Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2869

AGINDUA, 2011ko apirilaren 20koa, Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzeko finantzaketa-erregimenaren 2011rako deialdia egiten duena ekainaren 26ko 107/2007 Dekretuak ezarritako esparruaren barruan.

2007ko ekainaren 26ko 107/2007 Dekretuaren (dekretu hori abenduaren 16ko 214/2008 Dekretuaren bidez aldatu zen) xedea honako hau da: euskal ikus-entzunezkoen sektorean produkzioa, lehiakortasuna eta enplegua ikus-entzunezko proiektuak finantzatzearen bidez bultzatzeko sustapen-lerroen erregimena eta baldintzak ezartzea. Horretarako, bi sustapen-lerro ezarri dira: interes-tasarik gabeko maileguen bidez (Dekretuaren II. Kapituluan araututako modalitatea) eta kontratuak finantzatzeko maileguen bidez (III. kapituluan araututako modalitatea).

Adierazitako Dekretuaren 2. artikuluak xedatzen duenez, ezarritako lerro bakoitza finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura eta eskabideak aurkezteko epeak jakinaraziko dira Kulturako sailburuaren Agindu bidez.

Azaldutakoagatik, eta adierazitako Dekretuan ezarritako ahalmena betez,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzeko ekainaren 26ko 107/2007 Dekretuan ezarritako bi finantzaketa-lerroetako edozein lortzeko eskabideak aurkezteko Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2011ko uztailaren 15ean amaitu.

Agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako zirkunstantzia gertatzen bada, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenean adierazitako egunera mugatuta geratuko da epe hori, zirkunstantzia horretarako aurreikusitako ondorioekin.

2. artikulua.- Eskabideak aurkezteko lekua.

1.- Agindu honetan adierazitako finantzaketa-lerroetako edozein lortzeko eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko zaizkio (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Donostia, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.- Eskabideak zuzenean Kultura Saileko Kultura Ssustatzeko Zuzendaritzan, Kultura Saileko lurralde-zerbitzuren batean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako baliabideetako edozeinen bitartez aurkeztuko dira.

3. artikulua.- Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Eskabideak Agindu honi eranskin gisa gaineratutako ereduari eta formularioei jarraiki beteko dira.

2.- Aurreikusitako modalitateetako edozeinetan, jarraian xehatuko dugun dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabideekin batera.

a) Enpresa eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

- Eraketa-eskritura.

- Identifikazio Fiskaleko Txartela.

- Ekonomia Jardueren gaineko Zergan eta dagokion epigrafean alta hartu izana egiaztatzen duen dokumentua.

- Eskatzailearen legezko ordezkariaren ahalordea egiaztatzen duen dokumentua.

- Zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

- Gizarte Segurantzarako ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

- Eskatzailearen ordezkariak pertsona juridiko pribatu independentearen izaera duela (ekainaren 26ko 107/2007 Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako baldintzetan) egiaztatzen duen dokumentazioa edo ordezkariak berak izenpetutako deklarazioa.

- Erakunde eskatzailearen organoetan erabakitzeko ahalmena duten pertsonen eta subjektuen, eta, hala badagokio, eskatzaileak duen kapital sozialaren titularren eta titulartasun-proportzioa dutenen deklarazioa.

- Eskatzailearen egoitza egiaztatzen duen dokumentazioa eta EAEn establezimendu iraunkorra izan duenaren egiaztagiria edota laguntza lortuz gero establezimendua eratzeko konpromisoa.

- Eskatzaileak sinatutako zinpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakundeak ez duela zigor administratibo edo penalik sexuaren ziozko bereizkeriagatik, ezta deialdi honetara aurkeztuko debekurik ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz.

- Eskatzaileak adierazi beharko du, ondoren adierazten diren legez kanpoko eta bateraezinak diren laguntza fiskal hauetara ez duela jo: Araba I, II, III (CR 48/99, CR 49/99, CR 58/00); Bizkaia I, II, III (CR 52/99, CR 54/99, CR 60/00); Gipuzkoa I, II, III (CR 50/99, CR 53/99, CR 59/00).

b) Enpresa eskatzailearen ekonomia eta finantza egoera egiaztatzen duen dokumentazioa:

- Aurreko hiru urteetako emaitzen eta balantzeen kontua. Baldintza horretaz salbuetsitako bakarrak iraupen txikiagoko Merkataritza Sozietateak izango dira. Hala ere, eratzen direnetik aurrerako denbora-tarteari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

- Diruzaintzaren eta likideziaren proiekzioak.

Aktibo zirkulatzailearen eta aktibo finkoen banakatzea.

Enpresako bazkideen ondasun pignoratuen, hipoteka higikor eta higiezinen eta berme pertsonalen banakatzea.

c) Finantzatu beharreko ikus-entzunezko obrari buruzko dokumentazioa:

- Ikus-entzunezko proiektuaren memoria, behin betiko gidoia eta proiektuaren bereizgarri diren gainerako identifikazio-elementuak barne hartuta.

- Proiektuaren aurrekontu xehatua, partiden arabera (proiektuaren galeren eta irabazien kontua, aurreikusitakoaren arabera).

- Cash Flow-a: hilekoa, egungoa eta aurreikusitakoaren araberakoa.

- Fitxa teknikoa eta artistikoa. Taldeka sailkatutako profesionalen zerrenda barne hartuko du (artistak, argi eta soinu teknikariak eta abar, eta casting-aren berrespena), bai eta produkzio-etxearekiko lan-harremanaren izaera ere.

- Produkzio-plana, ondokoak barne hartuta: aurreikusitako egutegia, filmazio edo errealizazio plana, iraupena eta kokapenak.

- Proiektuaren finantzaketa-plana, baliabideen jatorria eta izaera berariaz adierazita (diru-laguntzen ondoriozko diru-sarrera bakoitza eta eskaera formulatzen den egunean duten egoera xehatuta). Dokumentu horrekin batera, bermatutako finantzaketa egiaztatuko duten jatorrizko dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira (telebista-kateekin eta/edo banaketa-sozietateekin sinatutako kontratuak, enpresa eskatzaileak esleitutako fondo propioei eta horien titulartasunari buruzko banku-ziurtagiria, diru-laguntzen emakida eta produkzioaren kostua ordaintzeko diru-sarrerak ematen dituzten beste finantzaketa-modu batzuk).

- Proiektuaren Marketing Plana (aurreikusitako gastuak banakatuta, bidezkoa denean).

- Targetari, hau da, obraren xede diren ikusleei buruzko azterketa.

- Merkatu-kuotaren gainean egindako hurbilketa.

- Merkaturatze-plana (harremanak eta aurresalmenta-kontratuak).

- Sustapenerako, publizitate eta prentsarako, eta harreman publikoetarako tresnak.

- Marken, euskarrien eta gainerako irudi-elementuen ustiapenari buruzko aurreikuspena (merchandising).

- Finantzatu beharreko obraren produkzio-arrisku nagusiak estaliko dituen aseguru-poliza konbinatua.

- Gidoiaren gaineko jabetza-eskubideak eta, hala badagokio, lehendik baden obraren gaineko aukera-eskubidea badituela egiaztatuko duen dokumentazioa.

Ikus-entzunezko obraren negatiboaren jabetzari buruzko deklarazioa.

- Euskadin duten pertsona edo enpresek eskaintzen dituzten sormenezko baliabideak eta baliabide artístiko eta teknikoak kontratatzean egiten den inbertsioaren ehunekoa.

d) Kopuruen itzultzeari buruzko dokumentazioa.

- Kopuruak ekainaren 26ko 107/2007 Dekretuaren 11.2 eta 16.2 artikuluek aurreikusitako modalitate bakoitzerako ezartzen duten parametroen barruan itzultzeko proposamena.

3.- Koprodukzioen kasuan, interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien modalitateko mailegu-eskabidearekin batera 107/2007 Dekretuaren 10.5 artikuluan aurreikusitako ziurtagiria eta laguntza lortzeko titulartasunak metatzen dituen koproduzitzaile bakoitzari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko dira.

4.- Enpresa eskatzaileari buruzko dokumentazioari dagokionez, interesatuak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) paragrafoan aurreikusitakoari lotu ahal izango zaizkio, betiere dokumentazioak aipatzen dituen dokumentuen aurkezpenetik bost urte igaro ez badira. Eskubide hori erabiltzen dutenek Administrazio honetan jasota dauden dokumentuak zein diren, eta zein egunetan eta zein organoren aurrean aurkeztu ziren jasoarazi beharko dute berariaz eskabidean, bai eta zirkunstantziak aldatu ez direla baieztatuko duen berariazko eta zinpeko deklarazioa ere. Eskubide hori ezin izango da erabili zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriei dagokienez.

4. artikulua.- Bermeen eskaintza eta formalizazioa.

1.- Mailegu-eskabideekin batera (bi modalitateetan), Administrazioak 107/2007 Dekretuan edo Agindu honetan bertan ezarritakoari jarraiki onartzen dion kopuruari erantzuteko eskatzaileak eskainitako itzultze-bermeak aurkeztu beharko dira ezinbestez.

2.- Aurkezten diren bermeetarako exijitutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, profesional independente batek sinatuko duen eta eskainitako bermea eskatutako mailegu guztia itzultzeko nahikoa dela adieraziko duen txosten bat aurkeztu ahal izango da bermeekin batera. Txosten hori ez da loteslea izango, eta ez da salbuespena izango Administrazioak bermea 107/2007 Dekretuan ezarritako parametroei jarraiki baloratzeko eginbeharra betetzeko.

3.- Kontratuak finantzatzeko maileguen modalitatean, kontratua bera edota finantzatu nahi den ikus-entzunezko obra eskuratu edo ustiatzeko eskaintza irmoak gaineratu beharko zaizkio eskabideari, berme gisa. Kontratuak edo eskaintza irmoa egiaztatuko duen dokumentazioak negoziatutako eskubideengatiko ordainsaria eta 107/2007 Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritako gainerako edukiak barne hartu beharko ditu.

4.- Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien modalitateko eskabideetan, berariaz jasoarazi beharko da ematen den mailegurako eskainitako bermearen lotespena, dagokion kopurua onartzen duen Ebazpena ematen den unetik bertatik hain zuzen ere. Eskainitako bermea emandako kopuruaren itzultzeari lotzea ez da oztopo izango Ebazpenak, eskainitako berme-mota kontuan hartuta, dokumentu independente batean formalizatzeko beharra edota, eragiketaren emaitza ona bermatzeko, bermearen izaeraren arabera aginduzkoa den beste edozein formalitate ezartzeko.

5. artikulua.- Zuzkidura ekonomikoa.

1.- Finantziazio-lerro bakoitzean ekitaldi honetan emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira gehienez:

- Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien lerroa: 5.000.000 euro.

- Kontratuak finantzatzeko maileguen lerroa: 3.235.000 euro.

2.- Zuzkidura horren zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako kopuruen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, Kultura Sailaren agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera. Kultura Sailburuaren Agindu bidez erabakiko diren hasierako zuzkidurarekiko gehikuntzak EHAA aldizkarian jakinaraziko dira eta, hala badagokio, laguntza-lerroetarako eskabideak aurkezteko epe berria zabalduko da.

6. artikulua.- Zuzkidura ekonomikoa agortzea.

1.- Edozein sustapen-lerrori esleitutako zuzkidura agortzen bada, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak bidezko ebazpena emango du. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen horrek zirkunstantzia horren berri emango du eta baietsitako azken eskaeraren data eta ondorengo eskaeren ezespena adieraziko ditu.

2.- Agortutako lerroa beste lerroari esleitutako soberako kopuruekin igotzea xedatu ahal izango du ebazpen horrek, betiere aurkeztutako eskaera guztiak erabaki badira. Horrela bada, ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatuta ere sustapen-lerroari hasiera batean esleitutako baliabide ekonomikoak agortu izanagatik ezetsi diren eskabideei emango zaie lehentasuna, aurkeztu diren ordenaren arabera.

7. artikulua.- Prozedura.

1.- Mailegu-eskabidea exijitutako dokumentazio guztiarekin batera aurkeztu ondoren, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak espedientea bideratuko du eta mailegu-eragiketa eta aurkeztutako dokumentazio erantsia aztertuko ditu. Horretarako, kudeaketa-organoak beharrezkoak diren zuzenketak eta/edo argibideak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari. Zirkunstantzia horiek 107/2007 Dekretuaren 17. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortuko dituzte.

2.- Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, Kudeaketa Zuzendaritzak landutako azterketa ikusi ondoren, dagokion administrazio-ebazpena emango du eta, bertan, hala badagokio, mailegu baten emakida onartuko du eta mailegu horren zenbatekoa eta emakidari lotutako baldintzak adieraziko ditu, eskatutako itzultze-bermeak bereziki aipatuta eta programaren erakunde laguntzailea eta horri esleitutako zereginak jakinarazita. Eskabideak eskatutako mailegua lortu ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ukapenari buruzko ebazpena emango du, ukapen horren arrazoiak adierazita.

3.- Kontratuak finantzatzeko maileguen modalitateari buruzko ebazpena ekainaren 26ko 107/2007 Dekretuaren 15. artikuluan exijitutako baldintzak berariaz onartzearen eta baldintza horiei jarraiki formalizatzearen baldintzapean geratuko da.

4.- Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emandako ebazpenen aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da Kulturako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean, Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

5.- Eskatutako maileguaren emakidari edo ukapenari buruzko ebazpena enpresa interesatu bakoitzari bakarka jakinarazi beharko zaio, bai eta erakunde laguntzaileari ere; nolanahi ere, emandako maileguen enpresa onuradunen eta ukatutako eskaeren zerrenda bat (ukapenaren arrazoiarekin) argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Emakida jakinarazpenetan eta EHAAko argitalpenetan zein den Entitate laguntzailea zehaztuko da.

6.- Ordainketak hasi aurretik, interesatuek onartu zaien kopuruari uko egin ahal izango diote eta, horretarako, ordezkaritza-ahalmen nahikoa duen pertsonak kopuruari uko egiten zaiola berariaz eta zalantzarik gabe adieraziko duen idazki bat igorri beharko dio Kudeaketa Zuzendaritzari. Ordainketak hasi ondoren, dagokion mailegu-modalitatearen arabera Administrazioari itzuli beharreko kopuruak itzuliko dira maileguari uko egiten zaiola egiaztatzeko. Alderdi horiek guztiak programaren erakunde laguntzaileari jakinaraziko zaizkio.

8. artikulua.- Entitate laguntzailea.

1.- Luzaro, Establecimiento Financiero de Crédito SA delakoa entitate laguntzailea izango da.

9. artikulua.- Maileguak itzultzea.

1.- Emandako maileguen itzultzea horretarako adierazitako kontuan egiaztatuko da, Dekretuan, emakidari buruzko ebazpenean bertan eta, hala badagokio, mailegu-kontratuan finkatutako baldintzei eta epeei jarraiki.

2.- Emandako maileguen edozein itzultze egin ondoren, onuradunak autolikidazio-txosten bat igorriko dio Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, eranskin gisa gaineratzen den ereduari jarraiki eta itzultzeari dagokion banku-transferentziaren kopiarekin batera. Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenetan, aurreko ekitaldietan egindako itzultzeen aipamena barne hartuko da.

3.- Artikulu honetan aipatutako alderdi guztiak, halaber, erakunde laguntzaileari jakinarazi beharko zaizkio, egiaztatutako itzultzeak onuradunaren saldoari aplikatzeko.

10. artikulua.- Batu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalen Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko, Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute interesatuek Kulturako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, hau ere argitaratzen den biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 20a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

AURKEZTUTAKO DOKUMENTAZIOA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

PROIEKTUA FINANTZATZEKO ITURRIAK / FUENTES DE FINANCIACION DEL PROYECTO

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

AUTOLIKIDAZIO-TXOSTENA.

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

KULTURARI BURUZKO ESKAKIZUNA

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

A.-INPLIKATUTAKO EUSKADIKO ENPRESA ETA GIZA BALIABIDEAK

RECURSOS EMPRESARIALES Y HUMANOS DE EUSKADI IMPLICADOS

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala