Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2011ko azaroaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
5386

EBAZPENA, 2011ko ekainaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena; honen bidez, Bizkaiko Markina-Xemeingo udalerrian Canteras Olaspe SL enpresak sustatzen duen «Markina-Xemeinen Negro Markina Harrobiaren ustiapena handitzeko proiektua»k ingurumenean duen eraginaren ebaluazioaren prozedura betetzeko erabakia hartzen da.

Ingurumeneko sailburuordearen 2004ko otsailaren 12ko Ebazpen bidez -2004ko martxoaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 59. zenbakia-, Markina-Xemeingo udalerrian Canteras Olaspe SL enpresak sustatzen duen Negro Markina harrobiaren ustiapen-proiektuak Ingurumenean duen Eraginaren Adierazpena eman zen (Emakida-zk.: 12.690).

2011ko martxoaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzak Negro Markina harrobia handitzeko proiektuaren ingurumen-agiria igorri zion Ingurumen Sailburuordetza honi (Emakida-zk.: 12.690), ingurumen-organo honek bere irizpena eman zezan, proposatutako aldaketak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa bete behar duen, Proiektuek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2011ko martxoaren 30ean, Ingurumen sailburuordetzak kontsulta egin zien Negro Markina Harrobia ustiatzeko gunea handitzeko proiektua gauzatzeak eragiten dien administrazio eta erakundeei (UE-zk.: 12.690), jarduketa hori ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren pean jarri beharraz, eta, hala balitz, Proiektuek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean jaso behar litzatekeen edukiaz eta gutxieneko irismenaz.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (beraren bidez onartu zen proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina) eta II. eranskineko 9.k) atalarekin bat etorriz, I. eta II. eranskinetan jasota egon eta dagoeneko onartuta, gauzatuta edota gauzatzen ari diren proiektuetan edozein aldaketa egin edo handitzeko ingurumenaren gainean izango duten eraginaren ebaluazioa beharko dute, kasu bakoitzean dagokion ingurumen organoak hala erabakitzen badu.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen du II. eranskinean jasotako proiekturen bat egin nahi duen pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, autonomia-erkidego bakoitzak xedatzen duen organoari proiektua ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluaziotik pasarazi beharrari buruz irizpena emateko eskatuko diola, III. eranskinean ezartzen diren irizpideen arabera.

Aipatutako arauko 17. artikuluaren arabera, aurreko artikuluan aipatutako eskabidea jasotzen duen organoak azalduko du ea proiektuak ingurumenaren gainean duen eragina ebaluatu behar den ala ez, autonomia-erkidegoak ezartzen duen epean. Hala ere, aurretik, proiektuaren betearazpenaren ondorioak jasango dituzten administrazioak, pertsonak eta erakundeak kontsultatuko dira, eta proiektuaren ingurumen arloko dokumentua haien eskueran jarriko da.

Ingurumen organoak aurretiazko kontsultak bideratu ditu Negro Markina Harrobia ustiatzeko gunea handitzeko egitasmoak ebaluazioa behar ote duten erabakitzeko C.E. (UE-zk.: 12.690). Izapide horretan, ondorengo erakundeen erantzunak jaso dira: Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetza; Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza, biak Eusko Jaurlaritzakoak; Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, biak Bizkaiko Foru Aldundikoak; eta Ihobe.

Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak bidalitako txostenaren arabera, beharrezkoa da proposatutako handitzeak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura betetzea, 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideen arabera. Txosten horretan, hau azpimarratzen da:

● Gutxietsi egin da landare-formazioen gaineko eragina.

● Artadi kantauriarraren habitataren presentzia Markina-Xemeingo udalerrian, udalerriaren ipar-mendebaldeko azalera txiki batera mugatuta geratu da, eta bat dator harrobiaren erauzketa-jarduerak banatzen diren gunearekin. Artadiaren azalerak bizkor hazten diren baso-landaketaz inguratuta daude, eta arriskuan jartzen dute artadiaren hedapena.

● Harrobiko ustiategiaren mugak zabaltzeak eta sarbide berrientzat aurreikusitako okupazioak murriztu eta atzeratu egingo dute artadiaren azaleraren zati bat, eta horrela, urritu egingo dira espezie jakin batzuentzako habitat egokiak.

Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiak egindako txostenean, Artibai BILa erauzketa-jarduera handitu nahi den gunetik hurbil dagoela nabarmentzen da (kodea: ES2130011).

Jarduerak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa ez dela beharrezkoa deritzo Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzak, betiere ondoko hauek betez gero:

● Jardueraren prozesuetan ura berrerabiltzeko erabiltzen diren egungo instalazioek behar adinako neurria dutela bermatzea: proposatutako handitzeak dakarren emari-handitzea hartzeko modukoa.

● Hautsa eta zarata maizago kontrolatu behar da, eragin hori handitzea ez dela esanguratsua egiaztatzeko.

Proposatutako handitzeak harria erauzteko erabiltzen diren bizi-iturrien erabilera modu esanguratsuan areagotuko du (% 36), eta erauzketa horrek eragingo dituen ondorioak ere bai, hau da, bai sortuko diren hondakinak, eta bai atmosferarako isurketak, zaratak eta dardarak, ebazpen honen xede den handitzean harrobiaren bizitza luzatzea proposatzen baita.

Aurreko horretatik ondorioztatzen denez, Markina-Xemeinen Negro Markina Harrobia ustiatzeko gunea handitzeko proiektu berriak bete egin behar du ingurumenaren gaineko eraginaren beste ebaluazio bat; izan ere, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretu horren III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, proiektuak ingurumenean ondorio negatiboak izan ditzakeela irizten zaio.

Aintzat hartu dugu organo honek ebazpen hau idazteko eskumena duela, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Ikusi dira: dosierrean ageri diren txostenak; Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Proiektuen ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea; eta aplikazioko gainerako arauak,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Canteras Olaspe SL-k Bizkaiko Markina-Xemeingo udalerrian sustatzen duen «Negro Markina harrobia handitzeko proiektua»k (UE-zk.: 12.690) ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura bete behar duela.

Proiektuen ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta aipatutako errege-dekretu horren 8.3 artikuluari jarraituz, ingurumen-organoak sustatzaileari helaraziko dio, Ebazpen honen edukiaz gain, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak izan behar duen zabalera eta xehetasun-maila, egindako kontsultetarako jaso diren erantzunekin batera, proiektuaren izapideekin aurrera egiteko, aipatutako arauan aurreikusitakoren arabera.

Bigarrena.- Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzari, Markina-Xemeingo Udalari eta Canteras Olaspe SL proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.

Hirugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.- Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 28a.

Ingurumeneko sailburuordea,

M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


Azterketa dokumentala