Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
2843

EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 6koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, jakitera ematen duena 2011ko aurrekontu orokorretan IVAPentzat izendatutako dirua, honako helbururako: udal-administrazioei diru-laguntzak ematea, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan egonik hizkuntza-eskakizun hori eskuratu arte euskara-ikastaroetara joaten diren langileak ordezkatzeko. Era berean, ebazpen honen bidez ordezkapenetarako diru-laguntzak bideratzeko ezarriak dauden moduluen kantitateak eguneratzen dira.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan arautu zen, alde batetik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAPek) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta, bestetik, ezarri ziren euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko diru-laguntzak emateko arauak.

Aipatutako aginduaren bigarren kapituluan, euskara-ikastaroetara joaten diren langileak ordezkatzeko diru-laguntzak arautzen dira, eta agindu horren 7.2 artikuluak ezartzen du aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran diru-laguntzak emateko izendatutako diru-kopurua IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

Halaber, diruz lagundutako ordezkapen-modulu horien eguneratzea 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren hirugarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duenaren arabera egingo da; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako igoera bera aplikatuko zaie indarrean dauden moduluei.

Aurreko urteko Kontsumoko Prezioen Indizeak % 2,8 egin du gora; hortaz, egin beharreko kalkuluak egin ondoren,

Eta adierazitako guztia kontuan izanik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Jakitera ematea 2011ko aurrekontu orokorretan IVAPentzat izendatutako dirua, honako helbururako: udal-administrazioei derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan egonik eta partzialki edo guztiz liberatuta egonik hizkuntza-eskakizun hori eskuratu arte euskara-ikastaroetara joaten diren langileak ordezkatzeko kostua finantzatzearren emandako diru-laguntzak. Honakoak dira izendatutako diru-kopuruak:

47140 Programa «Euskalduntze eta hizkuntza-normalkuntza», 422.01 Kontzeptua «Udal langileen ordezkapenak egiteko diru-laguntzak». Guztira: 70.000 euro.

47140 Programa «Euskalduntze eta hizkuntza-normalkuntza», 422.11 Kontzeptua «Mankomunitateen langileen ordezkapenak egiteko diru-laguntzak». Guztira: 5.000 euro.

Bigarrena.- Euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, honako dirulaguntza-modulu hauek ezartzea hilabeteko:

- Asteko 25 ikastorduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa: gehienez ere 1.925,86 euro hilabeteko.

- Asteko 15 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 720,07 euro hilabeteko.

- Asteko 10 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 476,65 euro hilabeteko.

- Asteko 8 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 383,81 euro hilabeteko.

2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 13.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, horiek ez bezalako ordu-moduluak ere diruz lagundu ahal izango dira, eta diru-laguntzaren kalkulu proportzionala egingo da; izan ere, aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoari jarraituz HAEEk halakoetarako deialdiak egin ditzake eta deialdi horietan ezarritakoaren arabera onartu bestelako ordu-modulu horiek.

Mila biztanletik beherako lurralde-esparruetako administrazioetako idazkari-kontuhartzailearen lanpostuko titularra ordezkatzeko dirulaguntza-modulua hileko 2.888,24 euro arte gehituko da, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 6a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.


Azterketa dokumentala