Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2836

AGINDUA, 2011ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2011-2012 ikasturtean nazioarteko unibertsitate-mugikortasunerako laguntzak eskatzeko deialdia egiten duena unibertsitateko eta goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren ikasleentzat.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan zehazten da, zeinek bere esparruan, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruan mugikortasuna izatea bultzatuko dutela. Hartarako, bekak eta ikasketetarako laguntza eta kredituak emateko programak zabalduko dituztela, edo, kasua hala bada, Europar Batasunaren beka eta laguntza-programak osatuko.

Aurrekoa aplikatuz eta mugikortasunak goi-mailako ikasketetan duen garrantziaz ohartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabaki du mugikortasunerako beken deialdia egitea lehen aipatutako markoa zabalduz. Hori dela eta, deialdi hau Erasmus programaren eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programen baitako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako ikasleei eta goi-mailako arte-ikasketetako ikasleei zuzenduta dago. Laguntza hauek beste organismo batzuek emandako laguntzak osatuko dituzte.

Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko VI. Titulua eta VII. Tituluko III. Kapitulua, bai eta abenduaren 23ko 5/2010 Legea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011 ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- 1.- eranskineko oinarriei jarraituz, unibertsitate-mugikortasunerako laguntzak jasotzeko deialdia egitea 2011-2012 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen TECNUN-Ingeniarien Goi-eskolan goi-mailako ikasketak edo goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren ikasleentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako arte-ikasketetarako zentroetan ikasketak egiten ari diren ikasleentzat.

2.- Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko Aurrekontu Orokorretan berariaz sortutako aurrekontu-sailaren kontura, 1.071.200 euro bideratuko dira.

3.- Zenbateko hori handiagotu egin ahalko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren programak gauzatu ostean agortu gabeko aurrekonturik badago, eta bekak emateko prozedura ebatzi baino lehenago. Horren berri emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen baten bitartez.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Unibertsitateen zuzendariari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezko instrukzioak eman ditzan.

Bigarrena.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote horren aurka Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 19a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

2011-2012 IKASTURTEAN NAZIOARTEKO UNIBERTSITATE-MUGIKORTASUNERAKO LAGUNTZAK ESKATZEKO DEIALDIA EGITEN DUEN AGINDUAREN ERANSKINA

OINARRIAK

1. artikulua.- Xedea eta izaera.

1.- Deialdi honen helburua da unibertsitate-mugikortasunerako laguntzen esleipena egitea 2011-2012 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen TECNUN-Ingeniarien Goi-eskolan goi-mailako ikasketak edo goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren ikasleentzat. Horiez gain, 2011-2012 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako arte-ikasketetarako zentroetan ikasketak egiten ari diren ikasleek ere izango dute laguntza horiek jasotzeko aukera, jatorrizko unibertsitateak edo zentroak nazioarteko unibertsitate-mugikortasun programetara atxikitzen badira eta goi-mailako ikasketa horiek aitortzen badituzte.

2.- Beka hauek diru-laguntza izaerakoak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez denerako, hau aplikatuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntza eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak.

2. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza 120 eurokoa izango da egonaldiko hilabete bakoitzeko.

3. artikulua.- Baldintzak.

Beka-eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

1.- Espainiar nazionalitatea izatea edo eskabideak aurkezteko epea amaitzean Espainian legezko bizilekua izatea.

2.- 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko auzotasun administratiboa izatea.

3.- 2011-2012 ikasturtean artikulu bakarrean aipatzen diren zentroetako batean unibertsitate-ikasketa ofizialetan edo goi-mailako ikasketetan matrikulatuta egotea eta ikasketa horiekin jarraian zerrendatutako tituluetako bat lortu ahal izatea:

a) Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala.

b) Unibertsitateko master-titulu ofiziala.

c) Unibertsitateko diplomatura-titulu ofiziala edo arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziatu, arkitekto eta ingeniari titulua.

d) Arte-ikasketetako gradu- edo master-tituluak.

4.- Eskaerak aurkezteko epea amaitzean aurreko atalean aipatzen diren ikasketen lehenengo maila gaindituta izatea. Salbuespenak izango dira unibertsitate-masterren titulu ofizialak eta Arte-ikasketen masterrak.

5.- Aurreko ikasturteetan horrelako bekarik jaso ez izana.

4. artikulua.- Atzerriko egonaldiaren ezaugarriak.

