Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2011ko azaroaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Euskal Herriko Unibertsitatea
5383

EBAZPENA, 2011ko urriaren 13koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko Boto Elektronikoari buruzko araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.

Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez (2011ko otsailaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 38. zk.), Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak onartu ziren.

Estatutuetako 162. artikuluak Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari ematen dio Hauteskunde Arautegi Orokorra onartzeko eskumena.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sartzeko Bide Elektronikoak Erabiltzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak administrazioa, aurrerantzean, zerbitzuaren eraginkortasun-printzipioak araututako administrazio elektroniko izatea sustatzen duela kontuan izanda, UPV/EHUren Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudiaren laugarren xedapen gehigarrian hauteskunde-prozesuak prozedura elektronikoen bitartez garatzeko aukera dago bilduta; honelaxe, hain zuzen: «Boto-eskubidea hautestontzi elektronikoan edo bide telematikotik egikaritzeko, betiere, ezinbestekoa izango da Errektoreak horretarako bitarteko teknikoak (zaurtezintasun-printzipioa, boto-bakartasunaren printzipioa, pribatutasun-printzipioa, egiaztagarritasun-printzipioa eta eskuragarritasun-printzipioa babestuko dutenak) izan badirela egiaztatzea eta baimena ematea; eta guztia Gobernu Kontseiluak horretarako osatzen duen araudiarekin bat eginda egikarituko da».

Printzipio horiek guztiak babesteko beharrezko teknologia izan badela egiaztatu ondoren, honako Araudi hau idatzi da. Bertan, UPV/EHU barnean hauteskunde-sistema elektronikoa edo boto elektronikoa lantzeko prozedura garatuko da.

Hori guztia aintzat hartuta, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, 2011ko urriaren 13ko bileran, Euskal Herriko Unibertsitateko Boto Elektronikoari buruzko araudia onartzea erabaki zuen, eranskinean jasotako moduan.

Bestalde, UPV/EHUko Estatutuetako 187.1 artikuluaren d) atalak idazkari nagusiari ematen dio UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzeko agindua.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Agindua ematea Euskal Herriko Unibertsitateko Boto Elektronikoari buruzko araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, erabaki honen eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.- Arautegi hau argitaratu eta egunean bertan sartuko da indarrean.

Leioa, 2011ko urriaren 13a.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

ERANSKINA

BOTO ELEKTRONIKOARI BURUZKO ARAUDIA

ATARIKOA

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sartzeko Bide Elektronikoak Erabiltzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak administrazioa, aurrerantzean, zerbitzuaren eraginkortasun-printzipioak araututako administrazio elektroniko izatea sustatzen duela kontuan izanda, UPV/EHUren Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudiaren laugarren xedapen gehigarrian hauteskunde-prozesuak prozedura elektronikoen bitartez garatzeko aukera dago bilduta; honelaxe, hain zuzen: «Boto-eskubidea hautestontzi elektronikoan edo bide telematikotik egikaritzeko, betiere, ezinbestekoa izango da Errektoreak horretarako bitarteko teknikoak (zaurtezintasun-printzipioa, boto-bakartasunaren printzipioa, pribatutasun-printzipioa, egiaztagarritasun-printzipioa eta eskuragarritasun-printzipioa babestuko dutenak) izan badirela egiaztatzea eta baimena ematea; eta guztia Gobernu Kontseiluak horretarako osatzen duen araudiarekin bat eginda egikarituko da».

Printzipio horiek guztiak babesteko beharrezko teknologia izan badela egiaztatu ondoren, honako Araudi hau idatzi da. Bertan, UPV/EHU barnean hauteskunde-sistema elektronikoa edo boto elektronikoa lantzeko prozedura garatuko da.

1. artikulua.- Definizioak.

1.- Bozketa elektronikoan, hain zuzen, Internetera konektatutako ordenagailuen bitartez egiten da hautesleek botoak emateko eta jasotako botoak egiaztatzeko prozedura. Nolanahi ere, segurtasun-neurri guztiak bermatzeko beharrezko mekanismo teknikoak erabiliko dira. Alegia, kriptografia-protokolo bereziak baliatuko dira.

2.- Bozketa elektronikoa zeinahi tokitatik egin daiteke, sarera konektatuta egonez gero.

