Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2011ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3375

139/2011 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartutako Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, gehitu egiten dira Estatuko Administrazio Orokorrak, maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari enplegu-erregulazioko espedienteen arloan Eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak.

Dekretu honen xedea bikoitza da: Dekretu honen xedea bikoitza da: alde batetik, ekainaren 24ko 899/2011 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartu zuen akordioa onestea eta argitaratzeko agintzea; beste aldetik, Dekretuaren beste xedea eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak atxikitzea da. Akordio horren arabera, maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez enplegu-erregulazioko espediente arloan eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak gehitzen dira, eginkizun eta zerbitzu berriak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatuz. Hori guztia, gainera, irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak onartutako Akordioaren 2. artikuluaren arabera eta errege-dekretu horretan agintzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera.

Horregatik, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, bera baita Transferentzien Bitariko Batzordeko presidenteordea, lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 28an egindako bilkuran gai hori aztertu eta onartu zela ikusita, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordearen 2011ko ekainaren 22ko Akordioa onartzea, ekainaren 24ko 899/2011 Errege Dekretuan xedatu bezala. Akordio horren arabera, gehitu egiten dira Estatuko Administrazio Orokorrak, maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari enplegu-erregulazioko espedienteen arloan eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak.

Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea agintzen da, dekretu honen eranskin gisa.

2. artikulua.- Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gai horretan eskumena daukan sailari atxikiko zaizkio.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburu eta Transferentzien Bitariko batzordeko presidenteordea,

RODOLFO ARES TABOADA.

ERANSKINA, EKAINAREN 28KO 139/2011 DEKRETUARENA

899/2011 ERREGE DEKRETUA, EKAINAREN 24KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEEN ARLOAN ESKUALDATU ZITZAIZKION ESTATUKO ADMINISTRAZIOAREN EGINKIZUNAK ETA ZERBITZUAK GEHITZEARI BURUZKOA

Konstituzioak 149.1.7 artikuluan ezartzen du Estatuak duela laneko legeriaren arloko eskumen esklusiboa, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzea hura.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluaren arabera, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio laneko legeriaren arloko Estatuko legeak gauzatzea. Horretarako, bere gain hartuko ditu lan-harremanei dagokienez Estatuak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak; bere gain hartuko du, orobat, Estatuak laneko legeria gauzatzeko dituen zerbitzuak haren goi-ikuskaritzarekin batera antolatzeko, zuzentzeko eta zaintzeko ahalmena. Zerbitzu horiek antolatu, zuzendu eta zaintzerakoan, lan-baldintzak gizartearen garapen- eta aurrerapen-mailarekin bat etor daitezen ahaleginduko da, eta langileek kualifikazioa eta prestakuntza integrala izan dezaten eragingo du.

Halaber, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.7 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuaren sektore publikoaren arloko Estatuko legeria Autonomia Erkidegoaren lurralde-barrutian gauzatzea. Egoki den kasu eta jardueren araberakoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren esku hartzea.

Maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion enplegu-erregulazioko espedienteen arloan Estatuko Administrazioak zituen zerbitzuak.

Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak zehatz ezartzen dute zein eratan eta zer prozeduraren bidez gauzatu behar den Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Bitariko Batzordeak, 2011ko ekainaren 22ko bilkuran hartutako akordio baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari enplegu-erregulazioko espedienteen arloan eskualdatuta zeuden Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak gehitzea erabaki zuen. Akordio hori errealitatean gauzatuko bada, ordea, ezinbestekoa izango da Gobernuak onarpena ematea, errege-dekretu bidez.

Hori dela-eta, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetzeko, Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko ministroaren proposamenez eta Ministroen Kontseiluak 2011ko ekainaren 24ko bileran eztabaidatu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Onartu egiten da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazten den Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22ko osoko bilkuran hartutako akordioa, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoari enplegu-erregulazioko espedienteen arloan eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak gehitzea. Errege-dekretu honen eranskin gisa dator transkribatuta akordioa.

2. artikulua.- Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoari gehitzen zaizkio Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan agertzen diren eginkizun eta zerbitzuak, bertan zehazten diren moduan eta baldintzetan.

3. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan adierazitako egunetik aurrera hartuko du indarra eginkizunen eta zerbitzuen gehitzeak.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean sartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

ERANSKINA, EKAINAREN 24KO 899/2011 ERREGE DEKRETUARENA

TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAREN 2011KO EKAINAREN 22KO AKORDIOA

Antonio López Soto eta Juan Ignacio Urresola Arechabala jaunek, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariek, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Transferentzien Bitariko Batzordeak, 2011ko ekainaren 22an egindako Osoko Bilkuran, akordio bat hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoari enplegu-erregulazioko espedienteen arloan eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak gehitzeko, ondoren zehazten den moduan:

A) Gehitzearen oinarri diren konstituzioko eta estatutuko arauak.

Konstituzioak 149.1.7 artikuluan ezartzen du Estatuak duela laneko legeriaren arloko eskumen esklusiboa, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzea hura.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluaren arabera, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio laneko legeriaren arloko Estatuko legeak gauzatzea. Horretarako, bere gain hartuko ditu lan-harremanei dagokienez Estatuak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak; bere gain hartuko du, orobat, Estatuak laneko legeria gauzatzeko dituen zerbitzuak haren goi-ikuskaritzarekin batera antolatzeko, zuzentzeko eta zaintzeko ahalmena. Zerbitzu horiek antolatu, zuzendu eta zaintzerakoan, lan-baldintzak gizartearen garapen- eta aurrerapen-mailarekin bat etor daitezen ahaleginduko da, eta langileek kualifikazioa eta prestakuntza integrala izan dezaten eragingo du.

Halaber, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.7 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuaren sektore publikoaren arloko Estatuko legeria Autonomia Erkidegoaren lurralde-barrutian gauzatzea. Egoki den kasu eta jardueren araberakoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren esku hartzea.

Maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion enplegu-erregulazioko espedienteen arloan Estatuko Administrazioak zituen zerbitzuak.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute Estatuaren Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Konstituzioan eta Estatutuan ezarritako horiek oinarri direla, gehitu egingo dira enplegu-erregulazioko espedienteen arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak.

B) Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Laneko legeria enplegu-erregulazioko espedienteen arloan gauzatu dezan, gehitu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuta dituen eginkizunak. Honako hauek gehitzen dira:

a) Enplegu-erregulazioko espedienteen instrukzioa egitea eta horiek ebaztea, hasierako aldian nahiz errekurtso-bidean. Enplegu-erregulazioko espediente horien bidez, lanaldi-murrizketak egiteko edo lan-harremanak eteteko nahiz azkentzeko baimena emango da, betiere ekonomia, teknika, antolakuntza, produkzioa edo ezinbestea oinarri duten arrazoiak tarteko badira. Enplegu-erregulazioko espediente horiek hauei eragingo die:

1) Enplegu-erregulazioko espedientepean dauden eta Nazioko Gobernuak erabakitako kreditu bereziekin edo abalekin zerikusirik duten enpresei edo lantokiei.

2) Estatuaren Ondarekoak diren enpresei.

3) 47/2003 Legearen eta 6/1997 Legearen arabera, estatuaren sozietate diren enpresei. Hauek dira lege horiek: 47/2003 Legea, azaroaren 26koa, Aurrekontu Lege Orokorrari buruzkoa, eta 6/1997 Legea, apirilaren 14koa, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzkoa.

Enpresa horiek, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan izan beharko dituzte beren lantoki guztiak eta plantillako langile guztiak, edo, enpresaren lantoki batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo badaude, espedientean aurkeztutako eskabideak lurralde horretan kokatutako lantokiei edo langileei baino ezin izango die eragin.

b) Hori horrela izanda ere, Autonomia Erkidegoan lan-arloko eskumena duen organoak aurretiaz txostena eskatu beharko dio, nahitaez, Estatuko Administrazioari. Txostena ez da loteslea izango.

c) Enplegu-erregulazioko prozedura batek, a) idatzi-zatian zehaztutako enpresei buruzkoa izanik, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eta kanpoan kokatutako lantokiei edo langileei eragiten badie, arau hauek aplikatuko dira:

1) Enpresako plantillaren 100eko 85, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean kokatuta badago eta espedienteak plantilla horretako langileei eragiten badie, Autonomia Erkidegoan lan-arloko eskumena duen organoari egokituko zaizkio, harik eta prozeduran ebazpena emateko unea iritsi arte, prozedura bideratu eta haren instrukzioa egitea, baita Estatuko Administrazioari ebazpen-proposamen bat egitea ere. Estatuko Administrazioak ematen duen ebazpenak egin den proposamenaren edukiari jarraitzen ez badio, azaldu egin beharko da zer arrazoi izan diren horretarako oinarri.

2) Enplegu-erregulazioko espedienteak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako langileei eragiten ez badie edo Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen enpresako plantilla goiko idatzi-zatian zehazten den ehunekotik beherakoa bada, Estatuko Administrazioak egingo du espedientearen instrukzioa eta emango du ebazpena, hasierako aldian eta hurrengoetan. Estatuko Administrazioak txostena eskatuko die espedienteak eragindako langileak dituzten autonomia-erkidegoetan lan-arloko eskumena duten organoei.

C) Estatuko Administrazioaren esparruan gelditzen diren eginkizun eta zerbitzuak.

Estatuaren Administrazioari egokituko zaio, aurrerantzean ere, enplegu-erregulazioko espedienteen instrukzioa egitea eta ebazpena ematea, baldin espedientepeko enpresek nazioaren defentsarekin zuzeneko lotura badute edo baldin espedientepeko enpresek, lege-mailako arau baten bidez hala deklaratuta, nazioarentzat garrantzi estrategikoa duen produkzioa badute.

D) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia-Erkidegoak batera eta era partekatuan beteko dituzten eginkizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoak akordio honetako eginkizunak gauzatzeko behar den informazio estatistikoa eskuratuko dio Estatuko Administrazioari, dagoen metodologiari jarraituta, edo, hala egokitzen bada, Estatuko Administrazioak ezartzen duenari jarraituta; bermatu egin beharko da, nolanahi ere, informazio hori koordinatuta eta integratuta geratzen dela Estatuko gainerako informazio estatistikoarekin. Estatuko Administrazioak, bere aldetik, gai horiei buruz prestatzen duen informazioa eskuratuko dio Euskal Autonomia Erkidegoari.

E) Eskualdaketan eragina izango duten aurrekontu-kredituak.

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua, 2011ko ekitaldian, 1. zerrendan agertzen da.

F) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.

Akordio honen bidez onartu den zereginen eta zerbitzuen gehitzea 2011ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean.

Eta jasota gera dadin, ziurtapen hau ematen da.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 22an.

Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak,

ANTONIO LÓPEZ SOTO.

JUAN IGNACIO URRESOLA ARECHABALA.

1. ZERRENDA

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua (2011ko ekitaldiko aurrekontu-zuzkidurak)

KAPITULUA Eurotan

19.01.291M 1 22.012,82

19.01.291M 2 4.354,81

GUZTIRA 26.367,63


Azterketa dokumentala