Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2011ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3373

137/2011 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartutako akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, itsas garraioaren arloan Estatuko Administrazio Orokorrak betetzen zituen zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio.

Dekretu honen xedea bikoitza da: alde batetik, ekainaren 24ko 900/2011 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an onartutako akordioa onartzea eta argitaratzeko agintzea; eta, beste aldetik, eskualdatutako zeregin eta zerbitzuak dagokionari atxikitzea. Akordio horren arabera, itsas garraioaren arloan Estatuko Administrazio Orokorrak betetzen zituen zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio. Hori guztia, gainera, irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak onartutako Akordioaren 2. artikuluaren arabera eta Errege Dekretu horretan agintzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera.

Horregatik guztiagatik, Transferentzien Bitariko Batzordeko presidenteordea den Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 28an egindako bileran kontu hori aztertu eta onartu zuela ikusita, honakoa

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartutako akordioa onartzea, ekainaren 24ko 900/2011 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera. Akordio horren bidez, itsas garraioaren arloan Estatuko Administrazio Orokorrak betetzen zituen zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio.

Era berean, agintzen da aipatutako Errege Dekretua, dekretu honen eranskin gisa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila osorik.

2. artikulua.- Eskualdatutako zeregin eta zerbitzuak gai horretan eskumena duten sailei atxikita geldituko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua eta Transferentzien Bitariko Batzordeko presidenteordea,

RODOLFO ARES TABOADA.

EKAINAREN 28KO 137/2011 DEKRETUAREN ERANSKINA

900/2011 ERREGE DEKRETUA, EKAINAREN 24KOA, ITSAS GARRAIOAREN ARLOKO ZEREGINAK ETA ZERBITZUAK ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRETIK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGORA ESKUALDATZEKO DENA

Konstituzioaren 149.1.20 artikuluak esaten du Eskatuaren eskumen esklusiboak direla merkataritzako marina eta ontziei bandera jartzea; itsasbazterretan argiak jartzea eta itsas seinaleak egitea, eta interes orokorreko portuak. Era berean, 149 artikuluko 1.6 eta 1.8 puntuek ezartzen dute Estatuaren eskumen esklusiboak direla merkataritza-legegintza eta legegintza zibila, hurrenez hurren.

Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartuak, 10.32 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela itsas garraioaren esparruan, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dituzte Estatuaren Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Horiek horrela, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak aurreikusitako Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22ko osoko bilkuran akordioa lortu zuen itsas garraioaren arloko zereginak eta zerbitzuak Estatuko Administrazio Orokorretik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruz. Akordio hori gauzatzeko Gobernuak errege-dekretu bidezko onarpena eman behar du.

Hori dela-eta, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetzeko, Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko ministroaren proposamenez, eta Ministroen Kontseiluak 2011ko ekainaren 24ko bileran eztabaidatu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Ontzat ematen da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22ko osoko bilkuran hartutako akordioa, itsas garraioaren arloko zereginak eta zerbitzuak Estatuko Administrazio Orokorretik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruzkoa. Errege-dekretu honen eranskin gisa dator akordioaren testua.

2. artikulua.- Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratzen dira Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan agertzen diren zeregin eta zerbitzuak, bertan zehazten diren moduan eta baldintzetan.

3. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan adierazitako egunetik aurrera izango du eragina eskualdaketa honek.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean sartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» eta argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

EKAINAREN 24KO 900/2011 ERREGE DEKRETUAREN ERANSKINA

TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAREN 2011KO EKAINAREN 22KO AKORDIOA

Antonio Lopez Soto eta Juan Ignacio Urresola Arechabala jaunek, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariek, honako hau

ZIURTATZEN DUTE

Transferentzien Bitariko Batzordeak, 2011ko ekainaren 22an egindako osoko bilkuran, akordioa lortu zuela itsas garraioaren arloko zereginak eta zerbitzuak Estatuko Administrazio Orokorretik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruz. Eskualdatze hori honela egin beharko da:

A) Zereginak eta zerbitzuak eskualdatzeko oinarri diren konstituzio-arauak eta autonomia estatutuko arauak.

Konstituzioaren 149.1.20 artikuluak esaten du Eskatuaren eskumen esklusiboak direla merkataritzako marina eta ontziei bandera jartzea; itsasbazterretan argiak jartzea eta itsas seinaleak egitea, eta interes orokorreko portuak. Era berean, 149 artikuluko 1.6 eta 1.8 puntuek ezartzen dute Estatuaren eskumen esklusiboak direla merkataritza-legegintza eta legegintza zibila, hurrenez hurren.

Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartuak, 10.32 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela itsas garraioaren esparruan, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute Estatuaren Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Arauzko aurreikuspen horietan oinarrituta, bidezkoa da itsas garraioaren arloko zereginak eta zerbitzuak Estatuko Administrazio Orokorretik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko erabakia formalizatzea.

B) Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen Estatuko Administrazio Orokorraren eginkizunak eta eskualdatutako zerbitzuen identifikazioa.

Itsas garraioko jarduerari lotutako zeregin eta zerbitzuetatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzten dira aplikagarri den antolamendu juridikoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen direnak eta, orobat, autonomia-erkidegoko portu edo puntu desberdinen artean egiten den garraio-jarduera, beste lurralde batzuetako portu edo puntuekin loturarik ez badu.

C) Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion zereginak eta zerbitzuak.

Konstituzioaren 149.1.20 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusiboak dira, indarrean dagoen legerian ezarritako moduan, merkataritzako marina eta ontziei bandera jartzea; itsasbazterretan argiak jartzea eta itsas seinaleak egitea, eta interes orokorreko portuak.

D) Lankidetza-moduak.

Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak informazioa emango diote elkarri garraio-lineen erregistroari eta bestelako estatistika-datuei buruz; halaber, administrazio bientzat interesgarri izan daitekeen edozein informazio ere jakinaraziko diote elkarri.

E) Eskualdaketan eragina izango duten aurrekontu-kredituak.

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua, 2011ko ekitaldian, 1. zerrendan agertzen da.

F) Dokumentazioa eta espedienteak ematea:

Eskualdatzen diren zereginen eta zerbitzuen agiriak eta espedienteak hilabeteko epean entregatu behar dira, akordio hau onartzen duen errege-dekretua argitaratzen denetik, irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera.

G) Eskualdaketak indarra hartzeko eguna.

Akordio honen bidez onartu den zereginen eta zerbitzuen eskualdaketa 2011ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean.

Eta jasota gera dadin, ziurtapen hau ematen da Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 22an.

Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak,

ANTONIO LÓPEZ SOTO.

JUAN IGNACIO URRESOLA ARECHABALA.

1. ZERRENDA

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua (2011ko ekitaldiko aurrekontu-zuzkidurak)

KAPITULUA euroak

17.32.454M 1 1.959,11

17.32.454M 2 662,51

17.32.454M 6 149,73

GUZTIZKOA 2.771,35


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana