen kudeaketa kontrolatzeko prozedurak ere bai, eta erakunde horien kudeaketa eta kaudimena kontrolatzeko parte-hartze egiturak, erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat. Urtero, batzar orokorrak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek ezarritako barne-kontrolerako mekanismoak egokiak diren adierazi beharko du, kanpo-auditoriak horretarako prestatutako txostena onartuta.

2.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen estatutuek bermatuko dute aurreikuspen-planetako ordezkariek erakundearen gobernu-organoetan parte-hartze eraginkorra izatea. Ordezkarien kopurua eta izaera zehazteko, daukaten ondarearen bolumena, bazkide-kopurua edo ordezkaritzari lotutako bestelako arrazoizko gorabehera edo ezaugarriak hartuko dira kontuan.

57. artikulua.- Gatazkak konpontzea.

1.- Lege honetan eta indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat, gobernu-organoen erabakien aurka auzibidera jo aurretik dagozkion erreklamazioak jartzeko araubidea eta prozedura jaso behar da estatutuetan; kontsumo-araudian araututako bitartekotza- edo arbitraje-arauen mende ere jar litezke erreklamazio horiek.

2.- Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, banakako modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, batzar orokorraren bidez, bazkidearen defendatzailea izendatu beharko dute; modu profesionalean eta bazkide babesle edo sustatzailearengandik bereiz, bazkide arrunten eta onuradunen eskubideak zainduko ditu defendatzaileak, eta bazkideek beren gogoz aurkezten dizkioten erreklamazioak ebatziko ditu.

XI. KAPITULUA

EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA

58. artikulua.- Finantza-funtsak eta -bermeak.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, irizpide ekonomiko, finantzario eta aktuarialei jarraiki, eta kaudimenaren eta finantza-orekaren printzipioen barruan, ondoko finantza-funts eta -berme hauek eratu eta mantentzeko obligazioa dute:

a) Mutua-funtsa, bazkideen ekarpenez edo gizarte-ekitaldietako soberakinez eratuta etengabean.

b) Hornidura teknikoak. Horien barruan izango dira Lege honetako 24. eta 25. artikuluetan ezarritako kontingentziak estaltzeko asmoz borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak gauzatutako jardueren ondorioz sortutako obligazio guztiak islatzeko zorrak.

c) Kaudimen-marjina. Haren barruan izango dira, hornidura teknikoez bestelako aktiboak. Azken horiek, bidenabar, ez dute izango aurreikus daitekeen konpromisorik.

d) Erregelamendu bidez ezar daitezkeen beste funts batzuk.

2.- Hornidura teknikoen zenbatekoa Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen hipotesien arabera eta lege honen arabera erabakiko da. Erregelamendu bidez ezarriko dira hornidura horiek kalkulatzeko metodoak, kalkulu-prozedurak eta interes-tipo teknikoa. Gizarte-aurreikuspeneko planetan, kapitalizazio indibidualeko sistema finantzarioak edo aktuarialak ezarriko dira hornidura teknikoak kalkulatzeko. Hortaz, prestazioak sistema horietatik eratorritako kalkuluei lotuko zaizkie estu-estu.

3.- Bazkide sustatzaileak edo babesleak ezingo du mutua-funtsari egindako ekarpenak itzultzeko eskatu, erakundearen estatutuek hala ezartzen ez badute behintzat, eta betiere erakundeak kaudimenari eusten badio.

4.- Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, baldin eta, estatutuekin edo erregelamenduarekin bat, kontingentzia gertatzeari lotutako eskubide ekonomikoak baldin badaude, bazkide babesleak bere ekarpenekin sortutako funtsak berreskuratzeko aukera izango du, haiek sortzeko konpromisoa desagertzen den kasuetan.

5.- Gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, erregelamendu bidez zehaztutako egoeran eta moduan, dagokien erakundeei aseguruak, abalak eta bestelako finantza-bermeak kontratatzea aurreikus dezakete, arrisku jakinak estaltzeko edo prestazioak aseguratzeko edo bermatzeko.

6.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, aseguratutako jarduerak dituzten gizarte-aurreikuspeneko planez bestelako jardueretan, zuzenean eta osorik beren gain hartuko dituzte beren bazkideei eta onuradunei aseguratutako arriskuak; nolanahi ere, berraseguruan lagatzeko eragiketak egin ahal izango dituzte legez ezarritako berraseguru-konpainiekin, kasuan kasu ezartzekoa zaien araudiaren arabera.

59. artikulua.- Administrazio-gastuak.

1.- Administrazio-gastutzat hartuko dira langileen gastuak, amortizazioetarako zuzkidurak eta kanpoko zerbitzuek eragindako gastuak.

2.- Administrazio-gastuen gehienezko ehunekoak eta gainerako ezaugarriak, desberdinak izan daitezkeenez borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen arabera, erregelamendu bidez ezarriko dira, eta kuoten edo derramen edo hornidura teknikoen arabera.

60. artikulua.- Inbertsio-printzipioak.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen funtsak inbertitzeko kontuan hartuko diren irizpideak segurtasuna, errentagarritasuna, likidezia, dibertsifikazioa, sakabanatzea, moneta-kongruentzia eta helburuak lortzeko epe egokiak izango dira. Lege hau garatuko duten erregelamenduzko xedapenek ezarritako egitura, muga eta ezaugarrien arabera egingo da inbertsioa.

2.- Gobernu-batzordeak, jarraipen-batzordeak proposatuta hala badagokio, inbertsio-printzipioen aitorpen idatzia onartu eta, aldian-aldian, berrikusi beharko du. Idatzi horretan, gizartearekiko arduratsuak diren inbertsioei buruzko politika jasoko da, edo politika hori ez izateko arrazoiak, eta inbertsio horien edukiak erregelamendu bidez ezarriko dira, lege honetan xedatutako oinarrizko printzipioei jarraiki. Erregelamendu-garapen horretan, betekizun horrekiko salbuespenak arautuko dira, funtsen bolumen txikia dela-eta edo jardueraren ezaugarriak direla-eta.

61. artikulua.- Kontabilitatea, kontuen auditoria eta estatistika- eta kontabilitate-informazioa.

1.- Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen kontabilitatea berariazko arauen arabera eraenduko da eta, horrelakorik egon ezean, aseguru-erakundeen Kontabilitate Planean, Merkataritzako Kodean, Kontabilitate Plan Orokorrean eta kontabilitate-arloko merkataritza-legeriaren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek Merkataritzako Kodean eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan eskatzen diren kontabilitate-liburuak egin beharko dituzte.

2.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek kanpo-auditoriara aurkeztu beharko dituzte urteko kontuak eta kudeaketa-txostena, Kontuen Auditoriaren Legeak eta hura garatzeko arauek xedatzen dituzten baldintzetan.

3.- Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek honakoak onetsi beharko dituzte: urteko kontuak eta kudeaketa-txostena; estatistika- eta kontabilitate-informazioa; urteko kontuen auditoria-txostenak; txosten aktuariala; eta, hala badagokio, berroreka-plana, hau da, eratutako funtsen eta hornidura teknikoen artean sortutako defizita amortizatzeko programa. Hartara, eratutako funtsa izango da hornidura teknikoak estaltzeko erabiliko diren aktiboen balioa.

XII. KAPITULUA

GAINBEGIRATU, KONTROLATU, IKUSKATU ETA KONTU HARTZEKO ARAUBIDEA

62. artikulua.- Xedea.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak gainbegiratu, kontrolatu, ikuskatu eta, hala badagokio, kontu-hartzeko araubidearen mende egongo dira, eta horren helburua da lege hau eta indarrean dagoen araudia betetzea, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek behar duten kaudimena zaindu eta bazkideen eskubideak babeste aldera. Hori guztia Administrazioak egingo du, erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat.

2.- Gai hauetan eskumena duen organoari dagokio borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztiak gainbegiratu eta kontrolatzeko beharrezko diren ekintzak egitea. Horretarako, inskripzioa, bai eta estatutu-araubidea eta bere aldaketak ere, indarrean dagoen legediaren araberakoak direla egiaztatuko du, eta, horrez gain, erakundeen jardueraren eta egoera ekonomiko-finantzarioaren jarraipena egingo du; horretarako, erakundeok finantza-egoerak eta ikuskatze-egiteko hori behar bezala gauzatzeko beharrezko diren aktak eta bestelako agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

3.- Erregelamendu bidez ezarriko dira beharrezko dokumentazioa eta ikuskapen ekonomiko-finantzarioak eta aktuarialak aurkezteko ereduak, epeak eta moduak, Administrazioaren aldetik gainbegiratzeko eta kontrolatzeko bitartekoak ezartzeko xedez, betiere erakundeen bideragarritasuna eta kaudimena zaintze aldera.

63. artikulua.- Ikuskapena.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak borondatezko gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumenak dituen sailak ikuskatuko ditu, dagokion administrazio-organoko langileen bitartez. Ikuskapenean gai hauek aztertuko dira: egoera legal eta ekonomikoa, erakundearen jarduera eta erakundearen ordezkari eta zuzendaritzako taldeko kide diren pertsonen jarduera, bai orokorra, bai bazkideek planteatutako gaien ingurukoa.

2.- Zeregin horretarako izendatutako langileak agintaritza publikoaren agenteak izango dira, eta lanbideko sekretua gorde beharko dute.

3.- Beren zereginak betetzeko, ikuskatzaileek erakundearen jarduerari buruzko dokumentazioa aztertu ahal izango dute, eta horren kopia aurkeztu edo eman diezaietela eskatu ahal izango dute, ikuskapenaren aktari eransteko. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek erraztasunak eman behar dizkiete beren zeregina burutzeko. Ikuskatutako pertsonak edo erakundeak, funtsezko arrazoiak baditu, uko egin diezaioke dokumentazioaren kopia emateari, baina idatziz adierazi behar ditu arrazoiak, zeinak aktari erantsiko baitzaizkio.

4.- Ikuskapenaren ondorioz egiten diren aktetan, berariaz aipatuko da hamabost egun balioduneko epea egongo dela alegazioak egiteko.

64. artikulua.- Kapital-zuriketa saihestea.

Ikuskapen- edo gainbegiratze-lanetan dihardutela, kapital-zuriketa saihesteko neurriei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak bete ez direla ikusten badute, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen administrazio-organoak eta bertako ikuskatzaileek txosten arrazoitua egingo dute Kapital-zuriketa eta Diruzko Arau-hausteak Saihesteko Batzordearen Zerbitzu Betearazlearentzat.

65. artikulua.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei kontu hartzea.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumenak dituen sailak gobernu-organoak aldatzeko edo erakundeari kontu hartzeko agin dezake, bazkideen, onuradunen edo hirugarrenen interesak babesteko, baldin eta administrazio- edo ekonomia-irregulartasun larriak badaude eta erakundearen egonkortasuna arriskuan jartzen badute. Erakundeko gobernu-organoek eskabide oinarritua egiten dutenean ere, agindu ahal izango da kontu-hartzea.

2.- Gobernu-organoak aldatzeko edo kontu hartzeko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatuko.

3.- Kontu-hartzearen kasuan, horrek sortutako gastuak eragindako erakundearen kontura izango dira.

66. artikulua.- Administrazio-baimenak ezeztatzea.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bati emandako baimena kasu hauetan baino ezin izango da ezeztatu:

a) Baimenari berariaz uko egin badio.

b) Baimena gezurrezko adierazpenak eginez edo beste edozein bitarteko irregularren bitartez lortu bada eta hori dagokion prozedura administratibo edo judizialaren bidez egiaztatu bada.

c) Urtebeteko epean jarduera abiarazi ez badu edo jarduera sei hilabetetik gorako aldi batez utzi badu.

d) Baimenean ezarritako baldintzak edo legeak baimena emateko ezartzen dituen eskakizunak bete ez baditu.

e) Legea garatzeko erregelamenduen arabera ezar daitezen berrorekatze-planak bete ez baditu ezarritako epeetan.

f) Lege honetan eta indarrean dagoen araudian oso larritzat jotzen diren arau-hausteak egiteagatik, zehapena jaso badu.

XIII. KAPITULUA

ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

67. artikulua.- Lege honen mende daudenak.

Arau erregulatzaileak urratzen dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, bai eta administrazio- kudeaketa- nahiz zuzendaritza-funtzioak betetzen dituztenek, gobernuko kideekin eta likidatzaileekin batera, erantzukizun administratibo zehagarria izango dute, lege honetan xedatutakoaren arabera.

68. artikulua.- Arau-hausteak.

1.- Arau-hausteak lege honetan ezarritakoaren arabera zehatu ahal izango dira.

2.- Arau-hausteak, garrantziaren arabera, oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

3.- Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Jarduera nahitaezko baimenik gabe burutzea, bai eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeentzat gordetako izendapena baimenik gabe erabiltzea ere.

b) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen helburu sozialaz bestelako jarduerak burutzea.

c) Ikuskatze-lanari oztopoak jartzea edo uko egitea, nahiz eta berariaz eta idatziz ikuskatze-lana egin beharra dagoela adierazi.

d) Iruzurrezko egintzak edo debekaturik dauden eragiketak egitea behin eta berriz.

e) Araudi aplikagarrian ezarritako kaudimen-baldintzak doloz edo iruzurrez ez betetzea.

f) Legez ezarritako kontabilitatea ez izatea edo erakundearen ekonomia-, ondare- eta finantza-egoera ezagutzea eragozten edo nabarmen zailtzen duten irregulartasunekin eramatea, bai eta beren urteko kontuak, indarrean dagoen legeriaren arabera, kontu-auditoriaren mende jartzeko betebeharra ez betetzea ere.

g) Erakundeak nahitaezko baimenik gabe bat egin eta zatitzea edo, baimena izanik, hura kontuan hartu gabe egitea.

h) Gai honetako administrazio-organo eskudunak emandako erabaki edo ebazpenak ez betetzea behin eta berriz.

i) Erakundeak aldizka aurkeztu beharreko edo errekerimendu indibidualizatuei erantzunez eman beharreko datu edo dokumentuak ez igortzea, edo benetakoak ez izatea, betiere erakundearen kaudimena egiaztatzea zailtzen bada.

j) Beren bazkideei eta, oro har, publikoari benetako informazioa emateko betebeharra ez betetzea, betiere, eragindako pertsona-kopuruagatik edo informazioaren garrantziagatik, ez-betetze hori bereziki garrantzitsutzat jo badaiteke.

k) Administrazio-antolaketan, kontabilitatearen antolaketan edo barne-kontroleko prozeduretan hutsuneak izatea, baldin eta hutsune horiek erakundearen kaudimena edo bideragarritasuna arriskuan jartzen badute.

l) Gobernu-organoen egitura eta osaera demokratikoaren inguruan lege honek ezarritakoa ez betetzea.

m) Antzeko beste arau-hauste larri bat egitea, zehatutako aurrekoari buruzko erabakia irmoa zenetik bost urte igaro baino lehen.

4.- Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Eragiketen kontabilizazioaren eta urteko kontuen formulazioaren inguruan indarrean dauden arauak ez betetzea, betiere ez bada arau-hauste oso larria; administrazio eskudunari nahitaez jakinarazi beharreko finantza-egoerak egitearen inguruko arau-hausteak.

b) Administrazioari ez eskuratzea beharrezko dokumentazioa eta informazioa, erregelamendu bidez ezarritako epeetan.

c) Likidazioan dauden erakundeen kasuan, ezarritako betebeharrak ez betetzea likidatzaileek, bai eta administrazioko edo zuzendaritzako karguak betetzen dituztenek arrazoirik gabe likidatzaileekin lankidetzan jarduteko betebeharra ez betetzea ere.

d) Iruzur egitea, itxurazko negozioak egitea edo pertsona fisiko edo juridikoak erabiltzea borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko arauen aurkako emaitza lortzeko.

e) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea bere bazkide sustatzaile edo babesleekiko juridikoki eta ondareari dagokionez bereizia eta independentea ez izatea.

f) Erakundeak estatutuetako arauak edo xedapen osagarriak ez betetzea eta bazkideei kalteak eragitea.

g) Inbertsio-gaietan indarrean dauden arauak ez betetzea.

h) Ohiko batzar orokorra ez deitzea eta, ondorioz, gobernu-batzordeak konturik ez ematea.

i) Araudi aplikagarrian ezarritako kaudimen-baldintzak ez betetzea.

j) Bazkideei, onuradunei eta publiko orokorrari egiazko informazioa emateko betebeharra ez betetzea, betiere 3. paragrafoaren j idatz-zatian aipatutako egoera gertatzen ez bada; bai eta erakundeen publikotasuna eta informazio-betebeharra arautzen duten arauak ez betetzearekin zerikusia duen edozein egintza burutzea ere.

k) Erakundean legez administrazioko edo zuzendaritzako kargurik esleituta ez duten pertsonak jardutea.

l) Antzeko beste arau-hauste arin bat egitea aurrekoari buruzko erabakia irmoa zenetik bi urte igaro baino lehen.

5.- Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Bazkideei zehatza edo egokia ez den informazioa ematea, betebeharrak eskatzen duen arretarik gabe egiten denean.

b) Araudi honetan agiriak aurkezteko ezartzen diren epeak betetzean hilabete baino gehiago atzeratzea.

c) Estatutu edo xedapen osagarrietako beste arau-hauste batzuk, espresuki larri edo oso larri gisa kalifikatzen ez direnak.

69. artikulua.- Zehapenak

Erakundeari zehapen hauek aplikatuko zaizkio:

a) Arau-hauste oso larriak egiteagatik:

1.- 150.001 eurotik 300.000 eurora bitarteko isuna edo arau-haustearen ehuneko 50 bitartekoa, arau-haustea zenbakarria balitz eta isunaren kopurua gaindituko balu.

2.- Erakundearen baimena baliogabetzea, Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistrotik kanpo utzita.

3.- Ohartarazpen publikoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik:

1.- 60.001 eurotik 150.000 eurora bitarteko isuna edo arau-haustearen ehuneko 25 bitartekoa, arau-haustea zenbakarria balitz eta isunaren kopurua gaindituko balu.

2.- Ohartarazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

c) Arau-hauste arinak egiteagatik:

1.- 60.000 euro bitarteko isuna.

2.- Ohartarazpen pribatua.

d) Erakundeentzat aurreikusitako zehapen hauetaz gain, zehapen hauetakoren bat edo gehiago ezarriko zaizkio beren dolozko edo zabarkeriazko jokaeragatik arau-haustearen erantzule direnei:

1.- Kargutik kentzea eta, gehienez, bost urterako gaitasungabetzea, arau-hauste oso larrietarako.

2.- 90.000 euro bitarteko isuna, arau-hauste larri edo oso larrietarako.

3.- Karguko jarduna etetea, arau-hauste larrietarako.

70. artikulua.- Organo zehatzaileak.

1.- Hauek dira zehapenak ezartzeko organo eskumendunak:

a) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko zereginak esleituta dituen zuzendaritzako titularra, arau-hauste arinei dagozkien zehapenetarako.

b) Gai honetan eskumena duen sailburuordetzaren titularra, arau-hauste larriei eta oso larriei dagozkien zehapenetarako.

2.- Unean une Autonomia Erkidegoan indarrean den zehatzeko ahalari buruzko arauekin bat gauzatuko da administrazioko zehapen-prozedura. Horrela, zehatzeko ahala gauzatzeko arau orokor substantiboak beteko dira kapitulu honetan aurreikusi ez diren auziak arautzeko.

71. artikulua.- Errekurtsoak.

Ebazpen zehatzaileen aurkako errekurtsoa aurkez daiteke, hamar egun balioduneko epean, gai honetan eskumena duen sailburuordetzaren titularraren aurrean zehapen arinen kasuan, eta eskumena duen sailaren titularraren aurrean zehapen larri edo oso larrien kasuan.

Errekurtsoa aurkeztu eta hamar egun balioduneko epean ebatzi beharko da; isiltasuna ezespentzat joko da.

72. artikulua.- Preskripzioa.

1.- Lege honetan tipifikatutako arau-hauste oso larriak bost urtean preskribatuko dira, larriak hiru urtean, eta arinak, urtebetean, arau-haustea egin den egunetik kontatzen hasita.

2.- Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenak bost urtean preskribatuko dira, larriak hiru urtean eta arinak urtebetean, zehapena ezartzen duen ebazpena irmoa izaten hasten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

XIV. KAPITULUA

EUSKADIKO BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEEN ERREGISTROA

73. artikulua.- Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa.

1.- Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa publikoa da -interesdun direla egiaztatzen duenarentzat- eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen inguruan eskuduna den sailari atxikitzen zaio.

2.- Erregistroaren izaera publikotasun material eta formalaren, legezkotasunaren eta lehentasunaren printzipioek definitzen dute.

3.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen eraketa, bat-egite, xurgatze, zatitze eta desegiteak nahiz estatutuen eta erregelamenduen aldaketak inskribatzea, bai eta gizarte-aurreikuspeneko planak inskribatzea eta horiei baja ematea ere, izaera eratzailekoak izango dira.

4.- Erregistroak, funtzionatzeko, Euskadiko Herri Administrazioan aplikatu beharreko araudiaren araberako bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko ditu.

74. artikulua.- Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren funtzioak.

Hauek dira Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren funtzioak:

a) Lege honen eta indarrean dagoen araudiaren arabera, aipatutako erregistroan gizarte-aurreikuspeneko planen, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen eta horien federazioen inguruan bildu behar diren egintzak kalifikatu, egoki diren liburuetan inskribatu eta egiaztatzea.

b) Ikuskatutako urteko kontuen gordailua, kudeaketa-txostena eta txosten aktuariala jasotzea, hala badagokio.

c) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen eta gizarte-aurreikuspeneko planen izendapenei eta erregistratutako edozein daturi buruzko ziurtagiriak ematea.

d) Bere eskumeneko gaien inguruko kontsultei erantzutea.

e) Bazkideen Fitxategi Orokorra anonimoki kudeatzea, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bakoitzaren bazkideen altak eta bajak sartzeko eta, horrela, sektoreko bazkideen benetako kopurua ezagututa, bikoiztasunak eragozteko, prestazioak egoki erabiltzen direla bermatzeko eta plangintza antolatua laguntzeko, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

f) Lege honek edo hori garatzeko arauek esleitutako beste edozein.

XV. KAPITULUA

FEDERAZIOAK ETA GIZARTE-AURREIKUSPENAREN EUSKAL KONTSEILUA

75. artikulua.- Federazioak.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek federazioak osatu ahal izango dituzte, haien ordezkari gisa jardun eta haien funtzionamendua hobetzeko. Federazio horiek beren estatutuetan lege honen arabera ezarritakoa beteko dute. Gai honetako administrazio-organo eskudunak baimenduko ditu, eta Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatuko dira nortasun juridiko propioa izan dezaten.

2.- Federazioei dagozkie, estatutuetan esleitutakoez gain, honako funtzio hauek:

a) Elkartzen diren erakundeen ordezkari izatea, estatutuetan ezarritakoaren arabera.

b) Hala badagokio, adiskidetze-funtzioak betetzea erakunde elkartuen edo horien eta bazkideen arteko gatazketan.

c) Aholkularitza eta laguntza juridiko-fiskala, kontablea, ekonomiko-finantzarioa eta teknikoa ematea, bai eta interes orokorreko beste edozein arlotakoa ere.

d) Borondatezko gizarte-aurreikuspenaren sustapena eta prestakuntza bultzatzea.

e) Federatutako sektorearen ordezkari izatea Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluan, erakunde horren araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera.

f) Beren interesak defendatzeko beste federazio batzuekin estatuan edo nazioartean konfederatzeko aukera, Eusko Jaurlaritzaren sail eskudunari jakinarazi ondoren.

3.- Federazioak, barne-antolamendurako, ataletan antolatu ahal izango dira, lege honetan ezarritako modalitateen arabera banatuta.

4.- Federazio baten izenak esparru geografiko jakin bati erreferentzia egiteko, eremu horretan gehiengoa duela egiaztatu behar du federazioak.

76. artikulua.- Elkarte eta erakundeetan parte hartzea.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak borondatezko gizarte-aurreikuspenaren eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren inguruko elkarte eta erakunde nazional eta internazionaletako kide izan ahalko dira.

77. artikulua.- Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua.

1.- Lege honen aurreikuspenen arabera, Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua sortu da, eta berariazko erregulazioa egiten denean eratuko da eta hasiko da funtzionatzen. Kontseilu hori hausnarketa-organo gisa eratuko da eta gizarte-aurreikuspena aztertu, sustatu, hedatu eta babestuko du; Euskadiko gizarte-aurreikuspeneko sistemari eragiten dioten gai guztietako aholkulari ere izango da. Organo anitz eta iraunkor honek instituzio publikoetako, eragile sozial eta ekonomikoetako eta gizarte-aurreikuspenaren sektoreko ordezkariak eta arlo honetako adituak bilduko ditu.

2.- Halaber, kontseiluaren baitan, Euskadiko Enpleguko gizarte-aurreikuspenaren sektoreko batzordea eratuko da, enpleguko gizarte-aurreikuspen osagarria sustatzeko proposamenak eta irizpideak emango dituena; batzorde horren funtzio, osaera, egitura eta funtzionamendua Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezarriko dira.

XVI. KAPITULUA

XEDAPEN BEREZIAK

78. artikulua.- Sustapen-neurriak.

1.- Eusko Jaurlaritzak ezarriko ditu borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta, bereziki, lehentasunezko erakundeak ezartzeko babes-neurriak, hala gizarte-esparruan nola administrazioaren, lanaren, teknikaren eta prestakuntzaren esparruan.

2.- Halaber, herritarren artean eta, bereziki, enpresen, langileen eta gizarte-eragileen artean borondatezko gizarte-aurreikuspenaren inguruko kontzientzia zabaltzeko sustapen-neurriak ezarriko dira. Horretarako, unibertsitate, sindikatu eta patronalen elkarteekin lankidetza-programak burutzea proposatuko da eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko sektorea.

79. artikulua.- Datuen konfidentzialtasuna

Administrazioaren edo Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen zerbitzurako langileek sekretupean gorde behar dituzte euren zereginak egitearen ondorioz ezagutzen dituzten datu, dokumentu eta txostenak. Betebehar horrek zerbitzu-harremanak amaitu ondoren ere iraungo du.

Erakundeen estatutuetako eta horien dokumentazio eta fitxategietako datuak, dokumentuak eta txostenak, horiek bildu edo egiteko helburu izan diren jardueretarako bakarrik erabili ahal izango dira.

Datu, dokumentu eta txosten horiek interesduna ez den beste norbaiti jakinarazi nahi izatekotan, interesdunaren adostasuna behar izango da, legeren batek baimentzen duenean edo Datuak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitako kasuetan.

80. artikulua.- Publizitate-jarduera.

1.- Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek egiazko publizitate-jarduera gardena burutu ahal izango dute, pertsona fisikoak erakundeari atxiki dakizkion sustatzeko, zuzenean edo zeharka, edo erakundeari buruzko informazioa emateko.

2.- Publizitate oro, hedatu aurretik, gai honetako sail eskudunari jakinarazi beharko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioa, 73. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak ordezkatzeaz eta horiek defendatzeaz arduratzen da. Halaxe izango da, bederen, federazio horrek alorreko elkarte gehienak biltzen dituen bitartean.

Bigarrena. 73.2 artikuluan ezarritako funtzioez gain, Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioak burutuko ditu borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren helburu soziala gauzatzeko eskatzen dizkioten berraseguru-planak, berraseguruari buruz indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraiki. Lege honen ondorioetarako, berraseguru-plan gisa hartzen da baimendutako erakunde berraseguratzailearekin berraseguratzeko beharrezkoa den aholkularitza agentzial, juridiko eta teknikoko zerbitzua.

Hirugarrena. Gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan ekarpenak egin ahal izango dira, honako hauen alde: erregelamendu bidez zehaztutako minusbaliotasun-maila duten minusbaliatu fisikoak edo sentimen-minusbaliatuak, judizialki aitortutako edozein mailako desgaitasuna dutenak. Ekarpenak desgaituak berak nahiz hirugarren mailara arteko ahaidetasun zuzena edo zeharkakoa duen batek egin ahal izango ditu, bai eta ezkontideak edo desgaitua zaintzan edo harreran bere kargura duen batek ere.

Laugarrena. Gobernu Kontseiluari dagokio diruzko zehapenen zenbatekoa eguneratzea. Horretarako, eguneratzea egiteko egunean Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indize metatua hartuko da kontuan.

Bosgarrena. Bada tasa bat borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek, salbuespen modura, ordaindu beharrik izango ez dutena; hau da, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroak edo alo honetako eskumena duen zuzendaritzak eskaintzen dituzten administrazio-zerbitzuengatik ez dute administrazio-zerbitzuen tasa ordaindu beharrik izango. Tasa hori 1/2007 Legegintzako Dekretuko 40. eta hurrengo artikuluetan dago arauturik, eta dekretu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina.

Seigarrena. Lehenagotik osatuta dauden gizarte-aurreikuspeneko planek, lehentasunezkoak izan nahi baldin badute, 14. artikuluko a), b), d), f), g) eta h) idatz-zatietan jasota dauden baldintzak bete beharko dituzte gutxienez, kolektibo-mota bakoitzak dagokion bezala. Horrelakoetan, erregelamenduaren zuzenketa onetsi beharko dute, eta kalifikazio hori izan nahi dutela adierazi. 14. artikuluko c) eta e) idatz-zatietako baldintzak betetzen ez direnean, planek bi aukera izango dituzte: erabakita daukaten ekarpen-sistemarekin jarraitu, edo eskubide ekonomikoen erreskatearekin jarraitu, lege hau indarrean sartzen denean gizarte-aurreikuspeneko planaren erregelamenduetan aurreikusita dagoen moduan. Hala ere, erreskatea mugatu egingo da une horretan plana osatzen duen kolektibora eta une horretara arte jarritako dirua eta horren errendimenduak batuta ateratzen den zenbatekora.

Zazpigarrena. Salbuespenez, enpleguko gizarte aurreikuspeneko erakundeek aukera izango dute beren gaur egungo kolektiboari eskubide ekonomikoak erreskatatzeko aukera emateko, betiere, lege hau indarrean sartzean aukera hori ezarrita badaukate, eratu ziren garaian aplikagarri zen araudian oinarrituta; beraz, aukera hori jaso ahal izango dute dena delako gizarte-aurreikuspeneko planaren erregelamenduan. Erreskatearen zenbatekoa legea indarrean sartu arte jarritako dirua eta horren errendimenduak batuta ateratzen dena izango da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Lege hau argitaratu baino lehen eratutako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, hala badagokio, lege hori buruzko erregelamendua indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean egokitu beharko dituzte beren estatutuak. Egokitzapen horri dagozkion erabakiak bertaratutakoen edo ordezkatutakoen boto-eskubidearen erdia gehi baten aldeko baliozko botoaren bidez hartuko dira; ez da, beraz, 51.2 artikuluan estatutuak aldatzeko aurreikusitako gehiengo kualifikatua eskatuko.

Bigarrena. Epe berean, bere sailkapenekoak ez diren gizarte-aurreikuspeneko planak dauzkaten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek plan horiek zatitu eta ezaugarri berak betetzen dituen erakunde batean sartzeko erabakiak hartu beharko dituzte.

Hirugarrena. Lege hau indarrean sartzean prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek, baldin eta 19.2.c) artikuluan aurreikusitakoa ez den eskubide ekonomikoen aitorpena badute eta, 14. artikuluan aipatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, aurreikuspen-plan hori lehentasunezkotzat hartzea eskatzen badute, bost urteko epea izango dute Lege honen 19.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera egokitzeko eskubide ekonomikoaren aitorpena.

Laugarrena. Lege honen erregelamenduzko xedapenak indarrean sartu bitarte, urriaren 27ko 25/1983 Legea, Gizarte-Emendiotarako Borondatezko Erakundeei buruzkoa, garatzeko arau-xedapenek eta gainerako araudiek indarrean jarraituko dute, betiere lege honekin bateraezinak ez badira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Gizarte-Emendiotarako Borondatezko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/1983 Legea indargabetzen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Erregelamendu bidezko garapena.

Eusko Jaurlaritzak emango ditu lege hau arau bidez garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak.

Bigarrena.- Ordezko araubidea.

Administrazio-prozeduraren inguruko gaietan, lege honetan aurreikusi gabe dagoen edozertan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen xedapenak bete beharko dira.

Hirugarrena.- Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 27a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana