Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2011ko uztailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Indargabetutako xedapena

XEDAPEN OROKORRAK

Osasun eta Kontsumo Saila
3668

153/2011 DEKRETUA, uztailaren 5ekoa, Osasun-profesionalen Informazio-sistemari buruzkoa.

Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko 2003ko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen V. atala osasun-arloko informazio-sistema arautzeari buruzkoa da. Informazio-sistema horrek bermatuko luke informazioa eskura izatea eta osasun-arloko administrazioek elkarri komunikatzea, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak hitzarturiko baldintzen arabera.

Geroago, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak profesionalen erregistroak egotea arautzen du, eta erregistro horiek ahalbidetuko lukete osasun-prestazioen inguruko hiritarren eskubideak betetzea eta osasun-sistemaren giza baliabideak behar bezala planifikatzea, izaera publikoa duten profesionalen datuak zehaztuz.

Era berean, osasun-zerbitzu bakoitzeko berezko eremu bakoitzarentzat, Osasun Zerbitzuetako Osasun Langileen Esparru Estatutuari buruzko 2003ko azaroaren 16ko 55/2003 Legeak 16. artikuluan ezartzen du osasun-zerbitzuek ezarriko dituztela langileen erregistroak (giza baliabideak planifikatzeko oinarrizko tresna gisa), eta haietan erregistratuko direla dagokien osasun-zentro edo -erakundeetan zerbitzuak ematen dituztenak.

Lege-aurreikuspen horiek betetzeko, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak Osasun Profesionalen Erregistroei buruzko 2007ko martxoaren 14ko Akordioa adostu zuen; akordio horretan ezartzen dira eskumena duten osasun-arloko administrazioek ezarri beharreko irizpideen eta gutxieneko baldintzen printzipio orokorrak, profesionalen elkargoen esparruan eta zentro eta aseguru-etxe pribatuetan egon beharreko profesionalen erregistro publikoak arautzen dituztenerako. Era berean, akordio horren barnean sartzen da autonomia-erkidego bakoitzean osasun-arloko profesionalen erregistro bat sortzeko konpromisoa ere; erregistro hori osatuko dute dagokion osasun-zerbitzuko langileen erregistroan jasotako datuek eta aipaturiko profesionalen erregistro publikoek dituzten datuek.

Honako dekretu honek, Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluak jasotzen duen Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena baliatuz, agindu horiek betetzea du helburu, Osasun Profesionalen Euskal Erregistroa sortuz eta arautuz eta osasun-arloko profesionalen erregistro publikoek bete beharreko irizpide orokorrak ezarriz. Erregistro publiko horiek osasun-profesionalen elkargoek eta autonomia-erkidegoko kontseiluek, osasun-arloko zentroek eta aseguru-etxeek jarri beharko dituzte abian.

Haren indarrez, behar diren izapideak egin ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin ados, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2011ko uztailaren 5ean egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

I. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Helburua.

1.- Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Profesionalen Informazio Sistema ezartzea, horrela gauzatu ahal izateko osasun-prestazioen inguruko hiritarren eskubideak eta osasun-sistemaren giza baliabideak behar bezala planifikatzea, izaera publikoa duten profesionalen datuak zehaztuz.

2.- Horretarako, Osasun Profesionalen Euskal Erregistroa sortzen da, eta osasun-profesionalen erregistro publikoen irizpide orokorrak eta gutxieneko baldintzak ezartzen dira. Erregistro publiko horiek Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legean ezarritakoaren arabera eratu beharko dira.

2. artikulua.- Aplikazio-eremua.

Hauek dira dekretu honetako xedapenak aplikatzen diren eremuak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten osasun-profesionalak.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoa, autonomia-erkidegoko profesionalen elkargoak eta kontseiluak, osasun-zentroak eta gaixotasunaren alorrean jarduten duten aseguru-entitateak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren osasun-profesionalak, nahiz eta bertan lan ez egin, haien borondatez Osasun Profesionalen Euskal Erregistroan izena eman badute.

3. artikulua.- Erregistratzen diren datuak.

1.- Osasun-arloko profesionalen erregistroetan nahitaez sartu behar diren datuak dekretu honen eranskinean zehazten dira.

2.- Izaera publikoa dute, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 5. eta 43. artikuluetan ezarritakoaren arabera, profesionalen datu hauek: izena, titulazioa, espezialitatea, jarduera egiten duen lekua eta, hala badagokio, kategoria eta eginkizuna.

3.- Nahi izanez gero, profesionalek hala eskatzen badute, datu publiko gisa erregistratu ahal izango da profesional horiek aitortua duten garapen profesionaleko maila, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko Legearen 38.1.e) artikuluak eta hura garatzen duen arautegiak aurreikusten duten bezala.

4. artikulua.- Erregistroaren izaera.

Nahitaezkoa den arren, Osasun Profesionalen Euskal Erregistroan izena ematea adierazpenekoa izango da soilik, informazio-helburua izango du, eta ez da izango dagokion jarduera profesionala gauzatzeko eskakizuna edo baldintza.

5. artikulua.- Erregistroetarako sarbidea.

1.- Bere izenean eskatzen duen edozein pertsona fisikok aukera izango du izaera publikoa duten eta osasun-arloko profesionalen erregistroetan jasota dauden datuak eta informazioak eskuratzeko; horretarako ez dute egiaztatu beharrik izango interes jakin bat dutenik, eta bermatua izango dute beren identitateari buruzko konfidentzialtasuna.

2.- Erregistroetan dauden gainerako datuak eskuratzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan ezarritakoa eta Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa bete beharko dira.

6. artikulua.- Datuen babesa.

1.- Dekretu honek arautzen dituen osasun-arloko profesionalen erregistroek indarrean dagoen datu pertsonalak babesteko legea bete behar dute.

2.- Erregistroetan ezingo da azaldu profesionalen ideologiari, sindikatuetako afiliatzeari, sinesmenei, erlijioari, arrazari, osasunari edo sexualitateari buruzko inongo daturik.

3.- Datuen jabeak diren profesionalek edozein unetan gauzatu ahal izango dituzte datu pertsonalen gaineko eskubideak (norberaren datuak ikusi, zuzendu, ezeztatu edo haien kontra azaltzea), Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiak Arautzeari eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2004ko otsailaren 25eko 2/2004 Legean eta haiek garatzen dituzten arauetan ezarritako baldintzetan.

II. ATALA

OSASUN-PROFESIONALEN EUSKAL ERREGISTROA

7. artikulua.- Sortzea eta adskripzioa.

1.- Osasun Profesionalen Euskal Erregistroa sortu da. Erregistro hori osasun-lanbideak arautzeko arloan eginkizunak esleitu zaizkion zuzendaritza-organoari atxikirik dago, osasun-arloan eskumena duen sailaren barnean. Hari dagokio erregistroa antolatu eta kudeatzea, baita datuen konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatzeko beharrezko diren neurriak hartzea ere. Haren jabea izango da dagokion fitxategiaren arduraduna, datuak babesteko legeriaren ondorioetarako.

2.- Erregistroa euskarri informatikoan ezarriko da; horrek ahalbidetuko du bere xedeak transmisio elektronikoaren bidez kudeatu eta gauzatzea.

8. artikulua.- Helburuak.

Osasun Profesionalen Euskal Erregistroaren helburuak hauek dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan jarduten duten osasun-profesionalei buruzko sarbide publikoa duten datuen homogeneotasuna bermatzea.

b) Osasun-arloko profesionalei buruz sortzen diren erregistro publiko guztietako datuak biltzea.

c) Giza baliabideen planifikazioari eta kudeaketari dagokienez, beren eskumenak gauzatzeko informazio nahikoa eta egokia ematea osasun-administrazioei.

9. artikulua.- Eginkizunak.

Osasun Profesionalen Euskal Erregistroak eginkizun hauek izango ditu:

a) Bere aplikazio-eremuan sartzen diren langileei buruzko datuak erregistratzea.

b) Publiko gisa definitu diren datuak eskuratzeko eta kontsultatzeko mekanismoak ezartzea, eta hiritarrek eskubide horiek errazago gauzatu ditzaten ahalbidetzea.

c) Osasun-administrazioko organoei giza baliabideak planifikatu eta kudeatzeko beharrezkoak diren datu eguneratuak ematea.

d) Osasun Sistema Nazionaleko Informazio Sistemari dekretu honen eranskinean ezartzen diren osasun-profesionalei buruzko datuak ematea.

10. artikulua.- Datuak sartzeko prozedura.

Dekretu honen eranskinean zehazten den informazioa modu hauetara lortuko du erregistroak:

a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Entitate Publikoko langileen erregistroan dauden datuak bilduz.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan jarduten duten profesionalen elkargoek eta kontseiluek, osasun-zentro pribatuek eta gaixotasunaren alorrean jarduten duten aseguru-etxeek nahitaez sortu beharreko osasun-arloko profesionalen erregistro publikoetan erregistraturiko datuak bilduz.

11. artikulua.- Erregistroaren informatizazioa.

Osasun Profesionalen Euskal Erregistroa euskarri informatikoa erabiliz kudeatuko da, eta euskarri horren konfigurazioan bermatuta egon beharko du elkarkomunikazio eta sinkronizazio egokia izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen erregistroarekin eta profesionalen elkargoek eta kontseiluek, osasun-zentro pribatuek eta gaixotasunaren alorrean jarduten duten aseguru-etxeek nahitaez sortu beharreko osasun-arloko profesionalen erregistro publikoekin.

III. ATALA

OSASUN-ARLOKO PROFESIONALEN ERREGISTRO PUBLIKOAK

12. artikulua.- Sorrera.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan dauden osasun-lanbideen profesionalen elkargoek eta autonomia-erkidegoko kontseiluek profesionalen erregistro publiko bat izan behar dute, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko Legearen 5.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

2.- Era berean, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko Legearen 41. eta 42. artikuluek aipatzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten osasun-zentroetako eta aseguru-etxeetako bakoitzak norberaren kontura edo besteren kontura zerbitzuak emateko kontrataturiko osasun-profesionalen erregistro publikoa egin eta eguneratuta eduki behar dute, aipaturiko legearen 43. artikuluak agintzen duenez.

13. artikulua.- Helburuak.

Osasun-arloko profesionalen erregistro publikoek helburu hauek dituzte:

a) Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko Legearen 5. artikuluko 1. ataleko d) eta e) hizkietan jasotzen diren eskubideak gauzatzeko aukera bermatzea hiritarrei.

b) Osasun-administrazioei beren eskumenak gauzatzea (bereziki, giza baliabideak behar bezala planifikatzea eta kudeatzea) ahalbidetuko dieten datu eguneratuak ematea.

14. artikulua.- Osasun-profesionalak sartuta.

1.- Profesionalen elkargoen eta kontseiluen erregistro publikoetan haietako bakoitzean erregistratuta dauden osasun-profesionalen datuak jaso behar dira, edozein dela ere erregistratuta dauden egoera.

2.- Osasun-zentro pribatuetako eta osasun-arloko aseguru-etxeetako profesionalen erregistro publikoetan haientzat prestazioak ematen dituzten osasun-profesional guztien datuak agertu behar dute, edozein dela ere laguntzaren lotura juridikoa, modalitatea eta prestazio-lekua, edo dedikazioaren maila eta baldintzak.

15. artikulua.- Datuak jasotzea eta eguneratzea.

1.- Elkargo bakoitzak ofizioz erregistratuko ditu profesionalen datuak (profesional horiek elkargoan izena eman ondoren), profesional bakoitzaren elkargokide-espedientean dauden datuetatik abiatuta. Era berean, datu horiek ofizioz eguneratuko dira erregistraturiko datuei eragiten dieten aldaketak izaten direnean.

2.- Autonomia-erkidegoko kontseiluen erregistroak haiek osatzen dituzten profesionalen elkargoetako erregistro publikoetatik sortuko dira, haien estatutuek beste arau bat ezarri ezean.

3.- Osasun-zentro pribatuen eta gaixotasunaren alorrean jarduten duten aseguru-etxeen erregistroen kasuan, osasun-profesionalekin kontratua sinatzean egingo da izen-ematea, edozein dela ere kontratu horien izaera, dedikazio-maila edo ardura-maila.

16. artikulua.- Datuak kontsultatzea.

1.- Hiritarrek erregistro horiek eskura izatea bermatzeko, haien antolamenduak eta egiturak ahalbidetu behar du, alde batetik, datuak agerian jartzea, eta, bestetik, eta hala badagokio, datu jakin batzuei buruzko informazio-oharrak egitea, haiek eskuratzeko inongo bitartekorik behar izan gabe.

2.- Datuak errazago eskuratzeko, erregistroak irekitzeko ordutegia izan beharko da, gutxienez, osasun-profesionalen elkargoek eta autonomia-erkidegoko kontseiluek, osasun-zentroek eta aseguru-etxeek jendearentzako duten ordutegia, eta behar adina iragarri beharko da.

17. artikulua.- Administrazioaren babesa.

1.- Pertsona partikular batek osasun-arloko profesionalen erregistro publiko batera sartzeko eskaera egiten badu, eta ukatu egiten bazaio, pertsona horrek osasun-arloan eskumena duen sailaren babesa eskatu ahal izango du, eta hark beharrezko neurriak hartuko ditu dagokion eskubide hori gauzatu dezan.

2.- Aurreko atalean esandakoa betetzeko, beste neurriei kalterik egin gabe, informazio hori Osasun Arloko Profesionalen Euskal Erregistroan eskuratzea ahalbidetu dezake osasun-arloan eskumena duen sailak.

18. artikulua.- Autonomia-erkidegoko administrazioari datuak ematea.

1.- Osasun-profesionalen erregistro publikoen jabe diren erakundeek Osasun Arloko Profesionalen Euskal Erregistroari eman behar dizkiote nahitaez dekretu honen eranskinean jasotzen diren datuak.

2.- Datuak eman eta eskuratzeko, Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako bermeak eta baldintzak eta datuak babestea arautzen duten gainerako xedapenak bete beharko dira.

19. artikulua.- Euskarri elektronikoak.

1.- Osasun-profesionalen erregistro publikoak euskarri elektronikoan ezarriko dira, Osasun Profesionalen Euskal Erregistroarekin sinkronizatzea eta interkonektatzea bermatzen duen antolamendu, egitura eta diseinuarekin.

2.- Erregistro elektronikoak beharrezko neurri teknikoak eta antolamendukoak izan beharko ditu, benekotasuna, osotasuna, aldaezintasuna, eskuragarritasuna, informazioaren kontserbazioa, datuen babesa eta konfidentzialtasuna bermatzeko.

3.- Aurreko ataletan ezarritakoa betetzeko, osasun-arloan eskumena duen sailak beharrezko diren ildo teknikoak emango ditu, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak ezarritako printzipio orokorren esparruan.

20. artikulua.- Datu pertsonalen fitxategiaren arduraduna.

Datu pertsonalen fitxategiak sortzeko arauek eta akordioek izendatuko dute fitxategiaren ardura nork izango duen eta datuak babesteko legeriak aitortzen dituen eskubideak nola gauzatuko diren.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Lankidetza-akordioak.

Osasun-arloan eskumena eman zaion sailak akordioak egin ditzake lanbide-prestakuntzaren arloan eskumena duenarekin eta euskal unibertsitateekin, osasun-lanbide bat gauzatzeko gaitasuna ematen duen titulazioa lortzen duten pertsonei dagozkien datuak lortu, eta, hala badagokio, datu horiek ofizioz erregistratzeko. Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko Legearen 2. eta 3. artikuluetan arautzen direnak izango dira osasun-lanbide horiek. Datu pertsonalen kasuan, akordio horiek datuak babesteko legeriak ezarritakoa bete behar dute.

Bigarrena.- Profesionalen salbuespenezko erregistroa.

Indarrean dauden legeen arabera, gaikuntza, aitormen edo beste edozein administrazio-baimenek emaniko ahalmenaren bidez osasun-lanbidea gauzatzen dutenak Osasun Lanbideen Euskal Erregistroan erregistratuko dira, jarduera profesionalera sartzeko titulazioari dagokion atalean.

XEDAPEN IRAGANKORRA.- Erregistroa ezartzeko epea.

1.- Osasun-profesionalen erregistro publikoak eraginkor egon beharko dira dekretu hau indarrean jarri eta hamazortzi hilabetera.

2.- Edonola ere, behin-behineko aldi honetan, elkargoek, kontseiluek, osasun-zentroek eta osasun-arloko aseguru-etxeek behar diren neurriak hartu beharko dituzte, egokitze-aldi horretan hiritarrek eskura izan ditzaten osasun-profesionalen datuak, dekretu honetan aipaturikoaren arabera publikoak izan behar dutenak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 5ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala