Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
2862

23/2011 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea onartzeko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Erabakia argitara dadila xedatzen duena. Kode hori honako hauei aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden gobernuko kideei, goi-kargudunei, aldi baterako langileei eta gainerako zuzendaritza-kargudunei.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2011ko maiatzaren 10ean egindako bilkuran, onarpena eman zion Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea onartzen duen Erabakiari; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden gobernuko kideei, goi-kargudunei, aldi baterako langileei eta gainerako zuzendaritza-kargudunei aplikatuko zaie kode hori. Erabaki horri zabalkundea emateko, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea onartzen duen Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea; kode hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden gobernuko kideei, goi-kargudunei, aldi baterako langileei eta gainerako zuzendaritza-kargudunei aplikatuko zaie.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako

eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK MAIATZAREN 11N EMANDAKO 23/2011 EBAZPENARENA

eTIKAren ETA gOBERNU ONAREN KODEA ONARTZEKO ERABAKIA; KODE HORI Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden gobernuko kideeI, goi-karguDUNEI, aldi baterako langileeI eta gainerako zuzendaritza-karguDUNEI APLIKATUKO ZAIE

IX. legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak erreforma sakonak sustatu nahi ditu funtzio publikoaren eta zuzendaritza-kargu publikoen arloan. Erreforma horien bidez, besteak beste bateraezintasun- eta lansari-araubidea eta zerbitzura sartzeko eta zerbitzutik kanpo geratzeko araubidea berrikusi eta aldatu nahi dira, eta, gainera, zerbitzu publikoetan kultura politika berria abiarazi nahi da, balio etikoetan (etika publiko demokratikoaren eta zerbitzu publikoaren balioetan) eta gizalegezko bertuteetan oinarritutako kultura politikoa, alegia. Era horretan aurrerapausoak emango dira, EAEko herritarren bidezko nahiak asebeteko dituen eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiko dituen Euskal Administrazio Publiko baterantz, legez ezarritako beharrezko baliabideak eta baliabide materialak izango dituena, eta, hartara, gizarte demokratiko batean bete beharreko zeregin garrantzizkoa beteko duena.

Ekimen honen xedea da Gobernantzaren oinarrietako bat gauzatzea; oinarri horren bidez, boterean jardun eta horretarako zilegitasuna dutenek praxi berri bat -gobernu ona- abiaraztea lortu nahi da. «Gobernu ona» kontzeptu korapilatsua da, adiera desberdinak dituelako eta hainbat arlotan garatzen delako, eta arlo-aniztasun horrek zaildu egiten du kontzeptu horri enuntziatu bakarra ematea, nolabaiteko adostasuna bilduko duena.

Konplexutasun hori murriztu egiten da, kontzeptua termino negatiboen bidez zedarrituz gero; izan ere, gobernu onak berekin dakar honako portaera hauek alboratzea: ustelkeria, iruzurra, arbitrariotasuna, gaitasun-eza, iriotea, efizientzia- eta eraginkortasun-eza eta abar. Horretaz gain, alderdi positiboei begira, erabakiak hartzeko prozesuan eta erabakiak ezartzean (Gobernantza), honako arau hauek hartu behar dira aintzat: parte-hartze demokratikoa, gardentasuna, azalpenak ematea, legeak errespetatzea eta abar; arau horiek balio moral edo etikoetan oinarrituta daude.

Beraz, gobernu ona gauzatu egin behar da, hori baita bidea boterean jarduten dutenen zilegitasuna lortzeko eta, ondorioz, herritarrek politikarekiko konfiantza berreskuratzeko; izan ere, zilegitasun ezak berekin dakar herritarrek aldaketa-programei -hau da, Gobernantza ezartzeari- dieten babesa eta atxikimendua murriztea, bai eta gizarteak Gobernantzaren alde mobilizatzeko eta inplikatzeko duen gaitasuna makaltzea ere.

Helburu hori gogoan izanik, Eusko Jaurlaritzaren asmoa Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea onartzea da. Kode horren bidez, ekintza publikoan eredu konprometituagoak eta arduratsuagoak ezarri nahi dira, zuzendaritza-jardun egokiagoak sustatzeko eta, era horretan, aurrerabide eta ongizatearen erronkari arrakastaz aurre egiteko. Eredu horiek, gainera, tresna bihurtu behar dira, herritarren eta zuzendari-karguen arteko konfiantza sendotze aldera; horretarako, hautesleek agindutakoari zor zaion errespetatuan sakondu egin behar da, arau etiko batzuk beteta.

Alde horretatik, era guztietako erakunde eta organizazio ugarik eta gure inguruko zenbait gobernuk euren zuzendaritza-kargudunen portaeraren inguruko kezka agertu dute eta, horren haritik, gobernu onaren kodeak onartu dituzte; horretarako, besteak beste ELGA Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak ezarritako ildoei jarraitu diete, bai eta nazioarteko beste zenbait erakundek (Munduko Bankuak, Europako Kontseiluak...) ezarritakoei ere.

Erakunde horien gomendioak oinarri hartuta, eta egungo arau-esparrua errespetatuz -etikari erreferentzia egiten dion heinean, hau da, portaerari, jarrerari eta balioei dagokienez-, zenbait jarraibide ezarri beharra dagoela erabaki da, zuzendaritza-kargudunen eguneroko zereginetan etika-arloko kontzeptuak aplikatu daitezen, hala nola, zintzotasuna, gardentasuna, parte-hartzea, erantzukizuna, zerbitzu publikoa eskaintzeko borondatea eta abar.

Kode honen bidez, Eusko Jaurlaritzak bermatu egin nahi du erabaki honen esparruan sartzen diren langileek kodean bertan zehazten diren printzipio etikoak eta portaerak oinarri hartuta jardungo dutela; printzipio horiek lotuta daude kudeaketa-gardentasunarekin eta -eraginkortasunarekin, dedikazio osoarekin, inpartzialtasunarekin, herritarrentzako zerbitzuarekin eta herritarrekiko hurbiltasun handiagoarekin.

Kode honetan jaso egin dira, erabaki honen esparruan sartzen diren langileen jardunaren oinarri izan behar diren balio eta portaerak, ikuspuntu etikotik begiratuta; alde horretatik, langileok onartu beharra daukate euren konpromisoa ez dela mugatzen legedian ezarritakoa bakarrik betetzera. Izan ere, balio eta portaera horiek etika-arlokoak dira, hau da, betebeharrak dira, baina ez kanpotik ezarritakoak; aitzitik, ardura publikoak aldi batean betetzeko aukera dutenek barne-barnetik eta beren-beregi onartutakoak izan behar dira.

Kode honek, batik bat, izaera positiboa eta sustapenekoa dauka, moralarekin eta gizarte-praktikekin lotutako portaerak jasotzen baititu, lege-arauekin lotutakoak baino gehiago.

Nolanahi ere, kodea ondoriorik gabeko adierazpen hutsa izan ez dadin, ahal denik eta zabalkunde handiena eman behar zaio, eta gainera, bete egingo dela bermatzea aldera, sistema hauek ezartzea planteatzen da:

- Kodearen edukira atxikitzeko sistema: kodearen edukiarekiko adostasun-adierazpen bat egingo da, kasuan kasuko kargua onartu aurretik egin ere. Alde horretatik, dagoeneko jardunean ari diren kargudunek kodearen ale bat jasoko dute eta, berau aztertu ostean eta hala badagokio, atxikimendua adieraziko diote.

- Segimendu- eta ebaluazio-sistema: prozedura bat ezarriko da, hain zuzen, Kodean jasotako printzipio etikoak gidari hartuta, arduradun politikoen jardunaren bilakaera zein den jakiteko eta, aldi berean, erakundean «tentsio positiboko» giro iraunkorra sortzeko.

Segimendu-sisteman eraginkortasun-maila egokia lortze aldera, «Etikaren eta Gobernu Onaren Batzordea» eratuko da, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari atxikita. Ildo horretatik, «Gorabehera Erregistro» bat ere sortuko da, eta, hartan, gai honi buruz sortutako informazio guztia bilduko da, neurriak aztertzeko eta hartzeko oinarri gisa.

Segimendu-lanak egiteko, aldebiko prozedura bat ezarriko da, Kodea aplikatzean sortzen diren gatazkak konpontzeko erabiliko dena.

Azkenik, Kodea gai honi buruzko legedia osatzeko sortu dela aintzat hartuta, ekimen hau ekintza zabalago baten parte dela ulertu behar da, zuzendaritza-kargudun publikoei buruzko araudia lantzera edo aldatzera bideratutakoa ekintza baten parte, alegia. Araudi horretan, aurrerago izapidetzekoa den lege-proiektu baten bidez, honako hauek arautuko dira: kargudunen bateraezintasun- eta lansari-araubidea, zerbitzura sartzeko edo zerbitzutik kanpo gelditzeko baldintzak eta interes-gatazkak bideratzeko modua.

Horren indarrez, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak, proposamena aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.- Onarpena.

Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea onartzea, erabaki honen I. eranskinean jasotzen den moduan. Kodea honako hauei aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Administrazio Orokor horren mendekoak diren erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoen zerbitzura dauden gobernuko kideei, goi-kargudunei, aldi baterako langileei eta gainerako zuzendaritza-kargudunei, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 7. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera.

Bigarrena.- Etikaren eta Gobernu Onaren Kodearen edukira atxikitzea.

Eragindako pertsonek Kodearen edukiarekiko adostasun-adierazpen bat egingo dute, kasuan kasuko kargua onartu aurretik. Horretarako, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak Kodearen ale bana helaraziko die kargudun berriei eta dagoeneko jardunean ari diren kargudunei, aztertu dezaten eta, hala badagokio, formalizatu dezaten, erabaki honen II. eranskinean jasotako dokumentuan ezarritako moduan.

Hirugarrena.- Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea betetzea, eta haren segimendu eta ebaluazioa egitea.

Kodearen edukia betetzen dela egiaztatzeko, eta haren aplikazioaren segimendua eta ebaluazioa egiteko, Etikaren eta Gobernu Onaren Batzordea eratuko da, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari atxikita. Batzorde horren barruan, «Gorabeheren Erregistroa» sortuko da, eta, hartan, Kodearen eskakizunak betetzeari edo, hala gertatuz gero, ez betetzeari buruzko gorabeherak bilduko dira.

Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

- Funtzio Publikoko sailburuordea.

- Ekonomia, Aurrekontu eta Kontrol Ekonomikoko sailburuordea.

- Lehendakaritzaren mendeko Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiko titularra.

- Funtzio Publikoko zuzendariak idazkari jardungo du.

Kideren bat Batzordera azaldu ez, edo interes-gatazkarik edo, oro har, ez azaltzeko justifikatutako arrazoirik izanez gero, titularren ordezkoak bertaratuko dira, halakorik balego, edo, bestela, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak erabakitako pertsonak.

Etikaren eta Gobernu Onaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

Kodea betetzeari dagokionez:

a) Kodearen eremu subjektiboaren barruan daudenei aholkuak ematea eta haiek egindako kontsulta eta galderei erantzutea.

b) Kodearen edukiaren inguruan sortzen diren gorabeheren berri jasotzea eta Gorabeheren Erregistroan sartzea. Gorabehera bat erregistratu ondoren, Batzordeak egoki iritziz gero, aldebiko prozedura bati hasiera emango zaio eta interesatuari entzunaldirako aukera eskainiko. Prozedura horren emaitzaren ondorioz, Batzordeak, behar izanez gero, txosten bat helaraziko dio Jaurlaritzaren Kontseiluari, egoki jotzen dituen neurriak har ditzan.

c) Kodearen inguruko diagnostikoa jaso ondoren, berau erreformatzeko edo aldatzeko gomendioa egitea dagokion orori.

Laugarrena.- Zabalkundea.

Kode hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da oso-osorik, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Intranet-en eta Irekia/Gobernu Irekia izeneko zuzeneko komunikazio-kanalean ere; halaber, herritarren eta EAEko gizartearen eskura jarriko da oro har, eta bereziki, interes-talde gisa identifikatu direnen eskura. Orobat, gobernuko kideek eta goi-kargudunek Kodea ezagutu eta bete beharra daukate, eta berau zabaltzen eta aplikatzen lider izan behar dute, horretarako beharrezko diren baliabideak eskuratuz.

Bosgarrena.- Xedapen iragankorra.

Etikaren eta Gobernu Onaren Batzordeak Kodearen ale bana helaraziko die Kodearen eremu subjektiboaren barruan egon eta egun kargu bat betetzen dutenei, hain zuzen ere atxikimendua adierazi diezaioten. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, alea jasotzen duten egunetik hasita».

I. ERANSKINA

ETIKAREN ETA GOBERNU ONAREN KODEA

Lehenengoa.- Xedea.

Etikaren eta Gobernu Onaren Kode honen xedea da zehaztea zer oinarrizko portaera-printzipio eta -arau bete behar dituzten aplikazio-eremu subjektiboaren barruko langileek, Administrazioak erakunde gisa dituen helburuak behar bezala bete ditzan, eta Euskadiko herritarren nahiak bete daitezen legez ezarritakoaz haratagoko gardentasun- eta eraginkortasun-esparru batean, Euskadiko gizartearen garapen ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatuz.

Etikaren eta Gobernu Onaren Kode honi esker, Kodea bete behar duten pertsonek lehendik bete beharreko lege- eta arau-ezarpenak indartuko dira, eta Kodearen oinarrian dauden printzipioak eta xedeak kontuan hartuz bete beharko da indarrean dagoen araudia.

Bigarrena.- Aplikazio-eremu subjektiboa.

Honako hauek bete beharko dituzte Etikaren eta Gobernu Onaren Kode honetako etika- eta portaera-arauak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden gobernuko kideek, goi-kargudunek, aldi baterako langileek eta gainerako zuzendaritza-kargudunek, bai eta Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 7. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera Administrazio Orokor horren mendekoak diren erakunde autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko, sozietate publiko eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoen zerbitzura daudenek ere. Autonomia-erkidegoko administrazioaren parte-hartzea txikia bada, administrazioak hitzarmenak egin daitezen sustatuko du, haren parte-hartzea duten erakundeek beren Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea onar dezaten edo, hala badagokio, aipatutako administrazioaren jarduera arautzen duena bere egin dezaten.

Hirugarrena.- Printzipio orokorrak.

Kode honen aplikazio-eremuaren barruko pertsonek, beren funtzioak betetzerakoan, Espainiako Konstituzioak, Euskadiko Autonomia Estatutuak eta gainerako antolamendu juridikoak ezarritako printzipioak beteko dituzte balio eta printzipio demokratikoez gain, eta honako printzipio eta balio etiko hauek ere beteko dituzte: neutraltasuna eta objektibotasuna; efikazia, efizientzia eta errentagarritasun soziala; dedikazio osoa, fede ona eta eredugarritasuna; austeritatea eta zintzotasuna; gardentasuna, irisgarritasuna eta konfidentzialtasuna; herritarren parte-hartzea eta lankidetza; eta erantzukizuna eta elkarlana.

Laugarrena.- Balio eta printzipio demokratikoak errespetatzea.

1.- Kode hau bete behar duten pertsonek indarrean dauden Konstituzioa eta Estatutua errespetatuko dituzte, haietan jasotzen diren balio eta printzipio demokratikoak aplikatuko dituzte eta zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoa sustatuko dute beren jardueretan, eta berdintasun, askatasun, justizia eta aniztasun politikoaren printzipioak betetzen direla bermatuko dute.

2.- Haien portaerak giza eskubideak eta askatasun publikoak errespetatuko ditu guztiz.

3.- Beren jardueretan, indarkeriaren deslegitimazio sozial eta politikoa eta terrorismoaren biktimen oroimena sustatuko dituzte, bai eta bestelako indarkeria politiko edo sozialaren biktima izan direnen oroimena ere.

4.- Ez dute jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi, sexu-joera edo bestelako egoera pertsonal, politiko edo sozialen batengatik diskriminazioa sor dezakeen jarduerarik egingo.

5.- Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko benetako berdintasuna sustatuko dute, helburu hori lortzea zaildu dezaketen oztopo guztiak kenduz.

6.- Tolerantziaz jokatuko dute, eta aniztasuna sustatuko dute beren jardueretan. Horrek esan nahi du forma kultural, politiko eta sozial guztiak errespetatuko dituztela, aintzat hartuko dituztela eta onartuko dituztela, betiere giza eskubideak errespetatzen badituzte eta indarkeriarik erabiltzen ez badute.

7.- Beren jarduera-eremuan, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politikak, ingurumena babestekoak eta lurraldearen zentzuzko antolamendu iraunkorraren aldekoak sustatuko dituzte.

Bosgarrena.- Neutraltasuna eta objektibotasuna.

1.- Erabakiak hartzean, objektibotasuna erabiliko da pertsonekin, eta inpartzialtasuna legearen arabera onargarriak diren aukerekin. Interes orokorra gailenduko da beti, eta kontsiderazio pertsonalek edota familia-, korporazio-, bezero- edo adiskidetasun-kontsiderazioek ezin izango dute printzipio hori kaltetu.

2.- Ez dute eragingo pertsona baten mesedetan izapide administratiboak bizkortu edo ebatz daitezen, eta, bereziki, beraien mesedetan edo beren familia edo gizarte-ingurunearen mesedetan.

3.- Azken batean, ez dute boterea erabiliko abantailak edo onurak lortzeko, bereziki informazio-abantailak, abantaila erregulatzaileak eta/edo haien agintaldiaren ondorioz sor daitezkeen edo harekin lotuta dauden abantailak lortzeko.

Seigarrena.- Efikazia, efizientzia eta errentagarritasun soziala.

1.- Efikazia, ekonomia eta efizientziaren printzipioen arabera jardungo dute, interes orokorra eta administrazioaren helburuak betez betiere.

2.- Administrazio publikoaren profesionalizazioa eta ongi egindako lanaren aitorpena bultzatzen dituzten karrera- eta trebakuntza-politikak eta -programak sustatuko eta bermatuko dituzte.

Zazpigarrena.- Dedikazio osoa, fede ona eta eredugarritasuna.

1.- Kodearen mende dauden gobernuko kideek, goi-kargudunek eta gainerako zuzendaritza-kideek zerbitzu publikoari dedikazio osoa eskainiz egingo dituzte beren funtzioak, une bakoitzean indarrean dagoen bateraezintasun-erregimena behar bezala betez.

2.- Alderdi politikoetako organo exekutiboetan edo zuzendaritza-organoetan kargua edukitzeak ez ditu kaltetuko edo eragotziko beren karguagatik dituzten erantzukizunak.

3.- Dagozkien funtzioak egiterakoan edo betebeharrak betetzerakoan, ardura handiz arituko dira, haien jarduera erreferentzia izan dadin langile publikoentzat.

4.- Tratu egokia, duina eta errespetuzkoa emango diete langile publikoei, langile horiek erakundearen definizioan, helburuetan eta emaitzetan partaide eginez, eta lan-giro atsegina sustatuz.

Zortzigarrena.- Austeritatea eta zintzotasuna.

1.- Baliabide publikoak austeritatez administratuko dituzte, eta ez dituzte modu desegokian erabiliko duten karguagatik administrazioak beren eskura jartzen dituen ondasunak eta zerbitzuak; horretarako, modu arduratsuan kontsumituko dute, eta baimenduta dituzten protokolo-gastuak eta ordezkaritza-gastuak mugatuko dituzte.

2.- Harreman komertzial eta finantzarioetan, gainerako herritarrek bete beharreko betebehar eta baldintza berberak beteko dituzte, eta ez dute justifikatu gabeko mesederik edo abantailarik onartuko.

3.- Ez dute onartuko abantaila-egoeraren batean eskainitako zerbitzurik, oparirik edo mesederik, baldin eta kortesiazko ohiko erabilera sozialetik haratago badoa zenbatekoagatik edo kausagatik edo beren lanaren neutraltasuna edo objektibotasuna kaltetu badezake. Esanahi instituzionaleko edo balio handiko opariak, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko ondarera gehituko dira, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legeari jarraiki.

4.- Goren Kargudunen Lansariei buruzko 14/1988 Legeak 3.1 artikuluan adierazitako gastuak austeritatearen eta proportzionaltasunaren irizpideei jarraiki egin beharko dira.

Bederatzigarrena.- Gardentasuna eta konfidentzialtasuna.

1.- Beren jardueran Euskadiko gizarte osoaren aurrean gardena izateko printzipioa bete beharko dute, isilpekoa gordetzearen eta konfidentzialtasunaren betebehar legalak alde batera utzi gabe.

2.- Konfidentzialtasunari eutsiko diote, erakundea utzi edo han baja hartutakoan ere, beren lanaren ondorioz jakin dituzten datu eta informazioei dagokienez.

Hamargarrena.- Herritarren parte-hartzea eta lankidetza. Gobernu Irekiaren printzipioak.

1.- Beren kudeaketa publikoak herritarrak oso kontuan hartuko dituela bermatuko dute, emandako informazioaren, arretaren eta zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzeko konpromisoarekin.

2.- Herritarrek zerbitzu publikoen funtzionamendua ezagutzeko duten eskubidea erabil dezaten sustatuko dute, legeek ezartzen dituzten mugekin, eta herritarren eskaera, kexa edo erreklamazioei azkar eta era eraginkorrean erantzuteko mekanismoak bermatuko dituzte.

3.- Herritarrek politika publikoen diseinuan eta haien ebaluazioan parte har dezaten eta alor horretan lankidetzan aritu daitezen bermatzeko behar diren tresnak bultzatuko dituzte; eskuragarri dauden baliabide guztiak erabiliko dira horretarako, telematikoak barne, demokrazia esku-hartzailea garatzeko.

4.- Estatistikak, datu-baseak, gobernuak on line dituen atariak eta, oro har, herritarrek informazioa eta zerbitzu publikoak eskuragarriago izatea eta langileen barruko lana errazten duen guztia sortzea, hobetzea eta denon artean erabiltzea sustatuko dute.

5.- Administrazio abegikorra eta irisgarria bultzatuko dute, pertsona guztiek ulertzeko moduko administrazio-hizkera garbia erabiliz, prozedurak erraztuz eta bizkortuz, zerbitzuetara sartzeko sarbide elektronikoak jarriz eta arau eta erregulazioen kalitatea hobetuz.

6.- Datu pertsonalak babestuko direla bermatuko dute, bai eta dokumentu ofizialak behar bezala sailkatu, erregistratu eta artxibatuko direla ere, eta pertsona guztiek autonomia-erkidegoko administrazio publikoaren eskuetan dauden datu pertsonalak jakiteko eta eguneratzeko duten eskubidea aitortuko dute.

7.- Interes-taldeen parte-hartzea eta haiekin hitz egitea sustatuko dute, parte-hartze eta kontsulta soilaz haratago, politika publikoen diseinuan parte har dezaten lortzeko, eta, hartara, ezagutza eta berrikuntza bultzatzeko.

Horretarako, harremanetan dagoen eta hitz egiteko prest dagoen administrazio bat bultzatuko dute, herritarrei eta eragile ekonomiko, sozial eta kulturalei kontsulta egiten diena eta parte hartzera bultzatzen dituena, beharrezko diren bide eta baliabideak erraztuz eta asoziazionismoa eta hiritarren boluntariotza sustatuz.

Hamaikagarrena.- Erantzukizuna eta elkarlana.

1.- Beren jardueren erantzukizuna onartuko dute, eta ez dute mendekoen gain jarriko arrazoi objektiborik gabe; horrez gain, maila instituzional guztiekin elkarlanean arituko dira, eskumenen egungo esparrua errespetatuz, interes orokorrari era efikaz eta eraginkorragoan laguntzeko.

2.- Sarean lan egingo dute, eta gobernuak ongi funtzionatzeko interesgarriak diren elkarlaneko ekintza eta lan guztietan parte hartuko dute.

Hamabigarrena.- Beste batzuk.

Gobernuko kideen eta goi-kargudunen protokolozko trataera ofiziala jauna/andrea izango da, kargu, postu, lan edo mailaren izena aurretik duela.

II. ERANSKINA

ETIKAREN ETA GOBERNU ONAREN KODERA ATXIKITZEKO AITORPENA

Behean sinatzen duenak, Jaurlaritzaren Kontseiluak ................................(data) ................................n onartutako Etikaren eta Gobernu Onaren Kodeko edukia kontuan hartuta, hau aitortzen du:

1.- Goiburuan adierazitako Kodearen ale bat duela, eta ale horrek .................. artikulu eta eranskin bat dituela.

2.- <<<NEED-LINES=69>>> uskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea, Jaurlaritzaren Kontseiluak goian adierazitako datan onartua, irakurri eta ulertu duela.

3.- <<<NEED-LINES=75>>> odearen edukira atxikitzen dela baldintza guztietan, eta han adierazten diren printzipio eta betebehar guztiak betetzeko konpromisoa hartzen duela.

4.- Kodea zabaldu eta aplika dadin errazteko konpromisoa onartzen duela, horretarako beharrezko diren baliabideak jarriz.

Eta hala jasota gera dadin, dagozkion ondorioetarako, honako hau sinatu dut .............................(e)n

20........(e)ko ................................ren ............ (e)an

Izpta.:

Sailburuordetza, Idazkaritza Nagusia edo Zuzendaritza ....................

Saila ....................


Azterketa dokumentala