Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2850

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 12koa, Kulturako sailburuarena, antzerki-produkziorako 2011. urtean laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak ezartzen duenez, Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, izaera profesionala duten antzerki-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Horretarako, diru-laguntzak emango zaizkie antzerki-talde profesionalei egiten dituzten antzezlanen produkzioa ahalbidetzen duten prozesu desberdinak finantzatzeko. Neurri horren bitartez, euskal antzerki-taldeen sorkuntza-lana bultzatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, talde horien ahalegina aitortzeaz gain, beren lanak beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukerak eskaini, beren finantzabideak ugaritu daitezen.

Ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu horren bitartez, 2011ko urtealdian burutuko edo hasiko diren antzerki-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko araubidea ezarriko da.

2. artikulua.- Modalitateak eta diru-baliabideak.

1.- Diru-laguntza horietarako, guztira, zortziehun eta hogeita zortzi mila bostehun (828.500) euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako eran.

2.- Zenbateko globala honela banatuko da deialdi honetako modalitateen artean:

a) Hogeita hamazazpi mila (37.000) euro, antzerki-talde sortu berrien produkzioak egiteko.

b) Berrehun eta hogeita hamabost mila eta bostehun 235.500) euro, produkzioetarako.

c) Ehun mila (100.000) euro, hitzartutako zirkuituetako produkzioak egiteko.

d) Laurehun eta berrogeita hamasei mila (456.000) euro, finkatutako antzerki-taldeen jardunetarako.

3.- Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako proiektuen kalitatea eskasa delako, modalitateetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak, arrazoiak emanez, beste modalitaterako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzea proposatuko du, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago.

4.- Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.

5.- Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango. Muga hori ez da aplikatuko baldin eta diruz lagundutako proiektuetako bat hitzartutako zirkuituetako produkzioen modalitatekoa bada.

3. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.- Agindu honetan modalitate bakoitzerako ezartzen diren bestelako berariazko eskakizunez gain, laguntza hauek eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da baldintza hauek betetzea: pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izatea eta Europar Batasuneko estatu kide batean ezarrita egotea; behin diru-laguntza emanez gero establezimendu egonkor bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan eta alta hartuta ematea jarduera ekonomikoen zergako antzerki-jardueretarako epigrafean. Eta pertsona juridikoen kasuan, estatutuetan haien helburu edo xede sozial gisa antzerki-jarduerak garatzea izatea.

2.- Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legeko 21. artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.

3.- Kultura-elkarte edo fundazioaren izaera juridikoa duten eskatzaileek ezingo dituzte jaso diru-laguntza hauek.

4.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5.- Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ere ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00) baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

6.- Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

4. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

5. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2.- Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera, Kultura Saileko dagokion lurralde zerbitzuan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.- Eskabidea, eskatutako eranskinekin batera, eskura daiteke baita ere Eusko jaurlaritzako Kultura saileko Kultura sustatzeko Zuzendaritzaren web orrian.

6. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

7. artikulua.- Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.- Balorazio Batzordea.

1.- Modalitate honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

- Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona bat.

- Bokalak: Gutxienez 6 kide eta gehienez 8, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak, agindu honetako xedean aditu diren pertsonen, programatzaileen eta arte eszenikoekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide elkarteen ordezkarien artean.

- Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.- Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

3.- Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.- Eskaria egin duten pertsona edo erakunde guztiek izango dute aukera, hala eskatzen badute, beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko (XI. eranskina). Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.

5.- Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

9. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, eta interesdunei jakinarazi, Balorazio Batzordeen proposamena ikusita, sei hilabeteko epean deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.- Proposamen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera horietako bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da.

3.- Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

10. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

11. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

12. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Deialdi honetako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 51 diruz lagundutako jarduerari dagozkion lanak hastean. Onuradunak aldez aurretik jakinarazi beharko du, berariaz, noiz hasiko diren aipatutako lanok.

b) Diru-laguntzaren beste % 39, lehenengo ordainketan emandako diruari dagozkion gastuak (% 51) justifikatu ondoren eta, betiere, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera.

c) Diru-laguntzaren gainerako % 10a, diru-laguntza osoa hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.

13. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Antzezlanak estreinatu direla justifikatzeko, kontratatzaileak egindako egiaztagiria, kontratua bera edo leihatilako orria.

c) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

- Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

- Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

- Kultura Sailak emandako diru-laguntza.

d) Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina guztiak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda, XII. eranskineko ereduari jarraituta.

d.1.- Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

d.2.- Antzerki-talde sortu berrien produkzioak gauzatzeko eta produkzioetarako modalitateei egotzitako zeharkako kostuak ez du gaindituko, orotara, diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren % 25. Zeharkako kostuen artean sartzen dira bai onuradunak garatzen dituen jarduerei egotzitako aldagaiak, bai jarduera zehatz bai ezin egotzitakoak izanik ere jarduera burutzeko beharrezko diren egitura-kostuak ere.

e) Diru-laguntza jaso duen jarduerak sorturiko gastuen ziurtagiriak, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren kopuru osoaren adinakoak. Dokumentu jatorrizkoak edo kulturako lurralde-zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak izan daitezke.

e.1.- Salbuespenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kargurako finantzaketak ez badu eskatu den diru-kopuruaren % 100 estaltzen, honako formula honen araberako zenbatekoaren justifikagiriak aurkeztuko dira:

Justifikatu beharreko kopurua: Emandako laguntza X Aurrekontua

Eskatutako laguntza

e.2.- Justifikatu beharreko kopurua ezingo da izan aurkeztutako gastuen aurrekontuaren % 70 baino txikiagoa, betiere laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua ez bada iristen 250.000 euroraino. Azken kasu horretan, justifikatu beharreko kopurua aurreko zenbateko horri dagokiona izango da.

e.3.- Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

f) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

14. artikulua.- Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada- edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

15. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

II. KAPITULUA

ANTZERKI-TALDE SORTU BERRIEN PRODUKZIOETARAKO LAGUNTZAK

16. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Antzerki-talde sortu berriek egindako produkzioak finantzatzeko dira laguntza hauek, betiere produkzio horiek Euskal Autonomia Erkidegoan 2011. urtean garatzen edo hasten badira eta horien estreinaldia 2011ko urtarrilaren 1a eta 2012ko abenduaren 31 bitartean egiten bada.

17. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunak.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluko baldintzak betetzeaz gain, antzerki produkzioaren arloan hiru urteko ibilbidea baino gehiago ezingo dute izan.

Helburu horretarako, ez da antzerki-talde sortu berria kontsideratuko aurretik dagoen konpainia baten zuzenbidezko nahiz izatezko ondorengoa denean.

18. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

Antzerki-talde sortu berrien produkzioak finantzatzeko diru-laguntzetarako, hogeita hamazazpi mila euro (37.000) erabiliko dira.

2.- Antzerki-talde sortu berrien produkzioetarako laguntzek proiektu edo jarduera bakoitzaren aurrekontu garbiaren (zergarik gabe) % 49 estali ahal izango dute, gehienez.

3.- Laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea izan beharko du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko produktore eskatzailearen parte-hartzearen % 49a.

4.- Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.

19. artikulua.- Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.- Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: testua, dramaturgia, proposamen eszenikoa, eta inplikatutako ekipo artistiko eta teknikoak (Guztizko puntuazioaren % 50).

b) Pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea (guztizko puntuazioaren % 25). Koprodukzioak direnean beste produktoreen ibilbideak ere hartuko dira kontuan, beti ere ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea gainditzen badute.

c) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Bereziki hartuko da kontuan aurrekontuaren egokitasuna, erabiliko diren enpresa-baliabideak, proiektuaren kalitatea/prezioa erlazioa egokia izatea eta proposatutako ustiapen eta amortizazio plana (guztizko puntuazioaren % 15).

d) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea. d) Irizpide hau ez da erabiliko testu batean oinarrituta ez dauden antzerki-proposamenen kasuan (Guztizko puntuazioaren % 10).

2.- Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

3.- Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Banaketan 2.4 eta 18. artikuluetan adierazi diren mugak errespetatuko dira, eta, nolanahi ere, laguntza jasoko duten proiektuen kopurua eta ematen zaien diru-zenbatekoa agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

III. KAPITULUA

PRODUKZIOETARAKO LAGUNTZAK

20. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Laguntza hauek deialdiaren onuradunak diren pertsonek edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan 2011ko ekitaldian zehar garatuko edo hasiko dituzten eta 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean estreinatuko dituzten produkzioetara bideraturik daude.

21. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.- Produkzioetarako laguntzen zenbatekoa berrehun eta hogeita hamabost mila eta bostehun (235.500) eurokoa izango da.

2.- Produkzioetarako diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren onartutako aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra irits daitezke, gehienez. 23. artikuluan erregulatzen diren diru-sariak jasoko dituzten produkzio elebidun edo euskara hutsezkoen kasuan, muga hori % 55 izango da.

3.- Laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea izan beharko du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko produktore eskatzailearen parte-hartzearen % 49.

4.- Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa laurogei mila (80.000) eurokoa izango da.

22. artikulua.- Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.- Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: testua, dramaturgia, proposamen eszenikoa, eta inplikatutako ekipo artistiko eta teknikoak (guztizko puntuazioaren % 50).

b) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Bereziki hartuko da kontuan aurrekontuaren egokitasuna, erabiliko diren enpresa-baliabideak, proiektuaren kalitatea/prezioa erlazioa egokia izatea eta proposatutako ustiapen eta amortizazio plana (guztizko puntuazioaren % 10).

c) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea. Irizpide hau ez da erabiliko testu batean oinarrituta ez dauden antzerki-proposamenen kasuan (guztizko puntuazioaren % 10).

d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea. Ildo horretatik, alderdi hauek hartuko dira kontuan: orain arte ekoitzitako ikuskizunen kalitatea eta kantitatea, horietako bakoitzak izan duen zabalkundea eta non programatu diren (guztizko puntuazioaren % 15). Koprodukzioak direnean beste produktoreen ibilbideak ere hartuko dira kontuan, betiere ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea gainditzen badute.

e) Enpresaren antolaketa-egitura. Kontuan hartuko dira haren enpresa-jarduera eta lanpostuen sorreran egin duen ekarpena (guztizko puntuazioaren % 15). Koprodukzioak direnean beste produktoreen datuak ere hartuko dira kontuan, betiere ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea gainditzen badute.

2.- Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

3.- Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Banaketan 2.4 eta 21. artikuluetan adierazi diren mugak errespetatuko dira, eta, nolanahi ere, laguntza jasoko duten proiektuen kopurua eta ematen zaien diru-zenbatekoa agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

23. artikulua.- Euskarazko produkzioetarako laguntzak.

1.- Diru-laguntza merezi duten proiektuak hautatu ondoren, modalitate honetara bideratutako guztizko kopurutik berrogei mila (40.000) euro banatuko dira, euskarazko bertsioa duten produkzioetarako pizgarri gisa.

2.- Nahitaezko baldintza izango da ikuskizuna haurrentzat ez izatea. Gainera, kontzeptu honengatik, proiektu bakoitzari gehienez bederatzi mila (9.000) euro emango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoan lana lehenengo euskaraz estreinatzen bada, eta lau mila eta bostehun (4.500) euro gaztelaniaz estreinatzen bada. Bigarren kasu horretan, bertsio bien estreinaldien artean ezin dira sei hilabete baino gehiago igaro, eta 2012ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

3.- Edozein modutan, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko orduan, bermatu egingo da horien proportzioa bat datorrela aurreko paragrafoan ezarritako mugen artean dagoenarekin, betiere hor ezarritako zenbatekoak gainditzen ez badira.

IV. KAPITULUA

HITZARTUTAKO ZIRKUITUA DUTEN PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK

24. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

1.- Laguntza hauek deialdiaren onuradunak diren pertsonek edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan 2011ko ekitaldian zehar garatuko edo hasiko dituzten eta honako baldintza hauek betetzen dituzten produkzio hauetara bideraturik daude:

a) proiektuen estreinaldia Balorazio Batzordeak diru-laguntzak esleitzeko ebazpen proposamena egin ondoren egitea, betiere 2012ko abenduaren 31 baino lehen.

b) Sarea Euskal Antzokien Sarearekin hitzartutako antzerki-bira aurkeztea, estreinaldia egin eta hiru hilabeteko epean egitekoa.

2.- Sarearekin hitzartutako emanaldiak behar bezala egiaztatuta egotea kontratu bidez, aurrekontratu bidez, kontratua egiteko hitzemate bidez edo zuzenbidean baliagarria den beste edozein behartze-dokumenturen bidez.

3.- Ezingo dira modalitate honen bitartez diruz lagundu finkatutako antzerki taldeen modalitatean laguntzen diren bi urtetarako antzerki-jardueran sartuta dauden produkzioak.

25. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.- Produkzioetarako laguntzen zenbatekoa ehun mila (100.000) eurokoa izango da.

2.- Produkzioetarako diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren onartutako aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra irits daitezke, gehienez.

3.- Laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea izan beharko du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko produktore eskatzailearen parte-hartzearen % 49a.

4.- Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa berrogeita hamar mila (50.000) eurokoa izango da.

26. artikulua.- Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.- Sareako antzoki batekin hitzartutako emanaldi behar bezala egiaztatutako bakoitza puntu batez baloratuko da.

2.- Diru-laguntzen ebazpen-proposamena lantzeko, lortu dituzten puntuen arabera ordenatuko ditu proiektuak Balorazio Batzordeak.

3.- Balorazio-baremoaren arabera produkzioaren estreinalditik hiru hilabetera egindako emanaldiengatik 12 puntu gutxienez lortzen ez dituzten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

4.- Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Banaketan 2.4 eta 25. artikuluetan adierazi diren mugak errespetatuko dira, eta, nolanahi ere, laguntza jasoko duten proiektuen kopurua eta ematen zaien diru-zenbatekoa agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

V. KAPITULUA

FINKATUTAKO ANTZERKI TALDEENTZAKO LAGUNTZAK

27. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Laguntza hauek 2011-2012 urteetan gauzatuko diren antzerki-proiektuetara daude bideratuta. Proposatzen den planari dagokionez, produkzio baten estreinaldia, gutxienez, 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra egin beharko da, eta birak egiteko plan bat aurkeztu behar da, kontuan hartuta bai Euskadiko Autonomia Erkidegoko merkatua, bai kanpokoa.

28. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunak.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluko baldintzez gain, hauek ere bete beharko dira:

- Azken 10 urteotan, etengabe jardun izana arte eszenikoetako ikuskizunak sortzen eta taularatzen.

- Kudeaketa, produkzio eta banaketa talde oinarrizko bat izatea, gutxienez bi pertsonak osatua.

29. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.- Finkatutako antzerki-taldeentzako diru-laguntzetarako laurehun eta berrogeita hamasei mila (456.000) euro erabiliko dira.

2.- Diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra iritsi daitezke, gehienez.

3.- Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa ehun eta hogeita bost mila (125.000) eurokoa izango da.

30. artikulua.- Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.- Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: testua, dramaturgia, proposamen eszenikoa, eta inplikatutako ekipo artistiko eta teknikoak (guztizko puntuazioaren % 25).

b) Pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea. Ildo horretatik, alderdi hauek hartuko dira kontuan: orain arte ekoitzitako ikuskizunen kalitatea eta kantitatea, horietako bakoitzak izan duen zabalkundea eta non programatu diren (guztizko puntuazioaren % 30).

c) Enpresaren antolaketa-egitura. Kontuan hartuko dira haren enpresa-jarduera eta lanpostuen sorreran egin duen ekarpena (guztizko puntuazioaren % 35).

d) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea (guztizko puntuazioaren % 10).

2.- Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

3.- Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Banaketan 2.4 eta 29. artikuluetan adierazi diren mugak errespetatuko dira, eta, nolanahi ere, laguntza jasoko duten proiektuen kopurua eta ematen zaien diru-zenbatekoa agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- 2. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.- Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotako datu pertsonalak -parte hartzaileek baimena emango dute datuok tratatzeko eta argitaratzeko- fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, halaber, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 12a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala