Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
2859

EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 2koa, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen errektoreordearena, aldi baterako irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko arautegia argitaratzeko dena.

Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzkoak, aldatu egin zuen unibertsitateko irakasleei buruzko araubide juridikoa, eta autonomia erkidegoei ahalmena eman zien kontratatutako irakasle eta ikertzaileen araubide juridikoa zehazteko lege horretan jasotakoari jarraituz.

2004ko martxoaren 12an, otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Ondoren, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldarazi egin zuen abenduaren 21eko 6/2001 Legea, Unibertsitateena.

2008ko martxoaren 18an, martxoaren 4ko 40/2008 Dekretua, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen araubideari buruzkoa argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta biharamunean jarri zen indarrean.

Dekretu horretan, zehaztuta daude, besteak beste, lan-kontratuko irakasleak aldi baterako kontratatzeko dauden irudiak, eta 9.4, 10.5 eta 11.3 artikuluetan honakoa dio: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

Bestalde, martxoaren 4ko 40/2008 Dekretuak honakoa zehazten du 12.3 eta 13. artikuluetan: Unibertsitateak, bere autonomia aintzat hartuta, erabaki behar du irakasle emerituak kontratatzeko prozedura eta hautagaiek izan behar dituzten merezimenduak zein diren. Irakasle bisitariak (...) unibertsitate-araudiak ezarriko ditu hautaketa-irizpideak.

2008ko uztailaren 16an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi baterako irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko arautegia.

Dena dela, hiru urteko esperientziaren ondoren, komenigarritzat ikusi da hainbat egokitzapen egitea arautegian, hau tresna baliagarri eta eraginkorragoa izan dadin.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2011ko apirilaren 14an, aldi baterako irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko arautegia onartu egin zuen.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeko 10.2 atalak dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

EBATZI DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2011ko apirilaren 14an onartutako aldi baterako irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko arautegia.

Leioa, 2011ko maiatzaren 2a.

Irakasleen errektoreordea,

JON IRAZUSTA ASTIAZARAN.

ERANSKINA

ALDI BATERAKO IRAKASLEAK ETA IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA

1. artikulua.- Helburua.

Arautegi honen xedea da aldi baterako lan kontratudun irakasleak hautatu eta kontratatzeko administrazio prozedurak arautzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen esparruan, honako hauek ezarritako araubide juridikoaren babesean: 6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua; 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena; 40/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen araubideari buruzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria.

2. artikulua.- Prozedura.

1.- Errektoreak erabakiko du, urtero, lan-kontratu bidez aldi baterako kontratatutako irakasle eta ikertzaileen plantillan zenbat plaza bete behar diren irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko premiei aurre egiteko. Horretarako, kontuan hartuko ditu UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen proposamena eta sailen, ikastegien eta sindikatuen iritziak.

2.- Arautegi honen menpeko irakasle eta ikertzaile plazak atxikiko zaizkio unibertsitateko sail bati, ikerketa institutu bati edo nortasun juridikorik gabeko unibertsitateko egituraren bati. Plazaren izena, bestalde, bat etorriko da kasuan kasuko jakintza-arloarekin.

3.- Aldi baterako kontratatuko irakasle eta ikertzaileak, irakasle bisitari eta emerituak salbu, berdintasun, merezimendu eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuta hautatuko dira lehiaketa publikoaren bidez.

4.- Irakasle bisitari, irakasle emeritu eta lektoreen kontratazioan izan ezik, ezin izango da plazarik betetzeko deialdirik egin, baldin eta lanpostuen zerrendan plaza hutsik ez badago eta aurrekontu-esleipenik ez badago. Horretarako, deialdia egin aurretik, errektoreak aldeko txostena eskatuko dio gerentziari, txosten hori loteslea izanik.

5.- Lehiaketa publikorako deia errektoreak erabakiko du, eta deialdian jasota ageri beharko dira lehiaketaren oinarriak.

3. artikulua.- Aldi baterako irakasle eta ikertzaileen plazak betetzeko lehiaketen deialdia.

1.- Aldi baterako irakasle eta ikertzaileen plazak betetzeko xedez deitutako lehiaketak errektoreak onartuko ditu eta Unibertsitateen Kontseiluari jakinaraziko zaizkio. Era berean, deialdia campusetako errektoreordetzetako Deialdi eta Lehiaketa-Ataleko iragarki-oholetan jarriko da.

