Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2851

EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 11koa, HABEren zuzendari nagusiarena, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2011ko urtarriletik irailera bitarteko diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dituena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduak alfabetatzen eta euskalduntzen lan egiteagatik, horretarako HABEren zuzendari nagusiak, ikasturte akademiko bakoitzean, diru-laguntzaen deialdiak egingo dituelarik.

HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak arautzen ditu HABEk, bere baliabideen arabera, ikasturtero ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek euskara-ikastaroak emateko bete behar dituzten baldintza akademikoak eta HABErekiko harremanetan aintzat hartu beharrekoak.

Udal euskaltegien finantzaketarako 2011rako Aurrekontu Orokorretan aurreikusten ziren diru-kopuruetako murrizketa kontuan izanda, eta ondorioz, ezin izango zela 2010-2011 ikasturterako deialdia garaiz egin, Eusko Jaurlaritzak Akordioa onartu zuen 2010eko abenduaren 28ko dataz. Akordio horren bitartez, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2010 urteko urri-abendua epealdirako diru-laguntza zuzena ematea onartu zuen, guztira 3.298.056,97 euroko kopuruarekin.

Dekretu eta Ebazpen horiei jarraiki, orain bidezkoa da 2010-2011 ikasturteko bigarren zatirako finantzazio moduluak ezartzea, honen bidez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, hau da, udal euskaltegi deituei, dagozkienak finkatuz.

Horregatik, eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidan eskumenez, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Helburua.

1.- Ebazpen honen bitartez, udal euskaltegiek 2010-2011 ikasturtean (2011ko urtarril-iraila) emandako ikastaroen finantzaziorako laguntzak arautuko dira.

2.- Laguntzarako eman daitezen kopuruak HABEk bere aurrekontuetan horretarako dituen fondoetatik emango dira, hau da, 8.614.000 euro, dirutza hori izango delarik aurreikusitako laguntza guztien gehienezko muga jarriko duena.

3.- Dirutza hori eskatutako finantzazio behar guztiei erantzuteko aski ez balitz, diru-laguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezartzen diren irizpideei jarraiki jaso beharko lituzketen kopuruak kontuan izanda.

2. artikulua.- Onuradunak.

1.- Ebazpen honen bidez deitutako diru-laguntzen onuradunak euskaltegi publikoak izango dira, HABEren Erregistroan horrela sailkatutakoak.

2.- Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak ezartzen dituen HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak araututakoa betetzea.

3.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratiboa dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenean xedatutakoaren arabera.

4.- Diru-laguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

3. artikulua.- Kopuruak mugatzeko irizpideak.

Honako era honetan kalkulatuko da HABEk onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza:

1.- HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko behar diren irakasleak babestuko dizkio HABEk euskaltegi bakoitzari, dagokion zuzendari, idazkari akademiko eta bulegoko pertsonalaz gain.

Irakasle-beharrak benetan hasitako talde eta autoikaskuntzako ikasleen arabera erabakiko dira, ikasturte osoko proiekzioa eginda.

Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea irakasle erdia izango da, horretatik hurbilenekora mugatuz, bai gora edo behera.

2.- Hala ere, euskaltegiak kontratu finkoz aurreko puntuaren arabera beharrezkoak direnak baino irakasle gehiago baditu, aukera izango du halako euskaltegiaren titularrak, salbuespenez, azken ikasturteetan erabili eta jarraian zehazten diren irizpideen araberako dirulaguntza eskaera egiteko.

2.1.- 2000-2001 ikasturtean HABEk onartutako plantilako pertsonala izango da irakasleen gehienezko muga, eta onartutako plantila horretan dauden finkoak bakarrik babestuko ditu HABEk.

Horiez gain, salbuespen-egoera eskatu aurreko ikasturtetik leudekeen ordezko kontratuak ere aintzat hartuko dira.

Irakasle hauez gain, 2000-2001 ikasturtean onartutako kargu didaktikoak (zuzendari edo idazkari akademikoa) eta administrari edo administrari laguntzaileak onartuko dira gehienez.

2.2.- Diru-laguntza aukera honetaz baliatu ahal izateko, hala nahi duenak, bere pertsonala euskaltegiaren eskola-beharretara egokitzeko hartuko dituen neurrien plangintza aurkeztu beharko dio HABEren zuzendari nagusiari, honek onar dezan. Egokitzapen horretarako, gehienera ere, 5 ikasturteko epea izango du euskaltegi bakoitzak, lehena 2009-2010a izango delarik. Plangintza hau jasotzen duen txostena ikasturteko eskariarekin batera helaraziko zaio HABEren zuzendari nagusiari.

3.- Langileen kostuak kalkulatzeko, 2010erako UDALHITZek aitortutako soldata gordinari dagozkion kopuruak bakarrik hartuko dira kontuan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duen ekainaren 24ko 3/2010 Legearen 4. xedapen gehigarriak arautu bezala egokituta.

4. artikulua.- Eskariak.

1.- Eskariak HABEren zuzendari nagusiari luzatuko zaizkio Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita berezko hamabost eguneko epean.

2.- I. eranskineko inprimakia behar bezala betea ekarriko du eskatzaileak. Bertan 2010/2011 ikasturtean ikasleek ordaindu beharreko matrikula saria eta euskaltegiak emango dituen aurrez-aurreko eskola-orduak eta autoikaskuntzarako matrikula kopurua zehaztuko dira. Eskola-ordu eta matrikula hauek bat etorri beharko dute 2010/2011 ikasturterako benetan hasitako ikastalde eta ikasleen arabera aurreikusten diren guztirako aurrez-aurreko orduekin eta autoikaskuntza matrikulekin.

Eskari honetan HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroak soilik hartuko dira aintzat.

3.- Halaber, euskaltegiko langileria osoaren informazio zehatza helaraziko du.

4.- Euskaltegiaren 2010 urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruz Euskaltegiaren legezko ordezkariak sinatutako egiaztagiria erantsiko da, izan dituen benetako sarrerak eta gastuak zehaztuz.

5.- Ebazpen honen 3. artikuluaren 2. puntuan zehaztutako aukera baliatu nahi dutenek, bere pertsonala eskola-beharretara doitzeko plangintza biltzen duen txostena gehituko dute, 3.2.2 puntuan zehazten den bezala.

6.- Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan eta garbi adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela. Horretarako, ebazpen bat emango da aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan jasotako baldintzetan.

5. artikulua.- Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.- Diru-laguntzen inguruko ebazpena.

1.- HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari onartzen zaion pertsonala eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaizkio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 7. artikuluak dioenaren arabera.

2.- Ebazpena 2011ko uztailaren 31 baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.- Interesatu bakoitzari ebazpena jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.

7. artikulua.- Diru-laguntzaren kitapena.

Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatu ahal izango da. Zentzu horretan, HABEren zuzendari nagusiak kitapen ebazpena egingo du, datu errealen eta 3. artikuluan finkatutako irizpideen arabera emandako laguntza-kopuruak doituz.

Euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoa baliatuz euskaltegiak HABEra dagozkion epeetan bidaltzen dituen datuak izango dira 2010-2011 ikasturteko jardueraren oinarri, euskaltegiari onartutako irakasle ez-finkoengatiko diru-laguntza doitzeko.

8. artikulua.- Onuradunaren eginbeharrak.

Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Diru-laguntza eman den helburu jakin hartako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoaren Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituen eginbeharrak betetzeko eska dezakeen informazio oro ematea.

9. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak honako epe eta era hauetan ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren ebazpena hartzean, esleitutako laguntzaren % 75a ordainduko da.

b) Ikasturtearen dokumentazio frogagarriak jaso eta gero, dagozkion egiaztapenak egin eta diru-laguntzaren kitapena burutu ondoren, ordainduko da geratzen den kopurua, kasu bakoitzean dagokiona.

Dokumentazio frogagarria diru-laguntzaren kontura aurreratuko kopurua estaltzeko adinakoa ez bada, onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritako prozedurari jarraiki. Horretarako epea hilabetekoa izango da, HABEk jakinarazpena egiten duenetik hasita. Ordainketa edo itzulketa hori emandako diru-laguntzaren behin betiko kitapena izango da.

10. artikulua.- Laguntzen bateragarritasuna.

1.- Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gain-finantzazioa gertatzen ez bada.

2.- Gain-finantziazioa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.- Gain-finantziazio hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

11. artikulua.- Zuriketa.

1.- Udal euskaltegiek jasotako diru-laguntzen zuriketa beren langileen soldata gastu gordinei buruz Euskaltegiaren legezko ordezkariak luzatutako egiaztagiriaren bitartez egingo da.

Gastuak ez zuritzeak diru-laguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, horrez gainera, kasu honetan, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/91 Dekretuaren arabera.

2.- 2011ko urriaren 14a izango da aipatutako egiaztagiria HABEri aurkezteko azken eguna.

12. artikulua.- Hutsegiteei eta ez betetzeei buruzko arauak.

Edozein kasutan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak aurreikusten dituen hutsegite eta arau hausteen arauen menpe daude deialdi honetako onuradunak.

Ez betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskadiko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2005eko uztailaren 27ko HABEren Zuzendari Nagusiaren Ebazpenaren 5. artikulua, HABEk deialdiz eskaintzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko euskaltegi publiko zein pribatuek, auto-ikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak ezartzen dituena, era honetan idatzita geratzen da 2010-2011 ikasturterako:

1.- Euskaltegiak, ikastaro bakoitzaren hasieran, honako eskakizun hauek bete beharko ditu, taldeko gutxieneko ikasle-kopuruari eta gehienezkoari dagokienez, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera:

Biztanle-kopurua taldeko gutxienekoa taldeko gehienekoa

<=5.000 6 18

5.001-10.000 7 18

10.001-25.000 8 18

>25.000 9 18

2.- Barnetegi erako ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.

3.- Printzipioz HABEk ez du finantzatuko ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez den talderik. Era honetako eskariei, autoikaskuntzako ikastaroen eskaintza egin dakieke.

Hala ere, salbuespenez, HABEren zuzendariak onar ditzake gutxieneko ikasle-kopurura heltzen ez diren taldeak, baldin eta dagozkien ikastaroak antolatzen badira berariazko euskalduntze beharrei erantzuteko, hizkuntza-helburu zehatzak lortzeko edota elbarritasunik duten pertsonen beharrei ekiteko.

4.- Euskaltegiak talderen batean gehieneko kopurua baino ikasle gehiago izango duela aurreikusten badu, horretarako baimena eskatu beharko dio HABEren zuzendari nagusiari eskolak hasi baino lehen edota ikasleen mugimenduek eraginda gehieneko kopuru hori gaindi daitekeenean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honetan araututako diru-laguntzen zenbatekoa, soldata-kostuak ere barnean hartzen dituena, sektore publikoko kategoria baliokideko langileen lansarietan egindakoaren pareko gutxitzea aplikatzeko doitu da, honako legearen laugarren xedapen gehigarriak ezartzen duena betez: 3/2010 Legea, ekainaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duena (2010-07-05eko EHAA, 127. zk.).

Bigarrena.- Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritakoa erabiliko da.

Hirugarrena.- Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete HABEko lehendakariari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.-Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra.

Donostia-San Sebastián, 2011ko maiatzaren 11.

HABEren zuzendari nagusia,

IÑAKI URIBE BURGOA.

I ERANSKINA / ANEXO I

HABEren zuzendari nagusia:

Ilmo.Sr. Director General de HABE:

jaunak/andreak ENA duenak, eta HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen erregistroan. ......zenbakiarekin inskribatua dagoen. (*) euskaltegi publikoa ordezkatzeko behar den lege ahalmenarekin,

Por la presente D./Dña.

con DNI n.º ,teniendo poder suficiente para representar al euskaltegi público (*) inscrito en el Registro de euskaltegis y de centros de autoaprendizaje de euskera de HABE con n.º

ESKATZEN DU SOLICITA:

Onar dakizkiola, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2010/2011 ikasturteko 2011ren urtarriletik iraila bitarteko diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dituen HABEren zuzendari nagusiaren 2011ko maiatzaren 11ko Ebazpenak araututakoari jarraiki egin duen eskaria eta aurkeztu dituen gainerako agiriak.

Sea tenida en consideración la instancia de solicitud, y el resto de la documentación presentada, en orden a optar a las subvenciones contempladas en la Resolución del Director General de HABE, de 11 de mayo de 2011, por la que se establecen las condiciones para la concesión de subvenciones a los euskaltegis de los ayuntamientos o de las entidades de ellos dependientes, euskaltegis públicos de titularidad municipal, para entre los meses enero y septiembre del curso 2010/2011.

Aurkeztutako agiriak: Documentación presentada:

- Udal euskaltegiko lanpostuen zerrenda nominala.

- 2010 urteko behin betiko sarrera eta gastuei buruzko egiaztagiria. - Relación nominal de Puestos de Trabajo del Euskaltegi.

- Certificado de los ingresos y gastos totales del año 2010.

ADIERAZTEN DU:

1.- 2010-2011 ikasturtean ......... aurrez-aurreko eskola-ordu eta ........ autoikaskuntzako matrikula izango dituela.

2.- Eskola horiek eman ahal izateko ... dozente behar dituela (zuzendaria/idazkari didaktikoa barne).

3.- Ikasle eta orduko matrikula tasa........ eurokoa izango dela. COMUNICA:

1.- Que en el curso 2010-2011 prevé impartir ........ horas en cursos presenciales y tener ... matrículas autoaprendizaje.

2.- Que precisa de ... docentes (incluídos director/secretario académico) para atender dichas clases.

3.- Que el precio de matrícula por hora/alumno es de...... euros.

(Lekua, data, sinadura eta euskaltegiaren zigilua)

(Lugar, fecha, firma y sello del euskaltegi)

* EUSKALTEGIEN ERREGISTROko izena erabili * el nombre que figura en el REGISTRO DE EUSKALTEGIS

OHARRA: ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratiboa dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenean xedatutakoaren arabera. OBSERVACION: no podrán acceder a las ayudas previstas en esta convocatoria quienes estén sancionados administrativamente con la pérdida de la posibilidad de obtención de ayudas públicas, o quienes se hallen incursos en prohibición legal que les inhabilite para ello, con inclusión de las que se hayan producido por discriminación de sexo de conformidad con lo dispuesto en la Disposición Final sexta de la Ley 4/2005, de 18 de febrero, para la Igualdad de Mujeres y Hombres.


Azterketa dokumentala