Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2011ko azaroaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
5624

EBAZPENA, 2011ko urriaren 5ekoa, Laneko zuzendariarena, Itsasmendikoi SAren Hitzarmen Kolektiboa erregistratu, gordailatu eta argitaratzea xedatzen duena (hitzarmen kodea: 86001902012000).

AURREKARIAK

2011ko irailaren 15ean, negoziazio-mahaiko ordezkariek bide telematikoz aurkeztu zuten zuzendaritza honetan, aipatutako hitzarmenari buruzko derrigorrezko dokumentazioa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuko 90.2 artikuluan (1995-03-29ko BOE) ezarritako eskumena lan-agintaritza honi dagokio, hala xedatzen baita Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuko 17. artikuluan (2009-10-13ko EHAA), martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuan (1981-04-02ko EHAA), urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuan (2011-02-15eko EHAA) eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan (2010-06-12ko BOE).

Bigarrena.- Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu izenpetutako hitzarmen kolektiboak.

Horren ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 5a.

Laneko zuzendaria,

Katrin Begońa Iturrate Zamarripa.

ITSASMENDIKOI SA-REN 2009-2012 ALDIKO HITZARMEN kOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

ATARIKOA - XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Lurralde-eremua eta eragindako pertsonala.

Hitzarmen kolektibo honen xedea Itsasmendikoi SA merkataritza-sozietatearentzat lan egiten duten langileen lan-baldintzak eta -estipulazioak zehaztea da, betiere aipatu sozietatearen zuzendaritza eta antolaketaren baitan badaude.

Hitzarmen hau Itsasmendikoi SA merkataritza-sozietateko langile guztientzat izango da aplikagarri, euren lantokia edo euren jarduna gauzatzeko lekua dagoen lurralde historikoetako edozeinetan.

2. artikulua.- Indarraldia, iraupena, salaketa eta luzapena.

Hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izango du eta 2009-01-01ean hasiko eta 2012-12-31ra artekoa izango da.

Bi alderdiek adostu dute hitzarmen hau 2008ko urriaren 15ean salatutzat joko dela berez; hitzarmenaren gaineko negoziazioak hasteko epea, gehienez, 15 egunekoa izango da, aurrekoa bertan behera uzten den egunetik aurrera.

Bertan behera utzi ondoren ere hitzarmenak indarrean jarraituko du, harik eta hura ordezkatuko duen beste hitzarmen bat lortu arte.

3. artikulua.- Baldintzarik onuragarrienak.

Hitzarmen hau gainditzen duten eta aurretik aitortu ziren baldintzak «ad personam» errespetatuko dira zorrotz, banaka eta zenbait pertsonarentzat, hargatik eragotzi gabe aipatu hobekuntzak izoztu, xurgatu eta konpentsatzea.

Itsasmendikoi enpresara lekualdatutako funtzionarioen kasuan, funtzionario horiek Mendikoi SAra lekualdatzeko unean lan-kontratuari erantsitako baldintza itunduei eutsiko zaie.

4. artikulua.- Probaldia.

Alderdiek langile bakoitzaren lan-mailaren arabera finkatu ahal izango dute probaldia.

Hala ere, probaldiak ezin izango du sei hilabete baino gehiago iraun tituludun teknikarientzat, eta bi hilabete gainontzeko langileentzat.

Langileak lehendik zeregin berak bete baditu enpresan, probaldia ezartzen dion ituna baliogabea izango da, edozein dela ere kontratu-mota.

Probaldiak dirauen artean, langileak bere lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak edukiko ditu, lantaldekoa balitz bezala, baina horietatik kanpo geratuko dira lan-harremana etetetik eratortzen direnak. Etena alderdi bietatik edozeinek eska dezake.

Probaldia amaitzean atzera egiterik egon ez bada, kontratuak ondorio guztiak edukiko ditu, eta enpresan lanean aritutako aldia langilearen antzinatasun gisa hartuko da aintzat.

Dena dela, probaldian dagoen langileari eragiten dion aldi baterako ezintasun-egoerak probaldiaren zenbaketa etengo du.

5. artikulua.- Borondatezko uztea.

Zerbitzuak emateari bere borondatez utzi nahi dion langileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio enpresaren zuzendaritzari, idatziz, honako epe hauen arabera:

● Irakasleak eta irakasle ez diren langile tituludunak: hilabete.

● Gainerako langileek: 15 egun.

Langileak ez baditu aurrez jakinarazteko ezarritako epeak errespetatzen, enpresako zuzendaritzak eskubidea izango du atzeratutako egunei dagokien likidazioaren zenbatekoa deskontatzeko.

6. artikulua.- Lan-gatazkak.

Itsasmendikoi SAren hitzarmen hau izenpetzen duten alderdiek negoziazio- eta elkarrizketa-bideak agortzeko konpromisoa hartzen dute, neurri zigortzaileak edo gatazka-jarrera kolektiboetara jo aurretik.

7. artikulua.- Batzorde Misto Paritarioa.

1.- Hitzarmen kolektibo hau interpretatzetik, aplikatzetik eta haren indarralditik sortzen diren gorabeherak aztertu eta konpontzeko, Batzorde Misto Paritarioa eratuko da, hilabeteko epean, hitzarmena indarrean jarri eta hilabeteko epean. Hitzarmen honen eraginpean dauden langileen lan-arazoez ere arduratuko da batzordea.

2.- Hitzarmena izenpetzen duten sindikatuek ordezkari bana izango dute Batzorde Paritarioan, eta ordezkari bakoitzak aholkulari bat izendatu ahal izango du. Enpresak beste horrenbeste ordezkari izango ditu, eta, era berean, aholkulari bat izendatu dezake. Alderdi bakoitzak boto bat izango du, edozein delarik ere bertaratzen den kide-kopurua.

3.- Lehenengo paragrafoan adierazi diren gorabehera guztiak Batzorde Parekidera eramango dira lehenik, aztertzeko.

4.- Batzorde Misto Paritarioa biltzeko deia idatziz egin beharko da, biltzeko eguna baino hamabost egun lehenago, eta batzordea osatzen duten alderdietako edozeinek eskatu ahal izango du. Horretarako, argi eta garbi zehaztu beharko dira eguneko aztergai-zerrendan aztertu beharreko puntuak, bilera-eguna, tokia eta ordua. Alderdi biek egon behar dute bertan, ezinbestez. Deialdia egiten den egunetik batzarra egiten denerako denbora-tartea murriztu egin daiteke, alderdi biek hala nahi izanez gero. Nolanahi ere, Batzorde Paritarioa hiru hiletik behin bilduko da gutxienez, eta deialdiko aztergai-zerrendarekin batera, hutsik dauden lanpostuen berri emango du zuzendaritzak.

5.- Batzorde Misto Paritarioan hartutako akordioak lotesleak izango dira alderdientzat eta adostasunez hartuko dira.

6.- Ohiko deialdietatik kanpo, edozein alderdik eskatu dezake Batzorde Paritarioaren bilera-deialdia egiteko, betiere 4. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

7.- Batzorde Misto Paritarioan adostasunik ez badago, bi alderdiek onartzen dute laneko gatazkak konpontzeko PRECOren prozedurei men egitea.

8. artikulua.- Ukaezintasuna.

Hitzarmen honetan ezarritako edozein onurari langileek uko egiten badiote ere, uko hori baliogabea izango da eta ez da kontuan hartuko. Langileentzat baldintza okerragoak dakartzaten erabaki, ebazpen eta klausula oro ere baliorik eta indarrik gabea izango da.

II. KAPITULUA

LANAREN ANTOLAKETA

9. artikulua.- Lana antolatzea.

1.- Indarrean den legeriaren arabera, Itsasmendikoi SAko Kudeatzailetzari dagokio lana antolatzea; horrek ez ditu alde batera uzten Langileen Estatutuan langileei aitortzen zaizkien entzunaldi, aurrekontsulta eta informaziorako eskubideak eta ahalmenak.

2.- Lanaldian lana antolatzea lantokietako edo ataletako zuzendaritzen eskumena izango da; zerbitzuaren beharrei erantzunez antolatuko dute lana zuzendaritzek, betiere Kudeatzailetzak eta Zerbitzu Unitateen Zuzendaritzak, Giza Baliabideen Atalarekin lankidetzan, ezarritako jarraibideen arabera, eta langileen inguruabarrak, prestutasuna eta ezagutza kontuan hartuz; halaber, beharrezko kontrol- eta jarraipen-mekanismoak ezarriko dituzte, dagokion lantokiak edo atalak behar bezala funtzionatu dezan.

III. KAPITULUA

ANTOLAKETA-EGITURA ETA LANGILEEN SAILKAPENA

10. artikulua.- Antolaketa-egitura.

1.- Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak, bere antolamenduaren eremuaren barruan, lanpostuen zerrenda biltzen duen organigrama bat ezarriko du, jardueraren beharren eta inguruabarren arabera, eta langileen ordezkarien eskura jarriko du.

2.- Organigrama horrek sozietatean dauden zerbitzu eta departamenduak finkatuko ditu, bai eta horietan dauden lanpostuak ere; gainera, lanpostu horiek betetzeko behar diren baldintzak ezarriko ditu. Lanpostu horiek sozietateko Zuzendaritzak aldatu ditzake, une uneko beharren eta inguruabarren arabera.

3.- Langileak beren lanpostuei esleitutako egitekoen arabera sailkatuko dira. Langile-taldeak eta lanbide-kategoriak I. eranskinean jaso dira.

4.- Langileak, Itsasmendikoi SAn emandako denboraren arabera, bi multzotan sailkatuko dira: langile finkoak eta denbora jakin baterako kontratatuak.

5.- Arau orokorra kontratu mugagabeak egitea izango da, eta aldi baterako kontratuak arrazoi objektiboei eta kausalitate-printzipioari erantzuteko baino ez dira egingo.

6.- Erabilitako kontratu-ereduen kopia bidaliko die Enpresako Zuzendaritzak langileen ordezkariei, bai eta, ordezkariek eskatuta, egindako kontratazioei buruzko informazioa ere.

7.- Lanaldi partziala duten langileek eta lanaldi osoa duten langileek eskubide berak izango dituzte, eta lanaldiari zuzenean eta estuki loturik ez dauden eskubideak ezingo dira proportzionaltasun-irizpideen arabera aplikatu.

8.- Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko langileen ordezkariek proposaturiko ordezkaria Administrazio Kontseiluko kide izendatuko du Itsasmendikoi SAren Akziodunen Batzar Nagusiak.

11. artikulua.- Lanpostuen Zerrenda.

Lanpostuen Zerrenda tresna tekniko bat da, eta haren bidez, Itsasmendikoi SAk barne egitura arrazionalizatu eta antolatzeaz gain, langile-premiak zehaztu, lanpostu bakoitza betetzeko betekizunak finkatu eta lanpostuak sailkatzen ditu.

Aurrekontu-dotazioa duten lanpostu guztiak bilduko ditu Lanpostuen Zerrendak, eta gainera, honako hauek zehaztuko ditu:

a) Lanpostuaren izena.

B) Zein lantoki edo ataletan dagoen inskribatuta.

c) Lanaldi-araubidea.

d) Lanpostuan jarduteko betekizunak, eta horien artean, nahitaez honako hauek jasoko dira: beharrezko titulazioa edo prestakuntza-maila, eta hizkuntza-eskakizuna.

b) Kasuan kasuko lanpostuaren kategoria.

f) Lanpostuan jarduteari edo lanpostuaren edukiei dagokienez, garrantzizkotzat jotzen diren baldintza zehatzen identifikazioa.

g) Ordainketa-maila eta antzinatasun-taldea.

Langileen ordezkariek ere zeresana izango dute Lanpostuen Zerrendaren inguruan, eta horretarako, prozedura honi jarraituko zaio:

1.- Sindikatuetako ordezkariei LPZ Lanpostuen Zerrendako zirriborroen dokumentazioa helaraziko zaie, era honetan:

1.1.- Indarrean den LPZn aldaketa esanguratsuak proposatzen badira, honako agiri hauek helarazi beharko dira:

○ Itsasmendikoi SAko Zuzendaritzaren txosten arrazoitua.

○ Eragindako langileen zerrenda.

○ LPZa aldatzeko proposamenaren zirriborroa.

○ Lehengo organigrama eta monografiak, eta berriak, halakorik balego.

1.2.- Indarrean den LPZn aldaketa esanguratsurik proposatzen ez bada, LZPren zirriborroa, aldaketok dituela, baino ez da helaraziko.

2.- Sindikatuek alegaziorik egin nahi izanez gero, idatziz aurkeztu beharko dituzte 15 eguneko epean, salbu eta aldeek epe hori murrizteko akordioa lortzen badute.

3.- Langileen ordezkariek hala eskatuz gero, bilera bat deituko da, LPZa aldatzeko proposamenen edukiari eta aurkeztutako alegazioei buruz hitz egiteko. Bileran esandakoen berri jasoko duen txostena egingo du Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak, bai eta langileen ordezkariei helaraziko ere.

4.- Halaber, LPZren aldaketek eragindako langileei ere proposamenaren berri emango zaie, hain zuzen, 15 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten.

12. artikulua.- Lanpostuen balioespena.

1.- Balioespen Batzordeak balioetsiko ditu Itsasmendikoi SAko lanpostuak; batzorde hori arrazoi hauek tarteko direla eratuko da:

a) Lanpostu berriak sortzea.

b) Lehendik zeuden lanpostuetan funtsezko aldaketak egitea, lanpostuen edukia aldatzeagatik eta/edo egiteko edo betekizun berriak pilatzeagatik.

2.- Balioespen Batzordeak balioetsiko ditu, 1. paragrafoan aipatutako egoerek eragindako lanpostuak.

Halaber, unean-unean zenbait lanpostuak berrikusi beharko ditu, erakundeak atzeraezinezkotzat jotzen badu.

3.- Lanpostuak berrikusteko ekimena, berez, Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzarena nahiz lanpostua betetzen duen langilearena izan daiteke.

Ekimena Enpresako Zuzendaritzarena bada, proposamen bat helaraziko die langileen ordezkariei, eta hartan, txosten batean, balioetsi beharreko lanpostuen zerrenda eta balioespena justifikatzeko arrazoiak aipatuko ditu; hartara, egoki iritzitako ekarpenak egin ahal izango dituzte langileen ordezkariek. Ekimena langileren batena bada, berriz, interesdunak agiri bidez arrazoitutako eskabidea aurkeztu beharko die Giza Baliabideen arduradunari eta sindikatuen ordezkariei.

Hori ikusita, Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak ebazpena emango du, eta hartan, Balioespen Batzordeak aztertu beharreko lanpostuak adieraziko; erantzuna ezezkoa izanez gero, berriz, ebazpen arrazoitua helaraziko die interesatuei eta sindikatuei.

4.- Ebazpen horretan aipatzen diren lanpostuen balioespena egingo du Balioespen Batzordeak. Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzari emango zaio balioespenaren emaitzaren berri, onartu dezan.

Behin LPZn egin beharreko aldaketa onartuta, langilea kasuan kasuko lanpostuari eta/edo kategoriari atxikiko zaio, edo bestela, lanpostuaren soldata-taldea aldatuko da, hala behar izanez gero.

Lanpostuen balioespenaren ondorioz, lanpostu edo kategoria jakin bati egungoa baino balioespen apalagoa emanez gero, ordainketa-aldearengatik osagarri pertsonal eta iragankor bat onartuko da, baina berau ez da xurgagarria izango eta ez da eguneratuko.

13. artikulua.- Lanpostuen Balioespen Batzordea.

1.- Balioespen Batzordearen ardura da proposamen bat egitea, aztertutako lanpostuak hitzarmen honen I. eta II. eranskinetan zehaztutako soldata-taldeetan sailkatzeko. Hortaz, ordainsariak finkatuko ditu, Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak lanpostuei ezarritako egitekoen arabera, eta horietan jarduteko beharrezko baldintza eta betekizunak aintzat hartuta.

2.- Osaera eta izendapena.

Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak izendatuko ditu Balioespen Batzordeko kideak.

Balioespen Batzordeak lehendakari bat eta sei bokal izango ditu: hiru enpresaren ordezkariak izango dira, eta beste hirurak langileenak. Batzordeko idazkari-lana enpresako ordezkarietako batek beteko du. Horrez gain, beste horrenbeste ordezko kide izendatuko dira.

Hitzarmen honen eremuan ehuneko 10eko ordezkaritza edo hortik gorakoa duten sindikatuek izendatuko dituzte langileen ordezkariak, aho batez.

1.- Lehendakaria.

Itsasmendikoi SAren Giza Baliabideen arduraduna izango da lehendakaria.

Lehendakariaren egitekoak hauek dira:

a) Balioespen Batzordearen ordezkaritzan aritzea.

b) Batzordearen bilkuretako aztergai-zerrenda finkatzea.

c) Eztabaidak eta bozketak zuzendu eta bideratzea, Balioespen Eskuliburua behar bezala interpretatzen dela zainduz, Batzordearen arauak betearaziz, eta objektibotasuna, inpartzialtasuna eta Batzordean emandako argibideen eta iritzien konfidentzialtasuna gordez.

d) Batzordearen aktei eta erabakiei oniritzia ematea.

e) Azalpenak emateko hirugarrena txandaren ostean, erabakiak hartzerakoan sortzen diren berdinketak bere botoaren bidez ebaztea.

f) Lehendakariari berez dagozkion gainerako egiteko guztiak.

2.- Idazkaria.

Honako funtzio hauek beteko ditu idazkariak:

a) Bilkuretara bertaratzea, hitza eta botoa dituela.

b) Batzordearen bilkuretarako deialdia egitea.

c) Batzordearen bilkuretako aktak egitea, eta egiaztagiriak egitea, halakorik eskatzen bazaio.

d) Aktak eta balioespenari lotutako gainerako agiriak artxibatzea.

e) Batzordearen erabakiak jakinaraztea.

f) Idazkariari berez dagozkion gainerako funtzio guztiak.

3.- Bokalak.

Bokalen betekizunak hauek dira:

a) Gutxienez bilkurak egin baino 72 ordu lehenago deialdiak jasotzea.

b) Eztabaidetan parte hartzea.

c) Botoa ematea eta, gehiengoaren erabakiarekin ados egon ezean, boto partikularrak ematea.

d) Esleitu zaizkion egitekoak ongi betetzeko behar duen informazioa lortzea.

e) Balioespen Batzordearen kideei berez dagozkien gainerako funtzio guztiak.

Beharrezko iritziz gero, alderdi bakoitzak kanpoko aholkulari bat izendatu dezake, hitza duela baina botorik gabe.

3.- Bilkuren araubidea.

1) Bilkuretarako deialdiak gutxienez 72 ordu lehenago egingo beharko dira, aztergaien zerrenda dutela; horrez gain, zerrenda horri dagozkion agiriak ere bidaliko dira.

2) Bilkurak eta erabakiak baliozkoak izateko, Balioespen Batzordeko kide guztiak edo haien ordezkoak bertaratuko beharko dira.

4.- Bilkuren aktak.

1) Bilkurei buruzko aktetan honako hauek jasoko dira: noiz eta non egin diren, bertaratutakoak, aztergaiak, eztabaidak, hartutako erabakiak eta, hala behar izanez gero, emandako boto partikularrak.

2) Kideek hala erabakiz gero, aktan jasoko dira balioespen-araudia integratu, osatu eta egokitzeko asmoz egindako ekarpen eta irizpide interpretatiboak, betiere balioespen-teknikaren gabeziak edo hutsuneak konpontzeko balio badute.

3) Batzordeko kideren bat balioespenarekin ados ez badago, boto partikularra eman dezake, eta hala jasoko da aktan.

4) Batzordean izandako eztabaidak eta adierazitako iritziak isilpekoak izango dira, eta kideek ezingo dute inoiz ere haien berri eman handik kanpo.

5.- Balioesteko prozedura teknikoa.

Batzordean aurkezten diren lanpostuen balioespenari ekiteko, haien monografia aztertuko da. Batzordeko kideren batek uste badu emandako informazioa ez dela nahikoa, kontsultarako informazio osagarria eskatu ahal izango du; ondorioz, balioespena eten egingo da, informazioa jaso eta kide guztiek aztertu arte.

Lanpostu berdintsuak eta/edo antzekoak hartuko dira aintzat, halakorik balego, balioespenaren emaitza eta erakundearen gainerako lanpostuena homogeneoak izan daitezen.

Lanpostu berezituen balioespena egiteko, hauxe izango da prozedura:

a) Faktore guztiak banan-banan esleituko dira, lehenengotik hasita azkenekora arte.

b) Batzordeko kide bakoitzak banaka eta isilpean ezarriko ditu gradua eta puntuazioa.

c) Batzordeko kide guztiek kasuan kasuko faktoreari dagokion gradua eta puntuazioa zehaztu ondoren, Batzordeko bokalek euren emaitzen berri emango dute; horretarako, hurrenkera berari jarraituko diote, baina azalpena ematen duen lehen bokalaren hurrenkera korrelatiboki aldatuko da, eta hartara, txanda batean emaitza ematen lehena dena, hurrengo txandan azkena izango da.

d) Batzordeko kideek gradu eta puntuazioen berri eman ondoren ikusten bada ez dagoela gradu edo puntuaziorik bertaratutakoen erdien baino gehiagoren adostasuna bildu duenik, Batzordeko kideek euren esleipenak justifikatu eta bigarren azalpen-txanda bat zabalduko da; prozedura hori hirugarren txanda batean ere errepikatuko da, hala behar izanez gero. Egoerak bere horretan jarraituz gero, lehendakariak faktoreari eman dion esleipena jakinaraziko du edo esleipena atzeratzea erabakiko du.

e) Lanpostu-multzo bakoitzaren hasierako balioespena egin ondoren, bigarren itzuli edo berrikuspen bati ekingo zaio, eta horretan, Batzordeko kideek eskatutako faktoreak baino ez dira balioetsiko.

f) Faktoreak balioesterakoan, Batzordeko bokalak ezingo dira txanda bakar batean ere abstenitu. Balioetsi beharreko lanpostua betetzen duena edo titularra Batzordeko kidea bada, bilkuratik irten beharko da, eta ordezkoak beteko du haren tokia.

IV. KAPITULUA

ORDAINSARIEN ARAUBIDEA

14. artikulua.- Ordainsariak.

Hitzarmen honen indarraldiko ordainsarien araubidea II. eranskinean zehazten da, eta langile bakoitzaren lanpostuaren eta/edo lanbide-kategoriaren araberakoa izango da, bai eta lanpostu eta/edo kategoria bakoitzaren soldata-taldearen araberakoa ere.

1.- Soldata-igoerak ordainsari osoen gainean aplikatuko dira.

2.- Soldata-igoerak Eusko Jaurlaritzako langileei aplikatutako berak izango dira, ituntzen diren fondo gehigarriak barne.

15. artikulua.- Aparteko eskersariak.

1.- Langileak urtean aparteko bi eskersari jasotzeko eskubidea baino ez du izango, oinarrizko soldata eta antzinatasuna oinarri izango dutenak. Uztailean eta abenduan ordainduko dira, hilaren 20a baino lehen bi kasuetan.

Aparteko ordainsariak egun naturalen arabera sortuko dira, gisa honetan:

a) Uztaileko ordainsaria: urtarrilaren 1etik ekainaren 30era.

b) Abenduko ordainsaria: uztailaren 1etik abenduaren 31ra.

Gaixotasun edo istripuagatiko aldi baterako ezintasun-egoera aldiak, amatasuneko atseden-aldiak eta haurdunaldi arriskutsua izateagatik kontratua etendako aldiak lanalditzat hartuko dira aparteko eskersariak jasotzeko orduan.

16. artikulua.- Bidaia eta otorduengatiko kalte-ordainak.

Zerbitzuaren beharrak direla-eta bidaiak egin behar izaten dituzten langileek diru-konpentsazio hauek jasotzeko eskubidea izango dute:

a) Oro har, enpresaren ibilgailuak edo garraiobide kolektiboak erabiliko dira. Horretarako, lana egiteko beharrezko diren ibilgailuak jarriko ditu lantokien eskura enpresak. Hori ezinezkoa gertatzen denean, berriz, eta kasuan kasuko lantokiko/ataleko zuzendaritzaren baimena jaso ondoren, norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko da.

Norberaren ibilgailua laneko zereginetarako erabili bitartean istripurik izanez gero, eta betiere lantokiko/ataleko zuzendaritzaren baimena jaso bada, enpresak bere gain hartuko ditu konponketa-gastuak eta ibilgailuaren aseguruak estaltzen ez dituen erantzukizunak, frankiziak barne. Erabateko ezbeharren kasuan, ibilgailuaren aseguruak halakorik estaltzen ez badu, enpresak kalte-ordaina emango dio langileari, ibilgailuak merkatuan duen balioaren baliokidea izango dena. Enpresak ez du bere gain gasturik hartuko ezta kalte-ordainik emango, ezbeharraren atestatuan jasotzen bada gidaria alkoholaren, edo beste droga edo gai sorgorgarriren baten eraginpean gidatzen ari zela.

b) Mantenu-gastuetarako eta hoteletako egonaldietarako, jatetxe eta gainerako ostalaritzako establezimenduetarako diru-kopuruak honako hauetarako bakarrik izango dira:

● Ohiko lantokia dagoen herritik kanpo eta hartzailearen bizilekua ez den herri batean gaua igarotzen denean, honako hauek:

● Egonaldi-gastuetarako, agiri bidez egiaztatzen diren zenbatekoak.

● Mantenu-gastuetarako, eguneko 42 euro joan-etorriak Espainiako lurraldean egiten badira, edo eguneko 72,12 euro joan-etorriak atzerrian egiten badira, betiere agiri bidez egiaztatuta badaude.

● Ohiko lantokia dagoen herritik kanpo eta hartzailearen bizilekua ez den herri batean gaua igarotzen ez denean, mantenu-gastuetarako diru-kopuruak ez dira eguneko 36 edo 48,08 eurotik gorakoak izango, joan-etorriak Espainiako lurraldean edo atzerrian egin hurrenez hurren, eta betiere agirien bidez egiaztatzen badira.

● Oro har, 18 euroko muga ezartzen da bazkari eta/edo afari bakoitzeko.

c) Estatura edo atzerrira egiten diren bidaietan, Itsasmendikoi SAko Zerbitzu Nagusiek agentzia espezializatuekin itunduko dituzte ostatua eta bidaiak.

d) Nolanahi ere, artikulu honetako aurreko idatzi-zatietan ezarritako zenbatekoak eguneratu egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aplikatzen diren irizpide eta epe berberen arabera.

V. KAPITULUA

LANALDIA ETA OPORRAK

17. artikulua.- Lanaldia.

Hitzarmen honen aplikazio-eremuaren barruko langileentzako urteko gehienezko lanaldia 1.592 ordukoa izango da. Lanaldi hori hitzarmen honetan zehazten den edozein ordutegi-modalitateri jarraituz bete ahal izango da, bai eta ordutegi berezietarako ezartzen den araudiari jarraituz ere.

Nolanahi ere, hurrengo urteetarako lanaldi aplikagarria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileentzat ezartzen den lanaldi bera izango da.

18. artikulua.- Benetako lanaldia.

Benetako lanaldia diogunean, jarduerako zerbitzuak ematen propio pasatako denboraz gain, arropak, materialak eta lanerako gainerako tresnak bildu, ordenatu edo gordetzeko denbora ere esan nahi dugu.

19. artikulua.- Eguneko benetako lanaldia eta ordutegiak.

Itsasmendikoi SAren zerbitzu-enpresa izanik, eta zerbitzuak eskaintzen dizkiegun gure bezeroen ezaugarri bereizleak kontuan hartuz, eguneko lanaldia zehaztu baino lehen, hitzarmen hau sinatu dugun alderdiok gure erakundeak bideratu beharreko zerbitzuaren beharren estaldura zuzen eta nahikoa emateko irizpidea zein den adostu dugu.

1.- Lana bi lanaldi-araubide desberdinetan beteko da, eta, oro har, langileek bien artean hautatu ahal izango dute, betiere zerbitzuaren beharrak beteta geratzen direla bermatuz gero: lanaldi zatitua eta lanaldi mistoa.

Lanaldi zatitua:

1) Astelehenetik ostegunera, goiz eta arratsaldez lan eginda garatuko da, eta ahal dela, 8 orduko lanaldira mugatuko da.

Ordaindu gabeko etenaldi bat egingo da bazkaltzeko, hogeita hamar minutukoa gutxienez, eta ordubete eta erdikoa gehienez.

Oro har, arratsaldeko benetako lanaldia 2 ordukoa izango da, baina zerbitzuko beharrak direla-eta murriztu ahal izango da, betiere lantokiko edo ataleko zuzendaritzak horretarako baimena emanez gero.

2) Ostiraletan, lanaldia jarraitua izango da eta 7 ordukoa, gehienez.

3) Udan, berriz, 6 ordu eta erdiko lanaldi jarraitua bete beharko da. Udako lanaldi etengabearen urteko aste kopurua, urteko lan-egutegian itundutakoaren arabera zehaztuko da; 17 astekoa izango da gutxienez eta, betiere, zerbitzuaren beharrak eta lantokietako eta ataletako berariazko jarduerak errespetatuko dira.

Lanaldi mistoa:

1) Astelehen, asteazken eta ostiraletan lanaldi etengabean beteko da eta, astearte eta ostegunetan, berriz, lanaldi zatituan. Udan, lanaldi zatituko araubidean ezarritako lanaldia beteko da.

2) Oro har, lanaldi zatitua astearte eta ostegunetan beteko da, eta lanaldi etengabea, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Behar bezala arrazoituta baldin badago, egunak beste era batera antolatu ditzakete langileek, betiere lantokiko edo arloko zuzendaritzak eta Giza Baliabideen arduradunak horretarako baimena emanez gero eta zerbitzuaren beharrak beteta geratuz gero.

3) Hautaketa urtean behin aldatu daiteke, eta urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Abenduaren 1a baino lehen jakinarazi beharko da.

2.- Lanaldi mota bakoitza urteko lan-egutegian ezarritako ordutegien eta iraunaldiaren arabera garatuko da.

Eguneroko lanaldiaren ordutegiari dagokionez, honako jarraibide hauek bete beharko dira:

Egunero lanera sartzeko ordua malgutasunez ezarriko da era honetan: lanaldi zatituan, goizeko 07:45etik 09:00etara bitartean sartu beharko da lanera, eta lanaldian etengabean -ostiraletan, lanaldi mistoko astelehen eta asteazkenetan eta udan-, lanera sartzeko malgutasun-tartea 07:45etik 08:30era bitartekoa izango da.

Lanaldi batean zein bestean, urteko egutegian ezartzen den lanaldiko ordu kopurua egin beharko dute langileek, eta ordu horiek langile bakoitza sartzen den unetik zenbatuko dira.

3.- Prestakuntza Integraleko Zentroa izanik, eta Itsasmendikoi SAko berezko irakasleek etengabeko irakaskuntza trinkoko jarduerak emanez gero, ohiko eguneko lanaldiaz gain, urtean gehienez 60 ordu ezartzen dira horretarako; ordu horiek eskainitako ordu bakoitzeko ordubeterekin konpentsatuak izango dira, FICeko parte-hartzaileen eta lantoki bakoitzaren zuzendaritzaren artean ituntzen diren datetan eta ordutegi malguan.

4.- Irakasleen ordutegiak eskola-orduak eta ordu osagarriak bereziko ditu. Eskola-jarduera diogunean, ikasleak bertan direla irakasleak azalpenak eta esplikazioak emanez irakasle funtzioa betetzen duen saioa edo aldia esan nahi du, baita ahozko eta idatzizko azterketak egitea ere. Itsasmendikoi SAko irakasleak gehienez 20 klase-ordu emango ditu astean, izan hasierako prestakuntzan zein prestakuntza trinko eta jarraituan, eta lana kontrolatu eta jarraitzeko beharrezko mekanismoetan ezarritako aurreikuspenarekin bat. Asteko lanaldiko gainontzeko denbora jarduera osagarriak burutzera bideratuko du.

5.- Norberaren eginkizunetarako baimena onartzen da.

Baimen hori urteko lanalditik kenduko da, urteko lanaldi hori murriztuz bi fasetan. 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, urteko lanaldia 22 ordu eta 30 minutuan murriztuko da. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, urteko lanaldiaren murrizketa 45 ordukoa izango da.

2010. urtean, norberaren eginkizunetarako egunak 8 orduko bi egun osotan eta lanaldi etengabeko 6 ordu eta erdiko beste egun batean hartu ahal izango dira. Bestela, langile bakoitzarentzako 22 ordu eta 30 minutuko poltsa bat sortuko da, gutxienez bi orduko aldietan baliatu beharrekoa, lantokiko zuzendaritzaren edo Giza Baliabideen arduradunaren baimena lortu ondoren, betiere.

2011. urtean eta hurrengoetan, 45 orduak lau egun oso hartuta baliatuko dira. Egun horietako orduak kenduta, 45 ordu bete arte geratzen direnak lanaldi zatituko ostiraletan -ordu erdiko aldietan- hartuko dira, eta/edo arratsaldeko ordutegian -ordu eta erdi eta bi ordu arteko aldietan-, gehienez 12 arratsalde libre hartuta, eta lantokiko edo arloko zuzendaritzaren edo Giza Baliabideen arduradunaren baimena lortu ondoren, betiere.. Ordutegi berezia duten langileek beste era batera hartu ditzakete ordu horiek, lantokiko zuzendaritzarekin adostuta, eta Giza Baliabideen arduraduna jakitun dela.

6.- Antzinatasunari dagozkion norberaren eginkizunetarako egunak.

Aurreko paragrafoetan ezarritako baimenez gain, seigarren hirurtekoa bete dutenek beste 2 egun libre edukitzeko eskubidea izango dute, eta zortzigarren hirurtekotik aurrera beste egun bat hirurteko bakoitzeko.

7.- Bestelako murrizketak ere ezartzen dira honako egoera hauetarako: legez ezarritako zaintza, hautetsi izatetik sortutako eginkizunak, ikasketak eta borondatezkoak, eta izatezko egoerak, betiere, hurrenez hurren, 47., 50., 53. eta 55. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badira. Lanaldia, gutxienez, zortziren batean eta, gehienez, erdira murriztu daiteke.

8.- 2011ko abenduan, lanaldi-ereduen erabileraren inguruko datuak ikusita, eredu berriak ezartzeko eta egungoak berrikusteko aukera eztabaidatuko da Negoziazio Mahaian.

Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak lanaldia eta lan-ordutegia betetzen dela aztertuko du, eta ez-betetze eta arau-hausterik izanez gero, beharrezko neurriak hartzea proposatuko du.

20. artikulua.- Familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteko ordutegi malgutasuna.

1.- Gaixotasun larri iraunkorra edo mugikortasun arazoak direla-eta, odol-edo ezkontza-ahaidetasunez bigarren mailara arteko ahaide bat, edo urrunagoko mailara artekoa elkarrekin bizi badira, zaindu behar duen langileak sartzeko eta irteteko ordutegian bi ordu gehiagoko malgutasuna izango du, bazkalorduak barne. Aipatu egoerak mediku-agiriaz egiaztatu beharko dira. Hartutako denbora hileko zenbaketaren barruan errekuperatuko da, eguneko ordu eta laurden gehienez, salbu eta zerbitzuaren komenientziekin bat tarte handiagoa baimentzen bada.

2.- Eskola-aldian zehar, 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten langileek ordu erdi gehiagoko ordutegi-malgutasuna izango dute sarreran eta irteeran -edo ordubetekoa, lanaldi etengabean- eta beste ordu erdi bazkaltzeko geldialdian; hartarako, eguneko lanaldia osatu arte atzeratu beharko dute irteera-ordua.

Nolanahi ere, eguneko lanaldiari dagokion ordutegia osorik bete beharko dute langileek.

21. artikulua.- Ordutegi bereziak.

Zenbaitetan, Itsasmendikoi SAk zerbitzuak eskaini beharrak berekin dakar halako zerbitzuetan jarduten duten langileek lantokira bertaratzea edo bertaratzeko gertutasuna izatea beste baldintza batzuetan, oro har araututa dauden baldintzez bestera.

Ordutegi bereziak izango dira honako faktore hauetako bat dutenak: oro har ezarritako ordutegi-malgutasuna kentzea; lanera sartzeko edo irteteko oro har ezarritako ordutegia hiru ordu laurdenetik gora zabaltzea; larunbat eta jaiegunetan modu iraunkorrean laneratzea; lanaldiaren zati bat gauez egitea; lanpostuan eman beharreko lanalditik kanpoko prestasuna; eta normalizatutako ordutegiarekin bat ez datorren beste edozein gorabehera.

Ez dira ordutegi berezitzat hartuko, aldi baterako bakarrik eta bete beharreko eginkizunak betetzeko ezinbestekoak ez direnak.

Oro har, lanaldian halako gorabeheraren bat duten langileei ordutegia konpentsatzeko printzipio bat ezarriko zaie. Nolanahi ere, salbuespenez, izaera mistoko konpentsazioak ezarriko dira: ordutegikoak eta ekonomikoak.

Eragindako langileen artean ordutegi bereziak banatzeko, lehentasunezkoa izango da boluntario izatea, eta akordiorik lortu ezean, txandaka egingo da.

Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzaren iritziz, zerbitzuak eskaini beharrak talde jakin baten lan-ordutegia aldatzea badakar, ordutegi berriaren proposamena talde horri jakinaraziko zaio, berau ezartzeko akordio bat lortze aldera. Akordioa lortuz gero, gaia Batzorde Paritarioari helaraziko zaio, antzeko egoeretan erabilitako irizpideen arabera ebatzi dezan. Akordiorik lortu ezean, gatazkak konpontzeko PRECOren prozedurei jarraituko zaie.

Ordutegi berriaren berri eraginpeko langileei jakinarazi eta bi hilabeteko epean akordiorik lortu ez bada, Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak ezarri ahal izango du ordutegi berria, eta handik sei hilabetera Batzorde Paritarioak berrikusiko du.

22. artikulua.- Lan-egutegia.

Urteko ohiko lanaldia lantoki bakoitzaren beharren arabera banatuko da, zerbitzua era egokian emateko, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ezarritako lan-egutegiarekin bat eta, zentro bakoitzaren proposamenez, LOGSE-LOEn aurreikusitako lanbide heziketa arauturako Hezkuntza Sailak onartutako eskola-egutegia kontuan hartuz.

Aurreko paragrafoan azaldutakoa kontuan hartuz, lan-egutegia prozedura honen arabera landuko da:

Giza Baliabideen ataletik, eta Kudeatzailetzarekin bat etorriz, lan-egutegiko proposamena egingo da, eta hartan, hurrengo ekitaldian lantoki guztiek jarraitu beharreko irizpideak bilduko dira.

Zuzendariek euren lantokietako egoerara egokitu beharko dute proposamen hori.

Behin egokituta, lantoki bakoitzaren egutegia sindikatuen ordezkariekin negoziatuko da, eta akordioa lortu ondoren, jendaurrean jarriko da, langileek horren berri izan dezaten.

Oro har, eta lan-egutegia egiteko, egun hauek ez dira lanegun izango:

a) Urte guztiko igandeak.

b) Urte guztiko larunbatak, errekuperatutzat joko baitira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko jaiegunak.

d) Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ezarritako herriko jaiak.

e) Abenduaren 24a eta 31.

f) Norberaren aukerako bi egun, benetako lan gisa hartuko direnak.

Hala berean, Aste Santuan eta Gabonetan ere ordaindutako baimenak izango dira. Itsasmendikoi SAren Giza Baliabideen arduradunaren baimena lortu ondoren, eta langileak atxikita dituen lantokiko edo arloko zuzendariari iritzi eskatuta, Aste Santuko eta Gabonetako egunak beste garai batean ere hartu ahal izango dira, elkarren segidan, eta bi alditan, gehienez.

Aste Santuko eta Gabonetako baimen-aldietan lanerako aldi baterako ezintasun egoera edo amatasun/aitatasun egoera gertatzen bada, baimen egunak hartzeko eskubidea izango da, betiere lantokiko edo arloko zuzendaritzarekin bat etorriz.

Urtebetetik beherako kontratua egin zaien langileek, bai eta urte guztia lan egin ez dutenek, dagokien ehunekoaren arabera hartuko dituzte errekuperatutako baimenak, urte guztian zehar.

23. artikulua.- Aparteko ordutegiak.

Aurreko artikuluetan ezarritako ordutegi orokorrez gain, eta benetako urteko lanaldiaren barruan, betiere ohiz kanpo eta ez betirako, zerbitzuaren beharrei erantzuteko ordutegi bereziak mantentzeko aukera ezarri ahal izango da, zerbitzuaren berezitasunek hala eskatzen duten langileentzat eta lantokietarako. Halaber, egoerak eskatzen duenean eta ordezkaritza sindikalarekin adostu eta gero, ordutegi berri bereziak ezarri ahal izango dira, betiere itundutako urteko lanaldia eta zerbitzuaren beharrak errespetatuz.

Itundutako urteko lanaldia errespetatuko da aipatu ordutegietan; ezarritako ordutegi orokorrak bakarrik aldatuko dira eta eragiten dieten langileei emandako zeregin bakoitza puntualki berrantolatuko da.

24. artikulua.- Aparteko orduak.

Lanpostuak sortzea errazteko, aparteko orduak, hots, gehieneko lanaldia gaindituz egindakoak, ahalik eta gehien murriztea ebatzi dute bi alderdiek, irizpide hauei jarraituz:

1.- Ohiko aparteko orduak: guztiz eta oso-osoan desagerrarazi.

2.- Ezusteek, absentziek eta zerbitzuaren etenek eragindako beharrezko aparteko orduak edo kasuan kasuko jarduerak edo zerbitzuak eragindako egiturazko bestelakoak. Halakoetan, aparteko orduei eutsi egingo zaie, betiere, legez aurreikusitako aldi baterako edo zati baterako kontratazio-modalitateen erabilerarik egin ezin bada, presazko arrazoiengatik, lanbide-profil egokiengatik edo justifikatutako bestelako arrazoiengatik.

Nolanahi ere, langile bakoitzak ezin izango du aparteko hamar ordu baino gehiago eman hilean, ezta laurogei ordu baino gehiago urtean ere.

Egindako aparteko orduak atsedenaldiarekin ordainduko dira orokorki. Egindako aparteko ordu bakoitzak ordubete eta 45 minutuko atsedenaldia hartzeko eskubidea emango du laneguna bada, eta 2 ordukoa, salbuespenez eta atzeraezinez larunbata, jaieguna edo gaua bada.

Konpentsazio hori hilabeteka egingo da. Atsedenaldia ondoko hilabetean hartu ahal izango da, horretarako eskumena duen kudeatzailetza edo zuzendaritzarekin bat etorriz.

25. artikulua.- Ohiko lanaldiz kanpoko jarduerak.

Itsasmendikoi SAko langileek enpresarentzako interesa duten jarduera eta proiektuetan parte hartzen dutenean, honako hau hartuko da aintzat:

1.- Jarduera ohiko lanalditik kanpo egiten bada (jaieguna, zubiak edo asteburuak), langileek bi atseden eguneko ordaina izango dute jarduerak irauten duen egun bakoitzeko, eta aipatu jarduerak lanegun osoa baino gutxiago irauten badu, zati proportzionala aplikatuko da.

2.- Ohiko lanaldian burututako jarduera dela-eta gaua bere ohiko etxebizitzatik kanpo igaro behar badu langileak, kanpoan igarotako gau bakoitzeko egun bateko atsedenarekin ordainduko zaio.

Aukera horiek ez dira elkarren artean bateragarriak.

26. artikulua.- Lanaldien arteko tartea.

Lanaren antolakuntza-erregimena edonolakoa izanik ere, ohiko lanaldi baten bukaeraren eta hurrengoaren hasieraren artean gutxienez 12 orduko tartea egon beharko da, salbu eta aldeen artean bestela adosten bada.

27. artikulua.- Oporrak.

1.- Zerbitzuan egindako urte oso bakoitzeko, ordaindutako hogeita bi eguneko oporrak edo proportzioz dagozkien egunak hartzeko eskubidea izango dute Itsasmendikoi SAko langileek.

2.- Zerbitzu-urtea osatu ez dutenentzat, lanean hasi zirenetik edo lanera itzuli zirenetik urte bereko abenduaren 31ra arteko aldiaren araberakoa izango da oporraldiaren iraupena eta, zatikia 0,5ekoa edo handiagoa bada, emaitza handiagora borobilduko da egunetan.

3.- Oporraldia ezin da, ez osorik ez zati batean, diruz ordezkatu, ez bada honako kasu hauetakoren batean: urtearen barruan langileak lan egiteari uzten badio eta oporraldia artean hartu gabe edo osorik hartu gabe badu, edo eszedentzia-egoeran deklaratuta badago Erretiro-egoerak ez dira aintzat hartuko, eta horietan ez da diruz konpentsatzerik izango.

4.- Artikulu honetako aurreko paragrafoan adierazitako ezohikoren bat gertatzen baldin bada, langileak artean hartzeko duen oporraldiari dagokion ordaina jasotzeko eskubidea izango du, hain zuzen ere, urte horretan lanean egindako hilen arabera; 2,5 egun natural dagozkio hilabeteko, hilabete-zatiei dagokiena ere proportzioan jasoko duelarik. Lan-harremana etenda geratzearen arrazoia langilearen heriotza bada, hildakoarekiko eskubidedunei ordainduko zaie aipatutako ordaina.

5.- a) Oporrak hartzeko aldia uztailaren 1etik irailaren 15era artekoa izango da, oro har, eta zerbitzuko beharrak beteta egonez gero, hilabete horietako edozeinetan hartu ahal izango dira. Hala ere, abuztua hartuko da kontuan egutegia prestatzeko.

b) Aldi horren barruan, oporraldia bitan zatituta hartu ahal izango da, eta zati bakoitzak gutxienez astebete izan beharko du.

c) Aurreko idatzi-zatietan adierazitakoa arau orokorra bada ere, lantokietako zuzendaritzek edo Giza Baliabideen arduradunak baimena eman dezake astebetetik hilabete batera arteko oporraldia uztailaren 1etik irailaren 15era arteko alditik kanpo hartzeko.

Hori egin nahi dutenek oporraldia hasi nahi duten eguna baino gutxienez hilabete lehenago egin beharko dituzte beren eskabideak, eta lantokietako zuzendaritzek edo Giza Baliabideen arduradunak egun hori baino gutxienez 15 egun lehenago eman beharko diete erantzuna. Kontrako ebazpena jasotzen duten eskabideak eta oporren laukia egiterakoan sor litezkeen gorabeherak Batzorde Parekideak aztertuko ditu.

d) Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak zerbitzuaren beharrengatik oporretarako adierazitako alditik kanpoko egunak izendatzen baldin badizkie langileei, konpentsazio gisa 5 lanegun gehiago emango dizkie, edo aipatutako alditik kanpo hartutako egunen parte alikuota. Nolanahi ere, langileek eskubidea izango dute opor-asteetatik bat nahi dutenean hartzeko.

e) Itsasmendikoiren Zuzendaritzak zerbitzuaren beharrengatik oporraldia uztailaren 1etik irailaren 15era bitartean ezartzen badu, langileek astebete nahi dutenean hartzeko eskubidea izaten jarraituko dute, betiere aldi horren barruan.

f) a), b) eta c) idatzi-zatietan adierazitakoa gorabehera, orduak errekuperatu egin beharko dira, urteko benetako lanaldiari zuzen egokitzeko.

Eskatutako aldian, astebetekoan, jaiegun bat edo batzuk baldin badaude, ez da lau lanegunetik beherako aldietarako baimenik emango.

g) Oporretako taula urtero maiatzaren 1a baino lehen zehaztuko da lantoki eta lan-arlo guztietan.

6.- Gaixotzea edo ezbeharren bat izatea gertatuz gero, oporraldia etenda geratu ahalko da. Halakoetan, interesatuak, dena delako egoera hori igaro ondoren eta medikuaren senda-agiria Giza Baliabideetan aurkeztu ondoren, oporraldia osatzeko eskubidea izango du, nahiz eta oporraldi horren urte naturala bukatuta egon.

7.- Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzak, zerbitzu-beharrak direla-eta, oporraldia aldatu egiten badu, hogei egun baino gutxiago falta direla jakinaraziko du, eta langileak, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu ondoren, aldaketa horrek ekarri dizkion gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango du, baldin eta gastu horiek langilearen axolagabekeriaren ondorioz gertatu ez badira.

8.- Oporrak hasi ostean, zerbitzu-beharrak direla-eta etenda geratzen badira, lan egindako ordu bakoitzeko bi ordu jai hartzeko eskubidea egongo da, aurreko paragrafoaren arabera gastuak ordaintzeaz gainera.

9.- Oporraldiak haurdunaldi, erditze edo edoskitze naturalaren ondorioz sortutako aldi baterako ezintasunarekin bat egiten badu, edo amatasun- edo aitatasun-baimenarekin edo edoskitze-aldia dela-eta baimen hori zabaltzearekin, langileak oporrak beste aldi batean baliatzeko eskubidea izango du, nahiz eta dagokion urte naturala amaitua izan.

10.- Langile bat aldi baterako ezintasun-egoeran egon bada eta bajan egon den bitartean urte naturala bukatu bada, hartu gabeko opor-egunak hurrengo urtean har ditzake, lanean hasi aurretik.

11.- Langile bat aldi baterako ezintasun-egoeran egon bada eta urte bukaeran itzuli bada lanera, eskubidez dagozkion opor-egunak, hartu ez dituenak, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan har ditzake salbuespen gisa, zerbitzu arrazoiak tarteko eta eraginpeko langilearekin adostuta.

12.- Era berean, 9. eta 10. puntuetan ezarritakoa aplikagarria izango da erditze-, edoskitze-, amatasun-, aitatasun-, adopzio- edo harrera-egoeretan.

13.- Urteko oporraldia hurrengo urteko urtarrilaren 15a baino lehen baliatu beharko da.

VI. KAPITULUA

LANPOSTU HUTSAK ETA BERRIAK BETETZEA, ETA ENPLEGUA

28. artikulua.- Lanpostu hutsak edo sortu berriak betetzea.

1.- Lanpostu hutsak eta berriak hautaketa-prozesu bidez beteko dira, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun- printzipioak nahiz publizitatea, gardentasuna eta inpartzialtasuna zorrotz betetzen direla bermatuta; deialdiak langileen ordezkariei aurrez jakinaraziko zaizkie, hargatik eragotzi gabe Itsasmendikoi SAko lantoki guztietan argitaratzea, zabalkunde handiagoa izateko.

Aldi baterako lanpostu hutsetan ordezkapenak egiteko, objektibitate-irizpideak erabiliko dira, eta irizpide orokorrari jarraikiz, lan-poltsak ezarriko dira; enpresa eta langileen ordezkarien arteko kudeaketa-akordioaren arabera kudeatuko dira poltsa horiek.

2.- Aipatu plazak betetzeko deialdietan, funtsezko datu hauek jasoko dira edozein kasutan:

a) Plaza-kopurua eta ezaugarriak.

b) Lanpostuaren soldata eta lanbide-kategoria.

c) Lantokia.

d) Hautagaiei eskatzen zaizkien betekizunak.

e) Hautaketa-prozesua, -sistema eta -baremoak.

f) Epaimahaiaren osaera.

3.- Lehen idatzi-zatian aipatzen diren plazak gutxienez 2 urteko antzinatasuna duten eta eskatutako betekizunak konplitzen dituztela egiaztatzen duten langile finkoei eskainiko zaizkie. Plazak ez badira era honetan betetzen, deialdi publikoa egingo da.

4.- Goragoko kategoriako zereginak egiteak -Langileen Estatutuko 39.4 artikuluan arautuak- ez du inolaz ere aldi baterako betetzen den lanpostuaren kategoria finkatuko. Horretarako, aurreko paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera jokatu beharko da.

5.- Hautaprobetako epaimahai guztietan langileen ordezkari batek egon beharko du.

29. artikulua.- Erretiro partziala eta txanda-kontratua.

Lan-kontratudun langile finkoek erretiro partziala eskatu ahal izango dute, lanaldi partzialeko lan-kontratu batekin batera eta txanda-kontratu bati lotuta, betiere erretiroko kotizaziopeko pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duen Gizarte Segurantzaren unean-uneko indarreko araudiarekin bat.

Arlo horretako araudian funtsezko aldaketarik gertatzen bada, dagokion aldaketa egingo da hitzarmenean, sindikatuekin negoziatu ondoren.

65 urte bete aurretik borondatezko erretiroa hartzeagatik hitzarmenean ezarritako kalte-ordainak ez zaizkie aplikatuko erretiro partziala eskatzen duten langileei. Edozein modutan, txanda-kontratuan ari den langileak 65 urte betetzean erabateko erretiroa hartuko du.

Erretiro partziala eskatzen duen langileari, oro har, lanaldia murriztu egingo zaio, unean uneko indarreko legediak baimentzen duen gehienezko aldian, eta lanaldi partzialeko kontratu bat izenpetuko du, murriztu ez zaion lanaldiaren gainerako zatirako.

Eskatzaileak erretiro partziala eskuratzeko baldintzak betetzen dituen eguna baino 3 hilabete lehenago aurkeztu beharko du eskabidea, gutxienez, eta hala egiten badu, enpresak nahitaez onartu beharko du.

Enpresak eta erretiro partzialaren eskatzaileak lanaldia banatzeko adostutako era jaso beharko da aldi baterako kontratuan. Banaketa hori gerora aldatu ahal izango da, alde bien adostasunez. Kasuan bakoitzean lanaldia banatzeko adostutako baldintzak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie, 5 eguneko epean.

Ordezko langile baten kontratazioari lotuta egongo da erretiro partziala. Ordezko langile horri kontratu mugagabea egingo zaio edo, gutxienez, ordezkatutako langileari 65 urte izatera heltzeko falta zaion denbora bera iraungo duena; kasu horretan, eta ordezkatua adin horretara heltzean, kontratu finko bilakatuko da. Dena dela, txanda-kontratua lanaldi osokoa izango da.

Nolanahi ere, kontratatutako ordezko langileak ordezkatuaren lanpostua nahiz horren antzeko beste edozein bete dezake, betiere lanpostuaren betekizunak konplitzen baditu. Bi kasuotan, betetzen duen lanpostuari dagokion ordainsaria jasoko du.

Txanda-kontratu bidez hartutako langileek ezingo dituzte eskuratu mugigarritasunaren gainean hitzarmen honetan ezarritako neurriak.

Artikulu honetan ezarritako kasuetako txanda-kontratuak betetzeko, Itsasmendikoi SAren aldi baterako langileen artean barne-deialdiak egingo dira; deialdiotan parte hartzeko, 28. artikuluan finkatzen den azterketaren bidez lanpostura sartutakoak izan behar dira langileok eta enpresan urtebeteko antzinatasuna izan.

30. artikulua.- Nahitaezko erretiroa eta erretiro aurreratua.

1.- Nahitaezko erretiroa langileak 65 urte betetzen dituenean izango da, baldin eta kotizaziopeko pentsioren bat jasotzeko eskubidea izateko behar den gutxieneko kotizazio-aldia edo gabealdia bete badu.

2.- Itsasmendikoi SAko langileek erretiroa 64 urte betetzean hartzeko eskubidea izango dute, uztailaren 17ko 1994/1985 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

31. artikulua.- Minusbaliotasuna duten langileen kontratazioa.

1.- Lanpostu hutsen ehuneko bost desgaitasuna duten pertsonek betetzeko gordeko du Itsasmendikoi SAk. Nolanahi ere, lanpostu horiek betetzeko, hautaprobak gainditu beharko dira eta adierazitako desgaitasuna eta dagozkion zereginak egiteko bateraezintasunik ez izatea egiaztatu beharko da. Alde horretatik, desgaitasuna duen pertsonatzat hartuko dira abenduaren 2ko 51/2003 Legearen 1. artikuluaren 2. paragrafoan definituta daudenak (51/2003 Legea, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun orokorrari buruzkoa).

Itsasmendikoi SAren tamaina kontuan hartuta, eta lanpostu hutsen % 5 desgaitasuna duten pertsonek betetzea posible egite aldera, ehuneko hori 5 urteko epean eskaintzen diren lanpostuen gainean aplikatuko da.

2.- Hautaketa-prozesua bukatu ondoren, Itsasmendikoi SAk beharrezko egokitzapenak egingo ditu, desgaitasuna duten pertsonak lanpostuan normaltasunez aritu daitezen.

VII. KAPITULUA

MUGIGARRITASUN FUNTZIONALA ETA GEOGRAFIKOA

32. artikulua.- Langileen mugigarritasun funtzionala eta geografikoa.

Mugigarritasun funtzionala eta geografikoari dagokionez, Langileen Estatutuko 39. eta 40. artikuluetan xedatutakoa hartuko da aintzat.

33. artikulua.- Lantokiz aldatzea.

Mugigarritasun funtzional eta geografikoaren gainean xedatutakoa alde batera utzi gabe, langile finkoek, euren ekimenez, lantokiz aldatzeko egindako eskaerak (lanpostuak trukatzea) aztertuko ditu enpresaren Zuzendaritzak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.- Langile finko izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutela.

2.- Lanbide-kategoria berekoak izatea eta antzeko lanpostuak betetzea, edo antzekoak ez badira, lanpostua betetzeko gaitasuna egiaztatzea (prestakuntza eta eskarmentua).

Lantokiz aldatzeak ez du berekin ekarriko enpresak eskaintzen duen zerbitzu-kopurua murriztea edo kalitatea okertzea.

Langileak lantokiz aldatzeak ez du inoiz eragingo enpresak langile gehiago kontratatu beharra edo kostu gehigarriak sortu beharra.

Enpresari kalte gutxien egiten dion unean egingo da lantoki-aldaketa.

Lantoki-aldaketa onartu eta bost urteko epean, ez zaie beste bat onartuko interesatuei.

Eskaerak idatziz aurkeztuko zaizkio Itsasmendikoi SAren Zuzendaritzari. Lantokiko, arloko eta Giza Baliabideen zuzendaritzari iritzia eskatu ondoren, enpresaren Zuzendaritzak onartu edo ukatuko ditu eskaerak.

VIII. KAPITULUA

BAIMENAK

34. artikulua.- Baimenak.

1.- Ordaindutako baimena hartzeko eskubidea izango dute hitzarmen honen eremuan sartzen diren langileek; honako hauek dira lizentzietarako arrazoiak eta iraunaldia:

a) Gaixotasun edo istripuagatiko baimena.

b) Erditze, edoskitze, adopzio eta haurra hartzeagatiko baimena.

c) Aitatasunagatiko baimena.

d) Norbere edo senideen ezkontzagatiko baimena.

h) Zeremonia zibil edo erlijiosoagatiko baimena.

e) Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko baimena.

f) Lehen mailako senideen gaixotasun oso larriagatiko lanaldi-murrizketa.

g) Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalengatiko baimena.

h) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatiko baimena.

i) Sindikatu edo langileen ordezkotza egiteko baimena.

2.- Ondoren zehazten diren baimenak ere eman ahal izango dira, bertan zehazten diren arauen arabera. Hauek dira baimenak:

a) Adingabeak, ezgaituak edo senide gaixoak zaintzeko baimena.

b) Mugitzeko zailtasunak dituzten senideak edo gaixotasun kronikoak dituzten senideak zaintzeko baimena.

c) Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.

d) Norberak betetzen duen eginkizun edo lanpostuarekin harreman zuzena duten lanbide-hobekuntzarako ikasketak egiteko baimena.

e) Norberak betetzen duen eginkizun edo lanpostuarekin harreman zuzenik ez duten ikasketak egiteko baimena.

f) Zientzia, teknika edo lanbidearen arloko talde-ekitaldietara joateko baimena.

g) Hautetsi-karguen ondoriozko eginkizunak betetzeko baimena.

h) Norberaren eginkizunetarako baimena.

Ezkontideari egiten zaizkion erreferentziak langilearekin izatezko bikote gisa bizi denarentzako ere baliagarriak dira, baldin eta egoera hori legezko bide egokiak erabiliz egiaztatzen bada. Elkarbizitza hori denean ere, pertsona ezkonduen kasuan legez ulertu beharko dira ezkontza-ahaidetasunak.

Kapitulu honetan araututako baimenetako lanegunak honako egun hauetan hartu beharko dira: baimenak eragiten dituzten egitatezko baldintzak jazotzen diren egunetan, beste aukeraren bat ezarrita dagoenean izan ezik.

Giza Baliabideen arduradunak kudeatuko ditu baimen horiek, lantokiko/arloko zuzendariarekin adostuta, hala behar izanez gero.

35. artikulua.- Baimenen arteko bateraezintasuna.

Ezingo da aurreko artikuluan adierazitako baimen bat baino gehiago batera hartu. Arau horretatik salbuetsita egongo dira edoskitzeagatiko etena eta lanaldia murriztea dakarten baimenak, gainerako baimenekin batera hartu ahal izango baitira. Arauz ezarritako oporraldiak dirauen artean ezingo da baimenez edo ordaindutako baimenez baliatu.

36. artikulua.- Lanpostura itzultzea.

Langileek hartzen dituzten baimenen aldia bukatutakoan, berehala itzuli beharko dute beren lanpostuetara, eta lanetik kanpo egin duten aldia justifikatu egin beharko dute, diziplina-erantzukizuna izango baitute bestela.

37. artikulua.- Gaixotasun edo istripuagatiko baimena.

1.- Langileek baimena hartzeko eskubidea izango dute gaixorik daudenean edo istripuren bat izan dutenean, eta horren ondorioz, beren jardunak burutzeko ezgaituta daudenean -hori horrela dela mediku zerbitzuek egiaztatu beharko dute-, harik eta medikuak alta eman arte. Hala ere, ezingo da kontratuaren iraunaldia inolaz ere gainditu.

2.- Gaixotasun edo istripuen eraginez sortutako aldi baterako lanerako ezgaitasunaren kasuan, Itsasmendikoi SAk osagarriak ordainduko ditu, langileak lansarien % 100 jaso dezan bajan dagoen artean eta, gehienez ere, 18 hilabetera arte.

3.- 18 hilabeteko gehienezko epe hori agortu ondoren, denbora horretan eragindako langileak baliaezintasun iraunkorreko graduren bat onar dakion eskatu baldin badu, aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du, medikuen senda-agiria jasotzen duen arte -baliaezintasun-aitormenarekin nahiz gabe- edo hiltzen den arte. Baliaezintasun absolutu, guztizko edo handiaren graduan, baliaezintasun iraunkorra aitortzen bada, GSINen ebazpenaren egunaren aurrekora arte luzatuko da aipatu eskubidea.

Hartarako, eskubide hori baliatzeko eskabidea hilabeteko epearen barruan egin beharko da, zehazki, baliaezintasun-gradua aitortzeko ebazpenaren jakinarazpena edo alta ematen den datatik aurrera hilabetearen barruan, edo, hala badagokio, eta laster sendatzea aurreikusteagatik, aitorpen hori ukatzeko ebazpenaren datatik aurrera, edo heriotzaren datatik aurrera.

Baliaezintasuna aitortzeko eskabidea 18 hilabeteko epea igaro ondoren egiten bada, zenbateko hori jasotzeko eskubidea eskabidea egin zen egunetik aurrera aitortuko zaio.

4.- Gaixotasun edo istripuagatiko baimenaz baliatzen ari den langileak irabazirik ematen duen edozein lan egiten badu -bere kabuz edo inoren kontura-, aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoa jasotzeko eskubidea galduko du; gainera, hilabeteko epean, eta arrazoi horregatik oker jasotako kopuruak itzuli egin beharko dizkio Itsasmendikoi SAri, eta diziplina-espedientea ireki ahalko zaio.

5.- Langileak bere borondatez eta inolako arrazoirik gabe gaixotasun edo istripu egoera luzatzen badu, diziplinako erantzukizuna izango du beste erantzukizunen batzuen artean, eta bigarren paragrafoan ezarritako zenbatekoa jasotzeko eskubidea galduko du, bajaren egunetik eta legeak ezartzen dituen mugekin.

Itsasmendikoi SA lanekoa ez den gaixotasun eta/edo istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren kudeaketa sanitarioa egiteko konpromisoa hartzen du (altak eta bajak), baita sistema publikoaren baitako kudeaketa ekonomikoa ere, eta estaldura horiek lan-istripu eta gaixotasun profesionalen mutuen bidez gauzatzeari berariaz uko egiten dio.

38. artikulua.- Erditze, edoskitze, adopzio eta haurra hartzeagatiko baimena.

1.- Itsasmendikoi SAko emakumezko langileek erditzeko baimena hartzeko eskubidea izango dute, gehienez hamazazpi astekoa; erditze anizkoitza bada, beste bi aste hartu ahal izango dituzte seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera. Aldia noiz hartu interesdunak aukeratuko du, baina sei aste erditu ondoren hartu beharko ditu. Ama hilez gero, aita baliatu ahal izango da baimenaz, osoaz nahiz geratzen den zatiaz.

Esandakoa gorabehera, eta amak erditu ondoren nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaldiaren kalterik gabe, aitak eta amak lan egiten badute, amaren amatasun-aldiko atsedenaldia hastean aitak amarekin batera edo geroago hartu ahal izango du erditu ondorengo atsedenaldi horren etenik gabeko zati bat, betiere garaia iritsitakoan lanera hasteak amari osasun-arazorik ekartzen ez badio. Atsedenaldia biek batera hartzen dutenean, batak eta besteak hartutako denbora guztia batuta ezin izango da hamazazpi astetik gorakoa izan, ezta, erditze anizkoitzen kasuan, dagokion alditik gorakoa ere.

Baimen-aldi osoa bukatu ostean, koadro klinikoaren eraginez, langileak lana normal burutzeko eragozpenak baditu, ABEagatiko baja hartuko du, horretarako behar diren izapideak egin ondoren.

2.- Sei urte arteko haurren adopzio edo harrera kasuetan, hala adoptatu aurreko harreran nola behin betiko harreran, langileak eskubidea izango du etenik gabeko hamazazpi asteko baimena hartzeko. Haur bat baino gehiago harreran hartu edo adoptatuz gero, haur bakoitzarengatik bi aste gehiago hartzeko aukera izango du, bigarrenetik aurrera, eta interesdunak nahi duen momentutik zenbatzen hasita, dela administrazioaren nahiz epaitegiaren harrera-ebazpena ematen denetik hasita, dela adopzioa eratzen duen epaitegiaren ebazpena ematen denetik hasita. Halaber, baimenaren iraupen-aldia hamazazpi astekoa izango da adingabea sei urtetik gorako ezindua edo elbarria denean, edo bere inguruabar pertsonalak eta esperientziak direla-eta, edota atzerritarra izateagatik, gizarteratzeko eta familiaren baitan toki izateko zailtasunak baldin baditu, gizarte-zerbitzu eskudunak hala egiaztatuta. Aitak eta amak lanean badihardute, baimena interesdunek aukeratutako moduan banatuko da, hau da, aldi berean edo ondoz ondo, betiere etenik gabe. Atsedenaldia biek batera hartzen dutenean, batak eta besteak hartutako denbora guztia batuta ezin izango da hamazazpi astetik gorakoa izan, ezta, adopzio edo erditze anizkoitzen kasuan, dagokion alditik gorakoa ere.

Nazioarteko adopzio bat egiten bada, eta aitak eta amak adoptatuko denaren jatorriko herrialderako joan-etorria egin behar badute, artikulu honetako kasu bakoitzerako baimena adopzioa eratzeko ebazpena eman baino lau aste lehenago hasi ahal izango da.

3.- Aurreko idatzi-zatietan araututakoarekin bat etorriz, aita gutxienez lau asteko baimenaz baliatzen bada, bi aste osagarri hartzeko eskubidea izango du.

4.- Oporraldia gehitu ahalko diote amak zein aitak haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta harreragatiko baimenari, aldi horri dagokion urte naturala iragan bada ere.

5.- Halaber, hamabi hilabetetik beherako ume bakoitzeko ordu bateko geldialdia egiteko eskubidea izango dute emakumezko langileek, eta alde hori bitan banatu ahal izango dute baldin eta edoskitze natural edo artifizialerako erabiltzen badute. Emakumeak, borondatez, eskubide hori lanaldiko ordu beteko murrizketaz ordeztu ahal izango du, betiere helburu hartarako bada. Edoskitze artifizialari dagokionez, aitarena ere izan daiteke aipatu geldialdia edo lanaldiko murrizketa izateko eskubidea, betiere aldez aurretik eskatu eta justifikatuta, izan ere, aitak egiaztatu egin beharko baititu ama langilea dela eta baimena hartzeari uko egiten diola edo ezinezkoa zaiola.

Emakumeak aurreko pasartean azaldutako baimenari eutsi, edo denbora hori erditzeagatiko baimenari gehitzeko aukera izango du. Aipagai ditugun ondorioei dagokienez, zerbitzuan jarduteko diren egunei dagozkien orduak bakarrik zenbatuko dira. Beraz, eskabidea egiten duenean, langileak aditzera eman beharko du hamabigarren hilabetea egiteko falta zaion denboraren barruan, eszedentzi, opor edo baimenik eskatu duen, horiei dagozkien epeak zenbaketatik kentzeko, hain justu ere.

6.- Amatasun-egoeran den bitartean, ordainsarien % 100 jaso dezan, laguntza osagarriak ordainduko dizkio Itsasmendikoi SAk emakumezko langileari.

7.- 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, baimen hauek jarriko dira indarrean, jarraian azaltzen den iraunaldia dutela:

a) Erditzeagatiko baimena.

Itsasmendikoi SAko emakumezko langileek erditzeagatiko baimena hartzeko eskubidea izango dute, gehienez etenik gabeko hamazazpi astekoa; erditze anizkoitza bada, seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera, eta haurrak desgaitasuna badauka, beste bi aste hartu ahal izango dituzte.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak langileari ordaintzen dion prestakuntza ekonomikoaz gain, Itsasmendikoi SAk osagarri bat ordainduko dio, hain zuzen ere erditzeagatiko baimenaren aldian ordainsarien % 100 jaso dezan.

b) Ume bat adoptatu edo hartzeagatiko lizentzia.

Adingabeak adoptatu edo hartzeagatik -betirako, adoptatu aurretik nahiz harrera soilean-, langileak etenik gabeko 18 asteko baimena hartzeko eskubidea izango du; adingabeen harrerak gutxienez urtebeteko eperako izan behar dira.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak langileari ordaintzen dion prestakuntza ekonomikoaz gain, Itsasmendikoi SAk osagarri bat ordainduko dio, hain zuzen ere adopzio edo harreragatiko baimenaren aldian ordainsarien % 100 jaso dezan.

39. artikulua.- Aitatasunagatiko baimena.

1.- Seme-alaba baten jaiotzagatik, adopzioagatik edo harreragatik, aitak, edo beste gurasoak, 21 egun naturaleko etenik gabeko baimena hartu ahal izango du. Jaiotzaren egunetik hasiko da baimen-aldia, edo harrerari buruzko erabaki administratibo edo judizialaren egunetik edo adopzioa egun osoko erregimenean onartzen duen ebazpen judizialaren egunetik. Baimen hori lau astekoa izango da 2011ko urtarrilaren 1etik.

2.- Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak langileari ordaintzen dion prestakuntza ekonomikoaz gain, Itsasmendikoi SAk osagarri bat ordainduko dio, hain zuzen ere aitatasunagatiko baimenaren aldian ordainsarien % 100 jaso dezan.

40. artikulua.- Senideen edo norbere ezkontzarengatiko baimena.

1.- Norbera ezkontzeagatik, langileek 20 egun naturaleko baimena hartzeko eskubidea izango dute; ospakizun horren aurretik edo ostetik hartu ahal izango da, baina eguna bera barruan sartuko da.

Baimen hau oporraldiari gehitu ahal izango zaio, aurretik zein ondotik. Gutxienez 15 egun lehenago jakinarazi beharko zaio Giza Baliabideen arduradunari, berorrek lantokiko edo arloko zuzendariari jakinarazi diezaion.

2.- Izatezko bikotea osatzen duten langileek ere izango dute eskubide hori, Izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarritakoaren arabera eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada.

Elkarbizitza egonkorra hitzarmen hau indarrean sartu ondoren hasten duten bikoteek baino ez dute izango baimen hau.

Ezingo da ezkontzagatiko edo elkarbizitza egonkorra hasteagatiko beste baimenik hartu ondoko sei urteetan, eta inoiz ere ez, bikotea osatzen duten kideak berak direnean.

3.- Langilearen aita-amak, aitaginarreba-amaginarrebak, neba-arrebak, koinatu-koinatak, seme-alabak, bilobak edo aitona-amonak ezkontzen badira, egun natural bateko baimena hartzeko eskubidea izango du, ezkontzaren egunean bertan; baimena 3 egun naturalekoa izango da, ospakizuna langilea bizi den lekutik 150 km-ra baino gehiagora egiten bada, betiere joan-etorria erraztearren.

41. artikulua.- Zeremonia zibil edo erlijiosoagatiko baimena.

Langileen seme-alaba edo bilobaren baten ospakizun erlijiosoagatik (bataioa, jaunartzea, izaera zibileko antzeko ospakizunak edo erlijio-sinesmenen bateko ospakizunak -betiere, Espainiako Estatuak sinesmen horiekin lankidetza-akordioa izenpetuta badauka-), baimena hartzeko eskubidea izango dute ospakizuna egiten den egunean bertan, baldin eta laneguna bada.

42. artikulua.- Senideen heriotza edo gaixotasun larriarengatiko baimena.

1.- Kontzeptu horregatik langileak duen baimenak iraunaldi hauek ditu: 3 lanegun, 2. mailarainoko odolkidetasun eta ezkontza-ahaidetasunezko senideen heriotza dela-eta; eta 5 lanegun, ezkontide, izatezko bikote edo seme-alaben gaixotasun larriagatik (egiaztatu egin beharko da) edo heriotzagatik. Bigarren mailarainoko kidetasun eta ezkontza-ahaidetasunezko senideen istripu edo gaixotasun larriarengatik, ospitaleratzeagatik edo ospitaleratze gabe baina etxean atseden hartzea behar duen ebakuntzagatik, 2 lanegun.

2.- Aipatutako baimen-aldiak 2 egun natural gehiagoz luzatuko dira, gertakizunak langilea bizi den ohiko bizilekutik 150 km-ra baino gehiagora izanez gero.

3.- Bigarren mailarainoko kidetasun eta ezkontza-ahaidetasunezko senideen istripu edo gaixotasun larriagatik edo ospitaleratzerik gabe baina etxean atseden hartzea behar duen ebakuntzagatik (egiaztatu egin beharko da), iraunaldi berdineko bigarren baimen bat hartzeko eskubidea izango du langileak, lehenengo baimena bukatzen denetik 30 egun igaro ondoren. Ohiko bizitokiko distantziagatiko luzapena ezingo da erabili.

4.- Zalantzazko egoeretan, EAEko Administrazio Orokorreko mediku-zerbitzuek erabilitako irizpidea hartuko da kontuan.

5.- Artikulu honetan araututako baimenen lanegunak baimena ematea eragin duten gertakariak gertatzen diren egunetan hartu beharko dira nahitaez.

6.- Lehenengo paragrafoan adierazitako aldiak errekuperatu beharreko beste hiru egunez luzatu ahal izango dira, aipatutako egoera guztietan. Errekuperatzeko epea hiru hilabetekoa izango da.

43.- Lehen mailako senideen gaixotasun oso larriagatiko lanaldi-murrizketa.

Oso gaixotasun larria duen lehen mailako senide bat edo, elkarbizitza egonez gero, urrunagoko senide bat zaintzeagatik, lanaldia erdira murrizteko eskubidea izango dute langileek, hilabeteko epean gehienez. Epe horretan soldata osoa jasoko du.

44. artikulua.- Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko baimena.

1.- Nahitaezko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko, langileek behar duten denbora hartzeko ordaindutako baimenerako eskubidea izango dute, betebeharrok ezin badira lan-orduetatik kanpo egin, betiere.

2.- Hitzarmen honen ondorioetarako, hauek hartuko dira saihestezineko betebehar publiko edo pertsonaltzat:

a) Epaitegi, polizia-etxe edo bestelako administrazio-organoen zitazioak.

b) NANa, pasaportea, eta gidabaimena lortzeko edo berritzeko azterketa.

c) Notaritzako errekerimenduak eta izapideak.

d) Erakunde ofizialetan egin beharreko izapideak.

e) 2. mailarainoko kidetasun eta ezkontza-ahaidetasunezko senide diren ezindu fisiko edo psikikoei, haien egoera dela-eta, izapide zehatzak egiten laguntzea; izapideok izango dira artikulu honetako a) eta b) idatzi-zatietan adierazitakoak.

f) Gobernu organoen eta horien menpeko batzordeen bileretara joatea, horietako kide denean, zinegotzi, diputatu, batzarkide edo legebiltzarreko hautatu legez.

g) Lanbide-elkargoen, elkarte sektorialen, kontseilu arautzaileen eta abarren gobernu-organoen bilkuretara joatea, betiere lehen sektorearekin lotuta badaude eta Itsasmendikoi SAko langileak halakoen hautetsiak badira.

45. artikulua.- Ohiko etxe-aldaketarako edo lekualdaketarako baimena.

Langileak ohiko bizilekua aldatu behar duenean, 2 laneguneko baimena hartzeko eskubidea izango du. Behar den moduan egiaztatu beharko du hori.

46 artikulua.- Sindikatu edo langileen ordezkotza egiteko baimena.

1.- Sindikatu edo langileriaren ordezkotza-lanak egiten dituzten langileek, horri dagokion baimena hartzeko eskubidea izango dute, indarrean dagoen araudian eta hitzarmen honetan jasotakoetan ezartzen diren zirkunstantzia, epe, betekizun eta betebeharrekin bat etorriz.

2.- Nolanahi ere, hitzarmeneko mahai negoziatzaileko partaide diren langileek, negoziaketa kolektiboa izapidetzeko, mahaiko idazkariak ofizialki deitutako bilera guztietara joateko behar duten denbora guztirako ordaindutako baimenerako eskubidea izango dute; bestalde, halako langileek, gertakizun hori dela-eta, lanetik alde egin behar badute, lantokiko edo arloko zuzendariari edo Giza Baliabideen arduradunari aurretiaz horren berri eman beharko diote.

47. artikulua.- Adingabeak, desgaitasuna duten pertsonak edo gaixotasun larria duten senitartekoak zaintzeko baimena.

Legez agindutako zaintza duelako, hamabi urtetik beherako umeren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duen pertsona bat edota gaixotasun larri luzea duen eta langilearekin bizi den senide bat zuzenean bere ardurapean daukan langileak lanaldia murrizteko baimena eskatu ahal izango du; zortzirenetik eta erdira artekoa izango da hori, eta soldatako kontzeptu guztiak ere proportzio berberean murriztuko zaizkio.

Dela adinagatik, dela istripu edo gaixotasunagatik bere kasa moldatu ezin den bigarren mailarainoko odol- zein ezkontza-ahaidea zaindu behar duen langileak eskubide bera izango du.

Langileak zehaztuko ditu ordutegia eta lanaldia noiz eta noraino murriztu, ohiko lanaldiaren barnean.

Gutxienez urtebeterako eskabidea egin beharko da. Hamabi urtetik beherako umeak zaintzeagatik ohiko lanaldia murrizteko eskabidea gutxienez urtebeterako egin beharko da edo, bestela, ikasturtea bukatu arte.

48. artikulua.- Gaixotasun kronikoren bat edo mugikortasun arazoak dituzten senideak zaintzeko baimena.

Gaixotasun larri iraunkorra edo mugikortasun arazoak direla-eta, odol-ahaidetasunez edo ezkontza-ahaidetasunez bigarren mailara arteko ahaide bat edo urrunagoko mailara artekoa elkarbizitzarik bada, zaindu behar duen langileak urteko berrogeita hamar ordu arteko baimen ordaindua izango du. Aipatu egoerak mediku-agiriaz egiaztatu beharko dira. Oro har, baimen horretatik, egunean bi ordu erabili ahal izango dira gehienez, eta lanean hasteko orduarekin edo lanari uzteko orduarekin bat etorriaz hartu beharko dira.

49. artikulua.- Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.

1.- Norberaren premiak direla-eta, lanorduetan kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena dute langileek, bertara joateko behar besteko arrazoiak daudenean eta azterketa egiteko zentroetako kontsulta-ordutegiak lan orduez kanpo joateko aukerarik ematen ez duenean.

2.- Baimen horren iraupena, oro har, lau ordukoa izango da gehienez, behar bezala egiaztatutako kasu berezietan izan ezik. Baimen hori ordaindu egingo da.

3.- Haurdun dagoen langileak eskubidea izango du jaioaurreko azterketak eta erditzerako prestatzeko teknikak jasotzeko baimen ordaindua hartzeko. Horretarako, horiek lanorduen barruan egin beharra justifikatuko da, bai eta joan izana ere.

4.- Halaber, bigarren mailarainoko odol- eta ezkontza-ahaidetasunezko senideei edo elkarbizitzarik bada urrunagoko mailakoei kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joaten lagundu diezaiekete langileek, hartarako motiborik bada eta joan nahi den zentroetan lan orduez kanpoko kontsulta-ordutegirik ez badago.

50. artikulua.- Betetzen den zeregin edo lanpostuarekiko harreman zuzena duten lanbide-hobekuntzarako ikasketak egiteko baimena.

1.- Betetzen den zeregin edo lanpostuarekin zuzenean lotuta dauden lanbide-hobekuntzarako ikasketak egin ahal izateko baimena eman ahal izango zaie langileei, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko zein Estatu osoko gaikuntza zentro ofizialetan onartzen badituzte ikasketa horiek egiteko. Eskaera idatziz aurkeztuko zaio Giza Baliabideen arduradunari, eta horrek lantokiko edo arloko zuzendaritzari egingo dio kontsulta.

2.- Baimen horrek ez du ikasturte bati dagokiona baino gehiago iraungo. Enpresak baimen hori luzatzea onar dezake, hori justifikatzen duten arrazoiak badaude.

3.- Arauz ezarritako zerbitzua betetzeagatik kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dakar berekin baimen horrek.

51. artikulua.- Betetzen den zeregin edo lanpostuarekin harreman zuzenik ez duten ikasketak egiteko baimena.

Norberaren zeregin edo lanpostuarekin harreman zuzenik ez duten gaiei buruzko ikasketak egiteko, zentro ofizial eta homologatuetako azterketetara joateko beharrezko duten baimena eskuratu ahal izango dute langileek; egin beharreko azterketa edo froga bakoitzeko egun natural bateko baimena izango dute, izan ohiko deialdikoak edo ohiz kanpokoak. Horri dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute beti. Baimen hori bi egun naturalez luzatuko da, azterketa azterketariaren ohiko egoitzatik 150 km baino urrunago baldin bada. Baimena ordaindutakoa izango da.

52. artikulua.- Zientzia, teknika, lanbide, elkargo, elkarte eta sindikatu izaerako talde-ekitaldietara joateko baimena.

1.- Zientzia, teknika, lanbide, elkargo, elkarte edo sindikatu izaerako biltzar, ikastaro, ikastaldi, mintegi, sinposio, topaketa, sariketa, mahai-inguru, hitzaldi, bilera, jardunaldi eta beste talde-ekitaldi batzuetara joateko baimena eman ahal izango zaie langileei, zerbitzuko beharrizanen arabera, eta Giza Baliabideen arduradunak aurretik baimena emanda, horrek lantokiko edo arloko zuzendaritzari galdetu ondoren.

2.- Baimen hau ordaindu egingo da, bost eguneraino gehienez. Hala ere, langileak bere kabuz eskatutako baimena denean, ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, ez dietarik, ez bidaia-gasturik, ez egonaldi- edo inskripzio-gasturik, ez beste ezer, den-denak bere kontura izango baitira.

53. artikulua.- Hautetsi-karguen ondoriozko eginkizunak betetzeko baimena.

Erakundeetan hautetsi-karguak dituzten langileek karguen ondoriozko eginkizunak betetzeko baimena izango dute, baldin eta eginkizun horiek aurreko ataletan aipatutakoen artean ez badaude, eta horretarako behar duten denbora hartuta, betiere guztira urteko lanaldiaren ehuneko 10 gainditu gabe.

Baimen hau hartzeak ez du inongo ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ematen, eta dagokion eran errekuperatu beharko da.

Era berean, hautetsi-karguak dituzten langileek lanaldi murrizteko baimena eskatu ahal izango dute, hain zuzen ere zortziren bat, bosten bat, heren bat edo erdia murriztekoa, betiere ordainsariko kontzeptu guztietan murrizketa proportzionala eginda.

54. artikulua.- EAEko Administrazio Orokorrean sartzeko hautaprobetara joateko baimen ordaindua.

Baimena emango da EAEko Administrazioan sartzeko deialdietako hautaprobetako ariketak egiteko. Proba horiek egiteko behar den denbora emango du baimenak.

Baimen horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

55. artikulua.- Norberaren eginkizunetarako baimena.

1.- Norberaren eginkizunetarako baimena eskatzeko, pisu handiko arrazoiengatik denean izan ezik, eskatzailea lanean hasi edo zerbitzuan berriro sartu zenetik urtebete igaro beharko da.

2.- Norberaren eginkizunetarako emandako baimenak ez dira ordainduko. Baimen horien iraunaldia ez da kontuan hartuko oporrak kalkulatzeko, eta bost urtean behin urtebetekoa izan daitezke gehienez. Baimena hasten den egunean hasiko da zenbatzen bost urteko epe hori; beraz, urtebeterako baimena eskatzen bada, ez da beste halako baimenik emango harik eta egun horretatik bost urte pasatzen diren arte. Urtebetetik beherako baimenen kasuan, baimena hasten den egunean hasiko da zenbatzen eta egun horretatik bost urteko epean, norbere eginkizunetarako baimen gehiago eman ahal izango da, urtea bete arte.

3.- Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen bada, plantillaren ehuneko hamarri eman ahal izango zaio gehienez. Urtean hiru hilabete jarraian eman ahalko dira gehienez. Hala ere, zer-nolako bereziak daudenean, zerbitzuko beharrei erantzun ondoren, ehuneko horretatik gora eman ahalko da.

4.- Gobernuz kanpoko garapenerako erakundeen babesean, garapen bidean dagoen herrialderen batean misioren bat egiteko bada baimena, bost urtean behin bi urte hartu ahal izango dira gehienez; gutxieneko aldia, berriz, hiru hilabetekoa izango da.

5.- Erakunde eta administrazio publikoetako kidego eta eskaletan sartzeko deialdietako hautaprobetako ariketak egiteko ere eman daiteke baimena. Proba horiek egiteko behar den denbora emango du baimenak.

6.- Espetxean dauden 2. mailako odol-ahaidetasunera arteko senideak bisitatzeko baimena ere emango da. Horretarako behar den denbora emango du baimenak, baldin eta bisitok lanorduez kanpora egin ezin badira.

7.- Artikulu honetan jasotako baimenengatik hartutako denbora ez da ordainduko eta bete gabeko orduak errekuperatu ahal izango dira, departamenduetako buruek agintzen dutenaren arabera, zerbitzuko beharrekin konplitzeko.

8.- Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek lanaldiaren murrizketa eskatzeko eskubidea izango dute, gutxienez zortziren bat, bosten bat edo heren batekoa, eta gehienez, lanaldi erdikoa; horretarako baldintza bakarra enpresan urtebeteko antzinatasuna izatea izango da, eta bi hilabeteko aurrerapenarekin eskatu beharko da. Lanaldia murrizteak ordainsari guztiak proportzio berean murriztea ekarriko du, hirurtekoak barne. Eskaera urtebeterako egingo da gutxienez eta, irakasleen kasuan, irailaren 1ean hasiko da, kasu berezietan izan ezik. Baimena amaitu ostean, beste urtebete igaro arte ezin izango da baimen honetaz baliatu.

9.- Baimen hau ematea zerbitzuko beharren menpe egongo da, 8. puntuan adierazitako kasuan izan ezik.

56. artikulua.- Lan-harremana etetea, baina lanpostua gordeta.

Hitzarmen honen eremuan dauden langile finkoei kontratua eteten zaienean, lanpostua gordetzeko eta aldi hori antzinatasunerako zenbatzeko eskubidea izango dute kasu hauetan:

1.- Langileak askatasuna galtzea:

Askatasuna galdu izanagatik, lan-harremana eteten zaion langileak bere lanpostua gordeta edukitzeko eskubidea izango du epai kondenatzaile irmoa jasotzen ez duen bitartean. Egoera horretan dagoen bitartean ez du inolako diru-ordainik jasoko.

2.- Baliaezintasuna deklaratzea eta lanpostua gordetzea:

Lan-harremanak etenda jarraituko du, baldin eta, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak baliaezintasunari buruz emandako hasierako ebazpenean, baliaezinak hobekuntza izango duela uste izateagatik azterketa eskatu ahal izateko epe bat agertzen bada, bi urtekoa edo txikiagoa.

IX. KAPITULUA

ESZEDENTZIAK

57. artikulua.- Eszedentzia motak.

Hitzarmenaren baitan dauden langile finkoek nahitaezko edo borondatezko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute. Nahitaezkoak lanpostua gordetzeko eta kasuan kasuko aldia antzinatasunerako kontatzeko eskubidea emango die, eta kargu publikoren baterako hautatuak edo izendatuak izaten direnean eta, ondorioz, lanera etortzerik ez dutenean emango zaie. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilean eskatu beharko da.

58. artikulua.- Sindikatuko karguagatiko eszedentzia.

Halaber, ordezkaritza handiko erakunde sindikaletakoren baten probintzia, autonomia-erkidego nahiz Estatuko zuzendaritza-organoetan kargu sindikalen bat duen edo horretarako deia egin zaion langileak ere izango du eszedentzia hartzeko eskubidea. Kargu hori duen bitartean lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea izango du. Kargu hori utzi ondorengo hilabetean itzuli beharko du lanera.

59. artikulua.- Beste administrazio publiko batzuetan zerbitzua emateagatiko eszedentzia.

Edozein administrazio publikotan edo erakunde publikotan mugarik gabe lanean hasten den langile finkoak borondatezko eszedentzia hartzeko eskubidea izango du, zerbitzu publikoan lan egiteagatik.

Egoera hori sortu zuen zerbitzu-harremanak iraun bitartean, egoera horretan jarraitu ahal izango du langileak, baina ez du lanpostua gordetzeko eskubiderik izango; dena den, hutsik geratzen diren lanpostuetarako lehentasuna izango du, betiere berak utzitako lanpostuaren kategoria berekoak edo antzekoak badira. Eszedentzia-egoera sortu zuen zerbitzu-harremana bukatu ostean, lanera itzultzea eskatu beharko du hilabeteko epean gehienez, eta jakinarazten zaio, horrela egin ezean, norbere kontuetarako eszedentzian dagoela deklaratuko dela.

Norbere kontuetarako borondatezko eszedentziak -esandako epean lanera itzultzea eskatzen ez bada sortuak eta 60. artikuluan arautuak-, ez du inolaz ere lanpostua gordetzeko eskubiderik ematen, eta eszedentzian dagoen langileak hutsik dagoen edo hutsik geratzen den eta bere lanpostuaren kategoria bereko edo antzeko kategoriako lanposturako lehentasuna baino ez du izango. Egoera horretan emandako denbora ez da kontatuko sustapen, antzinatasun edo eskubide pasiboen ondorioetarako.

60. artikulua.- Norbere kontuetarako borondatezko eszedentzia.

Langileak, gutxienez urtebete badarama enpresan, eskubidea izango du borondatezko eszedentzian egoteko aukera aitor diezaioten; eszedentzia hori ez da lau hilabete baino txikiagoa izango, ezta bost urte baino luzeagoa ere. Langileak eszedentziako lehen urtea amaitzean lanera itzultzea eskatzen badu, lanpostua gordetzeko eskubidea izango du. Gainontzeko kasuetan, bere lanbide-kategorian edo parekidean hutsik dauden lanpostuak beteko ditu.

Langile bera berriz ere eskubide horretaz baliatu ahal izateko, aurreko eszedentzia bukatu zuenetik lau urte igaro beharko dira nahitaez.

61. artikulua.- Ahaideak zaintzeagatiko eszedentzia

Langileek gehienez hiru urteko eszedentzia hartu ahal izango dute, seme-alaba bakoitza zaintzeko, nahiz seme-alaba biologikoak edo adoptatuak izan, edo baita ume bat hartzen denean betirako zein adoptatu aurretik ere, nahiz eta behin-behinekoak izan, jaiotza egunetik edota epai- edo administrazio-ebazpena ematen den egunetik aurrera.

Gehienez ere bi urteko eszedentziarako eskubidea ere izango du ahaide bat zaintzeko, betiere hura adina, istripua edo gaixotasuna direla-eta bere kabuz balia ezin badaiteke, ordainduriko jarduerarik ez badu eta bigarren mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna badu.

Eszedentzia hauen iraunaldia ondorio guztietarako kontatuko da, izan antzinatasunerako zein sustapenerako, eta langileak lanbide-prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izango du, eta Itsasmendikoi SAk deituko du hauetan parte hartzera. Halaber, eszedentzian den denboran lanpostua gordetzeko eskubidea izango du.

X. KAPITULUA

GIZARTE LAGUNTZAK

62. artikulua.- Gizarte-aurreikuspena.

1.- Itzarri BGAEren sustatzaile eta bazkide babeslea da Itsasmendikoi SA.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta administrazio horren mende diren erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen zerbitzura dauden langileen entitatea da Itzarri BGAE, eta gizarte-aurreikuspeneko, enpleguko eta ekarpen zehatzeko sistema osagarri bat kudeatzeko ardura dauka.

2.- Itsasmendikoi SAk Elkarkidetza BGAEren bazkide babeslea izaten jarraituko du, erakunde horretara atxikitako langileen ekarpenak kudeatzeko.

63. artikulua.- Aurrerakinak eta nominak aurreratzea.

1.- Aurrerakinak.

Jardunean dauden langileek, indarrean dauden aurrekontuetako diru-izendapenen barruan, beren hileko soldata garbiaren % 100erainoko aurrerakin arruntak interesik gabe jasotzeko eskubidea izango dute, beren kontratu-harremana hilaren azkena baino lehenago bukatzen ez bada. Aurrerakin hori eskatu deneko hileko soldatan eman beharko da.

Orobat, hilero edonolako atxikipenik egiten zaienek soldata garbiaren % 100eko aurrerakina jaso ahal izango dute, aipatu atxikipena kenduta.

2.- Nominak aurreratzea.

Hitzarmen hau argitara ematen den egunetik aurrera, hitzarmenaren baitan dauden jarduneko langileek nomina aurreratzeko eskubidea izango dute, araudi honen arabera:

Nomina aurreratzea, egin gabeko lan bati dagokion ordainketen kontura diru-zenbateko bat ordaintzea da.

1) Horretarako, bosgarren paragrafoan premia larritzat jotako inguruabarren bat gertatu beharko da. Nomina aurreratu gisa, 6.000 euro emango dira gehienez. Halere, paragrafo horretan jasotako e), f), g), h), i), j), k) eta l) kasuetan, gastuen agiri frogagarrietan agertzen den kopuruak zehaztuko du zenbat den eman beharreko zenbatekoa, aipatutako gehienezko zenbatekoaren mugen barruan betiere. Agiriok, eskaerarekin batera, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, premia larria egiaztatzeko.

2) Itzultzeko gehienezko epea hogeita lau hilabetekoa izango da. Aurrerakinek ez dute inolako interesik sortuko, eta gehienezkotzat emandako epea baino lehenago itzuli ahal izango dira.

3) Ezin izango da nomina-aurrerapenik eman baldin eta mota horretako lehengo konpromisorik badago kitatu gabe. Halaber, nomina-aurrerapenaren kitapenetik sei hilabete igaro beharko dira gutxienez beste aurrerapen bat eskatu baino lehen. Hala ere, f) idatzi-zatietan jasotako arrazoiek hamar urtean mailegu bakar bat emateko eskubidea sortuko dute. Ibilgailua erosteari dagokionez, ez da arrazoi beragatik beste aurrerapenik emango aurrekoa eman zenetik bost urte igaro artean.

Nomina-aurrerapenen onuradunek, bere administrazio-egoeran aldaketaren bat eman dela-eta nominan sei hilabetetik gora baja badira, emandako nomina-aurrerakina itzuli egin beharko dute osorik.

4) Indarrean dauden kredituen gehieneko kopurua soldata-masaren % 2ren baliokidea izango da.

5) Premia larriak.- Egoera hauetatik sortutakoak izango dira:

a) Eskatzailearen ezkontza edo bikote-bizitza egonkorra hasi izana, ziurtagiriz egiaztatua.

b) Eskatzailearen dibortzioa, banantzea edo ezkontza baliogabetzea.

c) Ezkontidearen edota seme-alaben heriotza.

d) Seme-alaben jaiotza, edo haurra jasotzea edo adoptatzea.

e) Gaixotasun edo ebakuntza larria: eskatzailearena, beraren ezkontidearena, bizilagunarena, seme-alabena edota harreran dituen adingabekoena, bai eta 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna duten senideena ere.

f) Ohiko etxebizitza erostea, eta bankuko maileguak kitatzea, ohiko etxebizitza erostearekin lotuta badaude. Kasu horretan, 12.000 eurorainokoa izan daiteke aurrerakinaren zenbatekoa, eta 48 hilabetekoa itzultzeko gehienezko epea.

g) Ohiko etxebizitza zaintzeko beharrezkoak eta nahitaezkoak diren obrak egitea.

h) Lana egiten den herrira aldatzea bizilekua.

i) Ohiko etxebizitzarako altzariak erostea.

j) Ikastetxe ofizialetan ikasketak egiteko eskatzaileak, ezkontideak, bizilagunak, seme-alabek edo bere ardurapeko pertsonak ordaindutako matrikula-gastuak.

k) Ibilgailua erostea. Ibilgailua lanerako erosten bada, mailegua 7.500 eurorainokoa izan daiteke, eta itzultzeko gehienezko epea 36 hilabetekoa. Aurretik Giza Baliabideen arduradunak hori justifikatu beharko du.

l) Premiazkotzat har daitezkeen horrelako beste kasu batzuk.

6) Izapideak.- Nominak aurreratzeko eskeak aurkezteko gehienezko epea bi hilabetekoa izango da, eskaera eragin duen gertakizunaren egunetik hasita. Hala ere, kasu berezietan, gertakizunaren egunaren aurreko hilean datatutako eskabideak ere onartu ahal izango dira, baldin eta nomina-aurrerakinaren egunetik bi hilabeteko epean, behar diren agiriak aurkeztuko dituela agintzen badu eskatzaileak, behar bezala justifikatutako kasuetan salbu. Konpromiso hori ez betetzeak besterik gabe baliogabetuko du nomina aurreratzea.

Nominak aurreratzeko eskabideak Itsasmendikoi SAren Giza Baliabideen Zuzendaritzari egin beharko zaizkio. Sozietateak jasotze-eguna adierazi beharko du eskabideetan, aurreko paragrafoan agindutakoa betetzeko.

7) Nomina aurrerakinen gehienezko zenbatekoen bilakaera EAEko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden langileentzat finkatzen dena izango da.

64. artikulua.- Istripu-asegurua, bizitza-asegurua eta erantzukizun zibilaren asegurua.

1.- Istripu-asegurua:

Itsasmendikoi SA merkataritza-sozietateak hitzarmen hau izenpetzean, istripu polizen estaldura eguneratuko du, kapital hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Baremoaren arabera.

2.- Bizitza-asegurua:

(Ikus .PDF)

3.- Patronalaren erantzukizun zibileko asegurua.

Itsasmendikoi SA merkataritza-sozietateak bere langileen alde izenpetutako patronalaren erantzukizun zibileko polizak babestuta daude hitzarmen honen eraginpeko langileak.

Poliza horren estaldurak, gehienez ere, urtean 1.000.000 euro emango ditu ezbeharragatiko kalte-ordain gisa, eta hor, kalte-ordainak, kostuak, fidantzak eta gastuak sartuko dira. Kalte pertsonalei eta horien ondorioei dagokienez, 150.000 euroko azpimuga izango du biktima bakoitzeko.

65. artikulua.- Borondatez erretiratzeagatiko kalte-ordainak.

1.- Derrigorreko erretiroa langileak 65 urte betetzen dituenean izango da, baldin eta pentsioren bat jasotzeko eskubidea izateko behar den gutxieneko kotizazio-aldia edo gabealdia bete badu.

2.- Langileak borondatezko erretiroa hartzeagatik kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du. Langilearen prestazio pasiboetan erretiroak ekarri dizkion gutxitzea konpentsatuko du kalte-ordainak. Zenbatekoa eskala honen araberakoa izango da:

(Ikus .PDF)

Kalte-ordain hori jasotzeko eskubidea izateko, azken 10 urteetan Itsasmendikoi SAn lanean aritutakoa izan beharko du eskatzaileak.

Eskala honen arabera bakoitzari dagokion hilekoen kopurua zehazteko, langileak borondatezko erretiroa hartzen duenean duen adina hartuko da kontuan.

Kalte-ordaina osatzen duen hileko bakoitza borondatezko erretiroa hartzen duen egunaren aurreko urtean langileak jaso duen urteko ordainketa gordinaren hamabirenaren parekoa izango da.

Erretiratzeko eskatzen den eguna baino hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko dute eskabidea interesatuek.

Borondatezko erretiroa aitortzen duen indarreko hitzarmenean ezarritako kalte-ordaina gauzatzeko, interesatuaren erretiroa eta hasiera-data deklaratzen duen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren ebazpena aurkeztu beharko du interesatuak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, interesduna ez dagoela baliaezintasun-espediente batean sarturik egiaztatzeko.

66. artikulua.- Gaitasuna murriztuta duten langileak.

Erakunde eskudunek langileari bere lanpostuko zereginetarako ezgaitasun-deklarazioa ematen badiote, langile horrek lehentasuna izango du bere egoera fisikoarekin eta lanbide-gaitasunarekin bateragarri den lanposturen bat hutsik geratzen denean.

67. artikulua.- Jantoki-zerbitzua.

Jantoki-zerbitzuari dagokionez, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta bertako langileen artean 1987ko Hitzarmen Kolektiboan adostutakoa hartuko da aintzat (1987-11-17ko EHAA, 217. zk.).

Bazkalordua ez da inolaz ere lanordu gisa hartuko.

XI. KAPITULUA

PRESTAKUNTZA

68. artikulua.- Prestakuntza-jarduerak.

1.- Itsasmendikoi SA sozietate publikoaren giza baliabideak kudeatzeko oinarrizko tresna da prestakuntza. Horren bidez, langileen gaikuntza profesionala handitzen da eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen. Hori dela-eta, Itsamendikoi SA sozietate publikoak arlo horretan sindikatuekin lankidetzan aritzeko konpromiso sendoa hartzen du.

2.- Prestakuntza-jardueretan bi maila daude:

● Lanpostuan birziklatzeko eta hobetzeko beharretara bideratutako prestakuntza: derrigorrezko prestakuntzatzat hartuko da, antolamenduaren beharrek eragindakoa, eta lanorduetan emango da batez ere. Prestakuntza horrek talde eta maila guztien beharrak beteko ditu.

● Gainerako prestakuntza-jarduerak batez ere lanorduetatik kanpo egingo dira eta, kasua bada, eta hitzartzen den neurrian, baloratu egingo da sartzerakoan, sustapenean, etab.

3.- Itsasmendikoi SA sozietate publikoak, zerbitzuko beharrak beteta, jarduera horietara ahalik eta gehien joatea bultzatuko du eta berdintasunaren irizpidea erabiliko du horietara joatea eskatzen duten langileak hautatzerakoan, bai eta, kasua bada, ikastaroak berriz ematerakoan ere.

4.- Batzorde Parekidea aurrez jakitun egongo da, eta bai prestakuntza-planak prestatzen bai ikastaroak esleitzeko irizpideak ezartzen parte hartuko du. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituen prestakuntza-ikastaro, mintegi eta planak egitea bultzatu ahalko du eta aurkeztutako eskabideei eta ezezko ebazpenei buruzko informazioa jasoko du hiru hilabeterik behin.

XI. KAPITULUA

EUSKALDUNTZEA

69. artikulua.- Euskalduntzea eta alfabetatzea.

Itsasmendikoi SAk Euskalduntze Plan bat izango du, Zuzendaritzak eta sindikatuen ordezkariek izenpetuko dutena, eta gai honi dagokionez, planean adostutakoa hartuko da aintzat.

Hala ere, hitzarmen hau izenpetzen duten aldeek plan horretako zenbait alderdi berrikusi eta eguneratuko dituzte, hala behar izanez gero, eta betiere 2011ko abenduaren 31 baino lehen.

Hizkuntza-normalizazioaren eta euskararen erabileraren arloan indarreko araudian ezarrikoa bete beharko du Euskalduntze Planak.

XIII. KAPITULUA

Laneko osasuna eta arriskuen prebentzioa

70. artikulua.- Eskubideak eta betebeharrak.

1.- Laneko segurtasun eta osasunaren arloan, babes eraginkorra izateko eskubidea aitortzen zaie langile guztiei; horrekin batera, eskubide hori gauzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak ezarri beharra dago.

Itsasmendikoi SAk Kanpoko Prebentzio Zerbitzuaren osaera eta jarduera egokiak direla bermatuko du, laneko arriskuen prebentzioaren arloan langileak eraginkortasunez babestuta egon daitezen.

Horrez gain, Itsasmendikoi SAk hierarkia-maila eta jarduera guztietan integratuko du laneko arriskuen prebentzioa. Horretarako, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Plan egoki bat ezarriko du, genero-ikuspegia aintzat hartuko duena.

2.- Sindikatuen iritzia aintzat harturik, Itsasmendikoi SAk Kanpoko Prebentzio Zerbitzua eratu du.

Zerbitzu horrek bermatu egingo du Itsasmendikoi SAk babes eraginkorraren betebeharra konplitzen duela, eta horretarako, aholkularitza eta laguntza emango die enpresari berari, langileei, haien ordezkariei eta ordezkapen organo espezializatuei.

3.- Lantokiko segurtasunaren eta osasunaren inguruan, hona hemen langileek dituzten eskubideetako batzuk: informazioa jasotzea, kontsultak egitea eta parte-hartzea, aurrezaintzaren alorrean prestakuntza izatea, osasun-egoera zaintzea eta lana geldiaraztea arrisku larria eta berehalakoa dagoenean.

4.- Lanbide arriskuen prebentzioaren gaineko araudian ezarritako betebeharrak bete behar ditu Itsasmendikoi SAk.

71. artikulua.- Kontsulta eta parte-hartzea.

Prebentzioaren arloan, sindikatuetako ordezkarien eginkizuna kontsultak egitea eta parte hartzea izango dira, hargatik eragotzi gabe Segurtasun eta Osasun Batzordeak dagozkion eskumenak baliatzea.

72. artikulua.- Amatasuna babestea.

1.- Arriskuak neurtzerakoan, arrisku espezifiko bat eragin dezakeen edozein jardueratan, kontuan hartuko da andrazko langileen edo fetuaren osasunean era negatiboan eragin dezaketen lan-agenteak, -prozedurak edo -baldintzak zein motatakoak diren, horien gradua eta haurdun dauden edo erditu berri diren langileek zenbat denbora ematen duten horien aurrean. Ebaluazioaren emaitzek aipatu langileen segurtasun edo osasunerako arriskua dagoela edo haurdunaldian edo edoskitzean eragina egon daitekeela adierazten badute, arrisku horren aurrean egotea saihesteko beharrezko neurriak hartuko ditu enpresaburuak, eta horretarako baldintzak edo lanaldia egokituko ditu langilearentzat. Aipatu neurrien artean sartuko da, beharrezkoa denean, gauez edo txandaka lanik ez egitea.

2.- Ezin direnean baldintzak edo lanaldia egokitu edo, egokitu arrean, lanpostu bateko baldintzek andrazko langileen edo fetuaren osasunean era negatiboan eragin badezakete, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edo Mutuetako Mediku Zerbitzuek hala ziurtatzen badute, langilea artatzen duen Osasun Zerbitzu Nazionaleko medikuaren txostenarekin, langile horri bere egoeraren araberako beste lanpostu edo zeregin bat eman beharko zaio. Enpresaburuak, langileen ordezkariekin hitz egin ondoren, gisa horretako arriskurik ez duten lanpostuen zerrenda zehaztu beharko du.

Mugigarritasun funtzionaleko kasuetan aplikatzen diren arau eta irizpideekin bat burutuko da postu edo zeregin aldaketa, eta bere osasun egoera dela-eta langilea bere lehengo lanpostura itzuli arte izango ditu ondorioak.

Aurreko paragrafoan aipatu arauak aplikatu arren, lanpostu edo zeregin bateragarririk egongo ez balitz, langilea bere taldekoa edo maila berekoa ez den lanpostu batera bidali ahal izango da, eta jatorrizko bere postuari dagozkion ordainsari guztiak jasotzeko eskubidea gordeko du.

3.- Lanpostu aldaketa hori ez bada teknikoki eta objektiboki posible, edo justifikatutako arrazoiengatik ezin bada bideratu, langile horri kontratua eten ahal izango zaio haurdunaldiko arriskua medio, Langileen Estatutuko 45.1.d) artikuluan xedatua, bere segurtasuna edo osasuna babesteko behar den denboran eta bere lehengo lanpostura edo bere egoerarekin bateragarri den lanposturen batera ezin bada itzuli.

4.- Artikulu honen 1. eta 2. idatzi-zatietan xedatutakoa ere aplikagarri izango da edoskitze aldian, lan-baldintzek era negatiboan eragin badezakete emakumearen edo seme-alabaren osasunean eta, aplikatzekoa den Gizarte Segurantzako araubideari jarraikiz, langilea artatzen duen medikuak hala egiaztatzen badu.

Haurdun dauden langileek, ordaindutako etenaldia eginda, lanetik irteteko eskubidea izango dute, haurdunaldiko mediku-azterketak egin eta erditzeko prestakuntza-teknikak ikasteko; dena den, aurretiaz horren berri enpresaburuari eman, eta horrelakoak lanaldi barruan egin beharra justifikatu beharko dute.

73. artikulua.- Prebentzioko ordezkariak eta Segurtasun eta Osasun Batzordea.

Laneko segurtasun eta osasuneko batzordeetan emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua dutela zainduko du Itsasmendikoi SAk; batzorde horietan sindikatuek duten ordezkaritza proportzionaltasun-printzipioan oinarrituko da. Nolanahi ere, sektorean ordezkaritza nahikoa duten sindikatuak bertan izango direla bermatuko da.

Prebentzioko ordezkariak laneko arriskuen prebentzioaren arloan zeregin espezifikoak dituzten langileen ordezkariak dira. Prebentzioko ordezkari bat izendatuko da lantoki bakoitzeko.

Prebentzioko ordezkariek Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak xedatzen dituen bermeak, eskumenak eta ahalmenak izango dituzte eta, prebentziorako ordezkari gisa izango duten ordu-kredituaz gain, euren karguari dagozkion funtzio inplizituak betetzeko eta Segurtasun eta Osasun Batzordeko kide gisa behar duten denbora izango dute.

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legean aurreikusitako prestakuntza-ikastaroak 48 ordukoak izango dira urtean.

Lantokien arteko Segurtasun eta Osasun Batzordea Prebentzioko ordezkariek -bat zentro bakoitzeko- eta enpresako beste horrenbeste ordezkarik osatuko dute.

Lantokien arteko Segurtasun eta Osasun Batzordearen bileretan parte hartuko dute, hitzarekin baina botorik gabe, ordezkari sindikalek eta enpresako prebentzioko arduradun teknikoek, baleude, eta osaeraren parte ez badira.

Lantokien arteko Segurtasun eta Osasun Batzordeak bere funtzionamendu-arauak izango ditu, eta berak erabakiko du lantoki bakoitzeko Segurtasun eta Osasun Batzordearen antolaketa, abian jartzea eta funtzionamendua.

Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeak ohiko zereginak burutuz beteko du bere eginkizuna. Hauexek izango ditu helburu:

1) Ikerlanak, lan-istripuen eta laneko gaixotasunen inguruan. Emaitza hauek lortu beharko dira:

a) Arriskuen iturri nagusiak antzeman eta aurkitzea (istripuekin edo laneko gaixotasunekin maizenik erlazionatzen diren material, makina eta tresnak zehaztuz, eta halako gorabeherak errazen sortzen dituzten zereginak deskribatuz).

b) Departamenduetan gertatzen diren lan-istripu eta gaixotasunak zelakoak eta zenbatekoak diren ikertzea, zereginen arabera.

c) Tresneria eta materialak aztertu behar direnean, halaxe ohartaraztea.

d) Plangintza akatsengatik edo metodo desegokiak erabiltzeagatik arriskuak sortzen dituzten prozesu eta operazioetan dauden hutsuneak atzematea.

e) Langileak hezi beharra adierazten duten ohitura arriskutsuak atzematea.

f) Istripuak eragin ditzakeen gaitasun-falta edo eragozpen fisikorik balego, langilearen kokapen okerra zein den jakitea.

g) Segurtasun-programa baten aurrerapenaren ebaluazio objektibo bat egitea, segurtasun-neurrien ondorioei buruzko azterketak eginez une oro.

2) Eguneratze-lana. Batzordeak laneko segurtasun eta osasunaz argitaratzen diren arau, teknika eta neurriak zein diren jakin beharko du. Zehatz esanda:

a) Enpresaren aldizkako txostenak eta laneko segurtasun eta osasunaren arloan enpresak berak emandako gomendioak aztertu eta kontuan hartzea.

b) Aldiroko informazio-sistemak eta buletinak sortzea bultzatuko du, indize eta estatistikak ezagutzeko modua izan dadin.

c) Informatze-lana. Batzordeek berek proposatu eta aurrera eramandako ekintza hauen bitartez egingo dute, ahal dutenean:

- Dibulgaziozko bilerak egitea.

- Segurtasuna bultzatzea.

- Kartelak eta erakusketak.

- Programa zehatz baten inguruko kanpaina trinkoak.

- Ikastaroak eta erakustaldiak.

74. artikulua.- Laneko arropa.

Enpresa behartuta dago langileei, urtero, lanerako behar dituzten uniformeak, arropa eta oinetakoak ematera, baldin eta arropok lanetik kanpo eguneroko bizitzan erabiltzen ez badituzte langileek. Hitzarmen honen Batzorde Paritarioan arautuko da hori.

75. artikulua.- Bistaratze-pantailen aurreko lana.

1.- Bistaratze-pantailen aurrean lan egin behar dutenek azterketa medikoak egiteko eskubidea izango dute. Azterketa bat lanean hasi aurretik egingo da, eta hortik aurrera urtero beste bat. Garrantzi handia emango zaie begietako eta lokomozio-aparatuko arazoei eta arazo psikologikoei.

2.- Prebentzio Zerbitzuaren ardurapean egongo da bistaratze-pantailak dituzten lanpostuen egoera zaintzea. Arreta berezia jarri beharko dute baldintza ergonomikoetan (pantailen kokapena, mahai-motak, aulkiak...) eta giro egokirako baldintzetan (argia, egurastea, hotsak...).

3.- Pantaila aurreko lanak eragiten dituen gaixotasunen sintomaren bat agertuz gero, lanpostua bera aztertuko da, azterketa medikoa egiteaz gain.

4.- Lanaldi osoa bistaratze-pantailekin lan egiten ematen duten langileen kasuan, lanpostu guztiak zehatz-mehatz aztertuko dira eta, Prebentzio Zerbitzuak txostena egin ondoren, egoki diren neurri zuzentzaileak ezarriko dira, hala nola, lanean etenaldiak egitea eta/edo zereginak aldatzea.

Nolanahi ere, Batzordeari dagokio aurreko paragrafoetan jasotakoa betetzen den kontrolatzea eta horren segimendua egitea.

76. artikulua.- Laneko jazarpena eta arrisku psikosozialak.

Bere langileen arrisku psikosozialak atzemate aldera, Itsasmendikoi SAk bere egingo du EAEko Administrazio Orokorraren eremuan horretarako ezarritako prozedura, bai eta laneko jazarpenen salaketak dauden kasuetan aritzeko prozedura ere.

Nahitaezkoa izango da Segurtasun eta Osasun Batzordeari aurrez prozedura horien gainean iritzia eskatzea. Era berean, Batzordeari dagokio aurreko paragrafoetan jasotakoa betetzen den kontrolatzea eta horren segimendua egitea.

Halaber, Batzorde Paritarioak Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Agindua egokitu egingo du, Itsasmendikoi SAk, behar izanez gero, aplikatu dezan (2006ko urriaren 4ko Agindua, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituena).

77. artikulua.- Jarduera neketsu, toxiko eta arriskutsuak.

Jarduera bat neketsu, toxiko edo arriskutsutzat jotzeko, arlo horretako indarreko legerian xedaturikoa izango da kontuan.

78. artikulua.- Osasun-azterketak.

Hitzarmenaren eraginpean dauden langileei osasun-azterketak egingo zaizkie aldiro-aldiro, hurrengo paragrafoetan zehazten denaren arabera:

1.- Aldez aurretik edo lanera sartzerakoan egin beharreko azterketa. Nahitaezkoa izango da eta langilea enpresarako onartu aurretik egin beharrekoa.

2.- Urteroko ohiko azterketa.

Urteroko ohiko azterketak borondatezkoak izango dira, legezko araubide orokorra ezartzea baztertu gabe. Araubide hori ezarriz gero, Lantokien arteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari jakinarazi beharko zaio aurretiaz.

Nolanahi ere, emaitzak entregatu egingo dira, baina, aurretik, langileei eta Lantokien arteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari egin beharreko proben berri emango zaie.

79. artikulua.- Lanpostua egokitzeko edo lanpostuz aldatzeko prozedura.

Itsasmendikoi SAk prozedura espezifiko bat landuko du, Segurtasun eta Osasun Batzordearekin negoziatuz, eta hor arautu egingo dira osasun-arazoak direla-eta langileek lanpostua egokitzeko edo lanpostuz aldatzeko egindako eskabideak izapidetzeko jarduerak, helburua izanik langileen baldintza psikofisikoak lanpostuekin bat etortzea.

XIV. KAPITULUA

EMAKUMEEN ETA GIZONEN TRATU-BERDINTASUNA BERMATZEKO NEURRIAK.

80. artikulua.- Gizonen eta emakumeen berdintasunerako plana.

Hitzarmen honen indarraldian, berdintasun-plan bat landuko da Itsasmendikoi SAren esparruan, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako moduan. Horretarako, EAEko Administrazio Orokorrerako lantzen den plana hartuko da aintzat, honako hauek egokituz: diagnostikoa, azterketa eta finkatutako helburuak, estrategia eraginkorrak eta jarraipen- eta ebaluazio-sistemen ezarpena.

81. artikulua.- Lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea.

4/2005 Legearen 47. eta 48. artikuluetan ezarritako moduan, izaera paritarioko batzorde bat sortzea erabaki da, lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko planak aztertu eta abian jartzeko, eta emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna lortzeko. Batzorde hori 2011n hasiko da lanean.

82. artikulua.- Laneko jazarpenaren, sexu-jazarpenaren eta genero-indarkeriaren aurkako neurriak.

1.- Itsasmendikoi SAk laneko jazarpena eta sexu-jazarpena saihesteko lan-baldintzak sustatuko ditu. Hala berean, prestakuntza-planen barruan laneko jazarpena eta sexu-jazarpena prebenitzeko prestakuntza-ekintzak sartuko dira, langileei zuzenduak.

2.- Genero-indarkeriaren biktima diren langileek eskubidea izango dute honako babes-neurri hauek baliatzeko:

a) Lanaldia murriztea, ordainsariak proportzioan murriztuta, betiere babesa jasotzeko agindu judizialak iraun bitartean eta zehaztuko diren irizpideen arabera.

b) Lanaldia berrantolatzea, ordutegia egokituz, ordutegi-malgutasuna aplikatuz edo finkatu daitezkeen bestelako bideak erabiliz, betiere zehaztuko diren irizpideen arabera.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren langileek arrazoi horregatik lanera joaterik ez badaukate, asistentzia-falta horiek, erabatekoak edo partzialak, justifikatutzat joko dira, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak zehaztutako denboran eta baldintzetan.

d) Lantokiz aldatzea, horretarako aukerarik dagoen neurrian.

e) Eszedentzia hartzea, aurretiazko gutxieneko zerbitzu-aldia bete beharrik izan gabe eta eszedentzian egoteko ezarritako epeak aplikatu gabe.

Lehenengo sei hilabeteetan, langileei gorde egingo zaie betetzen zuten lanpostua, eta aldi hori kontuan hartuko zaie mailaz igotzeko eta hirurteko eta eskubide pasiboen ondorioetarako.

Hala ere, babes judizialeko jarduketen ondorioz biktimaren babes-eskubidea eraginkorra izateko beharrezkoa izanez gero, lanpostua gordetzen den eszedentzia-aldia luzatuko da hiru hileko epeetan, hamazortzi hilabeteetan gehienez ere, aurreko paragrafoan adierazitako ondorio berekin.

XV. KAPITULUA

HUTSEGITE ETA ZEHAPENEN GAINEKO ARAUBIDEA

83. artikulua.- Hutsegite eta zehapenen gaineko araubidea.

1.- Enpresako Zuzendaritzak, lantokiko edo arloko zuzendaritzaren, Giza Baliabideen arduradunaren edo Kudeatzailetzaren proposamenez, langileak zigortu egin ahalko ditu, laneko betekizunak konplitzen ez badituzte. Hitzarmen kolektibo honetan ezartzen den hutsegite- eta zehapen-mailaketaren arabera egingo du hori.

2.- Zehapenak jartzeko, ezingo da oporraldia murriztu edo langileek atsedenerako dituzten eskubideak mugatu.

3.- Langileak lanean ari dela edo lanaren ondorioz egindako hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

84. artikulua.- Hutsegiteak.

Hutsegite arinak dira:

a) Jendearekin eta lankide eta menpekoekin zuzen ez jokatzea.

b) Norberaren zereginak betetzerakoan berandu ibiltzea eta zabarkeriaz edo arduragabe jokatzea.

c) Lanera huts egin eta horren berri garaiz ez ematea, halabeharrezko kasuren batean ez bada.

d) Hilean egun batean edo bitan lanera ez joatea, arrazoitu gabe.

e) Hilean hiru egunetik gora edo bostetik behera berandu laneratzea, arrazoitu gabe.

f) Zerbitzuetako lokalak, materiala eta agiriak zaintzeko orduan arduragabe izatea.

g) Oro har, desenkusatzeko moduko arduragabekeriagatik edo zabarkeriagatik eginbeharrekin ez konplitzea.

Hutsegite larritzat hartuko dira:

a) Lanean diziplinarik ez izatea edo agintariak, lankideak edo menpekoak errespeturik gabe tratatzea.

b) Agintarien aginduak eta lanpostuak dituen egiteko zehatzak ez betetzea edo zerbitzurako kalte larriak ekartzen dituzten edo ekar ditzaketen zabarkeriak.

c) Laneko segurtasun eta higieneari buruzko arauak eta neurriak ez betetzea edo bazter uztea eta, ondorioz, langilearen edo beste langile batzuen osasuna eta osotasun fisikoa arriskuan jartzea.

d) Justifikatu gabe lanera ez joatea, hilean hiru aldiz.

e) Hilean bost egun baino gehiagotan eta hamar egun baino gutxiagotan, behin eta berriro lanera berandu iristea justifikaziorik gabe.

f) Lantokitik alde egitea, justifikaziorik gabe.

g) Gaixo egotearen edo istripuren bat izatearen itxurak egitea.

h) Beste langile batzuk lanera berandu etortzen direnean, etortzen ez direnean eta lantokitik alde egiten dutenean, egintza horiek estaltzea.

i) Ohiko edo hitzartutako laneko errendimendua gutxitzea, behin eta berriro eta nahita.

j) Lokalen, materialen edo zerbitzuetako agirien kontserbaziorako kalte larriak ekar ditzaketen zabarkeriak.

k) Jardun profesional, publiko edo pribatuak burutzea, bateragarritasunerako baimena eskatu gabe.

l) Enpresan lan egitearen zioz ezagutzen diren datu edo gaiez behar ez bezala baliatzea edo horien berri zabaltzea.

m) Hutsegite arinak behin eta berriro egitea hiruhileko batean, ezberdinak izan arren eta, horiek direla eta, zehapenak ezarri badira.

n) Alkoholaren, drogen edo beste edozein gai sorgarriren eraginpean joatea lanera.

Hutsegite oso larritzat hartuko dira:

a) Izendatutako lanetan iruzur egitea, leialtasunik ez izatea eta konfiantza-gehiegikeriak gauzatzea, eta dolozko delitu izan daitekeen beste edozein jokaera.

b) Agerian mendekotasuna ukatzea, nahiz banaka nahiz taldean.

c) Zerbitzuko datuak eta informazioak nahita faltsutzea.

d) Justifikatu gabe lanera ez joatea, hilean hiru egun baino gehiagotan.

e) Justifikatu gabe, behin baino gehiagotan lanera berandu joatea, hilean hamar egunetan edo gehiagotan, edo hiruhileko batean hogei egunetan baino gehiagotan.

f) Hutsegite larriak behin eta berriro egitea sei hilabeteko epean, ezberdinak izan arren, eta horiek direla-eta, zehapenak ezarri badira.

g) Enpresari, lankideei edo beste edozein pertsonari lapurtzea, indarkeriaz nahiz gabe, enpresan bertan, edo, bertatik kanpo izanda ere, lanorduetan.

h) Lanorduetan, alkohola, droga edo beste edozein gai sorgarri kontsumitzea, eta lanpostuaren egiteko eta zereginak halakoen eraginpean betetzea.

85. artikulua.- Zehapenak.

Hutsegiteen sailkapenaren arabera, zehapen hauek ezar daitezke:

a) Hutsegite arinak:

● Idatzizko ohartarazpena.

● Enplegua eta soldata kentzea, bi egunez gehienez.

● Justifikatu gabeko asistentziak edo berandu iristeak direla eta, lan egiteari benetan utzi zaion aldiari dagozkion soldatak proportzionalki kentzea.

b) Hutsegite larriak:

● Enplegua eta soldata kentzea, bi egunetik hilabetera bitartean.

c) Hutsegite oso larriak:

● Enplegua eta soldata kentzea, gutxienez hilabetez eta gehienez hiru hilabetez.

● Lanpostu-mailetan gora egiteko gaitasuna kentzea, bi urterako gehienez.

● Kaleratzea.

Diziplinako hutsegite baten kariaz kaleratzen den langileari bere lanpostura itzultzeko eskubidea bermatuko zaio, betiere eskumena duen jurisdikzioak kaleratzeari ez bidezko baderitzo.

86. artikulua.- Prozedura.

Hutsegite larri eta oso larriengatik zehapenak jartzeko, zehapen-espedientearen izapideak egin behar dira aurrez; espedienteari hasiera eman zaiola jakinaraziko zaie langileen ordezkariei eta interesdunari, eta entzunaldia emango zaio bai interesdunari bai ordezkariei.

87. artikulua.- Preskripzioa.

Lantokiko edo arloko zuzendaritzak edo Giza Baliabideen arduradunak hutsegitearen berri izan duenetik hamar egunera preskribituko dira hutsegite arinak; larriak hogei egunera eta oso larriak hirurogei egunera. Etenda geratuko dira epeak, hasitako espedientearen ondoriozko ekintzaren baten eraginez edo hasi baino lehen gauzatu daitekeen ekintzaren baten ondorioz, baldin eta etena sei hilabetetik gorakoa ez bada, espedientea egin zaion langileak errurik ez duela.

XVI. KAPITULUA

SINDIKATUEN JARDUERA

88. artikulua.- Sindikatuen jarduera.

1.- Indarreko legedian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko eskubide eta zeregin sindikalak zehazteko esparru-akordioan xedatzen denaren arabera gauzatuko da hitzarmen honen eraginpeko langileen jarduera sindikala.

Halaber, sindikatuek enpresan lana gauzatzeko beharrezko diren baliabideak jarriko ditu enpresak, hala nola, telefonoa, informatika sarea, liburutegia eta lantokien arteko joan-etorrien gastuak.

89. artikulua.- Teknologia berrien erabilera demokratikoa.

Hona hemen teknologia berrien erabilera demokratikoaren oinarrizko printzipioak:

Sindikatu eta langileen arteko informazio-eskubideak.

○ Sindikatuek enpresako posta elektronikoa erabili ahal izango dute langileekin harremanetan jartzeko.

○ Sindikatuetako ordezkari eta langileen arteko komunikazio errazteko, gai sindikalei buruzko iragarki-taula birtuala eratuko da.

Langileen eskubide eta betebeharrak, Interneteko sarbideari eta posta elektronikoaren erabilerari dagokienez.

● Langileek posta elektronikoa erabiltzea izango dute.

● Posta elektronikoak jaso eta bidaltzeagatik ez da zehapenik jarriko, salbu eta kontratu-iruzurra edo eskubide-abusua egiten bada.

● Langile bakoitzak posta elektroniko korporatiboko helbide bat izango du.

● Era berean, sindikatuek kudeatutako Internet edo intraneteko webguneetan sartzea izango dute langileek, bai eta laneko eskubideen gaineko gai garrantzizkoak aztergai dituzten bestelako webguneetan ere.

● Ez da ohiturazko behaketarik egingo bisitatutako webguneen gainean.

Enpresaren ahalmena lan-tresnak zuzendu eta kontrolatzeko.

● Enpresaburuek kontrol- eta behaketa-lanari ekin aurretik, aurrez negoziatu beharko lukete langileen ordezkariekin.

● Langilearen bortxaezintasunari dagokionez, Langileen Estatutuaren 18. artikulua egokitu behar da; hartara, langileak erabilitako komunikabide elektronikoen gaineko edozein auditoria egiteko, honako baldintza hauek bete beharko dira: legez kanpoko edo gehiegizko erabileraren zantzu argiak egotea; auditoria lan-orduetan eta, hala eskatuz gero, langileen ordezkari baten aurrean egitea, eta langilearen duintasun eta intimitatearekiko errespetua zaintzea.

● Gainera, frogatu beharra dago «ez-legezko» erabileraren erantzulea kasuan kasuko langilea dela; izan ere, egun, baliabide teknikoak erabiliz posta elektronikoko mezuak bidali daitezke edo ordenagailu batean sartzeko pasahitz pertsonalak «saihestu», langile baten lekua hartuta. Arrisku hori murrizteko, enkriptatze-sistemak erabil litezke, izenpe elektronikoaren autoritate ziurtagiri-emaileren batek emandako gakoen bidez.

XVII. KAPITULUA

ALDI BATERAKO LAN-ENPRESAK ETA AZPIKONTRATAZIOAK

90. artikulua.- Aldi baterako lan-enpresak.

Aldi baterako lan-enpresei dagokienez, Itsasmendikoi SAk Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorraren erabakiak beteko ditu.

91. artikulua.- Zerbitzuak kanporatzea.

1.- Itsasmendikoi SAk, ahal dela, bitarteko propioak erabiliko ditu bere jarduna garatzeko behar dituen zerbitzuetarako.

Hitzarmen hau indarrean jartzen denetik aurrera, Itsasmendikoi SAk konpromisoa hartzen du ez duela kanpora aterako jarduera berririk, ezta lehendik dagoen eta azpikontratatu gabekoa den beste zerbitzurik ere. Nolanahi ere, zerbitzuak kanporatzeko irizpideen gainean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean indarrean dauden erabakiak beteko dira.

Dagoeneko kanpora aterata dauden jarduerak berraztertuko dira, legezko araudia betetzen den egiaztatze aldera. Langileen legez kanpoko lagapena eragozteko, mekanismo guztiak jarriko dira martxan.

2.- Zerbitzuen kontratazioari dagokionez, EAEko Administrazioak administrazio eta sozietate publikoen berezko antolamendu-gaitasuna langileen lan-baldintzen hobekuntzarekin bateragarri egiteko araudian ezarritakoa beteko du Itsasmendikoi SAk.

3.- Dagoeneko kanpora aterata dauden jarduerei dagokienez, Itsasmendikoi SA sozietate publikoak honako baldintza hauek beteko ditu:

a) Zerbitzu bat kontratu publikoen bidez esleitzean, enpresa esleipendunak bere langileen subrogazioa bermatu beharko du plantillaren egonkortasuna ahalbidetzeko, sektoreko hitzarmenek diotena diotela, eta esleipena egitean langileek dituzten baldintza errealak errespetatuta. Horren haritik, aurrerantzean izapidetuko diren espediente berrien baldintza-pleguetan subrogazio-klausula jasoko da, eta halaber, gardentasunaren eta fede onaren baldintzak ere betearaziko dira.

Nolanahi ere, puntu honetan ezarritakoa honako egoera hauetan bakarrik aplikatuko da:

a.1.- Lan-kontratua duten langileei bakarrik aplikatuko zaie subrogazioa baldin eta gutxienez azken sei hilabeteetan Itsasmendikoi SAren esparruan lan egin badute (bukaerara arte egindako ordezkapenak ere zenbatuko dira).

a.2.- Edonola ere, subrogazioa ez zaie inoiz aplikatuko enpresa kontratista lagatzailearen jabeei, akziodunei eta zuzendariei, ezta horien senideei ere, ahaidetasunezko bigarren mailara artekoak barne direla.

b) Baldintza-pleguen bidez bermatu egingo da enpresa kontratistak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko legeak betetzen dituela. Alde horretatik, lehentasuna izango dute ezbehar-indize txikiena dutenek eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak (luzaroko langabetuak, emakumeak...) kontratatzen dituztenek. Era berean, kontuan hartu beharreko gizarte-arloko irizpideen barruan, oso balorazio positiboa emango zaie enpresei baldin eta euren langileen lan-baldintzak (ordainsariak eta lanaldia) Itsasmendikoi SAko langileen baldintzekin ahalik eta gehien parekatzen badituzte; neurri horren bidez lortu nahi da enpresetako langileen soldata- eta gizarte-baldintzak eta gainerakoenak ahalik eta berdintsuenak izatea.

c) Ordainsari eta lan-baldintzei dagokienez, enpresa kontratistaren langileei jardueraren arabera aplikagarria den sektoreko hitzarmena bermatuko zaie, gutxienez, edo, bestela, enpresaren hitzarmena, hura baino hobea baldin bada.

d) Zerbitzuen enpresa esleipendunek ezin izango dizkiote zerbitzu horiek hirugarren bati azpikontratatu.

4.- Itsasmendikoi SAk konpromisoa hartzen du enpresa kontratisten langileen soldata- eta gizarte-baldintzak eta bere langileenak homologatzeko..

92. artikulua.- Azpikontratazioak.

Itsasmendikoi SAk honako hauek eskatuko dizkie azpikontratatutako enpresei zerbitzua eman baino lehen:

● Gizarte Segurantzako kuotak ordaindu izanaren egiaztagiria edo Langile Autonomoen Erregimen Bereziko azken hiru agiriak.

● Gizarte Segurantzari kotizatzeko azken TC-2 agiria.

● Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko Araudia eta Legea aplikatzen dela egiaztatzea.

● Lan eta Gizarte Segurantza arloan indarrean dagoen araudia betetzea.

Merkataritza-kontratua sinatzen denetik hamar eguneko epean gehienez, Itsasmendikoi SAk azpikontratazioari buruzko informazio hau emango die langileen ordezkariei:

● Azpikontratatutako enpresen identitatea.

● Kontratuaren xedea eta iraupena.

● Kontratua non gauzatuko den.

● Kontratuko langile-kopurua enpresa nagusiaren lantokian.

● Aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hitzarmen honetan aurreikusi gabeko guztirako, Langileen Estatutuan eta gainerako legezko xedapen edo arauetan xedatutakoari eta Itsasmendikoi SA sozietate publikoari aplikagarri zaizkion bestelako akordioetan xedatutakoari atxikiko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2010. urtean aplikatutako ordainsari-murrizketen aurka irekitako prozedurak ebazpen judizialaren zain daude; hortaz, behin epai irmoa emanda, berorrek deklaratzen badu aplikatutako ordainsari-murrizketak zuzenbidearen aurkakoak direla, Itsasmendikoi SAk egokitu egingo ditu hitzarmen kolektibo honetako II. eta III. eranskinetan ezarritako ordainsariak eta ordaintzeke geratutako zenbatekoak ordainduko ditu.

Hala egingo da hitzarmen hau indarrean dagoen urte guztietan.

I. ERANSKINA

LANBIDE-SAILKAPENA

LANBIDE-KATEGORIAK

1.- Zuzendari gerentea.

2.- Zuzendari teknikoa.

3.- Lantokiko zuzendaria.

4.- Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria.

5.- Prestakuntzako eta Laneratzeko arduraduna.

6.- Administrazioko arduraduna.

7.- Estrategia eta Kalitatea Planifikatzeko arduraduna.

8.- Giza Baliabideen arduraduna.

9.- Etengabeko Prestakuntzaren koordinatzailea.

10.- Ikasketa-burua.

11.- Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko teknikaria.

12.- Administrazioko teknikaria.

13.- Teoriako irakaslea.

14.- Praktikako irakaslea.

15.- Erkidegoko Programen arduraduna.

16.- Praktiketako monitorea.

17.- Administraria.

18.- Eraikinak Mantentzeko ofiziala.

19.- Nekazaritza Mantentzeko ofiziala.

20.- Itsasontziko mantentze-ofiziala.

21.- Sukaldeko arduraduna.

22.- Sukaldaria.

23.- Garbitokiko arduraduna.

24.- Mantentzeko ofizial laguntzailea.

25.- Administrari laguntzailea.

26.- Sukaldeko laguntzailea-garbitzailea.

27.- Peoia.

II. ERANSKINA

ORDAINSARI-SISTEMA.

Itsasmendikoi SAko langileentzat honela banatuko da ordainsari-sistema: oinarrizko soldata, antzinatasuna eta, baldintza, ezaugarri edo betetako postuen arabera langileek jaso ditzaketen eta ordainsari-erregimen honetan aurreikusita dauden gainontzeko plusak.

Lanbide-kategorien oinarrizko soldata, 2010eko abendurako

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Oinarrizko soldata horiek urteko soldata gordinak dira.

III. ERANSKINA

LANBIDE-KATEGORIAK ETA -TALDEAK, ANTZINATASUNAREN ONDORIOETARAKO

Hirurtekoak.

1.- Antzinatasunari dagozkion ordainsarien zenbatekoak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

Hirurteko bakoitza bere muga-egunaren hurrengo hilaren lehenengo egunetik aurrera hasiko da ondorioak sortzen.

Langile finkoen hirurtekoak hobetzeko, edozein administrazio publikotan benetan lan egindako zerbitzu guztiak hartuko dira aintzat, izan karrerako funtzionario legez, bitarteko legez, edo izan edozein kontratu motatan administrazio edo lan zuzenbideko erregimenez kontratatuta.

Aurretik emandako zerbitzuak interesdunak aurretik eskatuta hartuko dira aintzat, eta zerbitzu horiek bete ziren lantokietako zuzendariek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko dira; ziurtagirian, urteak, hilabeteak eta egunak jasoko dira, baita jardundako lanbide-kategoriak ere.

2.- Horretarako, hitzarmen honi atxikitako langileak talde hauetan sailkatuko dira:

I. taldea:

● Zuzendari gerentea.

● Zuzendari teknikoa.

● Ikastetxeko zuzendaria.

● Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria.

● Prestakuntzako eta Laneratzeko arduraduna.

● Administrazioko arduraduna.

● Estrategia eta Kalitatea Planifikatzeko arduraduna.

● Giza Baliabideen arduraduna.

● Etengabeko Prestakuntzaren koordinatzailea.

II. taldea:

● Ikasketa-burua.

● Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko teknikaria.

● Administrazioko teknikaria.

● Teoriako irakaslea.

● Praktikako irakaslea.

● Erkidegoko Programen arduraduna.

III. taldea:

● Praktikako monitorea.

● Administraria.

● Sukaldeko arduraduna.

● Eraikinak Mantentzeko ofiziala.

● Makinak Mantentzeko ofiziala.

● Itsasontziko mantentze-ofiziala.

IV. taldea:

● Sukaldaria.

● Garbitokiko arduraduna.

● Mantentzeko ofizial laguntzailea.

V. taldea:

● Sukaldeko laguntzailea-garbitzailea.

● Administrari laguntzailea.

● Peoia

Hala ere, zenbait langilek lehendik zenbateko handiagoak jasotzen bazituzten, pertsonalki eta indibidualki errespetatuko dira.

IV. ERANSKINA

PLUSAK

Erantzukizun-plusa: 4.332,48 euro gordin, urteko, 12 hilabetetan banatuta. Lanpostua kontuan hartuta, zailtasun eta erantzukizun berezia duten eginkizunak dituen langileari emango zaio plus hau; ordutegi bereziak bete behar izatea ekar dezake, gainera. Plus hau ez da finkagarria, eta langileak plus hau dagokion lanpostuan diharduen artean sortuko da.

Dedikazio bereziko plusa: 2.726,03 euro gordin, urteko, 12 hilabetetan banatuta. Ohiko ordutegitik kanpo, prestasun handiagoa eskatzen duten lanpostuetan aritzen diren langileei emango zaie plus hau. Plus hau ez da finkagarria eta langileak plus hau dagokion lanpostuan diharduen artean sortuko da.

Jarduera-plusa: 2.406,96 euro gordin, urteko, 12 hilabetetan banatuta. Enpresako produkzio, teknologia eta antolaketako beharren arabera, jarduera bereziak agintzen zaizkienei emango zaie plus hau. Jarduera berezia amaitzen denean kenduko da plus hori, ez da finkagarria.

Tutoretza-plusa: 2.323,32 euro gordin, urteko, 12 hilabetetan banatuta. Ikasleen tutoretza egiten denean emango da. Aipatu tutoretzak dirauen artean sortuko da plus hori, ez da finkagarria.

Borondatezko plusa: gure enpresan sartu baino lehenago EAEko Administrazioko funtzionario ziren langileei kalterik ez egiteko, Administrazio Publikoaren zerbitzura emandako urteak ezin baitira kontatu, plus hau aurreikusi da kasu horiek erregularizatzeko, Nekazaritza Eskolak lehengo sozietatean -Mendikoi SAn- batu direnetik aurrera.

Neke-plusa eta/edo gaueko lanaren plusa: 3.482,76 euro gordin, urteko. Plus hauek Nekazaritza Eskolak lehengo sozietatean -Mendikoi SAn- sartu baino lehen aurreikusten zirenez, mantendu egiten dira.

Erantzukizun-plusa, dedikazio bereziko plusa eta jarduerako plusa interesdunak eskatuta emango dira, lantokiko edo arloko zuzendaritzak eta zuzendari gerenteak aldeko txostena eman eta gero.

Edukiarekiko adostasuna agertzeko, Itsasmendikoi SA sozietate publikoaren hitzarmen kolektibo hau izenpetzen da, Arkautin, bi mila eta hamarreko abenduaren hogeita batean.


Azterketa dokumentala