2.- Deialdiaren barruan, bete beharreko plaza-kopurua eta ezaugarriak, plaza zein sailetakoa edo, hala dagokionean, unibertsitateko zein ikerketa institututakoa edo nortasun juridikorik gabeko zein egituratakoa eta zein jakintza-arlotakoa den, burutu beharreko eginkizunak, izangaiek bildu beharreko betebeharrak, hautaketa-batzordearen osaera, arduraldi-erregimena eta hizkuntza-eskakizuna zehaztuko dira. Horrez gain, zehaztuta ageri beharko da aldi baterako kontratuak direla.

3.- Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskari-orria aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta eta deialdian zehaztutako epean, eta horrez gain, deialdian adierazitako agiri guztiak aurkeztuko dituzte.

4.- Eskariak aurkezteko epea behin amaituta, errektoreak erabakia emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onartzeko, eta hamar eguneko epea jarriko du zerrenda horien kontrako erreklamazioak aurkezteko edo akatsak zuzentzeko. Epe hori behin amaituta, errektoreak erabakia emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko. Erabaki horren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epearen barruan, edo, bestela, zuzenean jar daiteke administrazioarekiko auzi errekurtsoa, erabakia argitaratu eta bi hilabeteko epean.

4. artikulua.- Izangaiek bete beharreko baldintza orokorrak.

1.- Arautegi honen bidez araututako plazak betetzeko egingo diren lehiaketetan parte hartzeko, honako baldintza orokorrak bete beharko dituzte izangaiek:

a) Hamasei urte beterik izatea eta legez erretirorako ezarritako adina bete gabe izatea.

b) Lehiaketako plaza betetzeko gaitasun funtzional nahikoa izatea.

c) Diziplina-espedientearen bidez administrazio publikoetatik aldendua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez izatea epai irmo bidez.

d) Arautegi honetan jasotako plaza mota bakoitzerako zehaztutako baldintza bereziak.

2.- Erabaki honen bidez araututako lehiaketetan parte hartzeko ez dago nazionalitate baldintzarik, baina, edozelan ere, atzerritartasunari buruzko legedia izan beharko da kontuan.

3.- Arautegi honen bidez araututako plazak betetzeko deitutako lehiaketetan parte hartu nahi dutenek eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik bete beharko dituzte baldintzak.

5. artikulua.- Aldi baterako irakasle eta ikertzaileen plazak betetzeko lehiaketetako epaimahaiak.

1.- Balioespen-batzordean bost kide izango dira, guztiak unibertsitateko kidegoetako irakasle funtzionarioak, unibertsitateko eta unibertsitate eskolako katedradunak, unibertsitateko edo unibertsitate eskolako irakasle titularrak (azken hauek doktore tituluarekin), irakasle osoak edo irakasle agregatuak, eta guztiak plazari dagokion jakintza arlokoak edo kideko arloren batekoak.

2.- Balioespen-batzordeko kideak eta ordezkoak errektoreak izendatuko ditu, plazari dagokion sailak egindako proposamenari jarraituz.

3.- Balioespen-batzordea balioz eratu dadin eta balioz aritu dadin bere eginkizunetan, gutxien dela hiru kide izan behar dira bertan, eta horietako bi burua eta idazkaria izan behar dira, edo haien ordezkoak.

6. artikulua.- Aldi baterako irakasle eta ikertzaileen plazak betetzeko lehiaketetako epaimahaietarako xedapen orokorrak.

1.- Aldi baterako irakasle eta ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesuko balioespen-batzordeak -behin balioz eratuta eta ebaluaziorako irizpide zehatzak onartu eta argitaratuta- izangaien merituak edo, halakorik balego, probak ebaluatuko ditu eta puntuazioaren araberako proposamena egingo du deitutako plazak betetzeko. Proposatutako kide-kopurua ezin izango da izan eskainitako plaza-kopurua baino handiagoa. Puntuazio bera duten izangairik egonez gero, I. eranskinean irakasle eta ikertzaileen kategoria bakoitzerako zehaztutako irizpideen arabera ordenatuko dira.

2.- Aurreko atalean zehaztutakoa betetzeari utzi gabe, balioespen-batzordeak ordezkoak proposatu ahal izango ditu, horiek ere puntuazioaren arabera ordenatuta, plaza betetzeko proposatu den izangaiak kontratua sinatzeari uko egiten badio. Behin kontratua sinatuta, ez da lan poltsarik eratuko ordezkoekin, eta ordezkorik kontratatzeko premiarik izanez gero, ohiko prozedurari jarraituko zaio, hau da, kasuan kasuko sail eta jakintza-arloak egindako ohiko deialdiaren bidez eratutako lan-poltsa erabiliko da.

3.- Balioespen-batzordeak hutsik utz dezake plaza baldin eta izangai bakar batek ere ez badu lortu balioespen-batzordeak ebaluazioa hasi aurretik zehaztutako gutxieneko puntuazioa.

4.- Balorazio irizpide zehatzak eta balioespen-batzordearen proposamenak unibertsitate honetako Deialdi eta Lehiaketa Ataleko eta campusetako errektoreordetzatako iragarki oholetan argitaratuko dira. Balioespen-batzordearen proposamenaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek errektoreari hilabeteko epean, proposamena Irakasle eta Ikertzaileen Deialdi eta Lehiaketa-Ataleko iragarki-oholean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

5.- Bakarrik hartuko dira kontutan eskariak aurkezteko epearen barruan aurkeztu eta egiaztatutako merezimenduak.

7. artikulua.- Laguntzaileak.

1.- Laguntzaileen plazak betetzeko lehiaketetan parte hartu ahalko dute doktoregoko ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 errege-dekretuko 6. artikuluan eta xedapen iragankor bakarrean xedatutakoari jarraiki doktoregora sartzeko irizpideak betetzen dituztenek eta doktore izanik titulu hori plaza betetzeko lehiaketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko azken eguna baino, gehienez, urtebete lehenago lortu dutenek.

2.- Lan-kontratua lanaldi osokoa izango da eta urtebeterakoa, eta kontratatutako pertsona doktorea ez bada, luzatu egin ahal izango da, urtero-urtero, gehienez ere bost urte bete arte. Hala ere, kontratua luzatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da doktoregoko ikasketetan onartuta dagoela egiaztatzea.

Laguntzaile moduan kontratatutako pertsona doktorea ez bada, behin doktore titulua lortuz gero bi aldiz baino ezin izango zaio luzatu laguntzaile kontratatua, eta luzapen bakoitza urtebetekoa izango da gehienez. Edozelan ere, ezin izango du gainditu aurreko paragrafoan aipatutako bost urteko epea.

Laguntzaile moduan kontratatutakoa doktorea bada, hasierako kontratua urtebetekoa izango da eta behin baino ezin izango zaio luzatu. Beraz, haren kontratazioa gehienez bi urtekoa izango da.

3.- Laguntzaileak meritu lehiaketa bidez hautatuko dira. Lehiaketan gehienez lor daitekeen puntuazioa eta ebaluaziorako erabiliko diren irizpide orokorrak erabaki honetako I. eranskinean daude jasota.

8. artikulua.- Irakasle atxikiak (irakasle laguntzaile doktoreak).

1.- Irakasle atxikien plazak betetzeko lehiaketetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

a) Doktore titulua izatea.

b) Lanpostua atxikita duen sailak emandako aldeko txostena, izangaiaren irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako gaitasunari buruzkoa.

c) Irakaskuntza eta ikerkuntza-jardueren gaineko ebaluazio positiboa izatea, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak emandakoa.

2.- Lan-kontratuaren iraupena gutxienez urtebetekoa eta gehienez bost urtetakoa izango da. Edonola ere, gehienez ere zortzi urtez jardun ahal izango dira laguntzaile eta irakasle atxiki legez, bai unibertsitate honetan, bai beste unibertsitateren batean. Horrela, bada, izangaiak ez dituzte onartuko lehiaketan, baldin eta unibertsitate honetan edo beste unibertsitate batean laguntzaile, irakasle atxiki edo irakasle laguntzaile doktore legez eman duten denboraren ondorioz ezinezkoa bada gutxien dela urtebeteko kontratua egitea.

3.- Irakasle atxikiak hautatzeko lehiaketan proba bakarra egingo da, publikoa, eta izangaiak ikasketetan eta ikerketaren arloan lortutako merituak aurkeztu eta aztertuko ditu balioespen-batzordearekin; era berean, kontratuaren indarraldirako irakaskuntzako eta ikerketako proiektuak azalduko ditu. Izangaiek behar beste denbora izango dute ahozko azalpen horretarako, baina 60 minututik pasatzeke. Balioespen-batzordeak, jarraian, eztabaida izango du izangai bakoitzarekin, gehienez ere bi ordutakoa, honako hauen gainean: aipatutako merezimenduak, irakaskuntzako proiektua eta ikerkuntzakoa.

4.- Euskara nahitaezkoa duten plazetan, bermatu egingo da balioespen-batzordeak autonomia-erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jarraitu ahal izango duela proba, eta horretarako behar diren baliabideak jarriko dira. Horrelakoetan, ahalegina egingo da balioespen-batzordeko kideetako bat gutxienez elebiduna izan dadin.

5.- Proba bukatuta, balioespen-batzordeak izangai bakoitzak erabaki honetako I. eranskinean zehaztutako atal bakoitzean lortutako balorazio kuantifikatua jasoko duen txosten arrazoitua egingo du. Balioespen-batzordeak, zerrenda itxia ez den arren, baloratu egingo ditu titulu akademikoak, lehiaketaren oinarrietan eskatutakoaz bestelakoak; espediente akademikoa; laguntzaile legez izandako esperientzia; UPV/EHUtik kanpo, izen handiko ikerketa-zentroetan (Estatuan zein beste herrialde batzuetan) egindako egonaldiak; ikerkuntzaren alorrean egindako jarduera; argitalpenak (liburuak, artikuluak, eta bestelakoak); beste ikerlan batzuk; diru-laguntzaz egindako ikerketa-proiektuak; kongresuetan aurkeztutako komunikazioak eta txostenak; patenteak; emandako eta hartutako ikastaroak eta mintegiak; izandako bekak, izandako kargu akademikoak eta erakunde-mailakoak; irakaskuntzako edo ikerkuntzako beste merezimendu batzuk eta bestelakoak. Horrez gain, aurkeztutako irakaskuntza eta ikerketa-proiektuaren interesa, kalitatea eta berrikuntza-maila ere baloratuko da, bai eta izangaiak horiek guztiak azaltzean erakutsitako trebezia ere.

6.- Balioespen-batzordeak punturik gehien lortu duen izangaia proposatuko du eta aukeran izango du ordezkoak ere proposatzea.

Proposatutako izangaiak uko eginez gero kontratua sinatzeari, ordezko zerrendan punturik gehien daukanari eskainiko zaio kontratua.

7.- Behin kontratua sinatuta, ez da lan-poltsarik eratuko ordezkoekin.

9. artikulua.- Irakasle elkartuak.

1.- UPV/EHUk irakasle elkartu gisa kontratatu ahal izango ditu, arduraldi partzialean, unibertsitateko irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren eremutik kanpo diharduten itzal handiko espezialistak, unibertsitatean irakasteko titulu akademikoa dutela egiaztatzen badute.

2.- Oro har, lizentziatura, arkitektura, gradu edo titulu baliokidearen jabe izatea eskatuko da.

3.- Kontratazioa unibertsitate eskola batean irakasteko bada, honako jakintza-arlo hauetan diplomatura, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo titulu baliokideren bat izatea eskatu zaie, gutxienez, lehiakideei: 0065 Materialen Zientzia eta Metalurgia Ingeniaritza; 0187 Gorputz Adierazpidearen Didaktika; 0189 Musika Adierazpidearen Didaktika; 0193 Plastika Adierazpidearen Didaktika; 0255 Erizaintza; 0305 Adierazpen Grafikoa Ingeniaritzan; 0413 Fisioterapia; 0505 Kartografia, Geodesia eta Fotogrametria Ingeniaritza; 0510 Eraikuntzako Ingeniaritza; 0515 Fabrikazio Prozesuen Ingeniaritza; 0520 Sistemen Ingeniaritza eta Automatika; 0535 Ingeniaritza Elektrikoa; 0545 Ingeniaritza Mekanikoa; 0590 Makina eta Motor Termikoak; 0605 Ingurumen Jarraituen Mekanika eta Egituren Teoria; 0720 Ingeniaritzako Proiektuak; 0813 Gizarte Langintza eta Gizarte Zerbitzuak.

4.- Kontratu hauek hiru hilabetetarako, sei hilabetetarako edo urtebeterako izango dira, eta aldi bererako luzatu ahal izango dira; betiere, jarduera profesionala betetzen diharduela egiaztatu beharko du kontratatutakoak.

5.- Lehiaketan gehienez lor daitekeen puntuazioa eta ebaluaziorako erabiliko diren irizpide orokorrak erabaki honetako I. eranskinean daude jasota.

10. artikulua.- Irakasle lankidea.

1.- Irakasle lankideen plazak betetzeko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute, titulazio jakinetako premia bereziei aurre egiteko, honako baldintzak betetzen dituzten irakasleek:

a) Kasuan kasuko deialdiak eskatzen duen diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoaren titulua edo baliokidea eduki beharko dute.

b) Irakaskuntza eta ikerkuntza-jardueren gaineko ebaluazio positiboa izatea, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak emandakoa.

2.- Unibertsitateak burutu beharreko irakaskuntza-jarduera bereziekiko lotura objektiboa duten baldintza espezifikoak betetzea eska dezake, eta eskakizun horiek orokorrak izango dira.

3.- Lan-kontratuaren iraupena gutxienez urtebetekoa eta gehienez hiru urtetakoa izango da.

4.- Lehiaketan gehienez lor daitekeen puntuazioa eta ebaluaziorako erabiliko diren irizpide orokorrak erabaki honetako I. eranskinean daude jasota.

11. artikulua.- Irakasle bisitariak.

1.- UPV/EHUk irakasle bisitariak kontratatu ahal izango ditu ospe handiko irakasle eta ikertzaileen artetik, baldin eta beste unibertsitate batetik edo ikerketa-zentroren batetik badatoz. Unibertsitatea edo ikerketa-zentroa Estatukoa zein atzerrikoa izan daiteke, publikoa zein pribatua.

2.- Irakasle bisitariak kontratatzeko prozedurari ofizioz emango zaio hasiera, beti. Sailek, unibertsitateko ikerkuntza-institutuek edo UPV/EHUk sortutako izaera juridikorik gabeko egitura edo erakundeek interesik izanez gero irakasle bisitaria kontratatzeko, premien memoria egingo dute, eta horrekin batera irakasle proposatuak irakaskuntza eta ikerkuntzarako egindako proposamena eta haren curriculum vitaea (formatu estandarrean) aurkeztuko dituzte. Proposamena saileko kontseiluak eta ikastegiko batzarrak onartu beharko dute eta, ondoren, Unibertsitateko Irakasleen Batzordeari igorriko zaio. Hark, memoria eta proiektua aztertu ondoren, proposamenaren aldeko edo kontrako iritzia emango du.

Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak aldeko iritzia eman badu, arloan eskumena daukan errektoreordetzak Gobernu-Kontseiluari igorriko dio proposamena, eta Gobernu-Kontseiluak erabakiko du egoki den irakasle bisitaria kontratatzea. Iritzia aldekoa izanez gero, Gobernu-Kontseilura igorriko du kontratazioa egiteko proposamena. Unibertsitateko Irakasleen Batzordearen txostena aurkakoa denean, batzorde horri eskuordetuko dio Gobernu-Kontseiluak erabakia hartzeko ahalmena, eta erabaki horren kontra berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Unibertsitateko Irakasleen Batzordeari hilabeteko epean, jakinarazpena egin deneko egunetik kontatzen hasita; bestela, zuzenean jarri ahal izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabetetako epean, egun beretik kontatzen hasita.

3.- Kontratua, gutxien dela, sei hilabetetarako egingo da eta, gehien dela, bi urtetarako. Dena dela, lehentasuna izango dute epe laburreko kontratuek, horiek baitira, berez, irudi honen funtsarekin bat datozenak. Kontratuak luzatu egin ahal izango dira, Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak onespena ematen badu, Gobernu Kontseiluak berriro erabakirik eman gabe, baldin eta kontratazioak bi urteen muga gainditzen ez badu. Aurrekoari kalterik egin gabe, gehienez hiru urtetara arte luzatu ahalko da kontratua salbuespen gisa, baldin eta Unibertsitateko Irakasleen Batzordeari iruditzen bazaio hasieran aurkeztutako irakaskuntza eta ikerkuntza-proiektua egokiro bideratu dela, eta sailaren premiek kontratua luzatzea gomendatzen badute.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, irakasle-kategoria honetako kontratuek hiru urtetako iraupena izango dute gehienez, nahiz eta kontratua bukatzerakoan kontratu berri bat egiteko aukera egongo den.

4.- Irakasle bisitarien kontratuak, oro har, arduraldi osokoak izango dira, baina, salbuespen moduan, astean hiru eskola-ordu emateko kontratatu ahal izango dira, betiere, aldi berean jarduera zientifikoa betetzen ari badira ikerkuntzarako erakunderen batean, batez ere, UPV/EHUrekin lotura daukatenetan. Ikerketa-jarduera horien emaitzetan jasota ageri beharko da UPV/EHUko irakasle bisitaria dela.

12. artikulua.- Irakasle emerituak.

1.- UPV/EHUk irakasle emeritu gisa kontratatu ahal izango ditu irakasle erretiratuak, bai funtzionarioak, bai lan-kontratudun iraunkorrak, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Adina dela-eta nahitaez erretiratuta egotea.

b) Unibertsitate honetan zerbitzu nabarmenak bete izana gutxien dela hamar urtetan.

c) 75 urte baino gutxiago izatea.

d) Doktorea izatea eta gutxien dela hiru doktorego tesi zuzendu izana.

2.- Irakasle emerituak kontratatzeko prozedurari ofizioz emango zaio hasiera, beti. Irakasle emeritua kontratatzeko proposamena, oro har, sail batek egingo du, eta proposatutako irakasleak garatuko dituen ekintzen memoria eta haren curriculum vitaea erantsi beharko zaizkio proposamenari. Aparteko kasuetan, proposamena ikastegiko batzarrak egin dezake, baina horrelakoetan, batzarrak gehiengo osoz onartu beharko du proposamena.

Saileko kontseiluak eta ikastegiko batzarrak behin proposamena onartuta, proposamena eta gainontzeko agiri guztiak irakasleen arloan eskumena daukan errektoreordetzara bidaliko dira. Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak, emeritu izateko proposatu den pertsonak dituen merituak aztertu ondoren, proposamenaren aldeko edo kontrako iritzia emango du. Unibertsitateko Irakasleen Batzordearen txostena aurkakoa denean, batzorde horri eskuordetuko dio Gobernu-Kontseiluak erabakia hartzeko ahalmena, eta erabaki horren kontra berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio interesdunak Unibertsitateko Irakasleen Batzordeari hilabeteko epean, jakinarazpena egin deneko egunaren biharamunetik kontatzen hasita; bestela, zuzenean jarri ahal izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabetetako epean, egun beretik kontatzen hasita.

Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak proposamenaren aldeko txostena eman ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

proposatutako pertsonak merituen balorazioan gutxien dela 20 puntu lortzea (merituak erabaki honetako II. eranskinean zehaztutako baremoen arabera baloratuko dira).

3.- Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak aldeko iritzia eman badu, arloan eskumena daukan errektoreordetzak Gobernu-Kontseiluari igorriko dio proposamena, eta Gobernu-Kontseiluak erabakiko du egoki den erretiratutako irakaslea irakasle emeritu gisa kontratatzea. Gobernu-Kontseiluak hartutako erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio organo berari hilabeteko epean, jakinarazpena egin deneko egunaren biharamunetik kontatzen hasita; bestela, zuzenean jarri ahal izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabetetako epean, jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

4.- Irakasle emerituak arduraldi osorako edo partzialerako kontratatu ahal izango dira urtebeterako, eta epe bererako luzatu ahal izango da kontratua, baldin eta Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak aldeko iritzia ematen badu. Kontratua luzatzeko ez da beharrezkoa Gobernu-Kontseiluaren erabakirik.

Irakasle-kategoria honetako kontratuek hiru urtetako iraupena izango dute gehienez, nahiz eta kontratua bukatzean kontratu berri bat egiteko aukera egongo den. Edozelan ere, irakasle emerituen kontratuak amaituko dira irakasleek hirurogeita hamabost urte betetzen dituztenean. Nahiz eta kontratua bukatu, irakasle emerituaren izendapena betiko izango da, ohorezkoa baino izango ez den arren.

5.- Unibertsitateko lanpostuekin lotuta dauden plaza asistentzialak dauzkaten funtzionarioak edo irakasle kontratatu doktoreak irakasle emeritu izendatu ahal izateko beharrezkoa izango da Osakidetzako organo eskudunaren idatzia, adieraziko duena interesatuak ospitaleko azpiegiturak erabili ahal izango dituela irakasle emeritu gisa eskaintzeko zerbitzuak (55/2003 legeko 4.ª xedapen gehigarria).

6.- Ez da eskaririk onartuko ez bada UPV/EHUren erregistroan aurkeztu ikasturte bakoitzerako zehaztutako epearen barruan.

13. artikulua.- Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorreko 105. artikuluko 2 eta 3 ataletan xedatutakoaren ondorioz kontratatutako irakasleak.

1.- UPV/EHUk osasun erakundeekin daukan itunari jarraiki (2009ko urtarrilaren 9ko EHAA), unibertsitate honek irakasle elkartuak kontratatzeko deialdia egin dezake itunpeko osasun erakundeetako langile asistentzialekin bete behar diren plazak betetzeko, Medikuntzan eta beste titulazio batzuetan irakaskuntza praktikoa eman dezaten.

2.- Era berean, Osakidetzarekiko itun horri jarraituz UPV/EHUk lehiaketa egin dezake irakasle laguntzaile, irakasle elkartu edo irakasle atxikien plazak betetzeko deialdiaren aurreko hiru urteen barruan espezialista titulua eskuratu duten osasun arloko profesionalekin betetzeko.

3.- Bete beharreko baldintzetan zehaztutakoa gorabehera, artikulu honetan aipatutako irakasleak kontratatzeko erabiliko den prozedura eta baremo orokorrak arautegi honetan kasuan kasuko irakasle irudirako ezarrikoak izango da.

14. artikulua.- Lektoreak.

1.- UPV/EHUk lektoreak kontratatu ahal izango ditu Unibertsitateko Estatutuetako xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztutakoari jarraituz. Kontratu horiek bat etorriko dira UPV/EHUk, estatu espainiarrak edo erakunde espainiarrek lektoreen jatorrizko herrietako pareko erakundeekin sinatutako komenioekin.

2.- Irakasle lektorea kontratatzearen helburua da lehenengo eta bigarren zikloan, eta lektorea doktore izanez gero, hirugarren zikloan, ikastaroak ematea autonomia erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak eta haien literaturak irakasteko. Ikastaro horiek harrera unibertsitateko ohiko programetan jasota egongo dira eta irakasle lektoreari prestakuntza emango zaio hirugarren zikloko ikasketetan eta bestelako hobekuntza-programetan. Hori guztia, irakaskuntza hori babesten duten agintari akademikoen arteko komenioaren bidez egingo da, eta harrera ikastegiko baldintzak kontuan hartuta.

3.- Irakasle lektorea jakintza-arlo, sail eta ikastegi bati atxikita egongo da, eta irakasleen plantillakoa izango da ondorio guztietarako. Irakasle lektorea kontratatzeko beharrezkoa da komenioa sinatzea UPV/EHUren, estatu espainiarraren edo bestelako erakunde espainiarren eta lektoreen jatorrizko herrietako pareko erakundeen artean. Komenioa beren-beregi onartu behar du Gobernu-Kontseiluak, legezko txostena, txosten ekonomikoa eta eragindako arlo eta zerbitzu guztiena jaso ondoren. Komenio horrek bat etorri beharko du UPV/EHUko Gobernu-Kontseiluak onartutako oinarrizko komenioarekin.

Komenioaren iraupena gorabehera, irakasle lektorearen kontratua (lan-kontratuduna izango da) hiru urtetarako izango da, eta gehienez ere 5 urtetara arte luzatzeko aukera egongo da. Azken kontratua luzatu egin ahal izango da (gehienezko 5 urteak gaindituta) beste irakasle lektore bat kontratatzeko tramiteak egiten diren bitartean.

4.- Kontratu bakoitza bukatu baino lau hilabete lehenago, kasuan kasuko sail eta ikastegiak lektore horrek egindako lanari buruzko ebaluazio txostena egingo du, eta komenioa sinatu duen beste erakundeari igorriko zaio. Txosten hori aldekoa izan behar da lektorearen kontratua luzatu ahal izateko.

Txosten hori ez bada aldekoa, kontraturako ezarritako gehienezko iraupena agortu egin bada edo beste arrazoiren bategatik beste lektore bat kontratatu behar baldin bada, kasuan kasuko sail eta ikastegia komenioa sinatu duen beste erakundearekin jarriko da harremanetan beharrezko diren tramite guztiak egin eta beste lektore bat UPV/EHUra bidal dezaten. Lektorearen kontratua komenioan egongo da zehaztuta, baina dena dela, agiri horretan berariaz zehaztu beharko dira: kontratuaren iraupena eta izan ditzakeen luzapenak (kontratuaren iraupena arautegi honetan zehaztutakoarekin bat etorri beharko da), arduraldia, eskola orduak eta ordainsariak.

Arautegi hau sinatzen deneko egunean kontratatuta dauden lektoreen kontratuak kasuan kasuko komenioan jasotakoaren araberakoak izango dira, amaitu arte. Komenioan jasota ez dagoenerako, lektorearen araubide juridikoa irakasle laguntzaileari dagokiona izango da, diziplina-arautegiari, bateraezintasun-arautegiari eta abarrei dagokienean.

Eskatuko zaion gutxieneko titulazioa jatorrizko herrialdean lizentziatu, ingeniari, arkitekto edo baliokidea izango da, eta titulazio hori egiaztatzeko egoki diren agiriak aurkeztea eskatu ahal izango zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA.- Plaza huts bati dagokion irakaskuntza aldi baterako betetzen ari diren irakasleak, arduraldi osokoak.

Aldi baterako plaza baten bidez edo bitarteko lan-kontratuen bidez arduraldi osoko plaza hutsa betetzen ari diren irakasleek ikertzaile eta irakasleen eginkizunak betetzen jarraitu ahal izango dute plaza arauz bete arte edo amortizatu arte.

Plaza amortizatu egiten bada beste kategoria edo kidego bateko plaza bat sortzeko, atal honetan aipatutako irakasleek ikertzaile eta irakasleen eginkizunak betetzen jarraitu ahal izango dute plaza berria arauz bete arte edo amortizatu arte, betiere baldintzak betetzen badituzte plaza huts berria bitarteko irakasle kontratatu moduan betetzeko (plaza berriaren hizkuntza-eskakizuna, etab.).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Bitarteko irakasleek lan kontratudunen plaza hutsak betetzea.

1.- Oro har, bitarteko irakasle batek ezin izango du hiru urte baino gehiagoan bete plaza hutsa, epe horretan lehiaketa publikorako deirik egin gabe; bestela, amortizatu egin beharko da plaza.

2.- Plaza hutsa jadanik hiru urte baino gehiagoan bete izan bada lehiaketa publikorako deirik egin gabe, oro har aurtengo urtea amaitu baino lehen atera beharko da lehiaketa publikora edo, hala balegokio, amortizatu.

3.- Interesdunek egoki deritzen alegazioak egin ahal izango dituzte, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean, Unibertsitateko Irakasleen Batzordeari idatzia bidaliz.

4.- Aurreko ataletan esandakoa gorabehera, sailarekin eta plaza berri hutsean kontratatua dagoen pertsonarekin akordioa egin ahal izango da -sindikatuekin negoziatu ondoren eta plan gidariaren ildoen barruan betiere- plazaren lehiaketara aurkezteko baldintzak betetzearen inguruan. Kasu horretan irakasleak bi urte baino gehiago eman ahal izango ditu plaza hutsa behin-behinekoz betetzen, baina kasu bakoitzean adostu egin beharko da zenbat denbora, sailaren eta interesdunaren ezaugarrien arabera.

5.- Hala eta guztiz, egonkortasun akordioa zabaltzeko 2010eko otsailaren 18ko Akordioaren barruko pertsonei 2014.eko abenduaren 31 arte luzatuko zaie epea.

Bigarrena.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.4 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, interesdunei deialdien inguruko gorabeherak jakinarazteko erabiliko dira ekainaren 22ko 11/2007 Legean aurreikusitako bideak (herritarrak zerbitzu publikoez bide elektronikoez baliatzeari buruzko legea, 27.6 eta 28. artikulua). Horretarako, lehiakideek ezinbestean eman beharko dute helbide elektroniko bat eskarian.

Hala eta guztiz ere, pertsona interesatuek informazio osagarria eskuratu ahal izango dute pertsonal irakasle eta ikertzaileen zerbitzuko deialdi eta lehiaketen atalean.

Hirugarrena.- Laguntzaileen, irakasle elkartuen, irakasle atxikien eta irakasle lankideen plazak betetzeko xedez deitutako lehiaketetan ezarriko diren irizpide zehatzak erabaki honetako III., IV., V. eta VI. eranskinetan daude jasota.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egingo dira Gobernu Kontseiluak 2008ko maiatzaren 8an onartutako aldi baterako irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko arautegia (2008ko uztailaren 16ko EHAA) eta arautegi honen maila bera edo txikiagoa daukaten unibertsitateko gainontzeko arauak, baldin eta ez badatoz bat arautegi honetan xedatutakoarekin.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA

LAGUNTZAILEAK, IRAKASLE ELKARTUAK ETA IRAKASLE ATXIKIAK KONTRATATZEKO LEHIAKETETARAKO BAREMO OROKORRAK

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

IRAKASLE EMERITUAK KONTRATATZEKO BAREMOA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

LAGUNTZAILEEN LEHIAKETETAKO BAREMAZIORAKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

IRAKASLE ELKARTUEN LEHIAKETETAKO BAREMAZIORAKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

IRAKASLE ATXIKIEN LEHIAKETETAKO BAREMAZIORAKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA

IRAKASLE LANKIDEEN LEHIAKETETAKO BAREMAZIORAKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala