Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2011ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3378

142/2011 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Transferentzien Bitariko Batzordearen 2011ko ekainaren 22ko Akordioa onartzen duena. Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari buruzko irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazio Orokorraren eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeari buruzkoa da akordio hori.

Dekretu honek bi helburu ditu: batetik, Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22ko bilkuran hartutako Akordioa onartzea, ekainaren 24ko 897/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua, eta berau argitara dadila xedatzea; eta bestetik, dekretu honen bidez, akordio horretan eskualdatutako zerbitzuak eta eginkizunak atxikitzea. Akordio horren arabera, Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari buruzko irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzen dira. Hori guztia Transferentzien Bitariko Batzordearen akordio horren 2. artikuluak xedatutakoaren arabera, irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartua, eta akordioan bertan betetzea eskatutako formalizazio-izapideak beteaz egin da.

Horregatik, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, bera baita Transferentzien Bitariko Batzordearen presidenteordea, lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 28an egindako bilkuran kontu hori aztertu eta onartu dela ikusita, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartutako akordioa onartzea, betiere ekainaren 24ko 897/2011 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera. Akordio horren arabera, Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari buruzko irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzen dira.

Era berean, agintzen da aipatutako Errege Dekretua, dekretu honen eranskin gisa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

2. artikulua.- Eskuz aldatutako eginkizunak eta zerbitzuak gai horretan eskumena daukan sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua eta

Transferentzien Bitariko Batzordeko presidenteordea,

RODOLFO ARES TABOADA.

ERANSKINA, EKAINAREN 28KO 142/2011 DEKRETUARENA

897/2011 ERREGE DEKRETUA, EKAINAREN 24KOA, ESTATUAREN TITULARTASUNEKO ARTXIBOAK KUDEATZEARI BURUZKO IRAILAREN 28KO 3069/1980 ERREGE DEKRETUAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATU ZITZAIZKION ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN EGINKIZUNAK ETA ZERBITZUAK GEHITZEARI BURUZKOA.

Konstituzioaren 149.1.28 artikuluaren arabera, Estatuak du Espainiaren kultura-, arte- eta monumentu-ondarea esportazio eta espoliazioen aurka babesteko eskumen esklusiboa; Estatuaren titulartasuneko museoak, bibliotekak eta artxiboak autonomia-erkidegoek kudeatzea eragotzi gabe.

Halaber, Konstituzioaren 149.1.15 eta 16. artikuluen arabera, autonomia-erkidegoek euren interesekoak diren eta autonomia-erkidegoaren intereseko monumentu-ondareari dagokionez, museo, biblioteka eta musika-eskolen arloko eskumenak berenganatu ahal izango dituzte.

Era berean, Konstituzioaren 149.2 artikuluaren arabera, Autonomia-erkidegoek bereganatu ahal dituzten eskumenei kalterik egin gabe, estatuarentzat eginbeharra eta oinarrizko aginpidea izango da kultur zerbitzua, eta autonomia-erkidegoen artean kultur harremanak erraztuko ditu, horiekin ados jarrita.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen. Bada, estatutu horren 10.20 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du Estaturen izenean ez dauden artxibategi, liburutegi eta museoen arloko eskumen esklusiboa.

Irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion fundazio eta elkarte kulturalen, liburu eta biblioteken, zinematografia, musika eta antzerkiaren, gazteria eta sustapen soziokulturalaren, ondare historiko-artistiko eta kirolen arloko Estatuaren zerbitzuak.

Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak zehatz ezartzen dute zein eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Transferentzien Bitariko Batzordeak, 2011ko ekainaren 22ko bilkuran hartutako akordioaren bidez, Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari buruzko irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea erabaki zuen. Akordio hori errealitatean gauzatuko bada, ordea, ezinbestekoa izango da Gobernuak errege-dekretu bidez onespena ematea.

Horrela, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Herri Administrazioko ministroak egindako proposamena aintzat hartuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 24an egindako bilkuran kontu hori aztertu eta onartu zela ikusita, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Onartu egiten da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen den Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22ko osoko bilkuran hartutako akordioa, hau da, Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari buruzko irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea. Errege-dekretu honen eranskin gisa dator transkribatuta akordioa.

2. artikulua.- Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari gehitzen zaizkio Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan aditzera ematen diren eginkizunak eta zerbitzuak, bertan zehazten diren moduan eta baldintzetan.

3. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan adierazitako egunetik aurrera hartuko du indarra eskualdatzeak.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean jartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean.

ERANSKINA, EKAINAREN 24KO 897/2011 DEKRETUARENA

TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAREN 2011KO EKAINAREN 22KO AKORDIOA

Antonio Lopez Soto eta Juan Ignacio Urresola Arechabala jaunek, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutako Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariek, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Transferentzien Bitariko Batzordeak, 2011ko ekainaren 22an egindako osoko bilkuran, akordio bat hitzartu zuen, Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari buruzko irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeko, ondoren zehazten den moduan:

A) Eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeko zein konstituzio-arau eta autonomia-estatutuko arau hartu den oinarri.

Konstituzioaren 149.1.28 artikuluaren arabera, Estatuak du Espainiaren kultura-, arte- eta monumentu-ondarea esportazio eta espoliazioen aurka babesteko eskumen esklusiboa; Estatuaren titulartasuneko museoak, bibliotekak eta artxiboak autonomia-erkidegoek kudeatzea eragotzi gabe.

Halaber, Konstituzioaren 149.1.15 eta 16. artikuluen arabera, autonomia-erkidegoek euren interesekoak diren eta autonomia-erkidegoaren intereseko monumentu-ondareari dagokionez, museo, biblioteka eta musika-eskolen arloko eskumenak berenganatu ahal izango dituzte.

Era berean, Konstituzioaren 149.2 artikuluaren arabera, Autonomia-erkidegoek bereganatu ahal dituzten eskumenei kalterik egin gabe, estatuarentzat eginbeharra eta oinarrizko aginpidea izango da kultur zerbitzua, eta autonomia-erkidegoen artean kultur harremanak erraztuko ditu, horiekin ados jarrita.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen. Bada, estatutu horren 10.20 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du Estaturen izenean ez dauden artxibategi, liburutegi eta museoen arloko eskumen esklusiboa.

Irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion fundazio eta elkarte kulturalen, liburu eta biblioteken, zinematografia, musika eta antzerkiaren, gazteria eta sustapen soziokulturalaren, ondare historiko-artistiko eta kirolen arloko Estatuaren zerbitzuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zein eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Konstituzioko eta Estatutuko xedapen hauek oinarri hartuaz gauzatu da Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari buruzko irailaren 28ko 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeko akordioa.

B) Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Administrazioaren zein eginkizunak eta zerbitzu hartzen dituen bere gain.

Euskal Autonomia Erkidegoak, bere lurraldeari dagokion esparruan, administrazio bien artean sinatutako hitzarmenetan xedatutakoaren arabera kudeatuko ditu Estatuaren titulartasuneko artxiboak.

C) Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan gelditzen diren eginkizunak.

Estatu Administrazio Orokorraren organoek jarraituko dituzte betetzen Estatuaren higiezinen eta artxiboetako dokumentu-multzoen titular bezala dituen eginkizunak. Halaber, Estatuaren zentro eta zerbitzuetan gordailuan dauden dokumentu-multzoekiko eginkizunak ere.

D) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia-Erkidegoak batera eta era partekatuan beteko dituzten eginkizunak, eta lankidetzarako formula instituzionalak.

Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarren artean koordinatuta honako eginkizunak hauek beteko dituzte:

a) Akordio honetan jasotzen diren jarduera guztien informazioa elkarren artean trukatuz bideratutako lankidetza, eta baita etengabeko asistentzia teknikoa, aholkularitza eta lankidetza ere.

b) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak, Lurralde Historikoei aplikatzeko legeriaren arabera, akordio honetan aipatzen diren arloetan egoki iritzitako lankidetza-hitzarmenak burutu ahal izango dituzte.

c) Era beran, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Kultura Ministerioak informazioa etengabe trukatuko dute eta euren jardunetan kolaboratuko dute, komunikazio kultural estua izan dezaten, Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

E) Gehitu diren estatuaren ondasun, eskubide eta betebeharrak.

1.- Eskualdagai diren eginkizunak eta zerbitzuak gauzatzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zaizkio.

2.- Akordio honen eraginkortasun-datatik hiru hileko epean, higigarrien, ekipamenduen eta material inbentariagarrien emate- eta jasotze-aktak sinatuko dira.

F) Gehitu diren zerbitzuei atxikitako langileak.

1.- Eskualdatzen diren zerbitzuei atxikitako langileak eta lanpostu hutsak 1. zerrendan ageri dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko izatera pasako dira Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak eta kasu bakoitzean aplikagarri diren gainerako arauek legez aurreikusitako baldintzetan, eta bakoitzaren langile-espedientean zehazten diren inguruabar beretan.

2.- Kultura Ministerioko Idazkaritzaordeak jakinaraziko die eskualdatzea interesdunei, Gobernuak akordio hau errege-dekretuz onartu bezain laster. Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunei, era berean, lekualdatuko diren langileen espediente guztien kopia ziurtatua igorriko zaie, bai eta 2011n sortarazi beharko diren kopuruei buruzko hartzekoen ziurtagiriak ere.

3.- Langile-zerrenda horietan zuzenketarik edo aldaketarik sartu behar izango balitz, zuzenketa edo aldaketa hori bi administrazioek egiaztatu ondoren gauzatuko da, Transferentzien Bitariko Batzordeko Idazkaritzak emandako ziurtapenaren bitartez.

G) Eskualdaketan eragina izango duten aurrekontu-kredituak.

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua, 2011ko ekitaldian, 2. zerrendan agertzen da.

H) Agiriak eta espedienteak ematea.

Gehitu diren eginkizunak eta zerbitzuen agiriak eta espedienteak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, akordio hau onartzen duen Errege Dekretua argitaratzen denetik, irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

I) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.

Akordio honen xede den bitartekoak gehitzea 2011ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean.

Eta jasota gera dadin, ziurtapen hau ematen dute Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 22an.

Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak,

ANTONIO LÓPEZ SOTO JAUNAK

JUAN IGNACIO URRESOLA ARECHABALA JAUNAK.

1.ZERRENDA

1.1 ZERRENDA: ESKUALDATZEN DIREN ZERBITZUETARA ATXIKITAKO FUNTZIONARIOAK

ARABAKO PROBINTZIA-ARTXIBO HISTORIKOA

(Ikus .PDF)

GIPUZKOAKO PROBINTZIA-ARTXIBO HISTORIKOA

(Ikus .PDF)

BIZKAIKO PROBINTZIA-ARTXIBO HISTORIKOA

(Ikus .PDF)

ESKUALDATZEN DIREN ZERBITZUETARA ATXIKITAKO FUNTZIONARIOAK

ARABAKO PROBINTZIA-ARTXIBO HISTORIKOA

(Ikus .PDF)

GIPUZKOAKO PROBINTZIA-ARTXIBO HISTORIKOA

(Ikus .PDF)

BIZKAIKO PROBINTZIA-ARTXIBO HISTORIKOA

(Ikus .PDF)

1.2 ZERRENDA, HUTSIK DAUDEN POSTUAK

(Ikus .PDF)

2. ZERRENDA

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua (2011ko ekitaldiko aurrekontu--uzkidurak )

KAPITULUA euroak

24.332A.04 1 8.735.969,39

24.331M.01 1 3.668.569,07

24.103.331M 1 68.740,87

24.332A.04 2 3.015.930,68

24.332A.01 2 9.307.380,82

24.331M.01 2 10.320.574,20

24.331M.02 2 112.609,50

24.103.331M 2 20.672,92

GUZTIRA 35.250.447,44


Azterketa dokumentala