Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2012ko otsailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
514

1/2012 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.- Ondoko hitzarmenen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

- Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen artekoa, udalerri txikietan berdintasun-politikak dinamizatu eta aholkatzeko zerbitzua garatzen laguntzeko (I. eranskina).

- Lankidetza-hitzarmena, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearekin egindakoa, Berdinsarea-Emakumeen Berdintasunaren Aldeko eta Indarkeriaren Aurkako Euskal Udalerrien Sarea garatzeko (II. eranskina).

- Lankidetza-protokoloa, I+D+i delakoaren esparruan autonomia erkidegoen baterako jardunak sustatzera bideratutako estrategia komunak zehaztekoa (III. eranskina).

- Lankidetza-protokoloa, Turismoaren esparruan autonomia erkidegoen baterako jardunak sustatzera bideratutako estrategia komunak zehaztekoa (IV. eranskina).

- Lankidetza-hitzarmena, Gasteizko Udalarekin, Arabako Lurralde Historikoan boluntariotzaren sustapenean lankidetzan jarduteko, «Erdu-Boluntariotzarako eta Elkarteentzako Agentziaren» zerbitzuen bitartez (V. eranskina).

- Hitzarmena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta -normalizazioaren arloan izenpetzekoa (VI. eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 10a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 10EKO 1/2012 EBAZPENARENA

LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKO JAURLARITZAKO HERRIZAINGO SAILAREN, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA EUDEL-EUSKADIKO UDALEN ELKARTEAREN ARTEKOA, UDALERRI TXIKIETAN BERDINTASUN-POLITIKAK DINAMIZATU ETA AHOLKATZEKO ZERBITZUA GARATZEN LAGUNTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 28a.

ELKARTU DIRA:

Rodolfo Ares Taboada jauna, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Herrizaingo sailburua.

María Silvestre Cabrera andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

Ibone Bengoetxea Otaolea andrea, Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen presidentea.

PARTE HARTU DUTE:

Rodolfo Ares Taboada jaunak, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren ordezkaritzan, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.1 artikuluari jarraiki.

María Silvestre Cabrera andreak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2.f) artikuluari jarraiki.

Ibone Bengoetxea Otaolea andreak, Eudeleko estatutuen 21. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.- Eudelen oinarrizko helburuen artean daude udal-autonomia defendatzea, beste erakunde batzuen aurrean toki-interesak politikoki ordezkatzea, eta elkarteko udalerriei aholkularitza- eta koordinazio-zerbitzua ematea. Izan ere, eremu honetan, Eudelek jarduerak hauek egiten ditu nagusiki:

a) Toki-ordezkariak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean jardunbide egokiak susta ditzaten sentsibilizatzea, aukera-berdintasunaren nozioa udalerriaren eguneroko alderdi guztietan txertatzearen garrantzia azpimarratuz.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasun-aren alorrean, Europako Batzordeak finkatutako gidalerroei jarraituz, udalerriek kudeatu ditzaketen Erkidegoko politika eta ekintzei buruz udalerriak informatzea, eta politika eta ekintza horiek sustatzea.

c) Emakumeen eta gizonen berdintasun-aren dimentsioa udalaren eskumenpeko politika eta ekintza guztietan txerta dadin sustatzea.

Bigarrena.- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen helburu nagusia da emakume eta gizonen artean berdintasuna lortzea -benetakoa eta eraginkorra-, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.

Aipatu Legearen 3. artikuluko a), h) eta ñ) idatz-zatietan ezartzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtzioak izango dira aipatu xedeak lortzeko jarraibideak egitea eta horiek euskal botere publikoek aplikatu ditzaten bultzatzea; eta aipatu botere publikoek garatzen dituzten jardun-programetatik emakumeen egoeran eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina izan dezaketenak koordinatzeko neurriak bultzatzea. Orobat, Erakundearen helburuak lortzen laguntzen duten xede edo egitekoak dituzten elkarte, fundazio eta beste erakunde batzuekin harremanak eta partaidetza-bideak ezartzea dagokio.

Horren haritik, Erakundearen helburuetako bat da toki-administrazioen esku-hartzea indartzea eta bultzatzea emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko esparruan, eta sexuen arteko desberdintasunaren erakusgarririk larrienean: emakumeen aurkako indarkerian. Toki administrazioak funtsezko zeregina du alor horretan. Izan ere, udal-erriaren lurralde-dimentsioa kontuan hartuta, espazio horretan gauzatzen da aipatutako desberdintasuna; antolamendu-dimentsioa kontuan hartuta, berriz, gizarte-arazo horretatik eta horren eraginpean dauden pertsonengandik hurbilen dagoen erakunde publikoa da.

Hirugarrena.- Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak Herrizaingo Sailari izendatzen dio genero-indarkeriaren biktimak artatzeko politikak gidatu eta koordinatzeko funtzioa. Funtzio hori garatzeko, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza sortu zen, Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuaren bidez.

Laugarrena.- 2005eko otsailaren 24an, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Eudel-Euskal Udalerrien Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udalerrien sarea abian jartzeko. 2010eko irailaren 1ean, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen. Hitzarmen horretan Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza ere sartu zen.

Aipatu sarea, Berdinsarea, funtsezkoa izan da berdintasun-politikak bultzatzean, udalerri handietan, bereziki. Hala ere, udalerri txiki gehienentzat zaila da Berdinsarean sartzea, sartzeko betekizunak -besteak beste, langileak kontratatu, berdintasun-planak egin eta berdintasun-politiketarako aurrekontuei buruzkoak- direla-eta.

Bosgarrena.- Biztanle gutxi duten udalerriek zailtasunak dituzte emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta ekintzak garatzeko. Horregatik, hiru foru aldundiek, 2009an eta 2010ean, lankidetza-hitzarmenak sinatu zituzten Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearekin, hiru lurralde historikoetan berdintasun-politikak garatzeko dinamizazio- eta aholkularitza-zerbitzuak jartzeko.

Zerbitzu horien helburuen artean, honako hauek daude:

a) Udal txikiei emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politikak abian jartzeko aukera ahalbidetzea, Berdinsarea-rekiko estrategia koherente baten arabera, epe ertainera aipatu sarean sartu ahal izateko.

b) Hurreratzea, esperientziak trukatzea, koordinatzea eta udalerrian eta/edo mankomunitatean, eskualdean edo koadrilan, elkarrekin jarduerak egitea ahalbidetzea, toki eremuan.

Helburu horiek, funtsean, jarduera hauetan mamitzen dira:

a) Udalerri txikiei laguntza teknikoa ematea emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta emakumeenganako indarkeria erauzteko programak eta ekintzak egiteko.

b) Mankomunitate, eskualde edo koadriletan topaketak eta bilerak antolatzea eta koordinatzea, udalerri txikietan esku hartzeko estrategiak ezartzeko, esperientziak trukatzeko eta egindako lanari jarraipena egiteko, parte hartzen duten udalerrien artean sinergia sortu edo indartzearren.

Seigarrena.- Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak, guztiak ados daudela, udalerri txikietan dinamizazio- eta aholkularitza-zerbitzuari lagunduko diote, udalerri horietan egiten diren ekintzen gauzapena finantzatuz.

Zazpigarrena.- Eudeleko Batzorde Eragileak, 2011ko urriaren 20an, hitzarmen hau sinatzeko ahalmena eman dio presidenteari.

Zortzigarrena.- Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2011ko azaroaren 22n, hitzarmen hau sinatzeko baimena eman die Herrizaingo sailburuari eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.

Adierazitako guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmena izenpetzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Xedea.

1.- Hitzarmen honen helburua da Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen arteko lankidetza antolatzea, udalerri txikietan dinamizazio- eta aholkularitza-zerbitzuak jartzen laguntzeko, zerbitzu horren bidez udalerri horietan egiten diren ekintzen gauzapena finantzatuz, hain zuzen ere.

2.- Aurreko paragrafoan aipatutako ekintzak finantzatu ahal izateko, udalerri interesdunek bete beharreko baldintzak eta betekizunak adostuko eta ezarriko dituzte Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak.

Bigarrena.- Eudelen konpromisoak.

1.- Eudelek konpromisoa hartzen du biztanle gutxi dituzten udalerriek dinamizazio- eta aholkularitza-zerbitzua medio egin beharreko ekintzak gauzatzen laguntzeko, bere jakintza eta esperientziaren bitartez. Betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

a) Udalerriek egindako ekintzen gauzapenari jarraipena eta ebaluazioa egitea.

b) Aurreko idatz-zatian aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren baliabide materialak eta pertsonalak bideratzea.

c) Hitzarmen honetan aipatzen diren ekarpenak kudeatzea.

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren finantziazioa aipatu udalerrietan genero-indarkeriaren alorrean egiten diren ekintza espezifikoen gauzapenari aurre egiteko izango da. Zenbateko horren heren bat Arabako Lurralde Historikoko ekintzak gauzatzeko erabiliko da, beste heren bat Bizkaiko ekintzetarako eta beste herena Gipuzkoako ekintzetarako.

Lurralde bateko finantzatu beharreko ekintzetan, horietako bakoitzerako ezarritako zenbatekoa betetzen ez bada, soberakinak beste lurraldeetako ekintzetarako erabili ahal izango dira.

Emakunderen finantziazioa emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean Arabako Lurralde Historikoan egiten diren ekintzak gauzatzeko erabiliko da, beste heren bat Bizkaiko ekintzetarako eta beste herena Gipuzkoako ekintzetarako. Lurralde bateko finantzatu beharreko ekintzetan, horietako bakoitzerako ezarritako zenbatekoa betetzen ez bada, soberakinak beste lurraldeetako ekintzetarako erabili ahal izango dira.

d) Urtero memoria bat egitea, aurreko idatz-zatian aipatutako konpromisoen gainekoa, eta hitzarmen hau dela-eta eskatzen zaien adina informazio eta dokumentazio osagarri ematea Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.

2.- Halaber, Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak 18.000 (hamazortzi mila) euro emateko betebeharra hartzen du. Biztanle gutxi duten udalerrietan dinamizazio- eta aholkularitza-zerbitzuaren laguntza teknikorako eta/ edo zerbitzu hori medio udalerriek egiten dituzten ekintzak gauzatzeko bideratuko da aipatu zenbatekoa.

3.- Azkenik, Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web-orrialdearen bidez eta Elkartearen beste hedabide batzuen bidez zabaltzeko. Ekimena Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendari-tzarekin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin batera sustatu dela adierazi beharko da. Horretarako, hiru erakundeen logotipoak adierazi beharko dira, maila eta kokapen berean.

Hirugarrena.- Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren konpromisoak.

1.- Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak biztanle gutxi dituzten udalerrien ekintzen gauzapen-aren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra hartzen du. 2011. urtean, gehienez ere 18.000 (hamazortzi mila) euro jarriko ditu, aurrekontu-sail honen kontura: 11.0.1.02.04.0000.3.422.01.22110.002.S

2.- Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web-orrialdearen bidez eta Herrizaingo Sailaren beste hedabide batzuen bidez zabaltzeko. Zerbitzua Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearekin batera sustatu dela adierazi beharko da. Horretarako, hiru erakundeen logotipoak adierazi beharko dira, maila eta kokapen berean.

Laugarrena.- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak.

1.- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak biztanle gutxi dituzten udalerrien ekintzen gauzapenaren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra hartzen du. 2011. urtean, gehienez ere 45.000 (berrogeita bost mila) euro jarriko ditu, aurrekontu-sail honen kontura:

11.0.1.47.01.0000.3.454.99.32230.005J.

2.- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web-orrialdearen bidez eta Erakundearen beste hedabide batzuen bidez zabaltzeko. Zerbitzua Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearekin batera sustatu dela adierazi beharko da. Horretarako, hiru erakundeen logotipoak adierazi beharko dira, maila eta kokapen berean.

Bosgarrena.- Organo kudeatzaileak.

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatuko dute ekintzen gastuak behar bezala justifikatuta daudela, eta, hala badagokio, diru-laguntza ordainduko dute, organo horietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera.

Seigarrena.- Ordaintzeko modua.

Diru-laguntza kudeatzen duten organo kudeatzaile bakoitzak ordainduko du ekarpena. Ordainketa bakarra egingo da, Eudelek hitzarmeneko jardueren inguruan egindako gastuak justifikatu ondoren. Horretarako, hurrengo klausulan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da 2011ko abenduaren 31 baino lehen.

Zazpigarrena.- Justifikazioa.

Hitzarmen honetan xede den diru-laguntza justifikatzeko, egindako jardueren justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko da. Kontu horretan honako hauek jaso beharko dira:

- Bigarren klausulan adierazitakoari jarraituz, Eudelek hartuko konpromisoak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria.

- Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda sailkatua. Hartzailea eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, noiz ordaindu den adierazi beharko da.

- Aurreko idatz-zatian aipatutako zerrendan jaso diren fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako agiriak (jatorrizkoak edo konpultsatuak) eta, hala badagokio, ordainketa egiaztatzeko agiriak.

- Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuk. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko da.

Zortzigarrena.- Koordinazioa eta jarraipena.

Hitzarmen honetan xedatua behar bezala egiteko, Berdinsarea-berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarearen Jarraipen Batzordeak koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu.

Bederatzigarrena.- Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia sinatzen den unean hasiko da, eta 2011ko abenduaren 31n amaituko, nahiz eta hitzarmenaren kontura 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako jarduerak finantzatu daitezkeen.

Hamargarrena.- Beste laguntza eta diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Hurrengo paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, hitzarmen honen diru-laguntza bateragarria izango da xede bera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo entea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa,edo nazioartekoa.

Hala ere, diruz lagundutako jardueraren kostuak inoiz ere ezingo du gainditu diru-laguntza, ez bakarka, ez beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batuta.

Hamaikagarrena.- Hitzarmenaren baldintzak aldatzea eta beste laguntza batzuk jasotzea.

Diru-laguntza aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetakoren bat aldatzen bada eta Estatuko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu baten diru-laguntza edo laguntzaren bat jasotzen bada.

Hamabigarrena.- Hitzarmena suntsitzea.

Hitzarmena suntsiarazi egingo da honelako gorabeheraren bat gertatzen denean:

a) Sinatu duten alderdi biak ados daudenean; hilabete aurretik jakinarazi beharko da.

b) Alderdietako batek hartutako konpromisoak bete ezean.

Hamahirugarrena.- Itzulera.

Hitzarmen hau betetzen ez bada edo emandako zenbatekoa beste zerbaiterako erabiltzen bada, ordainketa etengo da, eta horretaz gainera, kontzeptu horregatik jasotako diru-zenbatekoak itzuli egin beharko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan araututako zenbateko eta baldintzen arabera. Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorioetarako.

Hamalaugarrena.- Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da. Beraz, azken instantzian, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte hitzarmen hau dela-eta sortzen diren auziak.

Hamabosgarrena.- Datu pertsonalen babesa.

Alderdiek adierazten dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Legeari buruzko xedapenak, eta konpromisoa hartzen dute lege horretan aurreikusitako betekizunak konplitzeko, hitzarmen hau dela-eta dauzkaten erabiltzaileen datuei dagokienez.

Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraian agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Emakundeko zuzendaria,

MARÍA SILVESTRE CABRERA.

Eudeleko lehendakaria,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 10EKO 1/2012 EBAZPENARENA

LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKO JAURLARITZAREN HERRIZAINGO SAILAREN, EUDEL-EUSKADIKO UDALEN ELKARTEAREN, ETA EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKOA, BERDINSAREA-EMAKUMEEN BERDINTASUNAREN ALDEKO ETA INDARKERIAREN AURKAKO EUSKAL UDALERRIEN SAREA GARATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 31.

BILDU DIRA:

Rodolfo Ares Taboada jauna, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburua.

Maria Silvestre Cabrera andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

Ibone Bengoetxea Otaolea andrea, Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteko presidentea.

ESKU HARTU DUTE:

Ares Taboada jauna, Gobernuko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.1 artikuluaren arabera.

Silvestre Cabrera andreak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen antolaketa eta jardute-egitura ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuko 17.2.f) artikuluan ezarritakoa dela bide.

Bengoetxea Otaolea andrea, Eudeleko Estatutuen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.- Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde) sortu duen Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera (2/1988 Legea, otsailaren 5ekoa), erakunde horren helburu nagusia da Euskadiko politikaren, ekonomiaren, kulturaren eta gizartearen eremu guztietan gizonen eta emakumeen arteko benetako eta eragineko berdintasuna lortzea. Ildo horretan, helburutzat hartu dira, batetik, bi sexuen arteko berdintasunari bidea ematen dioten baldintzak sustatzea eta emakumearen berdintasun osoa eta eskubideak murrizten dituzten oztopoak kentzea eta, bestetik, emakumea baztertzeko EAEn dauden bide eta ekintza guztiak ezabatzea.

Lege horretako 3. artikuluko a) eta h) idatz-zatietan ezarri denez, Emakunderen egitekoak dira batetik, gorago adierazitako helburuak erdiesteko jarraibideak garatzea eta Euskadiko botere publikoek horiek aplika ditzatela bultzatzea, eta bestetik, beharrezko koordinazio neurriak bultzatzea bai emakumeen egoeran eragiten duten jarduera programen artean bai emakumeen nahiz gizonen arteko berdintasunean eragiten duten jarduera-programen artean.

Ildo horretatik, Emakunderen helburuetako bat da toki administrazioek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenean duten eskuartzea areagotzea, baita sexuen arteko desberdintasunaren agerpen larriena den horretan ere, alegia emakumeen aurkako indarkerian. Toki-administrazioek berebiziko eginkizuna dute arlo horretan, aipatutako desberdintasuna udalerrien lurralde-eremuan gertatzen delako, eta gainera, udal-mailan, herri erakunde hori delako gizarte arazo horretatik eta arazo hori pairatzen duten herritarrengandik gertuen dagoen herri erakundea.

Bigarrena.- Eudelen oinarrizko helburuen artean hauek daude: udalen autonomia defendatzea, tokiko interesen ordezkaritza politikoa beste erakundeen aurrean eta Elkarteko udalerriei aholkularitza eta koordinazio zerbitzuak ematea. Hortaz, Eudelek esparru horretan garatzen dituen jarduera nagusiak honakoak dira:

1.- Udal-ordezkariei ulertaraztea emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako jardun ona bultzatu behar dela; ildo horretan arreta berezia ematen zaio udalerriko eguneroko bizitzaren eremu guztietan aukera-berdintasunaren ideia txertatzeari.

2.- Udalek kudea dezaketen Batasuneko politikaren edo ekintzen berri ematea eta horiek sustatzea, Europako Batzordeak ematen dituen jarraibideak aintzat hartuta.

3.- Udalen eskumeneko politika eta ekintza guztietan aukera-berdintasuna kontuan hartzea sustatzea.

Hirugarrena.- Arlo horretan eskudun diren euskal erakunde guztiek 2001eko urriaren 18an, Sexu-erasoak eta etxeko tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko Akordioa sinatu zuten. Akordio horren jarraipen batzordeko burutzan Emakunde dago eta kideetako bat Eudel da. Bada, batzorde horrek Tratu Txarrak jasaten dituzten Emakumeentzako Segurtasun Plana (2002-2005) onetsi zuen 2002ko azaroaren 22an. Besteak beste, hauxe da plan horrek aurreikusten duen neurrietako bat: Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Euskadiko Udalen Sarea osatzea. Sare horrek toki mailan indarkeria mota horri aurre egin eta indarkeria horren biktimei laguntza ematea izango ditu helburu, bai eta esperientziak partekatzea eta jarduera bateratuak koordinatzea ere. Zeregin horretan, ezarri da Eudeli eta Emakunderi dagokiela neurri horiek betearaztea.

Horrenbestez, bi erakunde horiek elkarlanean jardun nahi dute udalerrietan berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria saihesteko eta ezabatzeko programak eta jarduerak sustatzeko; horregatik, erabaki dute elkarrekin koordinatzea Berdintasunaren Aldeko eta Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Euskadiko Udalerrien Sarea abiarazteko. Horretarako, 2005eko otsailaren 24an, bi erakunde horiek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, alderdiek ezer adierazi gabe luzatu egin dena 2006., 2007., 2008. eta 2009. urteetara.

2009ko otsailaren 3an, berriz, Etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioa sinatu zen, aurreko akordioa lege edo beste mota bateko aldaketa berrietara egokitzeko, hain zuzen.

Laugarrena.- Eusko Jaurlaritza berria eratzearekin batera, horren jarduera esparruak berrantolatu egin dira. Aurrerantzean, Lehendakariaren Dekretuak ezarritakoaren arabera (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa) Herrizaingo Sailari egokituko zaio genero indarkeriaren biktimei harrera emateko politikak zuzentzea eta koordinatzea. Egiteko hori garatzeko, Herrizaingo Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko Dekretuaren bidez (471/2009 Dekretua, abuztuaren 28koa) Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza sortu zen.

Hain zuzen ere, 2005eko otsailaren 24an sinatutako Hitzarmena Eusko Jaurlaritzaren egituraketa berrira egokitzeko, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren, Eudel Elkartearen eta Emakunderen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu da 2010eko irailaren 1ean, eta 2010eko abenduaren 31ra arteko iraupena du.

Bosgarrena.- Sarean lan egiteko asmoz, berdintasunaren alde eta genero-indarkeriaren kontra, hiru erakundeek erabaki dute lankidetza-hitzarmen berria sinatzea, Berdinsarea izenekoak orain arte egindakoari jarraipena emateko.

Seigarrena.- Gobernu Kontseiluak, 2011ko urriaren 7ko bilkuran, baimena eman die Herrizaingoko sailburuari eta Emakundeko zuzendariari hitzarmen hau sina dezaten.

Zazpigarrena.- Bere aldetik, Eudeleko Batzorde Betearazleak, 2011ko urriaren 20an eginiko bilkuran, baimena eman zion Eudeleko buruari hitzarmen hau sina zezan.

Adierazitako guztiarengatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Xedea.

1.- Hitzarmen honen xedea da Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren, Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen arteko lankidetza antolatzea, Berdintasunaren Aldeko eta Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Euskadiko Udalerrien Sarea-Berdisarea garatzeko.

2.- Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, Eudelek eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, beren jarduteko eskumen-esparruarekin bat etorriz, udalerri sare horretako kide izateko edo kide izaten jarraitzeko udalerri interesdunek bete beharreko baldintzak eta betekizunak ezarriko dituzte, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean eta, hala dagokionean, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko alorrean.

3.- Aipatu udalerri-sareak helburu hauek ditu:

a) Udalerrietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako desberdintasunak eta indarkeria ezabatzeko programak eta jarduerak sustatzea.

b) Arlo horretan izandako esperientziak partekatzeko, koordinatzeko eta toki mailan jarduera bateratuak egiteko bideak ezartzea.

c) Etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioan ezarritakoa garatzen, zehazten eta udalerrietako egoerara egokitzen dituzten lankidetza-akordioak eta jarduteko protokoloak burutzea.

Bigarrena.- Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren konpromisoak.

1.- Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak bere gain hartzen du Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Euskadiko Udalerrien Sarea garatzeko kostuaren zati bat finantzatzea 13.750 euroko gehienezko kopuruarekin. Kopuru hori aurrekontuko 11.0.1.02.04.0000.3.422.01.22110.001.N partidaren kargura ordainduko da. Finantzaketa horren bidez, udalerrien sarea kudeatzeko ardura hartzen duen aholkularitza teknikoa (langile teknikoak) kontratatzeko gastuen % 25 ordainduko da. Halaber, beste mota bateko gastuei aurre egiteko finantzazio ekarpenak egin ahal izango ditu, beste lankidetza formula batzuen bidez; adibidez, sentsibilizazio kanpainetarako, prestakuntzarako, publizitaterako, hitzaldietarako, argitalpenetarako, etab.

2.- Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du bere jarduera esparruaren baitan Eudeli laguntza teknikoa emateko udalerrien sarea garatzeari dagokionez.

Hirugarrena.- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea.

1.- Emakundek finantzatuko du Berdintasunaren Aldeko eta Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Euskadiko Udalerrien Sarea garatzeko kostuaren zati bat. Horretarako, 13.750 euro emango ditu gehienez aurrekontuko 11.0.1.47.01.0000.3.454.99.32230.002 J partidaren kargura. Finantzaketa horren bidez udalerrien sarea kudeatzeko ardura hartzen duen aholkularitza teknikoa (langile teknikoak) kontratatzeko gastuen % 25 ordainduko da. Halaber, beste mota bateko gastuei aurre egiteko finantzazio ekarpenak egin ahal izango ditu, beste lankidetza formula batzuen bidez; adibidez, sentsibilizazio, prestakuntza, publizitate, hitzaldi, argitalpen... gastuetarako.

2.- Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du bere jarduera esparruaren baitan Eudeli laguntza teknikoa emateko udalerrien sarearen garapenari dagokionez.

Laugarrena.- Eudelen konpromisoak.

1.- Eudelek betebehar hauek hartu ditu bere gain:

a) Sarearen egitura sendotzea eta kudeatzea.

b) Bere web gunean sartzea sarearen funtzionamenduari buruzko informazioa, sareko kide diren udalek egindako jarduerak eta interesa duten bestelako material batzuk.

c) Topaketak eta bilerak antolatzea eta koordinatzea, lanaren jarraipena egiteko, bakoitzak bere esperientzien berri emateko eta sarea osatzen duten udalen jarduera bateratuak sustatzeko.

d) Sarea osatzen duten udalerriei laguntza teknikoa ematea, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta emakumeen desberdintasunak eta beren aurkako indarkeria ezabatzeko programak eta jarduerak abiarazten laguntzeko.

2.- Eudelek aurreko paragrafoan aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren baliabide material eta pertsona guztiak jarriko ditu.

3.- Gainera, Eudelek hitzarmen honen xedearen inguruan eskatzen dituen informazio eta agiri guztiak bidaliko dizkio bai Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari bai Emakunderi.

Bosgarrena.- Ordaintzeko modua sarearen garapenerako.

Adostutako kantitatea ordainketa bakarrean egingo da eta faktura originalen bidez edo dokumentu baliokideen bidez zuritu beharko da, betiere 2011ko abenduaren 31ko ondorioetara -eta aurrekontu ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31n hitzarmen hau indarrean bada.

Seigarrena.- Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.- Hitzarmen hau sinatzen denetik hilabete bateko epe barruan, Jarraipen Batzordea elkartuko da, hitzarmenean xedatutakoa behar bezala bete eta koordinatzen dela ziurtatzeko, eta alderdi sinatzaileen artean harreman iraunkorrak finkatzeko.

2.- Jarraipen Batzordeko kide izango dira ondokoak:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea: Zuzendaria edo eskuordetzen duen norbait.

b) Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza: Zuzendaria edo eskuordetzen duen norbait.

c) Eudel: Zuzendari nagusia eta Berdintasun Politikako Batzordeko arduraduna edo horiek eskuordetzen duten pertsonak.

d) Halaber, aurreko idatz-zatietan adierazitako pertsonek langile teknikoak izendatu ahal izango dituzte batzordean, euren aholkulari moduan parte hartzeko.

3.- Batzordea bi aldiz bilduko da urtean ohiko bilkuran. Nolanahi ere, egoki deritzoten beste bider bildu ahal izango dira ez ohiko bilkuran. Jarraipen Batzordearen araubide juridikoa egokituko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dituen kide anitzeko organoez ezarritako arauetara; haren berezitasun administratiboak Batzordeak berak finkatuko ditu.

Zazpigarrena.- Zabalkundea.

Udalerrien Sareari buruz eginiko zabalkunde edo komunikazio orotan berariaz adieraziko da Herrizaingo Sailari atxikitako Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eta Emakundek diruz lagundutako ekimena dela.

Zortzigarrena.- Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen denean sartuko da indarrean, eta bere indarraldia 2011ko abenduaren 31 arte luzatuko da eta alderdiek ezer adierazi gabe berrituko da urtebetez, horietako batek salatzen ez badu.

Bederatzigarrena.- Bateragarritasunak.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntzekin batera, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandakoak ere jaso ahal izango dira, baldin eta helburu berarekin ematen badira; hala ere, ezingo da hortik gain-finantzaketarik sortu. Gain-finantzaketa sortzen bada, doitu egingo dira zenbatekoak.

Hamargarrena.- Hitzarmena ebaztea.

Hitzarmen hau ebatziko da inguruabar hauetakoren bat gertatzean:

a) Sinatzaileak elkarrekin bat etorrita edo alderdietakoren batek salatuta, bi hilabete lehenago jakinaraztea, sare hau finantzatzeko beste modu berri bat ezartzen bada edo udalerri-sareei begira gobernuaren, aldundien eta udalen arteko harreman-sistema berri bat ezartzen bada.

b) Aldeetako edozeinek hartutako konpromisoak ez betetzea.

Edozein arrazoirengatik, hitzarmena iraungitzen bada ez die aurtengo jarduerei eragingo.

Hamaikagarrena.- Dirua itzultzea.

Akordio hau betetzen ez bada edo emandako dirua beste helburu batzuetarako erabiltzen bada, ordainketak etengo dira eta kontzeptu horretan jasotako diru-zenbatekoak itzuli egin beharko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko bigarren tituluan araututako kopuruan eta esandako moduan. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako.

Hamabigarrena.- Hitzarmenaren izaera.

Akordio hau administratiboa da. Hitzarmen honi lotutako gaiak, beste biderik gelditzen ez denean, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunei helaraziko zaizkie eta haiek ebatziko dituzte.

Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, eta dagozkion ondorioetarako hala jasota gera dadin, jarraian agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, goian adierazitako lekuan eta egunean

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Emakundeko zuzendaria,

MARÍA SILVESTRE CABRERA.

Eudeleko lehendakaria,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 10EKO 1/2012 EBAZPENARENA

PROTOKOLO OROKORRA, TURISMOAREN ESPARRUAN AUTONOMIA ERKIDEGOEN BATERAKO JARDUNAK SUSTATZERA BIDERATUTAKO ESTRATEGIA KOMUNAK ZEHAZTEKOA

Turismoaren esparruan eskumenak dituzten autonomia erkidegoek honako hau

ADIERAZI DUTE:

Espainiako Autonomia Erkidegoen arteko elkarlanak, berezko eskumenak betetzeko ekintza aberasteaz gain, estatuko erabakiak hartzeko prozesuetako partaidetza areagotzeko eta elkarren arteko gatazkak prebenitzeko ere balio izan du, eta horretaz gain, Estatu Autonomikoan oso aukera handiak ahalbidetu ditu, hark autogobernurako duen gaitasunaren mesedetan.

Azken urteotan, Autonomien Estatuaren garapenaz geroztik, Estatuak Autonomia Erkidegoekin sinatutako hitzarmenek nabarmenki egin dute gora (Lankidetza bertikala), eta horrenbestez, Autonomia Erkidegoen arteko elkarlanaren esparruko hitzarmenak desiragarriak dira (Lankidetza horizontala), autonomia-erkidegoen elkarlan-harremanak modu egonkorrean antolatuz eta eskumenak modu egokian koordinatuz interes komunen esparru zabala identifikatzeko xedez, betiere horrek guztiak herritarrei onura ekartzen badie.

Autonomia Erkidegoek, bakoitzaren Autonomia Estatutuen bitartez, bakoitzari dagokion lurralde-esparruan turismo-politika sustatzearen eta gauzatzearen gaineko eskumen esklusiboak beren gain hartu dituzte, turismo-sektorearen kalitatea eta berrikuntza sustatzeari eta turismo-sektorea garatzeari, hobetzeari, hedatzeari eta horri buruzko informazioa emateari dagokienez, produktu berriak sor eta txerta daitezen eta turismo-produktuak merkatura daitezen bultzatuz, sektoreko langileen prestakuntza hobetzen lagunduz eta merkatu nazionaletan nahiz nazioartekoetan Autonomia Erkidegoen irudia turismo-helmuga gisa mantenduz eta hobetuz, eta oro har, Autonomia Erkidegoen turismo-eskaintza garatzeko, hobetzeko eta sustatzeko balio duen edozein jardun gauzatuz.

Azken urteotan, turismo-sektoreak benetako egitura-aldaketak izan ditu kontsumo-ereduetan, eta aldaketa horiek erronka berriak ekarri dizkiete esku hartzen duten agente publiko eta pribatuei; hori dela-eta, turismo-alorrean interes komunak dituzten Autonomia Erkidegoentzat komenigarria da lankidetzarako bide egonkorrak ezartzea, orokorrean gizartearen eta zehazki turismo-sektorearen premiei erantzuteko balio duten ekimenak batera faboratzea ahalbidetuko luketen bideak, hain zuzen ere.

Aurrean adierazitakoa kontuan hartuz, esku hartzen duten Autonomia Erkidegoek, elkarren arteko harremanak estutzeko xedez eta jardun komunak gauzatuz Autonomia Erkidego bakoitzeko turismo-sektorea sendo dadin bultzatzea ahalbidetuko luketen ahaleginak bateratzeko helburuarekin, Protokolo Orokor hau izenpetzea beharrezkoa dela deritzote, honako hauei jarraiki:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Helburua.

Protokolo Orokor honen helburua turismo-esparruan jardun komunak zehaztea da, ahaleginak bateratzen eta bakoitzaren lurraldean turismo-sektorea bultzatzen lagunduko luketen jardun komunak, hain zuzen, eta hori guztia Autonomia Erkidego sinatzaileen artean sinergia positiboak sortuz.

Bigarrena.- Eskumen autonomikoen babesa.

Erkidego sinatzaile bakoitzak turismoaren esparruan dituen eskumen esklusiboak babestuz sinatzen da Protokolo Orokor hau.

Hirugarrena.- Araudi aplikagarria.

Turismo-ordenazioaren eta -sustapenaren esparruan egin beharreko jarduerak gauzatzeko modua dagokion Autonomia Erkidegoak emandako araudiaren bitartez arautuko da lurralde bakoitzean.

Laugarrena.- Jardun-ardatz estrategikoak.

Turismo-sektoreak aurre egin beharreko erronka nagusiei erantzuteko xedez, honako ardatz estrategiko hauek identifikatu dira:

● Turismo-produktuaren integrazioa sendotzea, iraunkortasuna eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatuz.

● Turismo-zerbitzuak emateari dagokionez, kalitatea eta bikaintasuna bultzatzea.

● Guztien intereseko produktu anitza sustatzeko eta merkaturatzeko ekintza koordinatzea.

● Turismoa finkatzen laguntzea eta gainerako Autonomia Erkidegoekiko eta beste hainbat herrialderekiko (betiere intereseko merkatuak badira) harremanak sendotzea.

Bosgarrena.- Lehentasunezko jardun-lineak.

Proposatutako ardatzei eta turismo-sektoreak aurre egin beharreko errokei erantzuteko, lehentasunezko honako jardun-linea hauek antolatu dira:

● Turismo-alorreko jakintza hobetzea eta ekintzen koherentzia finkatzea, estatistikak eta azterlan xehatuak eginez, profesionalei kontsultatuz eta abar.

● Mugaz haraindiko eskualdeen edo interes komunak dituztenen arteko lankidetza sustatuko duten transakzio-ekintzak sustatzea.

● Turistentzako informazioa hobetzea, zerbitzuen kontsumitzaileak direla kontuan hartuz, eta baita turisten eskubideak eta interesak babesteari buruzko informazioa ere.

● Turismo-jardueraren garapen iraunkorra bultzatzea, turistei zein agente publiko eta pribatuei informazioa emanez eta sentsibilizatuz.

● Turismo-sektorera aplikatutako I+G+Baren garapena bultzatzea.

● Turismo-produktuen eta -zerbitzuen kalitatea hobetzeko lana koordinatzea.

● Irisgarritasun unibertsala sustatzea turismo-baliabideetan nahiz -helmugetan, arkitektura-ztopoak ezabatzeko eta tartean sartutako agente guztientzako sentsibilizazioa areagotzeko jardun-programen bitartez.

● Autonomia Erkidegoek turismo-alorrean dituzten eskumenetan Administrazio Zentralak egin ditzakeen interferentziak aztertzea eta detektatzea.

Seigarrena.- Garapen- eta jarraipen-batzorde sektoriala.

Protokolo Orokor honetan finkatutako jardun-ardatz estrategikoak nahiz hura garatzean sina daitezkeen akordioak edo bestelako tresna juridikoak betetzen direla aztertzeko, Autonomia Erkidego sinatzaile guztiez osatutako (esparru horretan bakoitzak dituen ordezkarien bitartez) Garapen- eta Jarraipen-batzorde Sektoriala eratuko da.

Orobat, aipatutako lehentasunezko jardunak gauzatzeko Lan-taldeak ere sortu ahal izango dira; Lan-talde horiek Autonomia Erkidego sinatzaileen ordezkariez osatuta egongo dira, modu paritarioan.

Zazpigarrena.- Eraginkortasun-baldintzak.

Protokolo Orokor hau sinatzen duten Autonomia Erkidegoek haren eraginkortasuna lortzeko dagozkion izapide guztiak egiteko konpromisoa hartzen dute, bakoitzaren Autonomia Estatutuei zein berezko antolamendu- eta funtzionamendu-arauei jarraiki, betiere Protokolo Orokor hau eragina izaten hasten den eguna baino lehen.

Zortzigarrena.- Indarraldia.

Protokolo Orokor honek esanbidez ez dakar sinatzen duten ezein alderdirentzako eduki ekonomikorik. Protokolo Orokor hau gauzatzearen ondorioz sor litezkeen betebehar ekonomikoak ekintza jakina juridikoki antolatzen duen tresna zehatz bakoitzean hizpatu beharko dira.

Bederatzigarrena.- Betebehar ekonomikoak.

Protokolo Orokor honek esanbidez ez dakar sinatzen duen ezein alderdirentzako erantzukizun ekonomikorik. Protokolo Orokor hau gauzatzearen ondorioz sor litezkeen betebehar ekonomikoak ekintza jakina juridikoki antolatzen duen tresna zehatz bakoitzean hizpatu beharko dira.

Hamargarrena.- Autonomia Erkidego gehiago atxikitzea.

Autonomia Erkidego sinatzaileek gainerako Autonomia Erkidegoak Protokolo Orokor honi atxikitzeko (nahi badute) behar diren ekintza guztiak sustatuko dituzte.

Hamaikagarrena.- Protokolo orokorra amaitzea eta aldatzea.

Protokolo Orokorra alderdi guztien adostasunez amaituko da, edo Protokoloaren bitartez alderdiek beren gain hartutako betebeharrak ez betetzeagatik.

Autonomia Erkidego sinatzaileetako edozeinek Protokolo honen baldintza batzuk berrikustea sustatu ahal izango du. Aldaketak Protokoloan txertatu beharko dira, eta ondoren, alderdi guztiek sinatu beharko dituzte.

Hamabigarrena.- Elkarlanerako Protokolo Orokorretik banantzea.

Autonomia Erkidego sinatzaileetako edozeinek izango du Protokolo Orokor honetatik banantzeko aukera, gainerakoei jakinarazi ondoren, betiere jakinarazpen hori jaso dela egiazta badaiteke.

Autonomia Erkidego sinatzaileetako edozein Protokolo honetatik banantzen bada, horrek indarrean jarraituko du gainerako Autonomia Erkidegoen kasuan.

Hori jasota gera dadin, eta horrekin ados daudela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, zortzi aletan, hasieran adierazitako tokian eta egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 15a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 10EKO 1/2012 EBAZPENARENA

PROTOKOLO OROKORRA, I+G+B DELAKOaren ESPARRUAN BATERAKO JARDUNAK SUSTATZERA BIDERATUTAKO ESTRATEGIA KOMUNAK ZEHAZTEKO AUTONOMIA ERKIDEGOENA

I+G+Baren esparruan eskumenak dituzten Autonomia Erkidegoek honako hau

ADIERAZI DUTE:

Dokumentu hau sinatzen duten Autonomia Erkidegoek elementu ekonomikoak, teknologikoak eta sozialak (besteak beste) partekatzen dituzte, eta hori dela-eta, biztanleen mesederako programak eta proiektuak gauzatzea faboratzen duen espiritu komuna dute, horri guztiari esker, aurrerabidezko eta garapenezko etorkizuna ahalbidetuz.

Azken urteotan, Autonomien Estatuaren garapenaz geroztik, Estatuak Autonomia Erkidegoekin sinatutako hitzarmenek nabarmen egin dute gora (Lankidetza bertikala), eta horrenbestez, Autonomia Erkidegoen arteko elkarlanaren esparruko hitzarmenak desiragarriak dira (Lankidetza horizontala), autonomia-erkidegoen elkarlan-harremanak modu egonkorrean antolatuz eta eskumenak modu egokian koordinatuz interes komunen esparru zabala identifikatzeko xedez, betiere horrek guztiak herritarrei onura ekartzen badie.

Autonomia Erkidegoek, bakoitzaren Autonomia Estatutuen bitartez, I+G+Baren alorreko eskumen esklusiboak beren gain hartu dituzte. Eskumen horiek garatzearen xedea, izan ere, hazkunde ekonomikoa eta soziala sustatzea da, gaitasun zientifiko eta teknologikoa hobetuz, eta horrela, berrikuntza-prozesuari dagokionez nahiz ikerketak gizarte osoari dakarzkion onuren zabalkuntzari dagokionez enpresek duten partaidetza faboratuz.

Enpresa-lehiakortasuna hobetzeko, gaitasun eta eskumen berriak garatu behar dira, eta baita jakintza eraginkortasunez kudeatu eta berrikuntza sustatu ere. Horrela, gaur egunean ekoizpen- eta industria-egituran aldaketak sartzea ohikoa da, horrelako aldaketen bitartez enpresek beren negozio-estrategiak berriz diseinatzen baitituzte, ekoizpen-prozesuak berrantolatzeaz eta malgutzeaz gain. Egoera horrek agerian uzten du teknologia-zentroek teknologia-transferentziaren agente dinamizatzaile eta berrikuntza-sortzaile nabarmen gisa duten eginkizun garrantzitsua, enpresa-sarean, eta bereziki, ETEei dagokienez, I+G+Bak duen inpaktuaren arduradun nagusiak diren aldetik.

Esparru horretan, ezinbestekoa bilakatu da mekanismo jakin batzuk ezartzea, lankidetzan oinarrituta egonik jakintza eta berrikuntza sortuz, hedatuz eta transferituz garapen ekonomiko iraunkorrean eta gizarte-ongizatean laguntzea ahalbidetuko duten mekanismoak, hain zuzen ere.

Arestian adierazitakoa kontuan hartuz, esku hartzen duten Autonomia Erkidegoek, elkarrekiko harremanak estutzeko eta I+G+Baren esparruan elkarlana sustatzea ahalbidetuko duten ahaleginak bateratzeko xedez, zehazkiago, teknologia-zentroen arteko informazio-elkartrukeari eta lankidetza-lineen finkapenari dagokienez (inpaktu ekonomikoari, lehiakortasunari eta produktibitateari dagokienez emaitza faboragarriak lortzeko I+G+B enpresetan bultzatzea da horren guztiaren helburua), Protokolo Orokor hau sinatzea beharrezkotzat jotzen dute, honako hauei jarraiki:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Helburua.

Protokolo Orokor honen xedea I+G+Baren alorrean jardun komunak finkatzea da, eta zehazkiago, teknologia-zentroen arteko informazio-elkartrukeari eta lankidetza-lineen finkapenari dagokienez, kontuan hartuz horren guztiaren helburua enpresetan I+G+B sustatzea dela.

Bigarrena.- Eskumen autonomikoen babesa.

Erkidego sinatzaile bakoitzak I+G+Baren esparruan dituen eskumenak babestuz sinatzen da Protokolo Orokor hau.

Hirugarrena.- Araudi aplikagarria.

I+G+Baren esparruan egin beharreko jarduerak gauzatzeko modua dagokion Autonomia Erkidegoak emandako araudiaren bitartez arautuko da lurralde bakoitzean.

Laugarrena.- Jardun-ardatz estrategikoak.

I+G+Barekin lotutako erronka nagusiei erantzuteko xedez, honako ardatza estrategiko hauek identifikatu dira:

● Teknologia-zentroen arteko informazio-elkartrukea faboratzeko joera duten jardunak bultzatzea, baliabideak optimizatzeko eta elkarlanean aritzeko modu posibleak esploratzeko.

● Teknologia-zentroen arteko lankidetza-lineak ezar daitezen sustatzea, berrikuntza-sistemaren sinergiak aprobetxatzeko.

● Teknologia-zentro nazionalen eta atzerrikoen arteko elkarlana erraztea, betiere teknologia transferitzeko eta nazioartekotzeko zerbitzu berriak garatzea ahalbidetzen badu elkarlan horrek.

● Jakintza zientifiko eta teknikoari balioa emateko eta jakintza hori enpresa-esparrura transferitzeko egitekoan eragin positiboa izan dezaketen ekintzak bultzatzea.

Bosgarrena.- Lehentasunezko jardun-lineak.

I+G+Baren alorrean proposatutako ardatzei eta aipatutako erronkei erantzuteko, lehentasunezko honako jardun-linea hauek antolatu dira:

1.- Teknologia-zentroen egitura, antolakuntza-eredu eta jardun-alor desberdinak ezagutzea.

2.- Teknologia-zentroen kudeaketari eta funtzionamenduari dagokienez, informazioa eta jardunbide egokiak elkartrukatzea ahalbidetuko duten sare birtualak antolatzea eta ezartzea.

3.- Elkarlana erraztea, I+G+Baren alorrean baterako jardunak gauzatzeko akordioak ezarriz.

4.- Ikertzaile eta teknologoek teknologia-zentroetan mugigarritasuna -geografikoa, sektore artekoa eta diziplina artekoa- izan dezaten ahalbidetzea, ikertzaileen jakintza zientifikoak eta lanbide-garapena indartzeko.

5.- Guztien intereseko nitxo eta alorrak aztertzea, gaitasunak garatzea eta elkarlanean aritzeko linea berriak irekitzea ahalbidetuko dutenak, hain zuzen ere.

6.- Hedakuntza-jarduerak sustatzea eta antolatzea (mintzaldiak, biltzarrak, mahai-inguruak eta abar), teknologia-zentroek I+G+Baren eta enpresaren arteko lotura-agente gisa duten eginkizuna ezagutzera emateko xedez.

Seigarrena.- Garapen- eta jarraipen-batzorde sektoriala.

1.- Protokolo Orokor honetan finkatutako jardun-ardatz estrategikoak nahiz hura garatzean sina daitezkeen akordioak edo bestelako tresna juridikoak betearazteko, Autonomia Erkidego sinatzaile guztiez osatutako (esparru horretan bakoitzak dituen ordezkarien bitartez) Garapen- eta Jarraipen-batzorde Sektoriala eratuko da.

2.- Orobat, aipatutako lehentasunezko jardunak gauzatzeko Lan-taldeak ere sortu ahal izango dira; Lan-talde horiek Autonomia Erkidego sinatzaileen ordezkariez osatuta egongo dira, modu paritarioan.

Zazpigarrena.- Eraginkortasun-baldintza.

Protokolo Orokor hau sinatzen duten Autonomia Erkidegoek haren eraginkortasuna lortzeko dagozkion izapide guztiak egiteko konpromisoa hartzen dute, bakoitzaren Autonomia Estatutuei zein berezko antolamendu- eta funtzionamendu-arauei jarraiki, betiere Protokolo Orokor hau eragina izaten hasten den eguna baino lehen.

Zortzigarrena.- Indarraldia.

Protokolo Orokor hau eragina izaten hasiko da haren izapidetzea sustatzeko akordioa sinatu duten Autonomia Erkidego guztiek sinatzen duten egunetik aurrera, eta iraupen mugagabea izango du.

Bederatzigarrena.- Betebehar ekonomikoak.

Protokolo Orokor honek esanbidez ez dakar sinatzen duen ezein alderdirentzako erantzukizun ekonomikorik. Protokolo Orokor hau gauzatzearen ondorioz sor litezkeen betebehar ekonomikoak ekintza jakina juridikoki antolatzen duen tresna zehatz bakoitzean hizpatu beharko dira.

Hamargarrena.- Autonomia Erkidego gehiago atxikitzea.

Autonomia Erkidego sinatzaileek gainerako Autonomia Erkidegoak Protokolo Orokor honi atxikitzeko (nahi badute) behar diren ekintza guztiak sustatuko dituzte.

Hamaikagarrena.- Protokolo Orokorra amaitzea eta aldatzea.

1.- Protokolo Orokorra alderdi guztien adostasunez amaituko da, edo Protokoloaren bitartez alderdiek beren gain hartutako betebeharrak ez betetzeagatik.

2.- Autonomia Erkidego sinatzaileetako edozeinek Protokolo honen baldintza batzuk berrikustea sustatu ahal izango du. Aldaketak Protokoloan txertatu beharko dira, eta ondoren, alderdi guztiek sinatu beharko dituzte.

Hamabigarrena.- Elkarlanerako Protokolo Orokorretik banantzea.

1.- Autonomia Erkidego sinatzaileetako edozeinek izango du Protokolo Orokor honetatik banantzeko aukera, gainerakoei jakinarazi ondoren, betiere jakinarazpen hori jaso dela egiazta badaiteke.

2.- Autonomia Erkidego sinatzaileetako edozein Protokolo honetatik banantzen bada, horrek indarrean jarraituko du gainerako Autonomia Erkidegoen kasuan.

Adierazitako guztiagatik,

Alderdiak ados daudela adierazteko, protokolo hau sinatzen dute, ale bakar batean, hasieran adierazitako tokian eta egunean, I+G+Baren esparruan eskumenak dituzten Autonomia Erkidego sinatzaile guztien elkarrekikotasun-irizpideei jarraiki eragina izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 13a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 10EKO 1/2012 EBAZPENARENA

HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKOA, ARABAN BOLUNTARIOTZA SUSTATZEKO, ERDU ELKARTE ETA BOLUNTARIOTZAKO AGENTZIARI LAGUNTZA EMANEZ

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 20a.

BILDU DIRA:

Alde batetik: Gemma Zabaleta Areta andrea, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa.

Eta bestetik: Javier Maroto Aranzábal jauna, Vitoria-Gasteizko alkatea, Tokiko Gobernu Batzarrari Laguntzeko Organoaren titularrak lagunduta.

Bi alderdiek elkarri onartu diote Iegezko gaitasun nahikoa dutela dagokion erakundeen izenean hitzarmen hau sinatzeko, eta horretarako, honako hau

ADIERAZI DUTE:

1.- Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen ekarpen nagusia Euskal Administrazioak boluntariotza sustatzeko hartzen duen konpromisoa da, aldi berean herritar guztiek gizartea eraikitzen jarduteko duten eskubidea azpimarratuz. Legearen 12. artikuluak boluntarioen lana erraztu eta sustatzeko asmotan, euskal administrazio publikoek, besteak beste, honako ekimen hauek bultzatuko dituztela dio: boluntariotza antolatua sustatzeko bitartekoak jarri, boluntarioak dituzten erakundeak iraunarazteko eta horien heziketa eta ekimena bultzatzeko hitzarmenak sinatu eta erakundeei informazioa, dokumentazioa, aholkuak eta laguntza teknikoa emateko zerbitzuak.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 12. artikuluak ezartzen duenaren arabera Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari beste egiteko eta jardun-arlo batzuen artean boluntariotzarena dagokiola.

3.- Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, Gizarte Gaietarako Sailburuordetzari, beste zeregin batzuen artean, boluntariotzarena dagokiola, eta bere barnean Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritza dela ekintza boluntarioaren eta boluntariotza-elkarteen eta -agentzien sustapen orokorra burutzeko arduraduna, boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak eta hori garatzeko araudiak Eusko Jaurlaritzari agindutako zereginak betez.

4.- Boluntariotza bultzatzeko eta 17/1998 Legeak ezartzen duena betetzeko guztiz beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritza eta lurralde historiko bakoitzean lan egiten duten boluntariotzako agentzien arteko elkarlana, azken hauek direlako bere lan eremuko elkarteekin zuzenezko harremana dutenak. Lankidetza behar hau indartzen da une honetan Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak Boluntariotzaren II. Euskal Plana 2008-2010 beste bi urtetarako luzatu duenean eta bi gertakizun garrantzitsu aurrean gaudenean: 2011 Boluntariotzaren Europako Urtea eta gure Autonomia Erkidegoan 2012an izango den Boluntariotzaren Estatuko Kongresua.

2011-2012rako Boluntariotzaren II. Euskal Planaren luzapenean Autonomia Erkidegoko boluntariotza-agentziak luzapenaren diseinuan eta garapenean subjektu estrategikoak izan behar direla azpimarratzen da.

5.- Vitoria-Gasteizko Udalak urteak direla Arabako elkarteen mugimendua laguntzeko programak garatzen dituela Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez. Agentziaren egitekoak parte-hartze soziala eta herritarren, elkarteen eta Administrazioaren arteko lankidetza sustatzea eta elkarteen kalitatea eta lanaren eraginkortasuna hobe ditzaketen baliabideak eta zerbitzuak uztea elkarte horien esku dira.

6.- Vitoria-Gasteizko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2011ko urriaren 14ko bileran Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzea baimendu duela.

7.- 2011ko irailaren 6ko Gobernu Kontseiluak baimendu duela lankidetza hitzarmena sinatzea Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean.

8.- Bi alderdiak ados egonda, Lankidetza Hitzarmen hau sinatzea erabaki dute honako klausula hauei jarraiki:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Helburua.

Hitzarmen honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren, Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez, arteko lankidetza-esparru bat arautzea da, 2011 Boluntariotzaren Europako Urtea ospatzeko izango diren ekintzak garatzeko eta gure Autonomia Erkidegoan 2012an izango den Boluntariotzaren Estatuko Kongresuan parte hartzeko, baita ¡Muévete! Mugi zaitez! programa garatzeko ere.

Diruz laguntzen diren ekintzak hauek dira:

- 2011 Boluntariotzaren Europako Urtea delako Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko onartu dituen ekintzen diseinuan eta sustapenean parte hartzea.

- Gure Autonomia Erkidegoan 2012an izango den Boluntariotzaren Estatuko Kongresuan parte hartzea.

- ¡Muévete! Mugi zaitez! programa garatzea.

Bigarrena.- Alderdien konpromisoak.

Vitoria-Gasteizko Udalak, Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez, honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) 2011 Boluntariotzaren Europako Urtea delako Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren ekintzak:

- Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak onartu duen jarduera-planaren diseinuan parte hartu.

- Jarduera-planean onartu diren ekintzen diseinuan eta kudeaketan lagundu.

- Jarduera-planaren ekintzak Araban inplementatzea, beti ere aurrekontua egonda. Zehazki honako hauek: unibertsitateko pertsonei zuzendutako boluntariotzari buruzko kanpaina, pertsona nagusiei zuzendutako boluntariotzari buruzko kanpaina eta boluntariotzarekiko sentikor bihurtzeko lurralde jardunaldiak.

b) 2012ko Boluntariotzaren Estatuko Kongresuaren antolakuntzan egin beharreko ekintzak:

- Kongresua antolatzeko egin behar diren lan prozesuen diseinuan eta martxan jartzean parte hartzea.

- Kongresuko batzorde teknikoan parte hartzea, eta baita hura ondo antolatzeko Vitoria-Gasteizko Udalaren parte hartzea, Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez, alde biek interesgarria jotzen duten lan saio eta topaketetan ere.

- Kongresua hedatzeko, martxan jartzeko eta antolatzeko Araban burutuko diren ekintzen diseinuan eta dinamizazioan aritu.

c) Vitoria-Gasteizko ikastetxeetan ¡Muévete! Mugi zaitez! boluntariotza sustatzeko programa garatzea.

Vitoria-Gasteizko Udalak, Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez, konpromiso hauek ere hartzen ditu:

- Diru-laguntza bideratzea lagungarritzat hartutako gastuetara.

- Erakundearen zabalkuntza-euskarrietan doan argitaratzea Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman eta hiritargoarentzat interes orokorreko diren araudiei buruzko publizitatea.

- Urteko memoria bat lantzea, bertan erakundeak gauzatutako jardunak eta urteko balantze ekonomikoa jasoz.

- Egindako gastuak ondorengo klausulan ezartzen den moduan justifikatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak konpromisoa hartzen du Vitoria-Gasteizko Udala, Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez, finantzatzeko hurrengo klausulan agertzen den moduan.

Hirugarrena.- Ordainketa eta justifikazioa.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzaren bitartez, konpromisoa hartzen du 2011. urtean Vitoria-Gasteizko Udala, Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez, 35.000 euroko zenbatekoarekin finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legeak baimendutako kredituen kargurako ekarpen ekonomikoaren arabera.

Hitzartutako kopurua egindako gastuak justifikatzen dituen justifikazio-kontu bat, hau da, gastua egiaztatzen duen agiri guztien zerrenda, gutxieneko honako hauek adierazita: agiriaren izaera, identifikazioa, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerarekiko egozpen-ehunekoa, aurkeztu ostean ordainduko da. Erakundeak gorde eta eskuratzeko prest izan beharko ditu jatorrizko agiri guztiak, gutxienez bost urteko epean. Edonola ere, gastuen justifikazioa aurtengo abenduaren 31 baino lehen egin beharko da. Halaber, Vitoria-Gasteizko Udalak, Erdu Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren bitartez, 2011ko abenduaren 31 baino lehenago aurkeztu beharko ditu garatu diren jardueren memoria.

Gastuak ezarritako baldintzetan ez justifikatzeak, jasotako kopurua beste helburu baterako erabiltzeak edo Hitzarmen honetan ezarritako gainerako baldintzak ez betetzeak, ordura arte jasotako diru-Iaguntza, eta legezko interesak, osorik edo zati batean itzuli beharra ekarriko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan diru-laguntzak itzultzeko aurreikusitako prozedura orokorrari jarraiki.

Laugarrena.- Hitzarmenaren jarraipena.

Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzaren ardura izango da Hitzarmen honetan jasotzen den diru laguntza kudeatzea. Jarraipen Batzorde bat eratuko da, izaera teknikokoa, gutxienez urtean bitan bilduko dena, eta Programaren plangintza, koordinazioa, jarraipena eta kontrola egiteko bidezkotzat jotzen diren beste guztietan.

Batzordea Hitzarmena sinatu duten erakunde bakoitzeko gutxienez kide banak osatuko dute, eta honako zeregin hauek izango ditu:

- Hitzarmeneko jardunen garapena bultzatu, gainbegiratu eta kontrolatu.

- Hitzarmenean aurreikusitako jardueren aldaketak proposatzea eta, hala dagokionean, onartzea, betiere honen xedea mantenduz.

- Jardunak eta jardueren urteko memoria onartzea.

Bostgarrena.- Indarraldia.

Hitzarmen honek sinatzen denetik 2011ko abenduaren 31ra arteko iraupena izango du, eta bere ondorioek eraginpean hartuko dituzte urtarrilaren 1etik gauzatutako jarduera guztiak.

Seigarrena.- Amaitzeko eta hitzarmena baliogabetzeko arrazoiak.

Honako arrazoi hauengatik amaituko da Hitzarmen hau: itundutako epea bete delako edo alderdiek Hitzarmenean aurreikusitako baldintzak, betebeharrak eta konpromisoak bete ez dituztelako.

Alderdiek hitzarmen hau irakurri dute, edukiarekiko adostasuna adierazi dute eta lau aletan eta ondorio bakarrerako sinatu dute, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Vitoria-Gasteizko Udaleko alkatea,

JAVIER MAROTO ARANZÁBAL.

Tokiko Gobernuaren Batzordeko Laguntza Erakundeko titularra,

IDOIA MARTÍNEZ PEÑALBA.

VI. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 10EKO 1/2012 EBAZPENARENA

HITZARMENA, HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ARTEKOA, HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZA ETA NORMALIZAZIOAREN ARLOAN.

PARTE HARTU DUTE:

Alde batetik, Encar Echazarra Huguet andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari eta ordezkari gisa, eta

Bestetik, Marta Ares Godoy andreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari eta ordezkari gisa

ADIERAZI DUTE:

I.- 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

II.- 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

III.- Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, «Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz.»

IV.- Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.

V.- 5/2008 Legeak, ekainaren 19koak, Garapenerako Lankidetzaren Agentzia sortu eta arautzen duenak, 1. artikuluan ezartzen duenez, Garapenerako Lankidetzaren Agentzia izango da garapenerako politika plangintza prestatzeaz eta politika hori koordinatu, kudeatu eta egikaritzeaz arduratuko den erakunde publikoa, pobreziaren aurka borrokatzeko eta garatze-bidean diren herrialdeetan giza garapen iraunkorra sustatzeko ahaleginetan.

VI.- Hori guztia ikusita, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

HITZARMENAREN HELBURUA

Lehenengoa.- Hitzamen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak beren artean, honako jardute-esparruetan:

- Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

- Terminologia juridiko-administratiboa.

- Euskarazko administrazio-materialak prestatu eta erabiltzea.

Bigarrena.- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari eskainiko dizkion hizkuntza-prestakuntza zerbitzuak eta horien baldintzak, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoak izango dira. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntza zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, esandako 2005eko azaroaren 30eko Agindua baino urte batzuk beranduago sortu zenez, ez da Aginduaren aplikazio-eremuan jasotzen. Horregatik hitzarmen honen testuinguruan IVAPek eskainiko dizkion Hizkuntza-prestakuntza zerbitzuek sortutako gastuak fakturatu egingo dizkio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari indarrean dauden prezio publikoen arabera, IVAPeko zerbitzuek betetzen dituzten jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Aginduan jasotakoen arabera, hain zuzen ere.

Egun indarrean den prezio publikoen Aginduak ez dituenez ezartzen 4HEari dagozkion prezio publikoak, ikastaro horien gastuak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) artean Kudeaketa Gomendatzeko egindako akordioan ezarritako prezioen arabera fakturatuko dira, alegia, herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntza eta hizkuntza gaitasunaren-ebaluazioa adosten dituenaren arabera.

EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA 4. HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

Hirugarrena.- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziareni esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Laugarrena.- Ogasun.eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bosgarrena.- Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

Seigarrena.- Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

Zazpigarrena.- Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena IVAPi dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko- administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, IVAPek hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, idazten dituen administrazio-agirietan, IVAPek Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.

EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

Zortzigarrena.- Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, IVAPekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio IVAPi; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. IVAPek, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari bidaliko aztertu eta balora ditzan.

Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz IVAPek bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.

KLAUSULA OROKORRAK

Bederatzigarrena.- Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan IVAPekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.

Hamargarrena.- Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, 2011ko irailaren 23an.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik,

ENCAR ECHAZARRA HUGUET.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren aldetik,

MARTA ARES GODOY.


Azterketa dokumentala