Beka jaso ahal izateko, eskatzaileak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Jatorrizko unibertsitateak edo zentroak baimendutako unibertsitate-mugikortasuneko programaren batean parte hartzea eta jatorrizko eta harrerako zentroek egindako hitzarmenetan programa horien bitartez egindako ikasketak edo praktikak aitortzea.

b) Aurreko artikuluko 3.a), c) eta d) ataletan aipatzen diren ikasketen kasuan, egonaldiaren gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da, eta gehienekoa, beka esleitzen den egunetik hasi eta bederatzi hilabetekoa. Artikulu beraren 3.b) atalean aipatzen diren ikasketei dagokienez, 60 kreditutik 90 kreditura arteko masterren kasuan, egonaldia hiru eta sei hilabete artekoa izango da, eta 90 kreditutik 120 kreditu arteko masterren kasuan, hiru eta bederatzi hilabete artekoa.

5. artikulua.- Bateragarritasuna beste beka eta diru-laguntza batzuekin.

1.- Deialdi honen bitartez esleitzen diren bekak bateragarriak dira beste erakunde batzuek helburu bererako esleitzen dituztenekin, bai eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduz egiten diren beste beka-deialdi hauekin ere: orokorrak, eguneroko garraioa ordaintzekoak eta gutxitasuna duten ikasleen garraioa ordaintzekoak, 2011-2012 ikasturtean unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako ikasketak egin ditzaten.

2.- Deialdi honen bidez esleituko diren laguntzak ez dira bateragarriak Hezkuntza Programa Europarraren Erakunde Autonomoaren (OAPEE) egitasmoak kudeatzen dituzten partzuergoen bitartez lortutako laguntzekin. Hauek dira partzuergo horiek:

- HETEL elkartea-Heziketa Teknikoko Elkartea.

- Lanbide Heziketako Institutu Publikoen Elkartea (Ikaslan).

- Euskal Enpresarien Konfederakuntza (Confebask).

- Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa (AICE-IZEA).

6. artikulua.- Eskaerak aurkeztea.

1.- Diru-laguntzaren eskatzaileek eskaera-eredua bete beharko dute, honako web-orri honetan dagoena: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Eredu horretan jasoko da Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen den ardurapeko adierazpena, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bitartez onartu zena, eta diru-laguntzen gaiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak aldatu zuena.

2.- Behar bezala betetako, data jarritako eta sinatutako eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak hemen aurkeztu behar dira, horretarako zehaztutako epearen barruan: Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen kasuan, unibertsitateko edozein erregistro orokorretan Nazioarteko Hedakuntzarako Errektoreordetzaren helbidea jarrita (Liburutegia eraikina, 5. solairua, Sarriena auzoa, z/g - 48940 Leioa); gainerako unibertsitateen eta goi-mailako arte-hezkuntzako zentroen kasuan, departamentu analogoetan.

Eskaerak aurkezteko lekuak izango dira, halaber, 72/2008 Dekretuak, apirilaren 29koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak, zehaztutako erregistroak eta 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38. artikuluan adierazten dituen tokiak ere.

Posta-bulegoen bitartez aurkezten diren eskabideak irekitako kartazalean eraman behar dira, bertako langileek data eta zigilua jarri ahal izateko.

3.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.- Aurkeztu behar diren dokumentuak.

Eskaerarekin batera, eskatzaileek aurkeztu behar dituzte:

a) 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko auzotasun administratiboa dutela frogatzen duen egiaztagiria.

b) Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena, bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.

8. artikulua.- Erakunde laguntzaileak.

1.- Hauek dira agindu honen bitartez jakinarazten den deialdiaren kudeaketan laguntzaile izango diren erakundeak: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen TECNUN-Ingeniarien Goi-eskola eta Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako arte-ikasketetarako zentroak.

2.- Erakunde laguntzaileek dituzten eskumenetan eraginik ez duen arren, agindu honen bitartez araututako beken kudeaketa Unibertsitateen Zuzendaritzaren eskumena izango da.

3.- Aipatutako erakunde horien lankidetza esparru hauetara hedatuko da:

- Eskabideak jaso eta erregistratuko dituzte.

- Eskaerak eta eskaerei atxikitako dokumentuak egiaztatuko dituzte, eta horrelakorik gertatuz gero, aurkitutako gabeziak edo hutsuneak zuzentzeko eska dezakete. Horrez gain, agiriren bat falta izanez gero, agiri hori ere eska dezakete.

- Eskatzaileek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko dute.

- Artikulu honetan ezarritako irizpideak betez, baldintza guztiak betetzen dituzten eskaeretan ikasle bakoitzari dagokion batez besteko nota zehaztuko dute.

- 2011ko irailaren 30a baino lehen deialdi honek araututako bekak eskatu dituzten eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda bidaliko dute Unibertsitateen Zuzendaritzara euskarri informatikoan. Bertan, eskatzaileen datu pertsonalak eta akademikoak eta eskatzaile bakoitzaren batez besteko nota zehaztu behar dituzte. Horrez gain, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda ere bidali beharko dute.

- Prozeduraren ebazpenaren berri emango dute beren kudeaketa-unitateetan.

- 2012ko abenduaren 31 baino lehen bekaren onuradunen zerrenda bidaliko dute Unibertsitateen Zuzendaritzara. Bertan, onuradunek atzerrian egingo dituzten egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datak adierazi beharko dituzte, datu horiek harrera-zentroarekin egiaztatu ondoren.

4.- Batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:

a) Zenbakizko notarik ezean, kalifikazioak baremo honen arabera balioetsiko dira:

- Ohorezko matrikula (Bikain nota eta aipamena) = 10 puntu.

- Bikain (9 eta 10 punturen arteko nota) = 9 puntu.

- Oso ongi (7 eta 8,9 punturen arteko nota) = 7,5 puntu

- Nahikoa edo gai (5 eta 6,9 punturen arteko nota) = 5,5 puntu.

- Gutxiegi, ez aurkeztua edo baliorik gabeko deialdia = 2,5 puntu.

b) Irakasgaika antolatutako ikasketa-plana bada, batez besteko nota kalkulatzeko, irakasgai bakoitzean lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaren artean zatituko da.

Kredituka antolatutako ikasketa-plana bada, honako hau egingo da: arestian azaldutako baremoa irakasgai bakoitzari aplikatuta lortzen den puntuazioa ponderatuko da irakasgaia osatzen duten kreditu-kopurua kontuan hartuta. Horretarako, formula hau erabiliko da:

V = PxNCa

NCt

V = ikasgai bakoitzean lortutako nota ponderatuta ateratzen den balioa.

P = ikasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoaren arabera.

NCa = ikasgaia osatzen duten kredituen kopurua.

NCt = guztira ikasitako kreditu-kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.

Formula hori aplikatuta ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta horren emaitza izango da batez besteko azken nota.

c) Baliozkotutako ikasgaiek edo baliozkotutako eta egokitutako kredituek jatorrizko zentroan lortutako kalifikazioaren baliokidea den puntu-kopurua jasoko dute. Kalifikaziorik ez duten aitortutako ikasgaiak eta kredituak, aldiz, ez dira espedientean agertuko.

d) Bigarren zikloko titulazioetan, horretarako bide eman zuen lehen zikloan ateratako kalifikazioak ere hartuko dira kontuan batez besteko nota kalkulatzeko.

e) Unibertsitateko master edo arte-ikasketetako master ofizialen kasuan, batez besteko nota master horietara sarbidea izateko egindako titulazioetakoa izango da.

9. artikulua.- Hautaketa eta Izapidetze Batzordea.

1.- Hautapen Batzorde bat osatuko da espedienteak aztertu eta ebazpen-proposamenak egiteko. Unibertsitateen arloko arduraduna izango da batzorde horretako presidente, eta Unibertsitateen Zuzendaritzara atxikitako bi teknikari izango dira batzorde horretako bokaleak. Azken horiek zuzendariak izendatuko ditu.

2.- Diru-laguntza hauek norgehiagoka-prozedura bidez emango dira. Beraz, beka hauek jasotzeko, ez da nahikoa izango eranskin honen 3. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, eman behar diren diru-laguntza guztien artean eskabidea kokatu ahal izateko, aurreikusitako dirua amaitu arte bekak ordena horri jarraiki banatuko baitira. Eskabide bakoitzaren ordena ezartzeko, honako irizpide hauek jarraituko dira deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ordenan jartzeko:

a) Eskaerak espedientearen batez besteko notaren arabera jarriko dira ordenan, handienetik txikienera, eta batez besteko hori aurreko artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.

b) Balizko berdinketak ebazteko, lehentasuna emango zaie maila altuagoko ikasturteetakoei, eta berdinduta jarraituz gero, zozketa bidez ebatziko da.

3.- Horretarako sortutako Hautapen Batzordeak onartu beharko du aurreko irizpideei jarraiki ordenatutako eskabideen zerrenda, eta Unibertsitateen zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena, hiru zerrendaz osatuta egongo dena. Lehenengo zerrendan beka jaso behar duten eskaerak zehaztuko dira, eskatzaile bakoitzaren batez besteko notaren arabera ordenatuta. Bigarren zerrendan deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak jasoko dira. Hirugarren zerrendan jasoko dira, deialdi honetako baldintzak betetzen badituzte ere, diru-laguntza agortu delako laguntza jasotzeko eduki beharreko ordena-zenbakira heltzen ez diren eskaerak.

10. artikulua.- Prozedura ebaztea eta errekurtsoak.

1.- Agindua argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean Unibertsitateen zuzendariak ebatziko du beken esleipena, eta banaka jakinaraziko. Epe hori igaro ondoren, interesatuei ebazpenik jakinarazi ez bazaie, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan arautzen dituen eraginetarako.

2.- Prozedura-ebazpen horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari, aurreko atalean aipatutako jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean.

3.- Esleipen-prozesuaren amaierako ebazpena, bekaren behin betiko esleipendunen zerrenda biltzen duena, EHAAn argitaratuko da guztiek horren berri izan dezaten. Horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian -www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net- eta unibertsitateetako eta goi-mailako arte-ikasketen zentroetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da.

11. artikulua.- Uko egiteak.

1.- Behin diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi denean, eskatzaileek 15 egun naturaleko epea izango dute lortutako bekari uko egiteko. Epe hori igarotzean eskatzaileak bekari uko egin ez badio, beka onartutzat joko da.

2.- Aurreko atalean aipatutako epea amaitu eta 20 egun naturaleko epean, itxarote-zerrendako eskatzaileei emango zaizkie esleipendunen uko-egiteak direla-eta eman gabe gelditu diren diru-laguntzak, ebazpenean ezarritako lehentasun-ordenari jarraiki. Diru-laguntza horiek eman izana Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orriaren bidez soilik jakinaraziko da: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Web-orri horretan jakinarazpena egiten denetik aurrera, esleipendun berriek 15 egun naturaleko epea izango dute bekari uko egiteko. Epe hori igarotzean eskatzaileak bekari uko egin ez badio, beka onartutzat joko da.

12. artikulua.- Beken ordainketa.

1.- Behin bekak esleitzeko ebazpena jakinarazi denean, ordainketa bakar batean ordainduko dira, esleipendunak onartu eta hilabeteko epean.

2.- Agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta eskaria egitean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe badute, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

13. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira bekadunen betebeharrak:

a) Diru-laguntza ezarritako xederako erabiltzea; hau da, atzerrian egonaldi bat gauzatzea deialdian ezarritako baldintzetan. Hori egiaztatzeko, onuradunek harrera-zentroak luzatutako ziurtagiria aurkeztu behar dute 2012ko abuztua baino lehen beren unibertsitatean edo goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren zentroan. Ziurtagiri horretan onuradunak egonaldia bete duela egiaztatu eta egonaldi horren iraupena zehaztu beharko ditu harrera-zentroak.

b) Laguntza ematea eragin zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa-jardueretara makurtzea, eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.

14. artikulua.- Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eta hori itzultzea.

1.- Unibertsitateen zuzendariak, espedienteko pertsona interesdunari entzun ondoren, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta horien aplikaziotik sortzen diren interesak itzuli behar dituela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen 53. artikuluari jarraiki (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Testu Bategina), ondorengo kasu hauetan:

- Beka jasotzeko datuak ezkutatu edo faltsutu badira.

- 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk gauzatzeko egindako matrikula deuseztatu bada.

- Egonaldia ez bada behar bezala egiaztatzen berariaz emandako egiaztagiri batekin, edo horri dagokionez deialdi honetan jasotako baldintzak bete ez badira.

- Egonaldiari uko egin bazaio.

- Bekaren esleipendunak deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu edo baldintza horiek behar bezala frogatu ez baditu.

- Diru-laguntza honekin bateragarria ez den laguntzaren bat jaso bada xede bererako.

2.- Izapidetutako espedientea dela-eta jasotako zenbatekoak itzuli behar badira, eta hala badagokio, baita horren legezko interesak ere, itzultze hori egin ahal izateko beharrezko informazioa jasoko duen ebazpen bat emango da. Itzuli beharra adierazten duen aitorpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean itzuli beharko da bertan adierazitako kopurua. Kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan jasotakoak.

3.- Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasuneko eta Herri Administrazioko Sailari jakinaraziko zaio, indarrean dauden xedapenak betez premiamendu-bidea abian jar dezan.

15. artikulua.- Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Unibertsitateen Zuzendaritzaren 2. zenbakidun fitxategian, Unibertsitateko Bekak izenekoan, jasoko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak. Fitxategi hori barne hartzen du 2010eko urriaren 4ko aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenak.

Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitateen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1; 0101 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitateen Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.


Azterketa dokumentala