Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2012ko otsailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Euskal Herriko Unibertsitatea
512

ERABAKIA, 2011ko abenduaren 22koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Sailen Oinarrizko Arautegia onesteko dena.

Estatutuen lehenengo xedapen iragankorrak aurreikusten du, hirugarren atalean, estatutuok indarrean sartuta, Gobernu Kontseiluak, gehien delarik, sei hilabeteren epean berorien garatzeko arautegia berrikusteko egutegia egin beharko zuela.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011.eko ekainaren 23an onartutako egutegia betetzeko, kontseilu honi iragan 2011.eko azaroaren 17an aurkeztu zitzaion sailen oinarrizko arautegia proposatzen da berorren onartzeko.

Sailen oinarrizko arautegiari egindako emendakinak diktaminatu egin ditu Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak 2011.eko abenduaren 12ko diktamenak ezarri zuen moduan eta, honen ondorioz, Gobernu Kontseiluaren onespenean jartzen den testu hau suertatu da.

Oinarrizko arautegiak, nahiz eta, lehengoarekin erkatuz gero, artikulu kopuruari dagokionez, askoz ere soilagoa den, oinarrizko arautegi gisa ageri nahi du non sailek xedatu ahal izango duten arautu beharreko alderdi horien inguruan, honetara, zeinek bere antolakuntza autonomia bermatuaz.

Aitzitik, barne arautegiaren zenbait alderdi arautzeko gaitasuna beren beregi izanik ere, arautegi gehigarri ugariez ahalik eta heinik txikienera murriztu nahi da sailek egin beharko duten ahalegina, honako arautegi honetan aurreikusitakoa sailaren premiekin bat letorkeenean, arautegi hau bere egitea besterik egin beharko ez lukeelarik.

Horregatik guztiagatik, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honakoa

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.- Sailen Oinarrizko Arautegia onestea, eranskinean datozen baldintzetan.

Bigarrena.- Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2011ko abenduaren 22a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

SAILEN OINARRIZKO ARAUTEGIA

I. TITULUA

KONTZEPTUA, XEDEAK, EGINKIZUNAK ETA EGOITZA

1. artikulua.- Xedea.

1.- Sailak irakaskuntzako eta ikerketako unitateak dira, eta sailen ardura da jakintza eremu batean edo gehiagotan eta ikastegi batean edo gehiagotan irakaskuntza koordinatzea UPV/EHUko irakats programazioari jarraituz. Era berean, sailen zeregina da irakasleek eta ikertzaileek irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan dituzten jarduera eta ekimenak bultzatzea.

2.- Sailak izan daitezke UPV/EHUrenak berarenak, unibertsitate artekoak edo mistoak.

a) UPV/EHUren beraren sailak dira horrela sortutakoak, eta guztiz txertatuta daude unibertsitatearen egituran eta antolamenduan.

b) Unibertsitate arteko sailak dira beste unibertsitate batzuekin batera sortutakoak.

c) Sail mistoak dira goi mailako hezkuntzako edo ikerketako beste zentro batzuekin batera sortutakoak.

2. artikulua.- Sailaren eginkizunak.

a) Bere eskumeneko irakaskuntza jarduerak koordinatzea eta ematea.

b) Saileko irakasle eta ikertzaileen ikerlana bultzatzea eta babestea.

c) Lankidetzan jardutea UPV/EHUko beste egitura batzuekin eta beste erakunde publiko edo pribatuekin, bai irakaskuntzaren arloan, bai ikerketan.

d) Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko jarduerak sustatzea, unibertsitateko ikasketak garatzea eta Estatutuetako 97. artikuluan zehaztutako gainontzekoak.

e) Saileko kideen berrikuntza zientifiko eta pedagogikoa sustatzea.

f) Aurrekontua kudeatzea Estatutuei eta aurrekontuak gauzatzeko UPV/EHUn indarrean dauden arauei jarraiki, baliabide materialak administratzea eta saileko langileak edo sailari atxikitakoak zuzentzea.

g) Sailaren urteko plangintza garatu eta betetzea.

h) Urteko memoria egitea.

i) UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

j) Ikasketa planak egiten parte hartzea, baita bere eskumeneko gainontzeko jardueretan ere.

3. artikulua.- Sailaren egoitza.

1.- Arautegian jasota egongo da zein den sailaren egoitza administratiboa, eta sailak ezingo du izan inolaz ere egoitza bat baino gehiago, ez eta egoitza aldian-aldian aldatu ere.

2.- Egoitza aldatzeko Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, eta aldaketa saileko kontseiluak proposatuko du, arautegiari jarraiki.

3.- Saileko zuzendaritza lekuz aldatzea edo saileko kontseiluak zuzendari berria hautatzea ez da nahikoa arrazoi izango sailari egoitzaz aldatzeko baimena emateko.

4.- Beharrezkoa izanez gero, Gerentziak neurriak hartuko ditu sailaren egoitzaren eta zuzendaritzaren arteko komunikazioa bermatzeko.

II. TITULUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

4. artikulua.- Sailen araubide juridikoa.

1.- Sailak honako hauei jarraiki arautuko dira: indarreko legeria, Estatutuak eta oinarrizko arautegi honetako xedapenak. Oinarrizko arautegi honek gutxieneko arauak jasotzen ditu eta UPV/EHUko sail guztiei aplikatuko zaie.

2.- Aipatutako arautegietan jasotakoez gain, sailek osatu egin ahalko dituzte arautegi honetako xedapenak, bertan adierazitako kasuetan eta moduan, sail bakoitzaren arautegiaren bitartez.

3.- Gobernu Kontseiluak onartuko du, behin betiko, sail bakoitzaren arautegia, legeak agintzen dituen txostenak egin eta gero, legezkotasun txostena barne. Idazkari nagusiak, eskumenak eskuordetuta, onartuko ditu arautegi horiek, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez. Edozelan ere, idazkari nagusiak onarpen horren berri eman behar dio Gobernu Kontseiluari.

4.- Sailek honako printzipio hauek bete behar dituzte egituran eta funtzionamenduan:

a) Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorrei men egitea.

b) Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoak kide bakarrekoen gainetik egotea.

c) Sail atalen antolakuntza autonomiaren eta autonomia funtzionala errespetatzea, haien eta osakideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

5. artikulua.- UPV/EHUko sailak sortu, aldatu eta kentzea.

1.- Sailak jakintza eremuak oinarri hartuta sortu edo aldatuko dira, jakintza eremutzat hartuta jakintza arloak ez ezik, Gobernu Kontseiluak zehaztutako irizpideen arabera irakaskuntzako proiektu koherentea garatzen duten gainontzekoak ere.

2.- Gobernu Kontseiluari dagokio sailak sortu, aldatu edo kentzeko erabakia hartzea, kasuan zerikusia duten sailek aurretik iritzia emanda eta egoki diren txostenak eginda.

3.- Saila sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da. Bertan adierazi beharko da legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta datu hauek bildu beharko dira:

a) Sailaren izena, bilduko dituen jakintza eremuen zerrenda eta saila sortzeak eragingo dien irakasleen, ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zerrenda.

b) Atxikiko zaizkion gai edo irakasgaiak eta ikerketa ildoak.

c) Sailari atxikitako ondasunak, azpiegiturak eta lokalak.

d) Sail berriak behar izango dituen baliabideen eta funtzionamendu gastuen ebaluazio ekonomikoa.

e) Sailaren behin-behineko araudia.

4.- Gobernu Kontseiluari dagokio saila sortzeko beharrezko izango den irakasle eta ikertzaileen kopurua, kategoria eta arduraldia zehaztea, baina, edozelan ere, gutxienez 18 kide arduraldi osoa edo parekoa duten irakasle eta ikertzaile iraunkorrak izan behar dira eta horietako 12, gutxien dela, doktoreak.

5.- Saila kendu edo aldatzeko proposamena arrazoitua izan beharko da, eta neurri horrek eragingo liekeen ikasketa edo ikerketa jarduerak nora aldatuko liratekeen zehaztu, eta zeri atxikita geratuko liratekeen horrek ukitutako langile eta baliabideak.

6. artikulua.- Unibertsitate arteko sailak eta sail mistoak sortzea.

1.- Unibertsitate arteko sailak edo sail mistoak sortzeko, hitzarmena sinatu behar da, aurrez, kasuan kasuko unibertsitatearekin, goi mailako hezkuntzako ikastegiarekin edo ikergunearekin.

2.- Saila sortzeko hitzarmenak Estatutuetan eskatzen diren formalitateak bete behar ditu. Hitzarmenak sailaren gobernu eta funtzionamendua arautuko ditu, alde bakoitzak egin dezakeen kontrol eta egiaztatze lana eragotzi barik, eta arautegi honetako 5. artikuluan aipatutako memoriak eduki behar dituen gutxieneko edukiak jasoko ditu.

III. TITULUA

SAILAREN OSAERA ETA EGITURA

7. artikulua.- Saileko kideak.

1.- Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita graduko ikasleen ordezkariak eta graduondoko ikasleak ere.

2.- Aurreko atalaren ondorioetarako, irakasle eta ikertzaile funtzionarioak saileko jakintza eremuetan sartuta egongo dira. Edozelan ere, horrek ez du esan nahi unibertsitateko ikerketa instituturen bati atxikita ezin egon daitezkeenik. Irakasle eta ikertzaile kontratatuak jakintza arloetan eta sailetan sartuko dira, edo, egoki izanez gero, unibertsitateko ikerketa institutu batean.

3.- Salbuespen moduan, sail bateko irakasle bat aldi baterako beste sail bati atxiki ahal izango zaio, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraikiz.

4.- Ez da baimenik emango atxikipena emateko, baldin eta horrek saileko irakats betebeharrak bete gabe geratzea badakar.

8. artikulua.- Sail atalak.

1.- Sailak sail atalak sortu ahal izango ditu bere arautegiaren bidez, oinarrizko arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.

2.- Sail atalak eratu ahal izango dira campus edo ikastegi desberdinetan diharduten sailetan. Sail atalak sortu edo kentzeko, arautegia aldatu beharko da.

3.- Sail atal bakoitzak sei irakasle edo ikertzaile izan behar ditu gutxienez, eta horietako lauk arduraldi osoz jardun behar dute. Sail atalak sortzen direnean, irakasle eta ikertzaile bakoitza atxikiko zaio bere ikastegiari dagokion atalean. Irakasle eta ikertzaileak atal bakar bati baino ezingo dira egon atxikita. Saileko arautegian jasota egongo dira sail atalen egoitzak. Edozelan ere, egoitza irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako batean egon behar da.

4.- Sail atalak ataleko kontseilua eratuko du, dagozkion eginkizunak betetzeko. Ataleko kontseiluak osakide hauek izango ditu: ataleko irakasle eta ikertzaile guztiak, administrazio eta zerbitzuetako langile guztiak eta ataleko ikasleen ordezkariak, saileko kontseilurako ordezkariak aukeratzen diren modu berean hautatuak. Ataleko kontseiluak atalaren funtzionamenduari dagozkion eginkizun guztiak beteko ditu eta, bereziki, irakaskuntzako eta administrazioko eginkizunen programazioa eta antolakuntza proposatuko dio saileko kontseiluari edo, dagokionean, batzorde iraunkorrari edo kasuan kasuko gobernu organoari.

5.- Ataleko kontseiluak ataleko koordinatzailea aukeratuko du atalari atxikitako irakasle eta ikertzaileen artetik. Koordinatzaile hori izango da organoko burua, eta bertan hartutako erabakiak betearaziko ditu. Ataleko kontseiluak idazkaria ere izendatuko du, bilera guztietarako edo bilera bakoitzerako, eta idazkariaren eginkizuna izango da bileretako aktak egin eta bileran hartutako erabakiak jasotzea.

6.- Sailaren aurrekontuan atal bakoitzari dagokion zatia bereizita azalduko da.

IV. TITULUA

SAILETAKO GOBERNU, ORDEZKARITZA, ZUZENDARITZA ETA KUDEAKETA ORGANOAK

9. artikulua.- Sailetako gobernu, ordezkaritza, zuzendaritza eta kudeaketa organoak.

1.- Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

2.- Saileko gobernu, ordezkaritza, zuzendaritza eta kudeaketarako kide anitzeko organoak dira saileko kontseilua eta, egonez gero, batzorde iraunkorra.

3.- Saileko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide bakarreko organoak, berriz, zuzendaria eta idazkari akademikoa dira.

LEHENENGO KAPITULUA

KIDE ANITZEKO ORGANOAK

I. ATALA

SAILEKO KONTSEILUA

10. artikulua.- Osaera.

1.- Hauek izango dira saileko kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle eta ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkariren bat (saileko arautegiak zehaztuko du zenbat), sailak ematen duen ziklo bakoitzeko ikasleen ordezkari bat gutxienez, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, gutxienez.

Sailaren arautegian besterik adierazi ezean, honako hauek ere saileko kontseiluko kide izango dira:

a) Sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak (ordezkari bat bost kideko edo bostetik beherako multzo bakoitzeko).

b) Graduko ikasleen ordezkari bat. Saileko kontseiluak 26 kide baino gehiago dituenean, graduko ikasleen ordezkariak bi izango dira.

c) Masterreko ikasleen ordezkari bat. Saileko kontseiluak 26 kide baino gehiago dituenean, masterreko ikasleen ordezkariak bi izango dira.

d) Doktoregoko ikasleen ordezkari bat. Saileko kontseiluak 26 kide baino gehiago dituenean, graduondoko ikasleen ordezkariak bi izango dira.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2.- Irakasleen eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkarien agintaldia, berriz, bi urtetakoa izango da.

3.- Sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak irakasle eta ikertzaile horien artean eta artetik aukeratuko dira.

4.- Graduko ikasleen ordezkariak sailak eskolak ematen dituen ikastegietako ikasleen kontseiluen bitartez aukeratuko dira, ikastegietako ikasleen kontseiluen arautegiek xedatutako prozedurari jarraiki.

5.- Masterreko ikasleen ordezkariak hautatuko dira sail bakoitzaren arautegiak zehazten duen moduan. Sailaren arautegiak ezer ez badio, masterreko ikasleen ordezkariak hautatuko dira doktoregoko ikasleen ordezkariak hautatzeko hurrengo atalean azalduko den prozedura berberaren bidez.

6.- Sailaren arautegiak besterik xedatu ezean, doktoregoko ikasleen ordezkaria saileko zuzendariak deituta bi urterik behin, abenduan, egingo den bileran aukeratuko da. Bilera horretara saileko graduondoko programetan matrikulatutako ikasle guztiei deituko zaie. Horretarako, bilerara deitu beharreko ikasleen errolda eskatuko dio saileko zuzendariak hala dagokion zerbitzuari.

11. artikulua.- Ordezkari izateari uztea.

Ordezkaria izatea norberari dagokion ezaugarria da. Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi:

a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.

b) Hauteskundeak baliogabetzea.

c) Agintaldia amaitzea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) UPV/EHUko kidea izateari uztea, edo hautatua izan zen kidegoko kidea izateari uztea.

f) Organoaren elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea, arautegiak kopuru handiagoa xedatu ezean.

12. artikulua.- Saileko kontseiluaren eginkizunak.

1.- Hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

a) Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

b) Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

c) Urteko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

d) Saileko irakasleei irakats betebeharrak eta haien balizko aldaketak esleitzea, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako indarreko arautegiari jarraiki.

e) Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.

f) Masterreko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea.

g) Doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimendutako baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideak izendatzekoak ere.

h) Saileko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.

i) Plaza berriak eskatzea eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

j) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitu eta kontratuak berritze aldera.

k) Bere eskumenen esparruan, kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren edo artearen arloko lanak egiteko.

l) Venia docendi eman behar bada, aurretiko txostena egitea.

m) Indarreko legeriak, Estatutuek eta horiek garatzeko arauek bere gain uzten dituzten gainerako guztiak, bai eta eskuordetzen zaizkionak ere.

II. ATALA

BATZORDE IRAUNKORRA

13. artikulua.- Batzorde iraunkorraren osaera.

Arautegiak jasota eduki ahal izango du kontseiluaren batzorde iraunkorra sortzea, kontseiluko kideek osatua. Batzorde horren osakideak izango dira zuzendaria, idazkaria, sail ataletako koordinatzaileak eta hiru kidegoen ordezkariak, arautegi honetan xedatutakoaren arabera.

Saileko kontseiluan hogeita sei kide baino gehiago direnean, batzorde iraunkorra eratuko da, saileko kontseiluak bere kideen artetik aukeratua. Saileko kontseiluak hogeita sei kide baino gutxiago dituenean, batzorde iraunkorra eratu ahal izango da saileko kontseiluak hala erabakitzen badu. Erabaki hori onartzeko, boto baliodunen gehiengo osoa beharko da. Kasu batean zein bestean, eta batzordearen arautegiak bestelakorik adierazi ezean, honako hauek izango dira batzordeko kide:

a) Saileko zuzendaria (batzordeko buru izango da).

b) Idazkaria.

c) Sail ataletako koordinatzaileak, egonez gero.

d) Irakasle eta ikertzaileen sei ordezkari. Horietako bost irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik eta irakasle eta ikertzaile eziraunkor doktoreen artetik aukeratuko dira; seigarrena, berriz, sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileen artetik.

e) Ikasleen ordezkari bat.

f) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

4.- Batzorde Iraunkorreko kideak honi jarraiki aukeratuko dira:

a) Berezko kideak (irakasle eta ikertzaile iraunkor eta ez iraunkor doktoreak) Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratuko dira.

b) Kontseiluan ordezkari bakarra daukaten taldeek, ordezkari hori berori izango dute Batzorde Iraunkorrean.

c) Saileko kontseiluak bi ordezkari edo gehiago dauzkaten taldeek, beren artean aukeratuko dute, Kontseiluaren bilera batean, Batzorde Iraunkorrerako ordezkaria. Adostasunik ez badago edo berdinketa badago, zozketa egingo da.

5.- Arautegi honetako 13. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko kideek ordezkari izateari utzi behar diote.

14. artikulua.- Batzorde iraunkorraren eginkizunak.

1.- Batzorde iraunkorrak beteko ditu, alde batetik, kontseiluaren arautegiari jarraituz eskuordetuta dituen eginkizunak, eta, bestetik, kontseiluak une jakinetan eskuordetzen dizkionak. Edozelan ere, kontseiluak ezin izango dizkio eskuordetu ez zuzendaria aukeratzeko eskumena, ez sailaren arautegia onartzekoa.

Arautegiak bestelakorik adierazi ezean, batzorde iraunkorrik badago, eskuordetuta izango ditu saileko kontseiluaren eginkizun guztiak, zuzendaria aukeratzekoa eta sailaren arautegia onartzekoa izan ezik.

2.- Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

III. ATALA

KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA

15. artikulua.- Bilera motak eta bileren maiztasuna.

1.- Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.- Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Batzorde iraunkorrik badago, saileko kontseiluak urtean gutxienez bitan egin behar du ohiko bilera, eta batzorde iraunkorrak, berriz, gutxienez bi bilera seihileko bakoitzean. Batzorde iraunkorrik ez dagoen sailetan, aldiz, kontseiluak gutxienez ohiko bi bilera egin behar ditu seihileko bakoitzean.

3.- Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira honako hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

4.- Premiazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin beharko da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

16. artikulua.- Bilerarako deia.

1.- Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasle eta ikertzaile doktoreen heren batek edo talde bateko kide guztiek hala eskatzen badute, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera ezohikoa izango da, eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar da gehienera ere.

2.- Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaien zerrenda zehaztu behar ditu deian. Horretarako arrazoi justifikaturik egonez gero, aztergaien zerrendan puntu gehiago sartu ahal izango dira, bilera baino 24 ordu lehenagora arte.

Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, nolanahi ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

3.- Edonola ere, aztergaien zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen gutxienez % 10ek edo talde bateko kide guztiek behar den garaian eta moduan eskatutakoak.

4.- Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta bere jarduna betetzen gainerako gune guztietan, eman ere organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.

17. artikulua.- Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.- Kide anitzeko organoko ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenganaezinak dira.

2.- Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.

18. artikulua.- Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.- Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta oinarrizko arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoko kideak, baina organoak beharrezko neurriak hartuko ditu kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.

2.- Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Beraz, sailaren arautegian jasota egon beharko da zeintzuk izango diren horretarako prozedura eta epeak. Besterik zehaztu ezean, kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean, gehienez ere sailak haren esku jarriko du dokumentazioa saileko Idazkaritzan.

19. artikulua.- Kide anitzeko organoa eratzea.

1.- Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Sailaren arautegian zehaztuta egon behar da lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea. Bestelakorik adierazi ezean, deialdi batetik bestera arteko tartea 30 minutukoa izango da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

2.- Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 21. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

3.- Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

20. artikulua.- Bileren nondik norakoak.

1.- Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

2.- Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak hala proposatuta.

3.- Beharrezko jotzen badu, organoko buruak gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezake, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

4.- Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien zerrendako punturen bati buruzko iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktan, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

21. artikulua.- Bozketa.

1.- Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila beharko da, Estatutuek, sailaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

2.- Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean, eta pertsonei buruzkoa denean beti izango da isilpekoa.

3.- Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta jasota geratzen bada aurkako botoa eman dutela. Horretarako, botazioa isilpekoa denean, organoko idazkariari eman beharko zaio boto txartela botazioaren unean. Boto txartel hori aktari erantsiko zaio.

4.- Hauteskunde prozesuetan izan ezik, sailaren arautegiak botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetzeko aukera jaso ahal du, bai eta arautu ere. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

5.- Kide anitzeko organoko kideek aktan agerraraz dezakete euren boto partikularra eta boto hori emateko arrazoiak. Halakorik egiteko asmoa izanez gero, bileran bertan adierazi beharko dute eta idatziz aurkeztu, 48 orduko epean, aktan jasota gera dadin. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti aurkeztuko dira proposamenekin batera. Bestalde, euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzea eskatzeko eskubidea dute organoko kideek. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

22. artikulua.- Bilerako akta.

1.- Idazkariak egin behar du bilerako akta. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko da. Akta bi hizkuntza ofizialetan egon behar da idatzita.

Aktak onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta organoko buruak ontzat eman.

2.- Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda, eta bilera amaitu aurretik azalpena emanez ezin bertaratu izana adierazi dutenen berariazko aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

3.- Boto partikularrak ere jasoko dira aktan, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

4.- Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

5.- Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berrituak egin beharreko lehenengo bileran onartu beharko dira.

23. artikulua.- Erabakiak argitaratzea.

1.- Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.- Sailaren arautegiak zehaztuko du hartutako erabakiak argitara emateko prozedura. Beranduen jota hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete bat egongo direla ikusgai. Arautegiak ez badu zehazten nola emango diren argitara erabakiak, sailak hartutako erabakien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkariak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiria saileko idazkaritzako iragarki oholean jarriko da, bai eta sailaren ohol birtualean ere, halakorik egonez gero.

24. artikulua.- Erabakiak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.

1.- Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakien berri eman beharko zaie kasuan kasuko organoei.

2.- Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslana esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

3.- Oinarrizko arautegi honetan aipatutako kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

4.- Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

BIGARREN KAPITULUA

KIDE BAKARREKO ORGANOAK

25. artikulua.- Xedapen orokorra.

1.- Saileko kide bakarreko organoak dira zuzendaria, idazkaria eta, egonez gero, sail ataleko koordinatzailea.

2.- Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoko kontratua izan behar da, legerian xedatutako salbuespenetan izan ezik.

I. ATALA

SAILEKO ZUZENDARIA

26. artikulua.- 1.- Zuzendaria saileko kontseiluak aukeratuko du, saileko kide diren irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta UPV/EHUko errektoreak izendatuko du.

2.- Sailean zuzendaririk ez badago, edo ezin baditu bete eginkizunak luzaroan, saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta batzorde iraunkorra edo, bestela, saileko kontseilua, premiazko bilerara deitu. Bilera horretan behin-behineko zuzendaria aukeratuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik, baina, bitartean, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak beteko ditu saileko zuzendari eginkizunak, eta, era berean, bera izango da bilerako buru. Bestalde, artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

3.- Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da eta Saileko arautegiak mugatu ahal izango du zuzendariak zenbat agintaldi egin ditzakeen segidan.

4.- Zuzendariak Estatutuetako 180.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Estatutuetako 172. artikuluan Unibertsitateko Klaustroaren zentsura mozioari buruz zehaztutakoa saileko kontseiluari dagokiola ulertuko da.

27. artikulua.- Irakaslanetik salbuestea.

1.- Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

2.- Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakaslanetik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du hasita dagoen lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketen aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte eman behar izan ditu karguan.

28. artikulua.- Saileko zuzendariaren eginkizunak.

1.- Hauek dira saileko zuzendariaren eginkizunak:

a) Sailaren ordezkari izatea.

b) Saileko kontseiluko burua izatea, baita, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko burua ere, saileko arautegiari jarraiki.

c) Saileko kideen eskari eta proposamenak jaso eta bideratzea.

d) Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.

e) Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

f) Saileko kide anitzeko organoek hartutako erabakiak betetzea.

g) Irakaskuntza normaltasunez eta eman egiten dela zaintzea eta ebaluazio probak egin egiten direla zaintzea.

h) Zientzia, teknika, giza zientzia eta artearen arloko ikerlanak egiteko sailak egiten dituen kontratuak sinatzea.

i) Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea, betiere bere eskumenen arloan.

j) Saileko beste organo batzuei eman ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek nahiz indarreko legeriak esleitzen dizkiotenak.

2.- Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

II. ATALA

SAILEKO IDAZKARIA

29. artikulua.- 1.- Saileko idazkaria errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Jardunean dagoen irakasle edo ikertzaile bat izango da.

2.- Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

3.- Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

4.- Idazkariak saileko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola saileko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- 1.- Arautegi hau eta sailen arautegiak indarrean jarri arren, saileko organoetako lehengo kideek agintaldia agortu arte jarraituko dute postuetan.

2.- Saileko gobernuko kide anitzeko organoek egungo osaera izango dute kasuan kasuko organoko kideak berritzea egokitu arte. Organoak berritzean, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz berritu beharko dira, eta, edozelan ere, Estatutuak indarrean sartu eta bi urteko epean berritu beharko dira, hau da: 2013ko otsailaren 24a baino lehen.

Bigarrena.- Ikasketa plan zaharrak desagertu bitartean, arautegi honetan egiten diren graduko ikasleei buruzko aipamenak lehenengo zikloko ikasleei ere badagozkiela ulertuko da; eta masterreko ikasleei buruzkoak, berriz, bigarren zikloko ikasleei ere bai.

Hirugarrena.- Sailen oinarrizko arautegi hau indarrean jartzen denetik, sailek sei hilabeteko epea izango dute beren arautegiak honetara egokitzeko. Horretarako, Idazkaritza Nagusiak eredu arautu bat emango die.

Epe hori igarota aurreko sailen arautegiak ezin izango dira erabili, salbu eta izenari, egoitzari, atalei eta batzorde iraunkorrari dagozkien pasarteak, baldin eta arautegi honetan ezarritakoari kontra egiten ez badiote.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da UPV/EHUko sailen oinarrizko aurreko arautegia, 2005eko urriaren 26ko EHAAn argitaratu zena. Era berean, indargabetuta geratzen dira arautegi honetan xedatutakoari kontra egiten dioten gainontzeko arautegi guztiak. Oinarrizko arautegi honetara egokitutako sailen arautegiak indarrean sartu bezain laster, sailen oraingo arautegiak indargabetuta geratuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala