Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2011ko abuztuaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3944

AGINDUA, 2011ko uztailaren.27koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, turismo-enpresak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duena.

Euskal Turismoaren 2010-2013ko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planak eskaintzaren ikuspegitik egindako euskal industria turistikoaren diagnostikoan euskal enpresa turistikoen IKTekiko erabilera eskasa (kudeaketa- eta merkaturatze-tresna gisa) identifikatu da; izan ere, enpresa horiek bereizteaz eta kalitateko produktuak eskaintzeaz kezkaturik daude baina oraindik kultura berritzailea ez dute behar adina barneratu. Eskaintza horren bezeroek produktu eta zerbitzu turistikoak eskatzerakoan nolabaiteko sofistikazio-maila izaten dute eta eskaera horretan gogobetetze-maila handia ikusten da.

Aurreko diagnostikoaren ondorio modura, aipaturiko planak planteatzen duen ikuspegiak ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-ikuspegitik iraunkorra eta kalitatezkoa den turismo-helmuga gisa ulertzen du Euskadi, lehentasunezko merkatuetarako (nazionalak eta nazioartekoak) eta pertsona guztientzako irisgarria eta erakargarria. Esperientzia anitzeko helmuga, geroz eta handiagoa den eskariari egonaldi gogoangarriak eskaintzeaz gain, bisitariak leialtzeko eta iraupen handiagoko bisitaldiak -lurralde osoan nahiz urte osoan ondo banatuak- txertatzeko gai dena.

Aipatutako ikuspegiarekiko koherentziari eutsiz, plan horretan euskal industria turistikoari lehiakortasunagatik eta berrikuntzagatik ezaguna izateko erronka helarazten zaio baita dinamismoan, sormenean, espiritu ekintzailean, ahaleginean eta bertan lan egiten duten agenteen profesionaltasunean oinarritzeko erronka ere.

Aurrekoa kontuan hartuz, Agindu honen helburuak honako hauek dira:

Helburu orokorra: euskal industria turistikoaren lehiakortasuna hobetzea.

Helburu espezifikoak:

- eskaintza lehiakorrago batean modernizatze-inbertsioak egiten dituzten enpresen kopurua handitzea.

- euskal industria turistikoko enpresetan IKTen ezarpena gehitzea.

- irisgarritasun-maila hobetzen duten establezimenduen kopurua handitzea.

- turisten gogobetetze-maila handitzea.

Horretarako da dagokigun laguntzen ildoa, hain zuzen ere, Euskal Turismoaren 2010-2013ko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planean planteatutako egokitze-ahaleginean enpresei laguntzeko, batez ere, 2. 3. eta 4. ardatzetan; hau da, adibidez, euskal industria turistikoko enpresen ahalegin berritzaileen ildoan eta bereizteko eta kalitatezko zerbitzu eta produktuak eskaintzeko bidean laguntzeko, eta horrela, beren zerbitzuen xede diren erabiltzaileak gogobetetzeko eta planteatutako Euskadiko ikuspegia operatiboagoa egiteko. Aldi berean, Agindu honen bidez sektoreari Aginduaren irakurketa sistematikoa egitea erraztu nahi zaio; arrazoi horiek guztiak direla-eta, beharrezkoa ikusi da turismo-enpresak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko ekainaren 30eko Agindua honako Agindu honekin ordeztea.

Eta, horren arabera, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea kalitatezko eskaintza turistiko lehiakorragoa garatzen laguntzea da; horretarako, enpresa turistikoei berrikuntza teknologikoak (informazio eta komunikazioaren teknologiak barne) ezartzen lagunduko zaie baita kudeaketa- eta merkaturatze-prozesuetan, azpiegituren eta zerbitzuen modernizazioan eta eskaintza turistikoa Euskadiko irisgarritasun turistikoko ereduarekiko egokitzen ere.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako aurrekontu-kredituak. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du diru-kopuru horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki, eta kasuan kasu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

Nolanahi ere, ematekoak diren laguntzen guztizko zenbatekoaren eguneraketa (aurreko paragrafoan aurreikusitakoa) eraginkorra izan dadin aurrekontu-ekitaldi jakin batean, beharrezkoa izango da Merkataritza eta Turismo sailburuordearen ebazpen bidez egindako deialdian ere aukera hori berariaz jasotzea

2.- Programa hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den eskabiderik.

3.- Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak, esleitutako aurrekontu-hornidura agortu izanagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, organo eskudunaren administrazio-ebazpenaren bitartez.

Nolanahi ere, lehenagoko ekitaldietan aurkeztutako proiektuei buruzko laguntza-eskabide berriak, ekitaldi bateko aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango zaizkie, betiere adierazitako proiektu horiek laguntzak lortzeko Agindu honetan ezartzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte, eta horretaz gain, abiapuntutzat edukitako ekitaldiko aurrekontu-kredituekin ase ez badira. Dagokion epea irekitzen denean, beharrezkoa izango da beste eskaera bat aurkeztea.

4.- Diru-laguntzak eskatzeko espedienteak hurrenkera bati jarraiki ebatziko dira, espedienteak Agindu honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatuko diren unearen arabera.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Agindu honetan bilduriko laguntzak mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE) eskuratu ahal izango dituzte, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan jardueran aritzeko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen badituzte; jarduerek honako tipologia hauetako batean kokatuta egon beharko dute:

a) Turismo-ostatua.

b) Sukaldaritza: jatetxeak, tabernak eta kafetegiak.

c) Bidaia-agentziak.

d) Interpretazio zentroak.

e) Turismo-garraioa.

f) Turismo aktiboa.

2.- Laguntza-programa honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira «interpretazio-zentrotzat»: baliabide historiko, kultural edo natural garrantzitsu edo bereziak dituzten tokietan kokatuta egonik, bisitariei baliabide horien ulermena errazten dietenak, modu informal, ulergarri eta erakargarrian, interpretazio-zentro horietan hasitako interpretazioari jarraipena ematea ahalbidetuz.

Museo gisa kalifikatutako baliabideak ezin izango dira diruz lagundu.

Era berean, «turismo-garraioko enpresa» gisa hartuko dira pertsonak garraiatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak izanda beren jarduera nagusitzat Euskadiko baliabide eta leku interesgarrietan zehar gidatutako ibilbideak egitea dutenak.

3.- Agindu honen ondorioetarako, enpresa txiki eta ertainak izango dira 250 pertsona baino gutxiago biltzen dituztenak eta 50 milioi euro gainditzen ez duen urteko negozio-bolumena dutenak edo 43 milioi euro gainditzen ez duen urteko balantze orokorra dutenak, eta ETE gisa kalifikatuak izateko nahitaezko baldintzak betetzen dituztenak, 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioari jarraiki. Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenak.

4.- Enpresak eta hala badagokio, establezimenduak jardunean egon beharko du eskaera aurkezteko unean.

5.- Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez dauden enpresen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Horri dagokionez, aipatutako eginbeharrak betetzen direla jasotzen duten ziurtagiriak automatikoki egiaztatuko ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak beharrezkoa den aldi guztietan, eta entitate interesdunei baimena eskatu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren 50.3 artikuluaren bigarren idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz. Idatz-zati hori, 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenen artetik hirugarrengoaren bitartez sartu zen aipatutako testuan.

4. artikulua.- Kanpoan geratzen diren erakundeak.

1.- Honako erakunde hauek ezin izango dira Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan: aurreko artikuluan zehaztutako enpresa txiki eta ertainaren (ETE) definizioari eta jarduerari lotzen ez zaizkion enpresak eta erakunde publikoak, sozietate publikoak, eta irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakunde pribatuak.

2.- Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden enpresa edo pertsona eskatzaileak ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzetara bildu, eta ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

3.- Agindu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

5. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak eta laguntzen zenbatekoak.

1.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira eta eskabidea aurkezteko datan jadanik egikaritu diren inbertsioak finantzatzera bideratuko dira, hain zuzen ere, honako mota honetako inbertsioak:

a) Informatika-ekipamenduak eta horien aplikazio eta osagarriak erosi eta ezartzea, betiere enpresaren kudeaketa- edota merkaturatze-prozesuetan hobekuntza ekartzen badute. Halaber, Wi-Fi guneak jartzeko laguntza emango da.

Inbertsio garbi onartuaren % 20 lagunduko da diruz, kontuan hartuta gehienezko zenbatekoa 12.000 euro izango dela.

b) Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredura atxikitako establezimenduen irisgarritasuna hobetzea, zerbitzuak pertsonen dibertsitate funtzional desberdinetara (fisikoa, bisuala, entzunezkoa, intelektuala eta organikoa) egokituz.

Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredua (deskribapena, betekizunak, atxikimendua, establezimenduen tipologia eta abar) www.euskadi.net/turismo web-orrian dago eskuragarri.

Jardunak diruz lagungarriak izateko establezimenduak duen irisgarritasun-mailaren egoera-diagnostikoaren ondoriozko Hobekuntza Planean ezarritako lehentasun-ordenan egin beharko dira; Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak horretarako gaitutako erakunde batek bere gain hartuko du egoera-diagnostiko hori egitea.

Idatz-zati honetan, diruz lagungarritzat honako hauek hartuko dira: laguntza-produktuak eskuratzea eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei kalitate, segurtasun eta konfort handiagoa emango dieten zerbitzuak, ekipamenduak eta azpiegiturak egokitzera bideratzea zuzendutako jardunak.

3. artikuluan aipaturiko enpresa turistikoek eskuratu ahal izango dituzte laguntza horiek, Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduan jasotako tipologietako establezimenduen titularrek.

Inbertsio garbi onartuaren % 30 lagunduko da diruz, kontuan hartuta gehienezko zenbatekoa 12.000 euro izango dela.

c) Erakargarritasunaren hobekuntza ekarriko duten inbertsioak baita zerbitzuaren eskaintzari balio erantsia emango diotenak ere.

Inbertsio diruz lagungarriak honako hauek izango dira:

c.1.- Zerbitzu turistikoa bezeroei eskaintzen dieten establezimenduak dituzten enpresen kasuan, lokala berritzea eta modernizatzea eta establezimendu horien lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren altzariak eta ekipamendua. Idatz-zati honetan bilduko dira sukaldaritza-zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimenduetan sortutako hondakinak biltzeko sistemak eskuratzeko laguntzak, instalazioak (barrak, zoruak eta abar) behin betiko garbi mantentzen laguntzeko hain zuzen ere. Lokalaren erosketa ez da inolaz ere diruz lagunduko.

c.2.- Aurreko idatz-zatian identifikatu ez diren enpresen kasuan, jarduera turistikoaren oinarria diren materialen, ekipamenduen eta elementuen modernizazioa (esaterako, kirol-materialak, audio-gidak eta abar).

c.3.- Terrazak moldatzea eta modernizatzea urte osoan erabilera turistikoa izateko.

c.4.- Garraioak berritzea eta egokitzea (erosketa salbuetsita) erabilera turistikorako.

Inbertsio garbi onartuaren % 15 lagunduko da diruz, kontuan hartuta gehienezko zenbatekoa 12.000 euro izango dela.

2.- Aurreko ehunekoak % 5 handituko dira enpresak egiaztatzen badu betetzen duela honako baldintza hauetakoren bat:

a) Irisgarritasun-zigilu berdearen jabe izatea dibertsitate funtzional guztietan.

b) Sailak turismo-sektorerako babesten dituen honako kalitate-ziurtagiri hautakoren baten jabe izatea: ISO 9001:2008, Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuak emandako turismo-kalitateko markak, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiri/egiaztapen bat (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan eta ISO 14001).

c) Basquetour, SAk garatutako jardunbide egokien programetako batean parte hartzea eta gainditzea.

3.- Halaber, beren eragin-eremuan turismoa garatzeko helburua duten turismo-sektoreko enpresa-elkarteetako edota elkarte edo erakunde publiko-pribatuetako kidea edo bazkidea dela egiaztatzen badu erakunde onuradunak, diru-laguntzaren ehunekoa % 5 igoko da.

4.- Nolanahi ere, deialdi bakoitzean eman ahal izango den gehienezko diru-laguntzak ez ditu honako zenbateko hauek gainditu beharko:

a) 5. artikuluko 1. puntuko a) eta c) idatz-zatiei dagozkien jarduera diruz lagungarriak biltzen dituzten proiektuen kasuan, diruz lagundu daitekeen guztizko zenbatekoa 12.000 euro izango da eta ezin izango da inolaz ere jarduera mota bakoitzeko ezarritako gehiengoa gainditu.

b) Aurretik aipaturiko diruz lagungarriak diren jarduerez gain, 5. artikuluko 1. puntuko b) idatz-zatiari dagozkion bestelako jarduera diruz lagungarriak biltzen dituzten proiektuen kasuan, diruz lagundu daitekeen guztizko zenbatekoa 24.000 euro izango da eta ezin izango da inolaz ere jarduera mota bakoitzeko ezarritako gehiengoa gainditu.

5.- Erakunde onuradun bera establezimendu bat baino gehiagoko titularra izango balitz, aurreko zenbatekoak establezimendu bakoitzari aplikatuko zaizkio.

6. artikulua.- Laguntzen baldintzak.

1.- Eskaera edo establezimendu bakoitzeko onartuko den gutxieneko inbertsio-zenbatekoa 2.000 euro izango da, salbu eta 5. artikuluko a) idatz-zatian (gutxieneko inbertsioa 600 euro izango da.

2.- Nolanahi ere, inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio «garbia» zenbatuko da, halakotzat hartuz Balio Erantsiaren Zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

3.- Deialdi-ebazpena indarrean hasten den ekitaldiaren aurreko ekitaldian egindako inbertsioak onartuko dira, baldin eta horretarako ezarritako epean aurkezten badira, bai eta aurreko ekitaldian egindakoak ere, betiere inbertsioa gauzatzen bada aurreko ekitaldi horri dagokion deialdian aurreikusitako eskabidea aurkezteko epea amaitu ondoren.

4.- Inbertsio-eskaeraren xede diren inbertsioak benetan egikaritu izana eskaerarekin batera jatorrizko fakturak nahiz fotokopia konpultsatuak aurkeztuz egiaztatuko da.

5.- Ekipamenduak erosterakoan, bai eta turismo-jardueretarako lokalak hobetu, eraberritu eta eguneratzerakoan ere, energia eginkortasun irizpideak ezarri beharko dira eta, hala badagokio, ingurumenarekiko erasoak saihesteko edo gutxiagotzeko beharrezko neurriak hartuko dira. Irizpide eta neurri horiek laguntza-eskabidearen dagokion atalean zahaztu beharko dira.

6.- Diru-laguntzaren xede den ekipamenduak berria izan beharko du, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko da eta enpresan gutxienez 3 urte eman beharko ditu jardunean.

7.- Ez dira diru-laguntzen xede izango zuzentzeko edo mantentzeko gastuak ezta aktiboen ordezkatzea ere, enpresaren lehiakortasunaren hobekuntza ekartzen ez badute.

8.- Ez dira diru-laguntzaren xede izango leasing edo renting eragiketen bidez lortutako aktiboak ezta enpresa eskatzaileak fabrikatu, egin edo garatu dituenak ere.

7. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko aldiberekotasuna.

1.- Agindu honen babesean lortutako diru-laguntzak administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein diru-laguntzarekin bateragarriak izango dira, salbu eta xede berdinarekin Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismo Zuzendaritzak kudeatzen duen turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduaren babesean ematen diren diru-laguntzekin.

2.- Diru-laguntzaren zenbatekoak -Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera- ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta kasu horretan Agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.- Agindu honetan ezarritako laguntzek 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1998/2006 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei edo Europar Batasunaren esparruan ildo beretik emandako bestelako jarraibide edo xedapenei aplikatzeari dagokio.

Europar Batasunak ezarritakoaren arabera Minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.

Muga hori gaindituz gero, Programa honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopuruaren arabera.

8. artikulua.- Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako diru-laguntzak urtean behin egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren, objektibotasunaren eta berdintasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan, ekitaldi honetako diru-laguntzak emateko bideratutako aurrekontu-kontsignazioaren zenbatekoa zehaztuko da, baita honako hauek ere: agindu honetan ezarritako zenbatekoak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera eguneratzeko aukera eta eskabideak aurkezteko epea eta prozedura, baita eskabideak aurkezteko tokiak ere.

9. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.

1.- Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egiteko aukera izango da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuarekin (22. EHAA, 2008ko urtarrilaren 31koa), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (102. EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

Eskabidea soilik Internet bidez lortu eta bete ahal izango da honako helbide honetan: http: //www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/met.html, hain zuzen web-helbide horretan kokatutako funtzionalitateen bidez, eta betiere Merkataritza eta Turismoko sailburuaren ebazpenaren bitartez laguntzen deialdia argitaratu ondoren. Eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Espedienterako sarbidea eta gainerako izapideak http://www.euskadi.net/misgestiones helbidearen bidez ere gauzatu ahal izango dira.

Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen baimendutako sinadura elektronikoaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da eskabidearekin batera, administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Aurreko aukeraren alternatiba gisa, ez bada sinadura digitala erabili nahi, eskabideak informatikoki http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/met.htm helbidean bete eta grabatu ondoren, inprimatu eta erakunde eskatzailea ordezteko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuta bidali Turismo Zuzendaritzara eta, aurkeztu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzak duen Herritarrari Arreta Eskaintzeko Zerbitzuan (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan aurkeztu behar dituzte.

Kasu horretan, jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez egingo dira interesdunak lehentasunezkoa dela adierazi duenean edo espresuki bitarteko hori erabiltzea baimendu duenean soilik.

2.- Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

3.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak datuak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ondorio berberetarako aplika daitekeen gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatzeko konpromisoa hartzen du.

4.- Eskabideak proiektua ebaluatzeko beharrezkoak diren datuak bilduko ditu (gauzatutako inbertsioak, fakturatutako zenbatekoak eta abar) baita eskabide horretan jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizun-adierazpen bat ere; ondoren xehatzen den informazioa jasoko da eskabidean:

a) Erakunde eskatzaileak Agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

b) Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

c) Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako laguntzak (minimis izaerakoak), laguntza eskatu den urtea azken urtearen erreferentziatzat hartuta.

d) Enpresa eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraiki.

e) Dirua Itzulketako edo zehapen ezartzeko prozeduretan sartuta dagoenentz adierazten duen aitorpena.

Eskabidean jasotako datuak egiaztatzeko edozein momentutan eska liteke.

Enpresa eskatzaileak erantzukizun-adierazpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zehapen-araubideari jarraituz.

5.- Eskabideekin batera, honako oinarrizko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, salbu eta eskatzailea ziurtagiri ezagun batekin («NAN elektronikoa», «ONA txartela», «herritarraren ziurtagiria»,...) identifikatzen den kasuan.

b) Enpresa eskatzailearen Identifikazio Fiskalaren txartelaren fotokopia eta eraketa-eskritura salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada; kasu horretan, aipatutako dokumentazioa baimendutako ziurtagirian bertan inplizituki jasota dago.

c) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada.

d) Enpresa eskatzailea ETE bat dela egiaztatzen duen dokumentazioa (enpleguari buruzko datuak, negozio-bolumena eta urteko balantze orokorra, eta hala badagokio, harekin elkarturiko edo loturiko gainerako enpresena, baita guztiek osatzen duten taldearen globalak ere, laguntzen eskabidearen aurre-aurreko ekitaldiari buruzkoak).

e) Jarduera Ekonomikoen Zergaren alta eta bajen ziurtagiriaren kopia edo enpresa gaur egun zerga horren dagokion epigrafean alta emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak (jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak). Inbertsioen egiaztapena faktura elektronikoen bidez ere egin ahal izango da, betiere zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte. Irisgarritasun-jardunak justifikatzen dituzten fakturek irisgarritasuna hobetzeari dagozkion kontzeptuak identifikatu beharko dituzte. Hori horrela adierazten ez bada, jardun horiek ezin izango dira kontzeptu horregatik diruz lagundu.

g) Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduari atxikitako establezimenduen irisgarritasuna hobetzeko jardunen kasuan, Euskalitek egiaztatutako erakundeak igorritako txostena honako hauei buruz: gauzatutako jardunen Hobekuntza Planarekiko egokitzapen-maila eta laguntzaren xede den jarduna egikaritu ondoren establezimenduak lortutako irisgarritasun-maila.

h) Hala badagokio, bidaia-agentzien titulu-lizentzia.

i) Erakunde eskatzailearen «Hirugarren Interesdunaren Datuen Altaren» dokumentua, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren arabera (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net), betiere aldez aurretik ez bada aurkeztu edo datuak aldatu badira.

j) Hala badagokio, sektore turistikorako Sailaren babesa duten kalitate-ziurtagirietako baten fotokopia: ISO 9001:2008, Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuak emandako turismo-kalitateko markak, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiri/egiaztapen bat (Ekoscan, EMAS, ISO 14001 edo Europako ekoetiketa).

k) Hala badagokio, EAEko turismoko enpresa-elkarte bateko edota xedetzat bere eragin-eremuaren turismo-garapena duen erakunde publiko-pribatu bateko kidea dela egiaztatzen duen agiri eguneratua.

6.- Jadanik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Eskatzaileak dokumentazio hori jadanik aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu den aipatutako dokumentazioa, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritako baldintzei jarraiki.

7.- Erakunde eskatzaileek laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin, haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

8.- Eskabideetan aukera emango da dirulaguntzaren eskatzaileak dokumentazioaren zati bat organo kudeatzaileak eskuratzeko edo egiaztatzeko berariazko baimena eman dezan, Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko bere dituen eskumenak baztertu gabe.

10. artikulua.- Zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Lurralde Ordezkaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat atzematen badu, enpresa eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, ebazpena emango da eskatzaileak eskabidean atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

11. artikulua.- Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Lurralde Ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta eskabide horiek behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen agiri edota informazio osagarri guztia eska diezaiokete enpresa eskatzaileari.

2.- Ordezkaritza horietako zerbitzu teknikoek, eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena helaraziko diote Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismoko zuzendariari, esanbidezko erabakia emanez eskatutako diru-laguntza emateari edo ukatzeari dagokionez, eta, hala badagokio, diru-laguntzaren zenbatekoaren eta onartutako inbertsioaren zenbatekoaren berri emanez.

12. artikulua.- Diru-laguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.- Turismoko zuzendariak aurreko artikuluan aipatutako proposamena aztertuko du, eta eskabideak ebatziko ditu, dagokion hurrenkerari jarraiki eta espedientearen dokumentazioa noiz osatu den kontuan izanik.

Ebazpen hori 6 hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinarazi beharko zaio erakunde interesdunari, eskaera aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.- Laguntza emateko ebazpena enpresa eskatzaile bakoitzari jakinaraztea aparte utzi gabe, diru-laguntzaren enpresa onuradunen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Beteginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

3.- Emandako ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan.

4.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari jarraiki, ebazpena emateko 6 hilabeteko epea amaitu eta interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza onetsitzat har daiteke.

5.- Nolanahi ere, emango den ebazpenak dagokion diru-laguntza finkatuko du eta behin Agindu honen 13 artikuluan ezartzen den epea igaro eta gero ordainduko da.

13. artikulua.- Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza ematearen Ebazpena jasotako egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Emandako diru-laguntza eskatutako helburu zehatza betetzeko erabiltzea; horretaz gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jardunak bete dituela justifikatu beharko du erakunde onuradunak, Agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean ezarritakoari jarraiki.

c) Helburu berberarekin edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea diru-laguntza eman duen organoari.

d) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, aldaketa hori egin baino lehen horren berri ematea.

e) Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzekin dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia aurkeztea.

f) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

g) Abenduaren 22ko 6/2003 Legearen -Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren- II. tituluko hizkuntza-eskubideak aipatzen dituen VII. kapituluan jasotako hizkuntza-eskubideak errespetatzea.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Emakumeen eta Gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoa betetzea.

14. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egindako aldaketa orok diru-laguntza hori emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere diru-laguntzaren erakunde onuraduna izateko arau honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.

Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion Ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

15. artikulua.- Ikuskatzea.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egoki iritzitako ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu aurkeztutako proiektuen garapenari eta egikaritzapenari dagokienez, eta erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak egin dezaketen kontrola aparte utzi gabe, betiere bere eginkizunen egikaritzapenean jasotako laguntzei dagokienez.

16. artikulua.- Ez betetzeak.

Erakunde onuradunak diru-laguntza emateko ebazpenean eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak gezurrezkoak badira, dirua diru-laguntza ematea eragin zuen helbururako ez den beste baterako erabili badu, Turismo Zuzendaritzak ondorio horretarako irekitako espedientea bideratu eta interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua gehi dagozkion legezko interesak bi hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu, bidezkoak diren gainerako ekintzak eragotzi gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ekipamenduen-erosketa, eta turismo-jardueretarako lokalen hobekuntza, eraberriketa eta modernizazioari buruzko proiektuetan energia eginkortasun-irizpideak ezarri beharreko baldintza, agindu honen 6.6. artikuluan jasotakoa, ez zaie ezarriko 2011. urtean zehar burututako proiektuei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzen denean, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko ekainaren 30eko Agindua, enpresa turistikoak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duena, indargabetuta geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka, Euskadiko Auzitegi Nagusian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala