Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
2857

85/2011 DEKRETUA, maiatzaren 3koa, zeinen bidez Itsasmendikoi SA Sozietate Publikoari esleitzen baitzaizkio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako Bermeoko (Bizkaia) Nautika Arrantzako Lanbide Eskolan eskaintzen den nautika-arrantzako heziketa-zerbitzuaren kudeaketa eta horretarako beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 2. xedapen iragankorrean ezarritako Bitariko Batzordeak, 2010eko urriaren 28an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen Itsasoko Gizarte Institutuak hezkuntzaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren arloetan dituen eginkizun eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea.

Erabaki hori onartu zen Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioaren azaroaren 5eko 1442/2010 Errege Dekretuaren bidez (EAOn argitaratua, 277. zenbakian, azaroaren 16an) eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren azaroaren 9ko 288/2010 Dekretuaren bitartez (EHAAn argitaratua, 220. zenbakian, azaroaren 16an).

Eusko Jaurlaritzaren 288/2010 Dekretuak, 2. artikuluan, xedatzen du eskualdatutako eginkizunak arlo horretan eskudun diren sailen esku geratuko direla. Erabakian adostutakoaren arabera, bi arlotako eginkizunak eskualdatuko dira: hezkuntza-arlokoak, batetik, eta lan-legedia betetzearen eta, bereziki, laneko bitartekotzaren, enplegua sustatu eta babestearen eta enplegurako lanbide-heziketaren arlokoak.

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail horien eginkizunak eta jarduera-eremuak finkatzen dituena) ezarritako eskumenen banaketaren arabera, ez dira Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskumenekoak lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko aukera eskaintzen duen lanbide-heziketa ematea, ez eta laneko bitartekotza eta enplegua sustatu eta babestea ere (Erabakiko B letra, 1., 2.1 eta 2.2 paragrafoak).

Beraz, eskualdatuko diren zerbitzu eta eginkizunen artean, sail horren eskumenekoa izango da itsasoko langileentzako enplegurako lanbide-heziketa. Eginkizun horiek egin ahal izateko, eta eginkizunok eraginkor izan daitezen, Bermeoko Nautika-Arrantzako Lanbide Eskola eta eskolaren lurralde-eremuko instalazioak ere eskualdatuko dira. Instalazioak Erabakiko 1. zerrendan zehaztu dira (B letra, 2.3 paragrafoa eta 3. paragrafoa).

E) letran ondasun higiezinak eta eskubideak eskualdatu dira -1. zerrendako inbentario xehatuan zerrendatutakoak-, bai eta haietan dagoen guztia ere, inolako ondasun-motarik kanpo utzi gabe. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu ondasun higiezin horien gaineko eskubide eta eskumen oro, salbu ondasunen titulartasuna. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia izango da haien titular, aurrerantzean ere.

Azkenik, F) letran eta letra horretako 2. zerrendan zehaztu da zein funtzionario eta lan-kontratudun dauden eskualdatu diren zerbitzuei atxikita.

Lehenago, eta orduan ere Eskualdatzeen Bitariko Batzordearen Erabakiz, Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren zerbitzuak, instituzioak, ondasunak, eskubideak eta betebeharrak, bai eta nautika-arrantzako irakaskuntza-zerbitzuari atxikitako langileak ere, honako bi dekretu hauetan ezarritako baldintzetan: 3391/1981 Errege Dekretuan, abenduaren 29koan (urtarrilaren 28ko BOE) eta 11/1982 Dekretuan, otsailaren 1ekoan (EHAA, 19. zk., otsailaren 13koa). Erabaki horretako B) letrako zerrenda luzea laburbilduz, aipatutako eginkizunen artean nabarmentzekoak dira honako hauek: nautika-arrantza eskoletako langileen beharren aurreikuspenak egin eta onartzea; institutu politeknikoak, zentroak eta eskolak sortu, eraldatu, zabaldu, sailkatu eta kentzea; ikasketa-planak, programak eta pedagogia-orientazioak egin eta onartzea, bai erregimen arruntekoak bai esperimentalak; eskualdatutako eskola eta zerbitzuei atxikitako irakasleen eta irakasle ez diren langileen izendapena, lekualdaketa, sustapena, hobekuntza eta mugikortasuna, eta nautika-arrantza eskoletako araubide juridikoa eta administratiboa erabakitzea; eta abar.

Nautika-arrantzako heziketa emateko eskumena Arrantza eta Elikagaien Industriako Sailburuordetzari esleitu zaio, abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak 18. artikuluan xedatutakoaren arabera (Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, abenduaren 30eko EHAAn, 250. zenbakian, argitaratua, abenduaren 30ean). Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak izango du eskumena nautika-arrantzako heziketa antolatu eta kudeatzeko, bai eta nautika eta jolas-ontzietarako tituluak eta irakaskuntza antolatu eta kudeatzeko ere (19. artikuluko p eta q idatz-zatiak).

Gaur egun, Itsasmendikoi SA sozietate publikoak ematen du nautika-arrantzako heziketa, azaroaren 28ko 249/2006 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (EHAA, 242. zk., abenduaren 21ekoa). Dekretu horren bidez esleitu zitzaion aipatutako zerbitzuaren kudeaketa. Nekazaritzako heziketa-zerbitzua ere kudeatzen du, ekainaren 24ko 154/1997 Dekretuan egindako esleipenari jarraikiz (EHAA, 123. zk., ekainaren 30ekoa).

«Itsasmendikoi SA» sozietate publikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-heziketa, sustapen eta garapenerako zentro integrala da, eta funtsezko helburu hauek ditu: batetik, Euskadiko lehen sektorea modernizatu eta profesionalizatzea, belaunaldi berriek zaharrak ordezkatuko dituztela bermatuz; eta, bestetik, lurrralde-oreka ezartzea, landatarren bizi-baldintzak hiritarrenen pareko izan daitezen, biztanleak finkatzea eta kulturari nahiz tradizioei eustea bultzatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren tresna propio eta zerbitzu teknikoa da, eta hala dago onartuta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legeko 24.6 artikuluan.

Dekretu honi buruzko txostena egin dute honako hauek: Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak, Berrikuntza eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzak eta Ekonomia eta Araugintza Kontrolatzeko Bulegoaren Zuzendaritzak. Lan Harremanen Zuzendaritzak txosten horren berri eman du, eta txostenaren kopia bat bidali die ordezkari sindikalei, Langileen Estatutuko 44. artikuluan xedatutakoa betetze aldera.

Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko maiatzaren 3ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Itsasoko Gizarte Institutuak Bermeoko Nautika Arrantzako Lanbide Eskolan eskaintzen duen nautika-arrantzako heziketa-zerbitzuaren kudeaketa Itsasmendikoi S.A. Sozietate publikoari esleitzen zaio. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak izango du eskumena nautika-arrantzako heziketa antolatzeko, abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak 19.p) artikuluan egindako esleipenari jarraikiz.

2. artikulua.- 1.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, dagokion inbentarioa egin eta gero, Itsasmendikoi SA sozietate publikoaren eskura jarriko ditu Dekretu honen I. eranskinean zerrendatutako ondasun higiezinak eta eskubideak, eta zerbitzuari atxikitako ondasun higigarriak, erabil ditzan, zerbitzuaren esleipenak iraun bitartean.

2.- Aipatutako ondasunak Itsasmendikoi SA sozietate publikoaren esku jartzea formalizatzeko, bi emate-akta sinatuko dira: «ondasun higiezinak emateko akta» eta «ondasun higigarriak emateko akta». Aktok Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren titularrak eta sozietatearen ordezkariak sinatuko dituzte. Aipatutako aktetan ondasunen zerrenda zehaztua jasoko da, eta aktak Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzarekin koordinazioan egingo dira. Aktak sinatu eta gero, haien kopia bat bidaliko da Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzara, Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jasota gera daitezen.

3.- Eraginpean dauden ondasun higiezinak Itsasoko Gizarte Institutuaren esku utziko dira (I. eranskinean jaso dira), eta haien titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen ez zaion bitartean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ondarearen zati direla joko da.

3. artikulua.- 1.- Itsasmendikoi SA sozietate publikoak betebehar izango du instalazioak, ekipoak eta ondasun higiezinak baldintza onetan izatea, eta horretarako beharrezko diren obrak egitea.

2.- Itsasmendikoi SA sozietate publikoak behar bezala zainduko ditu ondasun eta elementu higigarriak, eta halakorik galtzen, hondatzen edo zaharkitzen bada, beste batzuk jarri beharko ditu haien tokian.

3.- Baldin Administrazioaren jabetzakoak diren eta Itsasmendikoi SA sozietate publikoaren eskura jarri diren ondasunak aurrerantzean zerbitzua emateko ez direla beharrezkoak jotzen bada, edo erabiltzen ez badira, ondasun horien jabetza Administrazioari itzuliko zaio, indarrean den legedian ezarritako prozeduraren arabera.

4. artikulua.- 1.- Itsasmendikoi SA sozietate publikoak bere kargu utziko diren eginkizunak egiteko beharrezko diren instalazioak susta eta eraiki ditzake, eta lehendik zeuden eta bere eskura jarri diren instalazioak egokitu ere egin ditzake.

2.- Instalazioen oinarrizko egituran edo instalazioen segurtasunean eragina duten obra-proiektuak gauzatzeko zorrozki bete beharko da arlo horretan aplikagarri den araudia, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak onartu beharko ditu obra-proiektu horiek, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren eskumenen kalterik gabe.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabari publikoko lurzoruaren gainean egingo diren eraikuntza berriak Administrazio Orokor horren ondarean sartuko dira. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarearen zati izango dira artikulu honetako lehen paragrafoan aipatutako instalazioak eraiki, egokitu, aldatu edo hobetzeko obrak, baldin Euskal Autonomia Erkidegoaren jabetzako ondasunen gainean egiten badira. Nolanahi ere, baimena lortu beharko da halakoak egiteko, mantentze edo zaintze-obrak baino gehiago direnean. Obrak bukatzen direnean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak horren berri emango dio Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorra egunera dezan.

4.- Sozietatearen kontratazioa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legeak, urriaren 30ekoak, xedatutakoa betez egingo da, Lege horretan ezarritako kasuetan eta baldintzetan.

5. artikulua.- 1.- Bermeoko Nautika Arrantzako Lanbide Eskolako nautika-arrantzako heziketa-zerbitzuari atxikitako funtzionarioei -zehazki, Dekretu honen eraginpean daudenei- aplikagarri izango zaizkie Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak III. tituluko IV. kapituluko 3. atalean legez ezarritako zehaztapenak (lege horren zati bat aldatu zuten azaroaren 7ko 16/1997 Legeak eta otsailaren 18ko 4/2005 Legeak).

2.- Bermeoko Nautika Arrantzako Lanbide Eskolako nautika-arrantzako heziketa-zerbitzuari atxikitako lan-kontradugun langileei -zehazki, Dekretu honen eraginpean daudenei- aplikagarri izango zaie 1/1995 Errege Dekretuak, martxoaren 24koak, 44. artikuluan xedatutakoa (Errege Dekretu horren bitartez onartu zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina).

3.- Bermeoko Nautika Arrantzako Lanbide Eskolako nautika-arrantzako heziketa-zerbitzuari atxikitako langileak -Dekretu honen eraginpean daudenak- II. eranskinean ageri dira, izen eta guzti.

6. artikulua.- 1.- Baldin Itsasmendikoi SA sozietate publikoa kaudimen ezean erortzen bada, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate publiko izateari uzten badio ere, nautika-arrantzako heziketa-zerbitzuaren kudeaketa Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari itzuliko zaio, zuzenean.

2.- Zerbitzua sailaren eskuetara itzultzeak honako ondorio hauek ekarriko ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen esku jarritako ondasun eta eskubideak berreskuratzea.

b) Sailaren eskuetara itzultzeko unean nautika-arrantzako heziketa-zerbitzuan lanean diharduten lan-kontratudun langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan sartzea, indarrean den lan-araudian ezarritako baldintzetan.

c) Sozietate publiko izateari uzten badio, Itsasmendikoi SA sozietateak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari entregatuko dizkio bere jabetzako ondasun eta eskubideetatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak zerbitzurako beharrezko jotzen dituenak.

d) Kaudimen eza gertatuz gero, haren jabetzakoak diren ondasun eta eskubideekin zer egin erabakitzeko, konkurtso-espedientean jarraitutako hitzarmena onartzeko epaian epaileak erabaki duenari men egin beharko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Dekretu hau indarrean izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Hala ere, Itsasoko Gizarte Institutuak Bermeoko Nautika Arrantzako Lanbide Eskolan eskaintzen duen nautika-arrantzako heziketa-zerbitzua kudeatzeko ardura Itsasmendikoi SA sozietate publikoari esleitzea 2011ko uztailaren1etik aurrera izango da indarrean

Bigarrena.- Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 109. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horren kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, nahi izanez gero, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Edo, bestela, zuzenean aurka egin dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean; horretarako, bi hileko epea izango da, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoaren ebazpen espresua eman arte edo presuntziozko ezespena gertatu arte, baldin halakorik aurkeztu bada. Halaber, baldin berraztertzeko errekurtsoa presuntzioz ezesten bada, errekurtso jurisdikzionala jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko egintza gertatzen den egunaren biharamunetik aurrera. Eta, hori guztia, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluan eta azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. artikuluan xedatutakoa betez.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko maiatzaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

I. ERANSKINA, MAIATZAREN 3KO 85/2011 DEKRETUARENA;

ONDASUN HIGIEZINEN INBENTARIOA

(Ikus .PDF)

II.- LAN-KONTRATUDUN LANGILEAK

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala