Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
2866

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 18koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, zeinen bidez eskakizunak ezartzen baitira azalera-eskubidean eraikita dauden babes ofizialeko hainbat etxebizitza hartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren lurzorua erosteko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak honakoa erabaki zuen 2011ko maiatzaren 17an egindako bilkuran:

«Lehenengoa.- Baimena ematea Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari, kostu bidez besterendu dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzekoa den lurzorua, lurzoru horren gainean azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrei zuzenean esleituta. Hona hemen etxebizitzak:

a) Araubide orokorreko eta bereziko babes ofizialeko etxebizitzak, erosteko esleitutakoak, behin betiko kalifikazioa 2003ko urtarrilaren 1a geroztik jaso dutenak. Salbuetsita geratuko dira babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren arabera emandako ordezko etxebizitzak.

b) Araubide orokorreko eta bereziko babes ofizialeko etxebizitzak, erosteko esleitutakoak, aldi baterako kalifikazioa 2003ko urtarrilaren 1a aurretik jaso zutenak eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erosi ondoren (eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea baliatuta edota salmentako eskaintza zuzenak onartuta), behin betiko kalifikazioa jaso eta erabilitako etxebizitza eskatzaileei esleituak izan direnak.

Bigarrena.- Baimena ematea Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari, kostu bidez besterendu dezan aurreko atalean aipatutako etxebizitzek osatzen duten jabeen erkidegoetan dauden merkataritzako lokalek eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinek okupatzen duten lurzorua, horien titularrei zuzenean esleitzeko.

Hirugarrena.- Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak lurzoru hori besterentzeko eskatzaileen gehieneko diru-sarrerak, zer izapide jarraitu behar den, lurzorua nola baloratu behar den eta zer epetan besterendu behar den zehaztuko du».

Horiek horrela, alderdi horiek zehazte aldera, honako Agindu hau ematea erabaki da.

Azalera-eskubidea, inoren lurzoruaren gainean edo azpian eraikitzeko ahalmena da, eskubide erreala da, eta eraikitakoaren gainean aldi baterako jabetza ematen du. Beraz, eraiki ondoren jabetzaren aldetik nolabaiteko bikoiztasuna dugu: (i) lurzoruaren jabea eta (ii) eraikinaren jabea. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzoruetan eraikitako araubide orokorreko eta bereziko babes ofizialeko hainbat etxebizitzaren egoera.

Normalean, ezarritako denbora igaro delako azalera-eskubidea iraungitzen denean, Administrazioak bere egingo luke eraikitakoaren jabetza, horregatik kalte-ordainik ordaindu beharrik izan gabe, eskubidea eratzeko titulua edozein dela ere. Azalera-eskubidea iraungitzean, era berean, eskubide erreal eta ezarritako pertsonal guztiak ere iraungi egingo lirateke; hau da, Jaurlaritzaren Kontseiluak aipatzen dituen babes ofizialeko etxebizitzen, merkataritzako lokalen eta atxikita ez dauden eranskinen gaineko jabetza galdu egingo lukete eskubidedunek.

Agindu honekin, eskubide hori iraungi baino lehen, eraikin horien titularrek aukera izango dute lurzoruaren gaineko jabetza ere eskuratzeko. Bi jabetzak era horretan finkaturik, eraikinen gainekoak aldi baterakoa izateari utzi eta behin betiko bihurtuko da ondorio guztietarako. Baina, jakina, horrek ez du esan nahi, etxebizitza, merkataritzako lokal eta atxikita ez dauden eranskinen gainean eratutako bermerik izanez gero, horiek ere aldatu egiten direnik.

Horren arabera, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzorua honakoek erosi ahal izango dute:

a) Araubide orokorreko edo bereziko babes ofizialeko etxebizitzen titular direnek, baldin eta etxebizitza erosteko esleitu bazitzaien, azalera-eskubidean eraikitakoak badira eta behin betiko kalifikazioa 2003ko urtarrilaren 1a geroztik badute, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren arabera emandako ordezko etxebizitzak izan ezik, eta agindu honetako III. eranskinean aurreikusitako mugak gainditzen ez dituzten diru-sarrerak badituzte.

b) Araubide orokorreko edo bereziko babes ofizialeko etxebizitzen titular direnek, baldin eta etxebizitza erosteko esleitu bazitzaien, azalera-eskubidean eraikitakoak badira eta aldi baterako kalifikazioa 2003ko urtarrilaren 1a aurretik badute, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erosi ondoren (eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea baliatuta edota salmentako eskaintza zuzenak onartu ondoren), behin betiko kalifikazioa jaso eta erabilitako etxebizitza eskatzaileei esleituak izan direnak baldin eta agindu honetako III. eranskinean aurreikusitako mugak gainditzen ez dituzten diru-sarrerak badituzte.

c) Etxebizitza horiek osatzen dituzten jabeen erkidegoen eraikinetan dauden merkataritzako lokalen eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinen titularrek.

Bigarrena.- Lurzorua erosi nahi dutenak bere lurralde historikoko Etxebizitzako lurralde ordezkariari zuzendu beharko dio eskabide-orria, dagokion dokumentazioarekin batera. Eskabidea Agindu honen II. eranskinean datorren ereduaren araberakoa izango da. Eskabidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean 38. artikuluaren arabera, horretarako dauden edozein erregistro publikotan aurkeztu ahal izango da eskabidea.

Hirugarrena.- Lurzorua erosteko finantzaketa kualifikatua lortu nahi dutenek, hala adierazi beharko dute eskabide-orrian horretarako jarritako atalean.

Laugarrena.- Eskabideak aurkezteko epea 2011ko ekainaren 1ean hasi eta uztailaren 30ean amaituko da.

Bosgarrena.- Erosteko prezioa kalkulatu ahal izateko, lurzoruaren balioespena agindu honetako I. eranskinean aurreikusitako eran egingo da.

Seigarrena.- Eskabide asko jasotzea espero denez eta sustapenen ezaugarriak kontuan izanik, kasuan kasuko Etxebizitzako lurralde ordezkariak dagokion lurzoruaren besterengarritasun-adierazpenaren proposamena bidaliko dio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, horrek adierazpenari buruzko ebazpena onar dezan ondoren, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 89. artikuluan ezarritako eran.

Zazpigarrena.- Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak eragiketaren azken prezioa (BEZa barne dela) jakinaraziko dio eskatzaileari, bai eta ordaintzeko modua eta epea, gehienez ere hilabetekoa izango baita.

Zortzigarrena.- Interesdunak finantza-neurriak ere eskatu baditu, azken prezioarekin batera neurri horiek onartu zaizkion ala ez adieraziko duen ebazpena jakinaraziko zaio.

Bederatzigarrena.- Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde ordezkariak erosteko eskaerari buruzko ebazpen baieslea onartuko du; ebazpenean eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko behar diren datu guztiak jasoko dira, eta interesdunei eskritura publikoa egiteko deia egingo zaie.

Hamargarrena.- Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 91. artikuluan ezarritakoarekin bat, eskabidea jaso eta sei hilabeteko epean Etxebizitzako lurralde ordezkariak ez badu berariaz ebatzi, eskariari ezez erantzun zaiola ulertu beharko da.

Hamaikagarrena.- Ahalmena ematen zaie Etxebizitzako lurralde ordezkariei eskualdatzea eskritura publikoaren bidez formalizatzeko behar diren kostu bidezko xedapen egintza guztiak egin ditzaten.

Hamabigarrena.- Eskualdatzeak eragindako eskritura- eta erregistro-gastuak eta zergak eroslearen kontura izango dira.

Hamahirugarrena.- Agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 18a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

I. ERANSKINA

BALIOESPEN SISTEMA

Erosteko prezioa finkatu ahal izateko, lurzoruaren balioespena Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 38/2009 Dekretuaren 7. artikuluan eta babes ofizialeko higiezinen balioespenerako aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusitako eran egingo da.

Etxebizitza, merkataritzako lokal eta etxebizitzari atxikita ez dagoen eranskin bakoitzari, dagokion lurzoruaren prezioa kalkulatzeko urrats hauek egingo dira:

1.- Eraikin osoaren balioaren kalkulua.

Lehenengo eta behin, eraikinaren balioa guztira zenbatekoa den kalkulatuko da. Horretarako, eraikina osatzen duten elementu guztien balioak batuko dira: etxebizitzak eta horiei atxikitako eranskinena, merkataritzako lokalena eta atxikita ez dauden eranskinena.

Etxebizitzak eta horiei atxikitako eranskinak Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jabetza osoan indarrean eta eguneratuta dauden gehieneko prezio ofizialen arabera baloratuko dira, eta lokalak eta atxikita ez dauden eranskinak, merkatuko prezioaren arabera.

Merkatuko prezioa zein den jakiteko, kasuan kasuko lurralde historikoan garaje eta lokalen salmentako batez besteko prezioa hartuko dira aintzat. Datuak Etxebizitzaren Euskal Behatokiak higiezinen eskaintzari buruz argitaratzen duen 2010eko laugarren lauhilekoari dagozkion estatistika ofizialetik hartuko dira.

2.- Eraikina hartzen duen lurzoru osoaren balioaren kalkulua.

Besterentze-prozedura honetarako, eraikinaren balioaren % 10 hartuko da oihartzun-balio gisa.

3.- Jabetza horizontalaren banaketa-kuoten arabera, bakoitzari dagokion lurzoruaren zatiaren prezioa.

Lurzoruak, eraikinak hartzen dituen etxebizitza eta horiei atxikitako eranskin, merkataritzako lokal eta atxikita ez dauden eranskin adina zati dituela ulertuko da. Zati bakoitzari dagokion prezioa kalkulatzeko, eraikina hartzen duen lurzoruaren guztirako balioa etxebizitza eta horiei atxikitako eranskin, merkataritzako lokal eta atxikita ez dagoen eranskin bakoitzari dagokion partaidetza-kuotarekin biderkatuko da.

4.- Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Azkenik, etxebizitza, merkataritzako lokal edo eranskin bakoitzari egokitu zaion prezioari Balio Erantsiaren gaineko Zerga erantsiko zaio (% 18).

II. ERANSKINA

ESKABIDE EREDUA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

ESKATZAILEEN DIRU-SARRERAK

1.- Agindu honen ondorioetarako pertsona eskatzaileen diru-sarreratzat hartuko dira babes ofizialeko etxebizitzaren jabekide diren guztien diru-sarrerak, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitza eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 20., 21. eta 23. artikuluetan agertzen denaren arabera haztatuak.

2.- 2009. urte fiskaleko pertsona eskatzaileen gehieneko diru-sarrerak.

a) Erregimen bereziko babestutako etxebizitza edo etxebizitza sozialen kasuan: 25.000 euro.

b) Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan: 39.000 euro.


Azterketa dokumentala