Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2871

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 18koa, Kulturako sailburuarena, euskarazko literatura-argitalpenetarako laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.

Hainbat arlotan euskararen zabalkundea suspertu eta, bereziki, euskarazko literatura-lanak argitaratzeko ahalegina sustatzeko xedez, material horiek editatzeko laguntza-bideak ezartzea beharrezkotzat jotzen du Kultura Sailak.

Sail honek bere laguntza eta lankidetza eskaini nahi die argitaletxeei, eta, horretarako, euskarazko edizioak sortarazten dituen gastuak ordaintzera bideratutako diru-laguntzak eman nahi ditu. Diru-laguntzok banatzeko, funts publikoen esleipenetan indarrean egon behar diren objektibotasun, partaidetza eta publizitate printzipioak erabiliko dira.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honek euskarazko literatura-argitalpenetarako laguntzetarako dei egiten du, eta horiek jasotzeko araubidea ezartzen, 2011. urterako.

Laguntzen helburua da 2011. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko literatura-lanen urteko edizio-planaren argitalpen-kostuen parte bat ordaintzea.

2. artikulua.- Diru-kopuruak.

Helburu hauetarako 428.000 euro erabiliko dira, zeinak indarrean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidatik aterako baitira.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen dituzten argitaletxeek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak. Argitaletxetzat hartuko dira, bakarrik, kokapena edozein dutela ere, 2009. urtetik 2010. urtera bitartean gutxienez hiru egileren bost liburu argitaratu dituzten merkataritza-erakunde pribatuak edo pertsona fisikoak. Erakunde pribatuen kasuetan, bere gizarte xedearen barruan argitalpengintza izatea, eta pertsona fisikoentzat jarduera ekonomikoen zergako edizio-jardueretarako epigrafean alta izatea. Ez dira emango diru-laguntzak elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskaerei.

2.- Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziotik emandako diru-laguntzak jasotzeko ezarri diren betebeharrak egiaztatu beharko dira, eta zergak eta Gizarte Segurantzako kuotak egunean ordainduta izan beharko dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.

3.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4. artikulua.- Laguntza jaso dezaketen materialak eta oinarrizko betebeharrak.

Argitaletxeek edizio-plan bat aurkeztu beharko dute, eta bertan adierazi 2011n argitaratuko diren euskarazko literatura-liburuak, aurreko urteetako laguntza hauen edizioetan parte hartu ez dutenak. «Liburu» kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa hartuko da gidari. Liburua, era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan, argitaratu daiteke.

Aurkezten den edizio-planeko liburuek honako ezaugarriak bete beharko ditu:

a) Jabego intelektualari dagokionez indarrean dagoen arautegia bete beharko dute, bai eta ISBN eta Legezko Gordailua eskuratzeko egin beharreko lege-izapide guztiak ere.

b) Paperean inprimatutako lana denean, gutxienez 800 aleko tirada izatea, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 600 alekoa nahikoa izango baita.

c) Testuak 50 orrialde hartuko ditu gutxienez, komikiak, haurrentzako liburuek, poesia eta antzerki-lanek salbu.

d) Paperean inprimatutako lana denean, liburu-dendetan 500 ale gutxienez merkaturatzea, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 350 ale nahikoa izango baita. Eta euskarri digitalean argitaratutako lana denean, argitaletxearena ez den plataforma digital batean salgai egotea.

e) Liburuen lehen argitaraldiak izan behar dute. Berrargitalpenak ere izan daitezke, baina aurreko argitaraldia 10 urte baino lehenagokoa bada. Ez dira lagunduko, aurreko urteetan paperean argitaratutako lanak eta orain euskarri digitalean ateratakoak, edo alderantziz.

f) Izenburu bat ekitaldi berean euskara batuan eta euskalkietako batean argitaratzen bada, argitaletxeak aukeratu egin beharko du bietarik zein aurkeztuko duen laguntza jasotzeko.

g) Onuradun izan daitekeen batek, edo batek baino gehiagok, ekitaldi berean edo ezberdinetan izenburu bera behin baino gehiagotan argitaratuz gero, bertsioa edozein dela ere, laguntza jasotzeko aukera aurkezten den lehenengo lanak baino ez du izango.

h) Izenburu bat urte berean euskarri batean baino gehiagotan argitaratzen bada, horietako bat bakarrik aurkeztu ahal izango du argitaletxeak.

5. artikulua.- Bazterketak.

Ez dira diruz lagunduko ondoko sailetariko batean sarturik dauden liburuak:

a) Testu-liburuak, zientzia-liburuak, dibulgaziozko liburuak, bidaia gidak, sukaldaritza-errezeten liburuak, entziklopediak, hiztegiak eta hezkuntzara zuzendutako argitalpenak.

b) Bibliofilo-liburuak eta argitalpen mugatua eta numeratua dutenak.

c) Eguneratu daitezkeen lanak, atalka argitaratuak eta koadernatu gabeko orrietan argitaratutakoak, lan osoari kalterik egin gabe kendu edo alda daitezkeen zatiak dituztenak.

d) Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutakoak.

e) Agindu honen laguntzak eskuratzerik ez duten entitateen aginduz (erakunde publikoak, argitaletxe ez diren enpresak, irabazteko asmorik gabeko entitateak...), onuradun izan daitezkeen entitateek egindako argitalpen-lanak.

f) Beste laguntza batzuk eskuratu dituzten argitalpen-lanak, kostu osoaren % 50ekoak edo hortik gorakoak badira. Era berean, onuradun izan daitekeen entitate batek agindu honen laguntzak eskuratzerik ez duten beste entitateekin batera lankidetzan argitaratutako liburuak.

g) Liburugileak berak argitaratutako lanak, salgarri ez direnak eta argitaratzaileak berak egindako antologiak.

h) Epeka saltzeko argitalpen-lanak, eta liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat eta atxikientzat bakarrik argitaraturikoak.

i) Albumak, ebakigarriak, pintatzeko liburuak, eranskailudunak, denbora-pasakoak, kaligrafia koadernoak eta haurrentzako testurik gabeko liburuak.

j) Urtekariak, aldizkako argitalpenak eta eranskinak edo horien zenbaki monografikoak, dietarioak eta antzekoak.

k) Ale berean euskarazkoaz gain beste hizkuntza bateko testuak dituztenak, poesia liburuetan jatorrizko testua agertzen den kasuetan izan ezik.

l) Liburu itxuraz koadernaturiko fotokopiak.

6. artikulua.- Eskabideak.

1.- Agindu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztuko dira (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Bizkaiko Lurralde Zerbitzuan (Kale Nagusia 85 - 48011 Bilbao) edo Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuan (Andia 13 - 20004 Donostia-San Sebastián), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetatik edozein erabiliz.

Entitate eskatzaileak I. eta II. eranskinetan eskatutako datuak beteko ditu, eta bertan adierazitako dokumentazioarekin batera aurkeztu.

2.- Datuak ematerakoan gezurretan ibili edo irregulartasunak eginez gero, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak akats hori egin duen argitaratzailearen liburuei diru-laguntzarik ez ematea edo laguntza zati bat kentzea erabaki dezake.

7. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen egunaren biharamunean hasi eta 2011ko uztailaren 15ean bukatuko da.

8. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

9. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

10. Artikulua.- Balorazio Batzordea.

1.- Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek landuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.

2.- Balorazio Batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluak xedatutakoa errespetatuko da. Honako hauek izango dira batzordekideak:

- Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

- Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak. Horietako batek Batzordeko idazkari moduan jardungo du.

- Euskal Editoreen Elkartea proposatutako ordezkari bat.

- Euskadiko Editoreen Elkarteak proposatutako ordezkari bat.

3.- Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, lehenengo bilera egin aurretik.

11. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.- Balorazio Batzordeak egiaztatuko du edizio-planetan agertzen diren liburuek 4. artikuluko baldintzak betetzen dituztela. Horren ondotik, liburu bakoitzaren argitalpen-kostuak finkatu, honako bi hauen artean baxuena aukeratuz: enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazio ekonomikoa, eta deialdi hau argitaratzen den unean Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuko argitalpenetarako indarrean dauden prezioetan oinarritutakoa. Argitalpen-kostu hori kalkulatzeko, argitalpengintzaren alorreko adituen iritzia bil dezake Batzordeak.

2.- Liburu bakoitzaren argitalpen-kostuaren kontzeptuan sartzen dira: maketazio-kostu mekanikoak, 1000 ale -edo hortik beherakoak badira, horiei dagozkienak- inprimatzeko eta koadernatzeko kostuak, jatorrizkoak prestatzeko kostuak (baita itzultzeko gastuak ere, hala badagokio) eta beharrezko argitalpen-diseinuaren kostuak.

3.- Balorazio Batzordeak argitaletxe bakoitzak aurkezturiko edizio-planaren argitalpen-kostua zehaztuko du, hau da, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten liburu guztien kostuen batuketa, kontuan hartuta lan bakoitzak ezin duela 6.000 euroko kostua gainditu.

4.- Aurkeztutako edizio-planaren argitalpen-kostuen % 70eraino irits daiteke diru-laguntza.

5.- Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun irizpidea erabiliko da, hau da, guztizko diru-kopurua argitalpen-kostuen araberako proportzioari jarraiki banatuko da edizio-planen egitasmoen artean.

6.- Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin, nahiz eta inolaz ere ezingo den kostua gainditzen duen diru-laguntzarik eman. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, deialdi honen babesean emandako laguntzari soberakina kenduko zaio.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea. Gainera, ebazpena interesdun bakoitzari jakinarazi eta onuraduna eta kopuruak zehaztuko zaizkio. Ebazpena 6 hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatuta.

2.- Ebazpena emateko epea igarota, interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertuko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan jasotako ondorioetarako.

3.- Eskatutako laguntzen gaineko ebazpenak emateko eta horiek jakinarazteko epeak direla eta, baldin aplikagarria bada agindu honetako 8. artikuluan aurreikusitakoa, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek behar duen beste denboraz, aintzat hartuta jakinarazpena noiz jasotzen den eta erantzuna emateko zein epe dagoen.

4.- Jende guztiak jakin dezan, deialdi honen kontura emandako diru-laguntzen zerrenda osoa, onuradunak, kopuruak eta laguntzen xedea zehaztuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

13. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek, betiere, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

c) Diru-laguntza eman zaien helbururako erabiltzea. Diruz lagundutako egitasmoaren helburua edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gorabehera gertatuz gero (egileen aldaketa, lanen izenburua, ezaugarri teknikoak, kostuak...), horren berri eman beharko da, idatziz.

14. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, laguntza osoaren % 75, ebazpena jakinarazi ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.

b) Diru-laguntzaren beste % 25a, agindu honetan ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren.

15. artikulua.- Justifikazioa.

Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2012ko martxoaren 31 arte aurkez daiteke. Justifikazioa egiteko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Diruz lagundutako edizio-planaren exekuzioari buruzko azalpen-memoria zehatza.

b) Diruz lagundutako edizio-planeko lan bakoitza argitaratzeko egindako gastuen jatorrizko fakturak, bai eta faktura horietan zehaztutako gastuen azalpen-zerrenda zehatza ere.

c) Helburu berbererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada, eta agindu honen 7. artikuluan aipatzen den unean horren berri ez bazuen, horien zerrenda.

d) Argitalpenaren bi ale, edo edizio digitala eskuratu ahal izatea.

e) Paperean argitaratutakoen kasuetan, egin den ale-kopurua ziurtatzen duen inprimatzailearen egiaztagiria.

f) Paperean argitaratutakoen kasuetan, banatzailearen egiaztagiria, liburu-dendetan zabaltzeko jaso duen liburu kopurua ziurtatzen duena.

16. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntza ematea eragin zuen edozein baldintza edo betebehar betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginekoan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.- 2. artikuluan ezartzen den osoko diru-zenbatekoa aldatu ahal izango da, jasotzen diren eskabide kopurua kontuan hartuta eta Kultura Sailaren beste programa batzuetan agortu gabeko aurrekontu diru-atalen erabilgarritasunaren arabera, eta betiere beraien ebazpenaren aurretik. Hau horrela egiten bada, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez jakinaraziko da.

Bigarrena.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Kulturako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 18a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala