Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2011ko azaroaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
5618

45/2011 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinen bidez xedatzen baita Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki hau argitara ematea: «ESS-Eurpako Espalazio bidezko Neutroien Iturriaren (Bilbao European Spallation Source Bilbao) Partzuergoaren Estatutuak aldatzea».

2011ko azaroaren 8an egindako batzarrean, Jaurlaritzaren Kontseiluak zera erabaki zuen: ESS-Europako Espalazio bidezko Neutroien Iturriaren (Bilbao European Spallation Source Bilbao) Partzuergoaren Estatutuak aldatzea; eta horri beharrezko publizitatea emateko, hauxe

EBATZI DUT:

Lehen artikulua.- «ESS-Europako Espalazio bidezko Neutroien Iturriaren (Bilbao European Spallation Source Bilbao) Partzuergoaren Estatutuak aldatzeko Erabakiaren» testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 8a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK AZAROAREN 8AN EMANDAKO 45/2011 EBAZPENARENA

EUROPAKO Espalazio bidezko Neutroien IturriAREN (Bilbao European Spallation Source Bilbao) Partzuergoaren Estatutuak aldatzeko ERABAKIA

2006ko abenduaren 22an, Hezkuntza eta Zientzia MinisteriOak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena bat formalizatu zuten, zeinaren helburua honako hau baita: Europako Espalazio bidezko Neutroien Iturriaren (Bilbao European Spallation Source Bilbao, ESS) proiektua eraiki eta ustiatzea.

Eratu zen Partzuergoak izaera juridiko propioa du, bere kideen nortasunetatik berezia dena; eta horretaz gain, baditu Estatutuak ere. Ebazpen baten bidez, Lankidetza-hitzarmena BOEn argitaratzeko agindu zen, eta hala egin zen 2007ko martxoaren 26ko BOEn (73. zk.). Bada ebazpena horren bidez, batetik, onartu ziren estatutuak, eta, bestetik, bere eranskinean jaso ziren. Parteek erabaki zuten ezen, Hitzarmenak sinatzen zenetik 2010eko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango zuela.

Aipatu lankidetza-hitzarmena sinatu zenean, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak zuen ikerketa teknikoa eta zientifikoa sustatu eta orokorki koordinatzeko politikaren gaineko eskumena; baina, orain Zientzia et Berrikuntza Ministerioarena da,

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza honelakoxe konpromisoaz gauzatu zen: aipatu proiektuaren prestakuntza-faserako partzuergo bat sortu eta martxan jartzeko hartu zuten konpromisoaz hain justu ere. 2009ko ekainaren 10ean, Gobernu Suediarrean eta Gobernu Espainiarrean ikerketa zientifikoaren arloan eskumenka zituzten departamentuek akordio bat sinatu zuten, hain justu ere, ESS -egoitza biko proiektu bakar gisa- garatzeko hautagaitza bateratua formalizatzeko: Egoitza nagusia LUD-en, eta bestea Bilbon; bestalde, Espainiari ematen zitzaizkion jabetzaren % 10 eta ESS-ren lehendakariordetza.

Bilboko egoitzaren xede nagusiak hauexek dira: ESS-ren osagaiak ikertu, garatu, prototipotu eta entseatzeko ikerketa-zentro nagusia izatea. Eta guzti hori, bai hasierako faseetan diseinu kontzeptuak aztertzeko, bai ESS hobetu eta hedatzeko diseinu zehatza eta eraikuntza garatzeko fasean eta baia geroko garapenetan ere; eta horretaz gaian, Europako hegoaldean eta erdialdean, adimen-, hezkuntza- eta hedapen-zentro legez funtzionatzeko eta ESSan saiakuntzak egiteko, komunitate zientifikoak sarbide-estazio bat -urrutitik erabiltzekoa- izatea. Tresna zientifikoak garatzeko, Egoitzako instalazioak eta kapazitateak baliatu ahal izango dituzte ikertzaileak, ESSrako zein beste instalazio zientifiko batzuetarako.

Azeleragailuak ikertu, garatu, diseinatu eta fabrikatzeko erreferentzia-zentroa izateko, behar dituen instalazioak izanen ditu Bilboko Egoitzak; eta horretaz gain, ESSren entseguetarako zentro printzipala izango da, eta bai mundu guztiko ikertzaileek, Bilbotik eta ESSan, entseguak egiteko zentroa -urrutiko sarbidea duena- ere.

Eta hori dela-eta, indarrean den hitzarmeneko bederatzigarren klausulak ematen dizkien ahalak eta indarrean den arautegiak exijitzen dituen prozedurekin bat etorriaz, parteek hitzarmena aldatzea adostu zuten, hain justu ere Europako Espalazio bidezko Neutroien Iturriaren egoitza, Bilbon ezarri beharrekoa, eraiki, ekipatu eta ustiatzeko tresna egokia bihurtzeko. 2010eko uztailaren 28an, Partzuergoaren Artezkaritza Kontseiluak erabaki eta adostu zuen aipatu aldakuntza, eta horretaz gain, beste hitzarmen bat eta beste estatutu batzuk emateko erabakia ere hartu zuen.

Partzuergoko kide ziren bi administrazioetako organo egokiek erabaki zuten onarpena: 91/2010 Ebazpena, abenduaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinarekin xedatzen baita honakoak argitara ematea: batetik, Jaurlaritzak egindako hitzarmena, eta, bestetik, Ikerkuntzako estatu-idazkariak 2011ko urtarrilaren 5ean hartutako Ebazpena; izan ere, ebazpen horren bitartez argitara ematen baita honako hau: Europako Espalazio bidezko Neutroi Iturriaren (ESS-Bilbao European Spallation Source Bilbao) Espainiako Egoitza eraiki, ekipatu eta ustiatzeko lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoarekin egindakoa.

Geroztik, 2011. urteko lehen hiruhilekoan zehar, lanaren fase berriaren ezaugarri bereziak zirela-eta, pentsatu dute egokia dela aldaketak egitea Partzuergoaren Estatutuetan, idazki honi eransten zaion testuaren arabera.

Jaurlaritzaren Kontseilu honek onartutako hitzarmenaren testuko laugarren klausulan jasotako aurreikuspenekin bat etorriaz, sasoi baten erabaki eta onartutako finantzaketa-baldintzei eta kostuei dagokienez, aipatu aldaketek ez dakarte inolako aldaketarik.

Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, eztabaidatu ostean, honako hau

ERABAKI DU:

«Lehenengoa.- «ESS-Europako Espalazio bidezko Neutroien Iturriaren (Bilbao European Spallation Source Bilbao) Partzuergoaren Estatutuen aldaketa onartzea; 2010eko uztailaren 28an, Artezkaritza Kontseiluak hartutako Erabakiaz onartu ziren; hain justu ere, Partzuergoko administrazioek, hau da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak -2011-11-02ko Artezkaritza Kontseiluan- adostutako testuaren arabera.

Bigarrena.- Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Idazkaritzak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du».

EUROPAKO ESPALAZIO BIDEZKO NEUTROIEN ITURRIAREN ESPAINIAKO EGOITZA (ESS BILBAO EUROPEAN SPALLATION SOURCE BILBAO) ERAIKI, HORNITU ETA USTIATZEKO PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Eratzea.

Europako Espalazio bidezko Neutroien iturriaren Espainiako egoitza eraiki, hornitu eta ustiatzeko Partzuergoa (aurrerantzean, Partzuergoa) zuzenbide publikoko erakunde gisa eratzen da, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak (aurrerantzean, EAE) osatutakoa, hurrenez hurren, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren (aurrerantzean, MICINN) eta Eusko Jaurlaritzan ikerketaren arloan eskumena duen sailaren bitartez.

Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 3. artikuluko 2.e) atalaren arabera. Partzuergoa administrazio publikotzat hartzen da, eta irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa eratzen da.

2. artikulua.- Nortasun juridikoa.

Partzuergoak berezko nortasun juridikoa eta erabateko ahalmena du dagozkion berariazko helburuak betetzeko.

3. artikulua.- Helburuak.

Partzuergoaren helburua da berori osatzen duten administrazioen lankidetza zientifikoa, ekonomikoa, teknikoa eta administratiboa kudeatu eta sustatzea, Europako Espalazio bidezko Neutroien iturriaren Espainiako egoitza (ESS-Bilbao European Spallation Source Bilbao, aurrerantzean ESS Bilbao) eraiki, hornitu eta ustiatzeko; edota, hala badagokio, azpiegitura zientifiko independentea eraikitzea, bi aldeek sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzetan.

4. artikulua.- Iraupena.

Partzuergoa haren kausa den lankidetza-hitzarmenaren indarraldira arte eratzen da.

5. artikulua.- Araubide juridikoa.

Partzuergoa zuzentzen dute estatutu hauen xedapenek, haiek garatzeko emandako barne araudiak, eta Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren antolamendu juridikoak.

6. artikulua.- Egoitza.

Partzuergoaren egoitza hau da: Laida bidea, 207 B eraikina, 48160 Derio, Bizkaia.

II. KAPITULUA

GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

7. artikulua.- Zerrendatzea.

Partzuergoaren gobernu eta administrazio organoak honako hauek dira:

a) Kontseilu Errektorea.

b) Batzorde Eragilea.

d) Zuzendari Eragilea.

c) Zuzendari Zientifikoa.

8. artikulua.- Kontseilu Errektorearen osaera eta izaera.

1.- Kontseilu Errektorea da Partzuergoaren gobernu eta administrazio organo gorena.

2.- Kontseilu Errektorea honako kide hauek osatzen dute:

a) Lehendakaria: Kontseilu Errektorearen lehendakaritza urtero txandakatuko da eta, hasiera batean, Eusko Jaurlaritzan ikerketaren arloan eskumena duen sailaren titularrak nahiz hark horretarako izendatzen duen pertsonak hartuko du bere gain, eta, jarraian, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren titularrak nahiz hark horretarako izendatzen duen pertsonak.

b) Lehendakariordea: Kontseilu Errektorearen lehendakariordetza urtero txandakatuko da eta, hasiera batean, MICINNen titularrak nahiz hark horretarako izendatzen duen pertsonak hartuko du bere gain, eta, jarraian, Eusko Jaurlaritzan berrikuntza teknologikoaren arloan eskumena duen sailaren titularrak nahiz hark horretarako izendatzen duen pertsonak.

c) Batzordekideak: Kontseiluko kide izango dira Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren lau ordezkari, MICINNen titularrak izendatutakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lau ordezkari, EAEko Gobernu Batzordeak izendatutakoak.

Idazkari gisa jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe, Kontseilu Errektoreak izendatutako pertsonak.

Era berean, Kontseiluaren bileretara Zuzendari Eragilea eta Zuzendari Zientifikoa bertaratuko dira, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

3.- Kontseilu Errektorearen bileretara bertaratu ahal izango dira (eta hitza izango dute, baina botorik ez), egoki iruditzen zaienean, MICINNen titularra, Eusko Jaurlaritzan ikerketaren arloan eskumena duen sailaren titularra eta berrikuntza teknologikoaren arloan eskumena duen sailaren titularra, nahiz horiek izendatzen dituzten pertsonak, ohorezko lehendakari eta lehendakariorde gisa, hurrenez hurren; baina, haien presentzia ez da kontuan hartuko quorumaren ondorioetarako.

4.- Kontseilu Errektoreko kideak lau urte berriztagarriko aldi baterako hautatuko dira; baina, dena den, haiek izendatu dituen erakundeak askatasunez eta noiznahi kendu ahal izango ditu, eta dagokion ordezkoa izendatu beharko du. Ordezkoa Kontseilu Errektoreko kide izango da ordezkatutako pertsonak izendatu zeneko aldia amaitu arte.

5.- Betetzen duten karguaren arrazoiagatik izendatutako Kontseilu Errektoreko kideek kide izateari utziko diote kargu hori uzten duten unean, eta kargua betetzeko izendatzen dutena izango da kide berria.

6.- Kontseilu Errektorean, karguaren arrazoiagatik izendatutako kideen ordez, horiek karguan araubidez ordezkatzen dituztenak edo idatziz berariaz izendatzen dituztenak jarri ahal izango dira.

7.- Kontseilu Errektoreko kideek ez dute ordainsaririk jasoko karguan jarduteagatik, euren eginkizuna betetzeak sorrarazten dizkien gastuen ordain-eskubidearen kaltetan izan gabe.

8.- Kontseilu Errektoreko kideak ezingo dira izan ESS-Bilbaoko langile plantillakoak.

9. artikulua.- Kontseilu Errektorearen eskumenak.

Kontseilu Errektoreak honako eskumenak izango ditu:

a) Partzuergoaren jarduteko arau, jarraibide eta irizpide orokorrak finkatzea, eta haren helburuak betetzeko jarraitu beharreko kudeaketa-modua onartzea.

b) Batzorde Eragileak proposatuta, Partzuergoaren urteko aurrekontuak, urteko kontuak eta amaitutako aurrekontuaren kitapena onartzea.

c) Partzuergoan sartutako administrazioei, hala badagokio, haiek egin beharreko transferentziak egokitu ditzaten proposatzea.

d) Litezkeen aurrekontu aldaketei dagozkien zenbatekoen mugak ezartzea.

e) Partzuergoaren inbertsio eta finantzaketa programak onartzea.

f) Administrazioan sartutako administrazioei proposatzea, Finantza Batzordeak txostena eman ondoren, diruzaintzako aldi baterako desfaseei aurre egiteko Partzuergoak behar litzakeen zorpetze eragiketak, halakotzat ulertuta behin edo behin eta aparteko kasuetan sor litezkeen likidezia gabeziako egoerak, zorraren saldo biziak aurrekontuaren ehuneko bost gainditu ahal izan gabe.

g) Batzorde Eragileak proposatuta, jardunen eta proiektuen urteko plana onartzea.

h) Zuzendari Eragilea eta Zuzendari Zientifikoa izendatu eta bereiztea, haien kontratazio aldiak zehaztea eta euren karguen jardunen jaso beharreko ordainsariak finkatzea.

i) Partzuergoan sartutako administrazioei Estatutuen aldaketa proposatzea.

j) Partzuergoa desegitea erabakitzea, estatutu hauen 23. artikuluan jasotako kasuan, eta, era berean, hura likidatzeko era erabakitzea.

k) Obrak, ondasunak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzeko Batzorde Eragileak eta Zuzendari Eragileak baimendu ditzaketen muga ekonomikoak finkatzea.

l) Batzorde Betearazleak proposatuta, ESS-Bilbaoko langileen soldata esparrua, eta haren plantillaren egitura orokorra eta mugak onartzea.

m) Partzuergoan sartutako administrazioei kide gehiago onartzeko proposamena egitea. Horiek sektore publikoari dagozkion irabazi asmorik gabeko administrazio publiko, erakunde publiko edo erakunde pribatu izango dira.

n) Partzuergoaren egoitza aldatzea.

- ESS-Bilbaoren jardueren urteko memoria onartzea.

p) Batzorde Eragileak proposatuta, Partzuergoan sartutako administrazioek lagatako ondasun higigarriak edo higiezinak (baldin eta Partzuergoaren helburuetarako jadanik erabilgarriak ez badira) eta horrek berekin dakarren gastu aurrekontua itzul daitezen onartzea.

q) ESS-Bilbaon garatu beharreko programa zientifikoa onartzea.

r) Partzuergoan sartutako administrazioek ados jarrita ezar dezaketen beste edozein eskumen.

10. artikulua.- Kontseilu Errektorearen deialdi eta bilkuren araubidea.

1.- Kontseilu Errektoreak urtean bi bilera arrunt egingo ditu, eta ezohiko bilerak lehendakariaren ekimenez edo Partzuergoan sartutako administrazioetako batek eskatuta egingo ditu. Bilerak modu presentzialean edo modu birtualean, bideo konferentzia bidez, egin ahal izango dira. Idazkariak deituko ditu bilerak, lehendakariak berariaz eskatuta, eta aldez aurretik gai-zerrenda jakinaraziko du, gutxienez zazpi egutegi-egun lehenago ohartarazita.

Era berean, eta Lehendakariaren nahiz ordezkatutako alderen baten ekimenez, bilera horietara beste edonor deitu ahal izango da, dagokion gai-zerrendan sartutako gaien arabera haiek bertaratzea egokitzat jotzen bada.

2.- Bilerak egin ahal izateko, lehendakariak edo lehendakariordeak, idazkariak eta Partzuergoa osatzen duten erakundeetako bakoitzaren beste ordezkari batek bertaratu behar izango dute.

3.- Batzorde Errektorean ordezkatutako alde bakoitzak boto bakar zatiezin bana izango du, erakundeak bilera bakoitzean izendatzen duen ordezkariaren esku. Hona erakunde bakoitzaren boto ehunekoa:

MICINN: % 50

EAE: % 50

4.- Kontseilu Errektorearen erabakiak aho batez hartuko dira.

5.- Batzorde Errektoreak idatzizko prozeduraren bidez hartu ahal izango ditu erabakiak.

11. artikulua.- Kontseilu Errektoreko lehendakariaren eskumenak.

Kontseilu Errektoreko lehendakariak honako eskumenak izango ditu:

a) Partzuergoaren ordezkaritza gorena izatea.

b) Batzorde Errektorearen bilerak deitzea, haien buru izatea eta amaitutzat ematea, bai eta haren eztabaidak zuzentzea ere.

Lehendakaria ez balego, lehendakariordeak jardungo du eginkizun horietan.

12. artikulua.- Batzorde Eragilearen osaera eta izaera.

1.- Partzuergoaren jarduerak jarraitu eta gauzatzeko, Kontseilu Errektoreak izendatutako honako kide hauek osatutako Batzorde Eragilea eratuko da:

a) Bi, MICINNen izenean. Gutxienez horietako bat Kontseilu Errektoreko kide izango da. Bietako edozeinek Batzordeko lehendakari edo lehendakariorde gisa jardun ahal izango du, MICINNi kargu horiek betetzea egokitzen zaionean.

b) Bi, EAEren izenean. Gutxienez horietako bat Kontseilu Errektoreko kide izango da. Bietako edozeinek Batzordeko lehendakari edo lehendakariorde gisa jardun ahal izango du, EAEri kargu horiek egokitzen zaizkionean.

Idazkari gisa jardungo du Kontseilu Errektorean eginkizun hori betetzen duenak, hitzarekin baina botorik gabe.

Zuzendari Eragileak eta Zuzendari Zientifikoak Batzorde Eragilearen bileretan parte hartuko dute, hitzarekin baina botorik gabe.

2.- Batzordeko lehendakaritzaren eta lehendakariordetzaren jarduna txandakatu egingo da, Kontseilu Errektorerako aurreikusitako aldizkatze berarekin, kontuan izanik Partzuergoan sartutako administrazio berak ezin duela bi organoen lehendakaritzan aldi berean jardun.

3.- Izendatutako kideak ezingo dira izan ESS Bilbaoko langile plantillakoak.

4.- Batzorde Eragileko kideei, artikulu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, estatutu hauetan Kontseilu Errektoreko kideentzat ezarritako araubide bera izango zaie aplikatzekoa.

5.- Batzorde Eragileak Aholku Batzordeari aholkularitza eskatu ahal izango dio, estatutu hauen 16. artikuluan ezarri bezala, eta beste espezialista batzuei ere eskatu ahal izango die, jorratu beharreko gaien arabera.

13. artikulua.- Batzorde Eragilearen eskumenak.

Batzorde Eragileak honako eskumenak ditu:

a) Batzorde Errektoreari helaraztea urteko aurrekontuaren proposamena, urteko kontuak, amaitutako aurrekontuaren kitapena, eta jardunen eta proiektuen urteko planaren proposamena, hark onar ditzan; eta behin onartu ondoren horien jarraipena egitea.

b) Kontseilu Errektoreari proposatzea ESS Bilbaoko langileengan eragina izango duen soldata-taula zein esparrutan egingo den.

c) Kontseilu Errektoreari ESS Bilbaoren jardueren urteko memoria aurkeztea.

d) Kontseilu Errektoreari helaraztea, horrek onartzeko, Partzuergoan sartutako erakundeek lagatako ondasun higigarriak edo higiezinak itzultzeko proposamena, baldin eta Partzuergoaren helburuetarako jadanik erabilgarriak ez badira, bai eta horrek berekin dakarren gastu aurrekontua itzultzeko ere.

e) Zuzendari Eragileak proposatuta eta Kontseilu Errektoreak adostutako langile arloko esparru orokorraren barnean, kategoria profesionalen araudi bat eta Partzuergoko langileen ordainsari egitura onartzea.

f) Aurrekontu aldaketak onartzea, Kontseilu Errektoreak ezarritako mugen barruan.

g) Obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea, Kontseilu Errektoreak finkatutako muga ekonomikoen arabera.

h) Zuzendari Eragileak proposatuta eta Zuzendari Zientifikoak txostena eman ondoren, erabiltzaileak zentroan sartzeko protokoloa onartzea.

i) ESS Bilbaok egiten dituen zerbitzuen tarifak edo prezioak onartu, aldatu edo ezabatzea.

j) Estatutu hauetan beste organo batzuei berariaz esleitu gabeko eskumen guztiak baliatzea, bai eta Kontseilu Errektorearen esku utz daitezkeen beste guztiak ere.

14. artikulua.- Batzorde Eragilearen deialdi eta bilkuren araubidea.

1.- Batzorde Eragilearen ohiko bilkura gutxienez hiruhilean behin egingo da, eta ezohiko bilkura egingo da Lehendakariak deitzen duen guztietan, edo Partzuergoan sartutako administrazioetako batek eskatzen duenean.

2.- Bilkurak egin daitezen, gutxienez Lehendakaria edo Lehendakariordea, Idazkaria eta Partzuergoan sartutako bi administrazioetatik gutxienez ordezkari bana bertaratu beharko dira.

3.- Akordioak guztien adostasunarekin erabakiko dira.

15. artikulua.- Zuzendari Eragilea eta Zuzendari Zientifikoa.

1.- Zuzendari Eragilea eta Zuzendari Zientifikoa Kontseilu Errektoreak izendatuko ditu zehaztutako denbora tarte baterako, eta kargu horiek berritu ahal izango dira segidako aldi laburrago edo berdinetarako. Kontratatuak edo esleituak egongo dira aldi baterako, erabateko edo aldi baterako arduraldian.

2.- Zuzendari Eragileak honako eskumenak izango ditu:

a) ESS-Bilbao zuzendu eta administratzea, eta zientzia eta teknologiari dagozkion bikaintasuna izan dezan arduratzea Kontseilu Errektoreak zehazten duen esparruan.

b) Zuzendari Zientifikoak txostena eman ondoren, Kontseilu Errektoreari programa zientifikoa proposatzea hark onartu dezan, aurretik Zientziaren Aholku Batzordeari iritzia eskatuta.

c) Kontseilu Errektoreari Zuzendari Zientifikoaren izendapena proposatzea eta arek, hala badagokio, adostuko du izendapena.

d) Lan-proiektuak, zerbitzuak eta hornidurak Kontseilu Errektoreak baimendutako gehienezko kopurura arte kontratatzea, eta horien betearazpenaren jarraipena egitea.

e) Bere eskumeneko kontratazioetan baldintza teknikoen eta administratiboen agiriak onartzea.

f) Kontseilu Errektoreak eta Batzorde Eragileak aintzat hartu beharreko gaiei buruzko dokumentazioa prestatzea, eta bere eskumenak modu egokian bete daitezen beharrezko guztiaren berri ematea.

g) ESS Bilbaok burutzen dituen jardueren jarraipena egitea.

h) Giza baliabide arloan, ESS Bilbaoren langileak hautatu, kontratatu eta zuzentzea dagokio, Kontseilu Errektorearen eta Batzorde Eragilearen arauak eta zentroaren jarduera planetan ezarritako helburuak betetzen direla kontuan hartuta.

i) Gerente postua hartzen duen pertsonaren jarduerak aukeratu, kontratatu eta zuzentzea.

j) Aholkularitza organoei 16. artikuluan azaldutako kasuetan iritzia eskatzea; baita haien aholkularitza egokitzat jotzen den kasu guztietan ere.

k) Estatutu hauen 18. artikuluan definitutako ondarea kudeatu, zaindu eta gordetzea.

l) ESS-Bilbaoren finantza baliabideak kudeatzea, eta onartutako aurrekontuari jarraituz, gastuak agindu eta gauzatzea eta obligazioak hartzea.

m) Auzitegien aurrean edozein motako ekintza judizialak gauzatzea.

n) Zentroak funtziona dezan beharrezkoak diren konpromiso eta hitzarmenak hitzartu eta sinatzea, Kontseilu Errektoreak ezartzen duen esparruan. Konpromiso eta hitzarmen horiek izaera zientifikoa baldin badute, Zuzendari Zientifikoak eman beharko du haien berri.

- Zentroaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua eta amaitutako aurrekontuaren kitapenaren proposamena lantzea eta Batzorde Eragileari aurkeztea, eta urteko kontuak azaltzea.

p) Zuzendari Zientifikoak egindako jarduerei eta proiektu zientifikoei dagokien urteko planaren aurreproiektua gainbegiratzea eta Batzorde Eragileari aurkeztea.

q) Jarduerei eta kudeaketa proiektuei dagokien urteko planaren aurreproiektua lantzea eta Batzorde Eragileari aurkeztea.

r) Jardueren urteko memoriaren zirriborroa lantzea.

s) Kontseilu Errektorearen eta Batzorde Eragilearen akordioak betetzea.

t) Partzuergoak eskaintzen dituen zerbitzuetan sartzeko eskaerak baimentzea.

u) Kontseilu Errektoreak eta Batzorde Eragileak eskuordetutako gainerako eskumenak.

3.- Dagozkion eskumenak modu egokian bete ditzan, Zuzendari Eragileak Zuzendaritza Kontseilu baten lankidetza izateko aukera izango du; Kontseilu horren sorrera, funtzioak eta osaketa Batzorde Eragileak erabakiko ditu.

4.- Zuzendari Zientifikoak honako eskumenak izango ditu:

a) Kontseilu Errektoreak zehazten duen esparruan ESS-Bilbaoren zientziari dagokion bikaintasunaren erantzule izatea.

b) Programa zientifikoaren berri ematea, Zuzendari Eragileak Kontseilu Errektoreari aurkeztu aurretik.

c) Proiektuaren garapen egokia eta zentroaren funtzionamendua eta bikaintasun zientifikoa posible egiten duten izaera zientifikoko duten konpromiso eta hitzarmenak Zuzendari Eragileari proposatzea, Kontseilu Errektoreak zehazten duen esparruan.

d) Zuzendari Eragilearen ikuskapenarekin, jarduerei eta proiektu zientifikoei dagokien urteko planaren aurreproiektua egitea, Batzorde Eragileari aurkezteko.

e) Giza baliabide arloan, proiektu zientifikoekin erlazionatutako kontratazioetan aukeratu beharreko hautagaien egokitasunaren inguruan informazioa ematea dagokio, Kontseilu Errektorearen eta Batzorde Eragilearen arauak eta zentroaren jarduera planetan ezarritako helburuak betetzen direla kontuan hartuta.

f) Partzuergo honentzat garrantzitsuak diren zientzia eta teknologia sareetan ESS-Bilbao ordezkatzea.

g) Obra zibil, ekipamendu eta zerbitzuetarako kontratazio-orriak proposatzea, ESS-Bilbao proiektu zientifikoarekiko egokitzapena bermatzeko.

h) ESS-Bilbaoren proiektu zientifikoaren garapena ESS AB proiektu zientifikoarekin koordinatzea, Zuzendari Eragileak gainbegiraturik.

i) ESS-Bilbaoren jardunaren ondorioz sortuko diren informe, argitalpen, txosten eta patente zientifiko eta teknologikoak kontrolatzea.

j) Zientziaren Aholku Batzordearen bileretara bertaratzea, hitzarekin baina botorik gabe.

k) Kontseilu Errektoreak eta Batzorde Eragileak eskuordetutako gainerako eskumenak.

III. KAPITULUA

LAGUNTZA, EBALUAZIO- ETA AHOLKULARITZA-ORGANOA

16. artikulua.- Zientziaren Aholku Batzordea.

1.- Zientziaren Aholku Batzordea laguntza, ebaluazio eta aholkularitza zientifiko orokorrerako organoa da.

Zientziaren Aholku Batzordearen funtzioak honako hauek dira:

a) ESS- Bilbaoren politika zientifikoaren eta ikerkuntzarako politikaren jarduera proposamenen berri ematea.

b) ESS-Bilbaoren programa zientifikoa egiten eta hori martxan jartzen laguntzea, eta hori Kontseilu Errektoreari helaraztea.

c) Jarduerei eta proiektu zientifikoei dagokien urteko plana egiten parte hartzea, ondoren, Zuzendari Eragileak Batzorde Eragileari helarazteko.

d) ESS-Bilbaoren kudeaketa zientifikoaren aspektu garrantzitsuenei dagokien Kontseilu Errektorearen informeak egiten parte hartzea.

e) Beste edozein funtzio, bere betebeharrekin erlazionaturikoa, Kontseilu Errektoreak, Batzorde Eragileak edo Zuzendari Eragileak agindu diezaiokeena.

2.- Zuzendari Eragileak proposatu eta Kontseilu Errektoreak aukeratuko duen lehendakari bat, eta Zuzendari Eragileak proposatu eta Kontseilu Errektoreak izendatutako, gutxienez, lau kide izango ditu Zientziaren Aholku Batzordeak; azken horiek, ESS-Bilbaoren helburu eta jarduerekin erlazionaturiko esparruetan ospe handia duten pertsonak izango dira. Zientziaren Aholku Batzordearen kideek idazkari bat aukeratuko dute kideen artean.

3.- Zientziaren Aholku Batzordea urtean, gutxienez, bitan bilduko da, baina bilerak egin ahal izango dira lehendakariak deituta, berezko ekimenez edota definitutako kide kopuru batek hala eskatuta. Zientziaren Aholku Batzordeak berak zehaztuko du barne araubidea.

IV. KAPITULUA

Ekonomia eta finantza eta langileen arloko araubidea

17. artikulua.- Diru-baliabideak.

Honako hauek dira Partzuergoaren diru-baliabideak:

a) Partzuergoan sartutako administrazioen aurrekontuen kontura jasotzen dituen transferentziak.

b) Espainiako zein atzerriko edozein enpresa edo erakunde publikoren eskutik jasotzen diren diru-laguntza, laguntza eta dohaintzak.

c) Bere jardueren ondorioz eskura ditzakeen diru-sarrerak, eta bere ondarearen etekinak.

d) Altxortegiko behin-behineko desorekak konpontzeko ematen zaizkion kreditu eta maileguak, aldez aurretik Partzuergoan sartutako Administrazioen baimena izanda. Kreditu eta maileguen saldo bizia ezingo da Partzuergoaren aurrekontuaren ehuneko bosta baino handiagoa izan. Salbuespen gisa, ehuneko bosteko muga hori gainditu ahal izango da, baina aldez aurretik Estatuko Administrazio Orokorrean Ogasun gaietan eskumena duen departamentuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoan Ogasun gaietan eskumena duen sailaren baimenak izan beharko ditu.

e) Legez ezarritako guztiak.

18. artikulua.- Ondarea.

1.- Partzuergoaren ondarearen araubideak Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeak xedatutakoari jarraitzen dio.

2.- Honako hauek osatzen dute Partzuergoaren ondarea:

a) Partzuergoa osatzen duten erakundeek besterendu, esleitu edo lagatako ondasunak, eskubideak, produktuak eta errentak. Esleipen eta lagapen horiek Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeak, edo hala badagokio, Euskadiko Ondareari buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak xedatutakoaren arabera egin beharko dira.

b) Partzuergoak edozein tituluren bidez eskuratzen duen ondasun oro.

3.- Partzuergoak bere ondarearen baitan dauden ondasun guztien inbentario eguneratua landu eta gordeko du, horien gainean dagozkion eskumenak edozein izanda ere.

4.- Bere ondarea osatzen duten ondasunak kudeatzeko eta administratzeko beharrezkoak diren eskumenak izango ditu Partzuergoak, horiek atxikitako helburuak bete daitezen, edo horiek betetzeko orduan euskarri gisa balio dezaten. Halaber, antolatzeko eskumenak izan ditzake, espresuki ematen zaizkionean eta kasu bakoitzean zehazten den garrantziarekin.

19. artikulua.- Kontratuen araubidea.

Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 3. artikuluko 2.e) atalak xedatutakoari jarraituz, Partzuergoa Administrazio Publiko gisa jotzen da; beraz, kontratuen jarduera Lege horretan erakunde horientzat ezarritakoari lotuko zaio.

20. artikulua.- Aurrekontu, kontabilitate eta finantza kontrolaren araubidea.

1.- Aurrekontu, kontabilitate eta finantza kontrolaren araubidea finkatzeko, Partzuergoa Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak eta Ekonomia kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legeak eta Euskadiko Ogasun Orokorraren inguruko beste edozein legeria autonomikoak xedatutakoaren mende egongo da.

2.- Partzuergoaren aurrekontu, kontabilitate eta finantza kontrolaren araubidea Finantza Batzorde batek zehaztuko du. Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren ordezkari batek eta Euskadiko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkari batek osatuko dute Batzordea, artikulu honetan jasotako baldintzei jarraituz.

3.- Honako hauek dira Finantza Batzordearen funtzioak:

a) Partzuergoko organo eskudunek aurrekontuak lantzeko orduan aplikagarriak diren arauak, eta hala dagokionean, jarraitu beharreko prozedurak ezartzea, eta aplikagarriak diren kontabilitateko arauak ezartzea.

b) Partzuergoaren urteko aurrekontuaren aurreproiektuari buruzko informazioa ematea, eta ekitaldian barrena sortzen diren aurrekontuaren aldaketa guztien berri ematea, Batzordeak berak zehaztutako baldintzen arabera.

c) Artikulu honetan xedatzen diren kontrolerako jarduerak gauzatuko dituen barne kontrolerako organoa proposatzea. Auditore gisa auditore pribatu bat edo kontu ikuskaritzako sozietate pribatu bat izendatuz gero, Finantza Batzordeak kontratazioa egiteko eskatu beharreko gutxieneko eskakizunak onetsi beharko ditu, esleitutako lanen gauzatzea eta garapena, nola emandako txostena ikuskatuz.

4.- Batzorde Eragileak Kontseilu Errektorearen esku utziko du kudeaketa ekonomikoaren memoriaren eta urteko kontuen onarpena, aplikagarria zaion araudiari jarraituz.

5.- Nolanahi ere, urteko kontuen auditoriaren eta Finantza Batzordeak ezartzen duen auditoria publiko bereziaren eraginpean egongo da Partzuergoa.

Finantza Batzordeak auditoria publikoak ez diren bestelako kontrol modalitateak ezarri ahal izango ditu.

21. artikulua.- Giza baliabideak.

1.- Partzuergoko langileak bertakoak edo atxikitakoak izan daitezke. Salbuespen gisa, Partzuergoaren figuraren bidez garatu beharreko lanak Partzuergoan sartutako Administrazioetako langileek bete ezin dituztenean, kanpoko langileak kontratatu ahal izango dira, Administrazio Publikoen kontrataziorako arau orokorrak jarraituz.

2.- Oro har, Partzuergoko langileak lan-araubidearen menpe egongo dira. Kasu guztietan, kontratazioa gaitasun, meritu, publizitate eta lehiaren printzipioei jarraituz egingo da, eta funtzio publikoaren araudi orokorraren arabera egingo da.

3.- Partzuergoak bere zerbitzura aldi baterako atxiki ahal izango ditu Partzuergoan sartutako administrazioetatik eta beste erakunde batzuetatik etorritako langile funtzionarioak edo lan-kontratudun langileak, aplikagarria zaion indarreko araudiaren arabera. Langile horiek Estatutuetan xedatutakoa kontuan hartuz atxikiko dira, eta lagatzen duen erakundearen eta Partzuergoaren arteko hitzarmen bidez arautuko da, enplegu publikoaren araudi orokorrari jarraituz. Partzuergoa desegiterakoan, atxikitako langileak jatorrizko erakundeetara itzuliko dira eta bertan zuten administrazio- eta lan-egoera mantenduko dute.

4.- Partzuergoko langileen ordainsariak orokorrean sektore publikoko erakundeentzat ezarritakoetara egokituko dira.

Ordainsari horien urteko igoerak Estatuko aurrekontu orokorren urteko legeetan oinarrizko izaerarekin jasotakoak izango dira.

5.- Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak ESS-Bilbaon % 50eko parte-hartzea duen heinean, maila goreneko funtzio betearazleak betetzea dagokienean, Partzuergoko zuzendaritza langileen hasierako ordainsarien finkapena 2010eko Aurrekontuen Legearen 26. artikuluan edo berau ordezkatzen duen arauan xedatutakoaren arabera egin dadin bultzatuko du.

V. KAPITULUA

ESTATUTUEN ALDAKETA ETA PARTZUERGOA BEREIZTEA ETA DESEGITEA

22. artikulua.- Estatutuen aldaketa.

1.- Estatutuen balizko aldaketa Kontseilu Errektoreak proposatuta egingo da, eta aldaketa Partzuergoan sartutako administrazioei igorriko die onar dezaten.

2.- Partzuergoan sartutako administrazio bakoitzak idazketa berria egiteko eta aldatutako klausulak onartzeko beharrezkoak diren administrazio-baimenak eskuratu beharko ditu. Estatutuen aldaketa ez da indarrean sartuko, Partzuergoan sartutako administrazioek Kontseilu Errektoreak igorritako proposamena onartu arte.

23. artikulua.- Partzuergoa desegitea eta likidatzea.

1.- Partzuergoa honako arrazoiengatik desegingo da:

a) lankidetza hitzarmena iraungitzea.

b) alderdien arteko adostasuna, hitzarmenaren xede diren jarduerak kudeatzeko erakunde mota aldatzea erabakitzen dutenean.

2.- 9.j) artikuluan jasotzen den moduan, Kontseilu Errektoreak bere ondasunen likidazioa egiteko modua eta horretaz arduratuko den organoa zehaztuko ditu. Kargen banaketa eranskin baten bidez egingo da eta gastuak Partzuergoan sartutako administrazioen artean zati berdinetan banatuko dira.


Azterketa dokumentala