Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
2846

EBAZPENA, 2011ko apirilaren 7koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, Altzolako Saihesbidearen informazio-azterlana jendaurrean jartzeko dena.

Euskal Trenbide Sareak kudeatzen dituen trenbide-lineetan burdinbide bakarra dago ibilbidearen % 80tik gorako zatian. Horrek asko zailtzen du, batez ere bidaiariak garraiatzeko erabiltzen den linea horien ustiapena, eta ikaragarri mugatzen, salgaien garraiorako gaitasuna (eta gaur egun ia ez da salgairik garraiatzen). Beraz, oso beharrezkoa da pixkanaka bi burdinbide jartzea, maiztasun egokia bermatzeko aukera emango duten tarteetan.

Azterlanak xede duen tartea Bilbao-Donostia trenbidearen barruan dago, Altzolan, eta burdinbide bakarrean egiten ditu 1.700 m, nahiko trazadura bihurgunetsuan. Informazio-azterlanaren helburua da bi burdinbide izango duen saihesbidea egiteko obrak zehaztea. Azterlanak aurreikusten du gainera, Altzolan geltoki berri bat eraikitzea (geltokira N-634 errepidetik erraz heldu ahal izango da, 70 metroko bidea eginda), tunel bat eraikitzea (462 m), Azkarateko mendaterantz igotzeko zubia birmoldatzea eta Arriaga industrialderako sartzeko zubi berri bat eraikitzea. Horretaz aparte, argindar, segurtasun, komunikazio eta gainegituretako obrak ere definitu beharko dira.

Trazadura berriak abantaila hauek izango ditu: ibilbidea ia 500 metro laburtzea, trenak errazago gurutzatu ahal izatea, bi trenbide-pasagune kentzea eta geltoki berrira erraz iritsi ahal izatea.

Lizitaziorako oinarrizko prezioa, BEZa barne, hamazazpi miloi bederatziehun eta bat mila bostehun eta hirurogeita hamabi euro eta hogeita zortzi zentimokoa da (17.901.572,28). Jarduketa horiek burutzeko hemezortzi (18) hilabeteko epea izango da.

Proiektua Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute, eta egiaztatu, teknikoki zuzena dela eta trenbideen alorreko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan eta indarrean dauden gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa.

Organo honek eskumena dauka Jaurlaritzaren Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 15.1.e) artikuluak.

Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.6 artikuluak ezartzen du, proiektua, behin betiko onartu baino lehen, hogeita hamar egun balioduneko epean jendaurrean jarri beharko dela, nahi duenak alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan trazaduraren ikusmoldeaz, baldin eta ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten badie. Bestetik, ez da ikusi ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura bete beharrik, 2 km baino gutxiagoko tartea hartzen baitu.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBATZI DUT:

Altzolako Saihesbidearen informazio-azterlana jendaurrean jartzea, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpena azkenez argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Horrela, udal, elkarte eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorraz eta trazaduraren ikusmoldeaz.

Epe horretan proiektua jendeak ikusteko moduan izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan (Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean), Elgoibarko udaletxean eta www.euskadi.net webgunean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren atalean.

Jende guztiak horren berri izan dezan jakinarazten da.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 7a.

Garraio Azpiegituraren zuzendaria,

JESÚS MARÍA BENAITO VILLAGARCÍA.


Azterketa dokumentala