3.- UPV/EHUk bermatuko du hauteskunde-sistemaren euskarria izango den azpiegitura teknologikoak hauteslearen sekretua eta pribatutasuna, boto-segurtasuna eta zenbaketa bereizia ziurtatzeko segurtasun-neurriak aurreikus ditzan, boto-eskubidea egikaritu bitartean.

2. artikulua.- Hauteskunde-mahai elektronikoa.

1.- Hauteskunde-mahai espezifiko bat eratu da, bozketa elektronikoa egin ahal izateko. Honako prozedura honek arautzen du mahai hori, Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudian eta hauteskunde-gaietako gainerako araudietan xedatutakoa alde batera utzita.

2.- Ondorio horietarako, Hauteskunde Batzorde Orokorreko kideekin eratuko da Hauteskunde-mahai Elektronikoa. Eratze-saioan egon ahal izango dute, halaber, horretarako izendatutako ikuskatzaileek eta boto elektronikoa zaintzeaz arduratuko den babes-taldea ere. Lehendakaritzak hartutako erabakiaren arabera, bozketa hasi baino lehenago egingo dute bilera, aurrerapen nahikoarekin.

Hauteskunde-mahaia modu baliagarrian osatzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez hiru kide egotea.

Hauteskunde-mahai Elektronikoa eratzean, ez da aplikagarria izango UPV/EHUren Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudiaren 9.8 artikuluan bildutako debekua.

3.- Hauteskunde-mahai elektronikoa arduratuko da emandako botoak zaintzeaz eta hautestontzi elektronikoa irekitzeaz, horretarako izendatutako ikuskatzaileen aurrean. Honako funtzio hauek izango ditu:

a) Prozesua behar bezala garatzen dela zaintzea.

b) Boto elektronikoen zenbaketa egiteko beharrezkoa den deszifratzeko gakoa babestea.

c) Hautestontzi-funtzioak egiten dituen ordenagailua zigilatu eta babestea.

d) Hautestontzi-funtzioak egiten dituen ordenagailuaren zigilua kendu, eta zenbaketa elektronikoa egitea.

e) Dagozkien aktak idaztea.

f) Dagozkien hauteskunde-barrutietako Lehendakaritzei bozketa elektronikoaren emaitzak jakinaraztea.

g) Prozeduraren gorabeherak ebaztea eta horiek ebazteko hartutako erabakien berri ematea.

h) Bere ekintzen aurkako erreklamazioak eta errekurtsoak ebaztea.

4.- Hauteskunde-mahai Elektronikoaren funtzionamendua UPV/EHUren Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudian xedatutakoaren arabera arautuko da, aplikatzekoa den guztian.

5.- Hauteskunde Batzorde Orokorrak izendatutako Administrazio-mahai bat ere egon liteke, bozketa elektronikoa egin bitartean gerta litezkeen gorabehera teknikoak edo administrazio-gorabeherak ebazteko. Bertan, laguntza teknikorako talde batek jardungo du lankidetzan, alderdi teknologikoei buruzko aholkularitza emateko.

3. artikulua.- Bozketa elektronikoa hastea.

1.- Aldez aurretik, hauteskundea pertsonalizatzeko eta osatzeko fasean, bozketa-pantailetako edukiak erabaki eta finkatuko dira, Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudian eta honako araudi honetan xedatutako irizpideekin bat eginda.

2.- Bozketa hasteko, lehendakariak jarri beharko du abian sistema. Sistemak bi kriptografia-gako sortuko ditu: kodetze/zifrakoa (gako publikoa) eta deszifratzekoa (gako pribatua). Deszifratzeko gakoa frakziotan bereizi, eta Hauteskunde-mahai Elektronikoko kideen artean banatuko dira. Frakzio horiek sekretuak izango dira, kide bakoitzaren egiaztagiri digitalen bitartez kodetutakoak. Prozesu hori amaitu ondoren, deszifratzeko gakoa (gako pribatua) suntsitu eta desagerrarazi egingo da. Mahaikideek erabakiko dute nola babestu txartelak eta pasahitzak; izan ere, horiek ezinbestekoak dira hautestontzi digitala zabaldu ahal izateko. Pasahitzak eman ondoren, aurretiko bozketari ekin ahal izango zaio. Era berean, lehendakariak egiaztatu beharko du bozketa-pantailak argi eta garbi adierazten duela zein den gehienez ere bozkatu daitekeen hautagaitzen kopurua.

3.- Hauteskunde-deialdian adierazitako orduan hasi eta amaituko dira bozketa elektronikoak, eta ordutegi horretatik kanpo, hautesleek ezingo dute hauteskundeari buruzko web-orria ikusteko helbide elektronikoan sartu.

4. artikulua.- Identifikatzeko / elektronikoki bozkatzeko balio duten dokumentuak.

Euren burua identifikatzeko, unibertsitate-komunitateko kideek UPV/EHUk emandako sarbide-gakoak eta NAN elektronikoa erabili ahal izango dituzte. Irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek, bestalde, UPV/EHUk emandako korporazio-txartel pertsonala erabili ahal izango dute.

Deialdi bakoitzean adieraziko da zein diren boto elektronikoa emateko baliagarriak diren dokumentuak, arestian adierazitakoen artean.

5. artikulua.- Bozketa-sistema.

1.- Boto elektronikoa Internetera konektatuta dagoen zeinahi ordenagailutik eman ahal izango da. Botoaren pribatutasuna bermatzeko, kabina elektroniko bat edo batzuk jarri ahal izango dira, batik bat Irakaskuntza Zentroetan edo Errektoretzako Zerbitzu Zentraletan.

2.- Hautesleek UPV/EHUko web-orriaren bitartez konektatu beharko dute, hain zuzen, hauteskundearen arabera unean-unean prestatuko den helbide elektronikora. Konektatzea ezinezkoa bada, Hauteskunde-mahai Elektronikoari edo Idazkaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio, beharrezko neurriak hartu eta gorabehera konpon dezaten.

6. artikulua.- Boto elektronikoa ematea.

1.- Hauteskunde-sistemak hainbat alditan bozkatzeko aukera ematen die hautesleei; nolanahi ere, azken botoa joko da soil-soilik baliozkotzat.

2.- Bozketa-sistemak aintzat hartuko ditu hautagaitzei botoak emateko sistemak eta boto zuriak. Alabaina, ez da baliogabeko botorik egongo.

3.- Bozketan parte hartzeko, hautesleak, behin betiko erroldan agertzeaz gainera, 4. artikuluan adierazitako egiaztagiriren bat eduki beharko du. Barrutiko hauteskunde-batzordeak arduratuko dira egiaztagiri horiek hautesleei emateaz.

4.- Bozketa elektronikorako programak hauteslea hauteman, eta dagokion hauteskunde-barrutian bozkatzen utziko dio.

5.- Bozketa-pantailan, behin betiko izendatutako hautagaitza guztien zerrenda agertuko da, eta baita boto zuria emateko aukera ere. Bozketa-aukera hautatu ondoren, «Botoa eman» aukera sakatu beharko da. Gero, aukeratutako hautagaitza(k) adieraziko da/dira, eta aukeratutakoa onartzeko eskaera egingo du pantailak. Onartu nahi ezean, hauteslea beste aukeraketa bat egiteko moduan izango da.

6.- Bozketa-aukera onartu ondoren, kodetze/zifra gakoaren bitartez kodetuko da botoa. Ondoren, hauteslearen botoa sinatu, eta urruneko hautestontzi digitalera bidali beharko da.

7.- Hautesleak, behin bere botoa hautestontzi elektronikoan utzi duela, agiri bat jasoko du. Bertan, identifikazio-zenbakia izango du, eta horrek egiaztatuko dio botoa behar bezala eman duela. Agiri hori une horretan bertan baino ezingo da inprimatu. Hautesleak bere botoa zenbatu dutela egiaztatu ahal izango du, hauteskunde-prozesuaren amaieran horretarako argitaratzen den identifikazio-zenbakien zerrendaren bitartez.

8.- Sistema honen bidez emandako botoek hautestontzian bertan emandako botoak ordezkatzen dituzte, eta emaitzak, beraz, lotesleak izango direla.

7. artikulua.- Gorabeherak ebaztea.

1.- Ezinbestean edo gorabehera teknikoren bat gertatu delako bozketa edo zenbaketa egin ezin bada, edo horretan hasi ondoren ekintza eteten bada, Hauteskunde Batzordeak irtenbide hauetakoren batera jo dezake, arrazoiaren edo gorabeheraren iraupena eta izaera edo beste zeinahi egoera kontuan izanda:

a) Bozketa elektronikorako jarritako epea luzatzea, komenigarria iritzitako denboran.

b) Bozketa edo zenbaketa bertan behera uztea edo atzeratzea.

c) Salbuespen moduan, bozketa sistema tradizionalaren bitartez egitea erabakitzea; betiere, dagozkion epeak eta beharrezkoak diren bestelako kontu batzuk adierazi eta argituta.

b) edo c) aukeretara joz gero, hautesleren batek bozkatu badu, Hauteskunde Batzorde Orokorrak boto horiek eta horiei dagozkien kriptografia-gakoak deuseztatzea ebatziko du. Hala egiten bada, aipatutako hautesleek berriro euren boto-eskubidea egikaritu ahal izango dute: sistema berarekin eta erabakitako datetan. Eta orduan egingo da barrutiko zenbaketa.

2.- Gorabeherak hauteskunderako sistema informatikoa osatzen duten ordenagailuetakoren bat ordezkatzea eskatzen badu, UPV/EHUko Hauteskunde Batzorde Orokorrak hori berriz jartzeko agindua eman dezake, edo jasotako boto eta kriptografia-gakoak deuseztatzekoa.

3.- Hauteskunde Batzorde Orokorreko Lehendakaritzak jakinarazi beharko die dagokien hauteskunde-batzordeei zein diren erabakitako neurriak, horiek hautesleei informazioa eman diezaien. Ondoren, hauteskundeari buruzko web-orrian argitaratu beharko ditu neurriak.

4.- Prozeduran zehar izaten diren gorabeherak eta onartutako ebazpen-neurri guztiak Aktan jaso beharko dira.

8. artikulua.- Boto-zenbaketa.

1.- Behin bozketa amaituta, Hauteskunde-mahai Elektronikoa osatzen duten Hauteskunde Batzorde Orokorreko kideak bildu egingo dira, Lehendakaritzaren deialdiari jarraituta. Kide titularretakoren batek joan ezin badu edo bere gako-frakzioa galtzen baldin badu, Lehendakaritzari jakinarazi eta guztia justifikatu beharko du. Halaxe jasoko da, gainera, saioko Aktan ere.

2.- Hauteskunde-mahai Elektronikoko kideek, ikuskatzaileak edo boto elektronikorako aholkulari teknikoak han direla, deszifratzeko gakoa berriz osatzeari, botoak deskodetzeari eta zenbaketa egiteari ekingo diote berriro. Nolanahi ere, deszifratzeko gakoa berriz osatzeko, beharrezkoa izango da Hauteskunde-mahai Elektronikoko gutxienez hiru kide egotea.

3.- Deszifratzeko gakoa (gako pribatua) berriz osatzeko prozesua, haatik, Hauteskunde-mahai Elektronikoko kideen kriptografia-txarteletan grabatutako gako horren frakzioen bitartez egin ahal izango da, soil-soilik. Horretarako, ezinbestekoa izango da gutxienez 3 kidek txartela sartzea sisteman (gako eta guzti), boto elektronikoen edukia interpretatu, eta zenbaketa elektronikoa hasi ahal izateko.

4.- Botoak deskodetzeko prozesuak ezinbestean bermatu beharko du hautesleen nortasuna ezagutzeko modua galaraztea.

5.- Behin zenbaketa amaitu ondoren, bozketa elektronikoko hauteskunde-mahaiko lehendakariak zenbaketa-aktaren berri eman beharko die dagozkien barrutietako Hauteskunde Batzordeei hauteskundeen behin-behineko emaitzak argitaratzeko; hain zuzen, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiarekin eta arau honetan, Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudian edo gainerako hauteskunde-arauetan xedatutako prozedurarekin bat eginda.

6.- Aurka-egiterik ez bada, hautesleen ordezkarien izendapenetik hiru hilabeteko epean, Hauteskunde Batzordeko lehendakariak, Idazkari Nagusiaren aurrean, eta hala badagokio dagokion aholkularitza teknikoarekin, hautestontzia irekitzeko modua ematen duen deszifratzeko gakoa eta urruneko hautestontzi elektronikoan utzitako boto elektronikoak suntsitu eta deuseztatu beharko ditu.

7.- Ezingo dira deuseztatu, alabaina, aurka-egitea, erreklamazioa edo zalantza eragin duten boto elektronikoak, eta ezta, ondorioz, deszifratzeko kodea ere. Nola kode hori, hala boto elektronikoak babestu eta gorde egingo dira, harik eta dagokion prozedura amaitu arte.

Deszifratzeko kodea eta hautestontzi elektronikoan utzitako boto elektronikoak deuseztatu bitartean, Mahai Elektronikoak zaindu eta gordeko ditu, honako prozedura honi jarraituta:

a) Hauteskunde-mahai Elektronikoko kide bakoitzak gutun-azal batean sartu beharko du txartela, aipatutako kriptografia-gakoarekin; eta beste gutun-azal batean, txartelaren PIN eta PUK kodeak. Gutun-azal guztiek behar bezala itxita eta eskuz sinatuta egon beharko dute.

b) Zifratutako boto elektronikoen zerrenda euskarri informatiko batean gordeko da.

8.- Idazkaritza Nagusiak, bestalde, emandako botoak aldatu ez direla bermatzen duen hauteskunde-prozesu osoan sortutako informazio guztia gordeko du. Eta aurreko dokumentuekin batera Unibertsitateko segurtasun-kutxa gotorrean gordeko du, bere zaintzapean.

9. artikulua.- Organo arduradunak.

1.- UPV/EHUko Idazkaritza Nagusia arduratuko da hauteskunde-prozesua behar bezala doala ziurtatzeaz, eta bere esku geratuko da bozketarako beharrezkoak diren bitartekoak banatzea.

2.- UPV/EHUko gobernu-organoek hauteskundeen garapenean eta horietako izapideak egiten lagunduko dute. Horretarako, beharrezkoak diren lokalak, bitartekoak eta aholkularitza eskainiko dituzte, eta hauteskunde-jardunaldia ondo joan dadin lan egingo dute. Ondorio horietarako, lankidetza horren erantzukizuna Barrutiko Hauteskunde Batzordeetako lehendakarien bizkar geratuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Honako araudi honetan aurreikusi gabeko kontuak UPV/EHUko Hauteskunde Batzorde Orokorrak ebatzi beharko ditu. Batzorde horrek hartu ahal izango ditu, halaber, bozketa elektronikoa bermatzeko beharrezko neurriak, eta berak egin beharko ditu horiek zeinahi hauteskunde-prozesutan aplikatzeko beharrezkoak diren egokitzapen teknikoak ere.

Hauteskunde Batzorde Orokorraren Ebazpena (bertan egongo dira jasota boto elektronikoa aplikatuko den hauteskunde bakoitzerako beharrezkoak diren azalpenak edo garapenak), bestalde, dagokion bozketa hasi aurretik argitaratuko da.

Bigarrena.- Arau-lehentasuna.

Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudiaren eta honako arau honen artean desadostasunen bat izanez gero, honako honek izango du lehentasuna, araudi berezia baita.

Hirugarrena.- Boto elektronikorako sistema abian jartzea.

Hauteskunde-barruti guztietan boto elektronikoa ezarri arte, eta horien hauteskunde-prozedura espezifikoa hobetzen joateko asmoz, deialdian zehaztutako hauteskunde-barruti batzuetan proba bat edo batzuk egingo dira; eta lortutako emaitzak erabat baliagarriak izango dira.

Bozketa elektronikorako sistemaren hasierako proba, hain zuzen, Unibertsitateko Klaustrorako (Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaile doktoreen taldea eta Ikasleen taldea) eta Ikastegiko Batzarretarako hauteskundeetarako (Ikasleen taldea) hurrengo deialdian egingo da (azaroan). Honako barruti hauetan egingo da, zehatz-mehatz:

1.- Letren Fakultatea.

2.- Psikologia Fakultatea.

3.- Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa.

4.- Medikuntza eta Odontologia Fakultatea.

5.- Graduondoko Ikasketen Unitatea.

Barruti horietako gobernu- eta administrazio-organoak arduratuko dira euren barrutian boto elektronikoa egitea eskatu duten hautesleei bozketa-gakoak emateaz, artikuluan jasota dagoen moduan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Estatutu eta Araudi Garapenerako Gobernu Kontseiluko Ordezko Batzordeari ahalmena ematen zaio, honako Araudi honetako egokitzapen tekniko hutsak onartzeko, baldin eta egokitzapen horiek ez badute aldaketarik eragiten hauteskunde-prozesuaren, hauteskunde-administrazioaren eta hautesleen euren eta botoen baldintzen garapenean.

Bigarrena.- Honako araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala